Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:1:1

Hitanoa

Hitanoa (toka/noka) euskararen tratamenduetako bat da, solaskidea haintzat hartzen duena. Eskuarki, laguna artean erabiltzen da tratamendu hau. Segidan ikusiko dugu zer ezaugarri dituen. 1

toka/noka

Euskaraz, solaskidea edo hizketa-laguna tratatzeko modu batzuk ditugu. Alde batetik, pertsona-izenordain bat baino gehiago daude hizketa-lagunari erreferentzia egiteko: hi, zu, xu, berori. Beste alde batetik, izenordain jakin batzuk aukeratuz gero (hi, adibidez), aditz berezi bat -“alokutiboa” deritzona- erabili beharra dago: NOR, NORI eta NORK sintagmei dagozkien pertsona-markez gainera, hizketa-lagunari dagokion pertsona-marka agertuko da halako aditz alokutiboetan.

  • Aita etorriko DA [-alokutiboa] nire bila
  • Aita etorriko DUK [+alokutiboa] nire bila

Goragoko Etorriko duk esatean, etorriko da dioenak baino zertxobait gehiago esaten du. Perpauseko nor sintagmarekin (Aita) komunztadura du aditzak, baina horrezaz gainera, lehenengo adibideko aditzak ematen ez digun beste informazio bat ere eskaintzen digu: Etorri duk dioenak Etorri da esaten du -beraz, lehenengo adibideko informazioa ere ematen digu-, baina baita hiztunak gogoan hartzen duela ere hizketa-laguna. Beraz:

  • ETORRI DUK = ETORRI DA + hirekin ari nauk

Lagunarteko tratamendua da hitanoa eta bi ezaugarri hauek uztartzea du bereizgarri:

  • hi izenordaina aukeratzen da solaskideari erreferentzia egiteko.
  • aditz alokutiboak erabili behar dira ezinbestean.
  • Hi haiz
  • Aita joan duk/dun

Aurreko adibideetan, -K horri esker (DUK), badakigu hiztunak aurrean duena gizonezkoa dela. Emakumezkoa balitz, -N marka agertuko litzateke (Etorri DUN). Etorri duk, Etorri dun eta antzeko formak adizki alokutiboak dira. Adizki alokutiboek bigarren pertsonari (solaskideari, alegia) dagozkion marka batzuk (-K/-A-; -N/-NA-) hartzen dituzte perpauseko izen-sintagmek ezartzen dizkieten komunztadura markez gainera.

Beraz, hitanoaren barruan, gizonezkoekiko tratamendua (“toka”) eta emakumezkoekikoa (“noka”) bereizten ditugu.

Hitanoaren hedadura

Ritxi Lizartza aditua da Hitanoan Gaia agortzeko inolako asmorik gabe bada ere, zenbait datu emango ditugu hitanoaren lurraldez lurraldeko bizitzaz.

Jakina denez, hitanoa euskararen eremu osoan barrena hedaturik dago; hortaz, gaurkoz inongo euskararen bereizgarria ez den heinean, hitanoaren erabilera ez da irizpide oso erabilgarria dialektologiarako. Hala eta guztiz ere, hitanoa Euskal Herri osoko tratamendua den arren, gaur egun, tamalez, ez da euskal herri guztietakoa eta ez dauka osasun berdina eskualde guztietan, ezta gutxiagorik ere. Izan ere, badira han-hemenka hutsarte batzuk hiketaren eremuetan.

Bizkai aldean, esate baterako, ia guztiz galdua dago lagunarteko tratamendua itsasaldeko herrietan, eta biziago eta osasuntsuago irauten du barrualdeko hizkeretan (Markina aldean -Markina, Etxebarri, Bolibar, Barinaga, Ziortza, Munitibar, Aulesti-, Durangaldean -Elorrio, Atxondo harana-, Arratian -Zeanuri, Dima, Igorre, Larrabetzu-, Orozkoko auzoetan, Zeberion, Otxandion eta, zer esanik ez, Gipuzkoako bizkaieraren eremuan). Txomin Agirrez geroztik (1864-1920) galdutzat edo erdi galdutzat jotzen da hitanoa Ondarroan, eta gaur egun gauza bera gertatzen da Bizkaiko itsasaldeko beste herri batzuetan.

Kresala (1901-1905) eleberriaren hitzaurrean hiketa dela eta, honako ohar hau egiten dio D. Agirrek irakurleari:

  • “Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregatik ezta emen agertuko izketa zar ori.”

Pedro de Yrizar-ek bere berriemaileengandik jasotako informazioaren arabera (Yrizar, 1981: 375-380), Ondarroan ez da batere erabiltzen kaletarren artean, Ean gutxitxo erabiltzen da hitanoa, Busturian ozta-ozta zaharren artean, Gernikan, Arteagan eta Mundakan batere ez 2 eta orobat Sopelan eta Barrikan; Gernika inguruko auzo-herrietan (Mendata, Arratzu, Forua), Morgan, Zornotzan, Bermeon eta Arrankudiagan zerbait erabiltzen da hitanoa, gizonezkoen artean bereziki; eta, gorago esan bezala, Bizkaiko barrualdean inon baino hobeto gordetzen da tratamendu lagunartekoa.

Kontuan harturik XX. mendearen hasieran Azkuek Bizkaiko eskualde gehienetako hitanoa jaso zuela (“Flexionario”), uste izatekoa da hitanoaren galera Bizkaian XX. mendean azkartu dela. Baliteke galtze azkar hori neurri handi batean hitanoaren gainean hedatuta dauden gaitzespenezko aurreiritzien ondorio izatea3. Izan ere, hikako tratamenduak -noketak bereziki- ez bide du ospe onik Euskal Herriko hainbat herritan, ez Nafarroan eta Lapurdin, ezta bereziki Bizkaiko zenbaitetan. Alde horretatik, guztiz adierazgarria da, hitanoa dela eta, Nils M. Holmer-ek Yrizarri egindako aitormena:

  • “Holmer me escribía, desde Bermeo, que el tratamiento “familiar” en Vizcaya es decididamente “agresivo o insultante” y que cuesta mucho sacar las correspondientes formas de los vasco-hablantes; no quieren admitir que tales palabras sean “de aquí” (“¡Son más bien de Guipúzcoa!, decían). Parece -me comentaba Holmer- que es el problema de mucho antropólogos, cuando se trata de términos que, para los indígenas al menos, tienen carácter obsceno (Yrizar, 1981: 376)4.”

Yrizar-en arabera, hitanoaren galera zertxobait sartu omen zen Gipuzkoako itsasaldean (Mutriku), baina, hortik aparte, gainerako euskalkietan -herri batetik bestera erabilerazko eta tratamenduarekiko iritzizko gorabehera handiak badaude ere- ez bide dago Bizkaikoaren moduko hutsunerik edo salbuespenik hiketaren eremuan 5. Hobeto edo gaizkiago ikusita, erabilera zabalago edo meharragoz, hiketak -toketak, behintzat- bizirik irauten omen du gainontzeko euskalkietan barrena. Zenbait herritan, hala ere, kalea edo hiria eta baserria bereizi behar izaten dira: kaletarren artean hiketa galdua edo erdi galdua dago; baserri-giroan, berriz, ondo bizirik irauten du lagunarteko tratamenduak6.

Esanak esan, oso datu zehatzik ez badugu ere, hitanoaren galera askoz ere larriago eta orokorragoa da noketari bagagozkio (ikus Hitanoaren erabilera: euskalkien arteko erkaketa). Noketaren erabileran, euskalki gehiagotan aurkitzen ditugu erabilerazko hutsuneak. Erdialdeko euskalkietan eusten zaio hobekienik noketari, baina gipuzkeratik eta iparraldeko goi-nafarreratik kanpo, ez dira asko toka eta noka “normal” aritzen diren herriak. Azken horien artean, gure erakusgarriaren arabera, Aulesti eta Abadiño (Mendiola auzoa) azpimarratuko genituzke bizkaierazkoetan; bat ere ez Lapurdikoetan; ekialdeko behe-nafarrerazkoetan Amikuzekoak (Amorotze, Gamue) eta agian Ostibarreko Donaixti-Ibarre ere bai; zubererazkoetan, Barkoxe, beste guztien gainetik.

— Egilea: Xabier Alberdi

Euskaltzaindiak honetaz

Gaian sakonduz

1 Ikus Orotariko Euskal Hiztegiaren “hitanoa” sarrera.
1. (Con verbos como egin, etc.). De tú, tuteando. “(Tratar) tú por tú en trato ínfimo, (c.) i ta no, to ta no, ika ta nokaVoces Bascongadas,Añibarro. “Tutear, (c.) i ta no, ika ta noka egonVoces Bascongadas, Añibarro. “[…] se llaman de ik o euk por su pronombre, y, en nuestro idioma, de i-ta-no en Vizcaya” Zav Verbo 6. “Tuteo, tratamiento familiar” A. “Itxano ein, tratar de tú. […] Itxano eiten eban daneri, naiz gazte ta naiz zarEtxebarria, T. Lexicón del euskera dialectal de Eibar. v. infra HITANOZ, 1 hika, hitato. Itano berba egitea. Euskalzale. Astean asteango albistaria, 1897, 167a.
2. (Sust.) Tuteo. Gipuzkoako (ez Gipuzkoa osoko, ez hurrik eman ere) hitano bitxia (natxegok, etc.), noski, zeharo baztertzekoa litzake. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.) Har dezagun bestela Leizarragaren pluraleko adizkien jokabidea, hitanoan: ditut zitiat bihurturik aurkituko dugu. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
2 Oso arriskutsua izaten da baieztapen orokor eta biribilak egitea tratamenduen bizitza oparoago edo makalagoaz, eta are arriskutsuagoa tratamenduen heriotzaz. Hala eta guztiz ere, tratamendu batez baliatzen dakien lekukorik gutxi gelditzen denean, galdutzat eman daiteke tratamendua, dakienik egon arren, erabili, nekez edo bakanka baizik ez baita erabiltzen delako tratamendua herriko bizitzan eta eguneroko harremanetan. Zentzu zabal horretan esan liteke, agian, Gernikan edo Bizkaiko itsasaldeko herrietan hitanoa galdurik dagoela.
3 Eta itxura guztien arabera, hitanoaren gaineko ospe txarrak ez dirudi atzo goizekoa. Yrizarrek ohartarazten duenez (Yrizar, 1981: 378), Azkuek XX. mendearen hasieran (Morfologiako langaiak biltzen ari zela) honako esaera erdeinuzko hauek jaso zituen lagunarteko tratamendua izendatzeko: motzailleen berbetea (Nabarnizen) eta ijitoen izkuntza (Berastegin).
4 Guk geuk, inkestagintzan zehar hainbatetan egin behar izan diogu aurre Holmer-ek aipatzen duen lotsaren arazo latzari. Batzuentzat hika egitea zerbait lotsagarri, gaitzesgarri eta ezkutatzekoa izaten da. Behin batean, adibidez, Bizkaiko emakume bat hika aritzen zela ukatzeraino iritsi zen gure aurrean -bekatua balitz bezala-, herritar batek baino gehiagok kontrakoa zin egin ondoren. Are gehiago, bere etxean halako berbetarik inoiz ez zela erabiltzen esatera ausartu zen. Hain sustrai sakonekoa -gezurra esanarazterainokoa- izan daiteke pentsaera herrikoia, eta hain gaitzesgarria hika aritzea.
5 Dena den, gainerako euskalkietan ere gaur egungo hitanoaren galera, esaten den baino larriagoa delakoan gaude. Lekuan lekuko inkestak egin beharko lirateke galera eta hutsuneak zenbaterainokoak diren neurtu ahal izateko. Baztanen, esate baterako, Pello Salaburuk dioenez (1984, II: 237) Lekaroz da hitanoari ongi eutsi dion herri bakarra.
6 Baserritar/kaletar-hiritar aldagaiaren araberako hitanoaren erabileraz eta bizitzaz (Alberdi 1986b: 471-482) ikus daiteke. Markina aldeko ikerketa hartan frogatu genuenez, hitanoaren erabileran oso nabarmena da hiriaren eta auzoen arteko desberdintasuna.

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi , "Hitanoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3