Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:1:2

Beroriketa

Beroriketa ere euskararen beste tratamendu bat da1.

Hitanoaren aldean, bi ezaugarri hauek uztartzea du bereizgarri berorikako tratamenduak:

  • berori izenordaina aukeratzen da solaskideari erreferentzia egiteko;
  • berori izenordainak, hirugarren pertsonan egiten du komunztadura aditzarekin eta ez du eskatzen aditz alokutiborik:
  • Berori etorri da.
  • Aita joan da.

Erabilera

Jakina denez, beroriketa tratamendu errespetuzkoa mugaz honaindian baino ez da erabili izan, eta guztiz arrotza da mugaz bestaldeko euskaldunentzat. Azkueren arabera (1923-25, II: &640, 432) honelako banaketa dialektala du errespetuzko tratamendu “berriak”:

  • “Algo más modernamente tal vez que se haya singularizado el pronombre zu y nacido el nuevo plural zuek, ha brotado otro pronombre personal con significación de vuestra merced, vuestra reverencia, pronombre llamado de tratamiento respetuoso: ori, usado en algunos valles navarros, y su sinónimo berori (AN, B, G). Eztut nai ori baizik, ori soilik aski dut se lee en la Copla num. 301 de Lizarraga: no quiero sino a vos, vos meramente me bastáis. De antes sabemos que ori y berori de suyo significan “ese, ese mismo”. En este caso, por ori dicen gori en Aezkoa, kori en Salazar y Roncal. ( . . .)
  • Ori, en acepción de vuestra merced, dicen en esos valles sin esas g ni k: dicen sencillamente orí.
  • Este pronombre respetuoso moderno no está en uso allende el Bidasoa.” (Azkue, R. M., 1923-25, II: &640, 432)

Nafarroan

Nafarroako Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari haranetako xehetasunak eta emaitzak ez datoz bat. Adibidez, Erizkizundi Irukoitzak (Echaide -ed.-, 1984: 224) berori forma dakar Uztarrozekotzat II,41,E galderari (“usted mismo, vous même”) erantzunez, baina Bidankozeko Mariano Mendigacha erronkariarrak “ori” tratamendua ematen dio Azkueri bere euskarazko gutunetan. Hona hemen, pasarte adierazgarri bat:

  • Maitagarrizko Jeina. Bere tenpran ssinzen orren azken Otsailaren 17co. carta; artaz ekustan dud antzínatan diona uskarazko lan andi damanian. (…) Boztario batek artanú orren letrak; (…) Pensamentiuan artruk dakad biardaudala escribitu aldokedan tenpra guciuaz, ilabeteoro; anque ez obro ezik bizi nazala; Orrek eskribibeztad borontate dionian. (Geurea da azpimarratua) (Irigoyen, 1957b: 120-121).

Eta oraintsuagoko ikerlan batean (Beloqui et alii, 1953: 514) orien izenordain plural genitiboaren lekukotasuna jasotzen da Isabako hiztun baten ahotik pluraleko bigarren pertsonari dagokiolarik, hots, “ustedes” esanahiaz (bayá gúk eztigu entelegátan onki orien uskára, “pero nosotras no entendemos bien el euskera de ustedes”). Bestalde, leku berean zeharka -hirugarren pertsonako adizkeren erabileraz- beroriketaren bizitzaren aldeko lekukotasunak biltzen dira, bai Isaban eta bai Bidankozen2. Eaurta Eaurtako Pedro José Samper zaraitzuar apaizak (Samper, 1833), ordea, ez darabil zinezko beroriketarik printzeari zuzentzeko, “erdizkako zutano-berorika” (horrela deitzerik baldin badago) nahasia baizik. Tratamenduaren aldetik oso testu bitxia da, Samperrek, ohartu gabe, tratamendu berri bat sortu zuelako. Eaurtako apaizak “berori” tratamendua eskura baldin bazeukan, aski iruditu ez edo printze bati zuzentzeko eta, “Zure Alteza” titulua, bigarren pertsona erreferentzialari dagozkion hirugarren pertsonako adizkerak eta zutano alokutiboa uztartzen ditu Bonaparte tratatzerakoan. Inguruko erdaretan ohorezko tituluekin ohitzen denez, Zure Alteza titulu hanpatua hautatu izanak hirugarren pertsona erabiltzera bultzatu zuen Samper; baina ez zen horretan gelditu. Hirugarren pertsona erabili arren, zutano alokutiboari eutsi zion, are bigarren pertsona erreferentzialari dagozkion hirugarren pertsonako adizkietan ere (Zure Altezak etzu motivoric…). Begi bistan dago ondorioa: tratamendu berri nahasi samarra, beroriketatik hirugarren pertsonaren erabilera duena, ez zutano garbia, ezta beroriketa garbia ere. Hona gutun osoa:

  • “Jaurrieta 23 de abril de 1866. Serenísimo señor.
  • (Orai uscaraz, ceren ofrecitua zor baita eta bear pagatu).
  • Izan zut, shauna, itzez manifesta eztroquetan gozoa errecibitzean Zure Altezaren cartara zuauren bondade andian escribitric ilabete conen amargarnean Londresen ene chiquintarzunari, erranez ellegatu dela Zure Altezara novedaderik bague ciudade cortra, izan baitu ere acaicio aniz eta andi viaje luce eta tembra gastoarequin egin duenean, lecu cuek gaindi.
  • Aniz alegratu nuzu bada shaquitean ongui itzuli dela Zure Altezara zuauren lecuala. Guisa berean nic seguitzen zut ongui nore osasunaren novedaderik bague nore etse pobre contan, beti beira edo espera noiz escribitzen dadayen Zure Altezaren lagunec, baya orañic etzu oritu nitaz; noizbait aguian oritren tzu; baya beti Zure Altezara len oritu zu ezic urac.
  • Zure Altezac etzu motivoric niri gracien emateco ceren ene chiquintarzunac guti eguin baitzuen Zure Altezaren obsequiatzeco ez izanaz gauza Zure Altezari corresponditzen zaizconetaric; solamentequi nizun borondatea onic eta contan ez niquezu nai iorc erman laztan bentajaric. Berriz shiten denean edo itzultzen denean Zure Altezara etse pobre contra naí niquezu oron batez len izan avisua. Cala eguin zala Zure Altezac eta orduan icusien zu nola portatzenizan errecibitzeco. Asqui contaz: guacen berze gauza bateala.
  • Niozu errayatzen paperac itzultzeco uscarala catecismoan eta, eguin ondorean lana edo trabajua, egorrien zut Zure Altezari zuauren Altezac señalatzen dadan modoan eta conductotic nere obrarequin ejemplaret bat Iruñaco Obispo Shaunaren ordenez imprimitu drenetaric, zointaric artu baitut (obedite proepositis vestris) doctrinara guciz conforme Aita Astete añaditutic Luarcac, baya conenean cerbait corregitric (Zure Altezari erranecona bezala nic) Concepcione purisimaren Misterioan eta berze zomait parte chiquinetan, icusien duen(a) bezala Zure Altezac, baya añaditric amase¡ paginatan aniz oraciorequin.
  • Nic ez dioquezut atze Zure Altezara beinere, eta cala egonen zu beti deseatuz Zure Altezaren ongui andiena, Zure Capellana beti Zure Altezaren ordenen beira.
  • Pedro José Samper A.
  • P.D. Avisa nazala
  • Zure Altezac ya errecibitzen duen carta cau.” (Samper, 1833)

Guri Aezkoan (Abaurregainan) eta Zaraitzun (Otsagin) ez digute baieztatu Azkuek (h)ori errespetuzko pertsona-izenordainaren erabileraz emandako informazioa; gure lekukoen arabera, zu da apaizarekin, maisu-maistrarekin eta jende zaharrarekin erabiltzen den errespetuzko tratamendu bakarra. Hala eta guztiz ere, berriemaile gutxi(egi) izan ditugunez gero, ez gaude inola ere Azkueren deskribapena ukatzeko edo gezurtatzeko moduan. Hala ere, baliteke, beste herri batzuetan gertatu den bezala, ohitura hori erdi ahaztuta izatea.

Gainerakoan bat datoz gure emaitzak Azkueren argibideekin. Deiturazko aldaera fonetiko desberdinez (berori, berrori, biorri, bedorri, berorreri…) bada ere, tratamendua ezagutu, gure sarearen gainerako herri guztietan, bizkaiera, gipuzkera eta goi-nafarrera egiten den guztietan –Hegoaldeko goi-nafarrera egiten den Eugi barne- ezagutzen dute beroriketa tratamendua.

Bizkaian

Bizkaierari gagozkiola, esan beharra dago erabili, gaur egun inor gutxik erabiltzen duela beroriketa. Gehienbat zahar-zaharrak -eta ez denak, jakina- izaten dira berorika aritzeko ohiturari eusten diotenak. Salbuespen bakar batez, hala ere. Gure sarean Laukizen elkarrizketaturiko hiru lekukoek (78, 60 eta 34 urteko gizonek) berorika jarduten dute oraindik ere 3. Gainera, apaiza, mediku, maisu-maistra eta jende ikasiari ez ezik, Jainkoari eta ezagutza egin artean pertsona ezezagunari ere berorika zuzentzen omen zaizkio berriemaileok. Nirekin, esate baterako, zalantzan ibili zen haietako bat (60 urtekoa): aldizka berorika eta aldizka zuka tratatu ninduen. Bestela, oro har, lekuko gehienek, lehenagoko garaietan berorika aritu izan badira ere, gaur egun ez dute ezertarako erabiltzen beroriketarik.

Harrigarriena, beharbada, beroriketaren galera azkarra izan daiteke, oraindik denbora asko ez dela bizirik baitzegoen errespetuzko tratamendua apaizarekin hitz egiteko. Aulestian eta Zeberion 30-35 urte inguruko jende gazteak umetan erabili du tratamendu hori; Elorrion, Abadiñon, Zeanurin, Larrabetzun, Orozkon, Otxandion eta Eskoriatzan 50-60 urte ingurukoek ondo gogoratzen dute txikitan apaizarekin-eta berorika aritu izana. Gazteek, ordea, omenez -gurasoei entzunda- baizik ez dakite lehenagoko berorikako ohituraren berri.

Gipuzkoan

Gipuzkerari dagokionez, antzeko egoera dugula esan behar da. Bada salbuespen bat (Lasarteko 65 urteko emakume baserritarra), oraindik ere berorika barra-barra aritzen omen dena, baina hortik aparte, gure lekukoek ez dute beroriketarik erabiltzen. Are gehiago, iduri du errespetuzko tratamenduaren galera lehenago burutu izan dela gipuzkeraz mintzatzen den eremuan4, Bizkaian ez bezala, lekukoetariko askok ez baitute sekula erabili beroriketa, ezta haur-denboran ere.

Goi nafarrera

Goinafarrerazko lekukoetan ez dugu aurkitu egun berorika mintzatzen denik; hala ere, herri guztietan ezagutzen dute tratamendua eta lekuko gehienek -adinekoek, behinik behin- ongi gogoratzen dute apaizarekin-eta hala aritzen zireneko garaia. Bestalde, gaineratu beharra dago beroriketa hegoaldeko goi-nafarreran5 sartzen dela, Eugiko gure lekukoek haur-denboran apaizari, jende ikasiari eta batzuek aita-amei eta zahar-zaharrei beroriketan egiten omen zieten eta.

— Egilea: Xabier Alberdi

1 ikus Orotariko Euskal Hiztegian Beroriketa: “Beroriketa (V), tratamiento respetuoso” Morfologia vasca, 155. Azkue, R. M.
2 Adibidez, etxekoandre eta neskamearen arteko autuan (ibid.: 511-512), lehenak hika egiten dio neskari eta hark berorika erantzun: -zomát bar diar emón? -B(i)ar díta emón… -Zér egítan dún? Ezdíná errán…? -Bada, xín bedí béztitrà, eta gúnian xágiren náz. Orobat, Uztarrozen bildutako beste istorio batean, apezak bere ilobari hika eta hark osaba apezari berorika egiten diola ematen du: Tiojéina, mertxedez gen za kori (Ibid.: 527
3 Yrizar-en arabera (Yrizar, 1981: 376), Ondarroan ere ba omen dago bizirik berorikako tratamendua: seme-alabek beren gurasoekin erabiltzen omen dute. Agian hitanoaren aspaldiko galerari zor zaio beroriketaren bizitza zabalagoa Ondarroan.
4 Beroriketa-usadiorik ezagutu ez duen Etxarri-Aranaztar baten esanetan, edozeinen agurrari erantzuteko esapide ihartu edo klixetu batean iraun du izenordain galduak: -Egun on! -Baita biorri ere.
5 Erizkizundi Irukoitzaren arabera (Echaide, 1984: 224) ere bai, Xulapaineko Nabaz herrian sartzen baita (beroi). Eta orobat iparraldeko goi-nafarrerazko Lizason (berori bera) eta Azpirozen (beorre).

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Beroriketa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3