Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:1:3

Eztabada

Eztabada ere euskararen beste tratamendu bat da. Gaur egun zuka esaten zaio tratamendu honi 1.

Bi ezaugarri hauek uztartzea du bereizgarri eztabadakako tratamenduak:

  • zu izenordaina aukeratzen da solaskideari erreferentzia egiteko;
  • zu izenordainaren hautua ez da uztartzen aditz alokutiboekin, eztabadako aditzekin baizik:
  • Zu etorri zara.
  • Aita joan da.

Bonaparteren ikerketa

Euskararen oinarrizko tratamendua da eztabada. Teorian, euskara guztietan ezagutzen eta erabiltzen da. Praktikan, ordea, baztertuxea dute eztabadakako tratamendua -Bonapartek “indéfini” deitua- sortaldeko hizkera batzuetan.

Printzeak eztabadari buruz utzi zuen informazioa honako pasarte ilun samar honetan bilduta dago:

  • “Le traitement en zu, lorsque la seconde personne n'entre dans le terminatif ni comme sujet ni comme régime, n'est, pour ainsi dire, respectueux quant au sens, qu'en souletin. A Mouguerre, et surtout à Saint-Pierre-d'Irube, localités appartenant au sousdialecte bas-navarrais oriental du Labourd, on se sert de l'indéfini quand on parle en général, et moins souvent du respectueux que de l'indéfini lorsqu'on s'adresse à un supérieur. En roncalais, le traitement en zu s'emploie entre égaux, tandis que l'indéfini y est en usage, non seulement quand on parle en général, ainsi que cela a lieu en souletin, mais aussi d'inférieur à supérieur. En s'adrressant à Dieu ou aux Saints, on emploie toutefois le traitement en zu. Le traitement respectueux enfin, remplace régulièrement l'indéfini en bas-navarrais oriental, et c'est cela que consiste un des principaux caractères de ce dialecte. Ce n'est que dans certains cas exceptionnels que le traitement indéfini doit y être employé. Nous avons déja vu que Mouguerre et Saint-Pierre-d'Irube forment une exception, et nous ajouterons que Saint-Esteben, Isturits, Ayherre, Hélette et Irissarry en forment une autre; car, quoique le traitement diminutif persiste dans tous ces localités comme preuve qu'elles appartiennent au bas-navarrais oriental, il n'en est pas moins vrai que l'indéfini y domine.” (Bonaparte, L. L., Le Verbe basque en tableaux, XIV. taulako 2. oharra)

Le Verbe basque en tableaux

Printzearen argibideak gaizki ulertu ez baditugu, XIX. mendean sortaldeko euskalkietan hiru eremu desberdin hauek bereizten ziren eztabadaren erabilerari begira:

  • ohiko usadioan maila apalagoko zutano alokutiboaren eta goragoko eztabadaren arteko tratamendu-aurkakotasuna zuten hizkerak (Lapurdiko EBNzko Mugerre eta Hiriburu, alde batetik; eta erronkariera, bestetik);
  • halako aurkakotasunik ez zutenak, zutano alokutiborik ez zutelako (Arbelako eskualdea EBNren barruan);
  • ohiko usadioan halako aurkakotasunik ez zutenak, eztabadaren lekuan ia beti zutano alokutiboa erabiltzen zutelako (EBN gehiena, Amikuze barne; eta zuberera).

XIX. mendearen azken aidera, beraz, ekialdeko behe-nafarrera gehienean zutanoa zen jaun eta jabe eztabadakako tratamenduaren ordez eguneroko mintzairan (“Le traitement respectueux enfin, remplace régulièrement l'indéfini en bas-navarrais oriental, et c'est cela que consiste un des principaux caractères de ce dialecte”). Zutanoaren aldeko joera eztabadakako tratamendua ia erabat ezkutarazteraino edo ordezkatzeraino iritsi zen, eta ordezkatze hori guztiz hedatua eta bururatua zegoen Bonaparteren garairako eta, itxura denez, zenbait eskualdetan askoz lehenago ere bai 2.

Gure ikerketaren ondorioak

Orain artekoa Bonapartek utzitako informazioaren interpretazioa izan da, funtsean gure inkestagintzaren emaitzekin bat datorrena. Ondoren, geure tokian tokiko langintzaren berritasunak eskainiko ditugu.

  • Lehenengo eta behin, Bonaparteren lehen multzoari dagokionez, aitortu beharra daukagu guk geuk ez dugula aurkitu modu sistematikoan zutano/eztabada aurkakotasunaz baliatzen den EBNrik, ezta Bonapartek aipatzen duen Mugerren ere. Ondorioz, bigarren eskuko informazioaren arabera, erronkariera dateke sistematikoki “zutanoa < eztabada” mailaketaz baliatzen den hizkera bakarra.
  • Bigarrenik, gure emaitzen arabera, Arbelako eskualdean ez ezik (Aiherra, Heleta eta Irisarri), Donibane-Garazin eta inguruko beste herri batzuetan ere (Aizpura, Uharte-Garazi, Arnegi, Lasa, Ahatsa…) eztabadaka mintzatzen dira, esan nahi baita Donibane-Garazi inguru horretan ere ez dutela zutano/eztabada tratamendu-aurkakotasunik. Gure hipotesiaren arabera, emaitzok ez dira mintzo Bonaparteren deskribapenaren aurka, harrezkero burututako bilakabide historiko alderantzizkoaren alde baizik:
  • Hirugarrenik, Bonapartek EBNz ari dela aipatzen duen harako berezitasun hura («Ce n'est que dans certains cas exceptionnels que le traitement indéfini doit y être employé») argitu beharra dago. Izan ere, zein dira EBNz eztabadara jotzeko moduko kasu ezohiko eta salbuespenezko horiek? Gure inkestagintzaren arabera, EBNzko enparatu eremuan egiazkoa da Bonapartek aipatzen duen zutanoaren aldeko «ordezkatzea» eta eztabada oso egoera markatuetan baizik ez da erabiltzen. Esate baterako, Gamarten, Amikuzen (Amorotzen eta Gamuen) eta Beskoitzen 3 ez dira oro har —ezta herritar anitzen aurrean ere— eztabadaka mintzatzen, bestelako euskara duen jendearekin izan ezik. Jokamolde mimetiko hori azaltzeko, gamartiar bati emango diogu hitza:
    • (Eztabadaz ari dela) Mintzo denak… hala mintzo bada, tentatia zira berdin emaitea errepostia, bainan guhauren artean ari gira, errain dugu, gu tarteko batek errain du: nuxu.(…) Guretako zu (inkestagileaz ari da) eztabadaka ari zira, tentatiak gira eztabadaka emaitea errepostia. Erretoreari ez eztabadaka, zu, zuka («osaba jin duzu»). Eztabada ezta hemen nun ezten nonbaitekoa jiten… 4

Bardozen, Mugerren 5, Urketan eta Donaixtin ere berdintsu gertatzen da; hala ere, joera, eztabadaka aritzekoa omen da anitz jenderi mintzatuz gero edo jeneralean hitz eginez gero. Alde horretatik, egokia da eztabadari «indéfini» edo «neutro» deitzea, halakoetan ez baita benetako tratamendu edo solasmaila, «tratamendurik eza» baizik, hots, hiketa, xuka eta zutano tratamenduen neutralizazioaren ondorioa.

Auzi honetan testuingurua erabakigarria da. Hala, mintzalagunak, banaka tratamendu desberdina merezi dutenak baldin badira, eztabada izango da estrategia edo irtenbide seguruena, baina ez bakarra, hala ere 6. Hona Mugerreko emakume batek neutroaren erabileraz ematen dituen argibideak:

  • Hanitx jenderi mintzo baniz, «aita jin da». Edo zu edo bertzenaz «jin da». (Apeza, ahizpa eta senarra batera daudelarik, hirurei zuzentzeko) Ni mintzatuko nuzu zuka (neutroaz ari da): «izan niz Hazparnen», deneri mintzo bainiz, nola erretorari zuka ariko bainiz eta bertzeri to eta no; deneri «izan niz ».

Bonapartek «Le traitement respectueux enfin, remplace régulièrement l'indéfini en bas-navarrais oriental, et c'est cela que consiste un des principaux caractères de ce dialecte» dioen arren, beste hainbeste esan liteke zubererari buruz. Guk elkarrizketaturiko lekukoetarik bat ere ez da eztabadaka aritzen Larrañen, Aiñharben eta Espeize-Undüreiñen; Santa Grazin, Altzürükün, Barkoxen eta Muskildin gauza bera gertatzen da; salbuespen bakar batez, hala ere: herriotan badira jende-saldoari mintzatzeko edo zehazki inori zuzendu ezik eztabadaka aritzen omen direnak; hala ere, ohitura hori ez da guztiz orokorra, esan nahi baita herri berean jende aurreko jokamolde desberdinak (eztabadaka/zutanoa) aurki daitezkeela. Lafonek dio berak ez zuela hamar urtetan eztabadarik entzun santagraztarren ahotik, ez bazen herri-ipuinak edo istorioak kontatzeko edota kanta herrikoiak moldatzeko; azken kasu biotan, alokutiboekin batera adizkera neutroak nahastekatzen ziren literaturako zuberera idatzi eta jasoa imitatzearren. Lafonek dioenez jende-saldoari ere zuka mintzatzen zitzaizkion Santa Grazin (Lafon, 1959:123-124).

Altzürükütar batzuek argitu zidatenez, eztabada eliza, irrati edo liburuetako berbaldietan eta inongo solaskide konkreturi zuzendu gabeko jardunetan, hots, jende-saldoari zuzendutakoetan azaltzen da; aipatu salbuespenezko testuinguruetatik at nekez edo ozta-ozta entzuten da eztabadarik herriotako eguneroko buruz buruko harremanetan. Beraz, ageri denez, funtsean Inchausperen (cf. infra) garaitik hona gauzak ez dira hainbeste aldatu, ez bada eztabadakako mintzamoldearen erabileraren kaltetan.

Esanak esan, Nafarroa Beherean —Zuberoan ez bezala— ez zaio eusten berdin zutanoari adin guztietan, zutanoaren galera hasita baitago euskalkiaren eremu osoko gazteen artean (cf. infra VI.4.). Gauzak horrela, beldur gara etorkizun hurbilean lehengo ordezkatzeari buelta etorriko ez ote zaion eta eztabada berriro ere nagusituko ez ote den.

— Egilea: Xabier Alberdi

1 Ikus Orotariko Euskal Hiztegia. De vos, tratando de vos, de usted. “Gaur, erri batuetan beintzat, nebarreben artean be geienak zuka berba egiten dabe (V-m)” A. “Eztot jakitten abadiakin zuka ala berorika eiñBergara aldeko lexikoa, Elexpuru, J. M.. Cf. 2 toka. Isabelek, aoz izan ezik, zuka itz egin bear izaten zion aizpari. Ardi galdua, 23 Azkue, R. M.. Eta bakaldunari, zelan egitten yako berba, ittanoz ala zuka? Bertolda eta Bertoldin, 128 "Otxolua". Zuka, zoroki, mintza zitzaidan, / zaldun arrotza bainintzan. Biotz-begietan, 148 Lizardi. Ala be, berekautan pentsatzen eban [abadiari] zuka eingo baleizko be naikua litzakiala. Zirikadak, 79 Juan San Martin, "Otsalar". Itano itzirik, aurrerantzean, / egingo juagu zuka. Obra guztiak, 146 (ap. DRA) Aresti, G.. Musa profanoa urruntzen du toka, zerukoari zuka dei egiten diolarik. Euskal Literaturaz, 129, Lafitte, P.. Leendabizitik elkarri zuka. Beranduko birigarroa, 221. Zendoia
2 XVIII. mendean frantses itzulpen batetik abiatuz Amikuzeko (Ostibarreko, zehazkiago) euskarara egindako itzulpena (Alphonsa Rodriguez, Jesusen Compagnhaco Aitaren Guiristinho perfeccioniaren praticcaren parte bat Heuscarala itçulia, Heuscara bezik eztakitenen daco, 1782) dugu adibiderik argiena frogatzeko zukaren indar eta oldarra eztabadaren aurrean. Hizkuntza idatzian gutxitan islatzen da aditz alokutiboa eta are gutxiago zukakoa; bada, jakina denez (Bouda, 1948; Videgain, Iker-II), Alphonsa Rodriguez salbuespen miragarria dugu, zukako adizkera alokutiboz josirik dago eta.
3 Zentzu horretan, guztiz adierazgarria da Yrizarren oharkizuna: «X.Diharce nos advirtió que en el pueblo de Briscous las formas usualmente utilizadas son las respetuosas y que les produce extrañeza el empleo general de las indefinidas: hazpandar gisa mintzatzea zaiote (Yrizar, 1981, II: 386).
4 Interesgarria da ohartaraztea gamartiar emakume honen azalpen teorikoa eta jarduna bat datozela, gurekin —herriko eguneroko usadiotik aldenduz— eztabadaka mintzatu baitzen elkarrizketaren denbora guztian. Beskoiztar batek elkarrizketaren buruan, denbora guztian gurekin eztabadaka aritu ondoren, aitortu zidan herritarrak ez direla eztabadaka mintzatzen eta orduan hasi zitzaidan zalantza artean niri ere zuka egiten: “Ez dugu neutrorik hemen, badakit erraten dela, orai, bai, zuri mintzatzean, banan herritarrekin hola mintzatuko nuzu.(…) Badakit (herriz kanpokoek) bitxi atxemaiten dutela. Marc-ek ere aita heletarra du…dizu…” Nolanahi ere den, denak ez dira gai solaskidearen hizkerako eztabadakako mintzamoldeari gisa berean erantzuteko; gurekin dexente izan ziren zuka aritu izan zirenak, gure mintzaira arrotzera ezertarako egokitu gabe.
5 Mugerren ezin izan dut baieztatu Bonapartek dioena, alegia, zutano < eztabada mailaketa. Gure lekukoen arabera, zuka da nagusiagoari zor zaion tratamendua.
6 Urketar emakume zahar (88 urteko) baten arabera, errespetua zor zaion «tropa» baten aurrean zuka mintzatuko omen litzateke bera (adibidez, ahizpa, aita eta apaizaren aurrean), baina eztabadaka gaztez osaturiko «tropari» zuzentzeko. Ageri denez, uste baino korapilatsuagoa gerta daiteke tratamenduaren hautaketa sortaldeko euskalkietan. Auzi honek tokian tokiko hizkeraren bestelako ikerketa xeheagoa eskatzen du, behaketa zuzenean oinarritua.

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Eztabada", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3