Euskarazko tratamenduen inguruan hainbat hizkuntzalarik eginiko azterketak eta haien ondorioak jasoko dira atal honetan.
Sartaldeko euskalkietan tratamenduaren aldetik ez dago aparteko zailtasunik edo korapilorik; sortaldekoetan, berriz, ez da gauza bera gertatzen. Euskal dialektologiaren aitzindari eta aldi berean ia-ia gailurra izan zen Louis Lucien Bonaparte printzeaz geroztik ezer gutxi aurreratu da alor honetan, informaziorik ezarekin batean sarritan baieztapen nahasgarriak atzeman daitezkeelako. Geure azterketari ekin aurretik, nahi genukeen bezain argigarriak ez badira ere, Bonapartek emandako argibideak aldatuko ditugu hona, gorago aipatu dugun egoera konplexu eta nahasiaren erakusgarri. Bere Le verbe basque en tableaux delakoaren hamalaugarren taula («Quatorzième Tableau Supplémentaire. Verbe Bas-Navarrais Oriental. Indéfinie, respectueux et diminutif») iruzkinduz erantsitako bigarren oharrean luze mintzo da ekialdeko euskalkietakotratamenduen lekuzko banaketaz eta balio pragmatikoaz. Berebiziko garrantzia eta balioa dituelako, osorik aldatuko dugu hona Bonapartek tratamenduen mugez eta haien gizarteko erabileraz diharduen pasarte osoa:
Aurreko pasartean irakurritakoaren arabera, ez dago zalantza-izpirik Bonapartek tratamenduei aitortu zien garrantziaz. Esan daiteke tratamenduen gaiak isoglosa erabakigarriak eskaini zizkiola printzeari eguzki aldeko euskalkiak sailkatzeko 1. Izan ere, Yrizarrek ongi dioenez, solasaldian zehar hain nabarmena egiten den alokutibotasunak halako kolore bereizgarria ematen dio hizkerari. Hona hemen Yrizarren hiru pasarte adierazgarri Bonaparteren irizpideak direla eta:
Beraz, batetik, zuka alokutiboaren erabilerak ezartzen duen isoglosa dugu, eguzki aldeko euskalkiak (Bonaparteren arabera, ekialdeko behe-nafarrera —zaraitzuera barne— eta zuberera —erronkariera barne—) gainerakoetatik garbiro bereizten dituena; bestetik, xuka alokutiboa dugu, ekialdeko behe-nafarreraren bereizgarri aitortu garbiena (“…car, qouique le traitement diminutif persiste dans tous ces localités [Arberoakoez ari da] comme preuve qu'elles appartiennent au bas-navarrais oriental”).
Tratamendu bereziok (zuka eta xuka alokutiboak) erabiltzen diren aipaturiko bi eremuen barruan bi salbuespen nagusi azpimarratzen dizkigu Bonapartek:
Honaino Bonapartek utzitako xehetasun eta argibideak. Bonaparteren ondotik hurbilpen bat edo beste egin izan da eguzki aldeko tratamenduen gaiaz; hurbilpenok, nolanahi ere, ez dira burutu lekuan lekuko inkestagintzan oinarriturik, bestelako informazio-iturriez baliaturik baizik. Eta hain zuzen horregatik, bigarren eskuko langaiak erabili izanagatik, nahiko ondorio nahasgarrietara iritsi dira gai hau jorratu duten ikertzaileak.
Alde batetik, P. Yrizarren ekarpena dugu: “Observaciones referentes al empleo de las formas alocutivas” (Yrizar, 1981, II: 375-387). Lan horretan Yrizar, J. Allières-ek (Allières, 1960) argitaratutako “Petit atlas linguistique basque français Sacaze” delakoaz baliatzen da Bonaparteren emaitza eta oharpideak zuzentzeko. Honela mintzo da Yrizar bere zehazte-egitasmoaz:
Horretarako, Sacaze atlasetik, aditz alokutiboaz baliatuz itzul zitezkeen 13 adizkera (“él es”, “ellos son”, “él era”, “ellos eran”…) aukeratu eta banan-banan, herriz herri eta hizkeraz hizkera zuka alokutiboaren maiztasuna aztertzeari ekiten dio (eztabadako adizkeren maiztasunarekin konparatuz), eta azterketa horretatik zuka alokutiboa zein herri edo eskualdetan bai eta zeinetan ez den (zen) erabiltzen ondorioztatzen du. Azterketa horren buruan, Bonaparteren ikuspegia aldaraziko lukeen balizko ondorio honetara iristen da zubererari dagokionez:
Ekialdeko behenafarrerari dagokionez, antzeko zuzenketak egiten dizkio Yrizarrek Bonaparte printzeari. Arbelako hizkeraz Sacaze atlaseko emaitzak eta printzearenak funtsean bat badatoz ere3, gainerako eskualdeetako hizkeretan eremu desberdinak bereizi beharra azpimarratzen du Yrizarrek:
Tamalez, Allières-en atlasak, oso harrobi baliagarria izanik ere, baditu bere mugak eta, ondorioz, ezin da nolanahi erabili. Izan ere, delako atlasa Jean Sacaze-ren aginduz edo gomendioz ipar Euskal Herrian barrena bildutako Pirinioetako herri-ipuin biren itzulpenetan oinarrituta dago (“La légende de Barbazan” eta “Lalégende de Tantugou”); hortaz, lekuan lekuko hizkera ahalik eta zehazkien jaso eta ispilatzeko asmoz eginarazitako biitzulpenen aurrean gaude.
Gakoa atlasaren erabileran dago, gure ustez. Izan ere, herri jakin batean bildutako itzulpenetan zukako adizkera alokutiborik gutxi agertu izanak ez du esan nahi baitezpada delako herrian horrelako mintzamolderik erabiltzen ez dutenik. Auzi honetan bi gauza hartu behar dira kontuan: batetik, solas-mailan tratamendu-sorta batetik testuinguruaren arabera tratamendu jakin bat hautatzeko aukera edo askatasuna; beste alde batetik, zuka (edo xukako) tratamendua hautatu arren, maiz gertatzen dira gorabeherak eta hutsak komunztaduran4, esan nahi baita, sarri, perpaus nagusi adierazgarrietan adizkera alokutiboekin batean eztabadakoak ere sartzen direla.
Itzulpenetako tratamendu-hautu hori dela eta (eztabada/zuka alokutiboa), guztiz argigarria gertatzen da Inchausperen (Bonaparteren laguntzaile zuberotarraren) honako azalpen hau (1858ko martxoaren 8ko gutuna):
Hortaz, Inchauspe apaizari kasu eginez gero, Sacaze atlaseko herri-ipuinak itzultzerakoan lekukoek berdin-berdin hauta zezaketen zukako tratamendua edo eztabadakoa. Lehena, kontakizuna mintzalagunari (galdetzaileari) zuzenduz gero; bigarrena -zuzenena edo egokiena Inchausperen arabera5-, istorioa inongo solaskide zehatzi zuzendu ezik, idatzizko hizkuntzaren tratamendu jasoari dagokionez6. Beraz, gure ustetan, Sacaze atlaseko emaitzetatik ezin ondoriozta daiteke tratamendu baten hutsunea edo eza herri batean; hots, Sacaze delakoaren emaitzek, izatekotan, balio baieztatzailea izan lezakete, baina sekula ez balio ezeztatzailea. Horretara begiratuz gero, Yrizarren azterketa eta mapa, Bonaparteren ikuspegi orokorra sendotzera eta zehaztera datoz. Xehetasun berria, Arbelako hego-sortaldeko herri bitan (Iholdi eta Armendaritze) 1887 aldera zuka egiten zela izan daiteke eta, edozein kasutan ere, datu berri horrek ez luke gezurtatuko Bonaparteren deskribapen orokorra.
Gure inkestagintza mugatuan lortutako emaitzek garbiro gezurtatzen dituzte Yrizarrek bereizitako eremuen sailkapenak. Zubererari gagozkiola, guk korritutako zazpi herrietan zukak bizi-bizirik irauten du. Bai Santa Grazin eta bai Muskildin eta Espeize-Ündüreiñen -Yrizarrek zuka alokutiborik ezaren adibide moduan aipatzen dituen gure sareko hiru herrietan- ezin indartsuago azaltzen da zuka alokutiboa. Gainera, Yrizarrek berak aitortzen du Atharratze inguruko bere laguntzaile-berriemaileak sarritan erabiltzen dituela zukako adizkera alokutiboak. Berebat esan dezakegu ekialdeko behe-nafarreraren eremu osoaz. Batetik, gure erakusgarriaren arabera, bai Amorotzen eta bai Donaixti-Ibarren -Yrizarrek ezezkoetan sailkatzen dituen bi aipatzearren- asko erabiltzen da zuka alokutiboa. Bestalde, 1920ko hamarkadako emaitzak bildu dituen Erizkizundi Irukoitza7 (Echaide -ed. -, 1984) arretaz arakatu besterik ez dago, zenbait herritan nahi gabe ere alokutiboa maiz ateratzen zaiela (zitzaiela) ohartzeko; hala gertatzen da, esate baterako, Larzabalen eta Arberatzen (Yrizarren ustez, zukarik ez luketenak) eta orobat gertatzen da Urketan, Bardozen, Uztarrozen eta Urzainkin eta baita Zuberoako Gamere-Zihigan eta Maulen ere.\
Beste alde batetik, G. Rebuschiren (1984) ikerketa teoriko sakona dugu, euskararen tratamenduei buruzkoa. Ikerlan horren azalpen teorikoetan eta interpretazioetan sartu gabe, oraingoz esan dezagun darabiltzan dialektologiazko datu enpirikoetan huts larri bi aurkitu ditugula:
Teorian hipotesi gisa onartzen du lau tratamenduko sistema baten posibilitatea, baina ez euskalki osoarentzat, eskualde bateko hizkera bereziren batentzat baizik:
Hala ere, beherago, zuketa-vouvoiement terminoaren anbiguotasunaz mintzo delarik eta beste zenbaitetan ere ukatu egiten dio EBNri zuka alokutiboaren aukera. Hona hemen esandakoa frogatzen duten pasarte batzuk:
Beraz, Rebuschik EBNrentzat teorian eta eskualde-mailan zukako aukera onartzen duen arren, “praktikan” ez du aintzakotzat hartzen delako posibilitatea edo aukera itxitzat ematen du.
Bistan denez, Yrizarren azterketa (1981, II: 375-387) eta Rebuschiren ikuspegia (1984: 515-532), biak, kamutsak eta nahasgarriak gerta daitezke datu enpiriko gezurtatuen ezagatik edo, hobeki esateko, datu enpiriko urri eta mugatuak nolanahi orokortzeagatik eta estrapolatzeagatik.
Bonaparteren deskribapenera itzuliz, esan beharra daukagu gure emaitzek funtsean printzearen ikuspegi orokorra baieztatzen dutela. Gu ibilitako Zuberoako zazpi herrietan bizi-bizirik dago zuka (alokutiboa) eta jende orok erabiltzen ditu adizkera alokutiboak, are manexekin eta gu bezalako euskaldun arrotzekin ere. Bestalde, Rebuschik besterik susmatu zuen arren, zuka bizirik dago eta erabili egiten da ekialdeko behe-nafarreran.
Hala ere, Bonapartek dakarren Arberoako hizkeraren salbuespenaz gain, bada zer esanik euskalki honetako zukaren erabileraz. Lehenengo eta behin, Uharte-Garazi eta Donibane-Garaziko10 inguru hurbilenean —ez Garaziko eskualde osoan!— ez dirudi zukak bizitza oparoa duenik; alde honetako gure sei lekukoetatik batek ere ez du erabiltzen zukarik eta bai, ordea, eztabada eta xukarik, erruz gainera. Hortaz, gure emaitzen arabera11, Arberoakoaz gain (Aiherra, Heleta eta Irisarri)12 beste «soilgune» bat seinalatu behar da Nafarroa Behereko zukako eremuan, Uharte-Garazi eta Donibane-Garaziko herriena, hain zuzen. Bigarrenik, zuka mintzatzen den Nafarroa Behereko herrietan, Zuberoan gertatzen denaz bestaldera, zuka ez da guztiz orokorra, esan nahi baita herritar guztiek ez dutela zuka jarduten. Geuk ikusitakoaren arabera, adinak badu zer esanik galera horretan.
Gogora ditzagun salbuespenak. 56 urteko Gamartiar baten alaba gaztetxoak (8-10 bat urtekoak) ez zekien zukarik eta harriduraz entzun zituen bere aitak apaizari edo adineko jende guztiei zuzenduko lizkiekeen esaldietako zukako adizkera alokutiboak; 31 urteko beste mutil gamartiar batek nahasian erabiltzen zituen eztabadaka eta zukako mintzamoldeak eta herri berean, zuka aritzen ez zen 29 urteko neskatila baten ustetan zaharren zuka mintzatze hori «ezjakintasunari» egotzi behar zaio, eztabadaka elekatzen ez jakiteari, alegia. Amikuzeko Amorotzen eta Gamuen ere gauza bera dugu: launa lekukoetatik, eskolatu gazteenek (25 eta 22 urtekoek, hurrenez hurren) baino ez ziguten huts egin zukako erantzunetan. Bardozeko lau berriemaileen artean bakar bat dugu (56 urteko emakumea) zuka egiten ez duena. Beskoitzen 35 urteko neskatila eta 31 urteko mutil alfabetatuak dira zuka aritzen ez direnak. Mugerreko hiru lekukoetatik gazteenak (47 urteko laborariak) dauka galdua zukako tratamendua. Urketan berriemaile «gazteenetariko» bat (57 urteko gizona) da zuka mintzatzen ez den bakarra eta orobat gertatzen da Donaixti-Ibarren ere (35 urteko neska). Dirudienez, herriko lekuko gazteenetan sumatzen da inon baino areago zuka alokutiboaren atzerakada.
Gure erakusgarria txikia izanik ere, goiko emaitzak adierazgarriak izan daitezkeela uste dugu. Itxura denez, zukako tratamendu alokutiboari ondo eusten zaio zaharren artean; ez da gauza bera gertatzen, ordea, gazteen artean eta are gutxiago euskaraz alfabetatutako gazteen artean13. Susmoa dugu zuka atzeraka dabilela Nafarroa Beherean eta apurka-apurka eztabada nagusituz joan daitekeela zukako alokutiboa ordezkatzeraino. Izan ere, Bonaparteri sinetsiz geroz, duela ehun eta hogeitaka urte zukako tratamendua guztiz orokorra zen ekialdeko behe-nafarrera osoan, hain orokorra non eztabada ez baitzen erabiltzen bakanka baizik. Gure emaitzen arabera, eztabadak zuka ordezkatu bide du Donibane-Garazi inguruan —ez Garazi osoan!— eta gaude gainerako herri zukazaleetan ordezkatze-prozesu berbera hasita ez ote dagoen.
Gure aburuz, nahiko adierazgarria da herri guztietan (Gamarte, Amorotze, Gamue, Bardoze, Beskoitze, Mugerre, Urketa eta Donaixti-Ibarre) zuka aritzen ez den lekukoren bat —nor eta denetarik gazteena gehienetan— aurkitu izana.
Orain artekoan ez dugu Zaraitzu aipatu. Esan dezagun elkarrizketatzea lortu genuen zaraitzuar lekuko bakarrak, 76 urteko Teofilo Eseberri Contin otsagiarrak, zuka hitz egiten zuela, gurekin maiz eztabadaka eta zuka bereizi gabe aritzen bazen ere, zaraitzuera nahasi samarra baitzuen.
Halaber, esan gabe doa erronkarierara ere hedaturik dagoela (zegoela) zuka alokutiboa. Hain hedaturik, non ikertzaile batzuek lan neketsua izan baitzuten eztabadakako aditz-jokoa biltzeko. Aski da Erizkizundi Irukoitzako Uztarroze eta Urzainkiko emaitzak arakatzea aipatutako zailtasunaz ohartzeko.
lanaren aipamena nola egin...