Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:1:5

Xuka alokutiboa eta xuketa ez-alokutiboa

Xuka, Bonaparteren begietan, ekialdeko behe-nafarreraren (Amikuze salbu eta Zaraitzu barne daudela) bereizgarri nabarmenena da. Xuka alokutiboaren eremuari gagozkiola, funtsean gauzak Bonaparte printzeak ezarritakoaren arabera gertatzen dira. Hala eta guztiz, zenbait xehetasun gehiago gaineratzea komeni da.

Erabilera eta mugak

Xuka alokutiboa erabiltzen da, esaterako, Bonapartek mendebaldeko behe-nafarreraren hego-sortaldeko mugarritzat jarri zituen herri batzuetan. Batetik, J. M. Satrustegi euskaltzainak aspaldi argitu zuenez (Satrustegi, 1981), mugaz honaindian Luzaide dugu herri horietako bat 1. Beste bat, iparralderago, Arnegi dugu; bertan Yrizarrek (1981: 387) dioenez eta guk elkarrizketaturiko lekuko batek argitu zigunez anitz erabiltzen da xukako tratamendua, noketa baino biziki gehiago, behintzat. Eta gorago oraindik, Uharte Garazitik oso gertu (hiruzpalau kilometrora), Lasa dugu; gure berriemaile lasar baten laguntzaz baieztatu genuenez, bertan ere xuka mintzatzen da, Garazin bezainbeste. Bonapartek erabili zuen informazioaren arabera, bi behe-nafarrerak bereizten dituen mugako lerro horretan (Irulegi, Anhauze, Azkarate eta Lasa) —ustez, Garaziko mintzairaren eraginez— haurrei ez ezik, berdinen artean ere alokutiboa ez den xu tratamenduan mintzatzen zen, baina sekula ez xuka alokutiboan. Jakina, horregatik utziko zituen herriok (Lasa, Arnegi eta Luzaide)2 Baigorriko hizkeraren barruan mendebaldeko behe-nafarrerarekin batean.

Esan bezala, xukak zaraitzueraren eremua besarkatzen du. Are gehiago, zenbait lekukotasunen arabera, gaur egun zalantza izan genezake ea Zaraitzuko haranean xuka ez ote den erabat nagusitu eztabadaren gainetik eta xukaren iturburua den zuka alokutiboaren gainetik. Zaraitzuerarentzat, aita Inzak (1921: 85) xukako adizkera alokutiboak (diabexut, dabexu, diabexu, diabexugu, dabezie, diabexie) dakartza Bonapartek bildu zituen eztabadakakoen ordez (dabet=diabezut, dabezu, dabe, dabegu, dabezie, dabe). Datu horren argitan, honako iruzkin hau egiten du Yrizarrek (1981: 303):

  • «…ponen de manifiesto el uso general, en ese subdialecto, de las formas alocutivas diminutivas, en lugar de las indefinidas».

Adierazpen horretatik ezin da ondorioztatu, hala ere, xukak eztabadaka eta zuka erabat ordezkatu eta isilarazi dituenik; xukak zaraitzueran oso bizitza zabal eta oparoa duela esatea gauza bat da, eta, beste bat, zeharo bestelakoa, gaur egungo zaraitzueran xuka kortesiazko tratamendu bakarra dela esatea. Gure datuen arabera, Zaraitzun bizirik daude —euskara bera bizirik dagoen neurri apalean, bederen— ekialdeko behe-nafarreran aurki daitezkeen tratamendu guztiak, hiketa (toketa, noketa), zuka, xuka eta eztabada3. Xuka egiten dela ez dago zalantzarik; Inzaren (1921) aipamenaz gain, hor ditugu, besteak beste, Mitxelena (1967: 166), Erizkizundi Irukoitza (Echaide, 19844 eta Aranzadi Elkartearen Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa —EAEL— (1983) xukak Zaraitzun bizirik irauten duela frogatzeko. Hiketa, zuka eta eztabada tratamenduei dagokienez, esan dezagun gure Otsagiko lekukoak (Teofilo Eseberri Contin) hirurak erabiltzen dituela —azkenengo biak ongi bereizi gabe hala ere— eta Aranzadi Elkartekoek EAELrako galdekatu zuten emakume espartzarrak lau tratamenduak erabiltzen zituela (hika, zuka, xuka, eztabadaka)5.

Printzearen arabera, xuka tratamendua ekialdeko behe-nafarrera osoan barrena barreiaturik dago, Amikuzeko hizkeran izan ezik. Funtsean hori halaxe da. Hala ere, Amorotze eta Gamueko lekukoetariko batzuek (erdiek) azaldu zidatenez, haur txiki-txikiari xuka (alokutiboaz) mintzatzen zaizkio batzuk, denak hala aritzen ez badira ere. Jakina, haur txikiekiko erabilera hau markatua da, bestelako harremanetan ez baitute xukarik erabiltzen. Beste alde batetik, nahiko logikoa dirudi haur-hizkuntzan xuka agertzea, xuka ez baita barra-barra erabiltzen den zuka alokutiboari palatalizazio adierazkorra ezartzearen ondorio zuzena baizik.

Ekialdeko behe-nafarreratik kanpo ez dago xukarik (alokutiborik) beste inon, euskal dialektologiaren sortzailearen arabera. Hau egia izanik ere, baliteke salbuespen bat baino gehiago izatea. Guk geuk, salbuespen bitxi bat aurkitu dugu Zuberoan, Aiñharben, hain zuzen ere. Bertan usu erabiltzen dute xuka alokutiboa6.

Jakina denez eta gure artean Menéndez Pidalek7 eta Mitxelenak (besteak beste, Michelena, 1964) ezin argiago azaldu izan dutenez, dialektoen mugak aski erlatibo eta badaezpadakoak izan daitezke eta nekez izaten dira erabatekoak edo guztiz irmoak, berez. Hots, hain herriren sailkatzearen inguruko eztabaida alferrekoen gainetik, axola duena bereizgarriaren beraren muga da eta ez hainbeste dialektoarena. Horixe gertatzen zaigu bereizgarri honekin, xuka alokutiboak beste euskalki batera luzatzen baititu bere erroak. Edo nahi baldin bada, alderantziz ere adieraz liteke; alegia, Bonapartek Lasa, Arnegi eta Luzaiden xuka egiten zela jakin izan balu, beharbada 8 ekialdeko behe-nafarreraren barruan sailkatuko zituen eta ez mendebaldekoan eta agian gauza bera esan liteke Zuberoako Aiñharberi buruz. Salbuespenok alde batera uzten baditugu, oro har, printzeak ezarritako mugak gehienetan bat datoz tratamenduen banaketa dialektalarekin. Adibidez, Donaixti-Ibarretik (EBN) Muskildirako (Z) mendi-lepoa gainditzea aski da xuka alokutiboaren arrastorik ez aurkitzeko; edo alderantziz, Hazparnetik Aiherrara, kilometro gutxitan eztabadatik xukara igarotzen gara, e.a.

Aezkoako tratamenduak direla eta, ez datoz bat Loucien Bonaparte eta Azkue, R. M. lekeitiarra. Lehenak ohartarazten duenez, Aezkoan sarritan entzun daiteke xu izenordaina eta baita -xu ere aditzetan, baina beti morfema hori bigarren pertsona aktante edo argumentalari dagokiola. Azkuek, ordea, besterik uste zuen (Azkue, R. M., 1927: 287).

Abaurregaineko gure lekukoaren arabera9, Aezkoan badira hiketa (toketa, noketa), zuketa eta xuketa, baina —Bonapartek ongi zehaztu zuenez— azkenengo biak ez dira alokutiboak, eztabadakakoak baizik. Itxura denez, oraingoan tratamenduen deitura eta taxonomia herrikoiek eramango zuten lekeitiarra, bere azken orduko «familiarteko aditz-jokoaren aurkikuntza» eta Bonapartek zorrozki «alokutibo» deiturikoak nahastera. Auzi honetan Yrizarrek Azkueren autoritateari jarraitzen dio, zenbaitetan ustezko edo balizko adizkerak proposatuz aezkerarentzat10; dena den, lekeitiarraren aezkerazko testu-bilduman ez da sumatzen ez zukarik, ez xukarik eta salbuespen bakarra zaraitzuarren ahotan jarria dago («Aetz ta Zaraitzuarren artean» deritzon XIII. ipuinean). Oso jakitun gaude geure erakusgarriaren tamaina txikiegiaz, baina aezkerazko zuka eta xuka alokutiboen aldeko lekukotasun fidagarririk agertzen ez den bitartean, lehengo ustean jarraituko dugu Bonaparterekin batera (ik. Camino, 1995).

Bukatzeko, esan dezagun herri banaka batzuetan alokutiboa ez den xu tratamendua entzun daitekeela eta ez bakarrik haurrekin aritzeko. Berriro ere, gure emaitzak Bonaparterenak baieztatzera datoz; izan ere, Hazparne eta Aezkoako (Abaurregaineko) hizkerek alokutibo ez den tratamendu txikigarria —Abaurregainean xuketa deitua— dute bereizgarri11

— Egilea: Xabier Alberdi

Gaian sakonduz

1 Ikus bedi, baita ere, «Manezaundi» luzaidarraren testua (Irigarai, 1958: 19).
2 Luzaide, Arnegi eta Lasan egin den bezala, interesgarria izango litzateke baieztatzea edo gezurtatzea Bonaparteren informazioa Irulegi, Anhauze eta Azkarateko tratamenduen erabileraz.
3 Eta Azkueren arabera, beroriketa (ori izenordainaz) ere bai, guk geure inkestagintzan horren aldeko lekukotasunik aurkitu ez badugu ere.
4 Espartzako inkestatuak, besteak beste, xukako hiru adizkerok eman zituen: xee (42,A galdera: lo han bebido, l'ont bu); xu (42,B: lo ha bebido, l'a bu); baniakixun (46,B galdera: Ya lo sabía yo, je le savait, en effet). Hauekin batera, eztabadakakoak ere bai: nazkon (43,A galdera: se lo hice, je le lui faisais); edateunt (59 galdera: suelo beber, j'ai l'habitude de boir).
5 Espartzako emakumeak era guztietara, nola hel, itzuli ditu erdaratik esaldiak: orain hika, orain eztabadaka, inoiz zuka, sarri xuka; baina maizenik eztabadaka eta xuka. Hona hemen, zenbait adibide tratamendu bakoitzeko:
  • HIKA: érman zák ógi kori (n°242:emporte ce pain-llévate ese pan»)…
EZTABADAKA: gisatu du, gisatrik dago (n°131); nai dut, nai izan dut (n°203); átzo xin zén gízon bat (n°236); eun góxian xin da emazte bat (n°237); bíar fánen drá bi emáztiak béren sémekin (n°239)… zuka: bíar fánen tzú bí gízon (n°238: «deux hommes partiront demain two men will leave tomorrow-mañana partirán dos hombres»). XUKA: íkusi txút séi gízon bíde bátian (n°240: «j'ai vu six hommes sur le chemin»); étsea xú txíkin (n°244: «la maison est petite-la casa es pequeña»); árboliák txú ándi (n°245: «les arbres sont grands-los árboles son grandes»); eztíxu érman máklara (n°250: «il n'a pas emporté son bâton-he did not carry his stick-no se ha llevado el palo»); eztíxe érman gamintak (n°251: ils n'ont pas emporté leurs couteaux-no se han llevado los cuchillos»); bíar eníxu élkiren étserik (n°252: «je ne sortirais pas de ma maison demain»); ezgítxu élkien étserík lén ezik ámar égunez (n°253: «nous ne partirons pas avant dix jours-no saldremos antes de diez días»)…
6 Eta handik oso urrun ez dagoen Espeize-Ündüreiñen ere, nire harridura eta mesfidantzarako, batek xu eztabadakakoa maiz (ez haurrekin bakarrik) egiten zuda adierazi zidan.
7 Menéndez Pidalen azalpena ekarriko dugu hona, ezin argigarriagoa baita: »Pero sabido es que un dialecto no tiene un único límite fijo como el de una provincia o un partido judicial; los muy varios caracteres que distinguen ese dialecto de los vecinos, no tienen todos en masa una misma extensión, sino que cada uno de ellos alcanza por lo común un límite distinto del de los demás, siguiendo cada uno de ellos direcciones muy diversas…» (Menéndez Pidal, Introducción al estudio de la lingüística vasca: 87).
8 Gorago esan bezala, eguzki aldeko euskalkiak sailkatzeko zuka eta xuka alokutiboa bereizgarri erabakigarriak gertatu zitzaizkiola kontuan harturik.
9 58 urteko Pascuala Ilintxeta Iriarte gure lekuko bakarraz gain, 81 urteko Casiano Lorca Lorea ere elkarrizketatu nuen eta ez batak, ez besteak ez zidaten zuka edo xukako alokutiborik eman. Bestalde, batak (emakumeak) hika tratatu ninduen, baina zaharra eztabadaka aritu zen nirekin denbora guztian (ordu erdiz edo).
10 Ik. Yrizar (1981: 319; 289).
11 Eta agian (?), elkarrizketaturiko lekuko biren arabera, Zuberoako Espeize-Ündüreiñen ere bai.

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Xuka alokutiboa eta xuketa ez-alokutiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3