Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:1:6

Tratamenduen hedadura

Ondorio edo laburpen gisa, hitanoa, beroriketa eta Ekialdeko tratamendu molde bakoitza non erabiltzen den jasoko da atal honetan.

Hitanoa (toketa/noketa)

Hiketaren erabilera edo erabilerarik eza ez da izan irizpide lagungarria euskal dialektologiaren historian. Izan ere, orain dela gutxi arte, hiketa, gehiago edo gutxiago, Euskal Herri osoan eta euskalki guztietan erabili izan da.

Nolanahi ere, badira arrazoiak pentsatzeko XX. mendean hitanoaren galtzea Bizkai aldean eta agian beste euskalki batzuetan areagotuz joan dela eta gure egunotan azkartzen ari dela. Atzeranzko joera horren lekuko, hor ditugu bizkaieraren eremuan aurki ditzakegun soilgune gero eta zabalagoak (Ondarroa, Lekeitio, Gernika aldea, Bermeo…).

Bestalde, zenbait euskalkitan toketaren erabilerak atzerakada nabarmena izan du, eta are atzerakada nabarmenagoa noketak (ikus VIII.2). Gaur egun hitanoaren erabileraz hitz egiterakoan, ezinbesteko bihurtzen da toketa/noketa bereizketa; hain desberdinak dira bataren eta bestearen erabilera-maila eta erabilera-eremuak.

Lagunarteko bi tratamenduen erabileran (toketa/noketa) funtsezko aldakuntzak eta berregituraketak mamitzen ari direlakoan gaude (ekialdeko behe-nafarreraz gertatzen ari dena, esaterako, cf. infra VII. kapt.). Zentzu horretan, toketa eta noketaren erabilera edo erabilerarik eza euskalkien bereizgarri «berriak» izatera hel litezke denboraren poderioz.

Beroriketa

Azkueren arabera (1923-25, II: § 640, 432) beroriketaren erabilerak edo erabilerarik ezak —hitanoarenak ez bezala—, bitan banatu izan ditu euskalkiak duela gutxi arte. Alde batetik, beroriketaz baliatu izan diren hegoaldeko euskalkiak ditugu (B, G, IGN, HGN, Aezk., Zaraitz., E) eta bestetik, iparraldekoak, beroriketarik gabeak. Guk jasotako ahozko emaitzen arabera eta bildutako idatzizko lekukotasunen arabera, uste dugu fidagarria dela Azkuek beroriketari ezarri zion euskalki-eremua.

Hala ere, egungo egunean salbuespen dira berorika aritzen diren euskaldunak eta lehenagoko garaietan (haur- edo gazte-denboran) hala aritu izana gogoratzen duen jendearen adinaren eta kopuruaren arabera, beroriketak Bizkai aldean erro sakonagoak izan dituela dirudi.

Nolanahi ere den, hizkuntzazko bereizgarri hau inoiz garbia eta erabatekoa izan dela onartuta ere, bistan da gaur egun ez duela funtsik, salbuespenak salbuespen, gaur egun hegoaldeko euskaran beroriketa hil zorian baita.

Ekialdeko euskalkietako tratamenduak

Gure ustez, XX. mendearen bukaeran funtsean zutik dirau Bonapartek duela mende bat baino gehiago sortaldeko euskalkietako tratamendu-eremuez emandako ikuspegi orokorrak. Printzeak erabili zituen bereizgarri edo isoglosa biek ez dute funtsezko aldaketarik jasan mende baten buruan: alde batetik, ekialdeko behe-nafarrera (EBN) —zaraitzuera barne— eta zuberera (Z) —erronkariera barne— batzen dituen eta aldi berean biak gainontzeko euskalkietatik bereizten dituen zuka alokutiboa dugu; beste alde batetik, sortaldeko eremu horren barnean xuka alokutiboa dugu EBNren bereizgarri. Geure inkestagintzaren bidez, frogatutzat jotzen dugu Bonaparteren zedarriketa orokorra.

Gure emaitzen arabera, ez dago zalantzapean jartzerik zuka alokutiboaren erabilera zubererazko eremu osoan, ez eta ekialdeko behe-nafarrerazko zati handi batean ere. Zuka barra-barra erabiltzen da zuberera osoan eta orobat gertatzen bide da EBNzko hainbat herritan. Hortaz, ez diogu funts handirik ikusten Yrizarrek (1981, II: 380-387) sortaldeko euskalkientzat (EBN eta Z) proposatzen duen eremu-banaketari, batetik, Sacaze atlasaren okerreko irakurketa edo erabilera batean oinarritua dagoelako eta bestetik, gure inkestagintzak haren ondorioak gezurtatu dituelako.

Rebuschik uste duenaren kontra (Rebuschi, 1984: 515-518), mendebaldeko behe-nafarreran (MBN) ez dago zuka alokutiborik, ezta antzik ere. Bestalde, ez dugu zalantza-izpirik Rebuschik EBNri ukatzen dion edo zalantzapean ematen dion zuka alokutiboaz.

Egungo egoera

Bonaparterena funtsean deskribapen zuzentzat jotzen badugu ere, beraren garaitik hona tratamenduen aldetiko zenbait mugarri edo bereizgarri zerbait «mugitu» direlakoan gaude.

Printzeak EBNzko zukako eremutik aparte jarri zuen Arberoa (Irisarri, Heleta, Donostiri, Isturitze eta Aiherra) eta gure inkestagintzak salbuespen berberori baieztatu digu, hots, Arberoa eskualdeko Irisarri, Heleta eta Aiherra herriek osatzen duten eremuaren salbuespena, bertan ez baita zuka alokutiborik erabiltzen. Dena den, Arberoako eskualdeaz gain, Donibane Garazi eta inguruko beste herri batzuk ere (hala nola, Lasa, Arnegi, Aizpura, Uharte-Garazi, e.a.) —ez Garaziko herri osoa, hala ere— salbuespen dira zuka alokutiboaren erabilerari dagokionez. Bonaparteren garaian Donibane-Garazi inguruan zuka mintzatzen zen, printzeak eginarazitako itzulpenak ditugu horren lekuko. Bada, gure lekuko doniandar guztien artean ez dugu aurkitu zuka aritzen denik, denak hika, xuka edo eztabadaka mintzatzen bide dira.

Bestalde, Arberoan eta Donibane-Garazin ez ezik, EBNzko gainerako herri gehienetan ere zuka mintzatzen ez diren salbuespen bana edo aurkitu dugu lekuko gazteenen artean. Halako lekuko «gazteek» eztabada erabiltzen dute herritar adinekoetan ohikoa dirudien zuka alokutiboaren ordez edo bestela nahas-mahas erabiltzen dituzte tratamendu biak, argi bereizi gabe. Zer esanik ez, eskolak eta, atzerakada horretan baduke eraginik.

Gauzak horrela, pentsatzeko da zuka alokutiboa ekialdeko behe-nafarreran atzeraka dabilela, atzeraka geografia-eremuz eta, kezkagarriagoa dena, baita adin-eremuz ere. Lehen, zuka alokutiboak eztabada ordezkatu bide zuen; eta, mende bat geroago, alderantzizko ordezkatzea (zukatik eztabadara) burutu da Garaziko hegoaldean. Are gehiago, gaude gure egunotan eztabadaren aldeko joera hori zukari eutsi dioten EBNzko beste lurralde batzuetara hedatzen ari ez ote zaigun.

Edozein kasutan, zukako mintzamolde edo tratamendua galdu arren, erabileraren ikuspegitik ordezkatzeaz hitz egin beharra dagoela uste dugu, EBNz oro har zuka eta eztabada aurrez aurre edo aurkakotasunean dauden tratamendu edo solas-maila kontrajarriak ez direlako. Funtsean bi mintzamoldeok pareko edo baliokide dira gizarte-zereginari begira eta zentzu horretan formaren ikuspuntutik galera izan daitekeena ez dugu halakotzat jo behar pragmatikaren ikuspegitik; hots, zuka alokutiboaren galerak, ez dakar nahitaez tratamendu-mailaketaren funtsezko berregituraketarik (ik. X. kapt.).

Zukaren gailentasuna

Zukaren gailentasuna, hau da, eztabadaren ordez zuka alokutiboa noiznahi eta nonahi erabiltzea EBNren ezaugarritzat dauka Bonapartek. Joera horrekiko salbuespenen artean ondoko herriak aipatzen ditu: Arberoakoak (Irisarri, Heleta, Donostiri, Isturitze eta Aiherra) alde batetik eta bestelako arrazoiengatik, Mugerre eta Hiriburu, bestetik. Bonaparteren arabera, lehenengoetan ez dago zukarik eta bigarrenetan eztabada maiz erabiltzen omen zen jeneralean hitz egiteko eta baita goragokoari hitz egiteko ere.

Bigarren salbuespenari dagokionez, ez deritzogu Mugerre tratamendu aldetiko salbuespena denik inola ere. Bertan denetarik aurkitu dugu: zuka aritzen ez den 47 urteko laboraria eta zuka aritzen diren lekuko zaharragoak; azken horiek goragokoari zuzentzeko ez zuten erabiltzen eztabadarik, zuka baizik.

Bestela, oro har, gure emaitzek baieztatu egiten dute zuka alokutiboaren aldeko joera eta eztabadaren erabilera murriztu edo markatua EBNn1. Dena den, ordezkatze hori ez da EBNren bereizgarria2, gauza bera gertatzen baita zuberera egiten den eremuan. Ipar-ekialdeko euskalki biotan eztabada ez da bakan baizik erabiltzen. Sortaldean, gutxienez, lau jokaera desberdin bereiz daitezke kontu honen aurrean. Batzuek (Zuberoako eta Amikuzeko herri batzuetan, adibidez) ez dute eztabadarik bat ere erabiltzen, ezta jende-multzo baten aurrean ere. Beste batzuek ez dute eztabadarik, “non ez den nonbaitekoa jiten” gamartiar baten hitzez azaltzeko; hots, eztabadaka, herritar ez direnekin-eta mintzatzen dira, inoiz mintzatzekotan. Asko, normalean zuka aritzen dira eta anitz jenderi zuzentzerakoan jotzen dute eztabadara (neutrora), baina ez solaskidearen hizkerara plegatzearren. Azkenik, beharbada, kasu bietan (bai jende-saldoari mintzatzeko, bai jende arrotzari mintzateko) eztabadaz baliatzen direnak ditugu.

Esanak esan, EBNn eta Zn zuka alokutiboa berdintsu erabiltzen dela onartuta ere, oro har, badirudi errotuago dagoela zuka zubereran ekialdeko behe-nafarreran baino. Izan ere, zubereran ez dugu adinaren edota eremuen araberako salbuespenik bat ere aurkitu.

Xuka alokutiboa

Xuka alokutiboaren eremuari dagokionez, funtsean gure emaitzak eta Bonaparteren deskribapena bat datoz. Xuka ez da EBNren mugaz harantzago sartzen. Hala ere, gure ikerketaren arabera, Luzaide, Arnegi eta Lasa (MBN) gaineratu behar dizkiogu sartaldetik eta Aiñharbe (Z) sortaldetik.

Aezkoa

Aezkoako kasuan, ez deritzogu Azkuek Bonaparteri egindako zuzenketa batere zuzena edo fidagarria denik. Aezkeran badira zuketa eta xuketa, baina printzeak ongi zehaztu zuenez, ez dira alokutiboak.

Alde formaletik begiratuta, Aezkoako xuketa eta Hazparnekoa parekoak dira eta pragmatikaren ikuspuntutik, ez dago zalantzarik xu «eztabadakakoa» tratamendu berezia dela, ez baita erabiltzen haurrekiko hizkeran bakarrik edo bakanka baliabide adierazkor gisara.

Ondorioak

Bonaparteren euskalkiz euskalkiko eta are eskualdez eskualdeko eremu-zedarriketa funtsean zuzena iruditzen bazaigu ere, lekuan lekuko tratamenduen balio pragmatikoari buruzko adierazpen batzuk nahasgarri gerta daitezkeela deritzogu. Erabileraz beste nonbait sakonago jardungo dugun arren, argi ditzagun Bonaparteren pare bat esaldi nahasgarri.

Printzeak dioenez3, zentzu hertsian zuka alokutiboa zubereraz baizik ez omen da errespetuzkoa. Esaldi hori nola ulertu behar da? Bada, testuinguruaren argitan, adierazpen ilun horrezaz Bonapartek zubereraren eta erronkarieraren arteko aldea azpimarratu nahi duelakoan gaude. Erronkarieraz (eta puntu horretan erronkarierarekin bat egiten zuten Mugerre eta Hiriburuko hizkeretan) zuka alokutiboa eztabada baino beheragoko mailan kokaturik dagoen heinean, kontraesana dirudi zuka errespetuzkoaz hitz egiteak, aldamenean errespetu handiagoko eztabada dagoelako. Hortaz, Bonapartek goiko adierazpenarekin ez du esan nahi EBNzko zuka errespetuzkoa ez denik. Izan ere, gauzak alderantziz dira. Gure emaitzen arabera, ekialdeko behe-nafarrerazko zuka alokutiboa zubererazkoa bezain errespetuzkoa dateke, neurri eta molde bertsuan erabiltzen baitira bata eta bestea. Eztabada, euskalki bietan da noizbehinkako tratamendua edo, hobeki esan, «tratamendurik eza»4, jende-saldoari zuzentzerakoan edota euskaldun kanpotarraren hizkerari jarraitzerakoan erabiltzekoa. Zuka, bietan da errespetuzkoa, apaizarekin eta begirune berezia merezi duten pertsonekin erabiltzen delako. Zentzu horretan, gaude Bonapartek dioenaren —ez esan nahi duenaren— alderantzizkoa ez ote dugun: zubereraz hiketa eta zuka alokutiboa tratamendu bakarrak —noizean behingo eztabadarekin batera— diren heinean eta EBNz aipatutakoez gain bitarteko tratamendu bat gehiago (xuka alokutiboa) duten heinean, ekialdeko behenafarrerazko zuka markatuagoa eta «errespetuzkoagoa» dela esatera ausartuko ginateke. Adibidez, EBNzko zenbait lekutan zuka aitonari edo aitaginarrebari baino ez zaio mintzatzen familia barnean; zubereran, ordea, ez dute zuka besterik senide nagusiago guztiekin aritzeko. Gauzak horrela, zuka alokutiboak eztabada ordezkatzea EBNren bereizgarritzat jotzerakoan («Le traitement respectueux enfin, remplace régulièrement l'indéfini en bas-navarrais oriental, et c'est cela que consiste un des principaux caractères de ce dialecte. Ce n'est que dans certains cas exceptionnels que le traitement indéfini doit y être employé.») urrunegi ez ote doan gaude, ordezkatze berberori zubereraz ere gertatzen delako.

— Egilea: Xabier Alberdi

1 Bonapartek dioenez «Ce n'est pas que dans certains cas exceptionnels que le traitement indéfinie doit y être employé.»
2 “Le traitement respectueux enfin, remplace régulièrement l'indéfini en bas-navarrais oriental, et c'est cela que consiste un des principaux caractères de ce dialecte.” (Bonaparte, 1869: “Quatorzième Tableau Supplémentaire. Verbe Bas-Navarrais Oriental. Indéfini, respectueux et diminutif” delako taulari erantsitako 2. oharra).
3 “Le traitement en zu, lorsque la seconde personne n'entre dans le terminatif ni comme sujet ni comme régime, n'est, pour ainsi dire, respectueux quant au sens, qu'en souletin.” (Bonaparte, 1869: Ibid.).
4 Ik. honetaz Inchauspek (1858ko martxoaren 8ko gutunean) Bonaparteri eman zion azalpena (Irigoyen, 1957: 197-198).

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamenduen hedadura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3