Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:2

Tratamendu-sistemak: mendebaldea/ekialdea

Euskaraz, solaskideari erreferentzia egiteko hautatzen den pertsona-izenordainaren arabera (hi, zu, berori, xu) eta aditz-motaren arabera (alokutiboa edo ez-alokutiboa: da / duk / duzu / duxu), tratamendu bat baino gehiago bereizten ditugu.

Bada, aurreko bi aldagaiak konbinatuz (pertsona-izenordaina -hi, zu, xu, berori- eta adizki alokutiboen erabilera edo erabilerarik eza) sortzen eta esplikatzen dira euskararen tratamenduak:

1. Hitanoa (toka/noka):
a) Hi haiz.
b) Aita joan duk [toka]/ Aita joan dun [noka]

2. Beroriketa:
a) Berori da.
b) Aita joan da

3. Eztabada (neutroa edo tratamendurik eza):
a) Zu zara
b) Aita joan da

4. Zuka alokutiboa:
a) Zu zara
b) Aita joan duzu

5. Xuka alokutiboa:
a) Xu xira
b) Aita joan duxu\\

6. xuketa ez-alokutiboa:
a) Xu xira\\
b) Aita joan da

Konbinazio guztien artetik bi ez dira gauzatu inongo euskaratan: a) hitanoak, nahitaez, alokutiboa behar du alboan (alegia, ez dago Hi haiz / Aita joan da gisako konbinazioak erabiltzen dituen tratamendurik); b) beroriketak ez du alokutiborik onartzen (Berori da / Aita joan da eta ez *Berori da / Aita joan du).

Euskalkiaren arabera, tratamendu-sistema konplexuago edo bakunagoak agertzen zaizkigu (tratamendu bakarrekoak, bi tratamendukoak, hirukoak, laukoak…) eta lekuan lekuko tratamendu-sistemaren arabera zehazten da tratamendu bakoitzaren balio sozio-pragmatikoa: eztabadak, esaterako, balio edo esanahi sozial jakin bat hartuko du tokian-tokian alboan dituen tratamendu-aukeren arabera eta haiekiko aurkakotasunen arabera.

Atal honetan, bereziki, sortaldeko euskalkietako tratamendu-sistema korapilatsuak argitzen saiatuko gara. Besteak beste, tratamenduen alderdi hauek ditugu aztergai:

Tratamendua eta alokutibotasuna
Tratamendu-sistemak: Rebuschi (1984)
Tratamendu-sistemak: ikuspegi formal eta pragmatikoa uztartuz
Tratamendu-sistema nagusiak, erabileraren arabera
Tratamendu-sistemak: ondorio eta laburpen gisa

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamendu-sistemak: mendebaldea/ekialdea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3