Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:2:1

Tratamendua eta alokutibotasuna

Oihartzabalek (1992) dioenez, «solas-maila» eta alokutibotasuna (bigarren pertsonako indizea adizkeran, nahiz eta bigarren pertsona hori, berez, aditzari dagozkion argumentuetariko bat ez izan, hots, nahiz eta perpauseko aktante edo parte-hartzailea ez izan) bi gauza desberdin dira eta horregatik ez da komeni bi terminoak nahaste erabiltzea. Haren hitzez esateko, «adizkera alokutiboa solas mailari lotua agertzen den arren, hartarik bereizi behar da». Hots, berez eta zentzu hertsian, «alokutiboa» ez da solaskideen arteko gizarte-lotura adierazten duen tratamendua, komunztadurazko gertakari gramatikal hutsa baizik. Hau da, lehenbizi tratamendu-hautaketa dago (hi/xu/zu/berori) eta gero, hautaketa horri loturik edo hautaketa horren ondorioz alokutibotasuna—pertsonazko komunztadura bitxia adizkeran— datorke edo ez, tratamenduaren, euskalkiaren eta hizkeraren arabera. «Solas-maila» adigaia pragmatikari lotua ageri zaigu: hiztunen arteko harremanaren nolakotasunarekin (konfiantza, hurbiltasuna…) nahiz gizarte-loturarekin (nagusitasuna, mendekotasuna…) du zerikusia. «Alokutibotasuna», aldiz, gramatikaren mailakoa da, formala, alegia. Bereizkuntza horren beharra azpimarratzeko, argudio hauek ematen dizkigu Oihartzabalek:

a) Hitanoak, nonahi, nahitaez dakar itsatsita bezala aditz alokutiboa; beraz, hor solas-mailari begira garrantzitsuena izenordaina da eta ez alokutibotasuna, alokutiboa erabiltzea zerbait erantsia baita, izenordain-hautuaren ondorio, alegia; ekialdeko euskalki batzuetan gauza bera gertatzen da xu (EBN) eta zu (Z) izenordainekin, haiek nahitaez aditz alokutiboarekin uztartzen baitira.

b) hikako solas-mailan (berdin ekialdeko xuka edo zukakoan) alokutiboekin batera adizkera ez-alokutiboak agertzen dira menpeko perpausetan eta adierazpenezkoak ez direnetan.

Solas-maila eta alokutibotasunaren arteko bereizkuntzaren beharra ukatu gabe, guk geuk uste dugu zenbaitetan alokutibotasuna (baia/eza:+/-) ezaugarri pisudun bihur daitekeela solas-mailak elkarrengandik bereizteko. Azter dezagun auzia hurbilagotik.

Oihartzabal-ek dioenaren arabera, alokutibotasuna gorabehera, soziolinguistikoki edo pragmatikoki, bigarren pertsonako izenordain adina solas-maila dituzkegu euskaraz eta ez gehiago. Honako laurok, gehienez ere: hi-ka, zuka, xu-ka, berori-ka.

Ikuspegi linguistiko formal batetik, bi tasun edo aldagai kontuan izatea interesatzen zaigu. Honako hauek, hain zuzen ere: batetik, bigarren pertsonako izenordaina eta adizkera (hi haiz, zu zara, xu xira, berori/ori da); eta, bestetik, alokutibotasuna (+/-). Bi aldagaiok konbinatuz, teorian egungo euskaran solaskide bakarrari zuzentzeko izan litezkeen «mintzamolde» guztiak sortzen zaizkigu. Beraz, zortzi mintzamolde hauek ditugu teorian:

i._taula_ter.jpg

Bistan denez, posibilitate guztiak ez dira gauzatu eta litezkeen zortzi mintzamoldeetatik sei baino ez dira mamitu euskal hizkeraren batean gaurko eguna arte: hitanoa edo tokanoka, eztabada, zuka alokutiboa, xuketa edo xuka ez-alokutiboa (Aezkoan eta Hazparnen, adibidez), xuka alokutiboa eta beroriketa.

DOMINGO AGUIRREGoragoko taulako lehen eta azken mintzamoldeen laukiak hutsik daude: beroriketa alokutiborik ez da sortu eta ez dugu uste, ezta salbuespen gisa ere, inongo testutan ageri denik 1; hitano ez-alokutiboari (hi haiz-hura da) dagokionez, badira han-hemenka posibilitate horren ale bakan batzuk, besteak beste, Rebuschik (1984:500-501) aipatzen dituenak, Azkuek Euskalerriaren Yakintzan bildutako ipuin bateko esaldi bat (Ongi da, ekarzkik) eta Auñamendiko Lorea, zeinean Txomin Agirrek (geroagoko Garoan ez bezala) tratamendu «berri» hau barra-barra erabiltzen baitu. Gure ustez, kontu honetan bi kasu desberdin bereizi beharra dago: gauza bat da, hikako hizketaldi batean zehar inoiz hiztunari eztabadako (bigarren pertsonaren indizerik gabeko) adizkeraren bat edo beste itzurtzea (lapsus modura ulertu beharrekoa?); besterik da, Auñamendiko Lorearen kasua, non sistematikoki hi haiz-hura da bide berrizaleari eusten zaion. Gaude eleberri horretan Txomin Agirrek Azkueren aurreiritzi linguistikoari jarraitu ez ote dion (Alberdi, 1986a:184-185): alokutiboa, euskal aditzaren irregulartasun askoren eragilea eta nahasgarria datekeelako, begi onez ikusi ez eta horregatik, hiren aldeko jarrera hartu zuen, bai, baina bigarren pertsona argumentalari dagozkion adizkerak soilik onartuz (hi haiz, hik dakik/n…bai, baina hura etorri duk/n, nik zeki(n)at eta antzeko adizkera alokutiborik erabili gabe). Auñamendiko Lorea bere garaiko testuinguruan uler daitekeelakoan gaude: hizkuntza aldarazteko saio ugari egin ziren XIX.aren bukaeran eta XX.aren hasieran2. Hortaz, gure ustetan ale bakan horri eta bere gisakoei ez litzaieke balio ereduzkorik eman behar, idazle zaharrenetatik hasita, euskal literatura-tradizio onenean nekez aurki daitekeelako hitano ez-alokutiboaren aldeko lekukotasunik eta euskal herri guztietako gure lekuko guzti-guztiek aukera hori zalantzarik gabe ukatu digutelako.

Alokutibotasunaren balio soziolinguistikoaz hitz egin ahal izateko, izenordain berberaren gainean eraikitako solas-maila alokutibo eta ez-alokutiboa aurrez aurre (hots, aurkakotasunean goragoko I. taulako 1/2 edo 3/4 edo 5/6 edo 7/8) dituen euskalki-hizkeraren bat aurkitu behar genuke. Horra hor, lehenbiziko galdera: ba ote da halako hizkerarik? Batetik, 1/2 eta 7/8 aurkakotasunak ezinezkoak dira, 2 eta 8 bezalakorik ez dagoelako. Bestetik, 5/6 aurkakotasuna ez da inongo euskalkitan gauzatzen: bata duenik bai (EBN), bestea duenik ere bai (Hazparne, Aezkera), baina ez biak dituenik. Hortaz, 3/4 aurkakotasuna duen euskalkia bilatu beharko genuke.

Demagun Zuberoako herri batzuetan bizirik daudela biak (zuka alokutiboa eta eztabada); galdera da ea zubererazko eztabada zinezko solas-maila edo tratamendutzat har dezakegun ala ez. Eztabada elizan, liburuetan, ahozko nahiz idatzizko literaturan, irratian eta hartzaile jakinik gabekoetan (soilik?) erabiltzen dela kontuan izanik, mintzamolde hori tratamendutzat barik, ez-tratamendutzat hartzera makurtuko ginateke. Hots, gure lekukoen informazioaren arabera, ez dirudi eguneroko harreman pertsonaletan eztabadaz baliatzen direnik. Zubererarena, beraz, ez litzateke agian alokutibotasuna solas-mailari uztartuta aurkezteko arrazoi nahikoa.

EBNz, ordea, badira —gorago azaldu denez— zuka eta eztabada, zein bere zeregin pragmatiko bereziarekin erabiltzen dituzten hiztunak. Halako hiztunak jabetuta daude beren mintzamoldearen berezitasunaz eta, ohartuki, eztabadara lerratzen dira beste eskualdeetakoen mintzairara egokitzearren. Kanpokoekiko erabilera horrek, markatua izanik ere, uste dugu justifika lezakeela solas-maila desberdinez hitz egitea.

Honetaz gain, bada (edo bazen), zuka alokutiboa eta eztabada sistematikoki gizarte-balio desberdinez erabiltzen dituen beste euskalki bat: erronkariera. Euskalki horretan, hitanoaren eta eztabadakako tratamenduaren bitartean kokaturik dago zukako tratamendu alokutiboa; bertan, eztabadaren erabilera ez da, ekialdeko behe-nafarreraz bezala, zerbait ezohiko eta markatua, kortesia edo errespetu pixka bat erakusteko solas-maila guztiz ohiko eta arrunta baizik. Artolak (1991: 251-252) azaltzen duenez, behetik hasita honako lau tratamendu edo solas-maila hauek daude erronkarieraz (Uztarrozekoan, behinik behin):

a) anai-arreben arteko giroan mintzatzean hiketa (xin zia=«etorri zen»); b) konfiantza gutxiagoko jendearekin mintzatzean zuka alokutiboa (xin zunien); c) guraso, aitona-amona, apaizarekin… eztabada (xin zen); d) eta azkenik, Fidela Bernat berriemailearen hitzetan «a un mayor-mayor xín zren òrren ekústra: vinieron a verla a usted», hots, beroriketa.

Ikus daitekeenez, beroriketa errespetu handia agertzeko solas-maila markatua da; eztabada kortesiazkoa da eta hori mendebaldekoentzat izan daitekeen baino neurri handiagoan; zukako tratamendu alokutiboak, ekialdeko hizkera gehienetan ez bezala, lagunarteko hiketaren eta kortesiazko eztabadaren bitarteko zeregina betetzen du, Artolaren lekukoak ongi azaltzen duenez «xin zuntién… es a una como yo, y… a otra que es algo más que yo pero es así; ya ni es de usted ni es de tú, más que… ya otro hablar». Azkuek ere iritzi hori adierazten du erronkariera ikertzean (Azkue, R. M., 1931:241); berak dioenez, zukako solas-maila «familiar» da baina eztabadaren kortesiaz kutsatua («nuzu es familiar, mezclado de cortesía, de naz»)3. Eta Aita Koldo Izagirreren azalpena ere —zuka eta eztabada bereizi ez arren— zentzu berean ulertu behar delakoan gaude:

Yi eta zu erderazko -ren ordez ematen dituzte erri auetan. “Nosotros tenemos dos tú” esaten zuten. Onegatik zuk erran tzu ta yik erran duk biak berdin erderatzen ditut, berak bezela: “tú lo has dicho”. Baiña bien artean aldea badago: zu kanpoko berdinsamar batekin, lengusu batekin edo, erabiltzen omen dute».(Izagirre, 1959:280)

Gauzak horrela, erronkarieraz garbiro eta ekialdeko behe-nafarreraz izaera markatuaz, berez solas-maila bakarra zenaren —zukako tratamenduaren— bikoiztea ageri zaigu alokutibotasunaren arabera. Kasu biotan, gainera, alokutiboari «beheko maila» eta ez-alokutiboari «goiko maila» eratxiki zaio eta ez alderantziz. Joera horrelakoa dela ikusita, alokutibotasunari halako hurbiltasun- edo lagunartekotasun-kutsua datxekiola, edo behinik behin, halako konnotazioak erantsi zaizkiola pentsa daiteke (Rebuschi, 1984: 516, 539). Joera hori guztiz logikoa da eta bat dator teoria linguistikoaren aurrikuspenekin: bigarren pertsonaren indizeak edo komunztadurak aditzetan hiztunen arteko hurbiltasuna azpimarratzen du behin eta berriz. Bestalde, «zu zara-hura da» mintzamoldea elkarrizketan erabiltzen ez duten hizkeretan (zubereraz, esaterako) zentzu hertsian nekez esan dezakegu tratamendu edo solas-maila hori daukatela; halakoetan badago eztabadakako aditza, baina ez eztabadakako benetako solasmailarik edo tratamendurik. Halako hizkeretan zukako alokutiboa elkarrizketako mintzamoldea da; eta eztabadak batez ere goiko zereginak betetzen ditu, hots, elkarrizketaz landakoak (irratian, elizan, literaturan eta hizkuntza idatzian oro har) edo «ez-tratamenduarenak»; hots, erabilera goitar-jasook ere eztabada goiko solas-mailatzat hartzearen alde eragiten dute gure ustez.

Hain zuzen ere, alokutiboaren izaera elkarrizketatuari zor zaizkio gure artean hainbestetan gertatu diren terminologiazko eta taxonomiazko nahasteak. Bonapartek, esaterako, zukako alokutiboari «respectueux» deritzo eta eztabadakakoari «indéfini»; Azkuek bere Morfología Vasca (§ 836, § 837) idatzi zuenean besterik uste zuen: «Entre vascos orientales, que no conocen esas mercedes [mendebaldeko beroriketaz], es más respetuoso decir gu xinen gira “nosotros vendremos”, que gu xinen gituzu “nosotros vendremos”. Lo último, más que respeto, indica confianza, cariño, familiaridad.» Dena den, uste dugu auzi honen gakoa euskalki-mailako tratamenduen taxonomia desberdinean dagokeela: Azkuek arrazoi du erronkariera bezalako euskalki bati bagagozkio eta Bonapartek beste hainbeste Zubereraz ari bagara. Horregatik dio Bonapartek,

  • «Le traitement en zu, lorsque la seconde personne n'entre dans le terminatif ni comme sujet ni comme régime, n'est, pour ainsi dire, respectueux quant au sens, qu'en souletin.»

Eta jarraian, eztabadako mintzamoldea zukakoa baino goragoko solas-mailatzat, errespetuzkoagotzat duten erronkariera eta Mugerre4 eta Hiriburuko kasuak aipatzen ditu:

:«A Mougerre, et surtout à Saint-Pierre-d'Irube, localités appartenant au sous-dialecte bas-navarrais oriental du Labourd, on se sert de l'indéfini quand on parle en genéral, et moins souvent du respectueux que de l'indéfini lorsque on s'adresse à un superieur. En roncalais, le traitement en zu s'emploie entre égaux, tandis que l'indéfini y est en usage, non seulement quand on parle en général, ainsi que cela a lieu en souletin, mais aussi d'inférieur à superieur.»

Beraz, Bonapartek ekialdeko tratamenduez diharduela zubererazko erabileraz dioena, alegia, zuka alokutiboak errespetuzko balioa euskalki horretan soilik duelakoa, Erronkariko kasuari kontrajarriz ulertu beharra dago; izan ere, zuberera eta EBN oro har bat datoz, EBNzko zuka alokutiboa Zuberoakoa bezain errespetuzkoa edo errespetuzkoagoa delako (Gamarten edo Ostibarren, esaterako).

Ondorio gisa honako hau esango dugu: onarturik ere, Oihartzabalekin batean, alokutibotasuna funtsean gertakari gramatikal edo formala dela eta besterik gabe solas-mailatzat hartzerik ez dagoela, uste dugu hizkera batzuetan (erronkarieraz eta EBNzko eskualde batzuetan) ezaugarri gramatikal horren agerpena edo agerpenik eza bereizgarri edo pisudun izan daitekeela solas-maila edo gizarte-tratamenduak elkarrengandik bereizteko (zu-kako tratamendu alokutiboa / zu-kako ez-alokutiboa = eztabada). Ondorioz, solas-maila edo tratamenduen berri ematerakoan kontuan hartu beharreko ezaugarria dela deritzogu.

— Egilea: Xabier Alberdi

1 Gorago ikusitako P.J. Samper zaraitzuarraren (supra VI.2) tratamendu berria (Zure Altezak etzu motivoric…) ez da teorian espero genezakeen berorikako alokutiboa (*berori da-hura du), beroriketa eta zuka batuz sorturiko tratamendu nahasia baizik.
2 Giro horretaz, honako hauek ikus daitezke, besteak beste: Villasante 1988 (39-53), Alberdi 1986a (177 eta hurr.), Alberdi 1989, Laka 1986a, Laka 19866, Laka 1986c.2
3 K. Artolari gehiegizkoa iruditzen zaio erronkarierazko zuka alokutiboari «familiar» deitzea; dena den, mintzamolde horrek lagunarteko eta kortesiazkoaren bitarteko eginkizuna duen heinean eta, beraz, bietatik zerbait duen heinean, ez da erraza izendapen egokia bilatzea tratamenduen ohiko deituren artean.
4 Aitortu beharra daukagu gure Mugerreko lekukoek ez dutela eztabada hartzen zukakoa baino errespetu handiagoko solas-maila berezitzat. Bertan, adinaren arabera, mintzamolde bat (eztabada, gazteek) edo bestea (zuka, adinekoek) erabiltzen dute errespetu bera adierazteko.

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamendua eta alokutibotasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3