Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:2:2

Tratamendu-sistemak: Rebuschi (1984)

Rebuschik (1984: 531) tratamendu-sistemen berri eta haien arteko parekotasunen berri (“ce n'est qu'une construction abstraite, qui permet simplement d'établir des correspondances interdialectales objectives, utiles par exemple à la traduction ou à la adaptation d'un locuteur à un nouveau milieu géographique et humain”, ibid. 535) eman nahi duen honako taula hau proposatzen du (moldatuta ematen dugu taula: lehenbizi, tratamenduak; eta, ondoren, “tipoak” edo tipologia):

taula_ii_pagina_1.jpgtaula_ii_pagina_2_berriz.jpg

Rebuschik taula horren bidez eman nahi duena ez da euskalkiz euskalkiko jokamolde guztien deskribapen zehatz-zehatza, dialektozko posibilitate abstraktu nagusien irudikapena baizik; hau da, “tipo” edo sistemak zeintzuk diren argitu nahi du goiko irudiaren bidez. Lapurtera jartzen du “A” tipoaren ordezkaritzat. Bizkaiera-gipuzkera ematen ditu “B” tipoaren erakusgarritzat; behenafarrera litzateke “C” tipoaren eredua; eta –Lafonek utzitako informazioaren arabera- Santa-Grazikoaren moduko zuberera, “D” tipoarena. Rebuschik dioenez, taulako lau tipo nagusietara (“A”, “B”, “C”, “D”) bil daitezke euskalki, azpieuskalki eta hizkera guztiak: bizkaiera-, gipuzkera- eta goi nafarrera-mota batzuetan, lapurteraz bezala, “A” tipoaren arabera jokatzen da beroriketa galdu delako; Santa-Grazikoa ez bezalako zubererak, hots, eztabada ere badutenak, “C” eredura bil litezke behe-nafarrerarekin batean; eta, azkenik, beroriketa duten goi-nafarrerak “B” tipora biltzen dira.

Ikus daitekeenez, goiko taulako tipo edo sistema konplexuenak (“B” eta “C”) gehienez ere hiru solas-maila edo tratamendu besterik ez ditu. Zuka eta xuka alokutiboak batera inongo euskalkitan (behe-nafarreraz oro har) gertatzen ez direlako hipotesian oinarrituta, biak maila berean jartzen ditu: bata edo bestea gerta daiteke, baina ez biak batera; ondorioz, zukari nahiz xukari maila berbera legokioke, hots, bitarteko maila kortesiazkoa. Honaino Rebuschiren proposamena.

Orain, euskalki eta hizkera guztiak kontuan izanik, ikus ditzagun, hizkera hizkera, gure inkestagintzaren eta informazioaren arabera kontuan hartu beharreko datu guztiak (ikus III. taula).

taula_iii_pagina_1.jpgtaula_iii_pagina_2.jpgtaula_iii_pagina_3.jpg

Rebuschiren “A”, “B” eta “D” tipoak bat datoz gure datuekin eta ez dugu ikusten, oro har, inolako eragozpenik hirurak bereN horretan onartzeko. Ez dugu uste, hala ere, “C” tipoko zubererarik dagoenik, gure lekukoen arabera ez baita elkarrizketa-tankerako jardunetan (eliza, irrati, literatura eta halako salbuespenak alde batera utzita) zu zira-hura da gisako tratamendu edo solas-mailarik. Horrekin ez dugu esan nahi eztabadako aditza ager ezin daitekeenik, jende-saldoari zuzentzerakoan, esaterako; baina azken hori ez da aski hirugarren tratamendu edo solas-maila batez hitz egin ahal izateko, halakoetan eztabadako aditza, pluralean euskalki guztietan gertatzen den tratamenduen neutralizazioari zor zaiolako (singularreko hi/zu/xu hirukoteari zuek bakarra dagokio pluralean).

Hirugarren tipoa (“C”), ordea, ez zaigu egokia iruditzen EBN osoaren berri emateko. Ekialdeko behe-nafarreran errealitate guztiz nahasia aurkitzen dugu tratamenduen erabilerari dagokionez. Nahastea, noski, ez dago hainbeste tokian tokiko usadio berezi bakoitzean, usadio-aniztasunean eta haren azpian batasuna bilatzeko ahaleginean baizik. Euskalki mailako egoeraz egin daitezkeen baieztapen gehienek orokorregiak izateko arriskua dute, esan nahi baita tokian tokiko erabileratik urrun gelditzeko arriskua dutela. Xehetasunetara joz gero, eskualde bakoitzak eta are herri bakoitzak ere bere berezitasunak dituela jabetzen gara. Areago, tokian tokiko errealitate berezi hori ez da egonkorra inola ere, biziki aldakorra baizik. Hala, herri berekoak izanik ere, hiztun edo berriemaileen arabera desberdintasun garrantzitsuak atzeman daitezke. Oro har, tratamendu¬aniztasun handia bakuntzeko joera sumatzen da gazteen artean.

Teorian, beste inongo euskara bizitan baino tratamendu gehiago ditu eskura behe-nafarreraz mintzatzen den hiztunak; beraz, ez da harritzekoa kanpotarrari ilun eta nahasi samarra iruditzea tratamendu-hautaketa. Izan ere, ekialdeko behe-nafarreran, toketa/noketa eta eztabadaz gain, badira, izan, bi tratamendu gehiago, xuka eta zuka alokutiboak, hain zuzen. Hortaz, teorian lau tratamendu ditu aukeran ekialdeko behe-nafarreraz mintzo den hiztunak, eta aniztasun hori korapilatua begitantzen zaio kanpoko euskaldunari. “Teorian” esan dugu behin eta berriz, zeren izatez tratamendu-andana hori (toketa/noketa, eztabada, zuka eta xuka tratamenduez osatua, alegia) ez da ekialdeko behe-nafarreraz mintzatzen den eskualde edo hizkera guztietakoa, ezta sistema laukoitza erabiltzen den herrietako hiztun guztiena ere. Tratamendu-sorta laukoitz hori aukeran duten eskualdeen aldamenean, badira zukarik gabeko (Donibane-Garazi eta inguruak: toka/noka, eztabadaka eta xuka) edo xukarik gabeko sistemen jabe direnak (Amikuze: toka/noka eta zuka) eta baita xukak noketa ordezkatu dueneko edo ordezkatzeko bidean dagoen sistema hirukoitzaren jabe direnak ere (Garaziko eskualdean herri asko eta Arbelan hiztun ugari: toka/noka, xuka eta eztabadaka). Beraz, eskualdearen eta herriaren arabera, bi, hiru eta are lau solas-mailako sistemak aurki daitezke ekialdeko Nafarroa Beherean gaindi, nahiz eta hizkuntza ekonomiagatik eremu eta jendarte gero eta zabalagoetan tratamendu-sistema gero eta bakunagoak hedatzen ari diren.

Ondorioz, “C” tipoa ez zaigu iruditzen zuzena zenbait arrazoirengatik: lehenik, EBN batzuetan (Ostibarre, Gamarte, Bardoze, Beskoitze, Mugerre, Urketa … ) egin, egiten den zuka (+alok.)/xuka (+alok.) bereizketa edo aurkakotasuna jasotzen ez duelako eta ondorioz, EBNri sistema laukoitzaren posibilitatea ukatzen diolako; bigarrenik, euskalki honetako eztabadari omen dagozkion tokia eta zeregina (“urruntasuna”) zehazki zein izan daitezkeen argi ikusten ez delako. Azter ditzagun korapilatuak diren bi puntuok.

Guk EBN-3 eta EBN-4 deiturikoetan, hiketa, xuka eta zuka dira solas-maila nagusiak eta hiru horiei eztabadaren aukera gaineratu behar zaie kanpotarrekiko harremanen kasurako besterik ez bada ere (salbuespen gisa, beraz; hain zuzen ere, horregatik adierazi da parentesi artean, haren izaera markatua adierazteko). Rebuschik EBNrentzat hipotesi gisa aurkezten duen sistema laukoitzaren aukera (1984:541-542), ez da balizko zerbait, errealitate hutsa baizik, hori bai, eskualde, herri eta hiztun batzuen esparrura mugatua. Halako hizkera batean joera mimetikoa da eztabadaren zergatia eta haren zeregina guztiz berezia. Onar daiteke ezohiko tratamendu hori (eztabada) hiztunen arteko “urruntasuna” edo “haustura” adieraztekoa dela? Agian, bai, baina “mintzaira edo euskalkizko urruntasunaren” zentzuan edo hermetismo linguistikoaren zentzuan bakarrik: hiztuna jakitun dago bere mintzaira bitxi gertatuko zaiola arrotzari eta horregatik bestearen mintzamolde neutrora jotzen du berea ezkutatuz. Azken hori, eztabadaren atzean ezkutatzen den “urruntasun” berezi-berezia dugu, aski ezohiko eta markatua, Arbelakoarekin eta Garazikoarekin, hots, kortesia edota errespetuarekin zerikusirik ez duena. Joera mimetiko hori zubereraz ere badagoela baieztatuko balitz, zubererarentzat ere sistema hirukoitzaren aukera onartu behar genuke, ohiko hiketaz eta zuka alokutiboaz osaturiko sistema bikoitzaren parean.

Eztabadakako solas-mailaren zeregina guztiz bestelakoa da Arbelako herrietan, eskualde horretan kortesiari eta sexuari lotua baitago: emazteak senarrari (batzuetan baita alderantziz ere), aitari (semeak batik bat), aitonari, osabari, izebari (mutilak), aitagin-amaginarrebaren eta suhi-errainen artean, koinatuari (koinatak), nagusiari, irakasleari, emakumeak gizonari oro har (lankideari eta are adiskideari ere), ezezagunari, gizon gazteak zaharragoari … Gizonezkoari hiketa eta eztabada tratamenduak ematen zaizkio, baina nekez xukarik. Xuka, aldiz, emakumezkoari zuzentzen zaio gehienbat: erruz, beraz, xuka simetrikoa emakumeen artean; eta ugari xuka/eztabada edo xuka/toketa asimetriak sexu desberdinekoen artean, baldin eta emakumea guztiz ezezaguna eta askoz zaharragoa ez bada; emakume ezezagunen artean ere daitekeena da eztabada agertzea.

Ageri denez, hizkera horretan eztabada bi gauzaren seinale izan daiteke: gizonezkoari zuzentzerakoan, konfiantzarik ezaren edo mendekotasunaren seinale; eta emakumezkoari zuzentzerakoan, batez ere konfiantzarik ezaren seinale, adinezko asimetria askoz ere gutxiago kodetzen delako (nahiz eta adin-desberdintasun handia izan, xuka simetrikoa gailentzen da emakume ezagunen artean, familian, esaterako). Gauzak horrela, Arbelako hizkerari bagagozkio, ez dugu uste errealitatea eta Rebuschiren “C” tipoa bat datozenik. Alde batetik, hizkera horretako eztabada eta mendebaldekoa (Rebuschiren “A” edo B“ tipoetakoa) pragmatikaren ikuspegitik nahiko parekoak eta, ondorioz, biak “kortesiazkotzat” har daitezkeela deritzogu. Beste alde batetik, EBN-klase horretan xukak noketaren espazioa bereganatu duela kontuan harturik, gure ustez ez dohazkio oso ongi “kortesiazkoa” deitura eta sailkapena: xuka bitarteko tratamendua da, goiko (“kortesia”) eta beheko (lagunartekoa) funtzioak betetzen dituena.

Donibane-Garazi inguruan Arbelan bezalatsu banatuta daude tratamenduak: toketa/noketa (galduz doa azken hori), xuka eta eztabada. Baina hizkera honetan xukak eremu oraindik zabalagoa bereganatuta dauka eta ondorioz eztabadak zeregin murritzagoa du, hau da, Arbelan baino bakanago azaltzen da, markatuagoa da eztabada. Familiaren esparruan ez dago eztabadarik, hiketa (toketa batik bat) eta xuka besterik ez baita eta -Arbelan ez bezala- xuka da tratamendu ohikoa senide nagusi gizonezkoei zuzentzeko: aitari, osabari, aitonari… Are gehiago, familiatik kanpo ere -Arbelan ez bezala- emakumeak xuka egin diezaioke bere adineko gizonari eta gizonak berak ere elkar ezagutu ezean xuka arituko dira elkarrekin; orobat, gizon bat bere adiskide biziki zaharragoari ere xuka mintzatzen zaio. Beraz, eztabada batez ere kasu berezi batzuetan eta egoera formaletan ager daiteke, hala nola, langilearen eta nagusiaren artean, guraso eta irakasleen artean, guztiz ezezagunen artean, etxekoandrearen eta neskamearen artean, Jainkoarekin… Donibane-Garazi inguruko hizkeran xuka benetako tratamendu kortesiazkoa da eta eztabada tratamendu markatua, ezohikoa, “errespetua edo urruntasuna” adieraztekoa.

Beraz, laburbilduta, esan dezakegu tratamenduari begira EBNren barruan honako lau eskualde eta hizkera hauek bereizi behar direla:

a) Amikuze eskualdeko hizkera (Ostibarre kenduta),
b) Arbelakoa,
c1) Batetik, Donibane-Garazi ingurukoa (zukarik gabea).
c2) Eta bestetik, Garazi eskualdearen iparraldekoa (Gamarte…) eta Ostibarrekoa (zukaduna).
d) Lapurdiko EBN (Mugerre, Beskoitze, Urketa, Bardoze).

Amikuzen (a) ez dago hitano eta zuka alokutibo besterik (Rebuschiren “D” tipoa, beraz). Arbelan (b) toketa/noketa (azken hori atzeraka, xukaren erasoaldiaren ondorioz), xuka eta eztabada bereizten dira: eztabada kortesiazkoa eta xuka erdi lagunartekoa erdi kortesiazkoa. Donibane-Garazi inguruan (c1), orobat, toka/noka (azken hori galtzeko zorian, xukaren erasopean), xuka eta eztabada bereizten dira, baina xuka han, Arbelan ez bezala, tratamendu kortesiazko ia-ia neutroa dugu; eztabada “errespetua” adieraztekoa, ezohiko eta markatua da. Garaziko gainerako herrietan (c2), xukak eremu berdintsua du, baina eztabadaren ordez zuka erabiltzen da errespetuzko tratamendu gisa. Azkenik (d), xuka/zuka aurkakotasuna duten Lapurdiko EBNzko herrietan (Mugerre, Beskoitze…), funtsean Arbelakoen antzera aritzen dira, baina eztabadaren lekuan zuka alokutiboaz baliatzen direla kortesia adierazteko. Aipatutakoez gainera, “c2” eta “d” eremuetan eztabadakako laugarren tratamendu bat ere badute eskura kanpotarrekiko harremanetarako.

Rebuschiren “C” tipoko eztabadari dagokion “urruntasuna” zein eratakoa da edo zein zentzutan ulertu behar da? Urruntasun linguistikoaren zentzuan (“c2”, “d”…)? Kortesiaren zentzuan Arbelan bezala (b)? Errespetuzko urruntasunaren zentzuan Donibane-Garazin bezala (c1) … ? Gure ustez ez dago “C” tipoaz EBN osoaren berri ematerik eta edozein kasutan ere, EBN-klase jakin batez ari garela onartzekotan, hirugarren tratamenduari eratxikitako “urruntasunezko” balioa nola ulertzen dugun zehaztu behar genuke.

Orain arte esandako guztiak hiru galdera iradokitzen dizkigu:

a) aski dira Rebuschiren lau tipoak euskal tratamendu-sistema eta azpisistema guztien berri emateko?
b) zein da euskalkiz euskalki tratamendu bakoitzak hartzen duen gizarte-balioa?
c) zeintzuk dira euskalkietako tratamenduen arteko parekotasun edo kidetasunak? (Rebuschik goragoko II. TAULAren bidez bilatzen duena, hain zuzen: “ce n'est qu'une construction abstraite, qui permet simplement d'établir des correspondances interdialectales objectives, utiles par exemple à la traduction ou à la adaptation d'un locuteur à un nouveau milieu géographique et humain”, Rebuschi, 1984:535).

Hurrengo ataletan saiatuko gara erantzuten hiru galdera horiei.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamendu-sistemak: Rebuschi (1984)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3