Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:2:3

Tratamendu-sistemak: ikuspegi formala eta pragmatikoa uztartuz

Orain arte esandako guztiak hiru galdera iradokitzen dizkigu: a) aski dira Rebuschiren lau tipoak euskal tratamendu-sistema eta azpisistema guztien berri emateko? b) zein da euskalkiz euskalki tratamendu bakoitzak hartzen duen gizarte-balioa? c) zeintzuk dira euskalkietako tratamenduen arteko parekotasun edo kidetasunak? (Rebuschik goiko II. taularen bidez bilatzen duena, hain zuzen: «ce n'est qu'une construction abstraite, qui permet simplement d'établir des correspondances interdialectales objectives, utiles par exemple à la traduction ou à la adaptation d'un locuteur à un nouveau milieu géographique et humain», Rebuschi, 1984:535). Hiru galdera horiei erantzuten saiatuko gara hurrengo ataletan.

Lehen galderari dagokionez, aezkeraren, zaraitzueraren eta erronkarieraren berri eman nahi badugu, bistan da tipo gehiagoren beharra; are gehiago, EBNz salbuespen gisa lau solas-mailako tipoa (toka-noka, xuka, zuka eta eztabada) egon daitekeela onartuta ere, ikuspegi soziolinguistiko edo pragmatikotik ez dago tipo hirukoitz (toka-noka, xuka/zuka, eztabada) nagusi eta bakun batez hitz egiterik.

Gure ustez, auzi honetan ikuspegia erabakigarria da eta gutxienez badira bi modu tratamenduen gaia aztertzeko. Ikuspegi formaletik goiko taulako bederatzi sistema eta azpisistemak genituzke euskaraz. Baina gure ikerketan erabilerak formak adinako garrantzia du eta horregatik azpiko taularen bidez ikuspegi formal eta soziolinguistikoa uztarturik euskal tratamendu-sistema eta azpisistema garrantzitsuenen berri eman nahi dugu.

iv.taula_iker9_tratamendu-sistemak.jpg

IV. taulan zutabe bakoitzaren bidez tratamenduen «continuum» edo alor osoa adierazi nahi da. Euskalkiz euskalki eta hizkeraz hizkera alor hori era askotara zatituta ager daiteke eta hori ispilatzeko, hots, tratamenduen alorraren zatitze dialektal desberdina ispilatzeko, euskalki bakoitzeko solas-maila bakoitzari tarte luze edo laburragoa eman diogu hizkera horretan tratamenduak bereganatzen duen gizarte-eremu zabal edo meharragoaren arabera. Esate baterako, tipo guztietan, baina batez ere «A» eta «B» tipoetan, hitanoari tarte txikia eskaini zaio eztabadaren aldean tratamendu markatua delako; gisa berean jokatu dugu gainerako tratamenduekin. Bestalde, azkenengo lerroan eta bereiz, urruntasun linguistikoaren ondorioz, joera mimetikoaren ondorioz edo bestelako arrazoiengatik euskalki batzuetan («E», «G», «I» eta «J»? zutabeak) gerta daitekeen «zuka alokutiboa —> eztabada» aldaketaren berri emateko «eztabada urruntasunezkoa edo mimetikoa» deritzoguna sartu dugu; dena den, azpimarratu beharra dago kanpotarrekiko eztabada berezi eta ezohiko hori tratamendu markatu-markatua dugula.

Rebuschiri jarraituz (Euskaltzaindia, 1987:390), zutabe bakoitza zatituta ageri den maila bakoitzari, bereganatzen duen gizarte-eremuaren arabera, honako deitura adierazgarri hauetako bat eman diogu: lagunartekoa, bitartekoa, kortesiazkoa, errespetuzkoa eta «urruntasunezkoa». Edozein modutan ere, azpimarratu nahi dugu ez dagoela deitura edo izendapen egoki edo ez hain egokian korapiloaren giltza, maila bakoitzaren «luze-laburrean» baizik. Azken batean, solas-maila jakin bat era batera edo bestera bataiatzeagatik ez da erabilera argitzen, ezta iluntzen ere, behin baino gehiagotan izendapen erdi arbitrario eta erdi esanguratsuok arriskutsu eta nahasgarri gerta daitezke eta. Esate baterako, «F», «G», «H» eta «I» sailetako xuka (6/7) sexuaren arabera (emakumeekin) erabiltzen den neurrian, tentatuak gara halako tratamendu bati «kortesiazkoa» deitzera; baina deitura hori emanez, ilundu egiten dugu xukaren errealitatea, xukaren erabilerak zerikusirik gutxi duelako «A» eta «B» sailetako «kortesiarekin».

Gure «A» (L, MBN), «B» (B, G, GN) eta «J» (Z) sailetan ez dago aldakuntzarik Rebuschiren tipologiaren aldean. Gainerakoetan, ostera, bada berrikuntzarik. Ikus ditzagun banan-banan.

Lapurteraz eta mendebaldeko behe-nafarreraz bi tratamendu besterik ez dago: lagunartekoa eta markatua den hiketa eta neutrotzat jo daitekeen eztabada. Bizkaiera, gipuzkera eta goi-nafarreraz teorian hiru tratamendu bereizten dira: markatutzat jo daitezkeen lagunarteko hiketa eta errespetuzko beroriketa, eta kortesiazko eztabada; hiru euskalkiotan beroriketa galzorian dagoela kontuan izanik, praktikan «A» tipoaren bidez eman liteke mendebaldeko euskararen berri. Bestalde, hitanoa eztabadaren aldean markatua den era berean, lagunarteko tratamenduan noketa markatutzat jo daiteke toketaren aldean; horrek guztiak esan nahi du galtzekotan, solas-maila markatuek dutela galtzeko edota atzera egiteko arriskua. Beraz, oro har sistema bikoitz edo hirukoitza onartuta ere, mendebalde osoan (L, MBN, B, G, GN) eztabadako tratamendu bakarraz edota noketarik gabeko sistema bikoitzaz (toketa/eztabada) baliatzen diren hiztunak anitz direla gaineratu beharra dago.

Aezkerari dagokion «C» sailean galdutzat jotzen dugu beroriketa egungo erabileran (ik. Camino, 1995:509) eta funtsean hiru solas-maila hauek bereizten dituzte1: lagunarteko hiketa, sexuaren edota herriaren arabera bitartekotzat edo kortesiazkotzat jo dezakegun xuketa ez-alokutiboa eta errespetuzko kutsua hartzen duen eztabada. Euskalkia gorde dutenen artean ondo eutsi zaio toketa-noketari lagunarteko giroan baina ez hainbeste familian, hortik kanpora emakumeen artean eta familian xuketa (ez-alokutiboa) da ohiko tratamendua eta eztabada erabiltzekotan begirunea zor zaion jendearekin (askoz zaharragoekin, aitona-amonekin, apaizarekin, nagusiarekin, maisuarekin, kanpokoekin) erabiltzen dute. Familian xuketak tokia kentzen dio hitanoari (noketari, batik bat, baina baita toketari ere) eta horregatik jarri dugu hitanoaren maila mendebaldeko euskalkietan baino gorago; hitanoaren marra gorago jarriz, xukak hitanoari eremu-zati bat kentzen diola adierazi nahi da.

«D» zutabea Donibane-Garazi inguruari dagokio (Donibane-Garazi, Uharte-Garazi, Aizpura, Lasa, Arnegi, Luzaide). Hi, xu eta zu izenordainez baliatzen dira hiru solas-maila bereizteko: lagunarteko hiketa, xu neutro edo kortesiazkoa eta eztabada errespetuzkoa. Donibane-Garaziko xu izenordainari dagokion tratamendua alokutiboa da eta Aezkoakoa ez. Solas-mailari gagozkiola, Aezkoako eztabada eta Donibane-Garazikoa gutxi gorabehera berdintsuak dira; xukak, ostera, gizarte-eremu zabalagoa du Garazin Aezkoan baino (xehetasunetarako ik. Camino, 1995: 509-516).

«E» saila xuka/zuka alokutiboak gordetzen dituzten Garaziko eskualdearen iparraldeari (Gamarte…) eta Ostibarreri (Donaixti-Ibarre…) dagokie. Ikus daitekeenez, Donibane-Garazi inguruko sistemaren pare-parekoa da, formazko desberdintasun batez, hala ere: Donibane-Garazi inguruan zuka alokutiboaren lekuan eztabada nagusitu da; Garazi eskualdeko beste herri batzuetan, berriz, zuka alokutiboari eusten zaio oraindik ere. Nolanahi ere den, alde hori gorabehera, pragmatikaz nahiko kidekoak ditugu Garaziko hizkera biak («D» eta «E») eta erabilerazko alde bakarra «E» tipoko «eztabada urruntasunezkoaren » posibilitatean legoke. Gainerakoan, Garaziko eremuan halako batasuna dagoela esan daiteke: noketa batez ere eta toketa bera ere atzeraka dabiltza familian xukaren oldarraren pean, xuka alokutiboa barra-barra erabiltzen da tratamendu neutro edo kortesiazkoa izateraino eta eztabada/zuka tratamenduak normalean begirunea adierazteko (oso zaharrei edo guztiz ezezagunei, esaterako) edota testuinguru formaletarako (langile/nagusi, guraso/irakasle…) gordetzen dira. Horrek esan nahi du Garaziko eremuan xuka indartsuen dabilela eta ez dagoela hala mintzatzen ez dakien hiztunik; badira, ordea, toka aritzen ez direnak eta, zer esanik ez, noka ez dakitenak.

«F» saila Arberoako EBNri dagokio eta bertan Donibane-Garazi inguruko («D» saila) tratamendu berberak erabiltzen diren arren (hiketa/xuka/eztabada), erabileraz ezin dira parekatu solas-mailak. Arberoan xuka zerbait sartzen da mendebaldeko euskalkietako («A» eta «B») hiketa eta eztabadaren lekuan, baina edozein kasutan, Garaziko eskualdean baino biziki gutxiago. Batez ere noketaren lekuan sartzen da, baina ez —ez behintzat Garazin bezainbeste— familiako toketaren lekuan. Xuka oroz gain sexuaren arabera baliatzen da Arberoako herrietan, hots, nekez ematen zaio gizonari. Eztabadak bizitza aski zabala du eta ondorioz, Garazin ez bezala, ezin eman diezaiokegu errespetuzko balio goren eta markatua. Gauzak horrela, xukari bitarteko tokiaren araberako balioa dagokio, bietatik, lagunartekotik eta kortesiazkotik zerbait badu eta. Gainera, hizkera honetan badira, noski, hutsuneak sistema hirukoitzari buruz: ugari dira noketarik gabeko sistema hirukoitzaz (toketa/xuka/eztabada) baliatzen diren hiztunak eta ez dira falta hitanorik gabeko sistema bikoitzaz (xuka, eztabada) baliatzen direnak ere, batez ere nesken artean.

«G» tipoa Lapurdiko EBNri (Mugerre, Beskoitze, Urketa), Bardozeri eta Zuberoako Aiñharberi dagokie eta aurrekoarekin duen desberdintasun nagusia kortesiazko zuka alokutiboa da eta horren ondorioz eztabada «urruntasunezkoa» edo mimetikoaren aukera. Han ere, hutsarterik egotekotan, lagunarteko solas-mailari dagokio hutsunea (noketari toketari baino aiseago).

Tratamenduari dagokionez, Hazparneko euskarak («H») Arberoakoarekin duen alde nagusia xukako solas-mailaren alokutibotasunik eza dateke. Gainerakoan ez dago desberdintasun funtsezkorik; xuka hizkera bietan sexuaren arabera erabiltzen da eta bitarteko tokia betetzen du. Hazparneko hizkeran ere, daitekeena da lagunarteko solas-mailaren laukia (batez ere noketarena) hutsik egotea.

«I» tipoa zaraitzuerari dagokio eta gure lekukoaren arabera, Lapurdiko EBNren («G» tipoaren) antzekoa litzateke. Zaraitzun (Otsagin), Aezkoan bezalatsu, beroriketaren galera burututzat jo daiteke, 76 urteko Teofilo Eseberri gure lekukoak haren aditzerik edo gogorapenik ere ez baitzuen. Dena den, oraingoz zaraitzuerarentzat ematen dugun sistemaren egituraketa badaezpadakotzat jotzen dugu; gaude datu eta lekukotasun egokiago eta ugariagoek «E» (Garaziko eskualdearen iparraldea eta Ostibarre) tipoarekin parekatzera eramango ote gintuzketen.

«J» zutabea zubererari eta Amikuzeko EBNri dagokio eta funtsezko bi solas-maila bereizten ditu: hiketa eta zuka alokutiboa. Erabilerari bagagozkio zubererazko zuka alokutiboa eta mendebaldeko euskalkietako eztabada erabat parekoak dira. Gure lekukoek ez digute baieztatu eztabada mimetikoaren posibilitatea, Nafarroa Beherean ez bezala, zuberotar guztiak zuka mintzatu zaizkigulako; nolanahi ere, litekeena da hirugarren aukera hori inoiz gauzatzea (galde-ikurrak zalantza hori adierazten du). Maiz lagunarteko noketaren hutsunea gertatzen da eta oso bakan toketarena.

Azkenik, erronkarierari dagokion «K» tipoa dugu, aurrekoak ez bezalakoa. Euskalki horretan hitanoari lagunarteko maila dagokio, zuka alokutiboari bitarteko balioa (lagunartekotasun leundua edo nahi bada, kortesia ahuldua), eztabadari kortesiazkoa eta beroriketari errespetuzko maila. EBN batzuetan (EBN-3, EBN- 4) ez bezala, eztabada tratamendu ohikoa denez eta zuka alokutiboaren aurrez aurre dagoenez, ez dago «eztabada mimetikoa» deitu dugunarentzako lekurik.

— Egilea: Xabier Alberdi

1 Hemengo iruzkinak Abaurregainean bildutako datuen ondorio dira, ondorio «arinegiak» beharbada, lekukotasun gutxi batzuk baititugu euskarri. Herri, adin, sexu eta bestelako aldagaien araberako xehetasunetarako, ik. Camino 1995.

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamendu-sistemak: ikuspegi formala eta pragmatikoa uztartuz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3