Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:2:4

Tratamendu-sistema nagusiak erabileraren arabera

Forma (alokutibotasuna bai ala ez) alde batera utzi eta erabilerari lotzen bagatzaizkio, ez dago hainbeste tiporen beharrik euskal tratamendu sistema nagusien berri emateko. Horretarako, alde batetik, baztertu egingo dugu berorikako tratamenduaren aukera gaurko aezkerarentzat eta zaraitzuerarentzat; beste alde batetik, «eztabada mimetiko» tratamendu markatuaren abstrakzioa egingo dugu, gerta daitekeen euskalkietan (EBN- 3, EBN-4 eta zaraitzueran). Bakuntze horren ondorioa V. taulan ikus daiteke.

v._taula_iker9_tratamendu-sistemak.jpg

Goragoko hamaika tipoak («A»…«K») bost eredu pragmatiko nagusitara bildu ditugu. Lehenengoan (I), lapurtera eta mendebaldeko behe-nafarrerarekin batean zuberera eta Amikuzeko hizkera sartu dira, funtsean batzuek eta besteek jokamolde bikoitz berbera dutelako (HI/ZU); HI/ZU/BERORI hirukoteaz hornituriko bigarren multzoan (II) (B,G,GN) ez dago aldaketarik; hirugarren sailean (III) HI/XU/ZU hirukoteaz jantziriko Garaziko hizkera guztiak batu ditugu (Donibane-Garazi ingurukoa eta bestelakoak, Ostibarre barne), XU neutro edo kortesiazkoaren eta ZU errespetuzkoaren arabera; laugarren sailean (IV) hirukote berberaz (HI/XU/ZU) jokatzen duten gainerako EBNak (Arberoakoa eta Lapurdikoa), Hazparne, aezkera eta zaraitzuera bildu ditugu, aurreko tipotik bereiz, hala ere, XU mugatuago eta ZU zabalago baten arabera aritzen direlako; azkenik eta aldaketarik gabe, erronkarierari dagokion bosgarren tipoa (V) dugu, eguneroko harremanetan ZU alokutiboa (zuka) eta ZU ez-alokutiboa (eztabada) ohiko tratamendu gisa erabiltzen dituelako eta biak elkarrengandik bereizten dituelako.

Gure ustetan, nahikoa adierazgarria da V. taulan egin dugun soiltze edo bakuntzea, halako eremu geolinguistiko batzuk bereizteko lagungarri gertatzen zaigulako. Alde batetik, hedaduraz hain barreiatua dagoen ekialdeko behe-nafarrerak badu halako batasuna tratamenduari begira: HI/XU/ZU banaketaren araberako sistema hirukoitza (Amikuzeko salbuespenaz). Beste alde batetik, hirukote horren erabilerari bagagozkio, euskalkia bi eremutan zatituta bezala ageri zaigu: a) ZU-ren «kaltetan» (markatu-errespetuzkoa), XU-z (neutro-kortesiazkoaz) erruz baliatzen den hegoaldeko eremua (Garaziko eskualdea); b) XU-kako tratamendu bitartekoa eta ZU-kakoa (kortesiazkoa) «oreka handiagoan » bizi diren iparraldeko eremua (Arberoako eskualdea eta Lapurdiko EBN). Ekialdea (Amikuze), azkenik, beste kontu batzuetan bezala (hala nola, seigarren bokala: [ü]), zubererarekin batera doala dirudi. Bestalde, EBNren iparraldeko eremuak Hazparne (MBN) bereganatu du mendebaldetik eta EBNren hegoaldeko eremu xukazaleak inguruko zenbait herri eta hizkera: Lasa, Arnegi eta Luzaide (MBN) eta agian zaraitzuera eta aezkera ere bai.

Uste dugu gure tratamenduen mailaketak argitasuna dakarrela zuka/eztabada mintzamoldeen arteko banaketaren auzira. Erronkarieraren kasua eta EBNzko eztabada mimetiko eta markatuaren aukera alde batera uzten bada, oro har, eztabada arrunta eta zuka alokutiboa ez daude maila desberdinetan edo aurkakotasunean, banaketa osagarrian baizik. Hots, batak eta besteak ez dute solas-maila edo tratamendu berezirik osatzen. Parekotasun horrexek esplikatuko luke XIX. mendetik hona EBNz gertatu den bilakabidea: batetik, Bonaparte printzeak Donibane-Garaziko euskarara eginarazitako itzulpenetan agertzen den zuka alokutiboak eta Le Verbe Basque en Tableaux-eko argibideek mintzamolde horren bizitza sendoa frogatzen duten arren, gure lekuko donibane-garaztarretariko batek ere ez du zukako alokutiborik erabiltzen; bestetik, gure inkestagintzak, Garaziko eskualdearen ipar eta ipar-ekialdean (Gamarten eta Ostibarreko Donaixti-Ibarren) zuka alokutiboari eusten zaiola eta Amikuzen eta Lapurdiko EBNz gauza bera gertatzen dela frogatu digu. Hala ere, zuka alokutiboari eutsi dioten EBNzko herri guztiotan, zukatik eztabadaranzko aldaketa nabaritu dugu gazteriaren artean (zenbaitetan adinekoetan ere bai). Gauzak horrela, mende baten buruan Donibane-Garaziko euskaran zukatik eztabadarako bilakabidea burutu dela pentsatzea dateke hipotesirik sinesgarriena eta ez Bonaparteren deskribapena zalantzan jartzea. Uste dugu, gainera, zuka alokutiboa eztabadaren alde galtzen uzteko joera berber hori pixkanaka-pixkanaka EBN osora zabaltzen hasita dagoela: eskolatua den gazte jendeak bereziki gurasoek ez bezala hitz egiten du, eztabadaka, alegia. Kontuan hartu behar da eztabadaranzko joera horrek ez dakarrela inolako tratamendu-galerarik pragmatikaren ikuspegitik, alokutibotasuna gorabehera, zu izenordainean oinarrituriko tratamendu edo solas-maila bakarra dagoelako. Hortaz, Rebuschik dioena gorabehera (supra, II. taula), ekialdeko behe-nafarreran zuka eta xuka bi solas-maila desberdintzat jo behar dira, eskualde edo hizkeraren arabera ez baita zuka/xuka parekotasunik, zuka/eztabada alternantzia baizik.

Pareko mintzamoldeetan (zuka/eztabada), bakuntzea hizkuntza-ekonomiagatik gertatu ote den pentsa liteke. Dena den, ez dugu uste azalbide funtzionalari gehiegizko pisurik aitortu behar zaionik. Izan ere, gerora begira, eskolako eta komunikabideetako hizkuntzaren estandarizazioak eragin handiago eta bortitzagoa izan dezakete zukako alokutiboaren galeran. EBNn —Zuberoan ez bezala— hizkeraren arabera balio bereko eztabada eta zuka txandakatzen dira eta susmoa dugu luzaro gabe eztabada nagusitu daitekeela.

Egoeraren ikuspegi orohartzaile eta bakuntzailea eman nahirik, kontuan izanik II. tipoko euskaretan (B, G, GN) beroriketa galtzear dagoela eta erronkariera (V) ia-ia euskalki hila dela, esan genezake bi (makro)sistema nagusi ditugula gaur egungo euskaran: bata, HI/ZU aurkakotasunean oinarritua, geografikoki eta sozio-linguistikoki hedatuena (goiko I eta II, hots, L, MBN, Z eta B, G, GN); eta bestea, HI/XU/ZU hirukotearen gainean eraikia, era batera edo bestera (xu laxoago edo meharragoaz) baliatzen den ekialdeko behe-nafarrerari eta inguruko hizkeraren bati dagokiona. Bestalde, iragarkizunetan sartuta, bihar-etziko euskara baliteke sistema bakunagoetarantz joatea, lagunarteko solas-mailako noketaren galeratik hasita. Hainbat lekutan, dagoeneko, hautsita dago lagunarteko mailan toketa eta noketaren arteko oreka eta EBNz, xukako tratamendu bizi-biziak bultzatuta, noketaren galera azkarragoa iragar daiteke.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamendu-sistema nagusiak erabileraren arabera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3