Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:2:5

Tratamendu-sistemak: ondorio eta laburpen gisa

1) Oihartzabalek dioenez, alokutibotasuna komunztadurazko gertakari gramatikala da izatez eta tratamendu edo solas-mailari lotua agertzen den arren, hartarik bereizi behar da. Hala ere, ez dugu uste beti gertakari gramatikal huts eta esanahirik gabekoa denik, zenbait hizkeratan (hala nola, erronkarieran eta izaera markatuaz EBN-mota batzuetan) alokutibotasunaren arabera erabakitzen baita solas-maila. Alokutibotasuna eta tratamendua (edo solas-maila) izaera edo maila desberdineko bi adigai dira: lehena formazkoa da eta harreman gramatikalen mailakoa, hots, linguistikoa; bigarrena, gizarteko harremanen (hurbiltasuna, urruntasuna, lagunartekotasuna, kortesia, errespetua…) kodetze linguistikoari dagokio, hots, soziolinguistikoa da. Ondorioz, bi adigaien arteko bereizkuntzaren beharra onartuta ere, tratamenduaren gaia erabileraren ikuspuntutik ikertzerakoan ezinbesteko deritzogu alokutibotasuna edo tasun horren eza ere kontuan hartzeari. Zuka alokutiboa eta eztabada bereizten dituzten hizkeretan alokutiboari «beheko maila» eta ez-alokutiboari goiko maila esleitu zaio.

2) Pertsona-izenordainen arabera (hi, xu, zu, berori) eta alokutibotasunaren arabera euskarak sor zitzakeen zortzi mintzamolde edo tratamenduetatik sei baino ez ditu garatu: hitanoa (toka-noka alokutiboa), eztabada, beroriketa, zuka (alokutiboa), xuka (alokutiboa) eta xuketa ez-alokutiboa. Ez dago beroriketa alokutiborik eta hitano ez-alokutiborik ere ez; azken horren kontradibide gisako testuren bat edo beste aurki daitekeen arren, literatura-tradiziorik onena, gure inkestagintza eta hiztunaren euskal sena aukera sortu berri horren aurka mintzo dira. Litekeena da «hitano aizun hori» (eztabadakoa) XIX. mendearen amaierako edo XX. mendearen hasierako aurreiritzi linguistiko batzuen giroan sortua izatea.

3) Rebuschik (1984) proposatzen duen euskal tratamenduen «tipologia» ez zaigu egokia iruditzen euskalki guztien berri emateko. Desegokitasuna hiru aldetatik dakusagu: a) tipo-kopuruaren aldetik, erronkariera edo ekialdeko behe-nafarrera euskalkien berri emateko tipo gehiagoren premia ikusten dugulako; b) mailaketaren aldetik, EBNz maila berekotzat jotzen dituen zuka/xuka mintzamoldeen lekuzko banaketa osagarria onartezina delako, hau da, EBNzko hizkera batzuetan bikote hori aurkakotasunean dutelako; c) bere hirugarren tipoko solas-maila bakoitzari emandako balioaren aldetik, EBN batzuetan zuka errespetuzkoa delako eta eztabadari omen dagokion «urruntasuna» balioa argi ez dagoelako. Ondorioz, Rebuschiren tipologia hankamotz geratzen da bere helburu behinenari dagokionez, hots, sistemen arteko kidetasun edo parekotasunen berri emateko.

4) Tratamenduen alderdi formalaz gain (pertsona-izenordaina eta alokutibotasuna), erabilerazkoa ere azalduko bada, hamaika tiporen beharrizana ikusten dugu euskalki, azpieuskalki eta hizkera nabarmenen berri emateko (ikus IV. taula). Taula horretan (IV) ikus daitekeenez eta gorago azaldu denez, berritasunak aezkeraren, EBN desberdinen, Hazparneko hizkeraren, zaraitzueraren eta erronkarieraren berri ematerakoan sortzen dira.

5) Erabileraren ikuspegitik eta alokutibotasunaren abstrakzioa eginez, lehengo eskema korapilatuko hamaika sistema eta azpisistemak honako bost tipo nagusi hauetara bil daitezke (ikus V. taula): lehena, L, MBN, Z eta Amikuze biltzen dituen sistema bikoitza, HI eta ZU izenordainetan oinarritua; bigarrena, mendebaldeko euskalkiak biltzen dituen sistema hirukoitza, HI, ZU eta BERORI izenordainez hornitua; hirugarrena, Garaziko eskualdeari dagokion sistema hirukoitza (leku batzuetan inoiz laukoitza izan daitekeena), HI meharraz, XU laxo-zabal eta kortesiazkoaz eta ZU mehar-errespetuzkoaz osatua; laugarrena gainerako EBNei dagokie eta formaz aurrekoaren berdina bada ere, erabileraz XU mugatuago batez eta ZU zabalagoaz bereizten da aurreko EBNtik; bosgarrena, azkenik, erronkarierarena da eta guztiz berezia da aurrekoen aldean, ZU alokutibo/ZU ez-alokutibo aurkakotasunean oinarritzen den sistema laukoitzaren jabe delako (hitanoa, zuka, eztabada eta beroriketa). Etorkizunari begira eta ikuspegi orohartzaile-bakuntzaile batetik, funtsean bi tratamendu-sistema nagusitzen ari direla ematen du: EBNzkoa, HI, XU (zabalago edo meharragoa) eta ZU (zabalago edo meharragoa) hirukotean oinarritua, alde batetik; eta gainerako euskalkiena, bestetik, HI eta ZU bikoiztasunaz.

6) EBNz tratamenduen erabilera guztiz korapilatsu eta aldakorra den arren, halako gune edo eremu geolinguistiko nagusi batzuk ondoriozta daitezke aurreko eskematik (V. taulatik, alegia). Batetik, hegoalderantz eta nortasun handiz Garaziko eskualdea ageri zaigu, beregana inguruko hizkerak (MBNLasa, MBN-Arnegi, MBN-Luzaide, EBN-Ostibarre… eta agian zaraitzuera bera ere) erakartzen dituela; bestetik, iparralderantz, Arberoa eskualdeko eta Lapurdiko EBN nabarmentzen dira, eta haien jokamoldera MBN-Hazparne hurbiltzen da; ipar-ekialderantz, azkenik, Amikuzeko eskualdea dugu zubereraranzko joeraz.

7) EBNz, oro har, eztabada eta zuka alokutiboa maila berekotzat jo ditzakegu; hots, bata edo bestea gerta daiteke lekuaren eta hiztunaren arabera, baina normalean bien artean tratamendu aldetiko bereizkuntzarik egin gabe. «Normalean» esan dugu, zeren zuka alokutiboaz baliatzen diren herrietan (esaterako, Gamarten edo Beskoitzen), eguneroko jokaeratik aldenduz, eztabadara jo dezakete egoera berezi batzuetan —kanpotarrekiko harremanetan, adibidez— beren hizkera berezia ezkutatzeko1 edota solaskidearen mintzamoldera egokitzeko. Halako erabilera markatuen arabera, EBNz ere sistema laukoitzaz hitz egin liteke beharbada; dena den, argi utzi beharra dago laugarren aukera hori gutxitan gauzatzen dela, lehenik, hiztun askok aukera horretan erreparatzen ez dutelako eta, bigarrenik, egoera hori egunero gertatzen den horietakoa ez delako.

Beharbada funtzionaltasun ezagatik edo bestelako arrazoiengatik, Bonaparteren garaitik hona zukatik eztabadaranzko aldaketa burutu da Donibane-Garazi inguruan eta gure egunotan antzeko bilakabide baten atarian gaude EBNzko gainerako herrietan, gazte jendea oharkabean edo ohartuki eztabadarantz jotzen ari delako. Eskolak eta hizkuntzaren estandarizazioak bilakaera horren alde eragin dezaketelakoan gaude.

— Egilea: Xabier Alberdi

1 Ez da ahaztu behar alokutiboari (hikako, zukako eta xukakoari) leku batzuetan erantsi zaizkion konnotazio txarrak («buhameen hizkuntza»ren kontua eta abar).

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamendu-sistemak: ondorio eta laburpen gisa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3