Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:3:1

Tipologia

Atal honetan tipologiaren ikuspegitik aztertuko dugu tratamenduen gaia: lehenik, izenordainen erabileran errespetu-mailekin loturik dauden unibertsalak aztertuko ditugu Head-en eskutik (1978); gero, Joseph-en eskutik (1978), hizkuntza indoeuroparretako tratamendu-tipologia aztertuko dugu.

A) TIPOLOGIA
• Errespetu-mailak eta unibertsalak izenordainen erabileran (Head, 1978)
• Tratamenduen tipologia hizkuntza indoeuroparretan (Joseph, 1978)

Errespetu-mailak eta unibertsalak izenordainen erabileran (Head, 1978)

Hizkuntza batetik bestera aldatu egiten dira izenordainen jokoan sartzen diren eta tratamendua (errespetu-maila edo gizarte-tartea) bereizteko baliatzen diren tasun gramatikalak. Batzuetan, izenordainen arteko alternantzia errespetumaila edo gizarte-tarte desberdinak adierazteko, tasun gramatikal bakar baten arabera gertatzen da (numeroaren arabera edo pertsonaren arabera, adibidez); beste batzuetan, gramatikazko tasun-multzo baten arabera (batera numerozko eta pertsonazko tasunen gorabehera, adibidez) gertatzen da tratamenduen arteko alternantzia; zenbaitetan, izenordain-motaren arabera (pertsona-izenordainak versus izenordain erakusle edo bihurkariak) gertatzen da alternantzia; eta, azkenik, tasun gramatikalen eta izenordain-motaren arabera (esate baterako, bigarren pertsonako pertsona-izenordain singular eta plurala, alde batetik; eta hirugarren pertsonako izenordain erakuslea, bestetik) gerta daiteke izenordainen arteko alternantzia tratamendua adierazteko.

Tratamendu- sistema batean, beraz, balio sozial desberdina duten izenordainen arteko alternantzietan bi eratako aldagaiak sartzen dira jokoan: alde batetik, numeroa eta pertsona bezalako tasun edo kategoria gramatikalak; beste alde batetik, izenordain-mota (pertsona-izenordaina/izenordain erakuslea/izenordain bihurkaria, e.a.) bezalako bereizgarriak.

Azpiatal honetan izenordainetara, edo zehatzago esateko, izenordainen arteko alternantzia soziolinguistikoki esanguratsuetan gramatikazko tasunen aldaketak (numero- edo pertsona-aldaketak) izan dezakeen eragina aztertzera mugatuko garen arren, ez da pentsatu behar tasun gramatikal horien eragina izenordainen sailera edo kategoriara murriztua dagoenik. Pertsona edota numeroa aldatzea errespetu-mailak bereizteko, adibidez, hizkuntzen arabera aditzsisteman (euskara, espainiera, frantsesa…) edo —bakanago– izenen sailean (Amharic, Hebraiera, Hausa) ere gertatzen da. Bestalde, izenordainen sailean aurkitzen ez diren hizkuntza-tasunen artean ere gorabeherak gerta daitezke esanahi edo ñabardura soziala adierazteko (agintera-mota desberdinen artean, esaterako; edo agintera eta funtzio berbera betetzen duten bestelako adizkeren artean).

Beraz, oraingo ikusmoldeak tipologia du oinarri eta izenordain edo tratamenduei buruzko unibertsalak ezartzea helburu. Hizkuntza-unibertsalen bilaketan kokatu behar den ikuspegi hau, liburuan zehar nagusi den ikuspuntu soziolinguistikoa osatzera eta argitzera datorrela uste dugu. Azpiatal honetan ikuspuntu berezi batetik aztertuko dugu izenordainen bidezko tratamenduen erabilera (B.F. Head, 1978).

Ondorioak

Hurrengo ondorioak, hizkuntza-kopuru mugatu(egi) baten azterketatik atereak diren heinean, guztiz behin-behinekoak dira eta hizkuntz unibertsalen bilaketaren ildoan kokatu behar dira saiakera modura. Hortaz, ikerketa gehiagoren eske geratzen dira orain datozenak (Head, 1978: 190).

Arakatutako langaietan oinarriturik, Headek hurrengo hipotesiak plazaratu ditu izenordainen bidezko erreferentzian errespetu -mailak edo gizarte tartea adierazteko xedez ageri diren joera unibertsalei buruz.

1. Numeroa da izenordainen ezaugarririk erabiliena hainbat hizkuntzatan pertsona-izenordainen bidezko erreferentzian errespetu-mailak edo gizarte tartea adierazten dituzten alternantziak sortzeko.

2. Izenordainen bidezko erreferentzian numeroa aldatzea errespetu -mailak edo gizarte-tartea adierazteko, banakoei zuzentzerakoan gertatzen da soilik eta sekula ez multzo bati zuzentzerakoan.

3. Izenordainen bidezko erreferentzian numeroa aldatzen baldin bada errespetumailak edo gizarte-tartea agertzeko, orduan ez-singularrak (plural edo dualak) singularrak baino errespetu-maila edo gizarte-tarte handiagoa adierazten du erreferentearen eretzean.

4. Izenordain bi bider pluralak (plural berrituak edo bikoitzak) plural soilak (jatorrizkoak edo arkaikoak) baino errespetu-maila edo gizarte tarte handiagoa adierazten du, baldin eta biak alternantzian badaude errespetu-mailak edo gizarte-tartea bereizteko.

5. Erreferentzian, izenordainen kategoria (gramatika -ezaugarri) bat baino gehiago erabil daitezke batera hizkuntza berean errespetu-mailak edo gizartetartea adierazteko.

Arakatutako hizkuntzen artean, numeroa eta pertsona dira kategoria-bikote erabiliena esanahi soziala bereizteko. Bestelako kategoria-konbinaketarik egotea ezinezkoa ez bada ere (eta izan, badira halakoak), aipatutako bikotea da gertagarriena, numeroa eta pertsona izenordain-sistema orotan agertzen diren kategoria unibertsalak direlako.

6. Maila sinkronikoan nahiz diakronikoan, pertsona-aldaketarekin batera numero-aldaketa erabili ohi da izenordain-sisteman errespetu-mailak edo gizarte-tartea erakusteko.

7. Errespetu-mailak edo gizarte-tartea erakusteko pertsona-aldaketaz baliatzen diren hizkuntzetan, solaskideari eta hiztunari erreferentzia egiteko hirugarren pertsona erabiltzeak bigarren eta lehen pertsona, hurrenez hurren, erabiltzeak baino gizarte-tarte handiagoa adierazten du.

8. Izenordainen bidezko erreferentzian pertsona -aldaketak numero-aldaketak baino tarte handiagoa adierazten du errespetu-mailaketari edo gizartetarteari dagokionez. Ondorioz, tratamendua bereizteko numero-aldaketa eta pertsona-aldaketa erabiltzen dituzten hizkuntzetan, errespetu-mailaketa honako hau izango da behetik hasita: bigarren pertsona singularra < bigarren pertsona plurala < hirugarren pertsona singularra < hirugarren pertsona plurala.

9. Solaskideari buruz, bigarren pertsonako izenordainak baino errespetu maila edo gizarte-tarte handiagoa erakusten duen hirugarren pertsonako pertsonaizenordainaren erabilerak, sarritan, izenez edo izen-esapideez osatutako errespetuzko trataerak ordezkatuz izan du sarbidea tratamendu-sisteman. Jakina, baieztapen honek ez du ezertarako ukatzen kutsapenaren bidezko sarbide edo hedabidea hizkuntzen artean.

10. Hirugarren pertsonako izenordainetan genero-bereizketa duen hizkuntza batean solaskideari zuzentzerakoan hirugarren pertsonako pertsona-izenordainaren generoa aldatzen ez bada, orduan genero aukeratua izenordain berriak ordezkatu duen izen-esapidearen buruarena izango da.

11. Genero nozionalaren aldaketa, adibidez, erreferentearen sexuarekin bat ez datorren generoa erabiltzen denean, ez da gertatzen genero «berezkoaz» baino errespetu-maila handiagoa erakustearren. Aitzitik, horrelako erabilera «desbideratuak» gutxiespena edo errespetu-galtzea adierazten du maizenik, zenbaitetan samurtasuna adieraz dezakeen arren.

12. Izenordain-sisteman errespetu-mailak edo gizarte-tartea adierazteko hurbiltasun-kategoria edo maila desberdinez baliatzen diren hizkuntzetan, diskurtsoan tarte fisiko handiena (edo handiagoa) adierazteko erabiltzen den kategoria erabiliko da gizarte-tarte handiagoa agertzeko.

13. Izenordain-sisteman errespetu-mailak edo gizarte-tartea bereizteko zehaztasun-kategoria desberdinez baliatzen diren hizkuntzetan, zehaztasun-maila gutxieneko (edo gutxiagoko) izenordaina edo zehaztugabeena izango da errespetu edo gizarte-tarte handiagoa agertzeko erabiliko dena.

14. Erreferentzian, izenordain bihurkariek, erakusleek eta izenordain bilakaturiko izen-esapideek numero bereko pertsona-izenordainek baino errespetu-maila edo gizarte-tarte handiagoa adierazten dute gehienetan. Bestalde, izenordain-moten artean badirudi bihurkari eta erakusleek, izenordain bilakaturiko izenek baino probabilitate handiagoa dutela errespetu-maila edo gizarte-tarte handia adierazteko.

15. Hirugarren pertsonako izenordain-moten arteko alternantzia ez da izaten baliabide oso erabilia errespetu-mailak edo gizarte-tartea adierazteko. Adibidez, hirugarren pertsonako pertsona-izenordainen eta izenordain erakusle edo bihurkarien arteko alternantzia edo azken hauen artekoa gutxitan gertatzen da. Hipotesi hau benetako izenordainei dagokie eta ez izenordain bilakaturiko izenei; azken hauek ugari dira hizkuntza batzuetan eta curen arteko alternantzia aski arrunta errespetu-mailak bereizteko.

16. Izenordainen kategorietako baten (numero, pertsona…) aldaketa errespetumailak edo gizarte-tartea adierazteko hedatuago dago (eta beraz gertagarriagoa da edozein hizkuntzatan) solaskideari erreferentzia egiterakoan, solaseko gainerako partehartzaileei (hiztunari eta hirugarren bati) erreferentzia egiterakoan baino.

Guztiz segurua ez bada ere, litekeena da numeroaren kategoria aurreko baieztapenetik kanpo geratu ahal izatea, numero-aldaketa oso maiz erabiltzen baita esanahi sozialaz hiztunari erreferentzia egiterakoan. Solaskidearekiko tratamendu-aldaketa bezainbeste arakatu ez bada ere, nork bere buruari erreferentzia egiterakoan oso hedatua dago lehen pertsonako izenordainen arteko alternantzia errespetu-mailak edo gizarte-tartea bereizteko. Horrela, hizkuntzaren historialari batzuen ustetan, bigarren pertsonako alternantzia lehen pertsonakoaren oihartzuna, hots, azken honen ondokoa izango zatekeen. Bestalde, izenordain-sistemen ezaugarri unibertsalen arabera, gertagarriago dirudi numeroaren aldaketak lehen pertsonako izenordainetan bigarrenekoetan baino: izan ere, numeroaren aldaketa lehen pertsonan izenordain-sistema guztietan agertzen den bitartean, hizkuntza guztietan ez da antzeko bereizketarik egiten bigarren pertsonan. Zoritxarrez, hiztunak bere buruari erreferentzia egiteko eskura dituen formen arteko alternantzia sozialak solaskidearenganako tratamendu-erak baino askoz ere arreta gutxiagoz ikertu izan dira hizkuntza gehienetan. Ondorioz, numeroa aurreko baieztapenaren salbuespena izan daitekeelakoa, gezurtatu gabeko hipotesi hutsean geratu behar da oraingoz.

17. Erreferentzian izenordain-motaren aldaketa errespetu-mailak edo gizartetartea adierazteko maizago gertatzen da solaskideari erreferentzia egiterakoan, solaseko gainerako partehartzaileei (hiztunari eta hirugarren bati) erreferentzia egiterakoan baino.

18. Izenordainen bidezko erreferentzian, errespetu-mailak edo gizarte tartea adierazteko xedez burutzen diren bilakabideak maizago gertatzen dira banakoei erreferentzia egiterakoan bati baino gehiagori erreferentzia egiterakoan baino.

19. Izenordainei sarriagotan eransten zaizkie ohorezko hizkiak, hizki gutxiesgarriak baino; eta hizkuntza batek izenordain-hizki gutxiesgarriak baldin baditu, orduan ohorezkoak ere baditu.

20. Hizkuntza batean errespetu-mailak edo gizarte-tartea adierazteko hurbiltasuna, inklusibotasuna eta zehaztasuna bezalako kategoriak erabiltzen badira, orduan gehienetan ez-hurbilak, esklusiboak eta zehaztugabe edo inpertsonalak, aurkako kategoriek baino errespetu-maila edo gizarte tarte handiagoa adierazten dute.

21. Errespetu-maila edo gizarte-tarte handiagoa erakusteko erabilia den izenordaina ez da sekula ezabatzen erreferentzia-sistematik errespetu edo distantzia gutxiagoko forma batez ordezkatua izateko.

Errespetu-maila edo gizarte -tartea adierazten duten forma bat baino gehiagoren arteko alternantzia badago eta denboraren poderioz haietariko bat bere esanahi soziala galduta orokortzen bada, orduan lehenagoko denboretan kortesiazkoa edo errespetuzkoa izandakoa izaten da beti erabilera neutrorako zabaltzen dena eta ez alderantziz.

Tratamenduen tipologia hizkuntza indoeuroparretan (Joseph, 1987)

Historiari eta aldagai sozialei lehentasuna ematen dieten ikerketa askotan ez da funtsezko bereizketa hau egiten: ez dira behar bezala bereizten hiztegiaren bidez adierazten den begirunea (lexikala) eta morfologiaren bidezkoa (morfologikoa). Jakina denez, lehenengoa, hiztegiko begirune -formei dagokiena unibertsala da; adibide bat ematearren, ahaidetasun-sistema gehienetan ageri da lehenbiziko begirune-mota hau. Bigarrena, begirune morfologikoa, morfologia -sisteman eragiten duena da, interesgarriena egituraren eta tipologiaren ikuspuntutik; begirune lexikala, morfologian eta bereziki inflexioan aldaketak eragiten dituenean igotzen da maila lexikaletik maila estrukturalera.

Beheko taulan, laurogei bat hizkuntza eta dialekto indoeuroparrek bigarren pertsonan dituzten begirunezko tratamenduen tipologia ageri da (Joseph, 1987). Aurreko azpiatalean ikusi denez (Head, 1978), pluraltasunera jotzea da begirune edo errespetu handiagoa adierazteko lehen baliabide oinarrizkoa; bestelako baliabideak (pertsona-aldaketa, etab.) geroago garatzen dituzte hizkuntza gehienek, lehenbiziko fase horretatik pasa ondoren. Bada, hipotesi honek oraindik sinesgarriago dirudi hizkuntza indoeuroparrei bagagozkie; latinetikako hizkuntzen adarrean bereziki beste inon baino hobeto —hirugarren mendeko latinezko lekukotasunetatik hasita (Maley, 1974)— ageri da egiaztatuta pluraleranzko aldaketa lehenengo eta bigarren pertsonetan (1p/1s-begirunezkoa eta 2p/2sbegirunezkoa, hots, pluraleko lehenengo eta bigarren pertsonak singularrekoen ordez) begirunea adierazteko.

Lehen egoera edo fase horretatik, hau da, lp/ls- eta 2p/2s-begirunezkoetatik harantzago doazen hizkuntzetan baliabide lexikaletara jotzen da begirunezko tratamendu morfologikoa ordezkatzeko eta hurrengo maila batean aukera lexikalak morfologiko bilakatzen dira, hau da, begirunezko aukera lexikal berriak hirugarren pertsonako izenordain bihurtzen dira: beheko (3a,b) sailetako hizkuntzetan, adibidez. Begiruneranzko bilakaera-zikloaren azken urratsa, berriz ere pluraltasunera jotzerakoan burutzen da, hots, hirugarren pertsonako izenordain pluralak bigarren pertsonako izenordain singularra ordezkatzen duenean (beheko 3c tipoan ageri denez: 3p/2s begirunezkoa). Hizkuntza-baliabideari dagokionez, beraz, honako hau da zikloa: numero-aldaketa (pluraltasuna/ singulartasuna), pertsona-aldaketa (3/2) eta pluraltasuna, berriz ere.

Beheko taulako (2b-e) sailetako hizkuntzek, zikloaren lehenengo urratsetik pasa arren, oso bestelako emaitzak ageri dituzte gainera. Islandieraren kasua (2c) berezi samarra da saileko gainerakoen aldean, hots: 2p ==⇒ 2-begirunezkoa; 2-duala ==⇒ 2p (begirunerik gabea). Germaniar, eslaviar eta baltikoko hizkuntza zenbaitek bilakabide bera izan zuten dualean, baina geroago jatorrizko IE plurala(k) galduta, jatorrizko 2-duala 2p izatetik 2p/2-begirunezkoa izatera pasa zen. Eta islandiera bera ere ildo beretik abiatzeko seinaleak agertzen hasi da azken aldi honetan (Joseph, 1987:263).

Ingelesak eta beste hizkuntzaren batzuek oso bilakaera bitxia izan dute, begiruneranzko bidea egin ondoren (2p ==⇒ 2p/2s-begirunezkoa) berriz ere tratamendu-soiltasun edo bakartasunerantz itzuli baitira (2p/2s begirunezkoa ==⇒ 2), tratamendu-bereizketa ikasi eta desikasi egin baitute jatorrizko izenordain singularraren galeraren ondorioz. Brasilgo portugesezko dialekto batzuek (4e), bigarren eta hirugarren pertsonaren arteko morfologiazko bereizketak oro galtzeraino iritsi dira, begiruneranzko bilakabideen ondorioz.

Italieraz, XV. mendeaz geroztik hizkuntza estandarrean sartu arte, bigarren pertsonaren ordezko hirugarren pertsona begirunezkorantz gertatu diren bilakaerak espainieraren eraginari egotzi dizkio Rohlfs-ek (1968:182). Siziliako dialektoetan vossía (< vossignuría) sortu zuten lehenik. Berrikuntza laster zabaldu zen iparralderantz eta Toskanarantz, harik eta hirugarren pertsonako izenordain femenino ella-k vostra signoría izen-esapidea ordezkatu arte. Hain aspaldi ez dela, it. ella forma beherantz egiten hasi zen 3s eta 2s-begirunezkoa adierazteko eta bere ordez kasu zeiharra (lei) nagusituz joan da. Geroago, Siziliako dialektoek urrunago jo zuten espanierazko eta portugesezko dialekto batzuetan bezala: vossía forma hain ohizko bilakatu zen, ezen voi eta tu izenordain zaharrak sistematik kanpora jaurti baitzituen; gaur, vossía are jende xehearen artean eta beheragoko eta zerbitzariekiko harremanetan ere erabiltzen da (Rohlfs, 1968:183).

Espainierari gagozkiola, bilakaera korapilatuaren bi alderdi besterik ez ditugu gogoratuko oraingoz. Alde batetik, 3s/2s-begirunezkoa (usted) erabat errotuta dagoen arren, han-hemenka 2p/2s-begirunezko arkaikoaren aztarna ugari geratzen direla esan beharra dago. Eremu handietan lehengo 2p izenordain (vos) zaharra, 2s-ez-begirunezko erabiliena da, hurrengo lurraldeetan tú izenordaina ia erabat bazterreratu duelarik: Mexikoko Chiapas lurraldea, Erdialdeko Amerika, Uruguai, Paraguai eta Argentina. Beste batzuetan, hala nola, Panama, Kolonbia, Venezuela, Ekuador, Txile, Peruko ipar eta hegoaldean eta Bolivian (Lapesa, 1980:577-578), vos eta tú elkarren lehian ari dira. Beste alde batetik, begirunezko izenordainen aditzarekiko komunztaduraren auzia dugu (Lapesa, 1980:579): batzuetan adizkeraren pertsona-inflexioa izenordainaren pertsona gramatikalari dagokio (vos + 2p adizkera; ustedes + 3p adizkera); beste batzuetan, komunztadura izenordainaren pertsona erreferentzialari dagokio (vos + 2s adizkera; ustedes + 2p adizkera).

BEGIRUNEZKO TRATAMENDUEN TIPOLOGIA HIZKUNTZA INDOEUROPARRETAN (JOSEPH, 1987)

(1) TIPOA: BEGIRUNEZKO TRATAMENDU MORFOLOGIKORIK EZA

(la) IE hizkuntza arkaikoak: Prusiera zaharra; elizako eslaviera zaharra/bulgariera zaharra; frisiera zaharra, ingeles zaharra, saxoi zaharra, ipar aleman zaharra, suediera zaharra, daniera zaharra, norvegiera zaharra, islandiera zaharra; gaeliko zaharra; latin klasikoa, osko -unbriera; armeniera zaharra; greko klasikoa; sanskritoa, persiera zaharra, avestera; hatiera; tokhariera.

(lb) Gaur egungo zenbait dialekto, hala nola, Italian Abruzzikoak, Markak (hegoald.), Unbria (hegoald.), Sabina mendiak, Puglia (hegoald.), Campania eta Calabriako zatiak; errumaniar eta Danubioz azpiko dako-errumanieraren dialekto kolonialak.

(2) TIPOA: PLURALA BEGIRUNEZKO TRATAMENDURAKO

(2a) 2p ==⇒ 2p/2s-begirunezkoa: letoniera (jus); bulgariera, mazedoniera, serbokroaziera, esloveniera (vi), txekiera (vy), eslovakiera (vy), lusaziera (wy), errusiera eta bieloerrusiera; albaniera (ju); suediera (ni), jidish (ir); bretoiera (c'hwi), eskoziar gaelera (su); latin berankorra (vos), Erdi Aroko espainiera (vos), Erdi Aroko italiera (voi), frantsesa (vous); gaurko grekoa (eseîs); mendebaldeko erdialdeko farsiera (erdialdeko parsiera eta partiera), gaurko parsiera.

Tipo honek oraindik ere bizirik irauten du (3) tiporantz lerratu diren hizkuntzetan, estandarretik kanpoko azpisistema gisa: adibidez, italierazko voi Calabriako hegoaldean, Napolesko lurraldean, Pugliako iparraldean, Erroman, Tesinoko Kantoian, Korsikan; eta Italiako iparraldeko landa eremuetan, Emilia Romagna aldean bereziki.

(2b) 2p ==⇒ 2p/2s-begirunezkoa ==⇒ 2: ingelesa (you), bretoieraren (c'hwi) dialekto batzuetan, batez ere Kornuallesko hegoaldean eta Vannes-ko eremu batean (zehatzago esateko, Pontivy- tik Qimper-era eta Carhaix-etik Lorient-era).

(2c) 2p ==⇒ 2-begirunezkoa; 2-duala ==⇒ 2p (ez-begirunezkoa): Islandiera

(2d) 2s (begirunezko izenordain bereziaz) ==⇒ 2s-begirunezkoa; 2p (begirunezko izenordain bereziaz) ==⇒ 2p-begirunezkoa /2s-hiperbegirunezkoa: dako-errumaniera (dumneata begirunezkoa, dumneavoastra hiperbegirunezkoa).

(2e) 2p ==⇒ 2p; 2p (begirunezko izenordain bereziaz) ==⇒ 2s-begirunezkoa: frisiera (jo: 2s-begirunezkoa; jimme:2p)

(3) TIPOA: 3. PERTSONA BEGIRUNEZKO TRATAMENDURAKO

(3a) 3s ==⇒ 3s/2s-begirunezkoa; 3p ==⇒ 3p/2p: Andaluziako mendebaldeko espainiera, Kanariak, Amerika (voseorik gabeko lurraldeak) (usted; ustedes).

(3b) 3s ==⇒ 3s/2s-begirunezkoa; 3p ==⇒ 3p/2p-begirunezkoa: poloniera; italiera (lei; loro); XVIII. mendera arteko alemana (er; shie); Espainiako espainiera (Andaluziako mendebaldea eta Kanariak salbu) (usted; ustedes); kontinenteko portugesa (você; vocês) lagunarteko tu gordetzen duten dialektoetan, haietariko batzuetan 2s-hiperbegirunezkoa (vossemecê) ere izanik.

(3c) 3p ==⇒ 3p/2-begirunezkoa: alemana eta mendebaldeko jidish (sie); daniera eta norvegiera (de).

(4) TIPOA: SISTEMA NAHASIAK

(4a) 2s (edo 3s) (biak begirunezko izord. bereziz) ==⇒ 2-begirunezkoa: nederlandera (u:adizkera singularraz beti).

(4b) 2p ==⇒ 2p/2s-begirunezkoa; 3p ==⇒ 2-hiperbegirunezkoa: hindi.

(4c) 2p ==⇒ 2p/2s-begirunezkoa ==⇒ 2 ==⇒ 2p/2s-hiperbegirunezkoa; 3s ==⇒ 3s/2s-begirunezkoa; 3p ==⇒ 3p/2p-begirunezkoa: juduen espainiera (vos; el/eya; eyos/eyas); urrezko aroko espainiera (vos; él/ella; ellos/ellas).

(4d) 2p ==⇒ 2p/2s-begirunezkoa ==⇒ 2s-begirunezkoa ==⇒ 2s-ez-begirunezkoa; 3s ==⇒ 3s/2s-begirunezkoa; 3p ==⇒ 3p/2p: Amerikako espainiera (voseoa duten lurraldeak).

(4e) 3s ==⇒ 3s/2s; 3p ==⇒ 3p/2p; 2p ==⇒ 2s-hiperbegirunezkoa: Brasilgo portugesa (você; vocês; vós).

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tipologia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3