Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:3:2

Kidetasunak

Atal honetan tipologiaren ikuspegitik aztertuko dugu euskararen tratamenduen gaia; alegia, beste hizkuntza batzuekin alderatuz. Agerian utziko ditugu tratamenduen arloan euskarak beste hizkuntza askorekin dituen ezaugarri komunak (kidetasunak). Eskema honen arabera garatuko dugu beste hizkuntzekiko konparaketari eskainitako atala:

KIDETASUNAK

  • Tratamendu-izenordainak beste hizkuntza batzuetan
  • Euskal tratamendu-izenordainen sistemak
  • Kidetasunak

Tratamendu-izenordainak beste hizkuntza batzuetan

Morfologiaren aldetik, pluraleko tratamendu-izenordainak lau eratara egon daitezke lotuta singularrekoekin (cf. II.4.4):

  1. Singularrak eta pluralak erro lexikal desberdina izan dezakete (fr. tu/vous, alem. du/ihr).
  2. Singularrari morfema pluralgilea erantsita sor daiteke plurala (port. você/vocês).
  3. Plurala, singularrari pluralgilea ez den beste morfemaren bat erantsita sor daiteke: hain zuzen ere, horixe izan da gaztelaniaz eta katalanez gertatu dena, vos singulartuari otros/-as eta altres hitzak erantsi baitizkiote( ).
  4. Plurala eta singularra ez bereiztea gerta daiteke, aleman estandarrean gertatu denez (Sie).

Antzinako euskaran II eta II' pertsonek erro lexikal desberdina zuketen (hi/*zu), baina gaurko euskaran pluralak atzizki pluralgileen bidez eratuta daude (zu ==⇒ zuek; berori ==⇒ beroriek). Dena den, hiztunaren eta tratamenduen erabileraren ikuspuntutik, tratamendu-bereizketak eta haien egitura formala interesgarriagoak izaten dira morfologiazko eraketa edo etimologia baino (ikus bedi cf. III.1.2, hizkuntza indoeuroparren bilakaerari buruzko xehetasunetarako).

Tipologiaren aldetik, hizkuntzak, solaskide bakarrarekin eta solaskide batekin baino gehiagorekin aritzeko bereizten dituzten tratamendu-izenordainen kopuruaren arabera sailka daitezke; hots, pluraleko eta singularreko bereizketa-kopuruaren arabera. Robinsonek (1978:165-167), singularreko eta pluraleko izenordain-aukerak kontuan harturik, honako sailkapen hau ematen du:

Aukera bakarra singularrerako eta pluralerako

Sail honetakoek begirunezko bereizkuntzarik eza erakusten dute:

Aukera bikoitza singularrean, eta bakarra pluralean

Honako hizkuntzok sailkatzen ditugu hemen:

Errusierarekin batera beste hizkuntza eslaviar batzuk ere.

Robinsonen arabera (1978:166), eredu berber honi jarraitzen zaizkio greko modernoa, turkiera (sen/siz) eta estoniera (sina/teie).

Kanarietan eta Mendebaleko Andalusian ere.

Bina aukera singular eta pluralerako

Hizkuntza hauek:

Hiru aukera singularrerako eta bat bakarra pluralerako

Hauek dira hizkuntzak:

Hiru aukera singularreko eta bi pluraleko

Hizkuntza hauetan gertatzen da hori:

Tipo honetakoak dira hizkuntza indoario eta dravidiar gehienak (cf. II.13.3).

Hiruna aukera singular eta pluralerako

Hizkuntza hauetan:

Nolanahi ere, ikus daitekeenez, pluralean gehienez singularrean beste tratamendu-bereizketa gerta daitezke, baina ez gehiago. Badirudi joera hori hizkuntz unibertsaltzat jo daitekeela (Robinson, 1978; Head, 1978).

Euskal tratamendu-izenordainen sistema(k)

Euskarak berez lehen eta bigarren pertsonako pertsona-izenordainak baizik ez ditu, funtsean hurrengo bostak:

Goiko taulan ikus daitekeenez, euskara osoan oinarrizko bi izenordain bereizten dira solaskide bakarrari erreferentzia egiteko: hi (gazt.“tú”) lagunartekoa eta zu (gaztelania zaharreko “vos” edo fr. “vous”) begirunezkoa.

Dena den, orokorra den oinarrizko bereizkuntza hau korapilatu egiten da euskalkia kontuan hartzen bada: horrela, alde batetik, hi/zu bikoteari, mugaz bestaldeko euskalkietan korritzen ez duen “hiperbegirunezko” izenordain bat (berori, hitzez hitz, gazt. “ese (h)ori mismo ber-”, lat. “ipse”) gaineratu behar zaio hegoaldeko euskaran (hi < zu < berori); eta beste alde batetik, II. pertsonako oinarrizko bi izenordainen bitartean zu begirunezkoaren forma palatalizatu eta adierazkorra den xu txertatu behar da ekialdeko behenafarreraz (EBN) eta eguzki aldeko beste hizkeraren batzuetan (hi < xu < zu). Hortaz, izenordainak soilik kontuan hartuko begenitu, gehienez ere hiru mailako izenordain-sistemak gerta litezke gaurko euskaran solaskide bakarrarekin aritzeko. Ondorioz, singularreko bigarren pertsona erreferentzialari (II) dagokion laukia ondoko eratara zatikatuta geratzen da euskalkien arabera:

Singularrean (II. pertsonan) aipatu dugun oinarrizko aurkakotasuna (lagunarteko hi/zu begirunezkoa) neutralizatu egiten da pluralean (ikus beheko 3. taula), hi izenordainak kideko pluralik( ) ez duelako (Schuchardt, 1893:229). Gramatikalariek hiperbegirunezko berori singularraren aldamenean bero®iek (berok, eurok…) plurala ematen dute; baina egia esateko, singularra (berori) galduxea edo galzorian badugu, plurala (beroriek) oraindik nekezago erabiltzen dela aitortu beharra dago: plurala ozta-ozta agertzen da literatur-tradizioan aipatu balioaz( ). Bestalde, xu izenordain palatalizatuak ez bide du kidekorik pluralerako. Gauzak horrela, teorian ez, baina praktikan pluralean aurkakotasunen ezabatzea edo neutralizazioa zuek formaren alde ia erabatekoa dela dirudi. Ondorioz, aurrerantzean, gehienbat singularreko bigarren pertsona erreferentzialera (II) mugatuko dugu geure azterketa.

Dena den, aurrera baino lehen, ia euskalki guztietan izenordain-sistema bikoitzaz (hi/zu; zu/berori; xu/zu…) eta are sistema bakunaz ere (zu…) baliatzen diren euskaldunak anitz direla ohartarazi beharra dago. Hots, hi eta berori izenordainei loturiko tratamenduak aspalditik atzeraka ari dira euskaldunen ahotan eta horregatik, asko dira bata edo bestea edo biak “falta” dituzten hiztun euskaldunak. Dena den, konparaketetara jotzen badugu, bietatik beroriketa da, askozaz, galera handiagoa izan eta aurrerantzean ere izango duena. Lekuan lekuko tratamendu markatuaren galera adierazi nahirik, beheko 3. taulan, eremu dialektal bakoitzean izan daitekeen paradigmarik osoen edo aberatsena eskaintzen da lehendabizi (A, B, C) eta ondoren, paradigma horren aldaera bakunagoak (A1, A2…; B1, B2…; C1…). Aniztasun hori guztiz azpimarkagarria da euskaraz, zeren dialekto guztietan anitz baitira neurri handiago edo txikiagoan paradigma soilduaz baliatzen diren euskaldunak: datu estatistikorik ez bada ere, hegoaldean, esate baterako, seguruenik sistema bakunena (A3) dateke hiztun gehien dituena eta sistema korapilatuena (A), hiztun gutxien dituena.

Kidetasunak

Hegoaldeko euskal sisteman (“A”), hiru maila bereizten dira singularrean eta bi pluralean (3/2); beraz, Robinsonek aipatzen duen V. tipokoa dateke. Hala eta guztiz ere, ez du Indiako hiz¬kuntzen (hindiera, tamilera…) antzik eta formari begiratuta, hizkuntzaren batekin parekatzekotan, errumanierarekin baino ai¬seago, katalanarekin (tu-vós-vostè/vosaltres-vostès) parekatuko genuke.

Edonola ere, erabileraren ikuspuntutik, hegoaldeko euskararen hirugarren maila (beroriketa) ez da parekagarria beste hizkuntza batzuetako hiperbegirunezko tratamenduarekin. Izan ere, beste hizkuntzetan tratamendu-izenordainak (adibidez, katalanezko vostè, errumanierazko dumneavoastra, hindierazko ap, Ameriketako espanierazko3 usted) nagusiki erabilera simetrikoaren arabera erabiltzen dira eta ez, euskal beroriketa bezala, nahitaez( ) harreman asimetrikoetan. Hain zuzen ere, gure aburuz, beroriketaren gainbehera historikoa eta arrakastarik eza, neurri handi batean, erabileraren ondorioz tratamenduari kutsatu zaion izaera asimetrikoaz esplika daitezke; hots, suedierazko ni izenordain begirunezkoaren zorte txarra dakarkigu gogora (cf. II.9.2.5).

Bestalde, egia balitz berori izenordainaz baliatzen diren hegoaldeko euskaldun batzuek beroriek plurala “falta” dutela edo ezagutu arren ozta-ozta erabiltzen dutela, orduan halakoentzat IV. tipoa (3/1) jarri beharko genuke eta Ameriketako lurralde batzuetan erabiltzen den paradigma hirukoitzaren (tu-vos-usted/ustedes) antzekoa genuke (hi-zu-berori/zuek). Hemen dugun arazoak italierarena dakarkigu gogora: italierazko gramatika-liburu gehienetan paradigma laukoitz (2/2) biribil eta orekatsua aurkezten da (tu-lei:voi-loro), baina praktikan singularreko eta pluraleko aurkakotasunen arteko parekotasuna itxurazkoa da, zeren eta pluraleko forma begirunezkoa (loro) nahiko marjinala baita (cf. II.3.3). Hegoaldeko plural hiperbegirunezkoaz (beroriek) beste hainbeste esan liteke, singularreko berori bazterrekoa bada, haren pareko plurala askoz bazterrekoagoa delako.

Era berean, ekialdeko behenafarreraren paradigma (hi-xu-zu/zuek) Robinsonen IV. tipoari (3/1) dagokio; eta egituraz, tuteoa eta voseoa gorde dituzten lurralde amerrikarretako sistemaren (tu-vos-usted/ustedes) antzekoa da.

Gainera, hegoaldeko eremu dialektalean badira “A”ren paradigma “soildu” edo “bakunduez” (“A1”, “A2”, “A3”) baliatzen diren euskaldun ugari. Beroriketa galzorian dela kontuan izanik, aipagarriak dira bereziki “A1” eta “A3” azpisistema bakunagoak. Izan ere, hegoaldeko bi paradigma hauek (hi-zu/zuek; zu/zuek) iparraldeko eremu handi bateko (L, MBN…) berberak dira (“A1”=“B” eta “A3=“B1”) eta, zalantzarik gabe, euskal hiztun-kopuru handiena bereganatua dute.

  • “A1” (=“B”) paradigma, Robinsonek aipatzen duen II. tipoari (2/1) dagokio; eta II. tipoaren barruan, anbiguotasunik ez duen neurrian, frantses, suediera, norvegiera, errusiera… bezalako hizkuntzetatik aldentzen da, egituraz eta formaz Rossellóko katalanarekin (tu-vós/vosaltres) berdintzeko
  • “A3” (=“B1”) paradigma “soildua” (zu/zuek), Robinsonen I. tipoari dagokio (1/1); gero eta hedatzenago doa, hiketaren eta beroriketaren galeraren ondorioz

Labur bilduz, tratamendu-izenordainen sistemari gagozkiola, euskarak ez du berezitasun nabarmenegirik sartaldeko hizkuntzen aldean. Alde horretatik, askozaz deigarriagoak begitantzen zaizkigu japoniera bezalako sortaldeko zenbait hizkuntza, non tratamendu-izenordainen jokoa askoz ugariago eta korapilatuagoa baita (cf. II.14.2). Dena dela, hala hegoaldeko euskalkietan nola EBNz azpimarkatzekoa da singularrean egiten den bereizketa hirukoitza; bereizketa hirukoitz hau inguruko hizkuntza ezagun gutxitan ageri da (katalana, errumaniera, Ameriketako espainiera dialektala, hindiera, tamilera, hizkuntza dravidiarretan eta hungarieraz) eta haietariko batzuetan (italiera dialektala, katalana, poloniera) ez-egonkortasuna eta bitasuneranzko joera nabaritzen da sisteman:

  • italieraz: tu/voi/lei > tu/lei
  • katalanez: tu/vós/vostè > tu/vostè hirietan eta tu/vòs nekazari-inguruneetan
  • polonieraz: T-V-P > T-V edo T-P

Hegoaldeko euskaran ere eta ondorioz, euskararen eremu zabalenean, inguruko hizkuntza indoeuropar gehienetan bezala, oso nabaria da eredu bikoitzeranzko joera singularrean (hi/zu/berori > hi/zu); pluralean, tratamendu-bereizketarik eza (zuek) da arau hedatuena.

Izenordainen mailan, dena dela, azpimarkagarria da euskalkiaren eta hiztunaren araberako paradigma-aniztasuna, dialekto berean (demagun bizkaieraz) Robinsonek aipatzen dituen tipo ia guztiak gertatzen direlako:

  • I (1/1): zu/zuek
  • II (2/1): hi-zu/zuek
  • III (2/2): zu-berori/zuek-beroriek
  • IV (3/1): hi-zu-berori/zuek
  • V (3/2): hi-zu-berori/zuek-beroriek

Bukatzeko, gainera dezagun euskaraz,

a) sortaldeko hizkuntza batzuetan ez bezala, bigarren pertsonan baizik ez dagoela izenordain-mailaketarik;

b) nahitaez, izenordain-hautaketa (aditzaren inflexioan ageri dena) egin beharra dagoela edo bestela esateko, Brasilgo eta sortaldeko hizkuntza batzuetan ez bezala (japoniera, kasu), “zero” izenordainik ez dagoela.

c) portuges, suediera eta sortaldeko hizkuntza batzuetan ez bezala, tratamendu-izenordainen zeregina betetzen duen izenordain “aizunik” (titulu, ahaidetasun-termino eta antzekorik) ez dagoela.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Kidetasunak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3