Atal honetan tipologiaren ikuspegitik aztertuko dugu euskararen tratamenduen gaia; alegia, beste hizkuntza batzuekin alderatuz. Agerian utziko ditugu tratamenduen arloan euskarak dituen berezitasunak. Eskema honen arabera garatuko dugu euskararen berezitasun tipologikoen atala:
BEREZITASUNAK
Orain artekoa pertsona-izenordainen deskribapen laburra dugu, baina bada kontuan hartu beharreko bigarren alderdi bat, aditzarekiko komunztadura, hain zuzen ere. Hainbat hizkuntzatan gertatzen den bezala, izenordainok pertsona- eta numero-komunztadura dute aditzarekin. Zu izenordain begirunezkoak, frantsesezko vous-ekin gertatzen denaz bestaldera, bakarrik singularrerako balio du, baina izatez eta formaz plurala denez gero (ikus bedi goiko 1. taulan pluraleko izenordainen antza duela), adizkeran bigarren pertsonako indizearekin batera numero-indizea ere (pluralgilea) utzi ohi du. Hiperbegirunezko berori, goiko 2. taulan zinezko pertsona-izenordainak diren hi eta zu-rekin batera azaldu dugun arren, izatez izenordain-balioaz edo zereginaz erabil daitekeen erakusle indartuetariko bat (Euskaltzaindia, 1985:77;147) da eta horrenbestez hirugarren pertsonaren komunztadura dagokio aditzean.
Orain arte aipaturiko komunztadura-kasuak “arruntak” dira, inguruko hizkuntzetan aurki daitezkeenen modukoak, baina hi izenordain lagunartekoaren inguruan komunztadura-gertakari korapilatsuagoak sortzen dira.
Gogora ditzagun komunztadura-gertakari nagusiak:
Adibidez, a) bihar euria eginen dik eta b) bihar euria eginen du perpausak berdinak dira argumentu-kopuruari eta argumentu-egiturari bagagozkie, baina adizkera desberdinak dituzte: lehenean bigarren pertsonari dagokion indize bat agertzen da (-k), nahiz eta bigarren pertsona hori ez den inondik inora perpauseko aktante edo partehartzailea; bigarren adizkeran, berriz, ez dago bigarren pertsonako indizerik.
Bukatzeko, hi izenordainaren aukerak berekin, nahitaez, besapean bezala, komunztadura alokutiboa dakarrela gaineratu beharra dago; hau da, adizkera alokutiboaren erabilera ez da aukerakoa, hi-kako tratamenduaren hautaketari itsatsita bezala doan zerbait baizik. Horregatik, hirekin etorri nauk (nauk = alokutiboa) ongi eratuta dago, baina gaizki eratuta legoke adizkera alokutiboa erabili ezik: *hirekin etorri naiz.
Lehen begiratu batean, `alokutibo' (+/-) tasunaren arabera jokatutako bi aditz-sail desberdin ditugu euskaraz aurrez aurre: alde batetik, alokutiboak (nauk/naun, zeukeat/zeukenat, zetorrek/zetorren…); eta bestetik, “neutroak”, alokutibo ez direnak, euskaraz “eztabadakakoak” deituak (naiz, daukat, dator…). Puntu honetara helduak garela, batek galde lezake ea bigarren pertsona argumentalari dagozkion adizkerak (haiz, daukak/daukan, datorkik/datorkin…) alokutibotzat ala eztabadakakotzat (neutrotzat) hartu behar diren. Bada, ez batak, ez besteak ez dirudite erantzun gogobetegarriak. Bigarren pertsona argumentala duten adizkerak neutroak dira (Schuchardt, 1893) alokutibo/ez-alokutibo aurkakotasunarekiko.
Labur dezagun korapilo hau askatzera eraman gaitzakeen arrazoibidea (Oihartzabal, 1992). “A priori” soluziobide bi horietako bat izan liteke merkeen edo ekonomikoena, aditzean bikoiztasuna ezartzen dutelako eta ez hirukoiztasunik edo partiketa konplexuagorik. Adibidez, “a priori”, tentatuta geundeke bigarren pertsonako adizkerak alokutibotzat hartzeko, esanez horrelako adizkerek berez dutela agerian solaskideari dagokion indizea (haiz, daukak, datorkik…) eta ondorioz, alokutibotasun berezkoa dutela. Gauzak horrela balira, honelako arau orokor batez adieraz liteke alokutibotasuna:
Ikus dezagun orain ea holako erregela single batez datu enpirikoen berri eman daitekeen ala ez. Jakina denez, bigarren pertsona pluralari (zuek) bi eratako osaera edo egiturak dagozkio:
Lehen kasuan, teorian ezin da alokutiborik agertu, alokutiboa solaskide bakarra deneko egoerara mugatua delako; baina bigarren testuinguruan bai; bada, bi testuinguru hauen arteko bereizketa alokutiboari esker egin daiteke, hurrengo perpausetan ikusten denez:
Goiko arau orokorraren arabera (“adizkera jokatuetan solaskideari dagozkion indizeak ager bitez”), pluraleko bigarren pertsona argumentala duten perpausetan ere, era berean hots, alokutibotasunaren bitartez egin beharko litzateke solaskide-kopuruari buruzko bereizketa (solaskide bat baino gehiago/solaskide bakarra); baina datuek gezurtatu egiten digute predikzio hori. Hurrengo perpausetan (3a,3b) solaskide bakarra dago eta, (2a)n bezalaxe, (1)eko araua aplikatuz, bigarren pertsona pluralekoaren adizkeran (zaituztet) solaskideari dagokion indizea sartzen badugu, gaizki eratutako forma lortuko dugu (3a: *zaitiatet); hala ere, solaskide bakarra izanik, (1)en arabera ongi eratuta egon behar luke. (3b) da zuzena den bakarra eta bertako adizkeran bigarren pertsona argumentalak duen indizeak (zaituztet) ez du hikako indizerik erakusten, nahiz eta hiztunak hikako tratamendua aukeratu duen.
Beraz, (1) arau singlea gezurtatuta geratzen da eta ondorioz, bigarren pertsona argumentalari dagozkion adizkerak alokutibo/ez-alokutibo aurkakotasunetik kanpo geratzen direla onartu beharko dugu, hirugarren adizkera-sail bati atea irekiz.
Ondorioz, bi gabe, hiru adizkera-mota bereiztea komeni da; hurrengo hirurak, hain zuzen (Lafon, 1959:106; Oihartzabal, 1992):
Euskal aditzaren morfologia deskribatzerakoan funtsezkoa da alokutiboak eta bigarren pertsona argumentala duten adizkerak elkarrengandik bereiztea. Izan ere, bigarren pertsona alokutiboaren eta bigarren pertsona argumentalaren artean morfosintaxizko desberdintasun nabarmenak daude (Oihartzabal, 1992):
Orain arte esanak gogoan harturik, agerikoa da euskal aditz arrunt baten paradigman tratamendu-bereizketak zuzen eta egoki jasotzeko dugun zailtasuna. Beheko taulako lehen eta bigarren paradigmek elkar osatzen dute: lehenengoa hi izenordainik gabekoa da, ondorioz, alokutiborik gabekoa eta zu-kako tratamenduari (ez-alokutiboari edo eztabadakakoari) dagokio; bigarrena hi-kako tratamenduari (hiketa edo hitano deritzogunari) dagokio eta ikus daitekeenez, bi eratako adizkerak biltzen ditu, bigarren pertsona argumentaldunak (hi izenordainarenak) eta alokutiboak. Elkarren osagarri gertatzen diren bi paradigma horiek erabilerazko irizpideen arabera eraiki dira, baina, bistan denez, morfologiazko erregulartasun nabarmenak galdu dituzte. Hirugarren paradigmari (pertsona erreferentziala zenbaki erromatarrez eta pertsona gramatikala zenbaki arruntez adierazi dira) antzeko zerbait gertatzen zaio, bigarren pertsona erreferentzialeko tratamendu-aniztasuna jaso badu ere. Eta denetarik, laugarren paradigma da morfologiazko erregulartasunak ondoen jasotzen dituena, nahiz hizketarako edo ariketaren ordurako erabilerazko arauak (bigarren paradigman ematen direnen modukoak) behar dituen osagarri.
4. TAULA (Rebuschi, 1984:483,498;495-496)
Bestalde, perpaus barneko pertsona-komunztaduraz gain, perpausen arteko tratamendu-koherentzia bete behar da esaldi onargarriak lortzeko. Horrela (ik. Rebuschi, 1984:499), hurrengo perpaus koordinatuetako batzuk (3,4a,4b) ez dira onargarriak euskaraz, tratamenduzko parekotasunik edo egokitasunik ez dagoelako, edo hobeto esateko, batean hautatu tratamenduari hurrengoan eusten ez zaiolako. (6a) perpausa ez litzateke onargarria, printzipioz, hiketa hiztunak solaskide bakarra duen testuingurura mugatua dagoelako.
Orain arte pertsona-izenordainak eta hikako alokutibotasuna aipatu ditugu, baina egoera korapilatuago bihurtzen da ekialdeko euskalkietan, non alokutibotasuna, hikakoaren ereduari jarraituz, zu eta xu pertsona-izenordainetara zabaldu baita. Hizkera hauetako adizkera jokatuetan ageri den bigarren pertsona alokutiboaren indizea, ergatibo edo datiboarekiko komunztaduran agertzen den berbera da: -zu (-zü, -zi euskalkien arabera) eta -xu. Horrela, dago adizkera neutroaren hikako forma alokutiboa diagok/diagon baldin bada, zukako eta xukako adizkera alokutiboak diagozu eta diagoxu ditugu hurrenez hurren, solaskidearen sexuaren araberako bereizketa morfologikorik gabe. Ondorioz, morfosintaxiaren ikuspegitik euskararen tratamenduen berri ematerakoan, pertsona-izenordainak ez-ezik, alokutibotasuna ere kontuan hartu beharko da. Are gehiago, pragmatikaren ikuspegitik ere funtsezko gerta daiteke bi alderdiok gogoan hartzea (cf. X.1).
Ez dugu atal hau bukatu nahi, hika, zuka eta xukako adizkera alokutiboak euskararen ezaugarri bereizgarriak direla azpimarkatu gabe (Bonaparte, 1862:21; Schuchardt, 1925 Primitiae…:68; Azkue, R. M., 1923:&828; Lafon, 1951a:22; etab.). Batera euskal dialektologiaren aitzindari eta gailurra izan den L.L. Bonaparte printzeak nabarmendu zuenez,
(Bonaparte, Langue basque et langues finnoises, 21)
eta Azkuek ohartarazi zuenez,
Beraz, alokutibotasuna euskararen ezaugarri deigarri eta bereizgarria da inguruko hizkuntzen ikuspegitik.
Esanak esan, Azkueren eta Bonaparteren adierazpen biribilegiak (“exclusifs au basque”, “jamás ha llegado hasta nosotros noticia de que haya una sola que distinga…” etab.) gezurtatuta geratu dira gaur egungo emaitzez. Alde batetik, gaur egun, badugu tratamendua(k) solaskidearekiko harremanaren arabera egituratzen d(it)u(z)ten hizkuntza batzuen berri. Ildo horretan, autore batzuek (Comrie, 1976; Brown and Levinson, 1987:180) hiru trataera- edo ohoragarri-mota( ) bereizi dituzte oinarritzen direneko ondoko hiru ardatzen arabera:
Comrieren arabera (1976), hainbat hizkuntzaren deskribapen tradizionaletan nahastean edo bereizkuntzarik egin gabe aipatu izan dira lehen eta bigarren ohoragarri-motak. Esaterako, solaskidearekiko ohoragarrien artean japoniar (cf. II.14.1), javatar( ), korear (cf.II.15) eta maduratarren “estiloak” edo “solas-mailak” (“speech levels”) dirateke aipagarri (Comrie, 1976; Brown; Levinson, 1987:180); baina hizkuntza berberetan “ohoragarrriak” deiturikoak (japonierazko adierazpide apal, neutral eta jasoa, adibidez), bigarren sailekoak dirateke, hots, erreferentearekiko ohoragarriak. Zirkunstante edo hirugarrenekiko ohoragarrien artean, Qweensland-eko Dyirbal hizkuntzan, amaginarreba aurrean dagoela erabiltzen den hizkera-moldea dateke aipagarri.
Europako T/V (latinezko tu/vos izenordainen laburdura sinbolikoak lagunarteko eta begirunezko tratamenduak adierazteko, Brown and Gilman, 1960) izenordainen bidezko tratamenduak direla eta, Comriek uste du bigarren sailekoak, hots, erreferentearekiko ohoragarriak direla eta ez, lehen begiratuan pentsa litekeenez, lehen sailekoak. Hona hemen, Comrieren ustea laburbiltzen duen Brown eta Levinsonen iruzkina:
(Brown and Levinson, 1987:180; azpimarkatua geurea da)
Esate baterako, tamilera hizkuntzan ba omen da zukako alokutiboaren oihartzuna dakarkigukeen era alokutibo berezi bat (aditzarekikoa soilik ez bada ere). Hona hemen, haren deskribapena:
(Brown and Levinson, 1987:180; azpimarkatua geurea da)
Comrieren azalpen-sailkapena gaizki ulertzeko arriskua dagoenez, esan dezagun aurrera baino lehen, berak bereizten dituen hiru ardatzak (hiztun-solaskide, hiztun-erreferente, hiztun-zirkunstante), trataerak edo ohoragarri-motak bereizteko, mugatzeko eta sailkatzeko irizpide bat besterik ez direla; hots, sailkapen hirukoitz horrek ez du balio tipologikorik izan nahi. Ondorioz, hizkuntza jakin batean sail bateko baino gehiagoko trataerak ager daitezke: japonieraz, adibidez, estiloak edo solas-mailak (lagunartekoa edo laua, kortesiazkoa, begirunezkoa) `solaskidearekiko ohoragarriak' dira eta adierazpideak (apala, neutrala, jasoa) `erreferentearekiko ohoragarriak'. Bigarrenik, gainera dezagun Europako hizkuntzei buruzko oharpena guztiz zehatza dela, T/V sistemara, hots, izenordainen bidezko tratamenduen sistemara murriztua baita.
Azken baieztapen hau (alegia, sartaldeko hizkuntza indoeuroparrek, solaskidea aipatu gabe, berarenganako begirunea adierazterik ez daukatela dioena), onartezina iruditzen zaio Rebuschiri (1984) eta honako argudio hau darabil Comrieren oharpena gezurtatzeko (Rebuschi, 1984:546-547):
Hortaz, Rebuschik bere VIII. kapituluko ondorioen atalean, ukatu egiten dio euskal alokutibotasunari Comrieren ohoragarrien sailkapenak aitor liezaiokeen berezitasuna. Gure ustez, ordea, ukaezina da euskal alokutibotasunaren izaera berezia inguruko hizkuntzen aldean eta ukaezina, orobat, beraren antzekotasuna urrutikoa eta partziala bada ere Asiako hegoaldeko hizkuntza batzuekin.
Hasteko, Rebuschiren lehen eragozpenak (lexikoari buruzkoa) gezurtatu beharrean, baieztatu egiten du Comrieren interpretazioa: Europako hizkuntzetan T/V tratamendu-izenordainen sistemaren barne (hots, izenordainak eta aditzarekiko komunztadura direla medio eta bestelako baliabide lexikaletara jo gabe!), ez dago solaskideari begirunea adierazterik, solaskidea bera erreferentetzat hartu gabe. Bigarrenik, euskararen eta inguruko hizkuntza (indo)europarren arteko parekatze horrek huts egiten duelakoan gaude: alde batetik, egia da euskaraz, frantsesez bezala, tratamenduari begira `hiztun-solaskide' dela ardatz erabakigarria; baina beste alde batetik, euskara da, aditz-joko alokutiboen bidez, /L'= erreferentea/ “kointzidentzia” hausten deneko hizkuntza europar bakarra.
Beraz, gure ustez, Comrieren ohoragarrien sailkapenaren argitan, euskarak salbuespena dirudi bere inguruko hizkuntzen aldean, hiztunak T/V sistemaren barne solaskidearenganako begirunea adieraz dezakeelako eta alokutibotasunaren bidez (+/-: baia/eza) sistematikoki horixe adierazten duelako solaskidea erreferentetzat hartu gabe. Alde horretatik, nahiko harrigarria da japonierazko eta euskarazko (EBN, cf. X) hurrengo perpaus kopulatiboen arteko parekotasuna:
Antzekotasunak antzekotasun, euskara ezin da jarri `solaskidearekiko ohoragarriez' horniturik dauden sortaldeko hizkuntzen maila berean. Eta hori arrazoi nagusi batengatik, hots, `alokutibotasuna' eta `tratamendua' maila desberdineko nozioak direlako edo, beste hitzez esateko, aditz-joko alokutiboak berez tratamenduak ez direlako: japoniera bezalako hizkuntzetan tratamendu-izenordainen sistema eta solas-mailena autonomoak dira, elkarren artean loturaren bat izan badaiteke ere; euskaraz, berriz, aditz-joko alokutiboak ez dira tratamendu-izenordainen sistemarekin zerikusirik ez duten baliabide beregainak, guztiz alderantziz baizik. Hain zuzen ere, aditz-joko alokutiboak, tratamendu-izenordainen mailan egindako aukerari (hi/xu/zu) loturik dauden elementuak izaten dira gehienetan. Beraz, euskalki guztietan hi izenordainaren aukerak ezinbestean dakar berekin hikako aditz-joko alokutiboarena, EBNz xu izenordainaren aukerak xukako alokutiboarena dakar eta zuberoeraz zu izenordainaren aukerak zukako alokutiboarena.
Gauzak horrela, oro har, argi dago euskal T/V sistema berezia dena: batetik, inguruko hizkuntzetan aurki daitezkeenen tankerakoa da, izenordainetan-eta `hiztun-erreferente' ardatzaren arabera eraikitzen delako; bestetik, badu Asiako hego-sortaldeko hizkuntza batzuen antza, aditz-joko alokutiboen bidez `hiztun-solaskide' ardatzari sarbidea ematen diolako. Beraz, alokutiboekiko euskal tratamenduak, oro har, ez lirateke bete-betean Comrieren lehen sailean sartuko (hiztun-solaskide ardatzaren araberako `solaskidearekiko trataerak'), ezta bigarren sailaren barruan ere (hiztun-erreferente ardatzaren araberako `erreferentearekiko trataerak'). Hau da, Comrieren lehen eta bigarren ohoragarri-motetatik zerbait duen bitarteko eredua litzateke euskararena.
Ondorioz, pertsona-izenordainak eta alokutibotasuna direla medio, hainbat konbinaketa eta tratamendu-bereizketa sortzen dira euskalki desberdinetan. Tratamendu-ugaritasun eta aniztasun hau euskararen ezaugarrietako bat da, sortaldeko beste hizkuntza batzuetan bezala (Jensen, 1981:53) tratamendu-sistema korapilatuak bakuntzeko joera bada ere.
— Egilea: Xabier Alberdi
lanaren aipamena nola egin...