Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:3:4

Ondorioak

1) Hegoaldeko euskal tratamendu-izenordainen sisteman, hiru maila bereizten dira singularrean eta bi pluralean. Beraz, singular eta pluralaren arteko erlazioari begira, Robinsonek aipatzen duen V. tipokoa (3/2) dateke. Hala eta guztiz ere, ez du Indiako hiz¬kuntzen (hindiera, tamilera…) antzik eta formari begiratuta, hizkuntzaren batekin parekatzekotan, errumanierarekin baino ai¬seago, katalanarekin (tu-vós-vostè/vosaltres-vostès) parekatuko genuke. Begirunea adierazteko hizkuntz baliabideen erabilpenari begira, Josephek (1987:262) hizkuntza indoeuroparretan aipatzen duen laugarren tipokoa litzateke, hots, sistema “nahasia”, batera numero-aldaketaz (pluraltasuna) eta pertsona-aldaketaz (bigarrenetik hirugarrenera) baliatzen delako.

Edonola ere, erabileraren ikuspuntutik, hegoaldeko euskararen hirugarren maila (beroriketa) ez da parekagarria beste hizkuntza batzuetako “hiperbegirunezko” tratamenduarekin. Izan ere, beste hizkuntzetan tratamendu-izenordainak (adibidez, katalanezko vostè, errumanierazko dumneavoastra, hindierazko ap, Ameriketako espanierazko3 usted) nagusiki erabilera simetrikoaren arabera erabiltzen dira eta ez, gaurko euskal beroriketa bezala, nahitaez harreman asimetrikoetan.

Ekialdeko behenafarreraren paradigma (hi-xu-zu/zuek) Robinsonen IV. tipoari (3/1) dagokio; eta egituraz, tuteoa eta voseoa gorde dituzten lurralde amerrikarretako sistemaren (tu-vos-usted/ustedes) antzekoa da.

Gainera, hegoaldeko eremu dialektalean badira “A”ren paradigma “soildu” edo “bakunduez” (“A1”, “A2”, “A3”) baliatzen diren euskaldun ugari. Beroriketa galzorian dela kontuan izanik, aipagarriak dira bereziki “A1” (hi-zu/zuek) eta “A3” (zu/zuek) azpisistema bakunagoak. Izan ere, hegoaldeko bi paradigma hauek iparraldeko eremu handi bateko (L, MBN…) berberak dira eta, zalantzarik gabe, euskal hiztun-kopuru handiena bereganatu dutenak.

Labur bilduz, tratamendu-izenordainen sistemari gagozkiola, euskarak ez du berezitasun nabarmenegirik sartaldeko hizkuntzen aldean. Alde horretatik, askozaz deigarriagoak begitantzen zaizkigu japoniera bezalako sortaldeko zenbait hizkuntza, non tratamendu-izenordainen jokoa askoz ugariago eta korapilatuagoa baita (cf. II.14.2). Dena dela, hala hegoaldeko euskalkietan nola EBNz azpimarkatzekoa da singularrean egiten den bereizketa hirukoitza; bereizketa hirukoitz hau inguruko hizkuntza ezagun gutxitan ageri da (katalana, errumaniera, Ameriketako espainiera dialektala, hindiera, tamilera, hizkuntza dravidiarretan eta hungarieraz) eta haietariko batzuetan (italiera dialektala, katalana, poloniera) ez-egonkortasuna eta bitasuneranzko joera nabaritzen da sisteman. Hegoaldeko euskaran ere eta ondorioz, euskararen eremu zabalenean, inguruko hizkuntza indoeuropar gehienetan bezala, oso nabaria da eredu bikoitzeranzko joera singularrean (hi/zu/berori > hi/zu); pluralean, tratamendu-bereizketarik eza (zuek) da arau hedatuena.

Izenordainen mailan, dena dela, azpimarkagarria da euskalkiaren eta hiztunaren araberako paradigma-aniztasuna, dialekto berean (demagun bizkaieraz) Robinsonek aipatzen dituen tipo ia guztiak gertatzen direlako: I (1/1): zu/zuek; II (2/1): hi-zu/zuek; III (2/2): zu-berori/zuek-beroriek; IV (3/1): hi-zu-berori/zuek; V (3/2): hi-zu-berori/zuek-beroriek.

Bukatzeko, gainera dezagun euskaraz

a) sortaldeko hizkuntza batzuetan ez bezala, bigarren pertsonan baizik ez dagoela izenordain-mailaketarik;

b) nahitaez, izenordain-hautaketa (aditzaren inflexioan ageri dena) egin beharra dagoela edo bestela esateko, Brasilgo eta sortaldeko hizkuntza batzuetan ez bezala (japoniera, kasu), “zero” izenordainik ez dagoela.

c) portuges, suediera eta sortaldeko hizkuntza batzuetan ez bezala, tratamendu-izenordainen zeregina betetzen duen izenordain “aizunik” (titulu, ahaidetasun-termino eta antzekorik) ez dagoela.

2) Sexu-bereizketa, zalantzarik gabe, euskararen berezitasun nabarmenenetariko bat dugu (Lafon, 1944:407). Inguruko erdaretan ez bezala, lagunarteko bigarren pertsona argumentalari (hi izenordainari) adizkeran dagokion komunztadurako pertsona-indizearen bidez, ergatibo edo datiboarekiko komunztadurakoa bada hots, aurrizkia ez bada, solaskidearen sexua ere bereizten da: -k (-k-) erabiltzen da gizonezkoentzat eta -n (-n-) emakumezkoentzat, adibidez, (hik) dakik/dakin, (hiri) datorkik/datorkin. Bereizketa hau ez da generozkoa, trataera linguistikoa (gizonezkoekikoak dirudi termino markatugabea eta emakumezkoekikoak termino markatua, Lafon, 1944; 1957; 1959) duen sexuzko bereizketa bat baizik; izan ere, bigarren pertsonako adizkera batzuetara mugatua dago ez da izen eta izenordainetan ageri eta horrek ezinezkoa egiten du genero gramatikalaz mintzatzea (Rebuschi, 1984:506).

3) Aipatu sexu-bereizketa euskararen bereizgarria bada, alokutibotasuna da bereizgarriena( ) (Bonaparte, 1862:21; Schuchardt, 1925 Primitiae…:68; Azkue, R. M., 1923:&828; Lafon, 1951a:22; etab.). Komunztadura-gertakari bitxia da eta honetan datza: bigarren pertsonakoak ez diren adizkera jokatuetan ere, hots, solaskidea perpauseko partehartzaile ez den kasuetan ere, bigarren pertsonaren (hi-ren) indizea (ergatibo edo datiboarekiko komunztaduran agertzen den berbera: -k/-n) agertu behar da, mintzoa edo jarduna, solaskideari zuzentzen zaiola agertarazi nahiko balitz bezala: adibidez, dago —> diagok/diagon. Azken adizkera jokatu hauek “alokutiboak” deituko ditugu eta zehatzago honela definitzen dira: bigarren pertsonari dagokion pertsona-indizea agertzen dutenak, bigarren pertsona hori, berez, aditzari dagozkion argumentuetarik bat ez izanik ere (Oihartzabal, 1992).

Hi izenordainaren aukerak berekin, nahitaez, besapean bezala, komunztadura alokutiboa dakar; hau da, adizkera alokutiboaren erabilera ez da aukerakoa, hi-kako tratamenduaren hautaketari itsatsita bezala doan zerbait baizik. Horregatik, hirekin etorri nauk (nauk = alokutiboa) ongi eratuta dago, baina gaizki eratuta legoke adizkera alokutiboa erabili ezik: *hirekin etorri naiz. Beraz, hikako alokutiboek solaskidearen sexua bereizteaz gain, lagunartekotasuna adierazteko zeregina betetzen dute.

Euskal aditzaren morfologia deskribatzerakoan funtsezkoa da alokutiboak eta bigarren pertsona argumentala duten adizkerak elkarrengandik bereiztea. Izan ere, bigarren pertsona alokutiboaren eta bigarren pertsona argumentalaren artean morfosintaxizko desberdintasun nabarmenak daude (Oihartzabal, 1992). Ondorioz, alokutibotasuna irizpidetzat harturik, bi gabe, hiru adizkera-mota bereiztea komeni da; hurrengo hirurak, hain zuzen (Lafon, 1959:106; Oihartzabal, 1992): a) alokutiboak, bigarren pertsona alokutiboaren indizea dutenak (nauk/-n, duk/-n…); b) eztabadakakoak edo neutroak, bigarren pertsonako indizerik ez dutenak (naiz, da…); c) bigarren pertsona argumentalaren indizea dutenak (haiz, zarete…).

Orain arte pertsona-izenordainak eta hikako alokutibotasuna aipatu ditugu, baina egoera korapilatuago bihurtzen da ekialdeko euskalkietan, non alokutibotasuna, hikakoaren ereduari jarraituz, zu eta xu pertsona-izenordainetara zabaldu baita. Hizkera hauetako adizkera jokatuetan ageri den bigarren pertsona alokutiboaren indizea, ergatibo edo datiboarekiko komunztaduran agertzen den berbera da: -zu (-zü, -zi euskalkien arabera) eta -xu. Horrela, dago adizkera neutroaren hikako forma alokutiboa diagok/diagon baldin bada, zukako eta xukako adizkera alokutiboak diagozu eta diagoxu ditugu hurrenez hurren, solaskidearen sexuaren araberako bereizketa morfologikorik gabe.

4) Beste hizkuntza batzuetan, adibidez indonesieraz edo portugesez, tratamendu-bereizketak neurri handi batean baliabide lexikalei loturik daude; euskaraz, berriz, tratamenduen adierazpena gehienbat baliabide morfologikoen bidez bereziki komunztadura-gertakarien bidez gauzatu da eta hain zuzen ere, morfologizazio horrexek bihurtzen du euskal tratamenduen gaia hain interesgarri egitura eta tipologiaren ikuspuntutik.

Gure ustez, Comrieren (1976) hiru ardatzen eta hiru ohoragarri-moten teoriaren argitan( ), euskarak salbuespena dirudi bere inguruko hizkuntzen aldean, hiztunak T/V sistemaren barne solaskidearenganako begirunea adieraz dezakeelako eta alokutibotasunaren bidez (+/-: baia/eza) sistematikoki horixe adierazten duelako solaskidea erreferentetzat hartzeko beharkizunik gabe. Alde horretatik, nahiko harrigarria da japonierazko eta euskarazko (EBN, cf. X) hurrengo perpaus kopulatiboen arteko parekotasuna:

Antzekotasunak antzekotasun, euskara ezin da jarri `solaskidearekiko ohoragarriez' horniturik dauden sortaldeko hizkuntzen maila berean. Eta hori arrazoi nagusi batengatik, hots, `alokutibotasuna' eta `tratamendua' maila desberdineko nozioak direlako edo, beste hitzez esateko, aditz-joko alokutiboak berez tratamenduak ez direlako (cf. X.1): japoniera bezalako hizkuntzetan tratamendu-izenordainen sistema eta solas-mailena autonomoak dira, elkarren artean loturaren bat izan badaiteke ere; euskaraz, berriz, aditz-joko alokutiboak ez dira tratamendu-izenordainen sistemarekin zerikusirik ez duten baliabide beregainak, guztiz alderantziz baizik. Hain zuzen ere, aditz-joko alokutiboak, tratamendu-izenordainen mailan egindako aukerari (hi/xu/zu) loturik dauden elementuak izaten dira gehienetan. Beraz, euskalki guztietan hi izenordainaren aukerak ezinbestean dakar berekin hikako aditz-joko alokutiboarena, EBNz xu izenordainaren aukerak xukako alokutiboarena dakar eta zuberoeraz zu izenordainaren aukerak zukako alokutiboarena (cf. X.).

Gauzak horrela, oro har, argi dago euskal T/V sistema berezia dena: batetik, inguruko hizkuntzetan aurki daitezkeenen tankerakoa da, izenordainetan-eta `hiztun-erreferente' ardatzaren arabera eraikitzen delako; bestetik, badu Asiako hego-sortaldeko hizkuntza batzuen antza, aditz-joko alokutiboen bidez `hiztun-solaskide' ardatzari sarbidea ematen diolako. Beraz, alokutiboekiko euskal tratamenduak, oro har, ez lirateke bete-betean Comrieren lehen sailean sartuko (hiztun-solaskide ardatzaren araberako `solaskidearekiko trataerak'), ezta bigarren sailaren barruan ere (hiztun-erreferente ardatzaren araberako `erreferentearekiko trataerak'). Hau da, Comrieren lehen eta bigarren ohoragarri-motetatik zerbait duen bitarteko eredua litzateke euskararena.

5) Morfosintaxiaren ikuspegitik euskararen tratamenduen berri ematerakoan, pertsona-izenordainak eta bigarren pertsona argumentalarekiko komunztadura ez-ezik, alokutibotasuna ere kontuan hartu beharko da. Are gehiago, pragmatikaren ikuspegitik ere funtsezko gerta daiteke bi alderdiok gogoan hartzea (cf. X.1). Pertsona-izenordainak eta alokutibotasuna direla bide, hainbat konbinaketa eta tratamendu-bereizketa sortzen dira euskalki desberdinetan (cf. X). Tratamendu-ugaritasun eta aniztasun hau euskararen ezaugarrietako bat da, joera, sortaldeko beste hizkuntza batzuetan bezala (Jensen, 1981:53), tratamendu-sistema korapilatuak bakuntzekoa bada ere.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Ondorioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3