Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:4

Tratamenduen bilakaera (diakronia)

Artikulu honetan euskararen tratamenduen bilakaera aztertuko dugu: tratamenduen sorrerari eta bilakaerari buruzko hipotesi batzuk plazaratuko ditugu.
Meillet-en eta Mitxelenaren aipu banarekin emango diogu hasiera atal honi, azterketa diakronikoen zailtasunaz ohartzeko:

“De ce que la méthode comparative est la seule qui permette de faire l'histoire des langues il résulte que, tant qu'une langue est isolée, elle est dénuée d'histoire. Entre l'état du basque au XVIe siècle et l'état du basque aujourd'hui, il y a des différences; mais les changements ne sont pas essentiels; en substance, la langue est restée la même.” (Meillet, Michelena 1986tik jasotako aipamena)

  • “De ninguna manera se puede decir, por lo tanto, que el vasco carezca de historia: hablando con exactitud, lo más que se puede decir es que esa historia es corta en comparación con la de muchas otras lenguas y también, si se quiere, menos completa dentro del período sobre el cual nos informan los textos a causa de la escasez relativa de éstos. (…) Decir que los cambios documentados no son esenciales y que la lengua, en sustancia, sigue siendo la misma es otra manera de decir mucho más expuesta a malentendidos que esos cambios son pequeños, siendo así que habrían sido mayores de estar fechados los textos más antiguos cinco o diez siglos antes.” (Michelena, 1986:12)

Sarrera

Oro har, euskararen bakartasun linguistikoagatik, hizkuntzaren garai historikoaren (XVI-XX) laburragatik eta laburtasun horri sarritan lagundu ohi dion dokumentu-urritasunagatik, euskarari buruzko ikerkuntza historikoa eginkizun erraza ez bada, hemen aztergai dugun tratamenduen arloa zailenetakoa litzateke agian diakronia egiteko. Izan ere, esku artean erabili nahi dugun gaiaren inguruko lekukotasunak berankorrak izateaz gain, mugatuegiak dira garai historikoko bilakabidea urratsez urrats datatu ahal izateko. Ondorioz eta geure gogoz kontra, latinetikako hizkuntzetan tratamenduen bilakaeraz eskaini ohi diren zehaztasunetatik eta ziurtasunetik oso urruti ibiliko gara geure azterketa honetan, batzuetan zalantzen artean haztaka eta inoiz itsuka ere bai. Esan bezala, euskarazko dokumentu idatzi zaharrek ez digute ispilatzen bere osotasunean hizkuntzaren benetako errealitate soziala, erlijio-gaien ingurukoa izanik gure literatur tradizioan nagusiki erregistro jasoa ageri delako eta gurean literatura erromantzeetako urrezko antzerkigintzaren antzekorik izan ez delako. Hizkuntzaren historia eta aurrehistoria, hau da, ziurra eta gezurtagaitza elkarrengandik bereizten ahalegindu garen arren, behin baino gehiagotan garai historikoari buruzko hutsarte nabariekin topo egin dugu eta beldur gara nahi baino gehiagotan datatze historiko egiaztatuen ordez hipotesi hutsak, sinesgarriago edo sinesgaitzagoak, funtsatuago edo ez hain ongi funtsatuak, eskaini ez ote ditugun. Gauzak horrela, “ausardia” handiaren fruitu den gure lan hau euskal tratamenduen bilakaera argitzeko behin-behineko saiakera modura ulertu behar da; alde horretatik, ez litzateke bat ere harrigarria izango hemen aurreratutako hipotesi eta uste batzuk datu eta testu berrien argitan aldatu behar izatea.

Lehenengo eta behin, erabat hartuta euskararen garai historiko aski laburrean tratamenduei eragin izan dien aldakuntzarik gutxi gertatu dela aitortu beharra dago. Bigarrenik, ustez gertatutako bilakaera apur horiek dokumentuen bidez egiaztatzeko zailtasun eta eragozpen gaindiezinak aipatu behar dira: izan ere, lehen euskal lekukotasun idatzi garrantzitsuak atzo goizekoak dira (XVI. mendeko (1545) Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae dugu lehena); beste alde batetik, tratamenduen alderdi pragmatikoari bagagozkio, gure idatzizko tradizio literarioa mugatuegia dela aitortu behar da, ez baitu inondik inora ispilatzen euskal gizarte-bizitza bere osotasunean. Gure literatura tradizio zahar handiena erlijiozko gaien ingurukoa izanik eta antzerkigintza indartsu baten faltan egonik, neurri murritzegian eta zeharka baizik ez ditu jasotzen euskal gizarteko harremanak.

Gauzak horrela, hemendik aurrera eskainiko dugun diakroniazko ikuspegia ematerakoan, nahitaez eta gure gogoz kontra, gezurtatzen zail gertatzen diren hipotesi, uste eta zalantzen artean mugituko gara behar eta nahi genukeen baino gehiagotan.

1. Pluraltasuna begirunearen adierazgarri: "zu" izenordainaren jatorrizko pluraltasun ustezkoa eta haren singulartzea

Hizkuntzalariaren sena eta begi zorrotza izan dituzten gramatikari euskaldun eta kanpotar askok (Oihenartengandik hasita, Oyenart, 1638: 340; 352) agertu izan dute zu izenordainaren jatorrizko pluraltasunaren aldeko hipotesia.

R. M. AZKUEAntzina batean zu izenordaina (gaur singularreko bigarren pertsona begirunezkoa) plurala (lat. “vos”) izan zelako hipotesiaren alde eta zuek plural berritu edota berretua delako hipotesiaren alde honako argudio hauek eman daitezke euskararen morfologian oinarrituta (ik. Azkue, 1905-1906: “zu” sarrera):

  1. Forma edo morfologiaren aldetik, pertsona-izenordainak bi multzotan bana daitezke: alde batetik, singularrekoak, -i- erroa dutenak (ni, hi); eta bestetik, -u- erroa dutenak, pluralekoak edo noizbait plural izanak (gu, zu, zuek). Agerian dago batzuen eta besteen arteko antzekotasunik eza eta sail bakoitzekoen arteko antzekotasuna.
  2. Euskal aditz mugatuan pertsonaren adierazleak diren hizki batzuk (aurrizki, atzizki edota artizkiak) agertzen dira; eta pertsona-marka horiekin batera, pluraleko adizkietan, pluraltasunaren adierazle diren artizki batzuk, agertu ohi dira, honako hauek, hain zuzen ere (Euskaltzaindia, 1987:143-144):

A) NOR sintagmari dagozkion pluralgileak:

-z(ki)- (HURA guri) zaigu/ (HAIEK guri) zaizkigu
(NI hari) natzaio/ (GU hari) gatzaizkio…
-z- (HURA) doa/ (HAIEK) doaz
(NI) noa/ (GU) goaz…)
-tza- (HURA) dabil/ (HAIEK) dabiltza
(NI) nabil/ (GU) gabiltza…
-it- (HURA hark) du/ (HAIEK hark) ditu
(NI hark) nau/ (GU hark) gaitu…

Bada, pluralgileok, erreferentzia plurala duten gu (I'), zuek (II') eta haiek (III') sintagma absolutiboei dagozkien adizkeretan ez ezik, erreferentzialki singularra den zu sintagmari dagozkionetan ere agertuko dira: hortaz, zu izenordaina morfologikoki edo gramatikalki plural gisa (2') tratatzen da aditz jokatuetan, antzinatean benetako plurala izan zen seinale. Adibidez,

-z(ki)- (HI hari) joan hatzaio/(ZU hari) joan zatzaizkio
-z- (HI) hoa/ (ZU) zoaz
-tza- (HI) habil/ (ZU) zabiltza
-it- (HI hark) jo hau/ (ZU hark) jo zaitu
  • 3. Ez dirudi, bestalde, zuek izenordaina gainerako pluralak bezain zaharra denik eta hori honako arrazoi formal nagusi honengatik: gainerako izenordainek ez bezala eta batipat pluraleko izenordainek gu, zu ez bezala, erakusleen “deklinabide” pluralari jarraitzen diolako; zuek izenordainak zu formaren gainean eraikia dirudi, azken honi izenen morfologian pluraltasunaren ezaugarria den -k (< *-ag)( ) atzizkia erantsiz. Beste pertsona-izenordain guztiak, aldiz, “mugagabez” deklinatzen dira, hots, mugatzailerik gabe: kasu-marka hutsaren bidez.
  • 4. Goraxeago egindako baieztapenaren arabera zuek (II'-2'') izenordaina zu-ren (IIbis-2'ren) forma pluralizatua bada, gauza bera esan daiteke II'. pertsonako adizkerei buruz: azken hauek, pluralgile (inoiz pluralgile berretuaren) bidez, zu izenordainari dagozkion adizkien gainean eraikiak dirudite. Hau da, II'. pertsonako adizkerak morfologikoki IIbis-2'ren (zu-ren) plural gisa izan dira tratatuak euskal aditza jokatzerakoan; pluraleko lehen (I': gu) pertsonari dagozkion adizkerak, aldiz, erabat beregainak dira eta ez singularreko lehen pertsonako (I) adizkeretatik eratorriak. Aditzaren morfologian ageri den trataera berezi hau, II'. pertsonako adizkeren izaera eratorriaren alde edo haien “berritasunaren” alde mintzo dela deritzogu. Azter dezagun trataera morfologiko berezi hori zertan den.

Hirugarren pertsonako adizkera singularra eta plurala elkarrengandik bereizteko -(t)e pluralgilea erabiltzen da, hirugarren pertsona hori ergatiboa edo datiboa denean eta inoiz absolutiboa denean ere,

  • [hark] esan du/[haiek] esan dute
  • [hari] esan dio/[haiei] esan die < [dio+te]
  • [hura] dago/[haiek] daude < [dago+-de].

Bada, adizkera jokatuetan zu/zuek bereizketa hirugarren pertsonako pluralgile berberaren bidez (-(t)e-ren bidez) egiten da beti. Hala, bada,

  • (zu hari) joan zatzaizkio/ (zuek hari) joan zatzaizkiote,
  • (zu) zoaz/ (zuek) zoazte,
  • (zu) zabiltza/ (zuek) zabiltzate,
  • (zu hark) jo zaitu/ (zuek hark) jo zaituzte,

  • (zuri nik) esan dizut/ (zuei nik) esan dizuet,
  • (zuk hura) egin duzu/ (zuek hura) egin duzue,
  • (zuk hura) zenuen/ (zuek hura) zenuten,
  • (zuk hura niri) esan zenidan/ (zuek…) esan zenidaten…

Ageri denez, zuek sintagma absolutiboari dagozkion adizkietan (zatzaizkiote, zoaz-te, zabiltza-te, zaituzte) bi pluralgile metaturik ageri zaizkigu: bata, zaharra, zu pertsonarena (-zki-, -z-, -tza-, -it-) eta bestea, ustez berriagoa (-(t)e), II-2' (zu) pertsonako adizkiari erantsia. Beraz, zuek pertsonari aditzean eman zaion trataera morfologiko bereziak agerian uzten du bere izaera eratorria: zu pertsonari dagozkion adizkiei pluralgile berezi bat batzuetan bigarrena erantsiaz sortu bide dira pluraleko bigarren pertsonako adizkerak.

  • 5. Azkuek (1905-1906), aipatutakoez gainera, XIX. mendeko bizkaierazko idazle batzuen (J.A. Mogel, Fr. Bartolome) lekukotasuna dakar, zu-ren antzinako pluraltasunaren argudio frogagarri eta erabakigarritzat joaz. Idazle hauen idazlanetan, inoiz edo behin, formaz II-2' (zu) pertsonari dagozkion adizkerak esanahi plurala dutela, hots, pluraleko bigarren pertsona erreferentzialari (II'-ri) dagozkiola agertzen dira. Mitxelenak horrelako lekukotasuna aurkitu du Fr. Juan de Luzuriagak jasotako testu zaharrago (XVII) batean.

Bestalde, ikuspegi diakroniko zabalago batetik begiratuta, hizkuntza baten bilakaeraren lehen estadioetarako tratamenduaren araberako edo begirune-mailaren araberako bereizkuntza morfologiko garbiak postulatzeak nahiko hipotesi zentzugabea dirudi. Izan ere, oro har, tratamenduen bilakaera ezein hizkuntzatan, hizkuntzaren beraren bilakatzeko barne-egiturazko gaitasunen, hizkuntzaz kanpoko bilakaera historiko-sozialaren eta inguruko hizkuntzen eragin kutsakorraren emaitza izan daitekeela onartu ohi da. Hortaz, edozein hizkuntzarentzat, lehen estadioetan tratamenduaren aldetiko bereizketarik gutxi edo bat ere ez onartzen bada, euskararentzat ere antzeko soiltasuna proposatu beharko da, datu enpirikoek edota morfologiazko arrazoiek kontrako bidetik jotzera bultzatzen ez gaituzten bitartean, bederen.

Euskaraz ustez gertatu den bilakaera hau (pluralera jotzea begirunea adierazteko: II' ==⇒ II'/II-begirunezkoa) ez da zerbait arraroa, munduko hainbat hizkuntzatan bete den diakroniazko aldakuntza guztiz ohizkoa baizik. Tratamendu-mailak hizkuntzen eta batipat pertsona-izenordainen bilakaerarekin batera gauzatuz joan diren bereizketak dira. Eta hain zuzen, numeroa da (Head, 1978:190) izenordainen ezaugarririk erabiliena hainbat hizkuntzatan pertsona-izenordainen bidezko erreferentzian errespetu-mailak edo gizarte-tartea adierazten dituzten alternantziak sortzeko. Hainbeste hizkuntzak pluraleko izenordainera jo dute solaskideari begirune handiagoa agertzeko.

Headen (1978:157-158) arabera, arakaturiko ehunen bat hizkuntzaren artean asko dira bigarren pertsonako izenordainetan numeroaren aldaketaz baliatzen direnak solaskidearekiko errespetu-mailak edota gizarte-tartea adierazteko.

Zailagoa da, beharbada, deskribapenetik harantzago joanda, munduko hainbeste hizkuntzatan gertatutako bilakaera hau azaltzea. Zergatik jo izan da hainbestetan pluralera begirunezko tratamenduak adierazteko? Arrazoibide bat, gramatika-kategorien eta nozio-kategorien arteko analogien ildotik bila liteke. Horrela, tarte fisiko eta tarte sozialaren arteko analogiak erraz adieraz litezke gramatika-kategorien bidez: solaskidearen nortasuna zehazgabetuago geratzen da plurala erabiliz gero; pluraltasuna, handitasunaren metafora da; bigarren pertsona pluralaren eta singularraren artean metonimiazko erlazioa dago, bigarren pertsona singularra bigarren pertsona pluralaren osagai nozionaletako bat baita (II'= II+ […]; II'=II+[III+[…]]); etab.

Esan izan da zu izenordainaren singulartzea aldameneko hizkuntza erromantzeen eraginez gertatu dela, berrikitan gertatua dela( ), etab. Tratamendu-izenordainen bilakaeran hizkuntzen arteko ukipenaren, elebitasunaren eta elkar-eraginen garrantzia azpimarkatu ohi direnez, hipotesi nahiko arrazoizkoa izan daiteke pentsatzea euskarak bere bilakabidea [II'==⇒ II'/II-begirunezkoa] alboko hizkuntza goitarragoen eraginez egin zuela, hau da, Erdi Aroko frantsesaren (vous begirunezkoa, Chanson de Roland) edo okzitanieraren eta gaztelaniaren (vos begirunezkoa, Cantar del Mío Cid =1140) eraginez. Autore batzuek azaldu dutenez (Brown eta Gilman, 1960), Europan V begirunezkoa gorteetatik, goi-mailakoen artera eta hemendik herri xehera, hots, gizarte-gune oso hierarkizatuetatik hasita zabaldu baldin bazen, pentsatzekoa da euskarak T/V bereizketa Euskal Herrian bertan arrotzak ez ziren erdal hizkuntzetatik “jaso” zuela.

Hipotesiak hipotesi, euskal zuren bilakaeraren azken ondorioa, alegia, garai historikoaz geroztik ezagutzen duguna, ez da izan sinkretismoa. Hau da, beste hizkuntza indoeuropar askotan bilakaera honelakoxea izan zen (Joseph, 1987:262): II' ==⇒ II'/II-begirunezkoa. Azken hizkuntza hauek pluralera jo zuten, zeregin bitarako, hots, pluraleko bigarren pertsonarako (fr. vous) eta singularreko begirunezko bigarren pertsonarako (fr. vous) forma bakarra erabiliz.
Bada, euskara aurreko hizkuntzak baino urrunago joan da eta numerozko anbiguotasuna desegitea lortu du izenordain-sistemaren berregituraketa bati esker. Horrela, lehen aldi batean gorago aipatutakoaren antzeko bilakaera (II' ==⇒ II'/II-begirunezkoa) postula liteke antzinako euskararentzat; balizko garai horretan zu izenordainak balio bikoitza izango zukeen (II' eta II-begirunezkoa). Bigarren aldi batean, zu-k bere pluraltasuna galdu eta bigarren pertsonako izenordain plural berritu edota berretu baten bidez (zuek) lortuko zatekeen anbiguotasunaren oztopoa gainditzea (zu:II-begirunezkoa/zuek:II'). Badirudi, beraz, euskaraz izenordain pluralaren singulartzea eta plural berriaren sorrera (zuek: II'-2'') gertaera historiko lotuak eta jarraiak izan daitezkeela: seguruenik, plural berri edo berritua, antzinako izenordain plural ustezkoa (*zu:II') errespetuzko tratamendu gisa (II'/II-begirunezkoa) erabili izan zelako sortuko zatekeen. Ondorioz, zu izenordainaren bilakaera bi urratsetan burutuko zatekeen eta haietatik bigarren urratsa, zuek izenordainaren sorrerari lotua joango zatekeen:

*II' ==⇒ *II'/II-begirunezkoa ==⇒ II-begirunezkoa
1. *II' ==⇒ *II'/II-begirunezkoa
2. *II'/II-begirunezkoa ==⇒ II-begirunezkoa
(* ikurrak “hipotetikoa” edo “dokumentatugabea” esan nahi du)

Beste hizkuntza batzuek aurrerago jo dute, tratamenduen higadura-prozesuek eta adierazpen-premia berriek bultzatuta sistema osoa erabat berregituratzeraino: pluraleko izenordainek, solaskide bakarrari mintzatzerakoan begirunezko tratamendu gisa erabiliek, beren hasierako esanahi soziala (begirunea) eta beren hasierako numeroa (plurala) galduta, erabat hedatu dira hiztun bakarrarekin aritzeko (II' ==⇒ II'/II-begirunezkoa ==⇒ II); jakina, halakoetan, izenordain jatorriz plurala singular bihurtzean sortutako hutsunea, plural berri batez edota jatorriz plurala zenari pluralgileak erantsiz bete behar izan da. Orduan, plural berri edo berritua berriz ere errespetua adieraztera irits daiteke solaskide bakarrari mintzatzerakoan. Halako bilakaera gertatu bide da turkieraz, bengaleraz eta Indiako beste zenbait hizkuntzatan.

Hipotesiak hipotesi, euskararen garai historikoan ez dugu zu singular begirunezkoa besterik, hi lagunartekoaren aurrez aurre; ondorioz, zu izenordainaren singulartzearen hipotesia onartuta ere, ezinezkoa zaigu proposaturiko urrats biko bilakabide historikoa (1. *II' ==⇒ *II'/II-begirunezkoa; 2. *II'/II-begirunezkoa ==⇒ II-begirunezkoa) datatzea eta are gutxiago gezurtatzea.

2. Hirugarren pertsona begirunearen adierazgarri: "berori"

Berori izenordaina solas-maila gorenari dagokio hegoaldeko euskaran (hi < zu < berori) eta hirugarren pertsonako adizkerekin konbinatzen da. Salbuespenak salbuespen (Duvoisin), ez da erabilia izan mugaz bestaldeko idazleen artean.

Hitza osatzen duten morfemak ondoko hauek dira: ber- (gazt. “mismo”) eta -(h)ori (gazt. “ese”), bigarren graduko erakuslea. Errespetuzko tratamenduan pertsona-izenordainen zeregina betetzera iritsi den arren, berez eta jatorriz, erakusleen sailekoa da (Euskaltzaindia, 1985:77); izan ere, (h)au, (h)ori, (h)ura eta (h)auek, (h)oriek, (h)aiek erakusle bakunen aldamenean berau, berori, bera eta berauek, beroriek, beraiek erakusle “indartuak” (ber-)( ) daude euskaraz, lehenago aipaturiko zerbaiti edo norbaiti erreferentzia egitekoak (adibidez, aui lenengo seina izateko egoala, beroneni amorde sorgina… non beronen eta au formek erreferentzia bera duten edo hurrengo hau, egiunia egin eben ba, sosuak lortuteko txakurrarii beroneki nai eban gatzatu gustia, non beronek eta txakurrari erreferentziakide diren). Hortaz, ageri-agerian dago errespetuzko tratamenduko berori (II-hiperbegirunezkoa) eta beroriek (II'-hiperbegirunezkoa) formen jatorria: eskualde batzuetan oraindik ere bizi-bizirik dauden bigarren graduko erakusle indartuak berak dira, baina zeregin berezi baterako erabiliak, hots, tratamendu-izenordain bilakatuak.

Beroriren jatorrizko erakusletasuna azpimarkatzera datorren beste froga bat, Nafarroako haran batzuetan (Aezkoa, Zaraitzu( ) eta Erronkarin, Azkueren arabera _Azkue, 1905-1906; Azkue, 1923-1925, II:&640_) erabiltzen den ori aldaera da, formaz euskalki gehinetako bigarren graduko erakuslearekin ((h)ori) bat datorrena( ). Hain aspaldi ez dela egindako beste bilketa batzuen arabera (besteak beste, Irigoyen, 1957b:120-121; Beloqui et alii, 1953: 514; Artola, 1991), oro har, baieztatua geratzen da Azkueren informazioa erronkarierazko ori tratamenduari dagokionez( ). Gaur egun, ori errespetuzkoa hiru euskalki hauetan erdi galduta badago ere( ), tratamendu horrek lehenagoko garaietan agian hedadura dialektal zabalagoa (hegoaldeko goinafarreraraino?) izango zukeen Nafarroan gaindi. Elkanoko Lizarragak (1748-1835), adibidez, batzuetan berori forma erabiltzen duen arren (ik. Michelena, 1987: “berori” sarrera), behin edo behin ori forma ere badarabil (“Eztut nai ori baizik, ori soilik aski dut se lee en la Copla num. 301 de Lizarraga: no quiero sino a vos, vos meramente me bastáis.” Azkue, 1923-1925, II:&640).

Errespetuzko berori eta erakusleen arteko lotura argitzeko, esan dezagun, azkenik, euskaraz bigarren graduko erakuslea ((h)ori) a) erlatibozko perpausetan eta b) erlatiboaren pareko egituretan bigarren pertsona erreferentzialari dagokiola (bokatibo gisa edo) erabiltzen dela; adibidez, a) Hainbeste bidegabekeria egin duzunorrek ez duzu errukirik merezi, b) Jaun agurgarri hori [gutunetako agurra]; Ken hadi hortik, leloori!; Maritxu nora zoaz, eder galantori… Horregatik dio Gavelek (1928:558) berori izenordainaren esanahia hitzez hitz “celui-là même (à qui je parle)” dela.

Hizkuntzaren garai historikoko lekukotasunei bagagozkie (Mitxelena, 1987), esan beharra daukagu berori, Duvoisinen adibideren bat kenduta, ez dela behin ere sartzen mugaz bestaldeko literatur tradizioan. Berori-ren lehen lekukotasunak errespetuzko izenordain gisa XVII. mendearen erdialdera agertzen dira Micoleta bizkaitarraren Modo breve de aprender la lengua vizcaína (1653) idazlanean. Azpimarkatu behar da Micoletak berori formarekin batera, z(e)ure mesedeori esapide kalkatua ere erabiltzen duela gaztelaniazko “Vuestra Merced” (V.Md. nahiz V.M.) tratamenduaren baliokidetzat (Que vestido se quiere poner V. Md.?= Seyn soyñeco asseguin dau ymini seure meçede orec?; Esso fuera si V.M. fuesse persona sospechosa, que no se ha de mentar la soga en cassa del ahorcado= Ori lisate, valiz sure meçedeori persona sospechacoa, serren esta aytatuco soquea vrcatuen esean). XVII. mendean bertan bizkaierazko beste bi idazlanetan agertzen da (Capanaga, 1656; eta bizkaierazko dotrina batean). XVIII. mendean gipuzkerazko eta hegoaldeko goinafarrerazko idazleen lehen lekukotasunak agertzen dira Larramendi eta bere eskolako batzuen inguruan (Larramendi, Cardaberaz; Lizarraga Elkanokoa). XIX. mendean, Duvoisinen salbuespenaz, bizkaierazko (J.A. Moguel, V. Moguel, J.J. Moguel, P. Astarloa, J.A. Uriarte, Arrese Beitia, A. Iturzaeta) eta gipuzkerazko (Iztueta, I. Bizcarrondo “Bilintx”, G. Arrue, J.I. Arana, J.J. Alcain “Udarregi”, M. Soroa, A.M. de Zabala, C. Beovide, A. Apaolaza, P.M. Urruzuno) idazleen artean agertzen da bakarrik eta antzera gertatzen da XX. mendean. Era berean, hiztegigileen artean, Larramendi (1745) eta Añibarrorenak (1800) dira lekukotasunik zaharrenak (gazt. “Usted, Vuesa merced”). Bestalde, Duvoisinen hitzetatik (“… en usage dans la Vasconie espagnole”) beroriketa hegoaldera mugatua zegoela ondoriozta daiteke. Beraz, berori izenordain hiperbegirunezkoak hegoaldean baizik ez du izan tradiziorik, eta berau, gainera, ez dirudi oso antzinatik datorrenik (1653z geroztik), ezta hegoaldean bertan ere errotuegia egon denik.

Orain arte esanak kontuan harturik, beroriketa tratamendua berrikuntzatzat hartzearen alde makurtzen gara. Eta hori pisuzko arrazoi batzuengatik. Lehendabizi, beroriketa hegoaldeko euskalkietara mugatua dagoelako eta harrigarria litzatekeelako oso antzinako euskal forma baten hedadura, atzo goizekoa (XVI. mendekoa) den muga politiko-administratiboarekin bat etortzea. Izan ere, euskalkien arteko bereizgarri edo isoglosa zaharrak ez doaz sortaldetik sartalderantz, iparmendebaldetik hegosortalderantz baizik( ). Bigarrenik, nahiko susmagarria da, alde batetik, hegoaldeko tratamendu-sistema hirukoitzak (hi< zu< berori) XVI. mendeko espainieraz zegoenaren antz apur bat duela eta beste alde batetik, iparraldeko euskarak lehengo frantsesaren antza duela egiaztatzea. XVI. eta XVII. mendeetako espainieraz lau solas-maila nagusiok bereizten ziren solaskide bakar batekin aritzeko (cf. II.1.1.1.5): 1. Tú edo “tuteo”; 2. vos + 2. pertsonako adizkera plurala; 3. (él, ella) + 3. pertsonako adizkera singularra; 4. vuestra merced( ) + 3. pertsonako adizkera singularra. Mailaketa: 1 < 2 < 3 < 4

Lehen tratamendua (tú) apalena zen eta behe-mailakoekin edo behe-mailakoen artean erabiltzen zen batipat. Bigarren tratamendua (vos), XV. mendera arte begirunezkoena izana, berdinen artean edota beheragokoekin zabaltzen hasi zen XV. eta XVI. mendeetatik aurrera eta harrrezkero lehian sartu zen tú lagunartekoarekin, harik eta azken hau nagusitu arte; hortaz, kasu bakan batzuetan ezik (adibidez, behe-mailakoen giroan, beheragokoa goraxeagokoari zuzentzerakoan), vos ez zen hain errespetuzkoa. Laugarrena, XVI. mendearen lehen herenean errespetuzko tratamendu ohizkoa izatera heldu zen behe-mailakoak ez ziren kidekoen artean edo kategoriako beheragokoekin. Eta hirugarrena (3. pertsonako adizkera), laugarrenaren aldaera apalxeagoa eta berriagoa (XVI. mendearen erdialdera sortua Pla Cárceles, 1923:248), ez zen aitonen semeentzako adinakoa: vuestra merced formula kortesiazkora ohituta ez zegoen jende arruntak edota vuestra merced kortesia emateko edo hartzeko uzkur zirenek( ) erabiltzen zuten. Hirugarren tratamenduaren aldaera oraindik berriagoa (XVI. mendearen hirugarren herenekoa edo), hirugarren pertsonako adizkera soila, izenordainik gabea zen.

Ageri denez, berbizkunde garaiko espainieraz erruz baliatzen ziren hirugarren pertsonako adizkeraz errespetuzko tratamendu gorenetarako. XVI. eta XVII. mendeetako frantsesean, ordea, hirugarren pertsonaren erabilera zerbait zabaldu bazen ere, hirugarren pertsonako tratamendu hanpatuen bideak ez zuen inolako arrakastarik izan. XVII. mendean, eztabaida interesgarria piztu zen gramatikarien artean frantses garbi, jaso eta gustu onekoa lortzearren jarraitu beharreko hizkuntz ereduaren inguruan: batzuk (François de Malherbe) Parisko frantses herrikoiaren alde makurtu ziren; beste batzuek (Claude Fabre Vaugelasko jauna, Charles Sorel), ordea, hizkera herrikoia eta probintziakeriak oro baztertuta, gorteko mintzaira proposatu zuten hizkera eredugarritzat. Bada, gorteko mintzairaren aldekoa den Vaugelasek vous soilari gutxiegi irizten zion eta “vous + Monsieur titulua” formula ematen zuen gizarteko tratamendu onargarri eta gomendagarritzat( ) (Maley, 1974:29); gainera, frantsesezko usarioaren (vous errespetuzkoaren) defentsa gartsua egiten du, espainierazko edo italierazko hirugarren pertsonako tratamenduen deserosotasunean oinarrituta. Hona hemen, Sorelen hitzak:

“Quant aux autres titres de grandeur, moindre que la Royale, on ne doit faire aucune difficulte de mesler l'un avec l'autre, nostre langue s'estant reservé cette liberté, que l'italienne ny l'Espagnole n'ont pas, à cause que vous, en ces deux langues est un terme incompatible avec la civilité, sur tout vos, en Espagnol, ce qui n'est pas en la notre. Les Latins font bien encore moins ceremonieux, qui disent toujours tu, à qui que ce soit, & il me semble que nous avons pris un milieu & un temperament bien raisonnables entre ces deux estremitez, en donnant par honneur le nombre pluriel à une seule personne, quand nous lui disons vous, & en évitant dans le commerce continuel de la vie, la frequente & importune repetition des terms dont les Italiens & les Espagnols se servent en sa place.” (Maley, 1974:29tik jasotako aipamena)

Ondorioz, pentsatzekoa da batez ere hegoaldeko euskaran garatu ziren hirugarren pertsonako tratamenduak, seguruenik, garaiko gaztelaniazko ereduen aztarnak izan daitezkeela. Edozein modutan ere, zentzu hertsian horrek ez du esan nahi berori izenordain hiperbegirunezkoa mailegatua denik, formaz ez baitu inondik ere gaztelaniazko ezein izenordainen antzik. Onartzekotan, interferentziaren posibilitatea eta agian baita kalkoarena ere onar genitzake, baina ez mailegubidearena.

Duela gutxi argitara eman diren antzinako eskuizkribu batzuetan (Floristán Imízcoz, 1993:177-219; Satrustegi, 1993:443-475) XVI. mendeko gaztelaniaz erabiltzen ziren tratamenduen euskal kalkoa dakusagu, baina ez zaigu agertzen gaurko beroriketarik. Aipatu testuak XVI. mendean idatzitako espioitza-gutunak dira eta balio filologiko eta linguistiko handia dute alde askotatik. Gure gaiari begira, bitxi preziatutzat jo beharrean gaude, garaiko gizarteko asimetriazko harremanak ispilatzen dituztelako. Gutun edo idatzi horietan bi berriemaileak errespetu handiz zuzentzen zaizkio beren jaun agintariari. Zuberoako Atharratzen bizi arren, Amikuze aldekoa (Nafarroa Beherekoa) zen lehen lekuko edo isilmandatariak, nobleziako Charles de Lussa edo Luxak, honela agurtzen du bere agintaria:

Jauna: eremerciazen derauçut cegei çoure merchediac hainberçe <cou> cuidado baitu niçaç. (…)

Gutxigorabeherako itzulpena (garai hartako Otsagiko itzultzaile batek egina): “Señor: Os agradezco porque vuestra merced tiene tanto cuidado de mi (…)”

Ikus daitekeenez, tratamendua ez da oso koherentea, hasieran zuka (derauçut) egiten diolako eta gerotxoago, gaztelerazko “vuestra merced + 3. pertsonako adizkera” tratamenduaren euskal ordain kalkatura (“çoure merchediac + 3. pertsonako adizkera”) jotzen duelako. Beste alde batetik, vous edo vosen pluraltasuna bilatu nahirik, agian? derauçut cegei dio, derauçut çuri esan beharrean.

Bigarren isilmandataria Urtubiako anderea (Ziburu eta Hendaiaren artean, Hondarribitik lekua batera zegoen Urtubia dorreko anderea) da eta berak aitortzen duenez (Jauna: barca biezat/ zeren ezpaitout zure senoriaren cartac/merechi douen bezala eranzuten, bataz/ zeren ez naizen cortesanoa, baizic montaneza…, ibid. 459), ez da kortesaua edo ikasia, menditarra baizik. Mezu guztietan (hemeretzi testu, guztira) tratamendu gorenetako bat (“zure senoria + hirugarren pertsonako adizkiak”) erabiltzen du( ) bere mezuaren hartzailea zen Juan Velázquez Gipuzkoako gobernadoreari zegokionez. Hala ere, zenbaitetan bost aldiz, gutxienez pertsona-komunztadurazko hutsak egiten ditu, bigarren eta hirugarren pertsonako adizkerak txandakatuz:

Jauna: erezebitou dout zure senoriaren carta / couserba ordenariocouequin batean, non escouac / apazen batizquizut mila bider nitzas douen couidadoas (Satrustegi, 1993:453)

…Eta / bitartean mana naza bere serbizuan, ezin mondouan denec/eztou borandate obes obeditouco nola nic egingo baitut,/eta adio esaten dizu zure serbizary humbleac. Itzulpena: “Y entre tanto, mándeme en su servicio que, quien esté en el mundo no le obedecerá con mejor voluntad a como lo haré yo y le dice adiós su humilde servidora”. (Ibid. 454)

Jauna: zure senoriac barca biezat / (…)… Adisquideac / gastigatou zidan deseazen zendouela / jaquitera non zen gobernadorearen jendarma. (Ibid. 459)

…Aseguratzen zaitudala / nere fidelitateas fin emanen diot presenteary. Itzulpena: “Asegurándole mi fidelidad daré fin a la presente.” (Ibid. 464)

…Legataren partes gizon bat passatu da parte/ orretarat eta argatic eztiot deus Franziaco/ berry gastigatzen. Inglesarenic ezin deusic / adi dirot, eta zure serbizary humbleac adieu esaten dizu. Itzulpena: “En lugar del legado ha pasado un hombre a esa parte y por eso no le envío ninguna noticia de Francia. Nada le puedo informar de lo del inglés y vuestra humilde servidora os dice adiós.” (Ibid.465)

XVI. mendeko testu hauen egile behenafarrak eta lapurtarrak “çoure merchede/zure senoria”tik zuketara egiten dituzten jauziak nahiko susmagarriak dira. Erabilera zalantzakor horrek garai bateko XV. mendeko gaztelania dakarkigu gogora (Lapesa, 1970:146). XIII. mendetik aurrera, gaztelaniaz la vuestra mercet, la vuestra cortesía, la vuestra merced… bezalako formula hanpatuak hasi ziren erabiltzen, artean gizarte-maila goitarretan ohizkoa zen vos tratamendu begirunezkoarekin batean; XV. mendean formula hanpatuekiko zaletasuna inoiz baino gehiago hazi zen (vuestra manificencia, la vuestra prudençia, la vuestra nobleza, etab.)( ) eta Santillanak, adibidez, halakoak eta vos begirunezkoa erabiltzen ditu, noiz bata, noiz bestea. Hau da, hirugarren pertsonako tratamendua (vuestra merced + 3.pertsona) erabat finkatu bitartean, halako egokitze-garaia dago, zeinetan vos begirunezko zaharra eta begirunezko tratamendu berria (vuestra merced) antzeko balio pragmatikoz txandakatzen baitira( ) harik eta gustuaren balantza azkenean vuestra merced formula berriaren alde makurtu arte (XVI-XVIII).

XVI. mendeko euskal testuok bi eskuren emaitzak eta bi euskalkitakoak dira. Bada, egileek, ez behenafarreraz, ezta lapurteraz idazten duenak, ez dute erabat asmatzen tratamenduarekin. Zalantzakortasun horrek, gure ustez, hirugarren pertsonako tratamendu hiperbegirunezkoa XVI. mendeko euskaran erdizka garatutako berrikuntza bat zela iradokitzen du. Eta litekeena da hirugarren pertsonarekiko tratamendu-berrikuntza hau gazteleraren bidez sartua izatea. Ageri denez, XVI-XVII mendeetan hirugarren pertsonako adizkeren erabilera hiperbegirunezko tratamendu gisa, ez zegoen hegoaldeko euskalkietara mugatuta, beharbada gaur dagoen muga politiko-administratiboa orduan ezarri-berria zelako eta orduan mugaz haraindiko euskaldun franko Espainiako ohituren eraginetik at bizi ez zirelako.

Berori formara itzuliz, beldur gara hirugarren pertsonako tratamenduaren (zure mesedea/mesedeori, zure senoria…) sorrera baino geroagokoa ez ote den. Garai historikoko lekukotasunen arabera, XVII. mendearen bigarren zatian (Micoleta, 1653; Capanaga, 1656) eta bizkaierazko idazleen artean agertzen da lehen aldiz. Bestalde, berori hiperbegirunezko zentzuan erabiltzen duen lehen idazleak, Micoletak, testuinguru berean (morroiak bere jaunari, hots, aitonen semea den Peru Jaunari) forma horrekin batera zure mesedeori ere erabiltzen duela kontuan hartzen bada, pentsa liteke ea berori orduan sortutako tratamendu berria ez ote den.

Hipotesi gisa, berori begirunezkoak, gaztelaniazko “él, ella + 3. pertsonako adizkera” tratamendu eratorriaren( ) sorbide bera izan zezakeela iradokitzera ausartuko gara. Izan ere, gaztelaniaz behin “vuestra + izen abstraktua (merced, señoría…)” izen-esapideak erabilita, geroago esapide astun horien ordez él eta ella izenordainak sar zitezkeen solaskideari erreferentzia egiteko (Lapesa, 1970:158). Euskaraz, bada, antzeko zerbait gertatuko zatekeen: lehendabizi, “zure mesedea/mesedeori” eta antzeko esapide gaztelaniatik kalkatuak (“zure señoria”, “zure Ilustrisima señoria”…) erabiltzen baldin baziren, geroago esapide luze horien ordez forma anaforiko laburrak lehen aipatutakoari erreferentzia egitekoak erabiliko ziren, batipat genitibo kasuan. Proposatu dugun bilakaeraren gakoa Capanagaren hurrengo adibidean (1656) ageri zaigu:

Alan daukat konfianzea zure Illustrisima Señoriaki faboreziduko dabela bein berorreni besoetara egotzi ezkero. (Mitxelena, 1987: “berori” sarrera)

Ikus daitekeenez, goiko esaldi horretan berorren forma, (h)ori bigarren graduko erakuslearen genitibo “indartua” (ber-) besterik ez da; hots, bi sintagma azpimarkatuak korreferenteak dira eta goragoko zure Illustrisima Señoria sintagmatik hartzen du erreferentzia bigarrenak (berorren besoetara). Azpiatal honen hasieran jarritako harako adibide hartatik (aui lenengo seina izateko egoala, beroneni amorde sorgina…) Capanagaren oraingo honetara (Alan daukat konfianzea zure Illustrisima Señoriaki faboreziduko dabela bein berorreni besoetara egotzi ezkero) dagoen aldea txikia da: gaztelaniaz su merced hirugarren pertsonakotik su merced bigarren pertsonakora dagoen aldaketa bera, hain zuzen; formaz biak dira (bai gazt. su, bai eusk. berorren) hirugarren pertsonakoak, baina balio erreferentziala aldatu egin da hirugarren pertsonatik bigarrenera.

Balio anaforikoa duten erakusle “indartuen” (berau, berori, bera) erabilera hau nahiko normala da gaurko mendebaldeko euskaran eta erabilera anaforiko horretatik (berorren besoak) absolutibo kasuko forma beregainera (berori) jauzi txiki bat besterik ez legoke: gaztelaniaz, su merced esapidetik él/ella izenordainetara dagoen jauzi bera edo txikiagoa, hain zuzen ([Conde] Sois un traidor, / [Gilote] -Su mercé miente, y perdone. /[Conde] -Matalde. /[Gilote] -Máteme Dios, / que me hizo. ¿Es dotor él, / que mata en tinta y papel? Tirso, Lapesa, 1970:148-149).

Ondorioz, berori biak, erakusle “indartua”( ) (“ese mismo”, “eso mismo”, “lui-même”) eta “begirunezkoa” ez dabiltza hain urruti bata besteagandik. Mitxelenaren arabera (1987, IV: 816) lehena, salbuespenak salbuespen (Ziburuko Etxeberri eta Pouvreau), hegoaldeko idazleen artean eta XVII. mendearen hasieratik dokumentatzen da. Bigarrena, geroago dokumentatzen da, XVII. mendearen erdialdera. Gure hipotesia ondo uztartzen da dokumentazio historikoarekin: bigarren berori lehenengotik eratorria litzateke, gaztelaniatik etxeratutako izen-esapide begirunezkoak (zure mesedea-zure mesedeori…) erakusle-izenordain batez ordezkatu ondoren sortua (Alan daukat konfianzea zure Illustrisima Señoriaki faboreziduko dabela bein berorreni besoetara egotzi ezkero). Horrexek esplikatuko luke berori begirunezkoa hegoaldera mugatua egotea.

Labur bilduz, gure hipotesiaren arabera, euskal berori izenordain begirunezkoa ez litzateke inola ere gaztelaniari zuzenean hartutako mailegua, XVI. mendeko gaztelaniaren eragin zuzenez euskaraz garatutako hirugarren pertsonako tratamendutik (zure me®sedea/mesedeori, zure senoria, zure illustrisima señoria… + 3.eko adizkera) erato¬rritako tratamendu berria (XVII?) baizik. Dena den, gaztelaniaren eragin garbia onartuta ere, uste dugu berori izenordain begirunezko¬aren sorrera euskararen barne-bilakaeraz esplika daitekeela, aipatu formula kortesiazkoen ordezko den erakusle indartu-anaforikotik (beroritik) abiatuta hain zuzen.

Hegoaldeko euskaran gertatutako bilakaera, hots, erakusleetara jotzea begirune handiagoa erakusteko, nahiko soluzio bakana da tipologiaren ikuspuntutik. Beste hizkuntza batzuetan erakusleak solaskidearenganako gutxiespen edo gaitzespena adierazteko (grekoa, latina, latinetikako hizkuntzak…) edo hiztunaren apaltasuna solaskidearen aurrean erakusteko (egiptoera) erabili izan dira (Head, 1978:182-183). Oro har, erakusleek tarte sozial handiagoa adierazten dute, baina ez nahitaez begirune handiagoa hegoaldeko euskaraz gertatzen den moduan. Dena den, hirugarren pertsonako izenordainik ez duen eta erakusleak balio anaforikoaz erabiltzen dituen euskara bezalako hizkuntza batean ez da hain harrigarria hirugarren pertsonara jotzerakoan, erakusleez baliatu izana.

Guk geuk susmatzen dugu berori begirunezkoaren lehen datazioa (1653) ez dabilela oso urruti bere sorreratik; hots, edozein kasutan, bere bilakaera gaztelaniazko hirugarren pertsonako tratamenduen bilakaerari (XVI) lotua somatzen dugunez, ez dugu uste euskal berori begirunezkoa data hori baino lehenagokoa denik. Azkuek ez bezala( ), zu izenordainaren singulartzea eta zuek plural berretuaren sorrera, berori izenordainarena baino biziki antzinagokoak direla deritzogu.

Historian zehar solaskidearenganako begirune handiagoa erakusteko bigarren pertsona singularraren ordez numero- (pluraltasuna) eta pertsona-aldaketa (hirugarren pertsona) erabili dituzten hizkuntzetan, honako hau dugu diakroniazko hurrenkera (Head, 1978:189)( ): lehenik, bigarren pertsona plurala erabili da eta ondoren hirugarren pertsona. Ziklo hau hizkuntza indoeuroparretan eta bereziki latinetikoetan bete bide da ondoen( ). Bada, hegoaldeko euskarak ziklo berber horri jarraitu dio eta gure ustez, bigarren urratsa, hirugarren pertsonako izenordaina (berori) sortzea alegia, gaztelaniaren eragin zuzenaren ondorioz egin du hegoaldeko euskarak.

3. Hikako aditz-joko alokutiboaren sorrera

Hi izenordainaren eta bigarren pertsonako adizkera ez-alokutiboen antzinatasuna {(hi) haiz} ezin ukatuzkoa da. Baina hikako tratamenduak hikako aditz-joko alokutiboa du bereizgarri: solas-maila hau hautatuz gero, singularreko bigarren pertsonako izenordain eta adizkerekin batera {(hi) haiz}, nahitaez (ni) nauk, (hura) duk, (gu) gaituk, (haiek) dituk bezalako adizkera alokutiboak erabili behar dira lehen eta hirugarren pertsonako adizkera neutroen -naiz, da, gara, dira- ordez; bestela esateko, hitanoan adizkera neutroak debekatuta geratzen dira perpaus nagusi asertiboetan.

Diakroniaren ikuspegitik galdera bat baino gehiago sortzen zaizkigu gai honen inguruan: a) zaharra al da hikako aditz-joko alokutiboa?; b) hikako aditz-joko alokutiboa betidanikakoa ez bada, nola eta noiz sortu da?; c) nola edo nondik heldu da gaur egun ezagutzen “(hi) haiz-(hura) duk” bikotea?

Aurrera jo baino lehen, garai historikoan (XVI. mendeaz geroztik) gaurko egoera bera egiaztatzen dela azpimarkatu beharra dago; hortaz, Etxeparez geroztik hitanoa “(hi) haiz-(hura) duk” bikotearen bidez gauzatua ikusten dugu salbuespenik gabe. Ondorioz, hemendik aurrerakoak euskararen historiaurreari dagozkion hipotesiak dira, gaur-gaurkoz gezurtagaitzak.

Lehenbiziko galderari dagokionez, baiezko eta ezezko erantzuna eman beharrean gaude. Alde batetik, Azkuek besterik uste duen arren (Azkue, 1923-1925:&826-&834), ez dago zalantzarik hikako aditz-joko alokutiboa zaharra dena, lehenbiziko testuetatik dokumentaturik dugulako eta halako sistema morfologiko korapilatua gauetik goizera ezin eraiki daitekeelako (Altube, 1934:154-185); beste alde batetik, adizkera neutroak eta alokutiboak aurrez aurre jartzen baditugu, alokutiboen “geroagokotasuna” ondorioztatu behar da, errazago eta zentzuzkoagoa baitirudi bigarrenak lehenengoak oinarritzat harturik azaltzea eta ez alderantziz. Definizioz eta morfologiaz adizkera alokutiboa konplexuagoa da; hikako alokutiboak zerbait gehiago du, eztabadakakoak ez duena. Ondorioz, “zaharra” dela onartuta ere, hikako aditz-joko alokutiboaren izaera markatua eta erakarria azpimarkatu behar da aditz-joko neutroaren aldean.

Hikako aditz-joko alokutiboaren sorrera eta bilakaera azaltzeko egin den saiorik trinkoena Schuchardt erromanista eta euskaltzalearena (Baskische Estudien, I, 1893) da, neurri handi batean geroagoko euskalari entzutetsuenek onartua (Gavel eta Lacombe, 1928; Lafon, 1944; Altube, 1934). Hizkuntzalari germaniarrak inguruko hizkuntzetako “datibo etiko” deritzon baliabide adierazkorraren argitan azaltzen du hikako alokutiboaren sorrera, baina hura eta alokutiboa ongi bereiziz eta edozein kasutan euskararen barneko adierazkortasun-gertakarietatik irten gabe.

Gauzak erraztearren euskal adizkera alokutiboak bigarren pertsona ez-argumentalaren indizea (dago ==⇒ diagok/-n) duela bereizgarri esan ohi da eta funtsean hori da ezaugarririk behinena, ezinbestekoa delako. Baina egia esateko, morfologiaren aldetik alokutiboaren eraketa zerbait korapilatuagoa izaten da. Azaldu beharreko funtsezko hiru ezaugarri hauek ageri zaizkigu hikako aditz-joko alokutiboan (ik. Oihartzabal, 1992):

1) bigarren pertsona ez-argumental edo alokutiboaren indizea (-k/-n); adibidez, gat(h)ozi ==⇒ gathozik/-n;

2) erroaren aldaketa aditz laguntzaile bitan: a) izan (NORIgabea) ==⇒ -u-(*edun);

   adibidez, naiz ===> nauk; 

b) -u-(*edun) ==⇒ -i-:

 adib. dut ===> diat; 

3) aditz-erroaren aurrean tartekatzen den -i- eta hasierako posizioan agertzen diren kontsonante sabaikariak: nago ==⇒ niagok/ñagok; dago ==⇒ diagok/jagok…

Hiru ezaugarri hauetatik lehenengoa bakarrik (-k/-n) eta 2a (naiz ==⇒ nauk) dira orokorrak, esan nahi baita euskalki guztietan gertatzen direla. 2b ez da betetzen bizkaieraz (dot ==⇒ joat). Hirugarren ezaugarria (-i-/sabaikaria-) batipat( ) aditz laguntzailean erro-aldaketarik gertatu ezean (Rebuschi, 1984:621) betetzen da eta sarritan lehenengo ezaugarriarekin batean azaltzen den arren (diagok/jagok), gaurko alokutiboak ez du beti horrelako aztarnarik erakusten (natxako ==⇒ natxakok; zait ==⇒ zaidak; goaz ==⇒ goazik=goazek).

Beste era batera esanda eta absolutibo, ergatibo, datibo eta alokutiboaren indizeak N, NK, NI, NA laburdurez ordezkaturik, aditz-joko alokutiboaren erabide nagusiak ondoko hirurak dira (ik. Ros, 1986:9-16):

a) eztabadakako adizkerari bigarren pertsona alokutiboaren indizea (-ka-/-na-) eta kasuen arabera horrekin batera -i- artizkia pertsona-markaren (n-, h-, g-, z-, z-) edo tempus/modu-markaren (d-, z-, l-) ondotik eta aditz-erroaren aurretik eranstea; erabide erabilien eta emankorrena, askozaz. Adibidez,

nago ==⇒ niagok……….. (N ==⇒ N-NA) zaio ==⇒ zaiok………… (N-NI ==⇒ N-NI-NA) dakart ==⇒ zekarreat…… (N-NK ==⇒ N-NA-NK) dakarkiot ==⇒ zekarkioat.. (N-NI-NK ==⇒ N-NI-NA-NK)

b) izan aditzaren NORIgabeko adizki neutroen ordez, *edun aditzarekin bat datozen -u- erroko adizkerak sartzea edo bestela esateko, izan (NOR) adizki neutroen ordez, *edun (NOR-NORK2S) adizkien forma bera duten adizkiak erabiltzea alokutiborako. Adibidez,

naiz ==⇒ nauk… (N [izan] ==⇒ -u- = N-NK2[*edun]) gara ==⇒ gaituk da ==⇒ duk dira ==⇒ dituk

c) -u- erroko (*edun) adizkera (NOR-NORK) neutroen ordez, -i- erroko adizkera -k/-n indize alokutibodunak erabiltzea. Adibidez,

du ==⇒ dik/-n (N-NK ==⇒ N-NA-Nk erdialdeko euskalkietan= N-NI-NK) dugu ==⇒ diagu; etab.

Emankorrena den lehenengo erabidean ageri den indize alokutiboa (-ka-,-a-, -k / -na-, -n) datiboarekin erlazionatu izan dute hizkuntzalari entzutetsuenek, “bigarren datibo”, “datibo berretu” edo “datibo aizun” erantsitzat joaz. Schuchardtek adierazkortasun-prozesu eta premiei loturik aurkezten digu euskal alokutiboaren sorrera, gramatika klasikoan “datibo etiko” zeritzotenaren oinarri bera duela esanez. Hona hemen, beraren hitzak:

“El proceso en que descansa aquélla [la conjugación familiar] se nos presenta también en otras lenguas, principalmente en alemán.

Si queremos llamar la atención de los demás en una conversación, entremezclamos el pronombre de 2ª pers. en la forma de dativo; es lo que en la antigua gramática se llamaba dativo ético; mejor le cuadraría el nombre de dativo afectuoso; p.ej. `ayer te me voy yo por el bosque' (gestern gehe ich dir in den Wald) o cuando se habla de usted con el otro gehe ich Ihnen.

Mientras que entre nosotros [alemanes] este dativo se presenta casual y arbitrariamente, en vasc. lo hace obligada y regularmente; es decir, en las locuciones principales (…)

La aceptación de un dativo ético no está obstaculizada por el empleo de otro dativo en la misma frase; podemos decir, p.ej. ich geb dir dem Kerl ein Almosen, `te doy una limosna al picaro' e igualmente en vasc.

Igualmente el simultáneo uso de la 2ª pers. en diferentes funciones no es inadmisible en vasc., como lo prueba la precedente frase [huts egin diat hire aitzinean]. En alemán suena extraño ich habe dir gefehlt vor dir [`te he pecado ante ti']. (…)

El primitivo sentido del dativo está muy oscurecido; sólo se nota aquí el signo de la conversación de confianza que podía muy bien haberse tomado de otra materia distinta. Con esto se relaciona la diferenciación fonética; en alemán existe igualdad entre `yo te lo he (dado)'[ich habe es dir (gegeben)] y `yo te lo he (visto)' [ich habe es dir (gesehen)], al contrario de en vasc. drauat [N-NI-NK] y diat [N-NA].” (Schuchardt, 1923:68-69)

Jakina, Schuchardtek egiten duen datibo etiko edo maitakorrarekiko (`afectuoso') konparaketa, gaurko aditz-joko alokutiboaren sorrera diakronikoki azaltzeko saiakera gisa bakarrik justifikatu eta ulertu behar da (“El primitivo sentido del dativo está muy oscurecido; sólo se nota aquí el signo de la conversación de confianza…”), gaurko euskal hiztunak ez baitu alokutiboaren azpian datzan datibotasunaren kontzientziarik. Diakronikoki datibo etikoaren antzeko zerbaitetatik eratorritzat jotzen duen gaurko aditz-joko alokutiboa, oraindik ere bizirik dirauen datibo etikoaren erabilera adierazkor eta murriztu baten aztarna dateke Schuchardten iritziz:

“Lo mismo que junto a las de relación impropias [izan ==⇒ -u- *edun erro aldaketa erakusten duten nauk, duk, gaituk… alokutiboez ari da] ha perdurado un resto de aquel primitivo uso libre de que estas derivan (p. 232), así junto al dativo propio se da un dativo ético restringido en el sentido de nuestros idiomas.

Zavala (p.9 &32s.) da ejemplos de éste delante de `haber' en sentido modificado, designando los dos en el &36 como pertinentes “a la conversación común, particularmente si es jocosa”, (según Van Eys gram. 515 nota los escritores vasco-franceses se valen de él en estilo serio). Los ejemplos son éstos: artu daroadak, “él me suele ser tomado A MÍ por tí”; artuten deutsut, “él VOS es tomado por mí”; egon natzazu o natzazue, “VOS… U OS he estado”. El primero encierra un dativo ético de la 1ª del sing., el 2º y el 3º uno de la 2ª del plur.-sing., y el 4º uno de la 2ª del plur.-plur. Al dativo ético de los ejemplos medios le correspondería en vascuence oriental una forma de relación [adizkera alokutiboa].

Trae otros ejemplos Lardizabal 18 &15: nik jan nizun nere aitaren echean, “yo OS comí en casa de mi padre”; ni askotan etorri natzazu (natzazute) erri onetara, “yo VOS-OS he venido a menudo a este lugar”; zuk egin didazu orain oker ori?, “¿es V. quien ME ha jugado ahora esta mala pasada?”. (Schuchardt, 1893:307-308)

Era berean, Schuchardtez geroztik, alokutiboaren bigarren erabidearen (naiz ==⇒ nauk… N [izan] ==⇒ -u- = N-NK2[*edun]) jatorrian, egungo euskaran bizirik dirauen enuntziazio-eragiketa adierazkor bat egon daitekeela iradoki izan dute hizkuntzalari gehienek. Hona hemen, hizkuntzalari germaniarraren azalpena:

“Respecto a la formación, clasifico las formas de relación [forma alokutiboak] en propias e impropias. Las formas de relación impropias de `ser'=formas comunes de `haber' se limitan al auxiliar `ser' en sus formas sin objeto y debían tratarse en rigor en la sintaxis, pues se deben a la ampliación de la función. Formas comunes de `haber' `tener' con la 2ª del sing., y entre los vascos orientales también con la 2ª del plur.-sing. como agente sirven para para formas de relación de `ser'.

Podemos decir por `aquí estoy': `aquí me tienes' o `aquí me tenéis vos' o `aquí me tenéis vosotros'. El vascongado dice también por `el caballo es bonito':`tienes caballo bonito', y a una persona que tutea o trata de `vos' (Vd.) no puede hablarle de otra manera en frases de afirmación independientes (este fenómeno se manifiesta también en el francés de los vascos, cfr. Vinson, Rev. de Ling. VII, 108).

Así es que Zavala 9&32 y ss. considera el trato familiar con razón como dimanado de un uso más amplio y libre (comp. Lard. &16, VB 1 nota 2ª, Van Eys gram. 515 y s.) según el cual las personas 1ª y 3ª de `ser' se sustituyen por `haber' `tener' con la 2ª del plur.-sing. (el vascuence oriental no entra en cuestión) o con la 2ª del plur.-plur. y las segundas personas de `ser' por formas de `haber' con la 1ª del sing. o plural de agente: naz, da, gara, nintzan, zan, etc., por nozu, nozue, dozu, dozue, gozuz, gozuez (), ninduzun, zenduan, etc. y zara, etc., por zaitut, zaitugu, etc. Toma un ejemplo de un escritor de la otra vertiente, del presbítero Larregui: ¿nor zaitut, ene semea? `¿quién sois, hijo mío?'(…)

Falta la mención de formas que entrañan la 1ª como agente junto a la 3ª como sujeto; Azkue &&540, 652, 718 las agrega a las demás, v.gr. ¿nongoak dauguz orrek? `¿de dónde son tenidos por nosotros esos?' ¿nor daugu ori? `¿quién es tenido por nosotros ése?' exactamente como en español puede decirse en lenguaje jocoso o familiar: ¿A quién tenemos? en lugar de ¿Quién es? (…)

El sistema de sustitución de `ser' por `tener' `haber' lo integran las formas con la 3ª persona de agente. Zavala p.9 ss. &&32,37 cita ejemplos: zaitu `vos sois para él'; zaitue `vos sois para ellos'=zara. Lo mismo Azkue &652: semea dau-ugazaba nau, `hijo es él tenido por él' `[por amo] es el tenido [por mí] = `él es su hijo', `yo soy su amo'. (…) Mas estos casos son harto distintos de los arriba citados, pues no cabe una relación familiar a una tercera persona siendo la relación real; (…). Pero en los casos en que han que han quedado fijadas formas de relación se diferencian perfectamente la significación primitiva y la derivada: nak 1) `yo soy tenido por tí' 2) `yo te soy'; (…)

Aunque entre nuestro `tú me tienes' y `yo soy' media cierta distancia, la formación idéntica o análoga de na-iz, `yo soy', d-a, `él es' y na-k `yo soy tenido por ti' y d-ek `él es tenido por ti' ha favorecido esta sustitución desde un principio y se ha llegado a tomar nak `soy tenido por ti' y d-ek `él es tenido por ti' como modificaciones de naiz y da.”
(Schuchardt, 1893:231-233)

Hortaz, hainbeste jarraitzaile (Gavel et Lacombe, 1933-1936:&12; Lafon, 1944:405-410; 1959:108; Altube, 1934; Lafitte, 1944:&541, &690, &691) izan duen interpretazio diakroniko honen arabera, adizkera alokutiboen lehenengo erabidea (nator ==⇒ niatorrek) datibo etikoaren antzeko zerbaiten ondorio ihartua baldin bada, bigarren erabidea “ergatibo etiko”( ) dei genezakeenaren ondorioa litzateke. Hona hemen, berriro, Schuchardten hitz ezin adierazgarriagoak:

“Pero en las formas simples interviene un nuevo sistema. La persona hablada puede ser realzada aún más que por el dativo; es decir, por el activo, al cual corresponde el nominativo en alemán. Cuando yo digo `tú me ves asombrado', se trata sólo de una acentuación de `yo TE estoy asombrado'.” (Schuchardt, 1923)

Historikoki, beraz, euskal gramatikariek aspaldi azpimarkatu zuten izan ==⇒ *edun [N-NK2] ordezkatze berezi, markatu eta adierazkorra (zaldia ederra da ==⇒ zaldia ederra duk/-n/-zu, hots, `el caballo es bonito' ==⇒ `tienes/vos tenéis [Ud. tiene] el caballo bonito') egon liteke gaurko adizkera alokutibo batzuen sustraian. Halako egitura berezietan ageri diren adizkerei “biltzaile” edo “inplikatzaile” deitu izan zaie eta ikuspegi sinkroniko batetik bereziki Rebuschik (1984:567-600) argitu du haien eta gaurko alokutiboen arteko desberdintasuna.

Hizkuntzalari honek hiru eragiketa edo egitura hauek bereizten ditu euskaraz: a) posesioa edo edukitzea, *edun “edutezkoaren” bidez gauzatua ondoko esaldian, seme bat du; b) inplikazioa, besteak beste, *edun biltzaile edo inplikatzailearen bidez gauza daitekeena (datiboaren bidez ere gauza baitaiteke), esate baterako, gure baserritarra zintzoa da esaldiaren ordez, gure baserritarra zintzoa duzu esaten denean; eragiketa hau enuntziazioari lotua doa eta funtsean `gure baserritarra zintzoa da' predikazioa solaskidearekiko (edota hiztun-solaskide multzoarekiko) erlazioan jartzean datza; c) alokuzioa, gure baserritarra zintzoa duk/n, hiztun eta solaskidearen arteko harremanaren nolakotasunak eta testuinguruak -trataerak- eragindakoa. Bada, gaurko adizkera biltzaileak eta alokutiboak elkarrengandik bereizteko arrazoien artean, ondokoak dirateke pisutsuenak:

a) bildu, solaskide bat baino gehiago bil daiteke hizketaren harira eta ondorioz, pluraleko bigarren pertsonaren marka ere agertuko zaigu halakoetan, adibidez, gure baserritarra zintzoa da ==⇒ gure baserritarra zintzoa duk-dun-duzu [solaskide bakarra]/duzue [solaskide bat baino gehiago]( ).

b) adizkera biltzaileari alokutibotasuna erants dakioke, bilketa eta alokutibotasuna bi gauza desberdin diren seinale: gure baserritarra zintzoa da ==⇒ gure baserritarra zintzoa dugu [biltzailea] ==⇒ gure baserritarra zintzoa diagu [biltzaile eta alokutiboa].

c) adizkera biltzaileak, alokutiboak ez bezala, ezin dira laguntzaile modura erabili aditz perifrastikoetan: *gure baserritarra zintzoa izan duk-dun/duzu/duzue esaldia ez da gramatikala, baldin eta duk-dun/duzu [+biltzaile] gisa interpretatzen badira, baina onargarria da duk-dun/duzu alokutiboekin; biltzaileak ”-a(k)/-ta/-rik“ marka hartu duen partizipioarekin bakarrik ager daitezke gure baserritarra zintzoa izana duk-dun/duzu/duzue bezalako esaldietan.

d) adizkera biltzaileek ez dute alokutiboek menpeko perpausetan-eta sartzeko dituzten murriztapen sintaktikoen neurriko “debekurik”; beraz, lehen esan dizut jan eta edan ondotxo egiñak gaituzula bezalakoak bakarrik dira ongi eratuak gaituzu biltzailea bada eta ezinezkoak alokutiboarekin (*lehen esan dizut jan eta edan ondotxo egiñak gaituzula, non gaituzu [+alok.] den).

Zabalaz geroztik egin izan den interpretazio diakroniko schuchardtiarraren arabera, bigarren erabideko alokutiboak (nauk, duk, gaituk, dituk) *edun aditzaren forma biltzaile edo inplikatzaileak dirateke jatorriz. Rebuschi, ordea, aldendu egiten da interpretazio tradizional horretatik, `biltzaileak (N-NK2) ==⇒ alokutiboak' eratorbidea eta nauk (alok.) = nauk (*edun: N-NK2) ekuazioa baztertuz( ). Ekuazio berdintzaile horren aurka, honako eragozpenak jartzen ditu (Rebuschi, 1984:591-598):

1) Izan alokutiboaren eta *edun-N-NK2ren adizkeren arteko berdintasuna itxurazkoa da, iraganeko eta alegiazkoko hirugarren pertsonetan deusezten delako:

TEMPUSA IZAN neutroa IZAN alok. *EDUN (N-NK2) ORAINA da duk/-n/-zu IRAGANA zen zuan/zunan/zuzun (h)uen/zenuen ALEGIAZKOA litzateke lukek/-n/lukezu huke/zenuke

2) Perpaus menperatuetan izan aditza azaltzen da nahitaez: etxea ederra duk (izan {N-NALOK.} = *edun-N-NK2), baina menpekoetan ==⇒ etxea ederra dela [izan aditza eta ez *edun-N-NK2] esan diat

3) Galderazko perpausetan alokutiboa onartzen duten euskalkietan, ona duk? galderari, bai, ona duk nahiz bai, ona diat; eta bigarren erantzunari buruz honako hau dio: “le verbe contient une marque de première personne, -t qui montre que le -k de la question a été interprété comme une marque ergatif et non allocutive. Le changement de suffixe est donc bien, inversement, le signe d'une construction (interprété comme étant) du type `avoir'.” (Rebuschi, 1984:597-598)

Gure ustez, hirugarren argudioak, alokutibotasuna eta bilketa formalki nahastera irits daitezkeen baina izatez desberdinak diren eragiketa edo funtzio kontrajarriak direla froga lezake, baina ez gehiagorik. Bestalde, argudioa iruntzitara ere erabil liteke diakronikoki `izan {N-NALOK.} < *edun-N-NK2 biltzaileak' eratorbidea indartzeko.

Lehen eragozpena dela eta, lehendabizi azpimarkatu beharra dago soilik hirugarren pertsonari dagokion zerbait dela, iragan eta alegiazko tempusetan bereizkuntza horren aldamenean erabateko berdintasuna baita erregela orokorra mintzaira klasikoan eta iparraldeko euskalki literarioetan. Izan {N-NALOK.} = *edun-N-NK2 flexioen arteko berdintasuna oso nabarmena da lehen pertsonako adizkeretan, adibidez (Bonaparte, 1869; Ithurri, 1895; Lafitte, 1944):

TEMPUSA IZAN neutroa IZAN alok. *EDUN (N-NK2) ORAINA naiz nauk/-n/-zu (Z)nüzü IRAGANA nintzen nindu(k)an/nindunan/ (Z)nündüzün ALEGIAZKOA nintzateke nindukek/ninduken/ (Z)nündükezü

TEMPUSA IZAN neutroa IZAN alok. *EDUN (N-NK2) ORAINA gara gaituk/-n/-zu (Z)gütüzü IRAGANA ginen gintu(k)an/gintunan/(Z)güntüzün ALEGIAZKOA ginateke gintuzkek/gintuzken/(Z)güntüzkezü

Bestalde, hirugarren pertsonan bertan `izan {N-NALOK.} = *edun-N-NK2' berdintasuna dago gipuzkeraz eta erdialdeko euskalkietan iraganean: zen (neutroa) ==⇒ uan/unan (alok./*edun-N-NK2). Edozein modutan ere, zuan/zunan/zuzun bezalakoak `izan-alok. = *edun-N-NK2' ekuazioaren gezurtagarritzat hartu beharrean, analogiaren eraginez edo bestelako arrazoiez azaldu beharreko salbuespentzat jo behar direlakoan gaude. Adibidez, Schuchardten arabera (1893:239), zen-en alokutibo zaharra *(h)ukan izango zatekeen eta zuan, z-en adizkerarekiko analogiaz, orainaldiko adizkera alokutiboekiko (dituk/ditun) analogiaz eta bigarren pertsonako NK indize pleonastikoa sartzeko joeraren ondorioz ((G) idakan, zirudizun, (G) zinautazun) sortua. Schuchardtek alokutiboen lehenengo erabidearen (“flexiones propias”) eta bigarrenaren (izan {N-NALOK.} = *edun-N-NK2) arteko nahasbidea (“formas mixtas”) proposatu zuen “salbuespenak” esplikatzeko (Schuchardt, 1893:234-258); hona hemen, beraren azalpena:

“El hecho de que el ambiente haya favorecido extensamente la formación tanto de formas de relación propias [nator ==⇒ niatorrek] como impropias [naiz ==⇒ nauk] se deduce de la existencia de muchas formas de relación mixtas [zen ==⇒ zuan/zunan < *(h)ukan + z-en; litzateke ==⇒ lukek/-n < (h)uke + lizate, liteke, etab.]; pero no hay por qué suponer (y a veces ni es posible siquiera) la verdadera coexistencia de ambas formas. La mezcla parte a los elementos pronominales, parte a los núcleos verbales. Parece sin embargo más conveniente indagar las raíces del fenómeno que clasificar los resultados. En ningún dialecto vasco es inaudito que en los grupos del pasado se repita el pronombre inicial designando el agente después del núcleo verbal de la 1ª y 2ª pers. del plural. El príncipe Bonaparte reune una serie de ejemplos VB. XXII. Yo lo considero como consecuencia de una influencia analogizante de los grupos del presente, como un empeño, por decirlo así, por eliminar aquella disparidad extraña (…) entre el presente y el pasado, habiéndose realizado su eliminación en contados casos.” (Schuchardt, 1893:235)

Lafonen azalpenaren arabera, iraganeko hirugarren pertsonarako ezin zitekeen (h)uen bezalako forma bat aukera, hitanozko alokutiboari datxekion sexu-bereizketa galdu nahi ez bazen; hona hemen, beraren hitzak:

“Les formes allocutives du verbe `être' qui ne contiennent pas d'indice d'objet de référence sont empruntées pour la plupart au verbe du-: duc `il (te, m.) est', signifie proprement `il est eu par toi (m.)'; toutefois, `il (te, m.) était' se dit chez Liç. çuán, tandis que `il était eu par toi' se dit auen; cette dernière forme ne pouvait être employée comme forme allocutive parce qu'elle est indifférente au genre et que les formes allocutives tutoyantes, les seules qui existent dans tous les parlers basques, les plus anciennes aussi, servent à indiquer le sexe de l'être pris à témoin.” (Lafon, 1944:81) Rebuschiren bigarren eragozpenari dagokionez, gure ustez, hobeki aztertu beharko lirateke *edun-N-NK2 adizkera biltzaileen murriztapen sintaktikoak, somatzen baitugu adizkera biltzaileek eurek ere ez dutela beti eta erraztasun osoz onartzen menperakuntza.

Rebuschik, eragozpen hauek ikusita, “izan {N-NALOK.} = *edun-N-NK2” berdintasunari itxurazkoa edo azalekoa deritzo, hau da, sinkretismoaren ondorioa. Eta ikuspegi berritzaile horretatik saiatzen da esplikatzen erro-aldaketa (izan ==⇒ u *edun) alokutiboetan (ibid. 613-633). Hona hemen, beraren abiapuntuko analisia:

”(…), je propose donc d'analyser duk allocutif comme une forme hybride, non pas formé comme le duk à suffixe ergatif qui signifie `tu l'as', mais construite sur la même racine -u- avec un suffixe de “second datif”, ce qui explique pourquoi ce suffixe ne devient pas préfixe h- au passé et à l'irréel lorsque l'absolutif est de troisième personne.“ (Rebuschi, 1984:619)

Analisi horretatik abiatuta, aldi berean aditz laguntzaile nagusien arteko erlazioak eta erro-aldaketak esplikatu nahi dituen honako eskema eta iruzki hau ematen ditu:

             {{:gizt:5:4:eskema_rebuschi_629.jpg|}}

Jakina, horrelako eskema abstraktu batek gauza asko esplika ditzake, baina morfologiaren ikuspuntutik askoz ere gehiago dira esplikatu gabe uzten dituenak, eta okerrago dena, morfologiazko erlazio ageriko askoren aurka doa( ). Esate baterako, goikoa bezalako irudikapen abstraktu batek galdu egingo luke morfologikoki eta fonetikoki ezin ukatuzkoa den izan (< *e-iza-n, Mitxelena, 1977:105)( ), n-a-iz (bukaerako -a bokalaren galeraz: naiz/naizate, banintz/nin(t)ate, etab.; Mitxelena, 1977:132) eta n-a-tza-i-o aditzen arteko erlazioa. Beste alde batetik, da ==⇒ duk (+alok.) eta du ==⇒ dik (+alok.) erro-aldaketak esplikatzearen truke, azalpenik gabe uzten du erro-aldaketarik eza bizkaierazko jok (< dau) bezalako adizkeretan. Eta azken buruan, berdin-berdin uzten ditu esplikatu gabe nintzateke ==⇒ nintza(te)kek bezalako “irregulartasunak”. Bukatzeko, du-ri datibo- eta alokutibo-indizeak erantsita sortzen diren emaitza berdinak (di-k/di-k) esplikatzen baditu ere, azalpenik gabe uzten du bizkaieraz eta ekialdeko euskalkietan datiboa eta alokutiboa elkarrengandik bereizteko dagoen joera: (B) deuat (N3S-NI2S-NK1S)/joat (N3S-NA-NK1S); (L, MBN…) derauat/diat. Labur bilduz, Rebuschirena, morfologia aintzakotzat hartu gabe egindako proposamen “ad hoc” iruditzen zaigu, diakroniaren ikuspuntutik guztiz justifikagaitza eta ez oso argigarria.

Izan {NALOK.} < *edun-N-NK2 ordezkapena azaltzeko, Ros-ek antzinako euskal aditz-sisteman gertatu zen berregituraketara jotzen du:

“edun laguntzaileak ezan laguntzailearen lekua ezezik, antzekoak ziratekeen izan aditzaren flexio alokutiboak ere ordezkatu zituen nonbait:

*nazak (alok.[izan-ena]) nazak (absol. [*ezan aditzarena, N1-NK2]) —→ naduk” (Ros, 1987:9)

Dena den, hipotesi horrek bi alderdi ahul ditu. Alde batetik, aipatzen den berregituraketan, *ezan-ek ez zion edonola kendu lekua *edun-i, orduan bataren eta bestearen artean esanahiaren eta erabileraren aldetik aurkakotasun garbia baitzegoen: *edun [“être eu”] eta izan [“être”] (“qui expriment un procès n'impliquant aucun terme”) zeuden batetik eta *ezan [“être fait”] eta *edin [“devenir”] (elles expriment un procès qui aboutit à un terme”) bestetik. Hau da, XVI. mendeko aditz-jokoan somatzen den laguntzaileen berregituraketaren ondorioz, *edun eta izan indikatiborako eta *ezan eta *edin bestelako moduetarako “espezializatuz” joan ziren (Lafon, 1944:523-526). Beste alde batetik, izan aditzaren irregulartasunaren arabera, antzekotasun fonikoak nahiko urriak izango ziratekeen.

Adizki alokutiboen bigarren eta hirugarren ezaugarriak loturik azaltzen zaizkigu Schuchardtek emandako azalpenaren arabera. Bigarren erro-aldaketari dagokionez (u {*edun} ==⇒ i: adib. dut ==⇒ diat), Schuchardt (1893:247, 289; 1923) eta Lafon (1944, I:400-401 eta Ibid. II:35-37) funtsean bat datoz horren interpretazio diakronikoa egiterakoan; i erroa erakusten duten halako alokutiboen azpian (d)u (*edun) erroa legoke, du erroaren forma noridunek erdialdeko euskalkietan i erroa erakusten duten arrazoi beragatik edo bilakaera berberaren ondorioz:

1. DATIBOTASUNA 1a. du (N3-NK3) < *d-a-du 1b. _(G…) diot (N3-NI3-NK1) < (Z) deyot <*dayot <*dauyot < *d-a-du-ki-o/a-t

–(BN-Etxep., Liz.) deraukat, draukat < (…) < *daradukio(a)t [erazlea] < *d-a-du-ki-o/a-t

–(B) deutsot < (…) < *d-a-du-ki-o/a-t( ) (Lafon, 1944, II:36-37)

2. ALOKUTIBOTASUNA 2a. du (N3-NK3) < *d-a-du 2b. (G, L, MBN…) dik (N3-NA-NK3) < (…) < *d-a-du-ki-k (Lafon, 1944:409-410)

Hots, ikus daitekeenez, u > i bilakaera kasu bietan gertatu da, bai du adizkiari datiboa eranstean erdialdeko euskalkietan( ) (1a > 1b: du > di-o) eta bai alokutiboa eranstean (2a > 2b: du > di-k) euskalki gehienetan, bizkaieraz ezik. Eremuzko desberdintasun hau agian ulergarriagoa izango da, gaur egungo dit/deraut/deust sakabanaketa dialektala arkaismoa barik, lekuan lekuko hautaketa desberdinaren ondorioa izan daitekeela kontuan hartzen bada( ). Goiko interpretazioaren arabera, jatorriz datibotasuna eta alokutibotasuna antzeko eragiketak izango ziratekeen eta horregatik dira batzuetan nahiko antzekoak bataren eta bestearen emaitzak.

Hala eta guztiz ere, euskal alokutibotasunaren bereizgarri bat datibotasunetik bereizi izana da; izan ere, ipar-ekialdeko euskalkietan ondo bereizten diren hurrengo adizkera datibodun eta alokutibodunak jatorrizko forma berari ezarritako azentuazio desberdinaren bidez esplika ez ote daitezkeen proposatzen du Lafonek:

dik (N3-NA-NK3) [du-ri dagokion alokutiboa] < (…) < *d-a-du-kí-k (Z) deik [=(L) derauk… (N3-NI2S-NK3)] < (…) < *d-a-dú-ki-k

Lafonen hipotesiak (ibid. 409-410) azentuazioari lotuak agertzen dizkigu goiko bi bilakaera kontrajarriak (dik/deik):

“…Comment l'indice de 2e pers. du sg. précédé de l'élément -ki- a-t-il pris dans certaines formes une valeur affective [alokutiboa], tandis que dans les autres il gardait sa valeur pleine d'élément indiquant l'objet de référence? Il est probable que, tout au moins dans certains parlers, l'accent a joué un rôle dans cette différenciation. Ce n'est pas sans raison que, chez Liçarrague, beaucoup de formes allocutives ont souvent l'accent sur la dernière syllabe et qu'il en est de même en souletin actuel. Et ce n'est sans doute pas par suite d'une coïncidence fortuite que, chez Liçarrague, les noms au nominatif employés en fonction de vocatif portent eux aussi un accent sur la dernière syllabe: semé “fils!”. (…) en souletin, lorsque dik est précédé de ez, c'est i, non e, qui porte l'accent: eztík. La forme signifiant “il t'est eu par lui” est en souletin deik. Il est possible que *dadukik ait donné en souletin deik ou dik suivant que l'accent était placé, comme à l'ordinaire, sur l'avant-dernière syllabe, ou au contraire sur la dernière, qui contenait l'indice -k, pour le mettre en valeur: deik a pu ainsi garder sa valeur première de forme à objet de référence, “il t'est eu par lui”, tandis que dik prenait une valeur affective. Le souletin est à l'heure actuelle le seul dialecte basque qui possède un accent tonique nettement caractérisé et dont la place soit fixe. (…) La grammaire comparée des dialectes basques devra, en tout cas, tenir le plus grand compte de la place que l'accent occupe dans le souletin actuel et dans les écrits de Liçarrague. Peut-être une enquête linguistique portant sur l'ensemble du Pays basque réserverait-elle des surprises sur la question de l'accent en basque et apprendrait-elle du nouveau sur la gènese des formes allocutives.” (Lafon, 1944:409-410)

Ikusi denez, Schuchardten hipotesiaren arabera, jatorrizko forma alokutiboetan (*d-a-du-kí-k > … > dik {N3-NA-NK3}) indize alokutiboaren aurretik -ki- artizkia sartzen da alokutibotasunaren iragarle modura, datibodun adizkietan datiboaren aurretik -ki- sartzen den era berean( ) (adibidez, d-a-kar-ki-o-t, {N3-NI3-NK1}). Hots, gorago azaldu den moduan, azken batean alokutibotasuna jatorriz beste era bateko datibo berria datibo etikoa litzateke.

Oraindik, alokutiboen hirugarren ezaugarriaren (aditz-erroaren aurrean tartekatzen den -i- eta hasierako posizioan agertzen diren kontsonante sabaikariak: nago ==⇒ niagok/ñagok; dago ==⇒ diagok/jagok…) jatorria azaldu behar da. Schucharten arabera, datiboaren edo zehar-objektuaren iragarle den -ki horren aztarna da alokutiboetan tartekaturiko -i- misteriotsua. Dena den, funtsezko diferentzia bat dago adizki datibodunen eta alokutibodunen artean bietan agertzen diren -i- artizkiek jatorri bera dutela onartzeko: adizki datibodunetako -(k)i- artizkia aditz-erroaren ondotik eta datiboaren aurretik tartekatzen da (d-a-kar-ki-o-t); adizki alokutibodunetako -i-, aldiz, hasierako pertsona-markaren ondotik eta aditz-erroaren aurretik tartekatzen da gehienetan (d-i-a-go-k, n-i-a-go-k…). Gauzak horrela, nahiko badaezpadakoa iruditzen zaigu hizkuntzalari germaniarraren hipotesia alokutiboetako -i- artizkiaren jatorriari buruz. Lafonek (1944:420) ongi dioenez “Il est peu vraisemblable que cet i [diagok, baziakiat, bazeakiat bezalakoetan] soit, comme Schuchardt le pense, un reste de l'élément -ki- qui aurait `sauté par-dessus la racine'. L'explication de cet i et de sa variante e reste à trouver.”

Oraintsuagoko beste hipotesi batek (Ros, 1987) arrazoi fonologikoak direla medio azaldu nahi izan ditu adizki alokutiboetan agertzen den zorioneko -i- horren sorrera eta gainerako emaitza palatalizatu edo asibilatuak. Hipotesi horren arabera, alokutibotasuna jatorriz adierazkortasunari lotutako gertakaria izango zatekeen eta hain zuzen euskalkietan barrena agertzen zaigun emaitzen sakabanaketaren (nago ==⇒ [L…] niagok, [GNheg.] negok, [G] natxiok, [B] naizok, [B] najak, [Aezk.] ñagok…) jatorrian “bokal-luzaketa” adierazkorra zegokeen, Añibarrorengandik jasotako hurrengo adizkietan ageri zaigunaren antzekoa: naagok/-n, jaagok/-n, gagozak/gagozaan, jaagozak/-n. XIX. mendearen hasierakoa den Añibarroren gramatikan eta gaur egun Nafarroako zenbait herritan ageri den bokal-luzaketaren ondorioz sorturiko tinbre bereko bi bokalen erdian -j- glidearen “apoiu kontsonantikoa” tartekatuko zatekeen (*a.ja) hiatua apurtzeko edota aurkakotasun funtzional bat azpimarkatzeko; azkenik, jatorrizko *a.ja sekuentzia horretatik abiatuta, erregela batzuen bidez emaitza desberdinak esplikatzen ditu hurrengo bilakabidearen arabera: j ==⇒ y ==⇒ z ==⇒ s ==⇒ c. Hona hemen, bilakaera-hipotesia lehen pertsonarako (Ros, 1987:19-25):

*_a.ja_ > _.ja_ > _ja_ > _(j)a ekialdeko euskalkietan, niagok;

*_a.ja_ > _ai.ya_ (_ai.za_, _ai.sa_) > _a.xa_ bizkaieraz, naizaok > najak [naxak];

*_a.ja_ > _a.yia_ (_a.zja_, _a.sja_) > _a.cja_ > _a.cje_ > _a.ce_ gipuzkeraz, natxegok;

*_a.ja_ > _ja_ > _je_ > _e_ hegoaldeko goinafarreraz, negok.

Bokal-luzaketa, beraz, fonologikoki adierazkorra izango zatekeen eta morfologikoki pisudun bihurtua “neutroa/alokutiboa” aurkakotasuna indartzeko (“… egiazki bereizketa morfologikorik mantendu beharrik ez balego, biderik laburrena desgeminazioa genuke. Aldi berean bokal-luzaketaren balio morfologikoa baieztatzen zaigu.”, Ibid. 40).

Hipotesi hau bere orijinaltasun eta soiltasunagatik tentagarria gerta daitekeen arren, alderdi ahulak dituelakoan gaude. Hasteko, hitanozko aditz-jokoan bokal “bituak” (Altzibar, 1992:417-454 eta bereziki 453-454) agertze hori batipat XIX. mendeko bizkaierazko idazle eta gramatikarien artean gertatzen da (Pablo P. Astarloa( ), Añibarro, J.M. Zabala), baina ez bizkaierazko idazlan zaharragoetan eta are gutxiago mugaz bestaldeko literatur tradizio zaharrean (Etxepare, Leizarraga, Oihenart…). Gauzak horrela eta ustezko *a.a jatorrizkoentzat emandako bilakaera fonetikoen (*a.a > *a.ja > …) egokitasuna alde bat utzita, bizkaierazko eta bizkaieraz kanpoko euskalkietako lekukotasun zahar gehiagoren faltan, ez deritzogu gaurko hikako aldaera dialektal guztien jatorrian edo abiaburuan bokal bituak jartzea hipotesi ongi funtsatua eta sinesgarria denik.

Bestalde, Rosek (ibid. 42-47) oro har hirugarren pertsonako alokutiboetan “dj- > z(j)-” asibilazioa onartzen duen arren, bizkaieraz bereizi egiten ditu lehen pertsonako alokutiboen bilakaera eta hirugarren pertsonakoena( ), azken hauetan palatalizazioaren posibilitatea ukatuz. Horrela, beraren ustez, bizkaierazko jabik, jagok… bezalakoetan hasierako “j-“ak ez dira tartekaturiko -j- (*a.ja, bere hipotesiaren arabera) irristariak eragindako palatalizazio atzekariaren ondorioz sortuak, (B)jako [izan_N3-NI3] adizkiarekiko analogiaz (najako/jako : najabik/jabik) edo forma horretako ja- hasierakoaren “morfologizazioaz” sortuak baizik( ).

Rosek bere hipotesiaren alde Altuberen aipamen solte bat dakar, baina egia osoaren izenean esan beharra dago Altubek berak, bizkaierazko hirugarren pertsonako adizki alokutibo “j-“dun guzti-guztiak jatorrizko d- baten palatalizazioz azaltzeari arriskugarri deritzon arren, ez duela inolako eragozpenik jartzen jagok eta jaukaat bezalakoak palatalizazioaren ondoriozkoak (jagok <…< dago; jaukaat<… < daukat) direla onartzeko( ).

Jakina, Rosek nahi duen bezala, -i- misteriotsuaren eta horren ondoriozko palatalizazio guztien jatorria bokal bituetan baldin badago, Añibarroren jaagok kontra-adibide edo eragozpen larria da bere hipotesirako: bokal bitua dugu, palatalizazioa ere bai, baina “tartekaturiko apoiu kontsonantikoa” falta da. Eta hain zuzen ere, horregatik, bere hipotesiarekin erraz uztartzen ez den eragozpen hau gainditzearren, tratatu behar du aparte -analogiara edo morfologizaziora joaz- bizkaierazko “hirugarren pertsonaren arazoa”.

Guk geuk, jatorria antzematen ez diogun arren, -i- artizkiaren tartekatzea gertaera morfologikotzat daukagu eta ikuspuntu horretatik, errazagoa eta sinesgarriagoa iruditzen zaigu gaurko sakabanaketa dialektala batasunetik( ) abiatuta azaltzea eta ez bitasunetik. Bestela esateko, beste aldi batzuetan (iraganeko jeukan, adibidez) orainaldiko emaitzarekiko (j-) analogia edo morfologizazioaren posibilitatea ukatu gabe, ez dugu ikusten inolako arrazoirik, ezta fonetikorik ere, gainerako euskalkietarako onartzen den palatalizazio atzekariaren eragina (dj-) bizkaierari ukatzeko.

Dagoeneko, uste dugu agerian geratu dela adizkera alokutiboen hirugarren ezaugarria (hasierako kontsonante sabaikariak: nago ==⇒ ñagok; dago ==⇒ jagok…) interpretatzeko modu zuzena: pertsona-indize alokutiboarekin batera ager daitekeen berezko ezaugarri “lagungarria” -i- dugu (Etxep. diagok/-n), orainaldiko ingurune fonikoan sarritan irristari gisa ahoskatua [nj-, dj-…] (Etxep. [djagok]) eta palatalizazio eta asibilazio atzekari askoren eragilea( ). Jakina, hau azalpen fonologiko orokorra da eta benetan oso zaila da bilakabide orokor hori nola, noiz eta non gauzatzen den zehaztea; bestalde, Schuchardtek erakutsi duenez, gaurko lekuan lekuko aditz-joko alokutiboaren xehetasunak azaltzeko analogiaren eragina eta ezaugarri foniko batzuen morfologizazioa onartu beharko dira behin baino gehiagotan.

4. Tratamendu aditz-joko alokutibodunen bilakaera: hiketa, zuketa eta xuketa alokutiboen hurrenkera diakronikoa

Euskalari gehienak( ) bat datoz tratamendu aditz-joko alokutibodunen ondorengo hurrenkera diakronikoa ezartzerakoan: lehenbizi, singularreko bigarren pertsonako adizkerak (hi haiz) eta pertsona bereko adizkera alokutiboak (hura duk/-n) uztartuz, hikako tratamendua (hi haiz-hura duk/-n) sortuko zatekeen euskara guztietan; ondoren, behin zu izenordainaren singulartzea gertatu eta gero, sortaldeko euskalki batzuek (EBN, Zar., Z, Err.), hikako tratamenduan oinarrituta eta alokutibotasuna mimetikoki bigarren pertsona begirunezkora hedaraziz, zuketa alokutiboa garatuko zuketen; eta azkenik, aipatu euskalki berritzaile horietariko batzuek (EBN, Zar.) aurrerago jo zuten beren bilakabidean eta, zuketa alokutiboari bustidura adierazkorra sistematikoki ezarriz “xuketa alokutiboa”, aurreko bi solas-mailen bitarteko zeregin pragmatikoa betetzen duen tratamendua sortuko zuten. Ondorioz, eztabaida handiegirik gabe onartu ohi den goiko hipotesiaren arabera lehenik hitanoa dugu, ondoren zutanoa (alokutiboa), aurrekotik analogi bidez sortua eta azkenik, xuketa (alokutiboa), zuzenean zutanotik palatalizazio bidez erakarria.

Sortaldeko euskalkietako zutanoa oso antzinakotzat jotzen duen autorerik falta ez bada ere (Eguskitza, 1925:14), badira arrazoiak tratamendu hori zu izenordainaren singulartzea baino geroagokoa dela pentsatzeko. Auzi hau erabakitzeko orduan, lehen begiratu batean iduri luke idatzizko lekukotasun-iturriek argitasunik gutxi ekar diezaguketela, biak, hitanoa eta zutanoa lehen testuetatik ageri baitzaizkigu. Baina testuak arretaz arakatuz gero, desberdintasun nabarmen batez konturatuko gara. Izan ere, garai historikoan hikako tratamendua gaur ezagutzen dugun eran agertzen zaigu bat ere salbuespenik gabe, hots, ezinbestean “hi haiz-hura duk” bikotearen bidez mamitua edo bestela esateko, nahitaez hikako aditz-joko alokutiboaz hornitua. Zutanoaren lekukotasunak ere lehenbiziko idatzietatik (XVI) ageri zaizkigu eta horrek esan nahi du ez dela hain tratamendu berria, baina aurreko kasuan ez bezala, “zu zara-hura duzu” lotura oso gorabeheratsua eta salbuespen askokoa izaten da (Lafon, 1959:120).

Zorionez eta zoritxarrez Garaziko Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) da esandakoa gezurtatzeko dugun testu ia bakarra, eta gaur-gaurkoz baliotsuena. “Zorionez” esan dugu, euskaraz argitaratu eta gure eskuetara iritsi den idazlan mardul zaharrena, hiru tratamendu aditz-joko alokutibodunen hiketa, zuketa eta xuketa jabe den euskalki batez, ekialdeko behenafarreraz (“garaztarrez”) egina delako, denek aitortutako freskotasun eta naturaltasun paregabeak darizkiolako eta pasarte askotako estilo elkarrizketatuari esker tratamenduen erakusgarri gertatzen delako; beste alde batetik, gure auzirako “zoritxarra” edo kontuan hartzeko aldagaia dateke testua errimatua izatea, errimazko beharkizunek-eta mintzaira zentzu batean edo bestean aldaraz dezaketelako( ).

Etxepareren bertsogintzan zehar toketa (hi haiz-hura duk), eztabada (zu zara-hura da) eta zutano alokutiboa (zu zara-hura duzu) mintzamoldeak ageri zaizkigu. Baina hiru molde horien artean tratamenduzko aurkakotasun garbi bakarra dago: hi eta zu pertsona-izenordainen artean dagoena, hitano eta hitano ez denaren artekoa, alegia. Lagunarteko tratamendu gisa finkatutako hikako mintzamolde egonkorraren aurrez aurre, zu-kako mintzamolde biak (eztabada eta zutanoa) agertzen zaizkigu begirunezko tratamenduaren adierazgarri.

Toketa hurrengoekin edo hurrengoen artean erabiltzen du: irakurlearekin lehenengo kantuan (I:25,29,33,37,41,45,53,78,129,205, 209,214); irudizko zentzuan bekatuak bekatariari toka mintzo zaizkio (I:281); poeta bere buruari edota irakurle maiteminduari (II:64,68); neska arnegatuak maitale ausart edo lotsagaldukoari (VIII:5,13,15, 19; XII:37); behin bakarrik poeta Jainkoari (XII:49); poeta bere buruari (XIII:1,64,68,72,76,80,84); poetaren etsaiaren ahotan (XIII:97); poeta euskarari (XIV:1,7,12,14,30,39; XV:2). Bada, hiketa erabiltzen duenean, Etxeparek ez du behin ere huts egiten alokutiboaren erabileran; behin bakarrik dakusagu hikako esaldi bat tartekaturik eztabadakako bertso batean (XIII:50) eta alokutiboaren erabilera ustegabeko hau eztabadatik hitanorantz, hots, introspekziorantz egindako tratamendu-aldaketari egoz lekioke agian.

Gainerakoetan zuka eta eztabadaka mintzatzen da olerkaria, baina sarritan mintzamolde bat eta bestea lar bereizi gabe. Esaterako, badakigu jeneralean Ama Birjinari, Jainkoari eta bere maitaleei eta inoiz bere irakurleari zu izenordaina ematen diena, baina hortik aurrera oso zaila da zehaztasun gehiagorik ematea; haietako bakoitzarekin zutanoka ala eztabadaka aritzen den zorrotz zehazterik ez dago, bakoitzarekin bi eratara aritzen delako eta sarri bertso berean. Kantu batzuek (VIII, IX, X, XII) berebiziko balioa dute auzi hau argitzeko, elkarrizketa-eran idatzita daudelako eta maitaleen arteko tratamendua erakusten digutelako; bada, guztietan daude gorabeherak zutano eta eztabadaren artean eta zenbaitetan “hutsak” zu-kako alokutiboen erabileran. VIII.ean, adibidez, gizon maitalea eztabadaka hasten zaio neskari (VIII:1-4), baina bigarren ahapaldian bertan adizkera neutroa eta zukako alokutiboa txandakatzen dira (VIII:9/12: pena dizit/eztut uste); neska maitaleak, ordea, toka erantzuten dio hikako alokutibotasuna behin ere ahaztu gabe. IX.ean maitale biak eztabadaka aritzen dira hasieran (IX:3-12), ondoren zutanoka hasten dira (IX:13,17,25,27,29,31,33); gero, ahapaldi batetik bestera eztababadatik (IX:35) zutanora (IX:37,39) pasatzen da gizon maitalea, azkenengo bertsoetan eztabadaka jarduteko (IX:45,47). Hamargarren kantuan ere maitaleak eztabadaka hasi arren (X:1-10), zutanoka aritzen dira kantu guztian zehar (X:11-74), pare bat aldiz zukako adizki alokutiboen ordez neutroak erabiliz (X:40,69). XII.ean, orobat, ahapaldi batean zutanoka (XII:17), hurrengo bietan eztabadaka (XII:21,25), hurrengoan zutanoka (XII:29), hurrengoan eztabadaka (XII:33), azkenean neska maitaleak haserre toka erantzun (XII:37) eta mutilaren azken bertsoan zutanoa (XII:41) eta eztabada (XII:43) nahasten dira.

Bestela ere, behin baino gehiagotan aurkitzen ditugu adizki neutroak eta zukako alokutiboak uztarturik. Lehen kantuan, Ama Birjinari zuzendutako ahapaldian, eztabadakako adizkia eta zukako alokutiboa bata bestearen ondotik ditugu: O andere gloriosa eta ama eztia!,/ zutan dago bekhatoren esperanza guzia./Ni zugana niatorkezu, bekhatore handia,/arimaren salbatzera zu zakiztan balia. (I:49-52); kantu berean irakurleari zuzenduta dirudien ahapaldi batean gauza bera gertatzen da (I:101-104) eta berebat Jainkoari zuzendutako 188-191 bertsoan (O iaun hona, aitortzen dut bekhatore nizala/eta gaizki egitiaz ogen handi dudala;/nik baitzitut ofensatu bide eztudan bezala,/dolu dizit eta damu zure kontra eginaz). II. kantuan nahaste berbera dugu behin baino gehiagotan (II:7-10;82-87) eta gauza bera V.ean (V:9-12). VI. kantuan eztabadakako adizkiak ageri zaizkigu hasieran, zukako alokutiboak gero (VI:15,19) eta zukako alokutiboak eta neutroak batera hurrengoan (Denbora hartan ohi nizin nik zugatik dolore,/orai aldiz zure faltaz muthatu niz ni ere;/…, VI:23-24). VII.ean ere alokutiboak eta eztabadakakoak elkarren jarraian ageri zaizkigu: Amore bat ukhen dizit miragarri jentilik;/harekila ninzanian enuien nik faltarik;/ nik iagoitik ezin nuke hura bezain maiterik;/haren minez orai nago ezin hilez bizirik (VII:3-6).

Erakusgarri hauetatik guztiotatik batez ere zutanoaren zalantzakortasuna, finkotasunik eza eta hautazkotasuna ondorioztatzen dira antzinako testuetarako, are hurkotasun edo familiartekotasun handiko pasarte eta testuinguruetan. Gure ustez, XVI. mendeko hitanoaren finkotasunari kontrajartzen zaion zutanoaren egoera ezegonkorrak agerian jartzen du azken tratamendu honen “berriagotasuna”.

Bestalde, badirudi zukako adizki alokutiboen erabilera edo erabilerarik eza erregistroari lotua egon izan dela lehenbiziko dokumentuetatik (Lafon, 1959:120). Azpimarkatzekoa da testuinguru formaletan eztabada nagusitzen dela eta zutanoak ozta-ozta duela sarbiderik. Horrela, Etxepare, bere liburuaren sarrerako gutunean apal-apalik eta begirune handiz, eztabadaka mintzatzen zaio erregearen abokatu zen eta bere bertsoak argitaratzeko ardura eta ahalmena zituen Bernard Lehete jaunari. Era berean, XVI. mendearen bukaeran (1595?) Espainiako erregearentzat espioitza-lana egiten duen lekuko behanafarrak (Charles de Luxe) ere hartzailearenganako begirune handia erakusten du bere gutunean eta oro har ez du zutanorik erabiltzen (hil aniz bi aldetaric: hamasei mila baratu dituçu canpouan), eztabadaz (eremerçiazen derautzut-Heben beri bazu ditugu) eta hirugarren pertsonaz (çoure merchediac baitu) oratutako tratamendu nahasia baizik.

Aitzitik, formaltasunezko edo ofizialtasunezko erregistrotik urrundu ahala, aukera gehiago bide dago zutanoa erabiltzeko; adibidez, Bertrand d'Echauzek 1584ean bere anaiari igorritako gutun laburrean (Mitxelena, 1964:154-157) zukako alokutiboak besterik ez ditu erabiltzen perpaus nagusietan. Beraz, Bonapartek jarritako deitura gorabehera (“traitement respectueux”) eta hitanoaren aldean dituen kortesiazko edo begirunezko konnotazioak gorabehera, badirudi zutano tratamenduak betidanik lagunartekotasun- edo etxekotasun-kutsu berezia izan duela eta iraganerako ”+alokutibotasuna = +hurbiltasuna, etxekotasuna, lagunartekotasuna” berdinketa nahiko arrazoizkoa izan daitekeela.

Zuketa alokutiboaren berriagotasunaren alde, esandakoaz gainera, bere izaera dialektal marjinala kontuan hartu behar da, sortaldeko mugaz haraindiko (EBN, Z) eta mugaz honaindiko (Zar., Err.) euskalkietara mugatua dago eta. Ondorioz, L.L. Bonaparteren irizpideen arabera isoglosa baliagarri eta erabakigarria den ezaugarri hau, hizkuntz sistemaren barne zegoen gaitasun baten (solaskidearen inplikazioa edo agian alokutibotasuna) garapenaren eta hedapenaren ondorioz sortutako berrikuntza dialektala delakoan gaude eta ez arkaismoa. Lafonek aditzera eman duenez (Lafon, 1959:128), baliteke hitanoaren leungarri gisa eta haren eredura sortu izana, lagunarteko tratamenduari itsatsitako gordintasun edo zakartasuna saihestearren.

Bestalde, aipagarria da zutanoak mende baten buruan Donibane-Garazi inguruan egin duen atzerakada. Bonapartek utzitako itzulpen eta oharren arabera, XIX. mendearen hirugarren herenean Donibane-Garazin, Garazin eta oro har EBN osoan guztiz hedatua zegoen zutanoaren erabilera eztabadaren ordez; bada, guk duela gutxi (1992) Donibane-Garazin eta inguruko zenbait herritan (Lasa, Arnegi, Luzaide, Uharte-Garazi…) egin ditugun galdeketa batzuen arabera, paraje horietan hiketa, xuketa eta eztabada solas-mailak besterik ez dituzte eta ez dute zukako alokutiborik erabiltzen. Areago, Donibane-Garazi inguruan ez ezik, EBN osoan barrena ere somatu dugu zukako aditz-joko alokutiboaren galera gazte jendearen artean. Ondorioz, EBNz garai batean eta egun zenbait lekutan zuketa eta eztabada bereiztera heldu baldin bada, duela mende batetik hona zuketa eta eztabadaren arteko neutralizazioa eta ondorioz ordezkapena gertatzen ari da bigarrenaren alde. Beraz, eztabada eta zuketaren arteko muga hasiera batetik irristakorra izan bada, gaur egun are ahulago edo hauskorragoa da bien arteko aurkakotasuna ekialdeko behenafarreran (infra X. kapt.).

EBNren eta zaraitzueraren bereizgarria den xuketari dagokionez, zuketatik zuzenean palatalizazio bidez eratorria dirudi eta ondo¬rioz, oraindik zuketa baino berriagoa. Oro har, aditz-joko alokuti¬bodun tratamenduei etxekotasun-kutsu nabaria badarie, xuketari are handiagoa jatorriz eta sortzez hizkera maitakor eta adierazkorraren fruitu delako. Solas-maila honen idatzizko oihartzunak oso bakanak izateaz gainera, oso berriak dira, beharbada tratamendu hau ahozko hizkerari datxekion zerbait izanik literaturan gutxitan ispilatzen delako edota sortu berria delako. Ia eskuko hatzamarrekin zenbat daitezke lekukotasun idatziak; hona hemen batzuk: Bordel (1792-1879) luzaidarraren Bertsoak; M.Elissamburu (1826-1895) heletarraren Framazonak (1890); E. Zubiri (1867-1943) luzaidarraren idazlanak; M. Etchamendy (1873-1960) ezterenzubitarraren Bertsoak; J.B. Etchepare (1937-1961) jatsiarraren Mendekoste gereziak eta beste. Zoritxarrez, lekukotasun zuzen eta zeharkako (Bonaparte) zaharrenak, XIX. mendekoak ditugu eta ondorioz, oso zaila da tratamendu berriaren sorrera datatzea.

Azkenengo bilakaera hau (zu =⇒ xu, -zu- =⇒ -xu-) oso interesgarria da, sortzez palatalizazio adierazkorrari( ) lotua badago ere, leku batzuetan adierazkortasun fonetikotik harantzago joan den bilakaera izan duelako. Bilakaeraren lehen aldian palatalizazio adierazkorrak izenordainean bakarrik izango zuen eragina (zu > xu), geroago bustidura sistematikoki hedatuko zen aditz jokatuaren morfologian zehar bigarren pertsona argumentalaren zein alokutiboaren indize guztietara (z-/-zu/-zu- > x-/-xu-/-xu), zuketa tratamenduaren aldaera adierazkor eta markatua sortuz. Tratamendu biak, zuketa eta xuketa, gordetzen dituzten eskualdeetan badirudi benetako hots-sinbolismo edo adierazkortasun fonetikoaren aurrean egon gaitezkeela (Oñederra, 1990:74), xuketaren erabilera-esparrua zuketarena baino zertxobait mugatuagoa izan daitekeen heinean. Nolanahi ere den, bigarren urratsa, morfologizazioa, oso nabarmena da gaur Arbelako eskualdean edo Donibane-Garazin, non galdu egin baita xuketaren abiapuntu izan den zukako aditz-joko alokutiboa( ). Hots, horrelako eremuetan Mitxelenak iragarritakoa bete da: “El valor expresivo de la serie palatalizada no podrá claro es, manifestarse plenamente más que cuando con la forma “normal” o “fuerte” de la palabra conviva la forma “débil”, y desaparece por lo general cuando la forma originalmente marcada ha quedado como única.” (Mitxelena, 1977:180); izan ere, Donibane-Garazi inguruan xuketa barra-barra erabiltzen da euren arteko tratamendu neutro edo markatugabea balitz bezala. Beharbada, palatalizazioa morfologizatu( )-edo egin dela esan daiteke: zeregin gramatikal-enuntziatiboa bereganatu du hiketa eta eztabadaren bitarteko tratamenduaren bereizgarria izateraino.

Dena den, palatalizazio adierazkorrak euskaraz oro har fenomeno zaharra dirudien arren( ), ez dugu uste xuketa, tratamendu finkatu gisa, oso antzinakoa denik, beraren lekukotasunak aski berriak direlako, zuketaren (EBN, Zar., Z, Err.) bustiduraren ondorioz sortua delako, hau da, oraindik marjinalagoa delako (EBN, Zar.) eta zuketak berak gorago aipatu arrazoiengatik oso antzinakoa ez dirudielako.

Euskal tratamendu aditz-joko alokutibodunen bilakaera diakronikoaz orain arte esan duguna laburtzeko, honako hurrenkera diakronikoa ematera ausartuko gara: orokorra den singularreko bigarren pertsonako hiketa da tratamendu zaharrena askozaz, garai historikoan hi haiz-hura duk/-n bikote finkoaz osatua, hots, aditz-joko alokutibo bereziaz hornitua; ondoren -askoz geroago-, sortaldeko euskalkietan (EBN, Zar., Z, Err.) hiketarekiko analogiaz edo haren ereduz, zuketa alokutiboa sortuko zatekeen, zu zara-hura duzu bikote ez hain finkoaz osatua eta XVI. mendeko idatzietatik erregistroaren eta abarraren arabera alokutiboari dagozkion gorabehera handiekin (hura duzu/hura da) dokumentatua; eta azkenik, zuketaren bustidura adierazkorraz xuketa (xu xara-hura duxu) tratamendu markatuago eta marjinalagoa (EBN, Zar.) sortuko zatekeen, XIX. mendera arte dokumentatugabea.

5. Bigarren pertsonako tratamenduen bilakaera euskaraz: hipotesiak

Ziurtasun edo sinesgarritasun pixka batez, gehienez ere, hurrengoaren moduko hurrenkera proposa genezake tratamenduen sorreran: 1) hiketa da tratamendurik antzinakoena eta hasiera batean bakarra; 2) antzinakoa izan behar duen lehenbiziko eraberritzea eztabada (zu zara-hura da) da, orokorra eta begirunea adierazteko pluraltasunera jo izanaren ondorioz sortua; 3) bigarren berrikuntza zuketa alokutiboa izango zatekeen, sortaldeko euskalkietara mugatua eta lehenbiziko testuetatik dokumentatua; 4) geroago, XVI. mendeko gaztelaniari hartutako “izen-esapidea (jauna, zure mesedeori, zure senoria…) + hirugarren pertsonako adizkerak” tratamendua erabiliko zen aldi labur batez eta itxura denez, ez bakarrik hegoaldeko euskalkietan; formula honetatik geroago, XVI-XVII inguruan, beroriketa sortuko zen hegoaldeko euskalkietan; 5) eta beharbada oso aspaldi ez dela, ekialdeko behenafarrerak eta zaraitzuerak xuketa garatuko zuten zuketa alokutiboaren palatalizazio adierazkorraz.

Hiketa, gaurko eran nahiz aditz-joko alokutiborik gabe, izango za¬tekeen tratamendu antzinakoena eta hasiera batean bakarra. Ondoren, zu izenordainaren singulartzeaz, hiketa/eztabada (hi haiz-hura duk/zu zara-hura da) bikoiztasuna sortuko zatekeen euskara osoan. Estadio horrexetan gelditu ziren lapurtera eta mendebaldeko behena¬farrera. Handik aurrerako berrikuntzen ondorioz euskalkiak elkarren¬gandik aldenduz joan ziren. Alde batetik, sortaldeko euskalkietan (EBN, Zar., Z, Err.) hiketaren eta eztabadaren bitarteko solas-maila sortu zuten mendeen buruan: zukako aditz-joko alokutiboaren erabi¬lera hedatu eta etxekotasun-kutsua bereganatzerakoan, hiketa < zu¬keta < eztabada tratamendu-hirukoiztasunerako atea irekiko zen, beti ere “alokutibotasuna/alokutibotasunik eza” edo zuketa/eztabada aur¬kakotasuna nahiko labankorra izanik; zentzu estuan, sortaldean bene¬tako tratamenduak familiartekotasunez jantzitako hiketa eta zuketa alokutiboak ziren eta eztabada “ez-tratamendua” edo izango zen, hur¬biltasunik izan ezean eta erregistro goitarretan erabiltzekoa. Beste alde batetik, hegoaldeko euskalkiek hiketaren eta eztabadaren gainetik dagoen hirugarren pertsonako tratamendu hiperbegirunezkoa sortu zuten, beroriketa (hiketa < eztabada < beroriketa). Hegoaldeko sortaldeko euskalkietan (Zar., Err.) berrikuntza biak (zuketa eta beroriketa) gertatuko ziren eta horixe da, hain zuzen, erronkarierak eskaintzen duen irudia: hiketa < zuketa < eztabada < beroriketa. Azkenik, sortaldeko euskalkien artean EBN eta zaraitzuera urrunago joan ziren eta bitarteko hirugarren tratamendu alokutibo bat sortu zuten zuketaren palatalizazio adierazkorraren bidez (hiketa < xuketa < zuketa < eztabada). Beraz, berrikuntza guztien hartzaile izan zen XIX. mendeko zaraitzuerak beharbada bost tratamendu bereiziko zi¬tuen: hiketa < xuketa < zuketa < eztabada < beroriketa. Edozein mo-dutan ere, zuketa/eztabada aurkakotasuna iraganean eta duela gutxi arte erronkarieraz baliagarri gertatu bada ere, gaur egun guztiz ahuldua dago (ik. X. kapt.).

Egia aitortzeko, iraganerako aurreko puntuan proposaturiko bilakabideetatik harantzago joan ahala edo hizkuntzaren historiaurrean gora igon ahala, hipotesi gero eta ahulagoak, gezurtagaitzagoak alegia, adierazi beharrean aurkituko gara. Horrela, hitanoaren antzinatasunaz ez dago eztabaida handiegirik, baina proposamen desberdinak egin dira antzinako egoera eta geroagoko bilakabidea azaltzeko.

Lafonek (1959:124-126), adibidez, gaurko hiketa aditz-joko alokutiboduna proposatu du ondorengo bilakaera guztien abiapuntutzat: zu izenordainak esanahi plurala (II') zuen hasierako garai hartan, singularreko bigarren pertsonako (II) tratamendu bakarra zegokeen eta nahitaez adizkera alokutiboak erabili beharra solaskide bakar batekin aritzeko (hi haiz-bero duk); adizkera neutroak (bero da) askorekin hitz egitekotan edota zehazki inori zuzendu ezean erabiliko ziren. Bigarren aldi batean zu-ren singulartzea begirunea adierazteko eta izenordain-sistemaren berrigutaraketa gertatuko ziren (2p. ==⇒ 2s-begirunezkoa; zuek izenordain berretuaren sorrera pluralerako) eta hirugarren eta laugarren aldietan zukako aditz-joko alokutiboaren sorrera eta xukakoarena gauzatuko ziren sortaldeko euskalkietan.

Rebuschik (1984:534-535), ordea, honako aldi hauek proposatu ditu tratamenduen bilakabidearen hasieran:

1) lehenbiziko garaian tratamendu bakarra zegokeen, hiketa alokutiborik gabea: ni naiz, hi haiz, hura da…

2) bigarren garaian, hi-kako bi tratamendu bereiziko ziren alokutibotasunaren arabera:

lagunartekoa: ni nauk, hi haiz, hura duk… kortesiazkoa1: ni naiz, hi haiz, hura da…

3) hirugarren aldian, aurreko kortesiazkoa1 tratamenduaren ordez hizkuntza erromantzeei mailegatutako kortesiazkoa2 sartzen da: lagunartekoa: ni nauk, hi haiz, hura duk… kortesiazkoa2: ni naiz, zu zara, hura da…

Azkenik, hirugarren proposamen baten arabera (Alberdi, 1986b:422-424 eta Ros, 1987:31-33), antzina batean hiketa ez-alokutiboa (hi haiz, bero da…) izango zen tratamendu bakarra, baina hiztunak adizkera biltzaileak (ni nauk, gu gaituk…) erabil zitzakeen solaskidea solasera biltzeko edo solaskidearekiko hurbiltasuna bilatzeko; bada, baliabide adierazkor eta hautazkoa zena, solaskidearen bilketa edo inplikazioa, derrigorrezko bihurtuko zen, zu izenordaina singulartu eta hi izenordainaren lagunartekotzea edo lautzea gertatutakoan. Harrezkero, lagunarteko ziren adizkerek, bai bigarren pertsonakoek (hi haiz) bai biltzaileek (ni nauk) elkar bilatuko zuten elkarrekin erabat josteraino; horrela helduko zen gaur ezagutzen dugun hiketa alokutibora, hots, hi haiz-hura duk bikote finko eta derrigorrezkora, jatorrizko inplikazioa ahaztuta. Hortaz, hipotesi horren arabera gaur ezagutzen dugun tankerako hiketa alokutiboa zu izenordainaren singulartzearen ondoren eta hi-ren lautzearen ondorioz gauzatuko zen.

Nolanahi ere den, azken hiru hipotesi hauek, antzinako denbora ilunetan murgiltzen diren neurrian, tentagarri bezain ahulak iruditzen zaizkigu, ez baitago berauek gezurtatzeko modurik edo bata edo bestea aldezteko irizpide irmorik. Hortaz, bigarren mailako hipotesi gisa aitortzen diegun balio murritzagatik, bere horretan utziko ditugu iruzkin kritiko handirik gabe.\

6. Euskal tratamendu-usadioen (T/V) iragana, oraina eta geroa

Tratamendu-izenordainei buruzko ikerketa soziolinguistikoen historiarako oinarrizkoa den ikerketa ezagun baten arabera (Brown and Gilman, 1960), mendebaldeko zenbait hizkuntzatan, hala nola, espainieraz, frantsesez, alemanez, italieraz eta ingelesez, Brownek eta Gilmanek “boterearen semantika” deritzotenetik “elkartasunaren semantika” deritzotenera igaro da (cf. I.1). Hizkuntza guztiotan tratamendu nagusi bi bereizten dira, aurrerantzean, gauzak erraztearren, T eta V laburdurez adieraziko ditugunak. Lehenengoa (T), lagunarteko tratamenduari dagokio eta bigarrena (V), begirunezko tratamenduari( ).

Hitz laburrez, bi dira ikerkuntza honek dakartzan diakroniazko hipotesiak: 1) XX. mendean aipatu bost hizkuntzetan (frantsesa, italiera, alemana, espainiera, ingelesa) lehenagoko “boterearen semantikari” “elkartasunaren semantika” nagusitu bide zaio edo erabat nagusitzeko bidean dago( ); 2) elkartasunaren semantikaren barruan gaudelarik, gero eta joera garbiagoa ageri da elkarrekiko T-ren alde, urruntasunezko edo formaltasunezko V elkarrekikoaren kaltetan. Hau da, gero eta handiagoa da T elkarrekikoa eragiteko moduko binakoen kopurua gizarteko harremanetan.

Beraz, lehenbiziko aldakuntza semantikoak ardatz baten (boterearen) zokoratzea ekarri baldin badu, bigarrenak -orain gauzatzen ari omen denak-, sistema bakuntzearen alde jokatzen du, lagunarteko tratamendua (T) gero eta esparru zabalagoak beraganatzen ari delarik. Bigarren urrats hau beteko balitz, ziklo historikoaren abiapuntura itzuliko ginateke (T—> T/V —> T) eta agian horrekin batera bereizketa edo bikoiztasun berrien beharra (T/V) sentituko ere.

Aurkeztu ditugun diakroniazko hipotesiak eta bilakabidezko eredu teorikoa euskararentzat onartuz gero( ), berehala sortzen zaigun galdera bikoitza hizkuntzaren bilakabide historiko berriari buruzkoa da: 1) XIX-XX. mendeetako euskararen eboluzioan boteretik elkartasuneranzko joera atzeman daiteke? Baiezkoan, zenbateraino burutu da aldakuntza hori? 2) XX. menderako inguruko zenbait erdaratan iragarritako elkarrekiko T-ranzko joera garbia somatzen ote dugu gaur egungo euskaran?

Lehenbiziko galderaren hariari helduz, aski bidezkoa dirudi( ) T/V asimetria ugariagoak zituen eredu bat proposatzea aurreko mendeetako euskararentzat. Hau hala izatera, ondorengo urratsa elkartasunaren eta boterearen arteko gatazka izango zatekeen. Aldameneko hizkuntzetan joera, esan bezala, lehenengo kasuan T (goragoko solidarioari) eta bigarrenean V (menpeko ez-solidarioari) nagusitzekoa izan da (cf. I.1.1.2 “2B irudia”). Bezeroa/zerbitzaria, ofiziala/soldadua, enplegu-emaileak/enplegatua binakoak kontuan hartzen baditugu, ematen du antzera gertatu dela euskaraz, egun menpekotasunezko edo asimetriazko harreman horietan elkarrekiko V gailentzen baita.

Hala eta guztiz, goragoko solidarioekin (gurasoak/seme-alabak, ugazaba/morroi leiala, anaia nagusia/anaia gazteagoa) ez dirudi T-T bikotearen aldeko bilakaera hain aurreratua dagoenik. Gure uste apalean, aipatu kasuetan bi eremu bereizi beharra daukagu: familia-barneko harremanen eremua eta familiaz kanpoko harremanen eremua. Lehenengoan elkarrekiko T nagusitzetik aski urrun geundeke, familiaren esparruan oro har adinaren aldetiko desberdintasunak izanez gero (gurasoak/seme-alabak; izeko-osabak/ilobak; aitona-amonak/bilobak…), T-V gisako harreman asimetrikoak gertatzen baitira. Hortaz, Brown eta Gilman-ek “elkartasuna” deritzoten ardatzaren hedakuntza hurbileko hizkuntzetan baino astiroago, motelago eta atzeratuago dator euskaraz. Familiaz kanpoko harreman asimetrikoetan, ordea, bilakaera tratamenduzko simetriaren aldekoa izan da oro har.

Beraz, lehen ondorio gisa, zera aurrera genezake: Brownen lehen hipotesia (asimetriatik simetriaranzko bilakaera, hots, T/V ==⇒ T-T nahiz V-V) oro har betetzen ari dela dirudi, familiaren eremuan aldameneko hizkuntzetan baino dexente asimetria gehiago gertatzen badira ere edo “boterearen semantikaren” aztarna gordinak gordetzen badira ere (cf. V).

Bigarren auziari buruz, zoritxarrez ezezko erantzuna eman beharrean aurkitzen garela deritzogu. Salbuespenak salbuespen( ), gaur egungo euskaran, ez dugu somatzen elkarrekiko hitanoa (T-T) orokortzeko joerarik eta are gutxiago hitanoaren aldeko ordezkatze-prozesurik. Beldur izatekoa da alderantzizko ordezkatzea ez ote datorkigun gainera: batak bestea menderatzekotan, gure artean, eztabadak (V-V) ahantzaraziko liguke hikako tratamendua eta ez alderantziz. Izan ere, bietatik hiketa da erabilera murritzagokoa edo tratamendu markatua eta eztabada (edo zuketa ez-alokutiboa) tratamendu markatugabea edo “neutroa”, ia-ia edozein testuinguru eta egoeratan erabilgarria (De Rijk, 1991). Horrela, euskal hitanoa frantsesezko tutoiement baino gutxiago erabiltzen da eta, zer esanik ez, gaztelaniazko edota espainierazko tuteo baino dexente gutxiago; eta alderantziz, euskal eztabada (edo zuketa ez-alokutiboa) oro har frantsesezko vouvoiement baino maizago erabiltzen da eta gaztelaniazko edota espainierazko usteo baino biziki sarriago. Bestalde, ez da pentsatu behar gaurko egoera hau, hitanoak azken mendeetan jasan izan duen atzerakadaren ondorio zuzena denik, XVIII. mendearen lehen herenerako Larramendi gramatikari zorrotzaren lekukotasunak (“es un tratamiento medio entre el usted y tú” Larramendi, 1728:127-130; ”…es del modo y trato medio entre usted, y tú…”, Larramendi, 1729:62) argiro mintzo baitira euskarazko zu izenordainaren erabilera zabalaren alde.

Gavelen ustetan, hegoaldeko gaurko egoera, “hitanoa < eztabada < beroriketa” tratamendu-hirukoteaz horniturikoa, XVI. mendeko espainieraz zegoenaren antzekoa eta neurri handi batean garai hura baino zerbait lehenagoko erabileraren ispilua edo gordailua dateke. Hona hemen, beraren hitzak:

“Mais l'usage des dialectes basques meridionaux n'est en très grande partie que la conservation d'un état de choses légèrement plus ancien que les practiques espagnoles du XVIe siècle: l'équivalent de vuessa merced est berori (…); zu est la 2e personne du pluriel constituent un degré intermédiaire entre le tutoiement et berori, comme l'ancien vos espagnol, avec cette différence que le zu euskarien est souvent plus respectueux que ne l'était le vos espagnol du XVIIe siècle”. Eta orri azpiko ohar batean gaineratzen du: “C'est justement á cause de cette nuance plus respectueuse que l'usage biscayen nous parait plus archaique que l'état de choses castillan du XVIIe siècle.” (Gavel, Grammaire Basque, Appendice, “Note additionnelle au &117. Usage du tutoiement et du pronom zu”).

Beste alde batetik, Gavelek, iparraldeko euskalkietako gaurko egoera inguruko erromantzeen (gaskoia, bearnesa, frantsesa) eraginaren bidez esplikatu nahi du; horren arabera, mugaz bestaldeko euskalkiek antzinako frantses-usarioen eta frantses-usario modernoen bitarteko egoera gordetzailea erakusten dute (“c'est un état intermédiaire entre la practique française ancienne et la practique française moderne.”). Beraren ustez, gaurko iparraldeko tratamendu-usarioak (hitanoaren erabilera oso mugatuaz eta zu izenordainaren erabilera zabal eta kortesiazkoaz) hurbilago daude antzinako frantsesez-eta zeudenetatik( ), XX. mendean mendebaldeko hizkuntzetan hedatutako usarioetatik baino. Hurbiltasuna, batez ere, hitanoaren erabilerari dagokionez ikusten du; hona hemen, Gavelen interpretazioa: “(…) et le pays basque français conserve à cet égard une conception de l'emploi de zu plus conforme aux habitudes françaises anciennes qu'aux habitudes françaises modernes: son usage est obligatoire envers toutes les personnes à qui l'on doit le respect: les enfants, par exemple, y sont astreints à l'égard des parents. Par concession aux tendances nouvelles, les frères et soeurs se tutoieront le plus souvent entre eux, et beaucoup de parents tutoieront leurs enfants.” (Gavel, op. cit., 556) Guk geuk, berori-ren sorrera alde bat utzita, ez dugu ikusten hain argi Gavelek mugaz haraindiko eta mugaz honaindiko euskalkien artean egiten duen bereizketa, ez eta albo-hizkuntza erromantzeen eraginpeko bilakaera kontrajarria. Gure ustez, hegoaldeko euskarak gazteleraren eraginez-edo garatu duen berori berrikuntza bereizlea alde batera utziz gero, gainerakoan eta funtsean -hi-kako eta zu-kako solas-mailen erabileran (infra VIII. kapt., X. kapt.)- bat datoz ipar eta hegoaldeko euskararen tratamendu-usarioak. Gavelen azalpenari aurre egiteko, alde bietako egungo euskaldun elebidunek (ia denak dira elebidunak) tratamenduekiko jokaeran ageri duten interferentziarik eza azpimarkatu nahi dugu, horrekin albo-hizkuntzen eragina ukatu nahi ez bada ere. Bestalde, Gavelek usario berritzat hartzen dituenak, hala nola, seme-alabenganako hitanoa edo haurrideen artekoa, oso aspalditik dokumentatuta daude (Ama bereac esaeusan:/Semea, çer doc orrelan?… Mitxelena, 1964:84; eta anaien arteko hitanorako ikus ibid. 157).

XVI. mendeko gaztelaniaren eta garai bereko hego-euskararen arteko antzekotasunak uste baino txikiagoak dirateke. Alde batetik, gaztelerazko vuestra merced esapideak zabalkunde handia bereganatua zuen XVI. menderako eta gure hipotesiaren arabera hegoaldeko berori hiperbegirunezkoa geroagokoa da; hala ere, XVI. mendean gazteleraren eraginez, “zure mesedeori… + hirugarren pertsona” bezalako trataera kalkatu eta sartu berriak erabiliko ziren euskaraz zu izenordainarekin batera, sarritan nahastean. Beste alde batetik, Gavelek berak azpimarkatzen duenez, ordurako aurreko bilakaeraren ondorioz gaztelerazko vos laua zen (edo menpekoei ematekoa edota konfiantza handiko berdinen artean erabiltzekoa) eta euskarazko zu, ostera, begirunezkoa. Azkenik, dokumentuen bidez frogatzerik ez daukagun arren, gazteleraz eta frantsesez garai hartan gertatzen zenaz bestaldera, ez du ematen hitanoa XVI. mendean behe-mailakoen arteko tratamendu ohizkoa zenik, ez eta zu izenordaina goi-mailakoen artekoa zenik.

Hitanoaren erabilera XVI. mendean, beharbada, ez zen hain desberdina gaurkoarekin alderatzen bada, alegia, nahiko markatua edo urria izango zen orduan ere. Garai hartan, beharbada, tratamendua hautatzerakoan gaurkoen antzeko aldagaiak izango ziren pisudunak, hala nola, sexua, adina eta harremana( ). Etxepareren olerkietako (1545) maitaleak, adibidez, zu elkarrekikoaz (V-V) edo hi/zu (T/V) asimetrikoaz baliatzen dira, baina ez hitano elkarrekikoaz (T-T); erabilera horrek gaur egun Euskal Herri osoan noketak toketaren aldean duen izaera oraindik markatuagoa gogorazten digu: EBNz xuketak noketa bazterreratzeko bidea hartu du (infra VI. kapt.); Zuberoan noketa galtzear dago gaur eta, erdialdeko euskalkietan izan ezik (G, IGN), antzeko joera nabari da gainerako hizkeretan (infra VIII. kapt.). Gure hipotesiaren arabera, euskal tratamendu-usarioek azken bostehun urteotan ez dute gorabehera handiegirik edo funtsezkorik izan, edo ez behintzat, inguruko erdaretan gertatutakoen parekorik. Puntu honetan, beste batzuetan bezala, euskara gordetzaileagoa izango zen. Euskal gizartea klase- eta maila-desberdintasun gutxikoa izanik, sinesgaitza gertatzen zaigu gizarte-klaseen araberako tratamendu-banaketa (hi behe-mailakoen artean eta zu goi-mailakoen artean) XVI. mendeko euskaran; ondorioz, garai historikoko hi eta zu izenordainekiko usarioak lehenagoko egoera baten aztarnak dirateke. Bestalde, gure ustetan, euskal tratamendu-usarioetariko asko( ) beregainak dira eta euskararen beraren baitatik eta euskal gizartekeratik azaldu behar dira, eta ez nahitaez kanpoko eraginen bidez.

7. Ondorioak

0) Lehenengo eta behin, euskararen garai historikoan tratamendu-sisteman eragin duten aldaketarik gutxi izan direla gogoratu behar da. Bestalde, idatzizko lekukotasunen berritasunagatik (1545) eta haien izaera jasoagatik, izan diren aldaketa apurrak dokumentuen bidez egiaztatzeko zailtasuna azpimarkatu behar da. Gauzak horrela, euskal tratamenduen bilakaerari buruz esango ditugunak, gezurtatze-prozesu baten ondorioztapen garbi eta sendoak barik, nahi baino sarriagotan usteen mailako hipotesi ahulago edo sendoagoak baizik ez dira izango.

1) Azpimarkatzekoa da euskal tratamendu-izenordainen bilakaeran, oro har, bete egiten direla Headek (1978) hizkuntz “unibertsaltzat” aurkezten dituen joerak, eta bereziki, gure ustez euskarari dagozkion hurrengoak:

  • (2) Izenordainen bidezko erreferentzian numeroa aldatzea errespetu-mailak edo gizarte-tartea adierazteko, soilik banakoei zuzentzerakoan gertatzen da eta sekula ez multzo bati zuzentzerakoan.
  • (3) Izenordainen bidezko erreferentzian numeroa aldatzen baldin bada errespetu-mailak edo gizarte-tartea agertarazteko, orduan ez-singularrak (plural edo dualak) singularrak baino errespetu-maila edo gizarte-tarte handiagoa adierazten du erreferentearekiko.
  • (5) Erreferentzian, izenordainen kategoria (gramatika-ezaugarri) bat baino gehiago erabil daitezke batera hizkuntza berean errespetu-mailak edo gizarte-tartea adierazteko. Arakatutako hizkuntzen artean, numeroa eta pertsona dira kategoria-bikote erabiliena esanahi soziala bereizteko. Bestelako kategoria-konbinaketarik egotea ezinezkoa ez bada ere (eta izan, badira halakoak), aipatutako bikotea da gertagarriena, numeroa eta pertsona izenordain-sistema orotan agertzen diren kategoria unibertsalak direlako.
  • (6) Maila sinkronikoan nahiz diakronikoan, pertsona-aldaketarekin batera numero-aldaketa erabili ohi da izenordain-sisteman errespetu-mailak edo gizarte-tartea erakusteko.
  • (7) Errespetu-mailak edo gizarte-tartea adierazteko pertsona-aldaketaz baliatzen diren hizkuntzetan, solaskideari eta hiztunari erreferentzia egiteko hirugarren pertsona erabiltzeak bigarren eta lehen pertsona, hurrenez hurren, erabiltzeak baino gizarte-tarte handiagoa adierazten du.
  • (8) Izenordainen bidezko erreferentzian pertsona-aldaketak numero-aldaketak baino tarte handiagoa adierazten du errespetu-mailaketari edo gizarte-tarteari dagokionez. Ondorioz, tratamendua bereizteko numero-aldaketa eta pertsona-aldaketa erabiltzen dituzten hizkuntzetan, errespetu-mailaketa honako hau izango da behetik hasita: bigarren pertsona singularra < bigarren pertsona plurala < hirugarren pertsona singularra < hirugarren pertsona plurala.
  • (9) Solaskideari buruz, bigarren pertsonako izenordainak baino errespetu-maila edo gizarte-tarte handiagoa adierazten duen hirugarren pertsonako pertsona-izenordainaren erabilerak, sarritan, izenez edo izen-esapideez osatutako errespetuzko trataerak ordezkatuz izan du sarbidea tratamendu-sisteman. Jakina, baieztapen honek ez du ezertarako ukatzen kutsapenaren bidezko sarbide edo hedabidea hizkuntzen artean.
  • (18) Izenordainen bidezko erreferentzian, errespetu-mailak edo gizarte-tartea adierazteko xedez burutzen diren bilakabideak maizago gertatzen dira banakoei erreferentzia egiterakoan bati baino gehiagori erreferentzia egiterakoan baino.

2) Gure ustez, gaurko zu izenordain begirunezkoaren bilakaera honelakoxea izan da:

II' ==⇒ *II'/II-begirunezkoa ==⇒ II-begirunezkoa

  • 1. *II' ==⇒ *II'/II-begirunezkoa
  • 2. *II'/II-begirunezkoa ==⇒ II-begirunezkoa

[* ikurrak “hipotetikoa” edo “dokumentatugabea” esan nahi du]

Euskaraz, hizkuntza indoeuroparretan bezalaxe (Joseph, 1987:261), abiapuntuko izenordain-sisteman tratamenduzko bereizketa morfologikorik eza edo mailaketarik eza postulatzea dateke hipotesirik sinesgarriena. Gure hipotesiaren arabera, beraz, bilakaera bi urratsetan burutuko zatekeen: 1) lehen urratsa, begirunea adierazteko pluraltasunaz baliatzea izango zen, izenordain bera zeregin bitarako erabiliz (II'/II-begirunezkoa); 2) bigarren urratsa zuren singulartzea izango zen, hots, lehen urratsaren ondorioz sortutako sinkretismo edo anbiguotasuna (zu1=II-begirunezkoa; zu2=II') saihestea izango zuen helburu eta zuek izenordain plural berrituaren sorrerari lotua egongo zen.

Headen arabera (1978:190), euskal bilakabidearen lehen urratsa, hau da, pluralera jotzea begirunea adierazteko, hizkuntz unibertsala izan daiteke, elkarren artean ahaidetasunezko harremanik ez duten familia desberdinetako hizkuntza anitzetan gertatu baita. Gainera, euskalari begi-zorrotz guztiek ohartarazi dutenez, gaurko zu izenordain begirunezkoaren (II-begirunezkoa) antzinako pluraltasunaren (II') eta zuek pluralaren berritasunaren aldeko arrazoiak nahiko pisutsuak dira:

1) -i-/-u- erro desberdinak: ni, hi/ gu, zu, zuek.

2) zu izenordainari dagozkion adizkietako hizki pluralgileak: zatzaizkio, zoaz, zabiltza, zaitu…

3) zuek izenordain plurala, erakusleen kasu marken pluralari jarraitzea.

4) zuek izenordainari dagozkion adizkerak, zu izenordainari dagozkionen gainean pluralgile bidez (t)e eraikita egotea: zabiltzate, zenuten…

5) zu izenordainari dagozkion adizkien esanahi pluralaren (=II') idatzizko lekukotasunak, batzuk nahiko zaharrak (XVII).

Bigarren urratsa, hots, izenordain-sistemaren berregituraketa (zuren singulartzea eta II' plural berrituaren zuek sorrera), egiturazko arrazoiengatik, hau da, lehen urratsak sisteman eragin zituen ez-egonkorta¬suna eta numerozko anbiguotasuna saihestearren helduko zen. Bigarren maila batean, anbiguotasuna deuseztera eraman zuten bultzagarrien artean, agian kanpoko eraginak aipatu behar dira, euskal bilakaerak katalanarena (cf. II.4.4) eta gaztelania zaharrarena baitakarzkigu gogora (hi-zu/zuek : gazt. zah. tú-vos/vosotros : kat. tu-vós/vosaltres.

Kontuak kontu, garai historikoan zu singular begirunezkoa (II-begirunezkoa) besterik ez dago dokumentatuta eta ondorioz, goiko bilakaera-proposamenak hipotesi-usteen mailan jarri behar dira; hots, bilakaeraren urratsak eta bilakaera bera datatzeko eta egiaztatzeko ezintasuna gaindiezina da gaur-gaurkoz.

Usteen ildotik jarraituz, tratamendu-izenordainen bilakaeran hizkuntzen arteko ukipenaren, elebitasunaren eta elkar-eraginen garrantzia azpimarkatu ohi direnez, hipotesi nahiko arrazoizkoa izan daiteke pentsatzea euskarak bere bilakabidea [II'==⇒ II'/II-begirunezkoa] alboko hizkuntza goitarragoen eraginez egin zuela, hau da, Erdi Aroko frantsesaren (vous begirunezkoa, Chanson de Roland) eta gaztelaniaren (vos begirunezkoa, Cantar del Mío Cid =1140) eraginez. Autore batzuek azaldu dutenez (Brown eta Gilman, 1960), Europan V begirunezkoa gorteetatik, goi-mailakoen artera eta hemendik herri xehera, hots, gizarte-gune oso hierarkizatuetatik hasita zabaldu baldin bazen, pentsatzekoa da euskarak T/V bereizketa Euskal Herrian bertan arrotzak ez ziren erdal hizkuntzetatik “jaso” zuela.

3) Hegoaldeko euskal tratamendu-izenordainen bilakaera, begirunea adierazteko numero-aldaketaz eta pertsona-aldaketaz baliatu diren hizkuntzen diakroniarako ezarritakoaren araberakoa da (Head, 1978:189): hots, lehendabizi, bigarren pertsona pluralekora jotzen da begirune handiagoa adieraztearren eta gero, baliabide hau agortutakoan premia berririk sortuz gero, hirugarren pertsonara jotzen da (singularra zein plurala edo lehenengo singularra eta gero plurala). Ziklo hau hizkuntza indoeuroparretan bete bide da ondoen (Joseph, 1987:263) eta hegoaldeko euskarak hurrenkera diakroniko berber horri jarraitu dio bere bilakabidean.

XVI. mendeko euskal testu batzuetatik ondoriozta daitekeenez, hirugarren pertsonako adizkerez eta izen-esapideez osatutako tratamendu jasoak (zure mesedeori, zure mesedea, zure senoria… + 3As) sortu ziren garaiko euskaran, orduko gaztelaniaren eredu hanpatuegiari jarraituz, seguruenik. Hirugarren pertsonako tratamenduok erdizka garatutako berrikuntzak dirudite, bigarren pertsonako tratamendu begirunezkoarekin batera txandakatzen direlako (… non escouac apazen batizquizut… mila bider nitzas douen couidadoas).

Mendeen joan-etorrian hegoaldeko euskararen hi/zu bikoteari hirugarren maila bat erantsi zaio: berori izenordain “hiperbegirunezkoarena”, hain zuzen ere. Edozein modutan ere, Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) arabera XVI. mendeko testuetan ez bide dago beroriketaren aztarnarik, eta XVII. mendearen erdi aldera arte (Micoleta, Modo breve de aprender la lengua vizcaína, 1653) itxaron behar da berori tratamenduaren lehen lekukotasunak aurkitzeko. Micoletaren liburuan hiru gauza dira azpimarkagarriak: a) testua, euskara-gaztelania elebiduna da eta gaztelaniaz zekitenei euskara irakasteko asmoz egina; b) Micoletak berori ez ezik, z(e)ure mesedeori esapide gaztelaniatik kalkatua ere badarabil balio berberaz; c) esapide biak (berori eta z(e)ure mesedeori) gaztelaniazko Vuestra Merced (V.Md. nahiz V.M.) tratamenduaren baliokidetzat ematen ditu.

Mitxelenaren OEHren arabera, XVII. mendeko testuetan bi berori-mota daude jasota: alde batetik, berori1 dugu, erakusle indartu eta anaforikoa, XVII.aren lehen zatiaz geroztik gehienbat hegoaldeko literatur tradizioan dokumentatua; beste alde batetik, berori2 dugu, tratamendu “hiperbegirunezkoa”, XVII. mendearen bigarren zatitik aurrera dokumentatua eta hegoaldeko tradiziora mugatua. Bada, gure hipotesiaren arabera, berori2 tratamendua, balio anaforikodun berori1 erakusle indartutik eratorria litzateke, hain zuzen ere, XVI. mendetik jasota dauden zure senoria, zure mesedeori, zure mesedea… bezalako izen-esapideen ordezkapena bitarteko zelarik (Capanagaren hurrengo adibideak erakusten duenez, Alan daukat konfianzea zure Illustrisima Señoriaki faboreziduko dabela bein berorreni besoetara egotzi ezkero). Euskal berori2 izenordain hiperbegirunezkoa ez litzateke inola ere gaztelaniari zuzenean hartutako mailegua, XVI. mendeko gaztelaniaren eragin zuzenez euskaraz garatutako hirugarren pertsonako tratamendutik (zure mesedea… + 3.eko adizkera) eratorritako tratamendu berria (+/-XVII) baizik. Gaztelaniaren eragin garbia onartuta ere, beroriketa ezin da azaldu kalkoaren edo interferentziaren ondorio zuzena balitz bezala; aitzitik, uste dugu berori2 izenordain begirunezkoaren sorrera euskararen barne-bilakaeraz esplika daitekeela, kortesiazko formulen ordezko erakusle indartu-anaforikotik (berori1) abiatuta, hain zuzen.

Hortaz, gure hipotesia euskarari buruz, funtsean Headen (1978) bederitzagarren ondorioaren (supra) ildotik doa. Hala ere, hegoaldeko euskaran gertatutako bilakaera konkretua, hots, erakusleetara jotzea begirune handiagoa erakusteko, nahiko soluzio bakana da tipologiaren ikuspuntutik. Dena den, hirugarren pertsonako izenordainik ez duen eta erakusleak balio anaforikoaz erabiltzen dituen euskara bezalako hizkuntza batean ez da hain harrigarria hirugarren pertsonara jotzean, erakusleez baliatu izana. Bestalde, ordezkapen-prozesuetara jo gabe, euskaraz solaskideari zuzentzeko bigarren pertsonatik hirugarrenera aldatzea errazago esplikatzen da, solaskideari dagokion bigarren graduko erakusle indartua (ber-ori) hautatu dela kontuan hartzen bada; hots, jauziak txikiagoa dirudi bigarren graduko erakuslearen aukera egiten bada, hirugarren pertsonako izenordaina hautatzen bada baino.

Gauzak horrela, badira arrazoiak beroriketa tratamendua hegoaldeko euskararen berrikuntza ez oso antzinakotzat hartzeko: lehenik, hegoaldeko euskalkietara mugatua egotea; bigarrenik, XVI. mendeko literatur tradizioan aztarnarik ez izatea; hirugarrenik, hegoaldeko euskal tratamendu-sistema hirukoitzaren (hi/zu/[berori] + 3.eko adizkera singularra) eta XVI-XVII mendeetako gaztelaniazkoaren (tú < vos < [él, élla] + 3As < vuestra merced + 3As) arteko antzekotasuna.

Guk geuk susmatzen dugu berori2ren lehen datazioa (1653) ez dabilela oso urruti bere sorreratik; hots, edozein kasutan, bere bilakaera gaztelaniazko hirugarren pertsonako tratamenduen bilakaerari (XVI) lotua somatzen dugunez, ez dugu uste euskal berori hiperbegirunezkoa data hori baino lehenagokoa denik. Ondorioz, Azkuek ez bezala, zu izenordainaren singulartzea berori2 tratamenduaren sorrera baino biziki antzinagokoa dela deritzogu: lehen bilakaera Erdi Aroan-edo gauzatuko zen; bigarrena, aldiz, XVII. mendean edo goitik jota XVI.ean.

Etorkizuneko bilakaerari bagagozkio, hala ere, ez dirudi Headen (1978) hogeita batgarren hipotesia, alegia, begirune-maila desberdineko izenordainen arteko lehian beheragoko mailakoari gailentzeko posibilitatea ukatzen diona( ), beteko denik. Hain zuzen ere, euskaraz zu/berori bikotean, bietariko bat nagusitzekotan, gizarte-tarte txikiagoa adierazten duena (zu) nagusituko litzateke erabilera neutrorako eta ez alderantziz. Nolanahi ere den, Headen adierazpenaren azalpenari lotuz, ez dirudi euskal zu eta berori izenordainen artean sekula zinezko alternantziarik egon denik. Gure ustez, behin ere gizarte-esparru handiegia izan ez bide duen beroriren gainbehera neurri handi batean beraren erabilera asimetrikoagatik esplika daiteke; suedieraz pluraleko bigarren pertsonako ni izenordain begirunezkoak izan duen zorte bera (cf. II.9.2.5) izan du gure berorik, alegia, botere-zama handiegia zeraman itsatsita erabilera neutroan arrakasta izateko.

4) Hikako aditz-joko alokutiboaren antzinatasunari dagokionez, Azkuek besterik uste zuen arren (Azkue, R. M., 1923-1925: &826-&834), alde batetik, ez dago zalantzarik bere zaharkotasunaz, lehenbiziko testuetatik dokumentaturik dugulako eta halako sistema morfologiko korapilatua goizetik gauera ezin eraiki daitekeelako (Altube, 1934:154-185); beste alde batetik, adizkera neutroak eta alokutiboak aurrez aurre jartzen baditugu, alokutiboen “geroagokotasuna” eta izaera markatua azpimarkatu beharrean gaude. Izan ere, definizioz eta morfologiaz adizkera alokutiboa konplexuagoa da; hikako alokutiboak zerbait gehiago du, eztabadakakoak ez duena. Ondorioz, hikako aditz-joko alokutiboaren izaera markatua eta erakarria nabarmena da aditz-joko neutroaren aldean.

Hikako aditz-joko alokutiboaren sorrera eta bilakaera azaltzeko egin den saiorik trinkoena Schuchardt erromanista eta euskaltzalearena (Baskische Estudien, I, 1893) da, neurri handi batean geroagoko euskalari entzutetsuenek onartua (Gavel eta Lacombe, 1928; Lafon, 1944; Altube, 1934). Hizkuntzalari germaniarrak inguruko hizkuntzetan “datibo etiko” deritzon baliabide adierazkorraren argitan azaldu du hikako alokutiboaren sorrera, baina hura eta alokutiboa ongi bereiziz eta edozein kasutan euskararen barneko adierazkortasun-gertakarietatik irten gabe.

Interpretazio diakroniko honen arabera, adizkera alokutiboen lehenengo erabidea (nator ==⇒ niatorrek) datibo etikoaren antzeko zerbaiten (“bigarren datibo”, “datibo berretu” edo “datibo aizunaren”) ondorio ihartua dateke eta bigarren erabidea (naiz ==⇒ nauk) “ergatibo etiko” dei genezakeenaren ondorioa. Hau da, edozein kasutan, aditz-joko alokutiboa, jatorriz, solaskidea azpimarkatzeko eta hizketaldiaren harira biltzeko enuntziazio-eragiketa adierazkor baten emaitza ihartua litzateke.

Gaurko euskaran enuntziazio-eragiketa adierazkor berberaren ondorioz egitura “biltzaile” edo “inplikatzaileak” eratzen dira, adizkera biltzaileen gainean eraikiak (gure baserritarra zintzoa da ==⇒ gure baserritarra zintzoa duzu). Sinkroniaren ikuspuntutik, adizkera “biltzaileak” eta “alokutiboak” fenomeno desberdinak eta ongi bereizi beharrekoak badira ere (Rebuschi, 1984: 567-600), diakroniaren ikuspuntutik, beti ere Schuchardten interpretazioaren arabera, solaskidearen “bilketa” edo “inplikazio-eragiketa” egongo zen aditz-joko alokutiboen sustraian (“un suffixe qui désigne l'interlocuteur pris à témoin”, “interlocutor taken as witness” Lafonen hitzez esateko).

Guk geuk, ez dugu eragozpen larriegirik ikusten Zabalaz geroztik egin izan den interpretazio diakroniko schuchardtiarra onartzeko. Proposamen hoberik ez den bitartean, `biltzaileak (N-NK2) ==⇒ alokutiboak' eratorbidea eta nauk (alok.) = nauk (*edun: N-NK2) ekuazioa onartuko genituzke; hots, gure aburuz, bigarren erabideko alokutiboak (nauk, duk, gaituk, dituk) *edun aditzaren forma biltzaile edo inplikatzaileak dirateke jatorriz.

Lafonekin batera (1944:420), gaur gaurkoz, ez dugu ezagutzen alokutiboetan aditz-erroaren aurretik ageri den -i- artizki misteriotsuarentzako (nago ==⇒ niagok) azalbide gogobetegarririk. Leku-aurreratzea dela eta, ez zaigu iruditzen sinesgarriegia adizki datibodunetan datibotasunaren iragarle gisa agertzen den -(k)i- bera izan daitekeela dioen hipotesia (Schuchardt, 1893). Dena dela, bere jatorri iluna gorabehera, -i- artizkiaren tartekatzea palatalizazio eta asibilazio askoren eragilea (nago ==⇒ ñagok; dago ==⇒ jagok…) izan den gertaera morfologikotzat daukagu.

5) Bat gatoz euskalari gehienekin( ) tratamendu aditz-joko alokutibodunentzat ondorengo hurrenkera diakronikoa ezartzerakoan: lehenbizi, singularreko bigarren pertsonako adizkerak (hi haiz) eta pertsona bereko adizkera alokutiboak (hura duk/-n) uztartuz, hikako tratamendua (hi haiz-hura duk/-n) sortuko zatekeen euskara guztietan; ondoren, behin zu izenordainaren singulartzea gertatu eta gero, sortaldeko euskalki batzuek (EBN, Zar., Z, Err.), hikako tratamenduan oinarrituta eta alokutibotasuna mimetikoki bigarren pertsona begirunezkora hedaraziz, zuketa alokutiboa garatuko zuketen; eta azkenik, aipatu euskalki berritzaile horietariko batzuek (EBN, Zar.) aurrerago jo zuten beren bilakabidean eta, zuketa alokutiboari bustidura adierazkorra sistematikoki ezarriz “xuketa alokutiboa”, aurreko bi tratamenduen bitarteko zeregin pragmatikoa betetzen duen tratamendua sortuko zuten. Ondorioz, eztabaida handiegirik gabe onartu ohi den goiko hipotesiaren arabera lehenik hitanoa dugu, ondoren zutanoa (alokutiboa), aurrekotik analogi bidez sortua eta azkenik, xuketa (alokutiboa), zuzenean zutanotik palatalizazio bidez erakarria.

Lehen testuetatik ageri zaizkigun hitano eta zutano alokutiboen antzinatasun erlatiboari dagokionez, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiaetik batez ere zutanoaren zalantzakortasuna, finkotasunik eza eta hautazkotasuna ondorioztatzen dira antzinako testuetarako, are hurkotasun edo familiartekotasun handiko pasarte eta testuinguruetan. Beraz, gure ustez, XVI. mendeko hitanoaren finkotasunari kontrajartzen zaion zutanoaren egoera ezegonkorrak agerian jartzen du azken tratamendu honen “berriagotasuna”. Bestalde, zuketa alokutiboaren berriagotasunaren alde, esandakoaz gainera, bere izaera dialektal marjinala erantsi behar da, sortaldeko mugaz haraindiko (EBN, Z) eta mugaz honaindiko (Zar., Err.) euskalkietara mugatua dago eta. Ondorioz, ezaugarri hau, hizkuntz sistemaren barne zegoen gaitasun baten (solaskidearen inplikazioa edo agian alokutibotasuna) garapenaren eta hedapenaren ondorioz sortutako berrikuntza dialektala delakoan gaude eta ez arkaismoa. Lafonek aditzera eman duenez (Lafon, 1959:128), baliteke hitanoaren leungarri gisa eta haren eredura sortu izana, lagunarteko tratamenduari itsatsitako gordintasun edo zakartasuna saihestearren.

EBNren eta zaraitzueraren bereizgarria den xuketari dagokionez, zuketatik zuzenean palatalizazio bidez eratorria dirudi eta ondo¬rioz, oraindik zuketa baino berriagoa. Oro har, aditz-joko alokuti¬bodun tratamenduei etxekotasun-kutsu nabaria badarie, xuketari are handiagoa jatorriz eta sortzez hizkera maitakor eta adierazkorraren fruitu delako. Zoritxarrez, lekukotasun zuzen eta zeharkako (Bonaparte) zaharrenak, XIX. mendekoak ditugu eta ondorioz, oso zaila da tratamendu berriaren sorrera datatzea.

Azkenengo bilakaera hau (zu =⇒ xu, -zu- =⇒ -xu-) oso interesgarria da, sortzez palatalizazio adierazkorrari lotua badago ere, leku batzuetan adierazkortasun fonetikotik harantzago joan den bilakaera izan duelako. Tratamendu biak, zuketa eta xuketa, gordetzen dituzten eskualdeetan badirudi benetako hots-sinbolismo edo adierazkortasun fonetikoaren aurrean egon gaitezkeela (Oñederra, L., 1990:74), xuketaren erabilera-esparrua zuketarena baino zertxobait mugatuagoa izan daitekeen neurrian. Nolanahi ere den, bigarren urratsa, morfologizazioa, oso nabarmena da gaur Arbelako eskualdean edo Donibane-Garazin, non galdu egin baita xuketaren abiapuntu izan den zukako aditz-joko alokutiboa; horrelako eskualdeetan palatalizazioa morfologizatu( )-edo egin dela esan daiteke: zeregin gramatikal-enuntziatiboa bereganatu du, hiketa eta eztabadaren bitarteko tratamenduaren bereizgarria izateraino.

Dena den, palatalizazio adierazkorrak euskaraz oro har fenomeno zaharra dirudien arren, ez dugu uste xuketa, tratamendu finkatu gisa, oso antzinakoa denik, beraren lekukotasunak aski berriak direlako, zuketaren (EBN, Zar., Z, Err.) bustiduraren ondorioz sortua delako, hau da, oraindik marjinalagoa delako (EBN, Zar.) eta zuketak berak gorago aipatu arrazoiengatik oso antzinakoa ez dirudielako.

6) Hiketa, gaurko eran nahiz aditz-joko alokutiborik gabe, izango za¬tekeen tratamendu antzinakoena eta hasiera batean bakarra. Ondoren, zu izenordainaren singulartzeaz, hiketa/eztabada (hi haiz-hura duk/zu zara-hura da) bikoiztasuna sortuko zatekeen euskara osoan. Estadio horrexetan gelditu ziren lapurtera eta mendebaldeko behena¬farrera. Handik aurrerako berrikuntzen ondorioz euskalkiak elkarren¬gandik aldenduz joan ziren. Alde batetik, sortaldeko euskalkietan (EBN, Zar., Z, Err.) hiketaren eta eztabadaren bitarteko solas-maila sortu zuten mendeen buruan: zukako aditz-joko alokutiboaren erabi¬lera hedatu eta etxekotasun-kutsua bereganatzerakoan, hiketa < zu¬keta < eztabada tratamendu-hirukoiztasunerako atea irekiko zen, beti ere “alokutibotasuna/alokutibotasunik eza” edo zuketa/eztabada aur¬kakotasuna nahiko labankorra izanik; zentzu estuan, sortaldean benetako tratamenduak familiartekotasunez jantzitako hiketa eta zuketa alokutiboak ziren eta eztabada “ez-tratamendua” edo izango zen, hurbiltasunik izan ezean eta erregistro goitarretan erabiltzekoa. Beste alde batetik, hegoaldeko euskalkiek hiketaren eta eztabadaren gainetik dagoen hirugarren pertsonako tratamendu hiperbegirunezkoa sortu zuten, beroriketa (hiketa < eztabada < beroriketa). Hegoaldeko sortaldeko euskalkietan (Zar., Err.) berrikuntza biak (zuketa eta beroriketa) gertatuko ziren eta horixe da, hain zuzen, erronkarierak eskaintzen duen irudia: hiketa < zuketa < eztabada < beroriketa. Azkenik, sortaldeko euskalkien artean EBN eta zaraitzuera urrunago joan ziren eta bitarteko hirugarren tratamendu alokutibo bat sortu zuten zuketaren palatalizazio adierazkorraren bidez (hiketa < xuketa < zuketa < eztabada). Beraz, berrikuntza guztien hartzaile izan zen XIX. mendeko zaraitzuerak beharbada bost tratamendu bereiziko zi¬tuen: hiketa < xuketa < zuketa < eztabada < beroriketa. Edozein mo¬dutan ere, zuketa/eztabada aurkakotasuna iraganean eta duela gutxi arte erronkarieraz baliagarri gertatu bada ere, gaur egun guztiz ahuldua dago.

Egia aitortzeko, iraganerako, aurreko puntuan proposaturiko bilakabideetatik harantzago joan ahala edo hizkuntzaren historiaurrean gora igon ahala, hipotesi gero eta ahulagoak, gezurtagaitzagoak alegia, adierazi beharrean aurkituko gara. Horrela, hitanoaren antzinatasunaz ez dago eztabaida handiegirik, baina proposamen desberdinak egin dira antzinako egoera eta geroagoko bilakabidea azaltzeko. Besteak beste, Lafon (1959:124-126), Rebuschi (1984:534-535), Alberdi, (1986b:422-424) eta Ros (1987:31-33) aipa daitezke; nolanahi ere den, azken hipotesi hauek, antzinako denbora ilunetan murgiltzen diren neurrian, tentagarri bezain ahulak iruditzen zaizkigu, ez baitago berauek gezurtatzeko modurik edo bata edo bestea aldezteko irizpide irmorik. Hortaz, bigarren mailako hipotesi gisa aitortzen diegun balio murritzagatik, bere horretan utziko ditugu iruzkin kritiko handirik gabe.

7) Familiaren esparruan, oro har, Brown eta Gilman-ek elkartasuna deritzoten ardatzaren hedakuntza hurbileko hizkuntzetan baino astiroago, motelago eta atzeratuago dator euskaraz. Familiaz kanpoko harreman asimetrikoetan, ordea, bilakaera tratamenduzko simetriaren aldekoa izan da oro har. Beraz, lehen ondorio gisa, zera aurrera genezake: Brown eta Gilmanen (1960; cf. I.1) lehen hipotesia (asimetriatik simetriaranzko bilakaera, hots, T/V ==⇒ T-T nahiz V-V) oro har betetzen ari dela dirudi, familiaren eremuan aldameneko hizkuntzetan baino dexente asimetria gehiago gertatzen badira ere edo boterearen semantikaren aztarna gordinak gordetzen badira ere (infra V).

Brown eta Gilmanen bigarren iragarkizunari buruz, alegia, lagunarteko tratamenduaren orokortzeari buruz (T-T), zoritxarrez ezezko erantzuna eman beharrean aurkitzen garela deritzogu. Salbuespenak salbuespen, gaur egungo euskaran, ez dugu somatzen elkarrekiko hitanoa (T-T) orokortzeko joerarik eta are gutxiago hitanoaren aldeko ordezkatze-prozesurik. Beldur izatekoa da alderantzizko ordezkatzea ez ote datorkigun gainera: batak bestea menderatzekotan, gure artean, eztabadak (V-V) ahantzaraziko liguke hikako tratamendua eta ez alderantziz. Izan ere, bietatik hiketa da erabilera murritzagokoa edo tratamendu markatua eta eztabada (edo zuketa ez-alokutiboa) tratamendu markatugabea edo “neutroa”, ia-ia edozein testuinguru eta egoeratan erabilgarria (De Rijk, 1991). Horrela, euskal hitanoa frantsesezko tutoiement baino gutxiago erabiltzen da eta, zer esanik ez, gaztelaniazko edota espainierazko tuteo baino dexente gutxiago; eta alderantziz, euskal eztabada (edo zuketa ez-alokutiboa) oro har frantsesezko vouvoiement baino maizago erabiltzen da eta gaztelaniazko edota espainierazko usteo baino biziki sarriago. Bestalde, ez da pentsatu behar gaurko egoera hau, hitanoak azken mendeetan jasan izan duen atzerakaren ondorio zuzena denik, XVIII. mendearen lehen herenerako Larramendi gramatikari zorrotzaren lekukotasunak (“es un tratamiento medio entre el usted y tú” Larramendi, 1728:127-130; ”…es del modo y trato medio entre usted, y tú…”, Larramendi, 1729:62) argiro mintzo baitira euskarazko zu izenordainaren erabilera zabalaren alde.

Gavelen ustetan, hegoaldeko gaurko egoera, “hitanoa < eztabada < beroriketa” tratamendu-hirukoteaz horniturikoa, XVI. mendeko espainieraz zegoenaren antzekoa eta neurri handi batean garai hura baino zerbait lehenagoko erabileraren ispilua edo gordailua dateke. Beste alde batetik, Gavelek, iparraldeko euskalkietako gaurko egoera inguruko erromantzeen (gaskoia, bearnesa, frantsesa) eraginaren bidez esplikatu nahi du; horren arabera, mugaz bestaldeko euskalkiek antzinako frantses-usarioen eta frantses-usario modernoen bitarteko egoera gordetzailea erakusten dute (“c'est un état intermédiaire entre la practique française ancienne et la practique française moderne.”). Beraren ustez, gaurko iparraldeko tratamendu-usarioak (hitanoaren erabilera oso mugatuaz eta zu izenordainaren erabilera zabal eta kortesiazkoaz) hurbilago daude antzinako frantsesez-eta zeudenetatik, XX. mendean mendebaldeko hizkuntzetan hedatutako usarioetatik baino. Hurbiltasuna, batez ere, hitanoaren erabilerari dagokionez ikusten du.

Guk geuk, berori-ren sorrera alde bat utzita, ez dugu ikusten hain argi Gavelek mugaz haraindiko eta mugaz honaindiko euskalkien artean egiten duen bereizketa, ez eta albo-hizkuntza erromantzeen eraginpeko bilakaera kontrajarria. Gure ustez, hegoaldeko euskarak gazteleraren eraginez-edo garatu duen berori berrikuntza bereizlea alde batera utziz gero, gainerakoan eta funtsean bat datoz ipar eta hegoaldeko euskararen tratamendu-usarioak (infra VIII).

XVI. mendeko gaztelaniaren eta garai bereko hego-euskararen arteko antzekotasunak uste baino txikiagoak dirateke. Alde batetik, gaztelerazko vuestra merced esapidea eta euskal berori hiperbegirunezkoa garai desberdinekoak direlako eta bakoitzaren erabilera, gizarte-esparrua eta arrakasta oso desberdinak izan direlako. Beste alde batetik, dokumentuen bidez frogatzerik ez daukagun arren, gazteleraz eta frantsesez garai hartan gertatzen zenaz bestaldera, ez du ematen hitanoa XVI. mendean behe-mailakoen arteko tratamendu ohizkoa zenik, ez eta zu izenordaina goi-mailakoen artekoa zenik.

Gure ustez, hitanoaren erabilera XVI. mendean, beharbada, ez zen hain desberdina gaurkoarekin alderatzen bada, alegia, nahiko markatua edo urria izango zen orduan ere. Garai hartan, beharbada, tratamendua hautatzerakoan gaurkoen antzeko aldagaiak izango ziren pisudunak, hala nola, sexua, adina eta harremana( ). Etxepareren olerkietako (1545) maitaleak, adibidez, zu elkarrekikoaz (V-V) edo hi/zu (T/V) asimetrikoaz baliatzen dira, baina ez hitano elkarrekikoaz (T-T); erabilera horrek gaur egun Euskal Herri osoan noketak toketaren aldean duen izaera oraindik markatuagoa gogorazten digu: EBNz xuketak noketa bazterreratzeko bidea hartu du; Zuberoan noketa galtzear dago gaur eta, erdialdeko euskalkietan izan ezik (G, IGN), antzeko joera nabari da gainerako hizkeretan (cf. VI, VIII).

Beraz, gure hipotesiaren arabera, euskal tratamendu-usarioek azken bostehun urteotan ez dute gorabehera handiegirik edo funtsezkorik izan, edo ez behintzat, inguruko erdaretan gertatutakoen parekorik. Puntu honetan, beste batzuetan bezala, euskara gordetzaileagoa izango zen. Euskal gizartea klase- eta maila-desberdintasun gutxikoa izanik, sinesgaitza gertatzen zaigu gizarte-klaseen araberako tratamendu-banaketa (hi behe-mailakoen artean eta zu goi-mailakoen artean) XVI. mendeko euskaran; ondorioz, garai historikoko hi eta zu izenordainekiko usarioak lehenagoko egoera baten aztarnak dirateke. Bestalde, gure ustetan, euskal tratamendu-usarioetariko asko( ) beregainak dira eta euskararen beraren baitatik eta euskal gizartekeratik azaldu behar dira, eta ez nahitaez kanpoko eraginen bidez.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamenduen bilakaera (diakronia)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3