Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:1

R. Brown eta A. Gilmanen (1960) eredu teorikoa

Tratamendu-izenordainen semantikaren azterketak bi jakintzaren artean mugitzera behartzen gaitu: hizkuntzalaritzaren eta soziologiaren arteko lotura-guneak bilatzeko gai aproposa da, alegia. Eta, hain zuzen ere, erlazio edo jakintzartekotasun horrexek eraginda abiatu ziren R. Brown eta A. Gilman hizkuntzaren alderdi nahasi horietan barrena eta “Boterearen eta elkartasunaren izenordainak” izeneko teoria garatu zuten (BG izendatuko dugu teoria hau aurrerantzean).

Salbuespenak salbuespen (hala nola ingelesaren thou zaharraren aztarna ihartuak otoitzetan eta zenbait poesia-motatan), gaur egungo ingelesean you tratamendu-izenordain bakarra dago hizketa-lagun bakar bati edo solaskide-multzo bati erreferentzia egiteko. Dena dela, iraganean egoera bestelakoa zen: thou pertsona bakarrari lagunarteko tratamenduan hitz egiteko izenordaina izan zen; eta you solaskide bati baino gehiagori zuzentzeko plural aldagaitza izateaz gain, errespetua eta kortesiazko urruntasuna adierazteko izenordaina zen artean. Antzinako ingelesak bezalatsu, gaur egungo frantsesak, alemanierak, italierak, espainierak eta beste hainbeste hizkuntzak horrelako bikoiztasuna ageri dute singularreko tratamendu-izenordainetan. Horrelako izenordainak, gizarte-bizitzaren azterketan funtsezko diren bi ardatzi (boterearen eta elkartasunaren ardatzei, hain zuzen) daude loturik eta lotura estu horrexek bihurtzen ditu izenordainok interesgarri. Forma horien azterketa semantiko eta estilistikoak, psikologiaren eta soziologiaren alorrera nahiz literaturaren eta hizkuntzalaritzaren alorrera garamatza.

BG-ren lana bost atalez dago osatua. Lehenengo hiruretan tratamendu-izenordainen “semantikaz” dihardute egileek. 'Semantika' hemen komunikazioan erabilitako izenordainaren eta kasuan kasuko hiztun/solaskide harreman objetiboaren artean gertatzen den kobariazioaren zentzuan ulertu behar da. Lehen atalean Europako zenbait hizkuntzatan tratamendu-izenordainek izan duten bilakabide semantikoa aztertzen da. Bigarren atalean gaurko frantsesaren, alemanaren eta italieraren arteko desberdintasun semantikoak deskribatzen dira. Hirugarren atalean halako lotura bat proposatzen da izenordainen semantikaren eta gizarte-egituraren edo komunitateen ideologiaren artean. Azken bi atalak estilo-adierazkortasunari daude lotuak (estilo-adierazkortasuna, erabilitako izenordainen eta hiztunaren ezaugarrien artean dagokeen kobariazioaren zentzuan ulertuta). Laugarren atalean hiztun baten ohiko izenordain-estiloak beraren klase-maila eta politika-ikuspegiak agerian jartzen dituela ematen da aditzera. Bosgarren atalean, azkenik, honako hau erakusten da: pertsona batek unearen arabera nola hauts dezakeen bere ohiko izenordain-estiloa uneko aldarte- edota jarrera-aldaketa esanguratsuak adierazteko.

Artikuluan barrena defendatzen dituzten tesi eta ondorioetara iristeko, Brownek eta Gilmanek mota askotako gaiak eta iturburuak erabili zituzten. Hizkuntzen historiari buruzko liburu orokorrak bigarren mailako iturburuen artean dirateke aipagarri (Baugh, 1935; Brunot, 1937; Diez, 1876; Grimm, 1898; Jespersen, 1905; Meyer-Lübke, 1900); izan ere, horrelakoetan semantika-alderdiek baino areago soinu-alderdiek izaten dute lehentasuna. Hizkuntza honen edo haren izenordainen semantika deskribatzen zuten tesi eta lan monografiko urri eta bakanak ere, batzuetan historikoak (Gedike, 1794; Grand, 1930; Johnston, 1904; Schliebitz, 1886), beste batzuetan osorik idazle bati (Byrne, 1936; Fay, 1920) edo mende bati eskainiak (Kennedy, 1915; Stidson, 1917), guztiz baliagarri gertatu zitzaizkien. Iraganeko egoerei dagokienez, antzerki-lanetatik, epaiketen lekukotasunetatik (Jardine, 1832-5), eta zer esanik ez, gutun-liburuetatik (Devereux, 1853; Harrison, 1935) berri jakingarri asko jaso zituzten egileek. Garaiko tratamenduak deskribatzeko, neurri apal batean literaturaz baliatu ziren, baina gehienbat herri askotako jaiotze-hiztun askorekin izandako elkarrizketak baliatu izan zituzten. Informazio baliotsuen 1957-58. urtean bildu zen Boston-en ikasten ari ziren atzerritarrei egindako itaunketa bat zela medio: 50 frantses, 20 alemaniar, 11 italiar eta Espainiako, Argentinako, Txileko, Danimarkako, Norvegiako, Suediako, Israelgo, Hego Afrikako, Indiako, Suitzako, Holandako, Austriako eta Jugoslaviako bina lekuko elkarrizketatu zituzten.

Hortaz, urrutiko hizkuntzez baino areago, elkarrekin kidetasun handiak dituzten Europako bost hizkuntzaz (ingelesa, frantsesa, italiera, espainiera eta alemana) bildutako informazio aberatsaren gainean eraiki zuten R. Brown eta A. Gilmanek beren teoria. Horiek horrela, ikerlan honetako hipotesi eta tesi gehienak, eremu geolinguistiko berean egoteagatik harreman estuak izan dituzten bost hizkuntza horiei -eta ez besteri- dagozkie. Gerora, lan honen ondorio eta emaitzak gezurtatuta edo baieztatuta geratuko ziren, Brownek eta Gilmanek egin gogo zuten hedatze-lana egin eta gero, hots, gainerako indoeuropar hizkuntzak aztertu eta gero, eta, era orokorrago batean, erlaziorik gabeko munduko beste hainbat hizkuntza aztertu eta gero.

Europako mendebaldean singularreko tratamendu-izenordainen bikoiztasunaren sorrera eta garapena latinezko tu eta vos formetan bilatu behar da. Italieraz tu eta voi (urte askotako lehiaren buruan lei formak neurri handi batean zokoratu edo azpiratu duena) bilakatu ziren; frantsesez tu eta vous; espainieraz eta vos (geroago usted). Alemanez bereizkuntza du eta ihr izan zen hasieran; ihr gero er bilakatu zen eta geroago shie. Ingelesez hasieran thou eta ye bereizten ziren eta gero ye-ren ordez you nagusitu zen. Gauzak erraztearren aurkezpen horren egileek T eta V laburdura-ikurrak (latinezko tu eta vos izenordainetatik eratorriak) erabiltzea proposatzen dute, oro har, edozein hizkuntzak izan ditzakeen lagunarteko eta kortesiazko izenordain-klase biak izendatzeko.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "R. Brown eta A. Gilmanen (1960) eredu teorikoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3