Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:1:1

T-ren eta V-ren bilakabide semantiko orokorra

Antzinako latinak tu forma bakarra zuen singularrerako. Izatez plurala den vos izenordaina pertsona bakarrari mintzatzeko erabiltzea, lehen aldiz enperadorearekin gertatu bide zen eta badira gutxienez bi teoria berrikuntza hori azaltzeko (Byrne, 1936; Châtelain, 1880).

Laugarren mendean hasi omen ziren plurala erabiltzen enperadoreari hitz egiteko. Artean bi enperadore ziren: ekialdeko inperioko buru-agintaria Konstantinoplan zegoen eta mendebaldeko inperiokoa Erroman. Dioklezianoren erreformaz geroztik inperioaren kudeaketa bi bururen esku geratu bazen ere, administrazioz bakarra zen inperioa. Hortaz, batari zuzendutako hitzek, inplikazioz, besteari ere zuzenduak behar zuten, alegia mezuak bi buruei zuzenduak balira bezala taiutzen ziren. Beraz, baliteke Vos tratamenduaren erabilera berria bitasun edo pluraltasun historikoaren ondorio izatea.

Beste alde batetik, esan daiteke beste zentzu batean enperadoreari pluraltasuna egoki datorkiola, mendeko herritarren batuketaren emaitza eta haien ordezkari den aldetik. Erregezkoek sarritan gu esaten dute, herri xeheak ni esango lukeen lekuan. Izan ere, Erromako enperadoreak batzuetan bere buruaz aritzen zela, nos erabiltzen zuen eta zentzu horretan errespetuzko vos, aurreko erabileraren ordain edo erantzun logikoa zatekeen. Ikuspuntu horretatik, tratamendu-berrikuntza hori ez da zertan pluraltasun historikoari lotu, pluraltasuna nonnahi boterearen edo agintearen metafora zaharra baita. Hau da, errespetuzko vos, enperadorearen botereak edo aginpideak zuzenean eragindakoa izan zitekeen. TEODOSIO I.AREN ESTATUA, COCAN

Nolanahi ere den, gerora, sortzez enperadoreari soilik zegokion latinezko vos errespetuzkoa bestelako goi-mailako agintarien artera hedatu zen. Edozein modutan ere, mende luzeetan barrena eredu semantiko hau ez zen bat ere egonkor, ziur edo tinkoa izan. Antzinako frantses, espainiera, italiera eta portuges hizkuntzetan (Schliebitz, 1886) eta orobat Erdi Aroko ingelesean (Kennedy, 1915; Stidson, 1917) hainbat duda-muda eta gorabehera ulergaitz gertatu izan ziren T eta V aukeren artean. Bertsotan behintzat, badirudi gorabehera horiek sarritan errima, neurkera eta asonantziaren beharkizunei zor zaizkiela. Dena dela, hamabigarren eta hamalaugarren mendeen bitartean (Gedike, 1794; Grand, 1930; Kennedy, 1915; Schliebitz, 1886), goizago edo beranduago hizkuntzen arabera, arau-sistema bat gauzatuz joan zen, Brown eta Gilmanek boterearen semantika ez-elkarrekikoa (“nonreciprocal power semantic” deritzotena.

Boterearen semantika

Esan daiteke pertsona batek botere edo aginpidea duela beste baten gain, beste lagun horren jokaera zuzentzeko edo kontrolatzeko gai den neurrian. Boterea, gutxienez bi lagunen artean gertatzen den erlazioa da eta bi lagunek aldi berean eta jokaera-eremu berean boterea ezin izan dezaketelako diote Brown eta Gilmanek ez-elkarrekikoa dela boterezko erlazioa. Boterearen semantika, orobat, ez-elkarrekikoa da: nagusiak edo gorago dagoenak T dio, baina V jasotzen du besteagandik.

Boterea era askotako arrazoietan oinarrituta egon daiteke: indar fisikoan, osasunean, adinean, sexuan edo elizaren, estatuaren, gudarostearen eta familiaren barruan ezarritako paper edo eginkizun desberdinetan. Zenbait hizkuntzatatik hartutako adibide batzuen bidez hobeto edo argiago ikusiko da zertan den boterearen semantika. Bere eskutitzetan Gregorio I.a Aita Santuak (590-604) beti-beti T erabiltzen du eliza barruko bere agindupekoekin eta haiek inolako hutsik egin gabe V itzultzen diote (Muller, 1914). Erdi Aroko Europan eskuarki, aitonen seme-alabek T esaten zioten herri xeheari eta harengandik V jasotzen: etxalde baten jabeak T esan ohi zien bere esklabo, morroi eta ezkutariei eta haiengandik V jasotzen zuen; familia barruan familia zeinnahi gizarte-mailatakoa izan zedin gurasoek T ematen zieten beren seme-alabei eta haiengandik V jasotzen zuten. XV. mendean, Italian aitorleek V esaten zioten abadeari eta harak T-z erantzuten (Grand, 1930). Froissart-en (XIV. mende bukaerako idazle frantsesaren) idazlanetan Jainkoak T esaten die bere aingeruei eta haiek V erantzuten; era berean zeruko izaki guztiek T esaten diote gizonari eta harengandik V jasotzen. XII. eta XIII. mendeetako frantsesez gizonak T esaten zien animaliei (Schliebitz, 1886). XV. mendeko Italiako literaturan, kristauek T esaten zieten turkiar eta juduei eta haiengandik V jasotzen zuten (Grand, 1930). Corneille-ren eta Racine-ren antzerti-lanetan (Schliebitz, 1886) eta Shakespeare-renetan (Byrne, 1936) noble nagusiek T esaten diete beren mendekoei eta V jasotzen haiengandik. ITXURA HORREKIN EZ DA HARRITZEKOA GREGORIO I.AK HIKA EGITEA JENDEARI, ETA JENDEAK HARI, OSTERA, ZUKA. (GOYAREN ERRETRATUA)

Errespetuzko V, estatuko agintari nagusiei mintzatzeko tratamendu gisa hedatu zen Europako hizkuntzetara eta denboraren poderioz gainontzeko aginte-guneetara zabaldu zen, harik eta estatuaren mikrokosmoa den gunera iritsi arte, hots, famili gunera iritsi arte. Orduan, hizkuntzen historiari so eginez gero, gurasoak halako enperadore-irudi edo bihurtzen dira. Bide batez bada ere, Freudek terminologia honi guztiari eragiten dion iraulketaz ohararazteari interesgarri deritzote Brown eta Gilmanek: erregeak, jeneralak, enplegu-emaileak, abadeak, Freuden hitzetan, aitaren irudiak ziren. Historikoki gertatutako hedapen semantikoaren ordena atzekoz aurrera betetzen da Europako gizabanako baten hizkuntz ikaskuntzaren historia pertsonalean; gizabanako baten bizitzan azpikoz gora, alderantziz gertatzen da izenordainen hedapen semantikoa eta hortixek dator Freuden izendapenaren egokitasuna: gizabanakoaren lehen meneratze-esperientzia botere edo agintearen aurrean eta lehen errespetuzko V, gurasoekiko harremanetan gertatzen da; ondorengo urteetan antzeko asimetriazko botere-erlazioak gertatuko dira enplegu-emailearen eta enplegatuaren artean, ofizialaren eta soldaduaren artean, erregearen eta bere mendekoaren artean. Horiek horrela, ez da harritzekoa, Freudek zioenaren arabera, geroagoko gizarte-harreman horiek gizabanakoari familiaren eredua eta haurtzaroko emozioak gogora ekartzea. Gizaki baten historia pertsonalean V ez-elkarrekikoaren hartzaileak “gurasoen irudiak” (“parent figures”) dira nolabait.

Boterearen araberako semantika ez-elkarrekikoak goragokoaren eta beheragokoaren arteko tratamendu-usadioa besterik arautzen ez duenez gero, semantika horrek gizabanako bakoitzari aginte-maila bakarra dagokion gizarte-egitura dakar. Erdi Aroko Europako gizarteak ez zeuden hainbesterainoko neurrian egituratuak eta horregatik ez zen sekula izan boterearen semantika T eta V tratamendu-izenordainen erabilera gidatu zuen arau bakarra. Baziren beste tratamendu-arau batzuk ere, botere berdintsukoen artean, alegia, klase bereko kideen artean aritzeko. Berdinen artean, izenordainen bidezko tratamendua elkarrekikoa, elkarrekiko berdina zen; gizabanakoak, erabilitako forma bera jasotzen zuen solaskidearengandik. Erdi Aroan eta baita geroagoko garaietan ere, goi-klaseetako berdinen artean elkarrekiko V ohitzen zen, eta behe-klaseetako berdinen artean T zen usadioa:

Gizarte-klaseari loturiko usario desberdin hauen arrazoia, V errespetuzkoaren hedatze historikoan bilatu behar da; hain zuzen ere, errespetuzko tratamendu hau beti goi-mailetatik hasita joan baitzen hedatuz gizartera. Erromatar inperioaren garaian, maila gorenekoek eta ez bestek, zuten enperadorea tratatzeko abagunea eta banaka hauek ziren, hasieran bederen, errespetuzko V erabiltzen zuten bakarrak. Ondoren, Europako korte batek edo bestek bereganatuko zuten V errespetuzkoa eta geroago imitazioz usario berriaren zabalkundea gertatuko zen korte desberdinetara. Tratamendu hau astiro astiro gizarteen behe-mailetarantz joango zen lerratzen. Honela, halabeharrez, singularrerako V erabiltzea, goi-mailako hiztunaren ezaugarri izatera iritsi zen. Mende batzuen buruan europarrak guztiz ohartuta zeuden dotoretasun asmoz hedaturiko V-ren erabilera gero eta zabalagoaz. XVII. mendeko Frantziako drametan nobleek eta burgesek V erabiltzen zuten elkarrekin. Honek hurrengo kasuetarako ere balio zuen: senar-emazteen artean, maitaleen artean, aita eta seme-alaba helduen artean. Madame de Sévigné-k (XVII) ez du sekula T erabiltzen bere gutunetan, ezta bere alaba den Grignan-go kondesarekin ere (Schliebitz, 1886). Zerbitzariek eta nekazariek, ordea, T ohitzen zuten beren artean.

Mende luzeetan barrena frantses, ingeles, italiera, espaniera eta alemanierazko izenordain-usarioak, T-V ez-elkarrekikoaren arauari lotuta iraun zuen botere desberdineko pertsonen artean, eta V edo T (gizarte klasearen arabera) elkarrekikoaren arauari lotuta botere berdintsuko pertsonen artean. Hasieran ez zen berdinen arteko tratamenduan bereizkuntzarik agintzen zuen arauik, baina pixkanaka pixkanaka, bereizkuntza bat mamitu zen hurkotasunezko T (“the T of intimacy”) eta formaltasunezko V (“the V of formality”) tratamendu berrietan. Bereizkuntza hau Brown eta Gilmanek “elkartasunaren ardatza” (“dimension of solidarity”) deritzotenari dagokio. Hona hemen egile hauen hipotesia ardatz berri honen garapenaz.

Elkartasunaren semantika

Jatorrizko singularreko izenordaina T zen. V-ren erabilera singularrerako, botere handiagoko bati mintzatzeko tratamendu gisa hedatuz joan zen. Askotarikoak izan daitezke agintea dakarten ezaugarri pertsonalak. V-ren eta T-ren hartzaileak, besteak beste, indarrez, adinez, osasunez, jaioterriz, sexuz edo lanbidez izan daitezke desberdinak. Bi lagun botere-ardatz horietan elkarrengandik aldenduz gero, bietako bat V erabiltzen hasiko da. Oro har, V-ren erabilera pertsonen arteko desberdintasunei lotua dago. Baina desberdintasun-mota guztiek ez dakarte nahitaez botere-desberdintasunik. Pertsonak, hiri desberdinetan sortuak, estatus bereko familia desberdinetan haziak, ospe berdineko eskola desberdinetan heziak eta itzal edo ohore berdineko lanbide desberdinetan arituak izan daitezke. Boterearen semantika hedatuz atzeman daiteke berdinen arteko T-ren eta V-ren erabilerak gidatzen dituen araua. Botere-desberdintasunek komunikazioaren zentzu batean soilik sorrarazten dute V; boterearekin zerikusirik ez duten desberdintasunek komunikazioaren zentzu bietan eragiten dute V.

X baino zaharrago, X-ren aita, X-ren enplegu-emaile, X baino aberatsago, X baino indartsuago, X baino prestuago tankerako erlazioak, denak asimetrikoak dira. A, B baino zaharragoa bada, orduan B ez da A baino zaharragoa. “X baino boteretsuago” erlazioa ere, aurreko erlazio espezifikoen abstrakzioa dena, asimetrikotzat hartzen da. Erlazio hori adierazten duten tratamendu-izenordainen erabilera ere asimetriko edo ez-elkarrekikoa da: goragokoak V eta beheragokoak T jasotzen dituzte. Orain simetrikoak diren erlazioen multzo berria interesatzen zaigu; adibidez, “eskola berean ibili ziren” edo “guraso berak dituzte” edo “lanbide berean dihardute”. A-k B-ren guraso berak baditu, B-k A-ren guraso berak ditu. Elkartasuna deitzen diote Brownek eta Gilmanek erlazio-mota horri eta simetrikoa da. Erlazio horri dagozkion tratamendu-arauak ere simetrikoak edo elkarrekikoak dira, eta elkartasuna apaldu ahala V-k agertzeko aukera gehiago ditu. Elkartasunezko T-k anaia bikien artean edota norberaren barne-bakarrizketan izan behar du agertzeko probabilitaterik handiena.


Ezaugarri pertsonal guztiak ez dira inondik ere pisudunak, bi lagunen arteko elkartasuna elkarrekiko T-ren eragilea denentz jakiteko orduan. Begien koloreak edo zapata-neurriak, esaterako, ez dute horretan zerikusirik, ez zaizkigu ardura. Ardura zaizkigun antzekotasunak, antzeko pentsaera edota antzeko jokabide-joerak eragiten dituztenak dirateke. Antzekotasunok eskuarki hurrengoen tankerakoak izan ohi dira: kidetasun politikoa, familia, erlijioa, lanbidea, sexua eta jaioterria. Hala ere, edozein dimentsiotan muturreko ezaugarri nabarmenak pisudun, esanguratsu edo bereizle bihur daitezke. Garaierak elkartasuna eragin behar luke erraldoien artean eta orobat gizon nanoen artean. Elkartasunezko T, harremanen maiztasunak nahiz antzekotasun objektiboek eragindakoa izan daiteke. Hala ere, harremanen maiztasunak ez du nahitaez elkarrekiko T-ra bultzatzen. Elkartasun semantikoaren muina den pentsaera-kidetasuna edo gogaidetasuna aurkitzeko edo sortzeko balio duen neurrian izango da eragile pisuduna maiztasunezko harremana.

Europar izenordainetan elkartasuna, botere berdinekoen arteko tratamenduan bereizkuntzak egiteko modua izan zen. Elkartasunak dimentsio edo ardatz berria txertatzen du lehengo sistema semantikoan, botere berdinekoen mailan. Elkartasunaren eragina botere berdinekoen mailara mugatuta egon zen bitartean, ardatz biko sistemak orekan iraun zuen (ikus 2.a. irudia, Orekan) eta itxura guztien arabera, hala segitu zuen aski denbora luzean gure inguruko hizkuntza guztietan. Ardatz biko semantikaren “indarraldi” hartatik dator T-ren gaurko definizio arrunta, bai nagusitasunezko, bai hurkotasunezko izenordain gisa eta orobat V-rena, bai errespetuzko, bai formaltasunezko izenordain gisa. Definizio horiek oraindik ere erabili ohi dira, baina usadioa harantzago joan da.


Elkartasunaren ardatza, berez, tratatzen ditugun pertsona-mota guztientzat da aplikagarri. Botere handiagokoekiko harremanak elkartasunezkoak izan daitezke (gurasoekikoak, anaia nagusiekikoak) edo ez (batek bakanka ikusten dituen ofizialekikoak). Botere apalagokoekiko harremanak, halaber, elkartasunezkoak izan daitezke (etxeko otsein zaharrarekikoa) edo ez (jatetxe ezezaguneko zerbitzariarekikoa). Elkartasunaren ardatza irudiko marratxo bidezko lerroetara hedatzean sei harreman-kategoria sortzen dira (ikus 1. Irudia). Tratamendu-arauak auzipean geratzen dira goiko ezkerreko kategoriaren kasuan eta beheko eskuinekoarenean: lehen kasuan botereak V eskatzen du, baina elkartasunak T agintzen du; bigarren kasuan, botereak T agintzen du eta elkartasunak (elkartasun ezak) V. Hori ikusten da 2. irudian. Lehenengo irudiak (2a) Oreka adierazten du, eta bigarrenak (2b) gatazka.

Bigarren Irudian aurkezturiko gatazka abstraktua, adibide xeheagoen bidez ikusten da 3. irudian (Gatazka semantikoa), gatazka hori beren haragian biziko luketen gizarte-binako partikularren bidez. Horietariko bakoitzean, zentzu batean ez da zalantza izpirik usadiozko tratamenduaz; baina beste zentzu batean kontrajarrita ageri zaizkigu bi indar semantikoak. Hirugarren irudiaren (gatazka semantikoa) lehen hiru binakoek, beheragoko ez-solidarioekiko tratamenduan sortzen den gatazka islatzen dute (2. irudiaren –Gatazkan– beheko eskuineko kategoria), eta beste hiru binakoek goragoko solidarioekiko tratamenduan sortzen dena (2. Irudiaren (Gatazkan) goiko ezkerreko kategoria).

XIX. mendean, bada, boterearen semantika zen nagusi eta zerbitzariek, soldadu arruntek eta enplegatuek T jasotzen zuten; gurasoekin, ugazabekin eta anaia nagusiekin, berriz, V zen usadioa. Hala ere, informazio askoren arabera badirudi XX. mendean elkartasunaren semantika nagusitu zaiola boterearenari. Gaur egun, 3. irudiak (Gatazka semantikoa…) erakusten dituen binakoen tankerakoetan, bietatik bat, edo T, elkartasunezko izenordain elkarrekikoa nagusitzen da edo bestela V, elkartasun ezaren izenordaina. Egoera gatazkatsua, binako bakoitzean ezbairik gabeko tratamendua zentzu bietan hedatuz konpondu da. Guzti horren ondorio abstraktua, ardatz bakarreko sistema bakuna da: T elkarrekikoa elkartasunezko harremanetarako eta V elkarrekikoa elkartasunik gabeko harremanetarako.

Gaur egungo erabileran, botere-ezaugarriak elkartasun simetrikoaren ezaugarritzat hartuz berrinterpretatzen dira. “X baino zaharrago”, “X-ren aita”, “X baino nobleago”, “X baino aberatsago” tankerako erlazioak, gaur egun T-ri eta V-ri dagokienez, bestelakaturik geratzen dira, erlaziook “adin berekoa”, “familia berekoa”, “leinu berekoa”, “irabazi berdinekoak” gisara berrinterpretatzen baitira. Erlaziook mantentzen diren neurrian, gora egiten du T elkarrekikoaren probabilitateak; erlaziook hausten diren neurrian, gorago dago V elkarrekikoaren probabilitatea.

Oraindik ere, bada botere-erlazioaren aztarna interesgarri bat, T elkarrekikoarekin hasteko eskubideaz zabaldurik dabilen ustean: uste horren arabera, binako batean T ez-elkarrekikoa erabiltzeko moduko botere-oinarri sendoena duenak du T elkarrekikoari lehenik eusteko eskubidea; alegia, botere gehiagokoari dagokio T elkarrekikoari ekitea. Elkartasuna hautematea eta lehenik erakustea hobeto dohakio zaharragoari gazteagoari baino, aberatsagoari pobreagoari baino, enplegu-emaileari enplegatuari baino, hobeto doakio leinu ospetsukoari jatorri ilun eta arruntekoari baino, hobeto emakumezkoari gizonezkoari baino.

Elkartasuna botereari nagusitu zaiolako baieztapenaren alde, hizkuntza testuliburuetatik jasotako zenbait aipamen dakartzate Brown eta Gilmanek. Littré-k (1882), frantsesaren tratamenduez ari dela, honela dio: Notre courtoisie est même si grande, que nous ne dédaignons pas de donner du vous et du monsieur à l'homme de la condition la plus vile. Eta Grand-ek (1930) italierazko V-z zera dio: On commence aussi à le donner aux personnes de service, à qui on disait tu autrefois. Dena dela, tratamendu-aldaketa xume horien guztien izaeraz ohartarazten duen egilerik bat ere ez dutela aurkitu aitortzen digute Brown eta Gilmanek; haien ustetan, arau semantiko nagusiari eragin dion aldakuntza, hots, boteretik elkartasunerako aldakuntza da aldaketa guztion giltzarria.

Baina eskola-liburuak ez ezik, 1960ko artikulurako erabilitako bestelako informazio-iturri guztiak ere, aipatu berri dugun bilakaera edo aldakuntzaren alde agertu ziren: elkarrizketak, XX. mendeko literaturazko oharrak, filmak eta garrantzitsuago dena, egindako itaunketaren emaitzak. Goragoko 3. irudiaren sei gizarte-binako gatazkatsuak sartu ziren galde-sortan. Iraganean galdera horiek botere asimetrikoaren araberako erantzuna izango zuketen. Sei binako gaztazkatsuok kontuan harturik, botere asimetriko edo ez-elkarrekikoaren araberako emaitzak %11 izan ziren frantsesarentzat, %12 alemanarentzat eta %27 italieraren kasuan. Gainerako kasuetan tratamendua, elkarrekiko berdina (simetrikoa) da, 3B Irudian ikus daitekeenaren araberakoa. Hiru hizkuntzetan, ugazaba eta morroiaren arteko binakoa da botere-zama handiena gordetzen duena. Elkartasuneranzko aldaketen artean batzuk aski oraintsukoak dira gainera. Frantziako armadan, esaterako, Bigarren Mundu Gerratetik honakoa da ofizialek soldadu sartu berriak V-z tratatzeko aginduzko usadioa.

Azkenik, aztertutako hizkuntzen artean aldakuntza semantikoaren ildo berri bat ikusi uste dute Brown eta Gilmanek. Behin elkartasuna T-ren eta V-ren artean aukeratzeko irizpide edo ardatz bakar gisa nagusituz gero, orduan T-ren eremuak hedatzera jotzen du. Oraingo joera, T simetrikoa erraz erabiltzekoa da; T elkarrekikoa merezi izateko moduko elkartasunezko erlazioen kopurua gero eta handiagoa da eta batez ere, edozein kidetasun-mota T-ren aldeko eragingarritzat hartzeko joera dago. Ildo horretatik gauzatzen ari da oraingo aldakuntza semantiko berria. Hipotesi horren alde, besteak beste, berriemaile frantsesen batzuek jarritako adibide xelebrea gogorarazten digute Brown eta Gilmanek: mendigoizaleen artean behin garaiera jakin batetik gora igonez gero (haien bizitzak soka mehe batetik zintzilik arriskatzen diren unetik edo), aski arrunta omen da elkarrekiko T-ra aldatzea. Oro har, elkarrekiko T aurrera doa ikaskideen artean, lankideen artean, politika-alderdikideen artean, elkarrekin zaletasunen bat bizi ohi dutenen artean edo bidaide gertatzen direnen artean. Aldakuntza, ildo horretatik gauzatzen ari delakoan daude Brown eta Gilman, joera horretan laburtuta baitago haien berriemaileek gazteen eta zaharragoen izenordain-erabilera kontrajarriez esandakoa.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "T-ren eta V-ren bilakabide semantiko orokorra", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3