Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:1:2

Desberdintasunak frantsesaren, italieraren eta alemanieraren artean (1960)

Hiru hizkuntzotan T-k eta V-k bilakabide semantiko orokor bera izan duten arren, egindako itaunketaren emaitzen arabera, gaur egun badira haien artean zenbait desberdintasun erabilera xehean. Jaiotzeko hiztunekiko elkarrizketa batzuez baliaturik osatu zituzten Brown eta Gilmanek itaunketaren galde-sortak, hala ere, elkarrizketek berek ez zieten lagundu hiru hizkuntzen ezaugarri semantiko bereizgarriak atzematen; ezaugarri bereizgarriok ez zitzaizkien begietara azaldu harik eta itaunketaren emaitzak banan-banan estatistikoki alderatu arte.

Nola egin zen inkesta

Itaunketa ingelesez egin zen. Eta galdekizunaren gaiaren inguruko sarrera batez ematen zaio hasiera itaunketari: erantzun beharreko galderak, bere jaiotzeko hizkuntzaz eta singularreko tratamendu-izenordainen erabilerari buruzkoak izango direla ohartarazten zaio lekukoari. Guztira 28 “item” edo galderaz osaturik dago galdekizuna, guzti-guztiak ondoko adibidearen tankeran emanak:

    • (a)ZEIN IZENORDAIN ERABILIKO DU UME HONEK AMARI MINTZATZEKO? Zein izenordain erabiliko zenuke zeure amari mintzatzeko?
      • - T (zalantzarik gabe, “definitely”)
      • - T (seguraski, “probably”)
      • - Beharbada (“possibly”) T, beharbada (“possibly”) V
      • - V (seguraski, “probably”)
      • - V (zalantzarik gabe, “definitely”)
    • (b) Zein izenordain erabiliko luke berak zuri mintzatzeko?
      • - T (zalantzarik gabe, “definitely”)
      • - T (seguraski, “probably”)
      • - Beharbada (“possibly”) T, beharbada (“possibly”) V
      • - V (seguraski, “probably”)
      • - V (zalantzarik gabe, “definitely”)

Itaunketan lekukoaren eta honako hauen arteko tratamendu-usadioez galdegiten da: lekukoaren eta haren amaren, aitaren, aitonaren, emaztearen, umea den bere anaia gazteagoaren, ezkondutako anaia nagusiagoaren, azken honen emaztearen, urrutiko lehengusu baten eta gaztarotik ezagutzen duen adineko neskamearen artean. Galdegiten da orobat, lekukoaren eta unibertsitateko ikaskideen arteko tratamendu-erabileraz, Ameriketan egonaldia egiten ari den bere nazioko ikasle bati mintzatzeko tratamenduaz eta lehenagoko garaietan ikaskide izandako bati mintzatzeko tratamenduaz. Orobat galdegiten da jatetxe batean zerbitzariari mintzatzeko tratamenduaz, bulego batean bulegarien artean, armadan edo gudarostean soldadu kideen artean, nagusiaren eta enplegatuaren artean, soldaduaren eta jeneralaren artean ohikoak diren tratamenduez ere galdegiten da. Aipatutakoez gainera, badira beste galdera zailago edo landuagoak, lekukoari balizko gizarte-egoera jakin eta zehatz batean zein izenordain erabiliko lukeen galdegiten diotenak.

Lekukoak

BOSTONGO ETXE BATZUKLekuko eskuragarrienak Brown eta Gilmanentzat, 1957ko udazkenean Bostonen egotez zeuden ikasle atzerritarrak izan ziren. Egileek bazuten, izan, zenbait neskarengandik lortutako informazio apurra, baina lan honetarako mutilek emandakoa besterik ez zuten erabili. Inkestaren erakusgarria osatzen zuten berriemaile edo lekuko guztiek urtebete edo gutxiago zeramaten Estatu Batuetan; 300.000 biztanletik gorako hirietatik etorriak ziren eta hiriok nazioko lurraldeetan zehar modu orekatuan banatuta zeuden. Gainera, erakusgarriaren lekuko guztiak jatorriz goi-erdiko klasekoak eta profesionalen familietakoak ziren. Erakusgarrirako atzerrira irtendako ikasleak hautatu izanak eragin zuen aipatutako klase-kidetasun edo klase-batasuna. Langile-klaseko familietako berriemaile bakanak, berariaz, kanpoan utzi ziren erkaketak egiteko orduan. Eskualde- edo jatorri-desberdintasunak eragin zatikatzaile apalagoa du goi-erdiko klase sozial honen hizkeran, langileriaren edo, zer esanik ez, nekakazarien hizkeran baino. Artikulua idatzi zutenerako, 50 frantsesen, 20 alemaniarren eta 11 italiarren erantzunak zituzten bilduak Brownek eta Gilmanek eta baita gutun bidez haiengandik jasotako azalpen eta xehetasun jakingarri asko ere. Hizkuntza bakoitzeko berriemaileen kopuru-desberdintasuna (50, 20, 11), beste inondik baino areago, garai hartan Bostonen nazio bakoitzetik zegoen ikasle-ordezkaritza urri eta desberdinetik dator.

Emaitzak

Alemaniarrek frantsesek baino joera handiagoa agertu zuten aiton-amonei, anaia nagusiago baten emazteari edo familiaren aspaldiko neskame-morroi adineko bati T esateko. Frantsesek alemaniarrek baino joera handiagoa agertu zuten mutil ikaskide bati, Estatu Batuetan egonaldia egiten ari zen nazio bereko ikasleari, bulegokideari edo lehenagoko ikaskideari T esateko. Italiarrek frantsesek baino joera handiagoa agertu zuten neska ikaskideari eta baita aurkeztu berri zaien neska ederrari ere T esateko. Aipatu berri diren kasuetan italiarrek alemaniarrek baino joera handiagoa agertu zuten T esateko eta orobat mutil ikaskidearen edo Amerikan egonaldia egiten ari zen nazio bereko ikaslearen kasuetan ere. Edozein modutan ere, frantsesek edo alemaniarrek ez zuten inongo galderatan agertu italiarrek baino joera sendoagoa T esateko.

Brownek eta Gilmanek hiru hizkuntza hauen arteko desberdintasun xeheetara jo gabe, haien berri eman diezagukeen eredu edo ikuspegi orokorra eskaintzen digute. Aldera ditzagun lehenik alemana eta frantsesa. Familiaren eremuan alemanierazko T errazago erabili ohi da frantsesezko T baino; alemanierazko T-k aitonarekin eta anaia zaharragoaren emaztearekin agertzen duen puntuazio askoz altuagoaz gain, badira beste desberdintasun txikiago batzuk alemanierazko T-ren alde makurtzen direnak, aita, ama, emazte, ezkondutako anaia nagusia eta urrutiko lehengusuaren kasuetan. Frantsesezko T ez da automatikoki erabiltzen urrutiko senideekin, baina alemanierazkoa baino errazago erabili ohi da kidetasuna adierazteko ikaskideen artean, bulegoko kideen artean, atzerrian dauden herrikideen artean edo soldadu kideen artean. Oro har, alemanierazko T-k bereganatzen edo kodetzen duen elkartasuna jaiotzetikoa dela eta familiaren eremuko harremanei lotua ageri dela esan daiteke. Frantsesezko T-k, neurri handi batean, erdietsitako edo “irabazitako” elkartasuna kodetzen du, familiartekotasunean oinarritzen ez den elkartasuna, eginkizun amankomun batetik sortu eta garatua. Italierazko T izenordainari gagozkiola, familiarteko elkartasunean ia-ia alemanieraren pareko eta kidetasunean frantsesa baino aurrerakoiagoa dela esan behar. Italiar mutilaren kidetasuna nesken artera ere hedatzen da; alegia, ikasle frantses eta alemaniarrak ez bezala, italiarrak kasik ikaskide mutilari bezain arin eta erraz esaten dio T ikaskide neskari.

Bada T eta V gidatzen dituen arau semantiko txit abstraktua, frantsesarentzat, alemanarentzat, italierarentzat eta beste hizkuntza batzuentzat baliagarria dena. Araua hau da: tratamendu elkarrekikoaren (edo simetrikoaren) probabilitatea handiagoa da bi lagunen artean konpartitutako ezaugarri elkartasunezkoen kopurua hazi hala; horrelakoetan, T-ren probabilitateak gora egiten du eta V-renak, behera. Frantsesaren, alemanaren eta italieraren arteko aldea, hizkuntza hauetako bakoitzean elkartasuna eragiten duten ezaugarri desberdinek hartzen duten pisu erlatibo desberdinean datza. Alemaniarrentzat familiarteko kidetasuna da ezaugarri nagusia elkartasunari begira; frantses eta italiarrentzat, ordea, erdietsitako ezaugarriak dirateke pisu handiena hartzen dutenak.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Desberdintasunak frantsesaren, italieraren eta alemanieraren artean (1960)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3