Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:1:4

Taldearen estiloa eta tratamendu-izenordainak

Estilo baten identifikazioa zenbait elementu iraunkorren identifikazioari dago loturik. Ekintzaren baten, dela ibiltzea, dela hizkuntza batez mintzatzea edo automobila gidatzea, bereizgarriak azpimarratuz gero, gainontzeko aldaketak estilistikotzat har ditzakegu. Estilo desberdinak “gauza bera egiteko era” desberdinak dira; beraz, estiloak bereizteko, “gauza beraren” gauzapentzat hartu beharreko ekintza-sorta identifikatu behar da lehenengo.

Hizkuntzalaritzan ingelesa, frantsesa, latina eta beste hainbeste hizkuntza, familia baten barruan (indoeuropar familiaren barruan) sartu ohi dira. Elementu iraunkor honi begiratzen diogula, pentsa liteke italiera, espainiera, ingelesa eta gainontzeko guztiak indoeuropar hizkuntzaren estilo desberdinak direla. Esate baterako, hizkuntza guztiok tratamendu-izenordain bi dituzte singularrean, baina tratamendu-izenordainen erabilerari gagozkiola, hizkuntza bakoitzak fonetikazko eta semantikazko bere estilo berezia du. Fonetikazko estiloa alde batera utzita (T eta V izendapen orokorrez baliatuz), frantses, alemaniera eta italieraren arteko semantikazko estilo-desberdintasunak daude, aldameneko ataletan ikusten den gisan.

Hizkuntza ariketaren ezaugarrien eta hiztunen ezaugarrien artean kobariazioa dagoenean izan daitezke adierazkorrak hizkuntza estiloak. Estiloak “interpretatuak” direnean, orduan da funtzionalki adierazkorra hizkuntza jarduera. Indoeropeoa elementu iraunkorra eta frantsesa, alemaniera, ingelesa, italiera estiloak direneko maila abstraktuan, estiloaren interpretazioek hiztunen komunitateei buruzko, nazioaren izakerari buruzko, gizarte-egiturari buruzko edo taldeen ideologiari buruzko adierazpenak izan beharko dute.

Estiloa hizkuntza jakin bati lotua dago, ez hizkuntza-familia bati lotua

Hizkuntza-estiloari buruzko eztabaidetan elementu iraunkorra hizkuntza familia baten mailan baino areago, hizkuntza jakin baten mailan ezarri ohi da (fransesa, ingelesa, eta abar). Brown eta Gilmanek aztertutako hizkuntzetan, izenordainen inguruko estilo-aldaketak hiztunak gizartean duen mailari lotuak daude: V-ren erabilera, gizartearen goi-mailetatik sartu eta behekoetarantz hedatuz joan zelako, heziera onaren seinaletzat hartu ohi zen. Interesgarria da jakitea Iraultzaren ondorengo belaunaldian frantses artesau-ofizialeen elkarte batean, gizalegearen izenean edo, igandeetan etxean gorbatarik gabe edo zapatarik gabe egotea edota beren artean T erabiltzea ohitura gaitzesgarriak zirela (Perdiguer, 1914). Brown eta Gilmanen berriemaileen arabera, T eta V izenordainek klase-kidetasunaren salatari edo ezaugarri gisa funtzionatzen dute. Jugoslaviarren esaera baten arabera, nekazari batek erregeri T esango omen lioke. Brownek eta Gilmanek ezagutu zuten noble frantses batek, aitzitik, ez omen zion sekula inori T esan, bere txikitako haurtzain zaharrari ezik. Menpekoei T esatea garaiko ideologia demokratikoak eragozten zion eta bere mailakoei T esatea bere erregetiar ideologiak debekatzen zion.

Literaturan zer?

Literaturan izenordainen estiloa gizarteko handizaleen eta ustezko dotorezaleen goranahiak agertzeko erabili izan da. Goragoko klasekoen erak imitatzen dituztenek gehienetan ez dute behar bezalako imitaziorik lortzen. Beheragokoek klaseen arteko hizkuntz desberdintasunen bat atzemanez gero, gehienetan behar baino testuinguru gehiagotara hedatzen dute delako desberdintasun horren imitazioa. Molière-k sarri aurkezten dizkigu barregarri geratzen diren halako pertsonaiak, zerbitzariekin T erabili ordez, dotoretasun-asmoz V erabiltzen duten pertsonaia handinahiak. Ben Jonson-en Everyman in his Humour eta Epicoene lanetan Wellbred eta Knowell bezalako galai ondo heziek, gehienetan elkarri you esaten badiote ere, sarritan you-tik thou-rako aldaketa adierazkorrak tartekatzen dituzte; John Daw eta Amorous-La-Foole bezalako pertsonaia harroputz ziztrinek, hutsik egin gabe, you esaten diote elkarri.

Estiloa eta ideologiak zerikusirik bai

Brown eta Gilmanek elkarrizketatutako ikasle frantsesen erakusgarria aski homogeneoa zen maila sozialari dagokionez, gurasoen lan-ihardueraren irizpide bakunaren arabera, behintzat. Gauzak honela, nekez egin zezaketen klaseen araberako estilo-ikerketa sistematikorik; hala ere, talde batu honen barruan interpretatzeko moduko estilo-desberdintasunak izan zitezkeela pentsatu zuten eta haiek bilatzeari ekin zioten. Elkartasunezko T-ren erabilera zabalago edo meharragoa, ideologiazko aurrerakoitasunari edo atzerakoitasunari lotua zegokeelako susmoa zuten. Azken dimentsio hau neurtzeko, Eysenck-en Social Attitude Inventory (1957) delakoa erabili zuten. Hau, baieztatzeko edo ezeztatzeko gai desberdinei buruzko (erlijioa, ekonomia, arrazen arteko harremanak, sexu-iharduera, e.a.) adierazpen-sorta bat da. Eysenck-ek Frantziako eta Ingalaterrako alderdi sozialista, komunista, faxista, kontserbadore eta liberaleko kideekin baieztatu du bere mailaketa. Oro har, mailaketa honen arabera erradikala izatea aldakuntzaren aldekoa izatea da eta kontserbadorea izatea status quo mantentzearen aldekoa edota lehengora itzultzearen aldekoa izatea da. Gauzak honela, deskribapen honen arabera lortutako puntuazioak eta izenordainen estiloan lortutako indizea alderatzeari ekin zioten.

Orain arte tratamendu-izenordainen erabileran (T-ren erabilera zabalago edo meharragoaren zentzuan) estilo pertsonala bezalako zerbait dagoela froga dezakeen lekukotasunik ez da aurkeztu. Baina litekeena da itaunketaren galde bakoitzarentzat, tratatzen den pertsona-mota bakoitzarentzat, beste erantzun batetik iger ezin daitekeen arau pertsonal independiente bat egotea. Umeak pertsona-mota bakoitzari zer esan behar dion ikasten du. Umeak ikasten duena desberdina izango da parte hartzen dueneko talde desberdinen arabera. Agian umearen erabilera loturarik gabeko ohitura desberdinen batuketa izan liteke.

Guttman-en teknika: "eskalogramoa"

Guttman-ek (Stouffer, Guttman, et al., 1950) “eskalogramo” analisiaren teknika garatu du adierazpen-sorta batean dimentsio bakar bat erabiltzen denentz jakiteko. Guttman-en eskala perfektoa hurrengo adierazpenetatik lor daiteke:

  • (a) I am at least 5' tall
  • (b) I am at least 5'4'' tall
  • (c) I am at least 5'7'' tall
  • (d) I am at least 6'1'' tall
  • (e) I am at least 6'2'' tall

Hau da, adierazpen baten baieztapenak beheragoko guztien baieztapena suposatzen du. Pertsona bati, berak baieztatu duen adierazpenik muturrekoena, adierazpenik gorena aurkezten duen puntuazio bakuna eman dakioke:(a) edo (b) edo (c) edo (d) edo (e); bada, puntuazio bakun horretatik, emandako erantzun partikular guztiak ondoriozta daitezke: (c) puntuazioa lortzen badu, orduan horrek esan nahi du (a) eta (b) ere baieztatu dituela, baina ez, ordea, (d) eta (e). Eskala ezarri ahal izateko irizpide orokorra, puntuazio bakun batetik erantzun partikularrak ondorioztatu ahal izatea da. Hots, “eskalagarritasunaren” irizpidea puntuazio baten “ondorioaztagarritasuna” litzateke eta horretarako adierazpenek beren artean halako lotura izan behar dute, non baten baieztapena gainontzekoen baieztapen edo ezeztapenari lotua egongo baita.

Jarrerari buruzko itaunketetan ez bezala, izenordainei buruzko itaunketaren erantzunak ez dira adierazpen baten baieztapen mailakatuak, baina badira T edo V esateko probabilitate mailakatuak. Ez dirudi izenordainei buruzko itaunketaren erantzun bikoitzak, jarrera-eskala baten baiezko edo ezezko erantzunak bezala tratatzeko inolako eragozpenik dagoenik. Desberdintasuna zera da: eskala, horrelakorik bada, izenordainak gobernatzen dituen dimentsio semantikoa litzateke eta erantzule bakoitzak eskalan iritsitako puntuazioak bere semantikazko estiloa adieraziko liguke.

Galdera bakoitzean T erantzunak puntu bat balio zuen eskalan eta V erantzunak bat ere ez. Guztira erantzule bakoitzaren puntuazioa 1-etik 7-ra bitartekoa izan daiteke; honek esan nahi du eskala honek zazpi estilo bereiz ditzakeela eta ez gehiago. Estiloaren arabera, erantzuleak zazpi talde homogeneotan banatu ziren eta talde hauetako bakoitzak erdietsitako batez-besteko aurrerakoitasun edo atzerakoitasunaren puntuazioa bilatu zen.

1 Taulan izenordain-estilo bakoitzaren aldamenean aurrerakoitasun-puntuazioa ageri da. Lagun bakoitzaren aurrerakoitasun-puntuazioa 2tik 13ra bitartean mugitzen da; pertsona batek zenbat eta puntuazio altuagoa lortu, orduan eta ideologia erradikalagoa edo aurrerakoiagoa izango du. Emaitza harrigarriena zera izan zen: talde bakoitzaren aurrerakoitasun-puntuazioen hurrenkera eta talde bakoitzaren izenordain-puntuazioarena, salbuespen bakar batez, berdin-berdinak dira; alegia, hurrenkerari gagozkiola, ia-ia erabat parekoak gertatzen dira talde bakoitzaren bi puntuazioak. Maila-desberdintasunaren korrelazioa bi puntuazio-multzoen artean 0.96koa da eta parekatutako zazpi puntuazio besterik ez izan arren, oso erlazio adierazgarria da.

Orain badago halako iraunkortasuna tratamenduan, elkartasunezko T-ren erabilera zabalago edo meharragoa inplikatzen duen izenordain-estilo pertsonalaz hitz egin ahal izateko. Maila sozioekonomiko bereko ikasleen artean ere, badira ideologiazko aurrerakoitasunaren edo atzerakoitasunaren adierazgarri izan daitezkeen estilo-desberdintasunak. Frantses batek, bere ikaskide neskei gehienetan T esaten dien unibertsitateko ikasle mutil bat ikusita, ziurtasunez halako ikaslea industriaren nazionalizazioaren alde, amodio librearen alde, froga gisako ezkontzaren alde, heriotzeko zigorra deuseztatzearen alde eta erlijio eta nazio-leialtasunak ahultzearen alde egongo litzatekeela ondoriozta lezake.

Zer esan dezakegu T-ren erabilera zabalaren eta sentimendu erradikalen arteko loturaz? Baliteke ustezko lotura hori funtsik gabekoa izatea, alegia, hizkuntz ihardueraren eta jarreren artean logikazko erlaziorik ez egotea; baliteke gauza berrienari jarraitzeko joera orokorra egotea, besterik gabe.

Beste alde batetik, badago halako egokitasuna jarreraren eta hizkuntz ihardueraren arteko loturan. Ideologia aurrerakoiak jendearen arteko hesi guztiak sendoro gaitzesten ditu: arraza, erlijioa, nazionalitatea, jabetza, ezkontza eta kriminaltasuna bera ere bai. Hesi guztiek dute “barne-talde” solidarioa, “kanpo-talde” ez-solidarioarengandik banatzeko ahalmena. Gaizkilea, hiltzea merezi izateko bezain urruti edo kanpoan ez dagoela defenditzen du erradikalak; gaizkileak berreziera izan beharko luke. Erradikalaren ustetan, munduaren antolakuntza arrakastatsua eragozterainoko nazio-elkartasuna gaitzesgarria da; jabetza pribatua deuseztatu egin beharko litzateke eta industriak nazionalizatu. Barne-taldeak eta kanpo-taldeak egon beharrean, talde bakarra egon beharko luke, izenordain-tratamenduaren, erlijioaren edo nazio-desberdintasunen kariaz ez bereizia. Kideko guztientzat elkartasunezko, lagunarteko T hedatu izanak, erradikalarengan anaitasun-izpiritua hedatzeko dagoen asmoa erakusten digu. Hala ere, T-ren erabilpen unibertsalak izenordainari duen esanahia eman zion diskriminazioa ezabatzen duela eta aspaldiko arazo bat sortzen duela ohartarazten digute Brown eta Gilmanek. Lagunarteko elkartasuna hainbesteraino heda daiteke? Hain urrutiraino hedatzeko adinako gogo edo nahia ote dago? Etorkizunean nonnahi elkartasun berbera, baina inon ere iraganekoaren adinakoa izango ez den elkartasun mehetxo berbera egongo ote da?

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Taldearen estiloa eta tratamendu-izenordainak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3