Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:1:5

Tratamendu-izenordainak, jarrera iragankorren adierazgarri

Talde baten barruan jokabide-arauak iraunkorrak izan ohi dira. Talde baten barruan normaltzat hartzen bada izenordain jakin baten hautapena, orduan beronen interpretazioa hiztunaren talde horrekiko kidetasuna izango da. Dena dela, talde-kidetasunaren inplikazioak sarritan oso garrantzitsuak izaten dira; klase sozialak, esate baterako, familia bizimodu jakin bat, heziketa-maila jakin bat, politikaren ikuskera jakin bat eta jakineko beste hainbeste gauza iradokitzen dizkigu. Ezaugarri guztiok pertsona baten izakerari dagozkio; gizaki horren geroko ekintzak nolakoak izango diren antzematen laguntzen diguten ezaugarri iraunkorrak dira. Tratamendu-izenordainen erabilera denaz bezanbatean estilo pertsonal iraunkorrak ez digu hiztunaren izakera definitzeko besteko informaziorik iradokitzen, baina kategoria baten edo besteren barruan sailkatzen lagun diezaguke.

Batzuetan izenordain baten hautapenak taldearen araua edo hiztunaren beraren araua bortxatzen ditu. Horrelakoetan arau-haustearen arrazoia hiztunaren jarrera edo emozio berezi batean bilatu behar da. Bidezkoa dirudi bi lagunen arteko ohizko tratamenduaren aldaketa jarrera-aldaketaren baten seinale gisa interpretatzeak. XVII. mendeko antzerti-lan batean bi gizon frantsesek elkarri goi-mailako klaseko berdinen artean ohizkoa zen V esaten badiote eta noizbait haietako batek T esaten badio besteari, T esate horrek bestea bere menpekoa dela adierazten digu, T menpekoei esaten zitzaien eta. Izenordain baten ustegabeko hautapenak, une batez hiztunak solaskidearekiko erlazioa bestelakaturik somatzen duela adierazten digu. Tankera horretako hizkuntz ihardueraren aldaketek une bateko sentimendu edo jarrera adierazten dizkigute. Aldaketok ez dira estilo pertsonal iraunkorrak, aldarte-gorabeheraren batek eraginda norberaren edo taldearen ohituratik gertatzen diren aldentzeak baizik.

Aspaldiko kontua hauste hori

Bi izan dira T eta V gobernatu dituzten dimentsio semantikoak eta bi dira esanahi adierazkorraren era nagusiak. Boterearen arauak hausteak gehienetan esan nahi du hiztunak solaskideari goragokoa, beheragokoa edo bere mailakoa balitz bezala begiratzen diola, nahiz eta ohizko irizpideen arabera eta hiztunaren ohituraren arabera solaskidea ez izan hautaturiko izenordainak adierazten duena. Elkartasunaren arauak hausteak gehienetan esan nahi du une batez hiztunak solaskidea kanpotartzat edo hurkotzat hartzen duela; esan nahi du solaskidearenganako begikotasuna hedatu egiten dela edo moztu egiten dela.

XII. eta XIII. mendea

Itxura denez, jarrera bereziak adierazteko T-ren eta V-ren erabilera zaharrenak, nonnahi, gorrotozko edo gutxiespenezko T eta errespetuzko edo gorespenezko V izan dira. Frantsesezko izenordainei buruzko bere ikerketan Schliebitz-ek (1886) erabilera adierazkor honen lehen adibideak XII. eta XIII. mendeetako literaturan (Frantzian boterearen semantika gauzatu zen garaian) idoro zituen. Eta Grand-ek (1930) gauza bera aurkitu zuen italieran. V ohizkoa den lekuan T esanez, hiztunak morroi edo ume bezala tratatzen du solaskidea eta agiraka egiteko eskubidearen jabe da. V adierazkorraren adibiderik arruntena lehen lekukotasunetan, morroiaren lan bikainaz miresten den jaunarena litzateke: lan ondo eginaren ordainetan, morroiarenganako estimazioaren pareko tratamendua ematen dio, V, alegia.

Racine

Racinek, bere drametan semantika iraunkor borobilez erabiltzen ditu izenordainak. Pertsonaia nagusiek, goiko klaseko berdinei dagokien V ohitzen dute beren artean. Maitaleen artean, neba-arreben artean, senar-emazteen artean, goi-mailakoak badira, behin ere ez da T erabiltzen; baina goi-mailako bakoitzak T esaten dio konfiantzazko bere menpekoari, beragandik V jasotzen duelarik. Boterearen semantika ez-elkarrekiko perfektoa da. Dotoreziazko eredu hau antzerti-lan bakoitzaren ekitaldi garrantzitsuenetan hausten da. Racine-k izenordainak adierazkortasun handiko uneetarako gordetzen zituen nonbait. Bai Andromaque-n eta bai Phèdre-n arauetik bi aldentze adierazkor besterik ez daude, biek adierazten dituzte sentimenduen une kritikoak.

Shakespeare

Jespersenek (1905) uste zuen ingelesezko thou eta ye (edo you) kontinenteko hizkuntzetako izenordainak baino sarriagotan aldatzen zirela aldartea edo tonua adierazteko; Brown eta Gilman iritzi berekoak dira. Gutxiespenezko thou hain zen arrunta, ezen aditz berri bat sortu baitzen erabilera adierazkorra izendatzeko. Shakespeare-k aditz berri hau darabil Sir Toby Belch-ekin (Twelfth Night), Andrew Aguecheek mozorroturiko Violari desafioa egitera bultzatzerakoan: “Taunt him with the license of ink, if thou thou'st him some thrice, it shall not be amiss”. Aditzaren lekukotasuna errealitatean ere aurkitzen dugu Sir Edward Coke-k Raleigh-i egindako erasoan, 1603ko azken epaiketan: “All that he did, was at thy instigation, thou viper; for I thou thee, thou traitor.”

Gutxiespenezko edo gorrotozko T, gehienetan V ohitzen duten pertsonen artean agertzen da, baina litekeena da inoiz beheragoko mailakoak goragokoari T esatea. Zenbat eta gizarte-tarte handiagoa izan, hainbat eta harrigarriago gertatzen da arau-haustea eta gehienetan sumindurazko aldietan agertu ohi dira. Sejanus-ek, izen bereko Ben Jonson-en antzerkian, mespretxu ikaragarria sentitzen du Tiberius enperadorearenganako, hala ere, bere aurrean egokiro errespetuzko V erabiltzen du. Baina enperadorea irtendakoan, bakarrizketan, bere artean honela mintzo da: Dull, heavy Caesar! Wouldst thou tell me…. Jonson-en Volpone-n, Mosca-k you esaten dio bere ugazabari, bi iruzurgileak kanporatuak izateko zorian dauden azken ekitaldian izan ezik; orduan Mosca Volpone-gana itzultzen da hau esateko: Bane to thy wolfish nature.

Marlow

MARLOWEren ERRETRATUA 1585Ikusitakoak baino zorrotzago eta ugariagoak dira isabeldar edo jakobear drametako adierazkortasun-adibideak. Hiztunaren jarreraren interpretazio zuzenerako, hautsitako izenordain-araua ez ezik, gainontzeko hitz eta ekintzak eta egoera bera ere kontuan hartu behar dira. Tamburlaine-k Bajazeth-i, turkiar enperadore gatibuari, luzatzen dion maltzurkeriazko, ironiazko you-k ez du zalantza izpirik uzten. Marlow-ren antzerti-lanaren IV. agerraldian dugu tratamendu irrigarri hau:

  • TAMBURLAINE: Here, Turk, wilt thou have a clean trencher?
  • BAJAZETH: Ay, tyrant, and more meat.
  • TAMBURLAINE: Soft, Sir, you must be dietee; too much eating will make you surfeit.

Menderatzaileak gatibuari thou esatea zen espero zitekeena, baina oraingoan araua Tamburlaine-k you esanez hausten da. Aldaketa honek ezin du adierazi gorespena edo errespetua, turkiarra gatibu eta goseak amorratzen baitauka. Tamburlaine-ren errespetuzko tratamenduaren helburua gatibuari barre egitea da, turkiar enperadoreak galdu duen boterea iradokitzen baitu aipatu tratamendu hanpatuak.

Izenordain-aldaketak adierazten duena

Uneko izenordain-aldaketa batek uneko aldarte-aldaketa adierazten du, baina interpretazio honek ez du guztiz agortzen aldaketaren esanahia. Gizon batek une jakin batean halako edo holako jarrera edo sentimenduak izateak inplikazio garrantzitsuak izan ditzake beraren izakerazko joerak igertzeko, era bateko edo besteko sentimenduetarako joerak igertzeko. Edozein fiskalek ez zukeen gehiegizko thou erabiliko Raleigh auziperatuarekin; Edward Coke-k gutxiespenezko tratamendua erabili izanak bere izakera harro eta suminkorraren berri eman diezaguke, izan ere, auzian asko izan ziren berataz halako iritzia agertu zutenak (Jardine. 1832-5). Volpone-k, Celia izeneko Veneziako dama bati mintzatzerakoan you esan beharko ziokeen, baina bat-bateko thee-z zuzendu zitzaion hasieratik. Gizalege-hauste honen berri jakiteak eta eri-gaixoa bere ohetik neska bortxatzeko asmoz jaikitzen dela jakiteak Volpone-ren izakera beldurgarria somatzen lagun diezagukete. Bere tratamendu ezohizkoa bat dator erabiltzen dituen hizkuntz irudi harrigarriekin. Egoera jakin batean, badakigu zein pertsona-motak hauts litzakeen tratamendu-arauak eta zeinek ez. Arauak hausten dituen hiztuna ikusita, une horretako bere sentimenduak asmatzeaz gain, sentimenduoi halako adierazpidea eman liezaiekeen pertsona-motaren izakera dagokiola halako hiztunari ondoriozta daiteke.

MOLIERE, CESAR GISA JANTZIA, Mignarden marrazkia (1658)Elkartasunaren semantika ezartzeaz bat adierazkortasun-sorta berri bat sortu zen, begikotasunezko edo arroztasunezko sentimenduak adieraztekoa. Shakespeare-ren antzerti-lanetan badira elkartasunaren semantikatik eratorritako esanahi adierazkorrak, baita boterearen semantikatik eratorriak ere eta bietatik eratorriak ere ez dira falta. Two Gentlemen of Verona antzerkia, Berpizkundeko anaitasunaren idealari loturik dago eta elkartasunaren adierazpen argiak aurkezten dizkigu. Proteus eta Valentine zaldunek hasieran thou esaten diote elkarri, baina desadostasunen eragile gertatzen den maitasunaren gaiaz aritzean, arroztasun edo urruntasunezko you tratamendura igarotzen dira. Molière-k (Fay, 1920), gizon batek bere buruarekiko halako urruntasuna ezar dezakeela erakutsi digu, George Dandin-ek harako bakarrizketa hartan egiten duen bezala: George Dandin! George Dandin! Vous avez fait une sottise…

Lehengo frantsesezko eta ingelesezko drametan T eta V era zoragarrian agertzen dira hurbiltze eta urruntze-sentimenduei lotuak. Hala ere, erabilera adierazkorra gaurko frantsesean, alemanieran eta italieran aski gertaera bitxia dela diote Brown eta Gilmanek. Haien berriemaileen informazioaren arabera, behin T hedatuz gero, ia sekula ez da erretiratzen, hori egitea estimu guztia erretiratzea bezala izango bailitzateke. Aldaketa adierazkorraren gaurko lekukotasun bakar bat jasotzen dute: Silverberg-ek (1940) dioenez, Alemanian 1940. urtean emagaldu batek eta bere bezeroak elkarri du (T) esaten zioten elkartzen zirenean, baina behin sexu-elkartzea bukatuta, berriz ere elkarrekiko sie (V)-ra itzultzen ziren.

Tratamendu-izenordainen erabileran gertatzen ari den aldaketa-joera berriak, elkartasunezko etika jende ororentzat zabaltzeko nahia adierazten du. Hala ere, T-ren eta V-ren arteko aldaketa adierazkorren gaurko ustezko beherakada azaltzeak zailagoa dirudi: beharbada izan liteke europarrak ohartu direlako baztertutako jende, arraza edo taldeek beste talde batzuen erasopean jausteko izan dezaketen arriskuaz; beharbada izan liteke europarrek elkarrekiko T-ren finkotasunean sinetsi nahi dutelako.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Tratamendu-izenordainak, jarrera iragankorren adierazgarri", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3