Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:2:1

Friedrich (1966): hamar bereizkuntzako sistema (unibertsala?)

Brown eta Gilmanek beren lanak argitaratu eta berehala, teoriaren kimu berriak sortu ziren han-hemenka. Goizago edo beranduago, arlo desberdinetako hainbat ikertzaile lotu zitzaizkion haiek urratutako ikerbide emankorrari. Ikerlan berritzaile hauen artean ezagunenetarikoa P. Friedrichena (Friedrich, 1966) dugu: “Structural implications of Russian pronominal usage”. Lehen begiratuan badirudi ikerketa honek erabat berritzen duela Brownen eredua; dena den, geroago ikusiko dugunez iraulketa ez da erabatekoa edo funtsezkoa, itxurazkoa eta zehaztasunezkoa baizik. Ikus dezagun, bada, zertan den Friedrichen ekarpena.

Hizkuntza eta kulturaren arteko erlazioei buruzko ikerketen eremuan kokatzen du Friedrichek bere lana; baina eremu honetako lehenagoko lexikografiazko edo filosofiazko ikerbideen (adibidez, “hitzen eta gauzen” arteko edo Whorf-enaren tankerako “gramatika-kategorien eta herri baten gogoaren” arteko erlazioei buruzko ikerketen) emankortasunaz bere zalantzak dituenez gero, ageriko premisa batzuetan oinarritutako teoria deskribatzaile konplexuak eraikitzea proposatzen du. Bere artikulua horrelako teoria bat eraikitzeko saioa litzateke. Ondokoak dira abiaburuko premisak.

Lehenengo eta behin, lau gertakari-kategoria nagusi bereizi beharra dagoela defenditzen du: gizartea, kultura, hizketa (speech) eta hizkuntza (language). Gizartea, zenbait harreman eta lotura dituen herri bateko gizabanakoen eta taldeen arteko harremanetan ikus edo neur daitezkeen erregulartasunei erreferentzia egiteko darabil. Kultura, gizarte-kideek historian barrena konpartitzen eta transmititzen dituzten ageriko eta ezkutuko sentimendu, balio eta arauen multzo egituratuari dagokio( ). Hizkuntza terminoak derrigorrezko ezaugarri semantiko eta gramatikalen multzoari, unitate aldagaitzen (inbarianteen) banaketa erlatiboari eta egitura jakin baten beste dimentsio batzuei erreferentzia egiten die. Hizketa, azkenik, maiztasun-gertakariei, erabilera-adibideei eta bestelako entzuteko moduko edo neurtzeko moduko gertakari zehatzagoei dagokie. Bai hizketa eta bai gizartea, Friedrichek erabiltzen dituen zentzu estu teknikoan, jokabide-mailakoak dira: era zuzenean edo ez hain zuzenean biak deskriba daitezke. Era berean, hizkuntza eta kultura egitura-mailakoak dira, sistema baten unitateen arteko oposiziozko edo kontrastezko erlazioez osatuak.

Bigarrenik, jokabidezko eta egiturazko lau gertakariotan elkarren arteko kobariazioa aldarrikatzen du Friedrichek: aldatu egiten dira bata bestearekin.

Abiaburuak abiaburu, hauxe da Friedrichen ikerlanaren helburua: erakustea garai bateko hizketa-mailako tratamenduak, “kultura sozialaren” hots, gizabanakoen eta taldeen arteko harremanetan eragina duen kultur sistemaren osagai baten zenbait printzipiok eragindakoak edo determinatuak direla. Gainera, hizkuntz eredu abstraktuaren eta errusiar kultura sozialaren artean gerta daitezkeen zenbait lotura edo erlazio azpimarratu nahi ditu. Berak dioenez, pertsona-izenordainen eta ahaidetasunezko terminologiaren sailak Janoren antza duten buru bikoitzeko hizkuntz gertakariak dirateke: alde batetik, gramatikazko paradigmen hizkuntz matrizari daude lotuak; beste alde batetik, gizarte-mailen eta talde-kategorien kultur matrizari daude lotuak. Hain zuzen ere, buru-bikoiztasun horrexek egiten du izenordainen ikerketa hain arlo interesgarri eta emankorra.

Zehatzago esateko, Friedrichen ikerketak XIX. mendeko errusierazko tratamendu-izenordainen erabilera du aztergai (cf. infra, II.11). Honekin batera, bigarren maila batean, psikologia, gizarte- eta kultur aldagaien araberako erabilera ere du aztergai, hots, tratamendu-izenordainen kobariazioa kultura sozialaren aldagaiekin batera.

Zenbait kultur gune edo kategoria garrantzitsu

Kultur eta gizarte-aniztasuna gorabehera, errusiar bizitzan baziren eragin handiko kultur uste, gune edo gai sendo zenbait:

  1. Etxaldeko familia, aitalehenaren inguruan eratutako senidetasun-sare zabala, zen gizabanakoen elkargunea
  2. Nekazariak komunetan eta beharginak kooperatibetan ekonomia-kontratuen bitartez eta elkartasun-sentimendu sendoen bitartez zeuden elkarturik
  3. Lankidetasunaren eta anaitasunezko leialtasunaren izpirituak elkartasun-era desberdinak agertzen zituen kategoria askotako adinkideen artean
  4. Gizonaren nagusitasunaren sinboloekin batera, emakumearen ekonomiazko beregaintasuna eta psikologiazko indarra ageri ziren
  5. Klasezko eta etniazko mugak, agerikoak izan arren, irekiak eta aski mugikorrak ziren
  6. Araudi eta dekretuak, gehienetan agintaritzara edo buruzagitzara igondako ofizial “formalista” batzuen emaitzak izaten ziren

Bestalde, esan beharra dago errusiar herria enperadorearen figuraren inguruan egituratzen zela: gehiago edo gutxiago, denak zeuden haren borondate eta aginduen esku; gainera, klaseek sortaldeko herrietan ez bezala ez zuten benetako klase-izaerarik, hots, ez omen zuten zinezko klase-antolaketarik.

Friedrichen iritziz iritzi honi eusteko moduko oinarri enpiriko sendorik ez duela onartu arren, XIX. mendeko errusiar kultura ardatz gisako bi ezaugarri edo joera zabal eta orokorren argitan ulertu behar da. Alde batetik, joan den mendearen bigarren zatian Errusia, nekazaritzan eta morrontzan oinarritutako sistema batetik, morroien eskukotasuna ezarri zuen industria-sistema baterantz ari zen aldatzen. Etxalde handi eta jendeztatuak urriagotu egiten ziren eta aldi berean lurraren jabetza raznochíntsy eta nekazari aberats (kulák) dirugoseen eskuetara hasi zen igarotzen. Labur esateko, mugikortasun eta bizitasun handiko Errusia berrian, klase guztietako jende askori suertatu zitzaion bizimodua aldatu beharra. Beste alde batetik, Friedrichen aburuz, errusiar gizartea eta kultura bikoiztuta zeuden bi joera aurkakoren artean, gehiegizko formalismoaren eta barreneko gizatasunaren artean, alegia( ). Ageriko banaketa eta mugak, sarri-askotan sortu berriak zirelako edota behar adinako tradizio luzea ez zutelako, artifizialkeriaz eta gehiegikeriaz azpimarratzen ziren; baina sakonenean errusiar bakoitzak gainontzeko herritarren parekotzat jotzen zuen bere burua: kontuan hartu behar da etxalde, komuna eta bestelako elkargo-moeten inguruan biltzen ziren nekazari, langile, kosako eta artesauek biztanlego osoaren larogeitahamarra osatzen zutela.

Friedrichen ustetan, tratamendu-izenordainen erabilera determinatzen duten aldagaiak ez daude errusiar gizarteari edo gizarte-jokabideari lotuak, kulturaren osagai bezala aipatu berri diren gune, uste, joera edo gaiei lotuak baizik. Teoria honen alde honako argudiobidea darabil: XX. mendearen erdi alderako funtsezko aldakuntzak mamitu ziren herrietan, ekonomian eta familia edo eliza bezalako erakundeetan; hala ere, aldakuntzok ez omen zuten eragin funtsezko aldaketarik tratamendu-izenordainen erabileran. Hau da, ikertzaile honek defenditzen duen tesiaren arabera, errusierazko tratamendu-izenordainen erabilera elkartasun komunalari, “aitalehengoari”, autokraziaren edo enperadorearen zerbitzuari, bikoiztasun estetiko eta kulturalari eta beste zenbait KULTUR eredu abstraktu, zabal eta iraunkorri legoke lotuta, hots, azken batean kultura sozialari( ).

Tratamendu-izenordainen erabileraren azpian dautzan hamar bereizkuntza

Friedrichek bi kultur sistema-mota bereizi beharra azpimarratzen du: jaiotze-hiztun arruntek begi-bistan dituzten eta ulertzen dituzten sistemak, ikertzaileek azterketa bidez ulertzen dituztenetatik bereizi behar dira.

Zentzu honetan, Leon Tolstoy bezelako hizkuntz sen zorrotzeko hiztunak, tratamendu-izenordainen erabileraren azpian dautzan bereizkuntza guztiak somatu, ulertu eta erabili egiten dituztenak, apartekotzat edo salbuespentzat hartu behar dira. Friedrichek dioenez, errusiar gehienek erabiliko zuten buruan gai hau, errusiar gehienek erreparatuko zuten noizbait tratamendu-usarioen inguruko arazoetan, baina hala ere, haietatik gutxi izango ziren erabilera arautzen zuen sistemaz ohartuak. Kontraesana badirudi ere, baieztapen honek ez du esan nahi errusiar hiztunak pisudun gerta zitezkeen sakoneko bereizkuntza guztiak zuzen erabiltzeko gaitasunik ez zuenik; aitzitik, Friedrichek hiztun arruntari ukatzen diona ez da izenordainen bidezko tratamenduen gaineko kontrola edo komunikazio-gaitasun orokorra( ), gaitasun horren formalizazio teorikoa burutzeko ahalmen zorrotza baizik.

Izan ere, sarritan metaturik agertzen ziren azpiko bereizkuntza edo ezaugarri bereizgarrietako asko eta zenbaitetan denak batera ager zitezkeen sakonean. Are gehiago, izenordainak erabiltzerakoan bereizkuntza pisudun eta eragileak ez ezik, bereizkuntza horiexen ebaluaketa ere badago jokoan: bereizkuntzak edo ezaugarri bereizgarriak ebaluatu ondoren hautatzen ditu hiztunak izenordainak; eta entzundako izenordaina ebaluatuz iristen da solaskidearen bereizgarriak ulertzera edo sailkatzera. Dena den, izenordain-erabileraren azpian zeutzan bereizkuntzak edo osagai bereizgarriak neurri handi batean subkontzienteak ziren, hau da, ez zuten osatzen errusiar hiztunak beregana zezakeen sistema kontzeptual bat. Ondoren datorrena, beraz, ikertzailearen eredua litzateke.

Hamar dira errusierazko tratamendu-izenordainen erabileran pisudun edo eragile diren osagaiak edo bereizkuntzak:

  1. gaia edo hizketagaia,
  2. hizketaldiaren (“speech event” delakoaren) testuingurua;
  3. adina,
  4. belaunaldia,
  5. sexua eta
  6. senidetasun-maila;
  7. dialektoa,
  8. talde-kidetasuna eta
  9. eskubide eta betebeharren gaineko aginpidea;
  10. sentimendu-elkartasuna azkenik, hots, hiztunen arteko sinpatia edo antipatia, begikotasuna edo elkar ezinikusia.

Lehenengo bi bereizkuntzak hitz-ekintza edo hizketa (“acts of speech”) guztietan sartzen dira. Hiztunak HIZKETAGAIA hartu behar izaten zuen kontuan izenordain-hautaketa egiterakoan: bi ofizialek elkarrekiko vy (V) erabil zezaketen taktika militarrez eztabaidatzean, baina ondoren elkarrekiko ty (T)-ra itzul zitezkeen emakumeen gaineko solasaldi batean. Gai jakin batzuk familia edo senideak, eskola-garaiak edo eskolako pasadizoak informaltasunaren eragile gertatzen ziren bitartean, negozio edo lanbideen inguruko kontuek eta zenbait gai jasok vyren (V) aldera makurarazten zuten hautapena. Jakina, gai guztiak ez ziren pisudun, baziren hiztuna zentzu batean edo bestean bultzatzen ez zuten gai “neutro” asko.

Testuinguruak ere, batez ere hizketaldiaren GIZARTE-TESTUINGURUAK, asko baldintzatzen zuen tratamendua: epaile ohoretsu batek epaitegian vy (V) tratamendua emango zion eskale bati epaiketan zehar. Jakina, gizarte-testuingurua eta hizketagaia erlazionatuta daude eta askotan zail gertatzen da azterketa batez biak bereiztea.

Friedrichen arabera, ondorengo lau bereizkuntzak, nahiz eta kultur terminoen bidez definituak egon, berez “biologikoak” edo dirateke. ADINA ez zen oso garrantzitsua belaunaldi berekoen artean, baina urruneko ahaideen kasuan edo aginpideak eta begikotasunak anbiguotasuna sortzen zuten kasuetan, guztiz erabakiorra gerta zitekeen. BELAUNALDIA ere, sarritan izaten zen erabakiorra: adibidez, belaunaldi baten edo biren aldea aski izaten zen aristokrazia txikiko kideen artean, berehalako erabilera asimetrikoa nagusitzeko. SEXUAK ere erabaki zezakeen tratamendu-erabilera, lagunarteko tratamendua errazago eta maizago gauzatzen baitzen sexu berekoen artean. SENIDETASUN edo AHAIDETASUN-MAILAk (“genealogical distance”), azkenik, zenbait arau ezartzen zuen: neba-arreba adinkideen artean, esaterako, zeinnahi gizarte-mailatakoak izan zitezen, ohizkoa zen elkarrekiko ty (T). Lau bereizkuntzok (adina, belaunaldia, sexua eta senidetasun edo ahaidetasun-maila) errusierazko senidetasun-harremanetarako terminoen erabileraren azpian zeutzan osagai garrantzitsuak ziren.

Hirugarren bereizkuntza-multzoak gizarte- eta talde-gertakari zenbait besarkatzen ditu. AGINPIDEA, lege-aginpidea edo aginpide politikoa, eskubide eta betebeharren banaketari lotuta dago. Esate baterako, aita batek edo etxeko buruak ekonomia eta lege-eskubide asko zeuzkan bitartean, semearen egoera, aitalehenaren (patriarkaren) inguruan eraikitako kultura hartan zituen betebeharren arabera definitzen zen. Zenbaitetan aginpidea, gizabanako bakoitzak boterea erabiltzeko edo gauzatzeko zuen gaitasun edo trebetasunean zetzan: meshchánstvo (cfr. III.11.1.1.) taldekoen etxaldeetan aitalehenak etxeko gazteak jotzeko boterea galdu ahala, aldatuz zihoan tratamenduen erabilera. Zenbaitetan gatazka gertatzen zen botere desberdinen artean, maizenik burokraten agintaritzaren eta nekazarien edo kosakoen herri-mailako agintaritzaren artean. Bereizkuntza honek askotan politikaren eta eskubideen arloekin izaten zuen zerikusia.

TALDE-KIDETASUNAren bereizkuntzak oroz gain etxaguntza nozioa besarkatzen du; esaterako, aristokrazia txikiaren etxaguntza berean bizi ziren adin bereko bi lehengusuk beren artean seguru asko ty (T) ohituko zuten bitartean, ez zen gauza bera gertatuko bi lehengusu adinkideak elkarrengandik urrun samar bizi izanez gero. Aristokrazia txikikoen artean, familia-kidetasunak ere, batipat familia entzutetsu batekoa izateak, bere eragina izaten zuen. Nekazarien artean herrikidetasuna gertatu ohi zen erabakiorra: zenbait lurraldetan nagusien artean ty (T) ohitu arren, beste herrietako nagusiei vy (V) tratamendua eman ohi zieten. Azkenik, klase edota kasta-kidetasunak eragin zezaketen tratamenduan: langile, nekazari eta kosako adinkideek elkarren artean ty (T) erabili ohi zuten hasiera-hasieratik; aristokrazia txikiko kideen artean, aldiz, derrigorrezkoa izaten zen vy (V)-z hastea elkarrizketa.

`DIALEKTO' terminoa, hizkuntza baten errusieraren aldaera edo hizkera desberdinez mintzatzeko erabiltzen du Friedrichek. Zentzu horretan diosku Friedrichek ez zegoela dialekto-bereizgarririk merkatarien edo tarteko klaseetakoen artean, baina bazegoela bereizgarri-multzo bat, muga nabarmena alegia, aristokrazia txikiaren eta nekazari, langile eta kosakoen hizkeren artean. Beheko klasekoen hizkera-berdintasuna ez zen ongiegi uztartzen haien arteko bizimodu-desberdintasunarekin, baina gertakari horrek desberdintasunen berritasuna eta harremenanen maiztasuna islatzen zituen. Ondoko adibideak agerian uzten ditu aldagai honen eraginkortasun eta beregaintasuna: odol garbiko aristokrata elebidun bat hainbesteraino ohitu zen vy (V) tratamenduarekin, ezen nekazarien seme-alabei ere gurasoek ty-z (T) tratatzen zituzten seme-alabei aipatu tratamendu formala ematen baitzien (Tolstoy, Resurrection).

Azkenik, gehienbat psikologiari dagokion osagaia dator, ELKARTASUNA, sentipen-kidetasunaren edo antipatiaren zentzuan. Lagun minek, maitaleek eta eginkizunen batean elkarturiko pertsonek ty (T) erabililo zuketen; aitzitik, sentipen mailako kidetasunik eza zenbat eta handiagoa, hainbat eta errazago nagusi zitekeen izenordain formalaren erabilera. Baina “elkartasunak” begirunea eta maitasuna bezalako bi sentipen aski desberdinak besarka zitzakeen: elkarrizketa batean lagun minek elkarrekiko vy (V) formalari euts ziezaioketen elkarrenganako begirunearen agerpide gisa eta aldi berean doinu eta keinuen bitartez maitasuna agertu; ty (T) hurkotasuna edo maitasuna ez bezalako sentipenak agertzeko erabil zitekeen, hala nola gutxiespena edo bapateko indarkeria erakusteko.

Labur esateko, Friedrichen ustetan izenordainen eta elkartasunaren arteko korrelazioa korapilatsua da eta gaur egungo hizkuntz sistema baten barruan nekez iger dezakegu nolakoa izango den tratamenduekiko jokabidea, “gogaidetasunezko” ty-k (T) (Brown eta Gilman, 1960) eta elkartasun ahulezko vy (V)-k osatutako “continuum” edo ardatz bakarrari soilik erreferentzia egiten diogula.

Tratamendu-izenordainen dinamika: aldaketaren eta hausturaren zortzi adibide

Friedrichen aburuz ez da komeni urrunegi eramatea sinkronia eta diakroniaren arteko banaketa metodologikoa, formen bilakaera kontuan hartzen duen ikerketa diakronikoa guztiz argigarri gerta baitaiteke osagaien dinamika azaldu nahi duen ikerketa sinkronikorako. Hots, denboran barrena izandako ordezkapen, galera eta berregituraketak aintzakotzat hartuz, hobeto uler liteke une jakin bateko sistemaren mugikortasuna.

Sistema sinkroniko batean gerta daitezkeen ez-ohizko aldaketa, hautabide eta konbinaketa desberdinetatik xehetasun jakingarri asko ondoriozta daitezke aldagaien arteko erlazioez eta haien garrantzi edo pisu erlatiboaz. Une bateko izenordain-aldaketa edo “izenordain-haustura” azkar, bat-bateko eta dramatikoek, esaterako, argitasuna eskaintzen digute bereizkuntzen pisu erlatiboaz. Bestela esateko, izenordainen “ohizko erabileran” ezinbestean zenbait bereizkuntza (aldagai, osagai) elkarturik edo metaturik agertu behar badira, izenordain-aldaketaren adibideetan bereizkuntzen halako multzokatze berria edo birmoldaketa gertatu behar izan da: edo aldaketaren bat aginteari dagokionean, edo osagairen baten gehitze edo ezabatzea. Horrelako ikerketa batek sistemaren osagaiak ez ezik, osagaien arteko erlazio dinamikoak ere argituko lizkiguke. Jarraian, Friedrichek idorotako izenordain-aldaketaren edo izenordain-hausturaren zortzi adibideak eskainiko ditugu, gehienbat osagaien arteko erlazio-sareaz argi pixka bat egitearren.

Laguntasuna ("ofizialkidetasuna") Pechorin eta Maxim Maximych-en artean, Lermontov-en "A Hero of Our Time" eleberrian

Teniente aristokrata harro bat eta askoz ere zaharragoa den kapitain ileurdin bat, ofizial bakarrak Kaukasoko fronteko leku bakartu batean, elkarrekin bizi beharrean aurkitzen dira. Hasieran tratamendu formala nagusitzen da bien artean inolako arazorik gabe. Baina behin ofizial zaharrak, teniente gaztearen ohean jarrita eta isilpeko gai militar batez diharduela, ty tratamenduari heltzen dio. Orduan tenienteak agiraka egiten dio ofizialen arteko menpekotasun-gizalegea hausteagatik eta kapitaina, agindua betez, vy-ra itzultzen da. Ofizial zaharragoarentzat gatazkatsua da aginte militar mailakatuaren eta bi ofizialak urrutiko leku bakartsu batean elkartzen dituzten sentimendu amankomunen arteko oreka.

Hurrengo pasarteetan tenienteak aldez ia-ia hogeitahamar urte gazteagoa delako, aldez etorkiz aristokrata delako, aldez maitatzeko edo besteengana maitekiro hurbiltzeko gaitasunik ez duelako vy tratamenduari eusten dio behin ere huts egin gabe. Kasu honetan, sarritan gertatu ohi den bezala, zail da hiru bereizkuntzen pisu erlatiboa igertzea, hots, zail da tenientearen tratamendu formalaren arrazoi nagusia zein den asmatzea. Beste alde batetik, pentsatzekoa da zenbait testuingurutan tenienteak ty esan ziezaiokeela lagun kapitainari eta kapitainak ere, bere artean bederen, ty erabiliko zuela bere lagun tenientearengan pentsatzean. Hala eta guztiz ere, azkenengo agerraldian urteak igaro ondoren ustekabean ostatu batean bi lagunek elkarrekin topo egitean, kapitain maitakorra pozaren pozez lasterka abiatzen da besteagana, baina teniente gazteak harrera lehor samarra egiten dio: “How delighted I am, dear Maxim Maximych! Well, how are vy?” Eta kapitaina, pixka bat nahasturik eta malkoak darizkiola, honela mintzo zaio: “But…ty…vy…?” Pasarte honen indarra izenordain-hautaketaren zailtasunean datza, zalantzako ty/vy aukera zailean, hain zuzen.

Gorki-ren "Childhood"eko "meshchànstvo" etxaldea

Gorki-k gizaki arrunt berekoien artean etsaitasun-giroa eta susmo txarrak nagusi diren etxalde bat irudikatzen du literatur lan honetan. Aitalehen adinekoak aginpide osoa du emaztearen, ondorengoen eta zerbitzarien gain, guztiei ty esanez eta beraiengandik ohizko errespetuzko edo menpekotasunezko vy jasoz.

Alaba bat etxaldetik aldendu da goragoko gizarte-mailako giro landuago batera ezkonduta. Orduan gehienetan ty tratamendua bihurtzen dio aita zaharrari, baina senarra hil ondoren aldi baterako etxaldera itzultzen denean, zenbait egoera gatazkatsu sortzen dira. Behin aitari oldartzen zaio ty-tik vy-ra aldatuz, seme txikiarentzat (Maxim Gorki) prestatzen diharduen zigor sadikoa eragozteko. Geroago, berak maite ez duen gizon batekin ezkonarazi nahi dutenean, berriz altxatzen da aitaren aurka tratamendu formalari eutsiz. Kasu biotan ty–>vy tratamendu-aldaketak, neska gaztearen aitalehenaren aurkako altxatze eta gorrotoaren seinale eta ezkontzaz irabazitako askatasunaren adierazgarri dirudi. Aitalehenaren eta seme nagusiaren arteko vy-rako aldaketa zenbait ere, etsaitasunezko vy-aren adibidetzat har daitezkeela dirudi.

Gorki-ren amak ere, joera du vy esateko bere senarrari, aitalehenari. Baina larrialdi edo estualdietan, esate baterako sute lazgarria pizten denean, ty irteten zaio. Eta geroago, aitalehena pobretuta, ahulduta eta bakartuta geratzen den unetik aurrera, lagunarteko tratamendua (ty) besterik ez du erabiltzen senarrarekin.

Goragoko adibideetan eta azkenengoetan ikus daiteke krisialdietan edo une larrietan nola “lehertzen” diren pertsona desberdinak ohizko tratamenduaren aurkako vy edo ty aurpegiratuz aginteburu berberari, aitalehenari alegia.

Ama proletarioa, bere semea eta bere semearen lagunak

Ama bat, senar basatia hil eta gero, bakarka ikasteari ekiten eta isilpeko ekintza iraultzaileetan esku hartzen hasten den seme gaztearekin geratzen da bakarrik (Gorki, Mother). Kontalariak jakinarazten dio irakurleari seme gazte liburuzaleak vy esan ohi ziola bere amari, baina hala ere zenbaitetan bat-batean ty erabil zezakeela beragana hurkotasunez eta samurtasunez hurbiltzean: “Ty, mother, please don't worry. I will be coming home late…”.

Garai horretan semeak hogeitasei urteko langile bat eraman zuen etxera beraiekin bizitzeko. Bada, hasieran amak vy, izen-deiturak eta errespetuzko eta maitasunezko bátjushka (hitzez hitz “aitatxo maitea”) terminoa erabiltzen ditu langile gazteari zuzentzerakoan. Dena dela, asteak igaro ahala sendotuz doa bien arteko harremana, Gorkiren ama benetako ama bihurtzeraino Gorkiren lagun etxekotuarentzat. Hala ere, ahaidetasunezko termino apokoristikoez (bátjushka eta nénka) bada ere, tratamendu formalari eusten diote denbora guztian, harik eta lagun gazteak poliziako salatari bat hil duela aitortu arte. Orduan, gazteak vy-z jarraitzen badu ere, amak tratamenduz aldatzen du eta semeak ondoko iruzkina egiten dio:

- Ty know, ty did well, that ty began to say “ty” to him after that

Eta amak erantzun:

- Yes, but I didn't even notice how it happened! He has become so close to me -I can't say how!

Gainerakoan, amak tratamendu formala darabil semearen lagun iraultzaile guztiekin, baita semearen andregaiarekin ere. Orobat gertatzen da etxean sartu eta ongi ezagutuko duten heziera oneko eskola-irakasle batekin. Are gehiago, ama harro-harro dago bera ia-ia amatzat hartu duen langile gazteak vy esaten jarraitzen duelako eta erakutsitako konfiantza gorabehera, begirunea galdu ez diolako. Beste behin hausten da ohizko tratamendu formal elkarrekikoa, amak heroitzat duen hogeitahamar urte inguruko iraultzaile bati heriotzeko ordua baino lehen ty esaten dionean. Hala ere, Friedrichek ohartarazten duenez, ideologiazko kidetasunez elkarturiko proletarien artean, horrelako egoera batean ere ezin iragar liteke ziurtasunez ty-rako aldaketa.

Chichikov eta Korobochka Gogol-en "Dead Souls" eleberrian

Chichikov, ondo hazitako behe-mailako ofiziala, galdu egiten da gaueko elur-erauntsi batean eta etxalde bateko atea jotzen du aterpe bila. Hasieran, uste gabeko egoera izateagatik edo, bertako andre etxe-jabeak eta berak ty esaten diote elkarri, baina lehen hitzak entzundakoan, agian ofizialaren hiritar kutsuko hizkeragatik, andreak lehengo tratamendua bertan behera utzi eta vy-ri heltzen dio: “But who are vy?”.

Aldaketa honen ondoren, elkarrekiko vy-z jarraitzen dute elkarrizketan, ahaidetasunezko hitz apokoristikoak tartekatuz (mátushka andreari eta bátjushka gizonari). Etxeko andreak pare bat aldiz, kotxe-istripuaren jazoera gogoratzean eta lotarakoan, ty zuzentzen dio apopiloari. Ordurako Chichikov eta ostalarisa maila berekoak bailiran jokatzen dira.

Biharamunean berrogei urte inguruko ostaldu berriak, beharbada etxaldearen tamaina txikiagatik edo, ty esaten dio andre etxe-jabeari. Baina haren senarra goi-mailako ofiziala dela jakin bezain laster, errespetuzko tratamendura pasatzen da berriro. Orduan Chichikov zirikatzen hasten zaio andreari, izandako esklabo hilen gaineko titulua sal diezaion; etxeko andrea, aldiz, asmo maltzur hori igertzeaz batera vy-tik ty-ra aldatzen da. Hurrengo orrialdeetan argi eta garbi azaltzen da bien arteko harremanaren asimetria: andrea esklabo eta lurren jabe bada, apopiloa legegizon aski susmagarria besterik ez da.

Azkenean Chichikov-ek limurtzen du Korobochka bere esklabo hilen arimak saltzera, ordainez etxaldeko barazkiak erosiko dizkiola aginduaz. Bukaera aldera, produktuen salmentaren inguruko xehetasunak erabakitzeko prestatutako afari bikain baten ondoren, etxeko andrea zurikeriaz vy tratamenduari lotzen zaio urde-gantza ere erosiko dion galdetzeko unean. Hala ere, baiezkoa lortu eta berehala itzultzen da ty-ra garraioaren baldintzak eztabaidatzerakoan.

Ikusi ahal izan dugunez, eleberri honetako hamar orrialde bikainetan binakoaren harremanak ikaragarrizko abaiadaz aldatzen dira tratamendu batetik bestera, simetriatik asimetriara eta alderantziz: vy/vy-tik ty/vy-ra, vy/vy-ra, ty/vy-ra, vy/vy-ra eta azkenik ty/vy-ra. Adibideok, alde batetik, bi pertsona arrotz edo ezezagunen artean elkar ezagutu ahala gerta daitezkeen tratamendu-aldaketen eta egokitzeen bizkortasuna erakusten digute. Beste alde batetik, pertsona-izenordainen eta ahaidetasunezko hitz apokoristikoen arteko kobariazioa erakusten digute: aristokrazia txikikoen artean aski arrunta izaten zen ty eta ahaidetasunezko hitz apelatiboak elkarren jarraian agertzea kate mintzatuan; interesgarriagoa gertatzen da, hala ere, tratamendu formala eta ahaidetasunezko termino apokoristikoa (adibidez, vy + mátushka) uztarturik agertzen direneko kasua, tarteko tratamendu honek ezinezko egiten baitio Chichikov-i bera eta bere solaskidearen arteko hutsartea urratzea edo erabat gainditzea.

Printzea eta emagaldua "Resurrection" eleberrian

Resurrection eleberriko heroisa (Katia), emakume ijito ibiltari baten eta herriko gizon andrezalearen alaba, adineko andre aristokrata baten etxean hazten eta hezten dute. Ugazabandrearen hemezortzi urteko iloba gaztea, oporretan etxera etortzean, oharkabean ty-z zuzentzen zaio Katia-ri eta beronek, jolas bateko harridurazko esaera aski ihartu baten salbuespenaz, vy formalaz erantzuten dio. Mutil gazteak etxea utzi behar duenean unibertsitatera joateko, elkarri agur esaterakoan oso nabarmena da tratamendu asimetrikoa: mutilak ty badiotso ere (Proshcháj, Katjúsha), neskak vy eta izen-deiturak darabiltza (Proshchájte, Dimítryj Ivánovich). Espero zitekeen bezala, hasierako asimetriazko harreman honek jatorri-desberdintasuna edo kasta-desberdintasuna islatzen ditu.

Hiru urte geroago berriro itzultzen da printzea, ordurako ofizial atseginzale porrokatua bihurtua. Neskak betiko tratamendu formala darabil berarekin eta printzeak, hasieran zein tratamendu eman ez dakiela ibili arren, azkenean pareko begirunezko tratamenduari eusten dio. Bi gazteak laster maitemintzen dira eta lehengoan jarraitzen dute elkarrekiko vy erabiliz, harik eta mutilak neska besarkatzeko saioa burutu arte; orduan, behin baino gehiagotan, ty eta izena erabiliz mintzo zaio maiteari. Neskak, ordea, denbora guzti horretan lehengo tratamendu berberarekin jarraitzen badu ere, bere artean ty darabilela dirudi; hots, kontalariak dioskunez bere ahotik vy entzuten dugun arren, bere begiek ty diote. Itxura guztien arabera, gizonari dagokionez emakume baten konkista fisikoa ty-rako aldaketari lotua agertzen zaigu; bestalde, emakumearen aldetik ty agerikoa gertatzen ez denean ere, isileko imintziozko pareko aldaketa soma daiteke, nonbait.

Handik hamabi urtera, printzea epaile bihurtua ikusten dugu, atxilotutako emagaldu batek (nork eta bere gazte-denborako herriko maitaleak) burututako gaiztakeriaz erabakia hartu behar duelarik. Atxilotua ezagutu eta damuz beterik, haren zorigaiztoaren errudun sentituz, ikustera dohakio kartzelara. Berarekin hizketan hasten denean ty darabil printzeak, beharbada bien artean dagoen gizarte aldetiko desberdintasunagatik, beharbada beraganako maitasun sutsua erakustearren. Elkarrizketa hasi eta lasterrera, bien arteko harremanaren seriotasuna eta benetakotasuna azpimarkatu nahirik edo, printzeak vy tratamenduari heltzen dio.

Geroago printzea kartzelara itzuli eta emagalduari berarekin ezkontzeko erabakiaz mintzo zaionean, emagalduaren bat-bateko erantzuna, bera neskatila garbia zela bereganatu zueneko arratsaren biharamuneko diru-jaurtiketa edo ordainketa laidogarria gogoraztea edo aurpegiratzea da: “There is your (tvojá) price”. Printzeak, hurkotasuna adierazi nahiz edo, tratamenduz aldatzen du: “I won't leave tebjá”. Eta emakume atxilotuak orobat egiten du, erdeinuzko ty-z urrunduz: “Ty are a prince…(ty) go away”. Ondorengo elkarrizketan printzeak hurkotasunezko tratamenduarekin jarraitzen duen bitartean, emagaldua lehengo tratamendura, vy-ra itzultzen da. Eta elkarrizketa bukatzera doanean, hizketa-lagunak bareago eta hotzago daudela, printzea bera ere bihurtzen da lehengo era formalera. Friedrichek dioenez, iruzkindutako pasartean izenordainak harridurazko esapideak bailiran erabiltzen dira, bat-bateko sentipen-aldaketen agergarri bailiran.

Geroxeago, kondenatu egiten dute Katia. Honen ondoren elkartzen direnean vy formalari lotzen zaizkio biak, baina printzeak ty darabil bigarren aldiz ezkontzeko eskatzen dionean. Katia-ren ezezko erantzun formalaren aurrean, printzea berriz itzultzen da tratamendu formalera. Zortzi orrialde beherago, printzea ametsetan dagoela, Katia vy-z zuzentzen zaio ohi bezala.

Beranduago printzea San Petersburgotik itzultzen da hartutako erabakia aldaerazteko alferreko saioa egin ondoren. Eta Katia-k bere gorputza sarjento bati eskaini diola jakitean, erabat hozten dira bien arteko harremanak. Handik aurrera elkarrekiko vy nagusitzen da beraien artean.

Tratamenduen arloari dagokionez Resurrection eleberria guztiz interesgarria da gizartearen mutur-muturreko pertsonak harremanetan jartzen dituelako. Pragako eskolakoen hitzez esateko, mutur bakoitzeko kideen ahotan bi izenordainetatik bat markagabea den bitartean, bestea markatua da eta informazio gehigarria darama berekin. Gauzak horrela, printze batentzat vy ohizko izenordaina izateagatik forma markagabea bazen, emagalduarentzat ty zatekeen forma markagabea: kasu bietan izenordain markatua, ez-ohizko maitasun, etsaitasun edo anbiguotasun bereziaren adierazgarri gertatzen da.

Dunia eta Svidrigailov-en arteko borrokaren amaiera "Crime and Punishment" eleberrian

Svidrigailov, etxeko jaun buru argia eta psikopata, Dunia izeneko emakume gazte batekin maitemindu da. Landetako basetxe-giroan ezagutu dute elkar eta Moskun berriz elkartzerakoan, aristokrazia txikikoen artean espero zitekeenez, vy esaten diote elkarri. Halako batean gizona moldatzen da Dunia bere etxera sarerazteko; eta bere maitasuna agertzeko orduan vy-z mintzo zaio. Emakumea saiatzen da handik irteten, baina atea itxita daukala konturatzean ikaragarri izutzen da eta bortxaketa-asmoa somatzearekin batera espantuz ty tratamenduari heltzen dio: “(Ty) open the door immediately, base man… so this (means) rape!.”

Svidrigailov, orduan, vy tratamendua utzi gabe emakumea bere asmo zantarrera limurtzeko ahalegintzen da, bere nahikarira makurtu arren inork ere ez diola errurik egotziko eta gainera bortxaketaren istorioa nekez sinestuko diotela esanez. Bestalde, bere nahia betez gero, ordainez, hilketaren akusaziopean atxilotuta dagoen Duniaren neba askatzen lagun diezaiokeela agintzen dio. Une horretan Duniak errebolber txiki bat atera eta Svidrigailov-i oraindik ere vy tratamenduari eutsiz izuzko esaldi bat eskapatzen zaio. Dunia-k, orduan, bere senetik aterata, Svidrigailov-i bere emaztearen pozointzea leporatzean, behin eta berriro (zazpi aldiz bizpahiru lerrotan!) “jaurtitzen” dio erdeinuzko ty: “Ty! Ty hinted it to me yourself; ty spoke to me of the poison…I know, ty made a trip to get it… ty had it ready…it was ty…it was decidedly ty, lout!” Aurreko pasartean errepikaturiko lagunarteko izenordaina harriduraren eta solaskidearenganako arbuiozko sentipenen agergarri gertatzen da.

Duniaren arbuioari erantzunez, Svidrigailov-ek berak ere tratamenduz aldatzen du, balizko pozointze horren arrazoia beraganako maitasuna izan zela esateko (“Even if it were true, ty were the reason”). Pixka batean, Dunia sei urratsetara tirokatzen ari zaiola, elkarrekiko ty-z segitzen dute hizketan; ondoren gizona berriz itzultzen da vy-ra emakumearen punteria ezin txarragoaz trufatzeko. Bigarren aldiz tiro egiten saiatzerakoan, armak huts egin eta jaurti egiten du errebolberra. Orduan Svidrigailov-ek gerritik inguratzean, Dunia dardarka hasten da eta arrenka eskatzen dio askatzeko: “(Ty) let me go”.

Esaldi hau dela eta, Dostoyevsky-k berak ohartarazten du azkeneko ty hori aurrekoak ez bezalakoa dela Duniaren ahotan, alegia ezin gaindituzko etsaitasun eta gorrotoz betea dela iradokitzen digu kontalariak. Une horretan Svidrigailov-ek, ty-ra aldatuz, ea ez ote duen maite galdegiten dio emakume gaixoari. Beronek buruaz ezezko keinua egin ondoren, Svidrigailov-ek etsituta ekiten dio: “And… ty cannot… never?

Ezezko borobilaren ondoren, Svidrigailov-ek Dunia askatu, leiho aldera hurbildu eta ateko giltzak eskaintzen dizkio tratamendu formalera itzuliz:”(Vy) take them, go away fast!“ Beranduxeago Svidrigailov-ek bere buruaz beste egiten du.

Friedrichek dioenez, lau orritako fikziozko pasadizo lazgarri honek gizakien arteko loturaren edo harremanaren aldakortasuna jartzen du agerian. Gainera, beste ikuspuntu batetik, ageriko eta isileko ty-aren txandakatze azkarra erakusten digu. Amaieran gertatuaren arabera, pentsatzekoa da gizonek hurkotasunezko ty-ra jotzen zutela emakume maitea bereganatzeko ahaleginean eta emakumeek ty-ra jo zezaketela izua, erdeinua edo antzeko beste sentipenen bat adierazteko.

Raskolnikov "Crime and Punishment" eleberrian

Raskolnikov, hogei urte inguruko ikasle idealista eta gaizki elikatua, erabat kezkaturik dago gizabidearen funtsezko lege baten hauste basatiak sor ditzakeen ondorio teorikoez. Hasieran ikasle gaztearen eta begiz jotako atso zekenaren, “biktimaren” arteko harremanak formalak dira eta izen-deiturak erabiltzen ditu gazteak atsoari hitz egiteko. Baina berokiaren azpian aizkora daramala, atsoagana hiltzeko asmoz hurbiltzean eta begira gelditzen zaionean, andreak ty-rako aldaketa egiten du hasieran eta gero, gaztearen mehatxuen ondorioz beharbada, berriro vy-ra itzultzen da.

Raskolnikov eta ofizial ikertzailearen arteko harremanak ere, aski jakingarriak gertatzen dira tratamenduen arloa gehiago argitzeko. Lehen ikerketan barrena elkarrekiko vy nagusitzen da elkarrizketan, baina beranduago Raskolnikov-ek itaunketa amaigabea eraman ezinik, lur jota, bere onetik aterata eta bere buru-nahasmena izkutatu ezinik “Ty are lying!” esakuneaz ihardesten dio ofizialari. Raskolnikov akusatuak bere onera itzultzean, itaunketa bukatzera doanean, berriz tratamendu formalari eutsi eta barkamena eskatzen du bere jokaeragatik. Ikertzaileak, ordea, bukaeran ty-z pentsatzen du ekinaren ekinez birrindu duen akusatu ahularengan. Dostoyevsky-k, Tolstoy-k bezala, informazio guztiz jakingarria eskaintzen digu, pertsonaiek esaten dutena ez ezik, pentsatzen edo sentitzen dutena ere ematen baitigu.

Raskolnikov eta Sonia

Raskolnikov ganbara batean bizi da, seme-alaba goseak dituzten guraso erdi-zoro batzuen ondoan. Auzokoen hemezortzi urte inguruko alaba lotsati eta urduria, Sonia, ezkutuan prostituziora ematen da jatorriz goi-klasekoa zen bere familia pobretuari laguntzearren.

Hasieran Raskolnikov-ek eta Soniak elkarrekiko vy erabiltzen dute beren noizean behingo harremanetan. Baina aizkoraz atso zekenaren hilketa burutu eta gero, erru-sentimenduaren zama lazgarria jabetzen da Raskolnikov-ez eta bere lorra eramangarriago egin diezaiokeen konfiantzazko lagun baten beharra sentitzerakoan, Soniagana jotzen du. Bien arteko hizketaldia aurrera joan ahala, elkar behar dutela konturatzen dira. Raskolnikov-en abotsa leunago eta samurrago bihurtzen da, baina Sonia bere etxeko sufrimenduez eta bere gogoz kontrako lanbidearen inguruko xehetasun mingarriez hitz egiterakoan ez da behin ere aldentzen tratamendu formaletik. Gero eta hurbilago sentituz doaz eta Raskolnikov neskaren izakera onaz eta egindako hautaketa latzaren ondorengo gatazkaz jabetzen da. Orduan Raskolnikov belaunikatu eta mun egiten dio oinetan. Ustegabeko egite horren aurrean, Soniak haserre egiten dio harrituta eta besteak orduan bere keinua azaltzen dio: “I did not bow to ty, I bowed down to all human suffering”. Pasarte honetan Sonia ideia abstraktu eta metafisiko batekin parekatu da eta hortixek etorri da hain zuzen tratamendu-aldaketa.

Ondorengo pasarteetako eztabaidan eta Bibliaren irakurketan zehar asimetriazko harremana mantentzen da. Raskolnikov konturatzen da Sonia ere ez dagoela guztiz ondo burutik eta aurreratzen dio beste hilketa baten misterioa argituko diola. Sonia izutu egiten da haren begi basatiez eta nahastuta bada ere vy-z segitzen du.

Geroago Soniari lapurreta bat leporatzen zaio eta Raskolnikov-ek defentsa sendoa eskaintzen dio. Berriro doa Soniaren ostatu-gelara ikustaldia egitera eta elkarrekiko vy-z hasten dira. Raskolnikov-ek arazo moral erdiragarria aurkezten dio Soniari eta beronek ea oinaze ematera, hilduratzera joan ote zaion galdetzean, Raskolnikov damuz beterik baiezko erantzuna ematen dio ty tratamendura aldatuz. Orduan barkamena eskatzera joan zaiola aitortzen dio Soniari. Ohean elkarren ondoan jezarrita, bere aitorkizunari ekiten dio Raskolnikov-ek, berau hasieran igerkizuna bailitzan aurkeztuz. Azkenean, Soniak ezkutuko mezua ulertzean, alegia, atso zekenaren ilobaren hilketa Raskolnikov-ek burutu zuela ulertzean, beraren aurrean belaunikatu eta oihuka diotso: “Vy, what have vy done to yourself!”. Raskolnikov-ek ty-z erantzuten dio (“How strange you (ty) are!”) eta orduantxe igarotzen da lehen aldiz Sonia ty tratamendura: “No, there is no one in the entire world more unhappy than ty”. Segituan, errukiz beterik berari edonora jarraitzeko borondatea agertzean Soniak zenbait aldiz errepikatzen du ty izenordaina. Soniaren tratamendu-aldaketa hau, belaunikatzearena bezala, lehenagoko Raskolnikov-en ekintza sinbolikoaren parekoa da eta Racine-ren antzerti-lanetako une gorenetako tu bat-batekoen erabilera dramatikoa oroitarazten digu.

Erruki-aldiaren ondoren, ordea, bere adiskidea zenaren hilketaz, gaixo hura hiltzeko era basatiaz eta hiltzailearen (Raskolnikov-en) bihozgabekeriaz pentsatzen hastearekin batera, beragandik urrundu eta tratamendu formalera itzultzen da Sonia. Mutil gazteak orduan aditzera ematen dio hiltzearen arrazoia lapurreta izan zitekeela eta hau iradokiz lipar batez Soniaren maitasuna piztea eta bereganatzea lortzen du: “Ty were hungry. Ty…in order to help your mother…”. Baina iradokitako posibilitate hau ukatzen duenean, Sonia izututa vy-ra itzultzen da berriz: “How do vy give away your last money, but kill…?”. Une horretan Raskolnikov-ek, bere barrua asaskatuz maite duen pertsona gehiago ez mintzearren, atzera egiten du bere aitorkizun-asmoan; eta Soniak, beraren bakardade eta etsipen latzak somatuz, hurkotasunezko ty-z arrenka eskatzen dio mintzatzeko (”(Ty) speak, speak!“) eta bere barrua husteko. Hau entzunda Raskolnikov-ek napoleondar heroiaren teoria azaltzeari ekiten dio: “Would Napoleon have murdered in defiance of the moral law?” Soniak berriz jotzen du izenordain formalera, garbi mintzatzeko eskatuz: “Vy had better speak to me plainly, without examples”. Raskolnikov-ek bere azalpenarekin segitzen du hilketaren arrazoia, arrebari edo amari laguntzea barik, arriskatze hutsa izan zitekeela iradokiz. Honen aurrean, Soniak ikaraz eta deiadarka zera erantzuten dio: “Vy have left God, and he has struck you down”; “Vy be quiet! Don't vy dare, blasphemer” eta “Do you have the right to kill?”. Raskolnikov-ek berearekin jarraitzen du setati, harik eta bere teoria eta jarreraren hustasunaz jabetu arte. Orduan aholkatzeko erregutzen dio Soniari; beronek aholkua eskaintzen dio zazpigarren eta azken aldiz tratamendua aldatuz: ”(Ty) rise up…(ty) bow down at the crossroads…, (ty) confess to all the world“. Azkenean Raskolnikov prest agertzen da poliziagana joateko eta Soniak, iloba hilak (asasinatuak) oparitutako gurutze bat eskaintzen dio Raskolnikov-i lepoan eramateko. Friedrichek dioenez, anaitasunaren ikur den gurutzearen eskaintzaz lotzen da intelektual eta baztertuen eleberri hau errusiar nekazarien kulturaren ardatz sakonenetako bati, anaien arteko eta anaitasunezko elkartasunaren gaiari. Gai honen aztarnak behin eta berriro aurki daitezke Dostoyevsky-ren literatur lanetan barrena.

Eleberriaren bukaera aldera, Siberiako erbestaldiaren gogortasun eta laztasunak elkarrekin pairatu behar dituzten bi senar-emazte gazteek ty baino ez diote esaten elkarri. Ikusi denez, bederatzi orrialdetan, elkarrengana hurbildu ahala edota elkarrengandik urrundu ahala, ikaragarri aldatzen dira bi gazteen arteko tratamendu-erabilerak.

Aldaketa-mota berezia: "ty" adierazkorra eta "ty" isilekoa

Friedrichen ikerketa, gehienbat kultur eta gizarte mailako alderdiei lotua egon arren, zenbaitetan ezinbestean sentimenduen eta psikologiaren arlora hurbiltzen da. Batzuetan hiztunak, aldarte, uneko apeta edo egoera animikoaren arabera, ohizko arauekin joka dezake, berauek aldatuz edota erabat ahaztuz. Bestela esateko, zenbait sentipen-motak ezohizko tratamendu edo izenordain-erabilerak eragin zitzaketen.

Nonbaitetik hasteko, lehenik esan beharra dago bigarren pertsonako izenordainek sumindurazko aldaketa azkarren kasuan batipat gizabanakoaren izakerazko joerak edo egoeraren ezaugarriak adieraz zitzaketela. Maiztasun handiz gertatzen zen zirrarazko Ty-rako aldaketak, esaterako, sarritan halako labankada edo ateraldi inkontzientea zelako, ez zuen nahitaez islatzen harremanen berregituraketa. Ty arrunta izaten zen harridurazko, beldurrezko edo antzeko zirrarazko esaldi ihartu askotan. Adibidez, herriko lurjabe batek zaldun bisitari bati une batez esker onezko “Ah, ty are my benefactor” (Gogol, Dead Souls) esan ziezaiokeen, gainerakoan termino formaletan irauten bazuten ere; edo nagusiarekin asimetriazko harremanak zituen etxeko neskameak ilunpeko korridore batean etxeko jaunarekin topo egitean, ondokoa esan ziezaiokeen “Ty, my lord, watch out!”. Gainera, lagunarteko izenordaina aski arrunta zen esaera ihartu askotan, hala nola “The devil take you (tebjá)!”. Honelako esaerek, alde batetik, ustegabeko egoera higuingarri batean aurkitzen zen hiztunaren haserrea edo antzeko sentipenak adierazteko balio zuten; beste alde batetik, solaskidearekiko erlazioaren aldaketa iheskorra adierazten zuten.

Bigarrenik, gizabanakoaren nahasmena ty-ren erabilera gehiegizkoaren bidez islatzen zela azpimarkatu behar da. Edanda dauden pertsonaia askok jende-mota ororekin erabiltzen dute lagunarteko tratamendua. Eta buru-nahasmen iraunkorragoa, zoramena alegia, ty erabiltzeko joera zabalari lotua aurkezten da; halakoetan aldaketa beti ty-ra gertatzen zenez gero, pentsatzekoa da lagunarteko izenordaina zela forma markagabe edo orokorra. Jeneral baten alaba den emakume aristokrata bat, tuberkulosiaren gaitzak jota hiltzen ari da gela mehar batean seme-alaba gosetuez inguratuta (Dostoyevsky, Crime and Punishment). Histeria aldi batez, erdi erotuta ty jaurtitzen dio bere senar alkoholikoaren lagunari: “From the tavern! Ty were drinking with him! (Ty) get out!”. Geroago, senarraren hilketa-elizkizunetan ohizko elkarrekiko vy-ra itzultzen dira biak. Beherago, bere alabari lapurreta baten akusazioa leporatu dion jaun usteldu eta biziotsu bati behin eta berriro egozten dio ty: “Ty look then! (Ty) look, (ty) look, now (ty) look!”. Ty-ren erabilera gehiegizko horrek emakumearen etsipena islatzen du. Are gehiago, ty-ren erabilera nahasi eta gehiegizkoa histeriaren adierazgarri garbia gerta zitekeen: Pragako eskolakoen hitzez, ty/vy aurkaritzaren neutralizazioa zen eroaldiko nahasmenaren agergarria; eta Friedrichek bere egiten du Jakobson-en (1932: 83.or.) teoria, alegia gizabanakoak afasian, zahartzaro guztiz aurreratuan eta antzeko egoeretan haurtzarora eta forma markagabera itzultzen direlako hipotesia onartzen du Friedrichek.

Gainera, lagunarteko izenordaina mutur-muturreko ideologia baten, eta beste ikuspuntu batetik errealitatearekiko loturaren hausturaren adierazpidea izan zitekeen. Adibidez, Resurrection eleberriko familia oneko emakume gazte eder bat, bere jarrera iraultzailearen sinbolo den ty-z baliatzen da guzti-guztiei mintzatzeko; beste hainbeste egiten du lehenago zorotasunagatik kartzelaratua izan den eta bere buruarengan baizik sinesten ez duen arlote zahar eta anarkista batek. Orokorrean, nonnahi eta nornahirekin lagunarteko izenordaina baizik ez erabiltze horrek ero, zahartu, eremutar, iraultzaile porrokatuen eta terroristen ikuspuntua edo gizarte-ikuskera islatzen zuen.

Bere senean zegoen jendeak ere, bigarren pertsonako izenordainak erabil zitzakeen erdeinuzko, etsaitasunezko eta antzeko sentipen iheskor edo igarokorrak adierazteko solaskideen gizarte-klasean erreparatu gabe. Esate baterako, herri bateko apaizak vy esaten dio lurjabe poteretsu baten ilobari; baina behin, neskaren antzezlari izateko asmoaz eztabaidatzean nahi gabe tratamenduz aldatzen du: “Sometimes with a spitty snout one ought to be forbidden to even look at him but ty have to proffer your lips” (Saltykov-Shchedrin, Golovlyov Family). Beste kasu batean atezain batek bere artean ty darabil kaleratutako jaunarengan pentsatzean: “Just the same, if they chase ty away from the threshold, then ty must be some sort of rascal” (Gogol, Dead Souls). Beste behin morroi batek, printzesaren aginduaz ernegaturik, bere artean ty-z zuzentzen zaio printzesari:“But the devil take ty if I know what ty need” (Tolstoy, Resurrection).

Horrelako aldaketek askotan pareko aldaketa jakin bat adierazten zuten, gehienetan gutxiespena edo arbuioa. Adibidez, merkataritzako etxe handietan, besteak beste, enkanteetan eskaintza faltsu, hanpatuak egiteko arduratzen ziren agente berezi batzuk egoten ziren; bada, hauetako batek porrot eginez gero, zuzendariak begitan hartu eta kalera botatzean, izenondo iraingarriekin batera erdeinuzko ty gero eta ugariagoak jaurtikiko zizkion (Zlatovratsky, Foundations). Jakina, gutxiespena gorroto bilaka zitekeen eta halakoetan ty izango zatekeen sentipen horren adierazpiderik egokiena. Kasu batean etxeko jaunak indarrez neskamea ohaidetzat hartu du; gero neskameak haur bat izan ondoren, haretxeri eskaintzen dio bere maitasuna, harik eta nagusi oinazetzaileak umeagandik urruntzen duen arte. Handik aurrera neskameak bere artean ty esaten dio nagusiari (Saltykov-Shchedrin, Golovlyov Family), aurrez aurreko elkarrizketetan lehengo tratamendu berberaz segitzen badu ere. Hortaz, etsaitasun pertsonala eta are gehiago, gorrotoa, ezkutuko pentsamenduzko ty ez-elkarrekikoaz adieraz zitezkeen.

Bestalde, maitasuna ere, norberaren baitako isileko edo ezkutuko ty-z ager zitekeen. Resurrection eleberriko aristokrata batek bere kautan ty esaten dio ezagutu berri duen San Petersburgoko emakume maiteari: “The eyes said, Can't ty love me? and the answer was, Yes”. Friedrichek dioenez, errusiar guztiak (aristokrazia txikikoak barne) buruz eta gogoetan, ageriko jokabideetatik pentsa daitekeen baino askoz ere jende gehiagorekin aritzen ziren ty-z. Esandakoaren baieztapen borobila “Ty eta vy” deritzon Pushkin-en poema batean ageri da: Pensive I stand before her now/ And cannot tear my eyes away./“How dear vy are!” I say,/ And think, “How I do love tebjá!.”

Nekazarien anaiarte-giroko komunak alde batera utzirik, ezkutuko ty isilaren lekukotasunak goi-mailakoen artean ez ezik, beheragoko klaseetakoen artean ere aurki daitezke. Gorkiren Mother eleberriko ama proletari batek ”(Vy) farewll“ esaten dio neska langile gazte bati, baina geroago leihotik begiratzean, bere baitan honela dio: “Comrade!…ah, ty dear, may God give tebé an honorable comrade for all your life”. Ama proletari berberak agerian vy esan arren, bere artean ty erabiltzen du bere semearen andregaiari zuzentzerakoan.

Ty isilaren inguruko gogoeta hauen ondoren, ageriko emaitzetara mugatzen diren ikerketa eta deskribapen behavioristen moztasun edo eznahikotasuna azpimarkatzen du Friedrichek. Bere iritziz semantikarekin zerikusia duten hainbat xehetasun norberaren eremu pribatukoak dira eta nekez azalduko dira hizketaldian. Zentzu honetan eleberrien azterketa, gizabanakoaren barne-hizkuntzaz argi pixka bat eskaintzen digun neurrian, emankor eta oparoa izan daiteke. Beste alde batetik, Friedrich jakitun dago berea bezalako ikerketa batek ezin dituela errealitateko hizketaldi batean garrantzitsu izan daitezkeen beste hainbat ezaugarri paralinguistiko (keinuak, tonua…) besarkatu. Ildo horretatik abiatuz, konbinaketa-aukera desberdinak aurkezten dizkigu: ageriko vy eta ty paralinguistikoa (adeitasunezko tonu eztia…) bat eginik agertzea; ageriko vy eta ty-ri legozkiokeen tonu eta keinuak zakarki uztartzea, etab.

Bereizkuntza- edo aldagai-kopuruaz

Ikertzaile honen iritziz, bereizkuntzak azpimarkatzerakoan zehaztasun edo orokortasun handiagoa beharko da ikergaiaren arabera. Alde batetik, azpisistema baten barruan eta zer esanik ez gizarte oso batean gerta daitezkeen tratamendu-xehetasun eta gorabehera guzti-guztiei igertzeko, bereizkuntza-kopuru handia zehaztu behar litzateke eta haien arteko erlazio-sarea mugagabea litzateke. Beste alde batetik, Brownen eta Gilmanen ardatz biko (“boterea eta elkartasuna”) sistemak tratamenduekiko jokabideari igertzeko ahalmen edo gaitasun handia agertzen du “kulturarteko” mailan. Friedrichek beharrezkotzat jotzen ditu “bere” hamar bereizkuntzak edo aldagaiak, aukeratutako erakusgarriaren emaitzen berri eman ahal izateko eta gaur egungo tratamendu-usarioak nolakoak izan daitezkeen igerri ahal izateko. Bestalde, hamar aldagaien arteko loturak onartzen ditu, bere hamarreko sistema, aldagai biko eredu abstraktuago baten eta aldagai anitzeko sistema partikularista baten erdian koka daitekeen neurrian. Lehen bi aldagaiak hizketaldi guztietan agertzen dira. Bigarren multzoko lau aldagaiek izaera “biologikoa” dute eta haien zehaztapena ikaragarri aldatzen da kultura batetik bestera. Hirugarren sailean talde-kidetasunari dagozkion zenbait ezaugarri biltzen dira. Eta azken bereizkuntza, “elkartasuna”, aurreko bederatzietatik aparte jarri behar da, gizabanakoen sentipenei baitagokie eta ez ez behintzat hain garbiro kultur arauei. Hamar aldagai hauen eta Brownen ardatzen (ardatz bietako baten) arteko erlazioak isilduta edo agertu gabe uzten ditu Friedrichek. Garbiago esateko, Friedrichek nahiago du emaitzetatik gertu dagoen bereizkuntza analitiko askoko sistema anizkuna, emaitzen berri emateko tarteko hainbat azpisailkapen eta urrats behar dituen sistema bikoitz bat baino.

Are gehiago, kulturarteko zentzu zabalagoan, baliteke errusierarentzat postulaturiko hamar aldagaiak botere eta elkartasunaren irizpideak erabiltzen dituzten beste hainbat hizkuntzatako tratamendu-erabileraren azpian egotea. Hots, Friedrichen arabera, litekeena da hamar osagaiok tratamendu-izenordainen erabilera azaltzeko unibertsalak izatea( ). Friedrichek, hamar bereizkuntzako eredu anizkunaren bitartez, hautatutako corpus-eko emaitzak ez ezik, bestelako testu berrietako tratamendu-kasu guztiak ere besarkatu eta azaldu nahi lituzke.

Hala ere, ikertzaile honek garbiro aurrikusi zituen bere ereduak izan zitzakeen mugak eta geroko ikerkuntzak gainditu eta garatu beharko zituen hutsuneak. Friedrichek berak azpimarkatu zuen bere eredua osatzen zuten osagaien arteko erlazio-sarea agerian jartzeko eginkizunaren zailtasuna: bere ikerketa eta emaitzetatik bereizkuntzen arteko zenbait erlazio ondoriozta zitezkeen, baina inola ere ez erlazio-sare osoa. Sarea bere osotasunean hauteman ahal izateko hainbat argibide beharko lirateke: bi bereizkuntzaren arteko erlazioa eta haietako bakoitzaren pisua neurtzeko, aipatu osagaiak eta gainontzekoak ageri direneko benetako testuinguruak behar dira eta horrelako konbinaketa posibleen kopurua ikaragarri handia da. Bestalde, aldagaien arteko erlaziook irudi-bidez erakustea, hots, azken batean kasuan kasuko erabilerari igertzeko eredu bat sortzea egingarritzat jotzen du Friedrichek, baina beti ere binakoak eta testuinguruak zehaztekotan. Urrunago joanda, ez du baztertzen bere azterketa konputagailuen lengoaia digitalaren bitartez aurkezteko posibilitatea; bide horretatik abiatuz gero, hainbat galdera berri sortzen dira: adibidez, zein osagaik du beregaintasunik handiena? Zein dira elkarren arteko menpetasunezko erlazioak? Ba al dago osagaiak gehiago zehazterik? Baiezkoan, zein gertaera berri aurrikusiko lirateke horrela? Zein da osagaien pisua?…

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Friedrich (1966): hamar bereizkuntzako sistema (unibertsala?)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3