Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:2:2

Rubin (1962): Brownen eredua Paraguaiko elebidunen artean

Ikerketa interesgarri batean Joan Rubin (1962), R. Brownen eredu teorikoaren baliagarritasuna bestelako eremu batera, hain zuzen kodearen hautaketaren eremura hedatzen saiatu zen. Rubinek jakin nahi zuen ea Brownen sistemak paraguaytar elebidunen kode-hautaketan (espainiera-guaraniera) eragile gerta zitezkeen hizkuntzaz landako aldagaiak atzemateko balio ote zezakeen. Bestela esateko, amerikarren eredua sortzezko helbururako barik, alegia kode baten barruko tratamendu-izenordainen hautaketa azaltzeko erabili beharrean, kode-hautaketa bera azaltzeko erabili zuen Rubinek.

Emaitzak herrialde horretako hiriburu espainierazaleari (Asunción) baino gehiago, Paraguayko barruko aldeari dagozkio. Rubinen emaitzen arabera, elebidunek goragokoekin eta pareko ez-solidarioekin espainiera erabiltzeko joera duten bitartean, guaranierari heltzen diote beheragoko ez-solidarioekin eta pareko edo goragoko solidarioekin hitz egiteko. Beraz, itxura denez, guaranieraren erabilera T-ren ardatz edo aldagai berberei dago lotua eta espainierarena V-ren aldagaiei lotua.

Kode bietako baten hautaketarekin zerikusia duten aldagai soziologikoen artean honakook aipatu behar dira: gizarte-klasea, sexua eta bizilekua (nekazari- edo hiri-girokoa). Gizartearen goiko klasekoek maizago erabiltzen dute espainiera, beheko klasekoek baino. Sexuak aurreko baieztapena zehazteko balio digu. Izan ere, emakumezkoen aldean gizonezkoek goi-klasekoen artean batipat guaraniera maizago erabiltzeko joera dute. Bizilekuari gagozkiola, esan beharra dago botere eta elkartasun-erlazioak gorabehera, guaraniera maizago erabiltzen dela nekazari-inguruetako eta hiri txikietako hiztunen artean.

Dena den, Rubinek ere Friedrichek bezala aldagai gehiagoren beharrizana izan zuen. Nolanahi ere, Brownen bi aldagai edo ardatz semantikoei gaineratutako aldagai berriok ez dagozkie solaskideei, hizketari edo hitz-ekintzari baizik. Hauetako bat berbaldiaren gaia dugu: gizon elebidunek txantxetan eta politika, kirola edo emakumeen gaineko autuetan joera dute guaranieraz hitz egiteko; eskola, lege-kontu eta bestelako tratuen gaineko solasetan, ordea, espaniera dute gustokoen. Beste aldagai berria testuingurua da. Oro har, guaraniera maizago erabiltzen da testuinguru informal edo lagunartekoan; espaniera, aldiz, testuinguru formaletan. Kode eta testuinguruaren arteko kobariazio hau Herman-ek (1961) Israelen aurkitu zuenaren antzekoa da.

Ikerlanaren ondorioak labur bilduz, esan dezakegu Brownen eredu teorikoa egoki eta baliagarri gertatu zitzaiola Rubini paraguaytar elebidunen kode-hautaketa azaltzeko. Gehigarri diren pare bat aldagai gehiagoz bada ere, amerikarren ereduaren erabilgarritasuna uste baino zabalagoa (besteak beste, diglosiazko egoera batean bizi diren zenbait gizartetako hiztun elebidunen hizkuntz jokabidea argitzeko) izan daitekeela erakusten digu Rubinen ikerketa honek.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Rubin (1962): Brownen eredua Paraguaiko elebidunen artean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3