Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:2:3

Slobin, Miller, Porter (1968): deiturak, tratamenduak eta harremanak

Slobin, Miller eta Porter (1968) ikertzaileek soziologiaren arloan bilatu zuten Brownen hizkuntz eredu semantikoaren erabilgarritasuna. Erakunde bateko gizabanakoen hizkuntz tratamenduekiko jokabideak aipatu erakundearen egitura, izaera eta giroaren alderdi adierazgarriak isla zitzakeenentz jakitea zen beraien asmo edo helburua. Bestalde, artikuluaren egileek aditzera ematen dutenez, kontrako norabideko ikerbideak ere, erakundeen egiturak eta izaerak tratamenduen hautapenean izan dezaketen eragina froga lezake. Emaitzak aski jakingarriak dira. Badirudi tratamenduen ikerkuntza, kulturarteko makroanalisiaren mailan ez ezik, erakundeetako gizarte txikiagoen mikroanalisiaren mailan ere baliagarri edo argigarri gerta daitekeela.

Ikerketa honetan Estatu Batuetako ingelesaren bi tratamendu-era lexikal aztertu ziren (Brown and Ford, 1961): alde batetik, lagunarteko tratamenduari dagokiona, izen berezia (I), gutxi gora-behera beste hizkuntza askotako T-ren parekoa; beste alde batetik, titulua eta deitura (TD), Estatu Batuetan gutxi gora-behera sartaldeko herrialde askotako V tratamenduaren baliokidea dena.

Metodoa

Kaliforniako (San Frantziskoko) aseguro-etxe batean burutu zen inkestagintza. Guztira 87 lagun hartu ziren (57 gizonezko eta 30 emakumezko), 20 urtetik 59 urtera bitartekoak. Berriemaileak lau mailatan sailkatu ziren: (a) goi-mailako zuzendaritza (lau sailetako buruak), (b) erdi-mailako kudeatzaileak (zuzendariekin zuzenean harremanetan eta beraien menpean, 14), © behe-mailako enplegatuak (mailarik gabekoen gainetik, 18), (d) langile xeheak (51 langile). Lau mailatan sailkatutako larogeitazazpi enplegatuoi xehetasunak eskatu zitzaizkien maila bereko edo lankide (L), goragoko nagusi (N) eta nagusiaren nagusiarekin (NN) eta beheragoko menpeko (M) eta menpekoaren menpekoarekin (MM) ohitzen zituzten tratamenduez.

Emaitzak: tratamendu-erak (I/TD)

Emaitzak honako hauek izan ziren (2. Taula). Brownek iragarritakoaren arabera, I beheragoko mailakoei eta maila berekoei (seguraski lagun minak ziren lankideei) mintzatzeko erabiltzen zuten. Orobat, espero zitekeenez, I-ren erabilerak behera egiten du L-tik N-ra eta are gehiago N-tik NN-ra (goi-mailako zuzendaritzakoen salbuespenaz). Nolanahi ere, NN-rekin erdi eta goi-mailakoek askoz ere sarriagotan erabiltzen zuten I, behe-mailakoek eta langile xeheek baino. Era berean, espero zitekeenez, N-ri NN-ri baino jende gehiagok ematen zion I, hala gertatu zen langile xehe eta behe-mailako enplegatuen kasuan behintzat.

2. TAULA ERAKUNDEAREN MAILA DESBERDINETAKOEK KATEGORIA DESBERDINETAKO GIZABANAKOEI ZUZENTZEN OMEN ZIZKIETEN TRATAMENDUAK. PORTZENTAIAK ETA EMAITZA ATSOLUTUAK.

(Oharra: I eta TD portzentzaien batuketa ez da 100era iristen zalantzazko erantzunak kontuan hartu ez zirelako)

Langile xeheak Behe-mailako Erdi eta goi-mailakoak
(=51) enplegatuak (=18) (=18)
I TD I TD I TD
NN %27,5 %60,8 %16,7 %72,2 %71,4 %25,0
(14) (31) (3) (13) (10) (7)
N %84,3 %9,8 %72,2 %11,1 %78,6 %17,9
(43) (5) (13) (2) (12) (5)
L %100 %0 %100 %0 %100 %0
(51) (0) (18) (0) (18) (0)
M %100 %0 %100 %0 %100 %0
(21) (0) (18) (0) (18) (0)
MM %100 %0 %100 %0 %100 %0
(4) (0) (13) (0) (13) (0)

3. TAULA ERAKUNDEAREN MAILA DESBERDINETAKOEK KATEGORIA DESBERDINETAKO GIZABANAKOENGANDIK JASOTZEN OMEN ZITUZTEN TRATAMENDUAK. PORTZENTAIAK ETA EMAITZA ATSOLUTUAK.

Langile xeheak Behe-mailako Erdi eta goi-mailakoak
(=51) enplegatuak (=18) (=18)
I TD I TD I TD
NN %84,3 %0 %88,9 %11,1 %92,9 %3,6
(43) (0) (16) (2) (16) (1)
N %96,0 %2,0 %100 %0 %96,5 %0
(49) (1) (18) (0) (17) (0)
L %100 %0 %100 %0 %100 %0
(51) (0) (18) (0) (18) (0)
M %100 %0 %94,4 %0 %50,0 %19,7
(21) (0) (17) (0) (9) (3)
MM %100 %0 %69,2 %23,1 %5,6 %71,9
(4) (0) (9) (3) (1) (8)

(Oharrak: a) I eta TD portzentzaien batuketa ez da 100era iristen zalantzazko erantzunak kontuan hartu ez zirelako; b) Bost berriemaileren arabera, NNek ez zekizkiten beraien izenak).

Ondoren I elkarrekikoa ohitzen ez zuten binakoak hartu ziren kontuan. Horrelako binako guztien artetik (hots, 77tatik) 11, N-M tankerakoak ziren eta 43, NN-M tankerakoak. Bada, azken 54 binako hauetatik lauek baizik ez zuten erabiltzen TD simetrikoa; gainontzeko 50 kasuetan goragokoak behekoari I igorri eta berarengandik TD jasotzen bide zuen. Beraz, TD goragoko mailakoei eta hurkotasun edo konfiantza gutxiagokoei mintzatzeko erabiltzen zen. Bestalde, asimetriazko tratamendua gertatzekotan, beti maila desberdinetakoen artean agertzen zen: TD gorantz eta I beherantz. Zenbat eta maila-desberdintasun handiagoa, hainbat eta maizago asimetriazko tratamendua.

Hirugarren taularen emaitzak (ikus 3. TAULA), oro har, goiko ondoriak sendotzera datoz: salbuespenak salbuespen, berriemaile guztiek jasotzen omen zuten I, N-gandik eta NN-gandik. Asimetria egotekotan, TD behetik eta I goitik jasotzen ziren. Eta maila jakin batetik gorakoen artean, susmoa zen I gehiagotan jasotzen zutela M-gandik, MM-gandik baino. Bestalde, erakundearen mailaketan gorantz joan ahala, badirudi behera egiten duela M eta MM-gandik I jasotzeko probabilitateak.

Tratamendua eta adina

Gainera, bidenabar bada ere, komeni da ohartaraztea ikerketa honek baieztatu edo sendotu egin zuela lehenagoko ikerketen hipotesia (Brown and Ford, 1961), alegia, Estatu Batuetako tratamendu-sisteman sortaldeko kultura batzuetan jazotzen denaz bestaldera erdietsitako botere-maila jaiotzetikako botere-mailaren gainetik dagoelako hipotesia. Horregatik gatazka-kasuetan, hots, gazteena goragoko mailaren jabe zenean, ez zen adinaren araberako asimetriarik bat ere azaldu: alegia, menpeko zaharragoak nagusi gazteagoari I esatea eta beronengandik TD jasotzea ez zen behin ere gertatu. Edozein modutan, komeni da azpimarratzea halakoetan tratamendu simetrikoa izan zela nagusi: edo TD simetrikoa (26 binakotatik bitan bakarrik) edo I simetrikoa (26tatik 15etan). Beraz, amerikar gizartean tratamenduaren eragileen artean adina lehen mailan ez badago ere, ez dirudi Estatu Batuetako tratamendu-sistemaren berri ematerakoan adinaren aldagaia erabat bazter daitekeenik. Izan ere, zaharragoa beheragoko maila batean dagoenean badirudi ikerketa honen arabera, bederen binakoa osatzen duten solaskideak uzkur direla solasaldian tratamendu ez-elkarrekikoari eusteko.

Isilmandatua ("self-disclosure") eta tratamendua

Autore hauen arabera, Estatu Batuetako I/TD deitura-tratamenduen erabilerak, oro har, baieztatu egiten du Brownen ardatz biko ereduaren egokitasuna. Dena dela, hurkotasuna (“intimacy”) eta ondorioz elkartasuna sakontzen duen bestelako jokabide bat, isilmandatua (“self-disclosure”), aztertzerakoan ez ziren iritsi Brownen (Brown eta Ford, 1961) ondorioetara. Brown eta Ford-en ustez goragoko mailakoak urratzen du besteaganako hurbilbidea, goragokoak ezartzen du erritmoa elkarrenganako hurbiltze-mota guztietan, bai hizkuntz jokabideari dagozkionetan, bai hurkotasuna sakontzeko bestelako saioetan:

  • If the person of lesser value were to initiate associative acts, he would run the risk of rebuff; if the person of higher value initiates such acts there is no such risk. The superior, then, must be the pacesetter in progression to intimacy… The person of higher status is, we believe, the pacesetter not in linguistic address alone, but in all acts that increase intimacy (Brown and Ford, 1961: 383)

Slobin, Miller eta Porterren ustetan, bada, isilmandatuaren kasuan behekoak ez du zertan beldurrik eduki goikoak arbuia dezan. Eta aipatutako Kaliforniako aseguro-etxean egindako ikerketaren emaitzen arabera, oro har Brownek iragarri bezala, joera zen isilmandatua maizen eta errazen parekoei edo berdinei adierazteko. Are gehiago langile xeheen artean, azken hauek lankideen eremura mugatzen baitzuten isilmandatuaren aukera. Hala eta guztiz ere, botere desberdineko pertsonen artean (behe-beheko langileen salbuespenaz) Brownen teoriaren aurka maizago egiten zizkioten isilmandatuak hurrengo nagusiari, hurrengo menpekoari baino. Maila bereko langileen artean, I tratamendua eta isilmandatuaren maiztasunik gorena uztarturik ageri ziren. Gainerakoan, araua “zenbat eta botere-tarte handiagoa izan, hainbat eta maiztasun txikiagoa isilmandatua gauzatzeko” bazen ere, zenbaitetan goranzko isilmandatua ez zen agertzen goranzko I-ri lotua. Slobin, Miller eta Porterren ustez horrelakoetan goranzko isilmandatua, erabateko hurkotasunaren adierazle den I simetrikora iristeko bitarteko urrats bat baino ez litzateke. Zentzu horretan ulertu behar da azken emaitzaren itxurazko kontraesana, hots, tratamendu formalaren (TD) eta “konfiantzazko” jokabidearen (isilmandatuaren) artean dagoen adostasunik eza.

Ondorioak

Gauzak honela, esan dezakegu ikerketa honek, Brownen ardatz biko ereduak deituren bidezko tratamendu-sistemari ezartzeko izan dezakeen baliotasuna erakusten digula. Brownen beste iragarpen psikologiko hura, alegia, elkarrenganako hurbiltze-saioen ekimena goragokoaren esku dagoelako hipotesia, ordea, gezurtatuta geratzen bide da botere eta elkartasunaren araberako jokabide baten eremuan: isilmandatuekiko jokabidearen eremuan. Hala eta guztiz ere, jokabide berezi honek ez du ukatzen “elkartasuna” izen orokorraz bataiaturiko ardatzaren baliagarritasuna; alderantziz, goragokoari (nagusiari) zuzendutako isilmandatua, askotan berarekiko hurkotasuna (=I) lortzeko baliabide gisa ulertu behar da.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Slobin, Miller, Porter (1968): deiturak, tratamenduak eta harremanak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3