Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:3:1

Lambert eta Tucker

Hipotesi hau gezurtatzeko egindako lehen ikerketa enpirikoen artean aipamen berezia merezi dute Lambert eta Tuckerrek bakarka eta elkarlanean burututakoek (Lambert, 1967; Lambert and Tucker, 1976).

Lambert (1967)

1967ko Lamberten ikerketa, ondoren etorriko ziren lanen abiaburu eta eragingarri gertatu zen. Brownen lehen hipotesia Kanadako frantsesean testatzeko burutu zuen bere lehenbiziko ikerketa, bertako erabileran hutsarteak edo kontraadibideak somatzen zituen eta.

METODOA

Frantsesez mintzo ziren Quebec-eko ikastetxe bateko (16 urtetik 19 urtera bitarteko) 136 ikasle kanadar izan ziren berriemaileak. Ikastetxeko irakasleen laguntzaz burututako inkestan, lehenik, zenbait pertsonarengandik jasotzen zuten hizkuntz tratamenduaz (Tu / Vous) eta bigarrenik, beraiek halako pertsonei zuzentzen zietenaz galdetu zitzaien. Azkenik, gurasoen lanbidea ahalik eta zehatzen definitzeko eskatu zitzaien.

EMAITZAK ETA EZTABAIDA

Beheko taulan ikus daitekeenez, bat baino gehiago dira asimetriazko tratamenduan oinarritutako binakoak. Nolanahi ere, guztiotatik bi bereziki guztiz esanguratsuak dira. Lehendabizi, mutil gazte gehienek aiton-amonengandik T jaso eta beraiei V zuzentzen zietela azpimarkatu behar da. Bigarrenik, gazte gehienek gurasoengandik (orobat amarengandik) T jasotzen zuten eta haietatik erdia edo ziren gurasoei V zuzentzen zietenak.

Lehen binakoari (bilobak/aitona-amonak) gagozkiola, badirudi Kanadako frantsesean aski hedatua eta onartua dagoela tratamendu ez-elkarrekikoaren eredua. Itxura denez, Kanadako frantsesean aitona-amonekiko asimetriazko tratamendua askoz orokorragoa da gurasoekikoa baino. Aiton-amonen ikuspuntutik asimetria nagusienganako begirunearen islapena izan litekeen arren, mutilen ikuspuntutik gizarte-tartearen edo elkartasun ezaren agerpide izan (edo bihur) liteke tratamendu ez-elkarrekikoa. Bestalde, bi belaunaldien tratamendu-erabileran nabari den aldea, elkartasun izeneko ardatzaren nagusitzea eragingo lukeen gizartearen balio-aldakuntzaren seinale izan liteke. Hots, bilakaera T-V asimetriaren aurka eta T-T simetriaren alde mintzo dela pentsa liteke.

TAULA 4 TRATAMENDU-ERAK KANADAKO MUTIL FRANTSES HIZTUNEN ETA BESTEREN ARTEAN* SOLASKIDEAK —>JASO ←–IGORRI

          Tu    Vous   Zalantza;       Tu    Vous    Zalantza      

AMA 129 6 1 67 65 4 GURASOAK 129 7 - 68 66 2 AITON-AMONAK 112 13 11 16 108 12 OSABA-IZEBAK 119 13 4 24 105 7 SENARGAIA 133 3 - 133 - 3 ANDREGAIA 120 9 7 122 8 6 IRAKASLEAK 2 129 5 1 133 2 APAIZAK 27 95 14 1 133 2 MOJAK 15 115 6 5 125 6 ZAHARRAGOAK 88 34 14 7 118 11 EZEZAGUNAK 15 110 11 1 132 3

*Ezkerreko zutabean ikasleen solaskide-zerrenda ageri da. Ondoren, ezkerraldean, ikasleek (136 guztira) halako solaskideengandik jasotzen zuten tratamendua (JASO: tu/vous/zalantza) eta eskuinaldean, ikasleek beraiek halakoei ematen zietena (IGORRI: tu/vous/zalantza) ageri dira.

Nolanahi ere den, Lamberten saio moduko ikerketa honek agerian utzi zuen gizarte-klasearen garrantzia Kanadako frantsesezko tratamendu-erabilera aztertzerakoan. Nork bere aitaren lanbideaz egindako deskribapenaz baliaturik, hiru multzo edo kategoria sozioekonomiko handitan sailkatu zituzten 113 mutil: lehenik, profesionalen multzoa dugu (aita mediku, legegizon, ingeniari edo irakaslea bazen); ondoren, idun zuriak (“white-collar”) (aita banku-zuzendari, kazetari, saltzaile, kontulari, erostetxe bateko zuzendari edo negozio-gizona bazen); azkenik, esku-lana egiten zutenen multzoa bereizi zuten, idun urdinak (“blue-collar”) (aita langile arduradun, garaje baten jabe, mekanikari, okin, tranbideko langile edo baserritarra bazen). Hiru multzoak aski garbi bereizten ziren elkarrengandik.

Emaitzak jatorri sozioekonomikoaren argitan aztertuz gero, oso nabarmena da gorago zedarritutako gizarte-klaseen eta tratamendu-erabileraren arteko erlazioa. Hona hemen, banan banan profesional, idun zuri eta idun urdinen semeek gurasoekiko harremanetan egiten duten tratamendu-hautapenen erlazioa (Tu / Vous): 13 / 2; 23 / 15 eta 22 / 38. Beraz, seme eta gurasoen arteko harremanetan gizartearen goi-mailako klaseko familiak dira T elkarrekikoaren bultzatzaileak. Behe-mailako klaseko gurasoak, aldiz, T-V ez-elkarrekikoaren eusle eta defendatzaileak dira( ) . Bestalde, amarekiko tratamenduaren emaitzek joera berbera erakusten digutela gaineratu behar da.

Beraz, Lamberten lehen ikerketaren emaitzak ez ziren inola ere erabakior gertatu Brownen hipotesiak gezurtatzeko edo baieztatzeko. Alde batetik, badirudi asimetriazko tratamenduen lekukotasunak gezurtatu egiten duela Brownen diakroniazko lehen hipotesia. Beste alde batetik, tratamendu asimetrikoaren beherakada (aitona-amonen belaunalditik gurasoenera) elkartasuneranzko bilakabidearen aldeko emaitzatzat har liteke. Ondorio garbi bakarra “klase sozioekonomiko” aldagaiaren garrantzia frogatu izana dateke.

Gauzak horrela, ikerketa gehiagoren beharrizana azpimarkatuz bukatzen zuen Lambertek bere artikulua. Hainbat galderari erantzun beharra zegoen. Besteak beste, honakook argitu eta zehaztu beharko ziren: nolako hedadura zuen berak ikastetxe bateko mutilen artean idoro zuen ereduak, zein adinetik aurrera hasten zen, zenbaterainoko eragina zuen gizarte-klaseak, sexuak bazuen inolako eraginik, bazegoen aldaketarik belaunaldi batetik bestera…?

Lambert eta Tucker (1976)

Urte bat geroago, 1966an( ), Lambertek, bere lehen ikerketaren ondorio urri eta badaezpadakoak sendotu nahirik, beste ikerketa zabalago bati ekin zion Tuckerrekin batera (Lambert and Tucker, 1976an bildua). Oraingoan Kanadako frantsesaren erakusgarri handiago batean oinarritu ziren, bizilekuaren aldagaia ere (hiri- edo nekazari-ingurukoa) besarkatuz. Berriemaileak Kanada frantseseko Montreal, Quebeceko Almako bigarren irakaskuntzako eskola batzuetako ikasleen artean hautatu ziren, beti ere, Kanadako gizarte-egitura kontuan harturik. Oraingoan tratamendu-harremanak hogeitamalau binakotan eta lau gizarte-testuingurutan aztertu ziren: etxean, eskolan, jolas-lekuetan eta elizan.

Emaitzek berriemaileen adin, sexu, bizileku (nekazari- edo hiri-girokoa) eta gizarte-klasea kontuan hartuz Lamberten aurreko (1967ko) ikerlanaren ondorio berak baieztatu zituzten. Baina oraingo ikerketa honetan, bizilekuaren aldagai berriari eskerrak, gizarte-klasearen eta tratamenduen arteko lotura zehaztea lortu zuten. Izan ere, aita-seme binakoaren harremanetan hiritar eremuetako hiztunen kasuan aurreko ikerketan aurkitutako lotura bera (T-ren maiztasun handiagoa goi-mailako klaseko semeen artean) lortu bazen ere, ez zen hala gertatu nekazari-inguruetakoen artean. Bizilekuaren aldagai berria (nekazari- edo hiri-girokoa izatea) erabakiorra izan zen hainbat kasutan. Dena den, orokorrean nekazari-giroko hiztunek askoz ere maizago erabiltzen zuten tratamendu asimetrikoa hirietakoek baino.

Ondorio gisa, Kanadako eremu frantsesean tratamendu elkarrekikoranzko joera unibertsal bakunaren alde aurkitutako lekukotasun urriak zirela eta, honako adierazpen ezezkorra aurreratzen zuten:

(…) encontramos escasas evidencias en la escena franco-canadiense que apoye la afirmación de que existe una tendencia universal simple hacia el uso recíproco (7.or.) (Weinermanek aipatua, 1976: 61)

…we do not find a simple universal trend toward reciprocal address usage on the French-Canadian scene as one might expect in light of Brown's theorizing (Lambert and Tucker, 1976:48)

Kanadako frantsesean lortutako emaitza ezezkorrak baieztatu nahirik, beste herrialde batzuetara hedatu zuten ikerkuntza (Lambert and Tucker, 1968a, 1968b; Lambert, 1970; Lambert and Tucker and Viera, 1968c eta aurreko lanen laburpena den Lambert and Tucker, 1976). Oraingo honetan galde-sorta zabalagoa erabili zen eta Frantzia (St. Pierre-et-Miquelon, Laval), Puerto Rico eta Kolombiako lehen eta bigarren irakaskuntzako ikasle-erakusgarri antzekoak hartu izan ziren.

Laval (Mayenne) eta St. Pierre-et-Miquelon-go emaitzek, salbuespenak salbuespen, ez zuten gizarte-klasearen eta tratamendu-usarioen arteko inolako lotura adierazgarririk baieztatu.

Kolombiako erakusgarrian (Bogota), berriemailearen sexua pisudun gertatu zen zenbait harremanetarako. Dena den, erakusgarri honetan aurreko ikerketetan kontuan hartu ez zen aldagai bat izan zen adierazgarriena, erlijioa, hain zuzen ere. Bogotako erakusgarrian ikasle katoliko eta juduak bereizi ziren eta binako askoren harremanetan lagunarteko tratamendu simetrikoaren portzentzaia dexente altuagoa izan zen katolikoen artean (emakumeen artean bereziki) juduen artean baino. Juduek sarriagotan erabiltzen omen zuten usted-usted arau simetrikoa. Talde honen tratamendu-usarioaren berezitasuna agian elebitasunari lotua dago.

Puerto Ricon, oro har, aski apala izan zen asimetriazko tratamenduaren maiztasuna. Gainerakoan, lagunarteko tratamendu simetrikoa edo formaltasunezko simetria gailentzen ziren: lehena senide, adiskide eta ikaskideen artean; bigarrena (usted-usted) ezezagunekin, eskolako irakaslego eta zuzendaritzakoekin eta langile ez-adiskideekin. Puerto Rico-ko ikerketan, Kanadako frantsesarenean bezalaxe, tratamendu-usario desberdinen berri ematerakoan guztiz pisuduna izan zen bizilekuaren aldagaia, hots, nekazari- edo hiri-girokoa izatea. Alde handia idoro zuten batetik bestera: familiakoekin nahiz familiatik kanpo, asimetriazko arauarekiko atxikimendua askoz ere handiagoa izan zen nekazari-eremuetako (Arecibo) hiztunen artean, eremu hiritarrekoen (Ponce, San Juan) artean baino.

Beraz, ikerturiko hizkuntz eremuetan (espainiera eta frantsesaren eremuetan), orokorrean, honako emaitza nagusi hauek ditugu: asimetriazko usarioen maiztasun apalarekin batean, lagunarteko tratamendu simetrikoaren maiztasun handia famili giroan eta orobat formaltasunezko simetriaren maiztasun handia familiatik kanpo. Nolanahi ere, emaitza hauen aldamenean hizkuntza batetik bestera, hizkuntz komunitate batetik bestera tratamendu-izenordainen erabileraz usario desberdinak agertzen zaizkigula azpimarkatu beharra dago. Are gehiago, hizkuntzaz landako aldagaien (sexu, adin edo erlijioaren…) pisu edo eragina asko aldatzen da hizkuntz komunitateen arabera.

Ikerkuntza guztiz erabakiorra ez bazen ere, ikertzaile amerikarrek, bestelako emaitzen gainetik, tratamendu-izenordainen erabileran ageri zen arau-aniztasuna eta usarioen arteko desberdintasuna azpimarkatu zituzten. Beraien ustez, kulturarteko eta orobat kultura baten barruko aniztasun eta desberdintasunek -tratamendu simetrikoen guztizko nagusitasuna ezeztatzen zuten erabilera asimetrikoekin batera- Brownen diakroniazko lehen hipotesia gezurtatzen zuten. Hots, elkartasunaren ardatza erabat nagusituko zelako baieztapenaren ezeztagarritzat hartu zituzten beren emaitzak.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Lambert eta Tucker", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3