Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:3:2

Slobin (1963)

Slobinek sortaldeko Europako herrialdeetako juduek Bigarren Mundu-Gerra baino lehenagoko garaietan hitz egiten zuten jidish (yiddish) hizkuntza germaniar-hebrear mixtoan ikertu zuen bigarren pertsonako izenordainen erabilera. Ondorengo galderei erantzutea zen Slobinen ikerketaren helburua:

1) Betetzen da XX. mende-hasierako jidish-ean Brownek (Brown and Ford, 1961) iragarritako harako hizkuntz unibertsala? Hots, beste hizkuntza askotan gertatzen den bezala, beheragoko mailakoari zuzentzen zaion pertsona-izenordaina (T izenordaina) erabiltzen al da lagun min konfiantzazkoari ere mintzatzeko? Eta alderantziz, goragoko mailakoari zuzendutako hizkuntz tratamendua (V izenordaina) al da konfiantzazkoa ez den jendearekin ere mintzatzeko erabiltzen dena?

2) Tratamendu-izenordainen erabilera XIX. mende-bukaerako edo XX. mende-hasierako sortaldeko judu europarren gizarte tradizionalean, Brown eta Gilmanek sartaldeko Europan lehenagoko garaietarako (…XVIII-XIX. mendeetarako) zirriborratutakoaren antzekoa zen?

3) Tratamendu-izenordainen erabileran islatzen denaren arabera, hizkuntzaz landako zein ezaugarri dira pisudunagoak gizarte-mailari edo botereari begira, jaiotzezkoak (adina…) ala erdietsitakoak (lanpostua…)?

Ikus daitekeenez, bigarren galdera tratamenduen erabileraren bilakabideari buruzko Brownen hipotesiari (cf. 1.1.2) dagokio bete-betean. Slobinek Brownek proposaturiko bilakabidearen azkenaurreko egoera, boterea eta elkartasuna lehian ari ziren garai gatazkatsua ikusi uste zuen jidish-ean eta Brownen ikuspegi diakronikoa baieztatzeko asmoz bideratu zuen bere ikerketa.

Estatu Batuetan (Michigan) bizi ziren 22 berriemaile judu erabili zituen Slobinek. Denak ziren sortaldeko Europako (Ukrania, Polonia, Lituania eta Letoniako) juduen gizartean jaio eta heziak. Berriemaileen batez-besteko adina 56 urte zen eta bat izan ezik, denak ziren 40 urtetik gorakoak. Europa garai desberdinetan utzia zuten (Lehen Mundu-Gerraren aurretik, gerraren ondoren eta Bigarren Mundu-Gerraren ondoren) eta haietako gehienak merkatari eta negozio-gizonen familietatik etortzen ziren.

Berriemaileen komunikazio-hizkuntza nagusia Estatu Batuetan ez zen jidisha. Horregatik, galde-sortari beren sorlekuko hizkuntz usarioen arabera, hau da, lehengo garaiak gogoratuz erantzun ziezaioten eskatu zitzaien. Batez beste sorlekua 21 urterekin utzia zutenez gero, galde-sortaren erantzunak, gutxi gorabehera, mende-hasierako gazte judu baten tratamendu-erabilerari legozkioke.

33 galdek osatzen zuten galde-sorta, haietako asko bikoitzak zirela (“zuk berari eta berak zuri?” tankerakoak). Eta zenbait galderak Brownen teoriaren arabera gatazkatsuak izan zitezkeen egoerak aurkezten zizkieten berriemaileei, hots, gorago adierazitako bigarren galdera nagusia argitzea zuten helburu.

Ikus ditzagun orain jasotako emaitzarik adierazgarrienak. Hasteko zenbait berriemailek ohartarazi zutenez, gizalegeari jarraitzen ez zioten hala moduzko hezierako zenbait jendek nornahirekin T erabiltzeko ohitura omen zuten. Horrela, zitekeena zen halako jendeak hiritar dirudun bati T esatea eta beronek, ordea, elkartasunik ezagatik edo V itzultzea berez beheragoko maila batean zegoenari. Lekukotasun honen arabera, halako kasuetan elkartasunaren ardatza bide zen goragokoaren jokaera gidatzen zuena, ezen botere-erlazioaren arabera jokatzera, hiritar dirudunari hobeto zihoakiokeen V izenordaina erabiltzea. Orobat, aho batez adierazi zuten berriemaileek eskale bati V esango zioketela. Hortaz, bigarren egoera honetan ere elkartasuna bide da agintzen duena. Izan ere, berriemaile guztien esanetan arrazoi etikoak zirela eta iraingarria izango zatekeen eskaleari T esatea.

Dena den, enplegu-emaile eta enplegatuaren arteko harremanen esparruak agian aukera hobea ematen digu ardatz bakoitzaren eragin edo pisu espezifikoa neurtzeko. Galde batean lantokiko nagusi eta lanera heldu berria den langile gazteago baten arteko tratamenduaz itauntzen zen. Egoera gatazkatsua izan zitekeen nagusiarentzat, adinak eta lanpostuak T eskatzen baitzioten eta elkartasunik ezak (ezezagunak izateak, alegia) V-ren aldera makur eraz baitzezakeen. Erantzunak, bada, berdintsu banatu ziren botere eta elkartasunaren ardatza nabarmenarazten zuten bi aukeren artean, hots, T-V (10) eta V-V (8)-ren artean.

Hurrengo galderan nagusi eta langile sartu berri zaharragoaren arteko izenordain-hautaketaz itauntzen zen eta orduan adinaren aldagaiak garbiro makurarazi zuen balantza begirunezko tratamendu elkarrikoaren aldera (20 erantzunetatik 18), V-V-ren aldera alegia. Aurreko egoera bietan ea bost urteren buruan harremana alda zitekeen galdetuta, ezezko erantzuna eman zuten gehienek.

Bada boterearen ardatzak artean zukeen pisu nabarmenaren beste adibide guztiz adierazgarri bat, errabinoa batzuena, hain zuzen ere. Berriemaile batzuek adierazitakoaren arabera, zenbait errabinoak, zuten botere-maila gorenagatik, mundu guztiari T esateko lizentzia har zezaketen solaskidearen adin edo gizarte-mailari erreparatu gabe.

Slobinen ustetan( ) jidish hitz egiten zuen komunitate judu tradiziozalean ez zen harritzekoa adina lanbideari nagusitzen zitzaioneko adibiderik aurkitzea, jaiotzezko ezaugarri pertsonalak (adina, familiaren historia, familiako ondasunak, e.a.) erdietsitako ezaugarrien (jakintza, irabazitako ondasunak, lanbidea, e.a.) parean edo gainetik baitzeuden gizarte juduetan.

Are gehiago, emandako erantzunen arabera oso zaila dirudi hasiera batean egindako tratamendu-hautapena ezertan aldatzea, hots, V-V-tik T-T-ra edo T-V-tik T-T-ra igarotzea. Salbuespenak salbuespen (hala nola maitemintzea edo ezkontzea), urteetako adiskidetasunak ere nekez eragin omen zezakeen T-T-ranzko aldaketa( ). Beraz, lehendabiziko harremanetan egindako izenordain-hautaketaren finkotasun edo irmotasunak agerian uzten du erdietsitako ezaugarrien eragin meharra. Eta alderantziz, erdietsitako ezaugarrien pisu txikia proposatuz baizik ezin da azaldu tratamenduen iraunkortasuna.

Familiaren eremuan, ordea, elkartasunak jaiotzezko lokarriez sendoturiko elkartasunak, nolanahi ere agintzen bide du boterearen gain. T elkarrekikoa zen nagusi seme-alaba eta gurasoen artean, orobat, hurbil bizi izanez gero, biloba eta aitona-amonen artean eta iloba eta osaba-izeben artean. Hala eta guztiz ere, familia-gunetik urrundu ahala, ahuldu egiten da odolezko lokarrien indarra eta boterea gailentzen da. Ezkontzaren bitartezko loturen kasuan (aitagin-amaginarreba eta suhi-errain-en artean), adibidez, boterea eta V-V elkarrekikoa nagusitzen dira elkartasunaren kaltetan.

Nolanahi ere den, elkartasuna eragiten duten ezaugarrien artean, jaiotzezko lokarriak erdietsitakoen gainetik (adiskidetasunaren gainetik) daude inolako zalantzarik gabe. Horrela, lehenengoz ikusten zuten lehengusuari T esango zioketen baina V sexu bereko ezezagun adinkide bati. Beraz, senidetasunak adiskidetasunak baino garrantzi handiagoa zukeen elkartasuna sortzeari begira.

Slobinen iritziz, lortutako emaitzak hasieran galdera gisa iradokitako hipotesiaren alde ageri dira. Haren ustez, mende-hasierako jidishean aurkitutako tratamendu-usarioak badu Brown eta Gilmanek XIX. mendeko sartaldeko hizkuntza europarretan idorotakoaren antza. Hau da, garai hartako jidishean ez da inondik ere somatzen elkartasunaren ardatza nagusitzeko joera hartzen ari zenik. Artean bi ardatzak (elkartasuna eta boterea) elkarren lehian zeuden, bietatik bat ere erabat nagusitu gabe. Izan ere, egoera gatazkatsuetan, hala nola goragoko solidario edota beheragoko ez-solidarioekikoetan, nahiz botere nahiz elkartasunaren arabera erabakitzen zen tratamendua. Bestalde, jaiotzezko botere-ezaugarriek eta senidetasunezko elkartasun-lokarriek tratamendu-hautaketan jokatzen zuten paper garrantzitsua azpimarkatzen du Slobinek. Hona hemen, ikerketaren ondorio gisa egiten duen adierazpena:

“In sum, then, it seems that ascribed status, and, if exceptional, achieved status prevail over solidarity in the semantics of pronouns of address in the Yiddish of our informants. The exception is the strong solidarity of kinship, which is also based on ascribed, rather than achieved values. (…) The general picture resembles that drawn by Brown and Gilman for nineteenth century Europe, retaining situations of non-reciprocal address.” (Slobin, 1963: 201)

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Slobin (1963)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3