Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:3:4

Solé (1970)

Yolanda Solék tratamendu-usarioen ikerketa konparatiboa egin zuen Argentina (Buenos Aires), Perú (Lima) eta Puerto Ricoko hirietako erdi-mailako hiztunen artean. Ikerketa honen helburua, tratamendu-usarioen arloan tratamendu-sistemen eta azterturiko gizarte-egituren arteko korrelazioa baieztatzeko moduko desberdintasunik ba ote zen arakatzea izan zen.

Hiru herrialdeak, gizarte-egitura, hiritarkuntza-maila eta industrialiazio-maila kontuan harturik neurtutako moderninazio-mailaren arabera hautatu ziren: Argentina zen herrialderik aurreratuena, Perú modernizazio gutxiena zuena eta Puerto Rico bien bitarteko mailan zegoena. Ikerketaren diseinua sinkronikoa izan zen eta hiru hirietako hiztun-erakusgarri konparagarrietan oinarritu zen (25 eta 35 urte bitarteko 80na hiztun hiri bakoitzean).

Ikerketak agerian jarri zituen tratamendu-usarioetan zeuden desberdintasunak eta baita berauen eta herrialde bakoitzaren ezaugarri soziokulturalen arteko korrelazioa ere. Perún eta Puerto Ricon, adibidez, T-V asimetrikoa nahiko sustraituta zegoen; Argentinan, berriz, erabilera asimetrikoaren aztarnak aski urriak ziren eta maila desberdineko hiztunen artean V-V zen araua. Lehen bi herrialdeetan, belaunaldi batetik gorako diferentziak V-Vren bidez kodetzen ziren bitartean, Argentinan halakoetan T elkarrekikoa zen nagusi. Sexuaren araberako semantika desberdinak aurkitu zituen Puerto Rico eta Perúko hiztunen artean, bietan gizonezkoari goragoko maila zegokiola: emakumezkoen aldean, gizonezkoek joera handiagoa zuten emakumezkoei Tz mintzatzeko, harremanetan T simetrikoari lehendabizi heltzeko eta menpekoekin T-V asimetrikoaz aritzeko.

Beraz, alde batetik, Soléren lanaren antzekoak lagungarriak izan daitezke ikerketa soziologiko konparatuak egiteko. Beste alde batetik, baldin eta desberdintasun soziokultutaralak eta historikoak isomorfoak edo parekagarriak izan daitezkeela onartzen bada, Soléren ikerketa, zeharka, Brownen hipotesi diakronikoen alde mintzo dela pentsa daiteke.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Solé (1970)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3