Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:3:6

Weinerman (1976)

Weinermanek (1976) ikerketa zorrotza burutu zuen Brown eta Gilmanen bi hipotesi diakronikoak Buenos Airesko hizkeran egiaztatzeko. Ikerketak bi oinarri ditu: alde batetik, antzerkigintza argentinarraren (109 literatur lanen) “joerako azterketa”, bigarren eskuko datuetan oinarritua (1850, 1900 eta 1950 aldietako erakusgarri banarekin); beste alde batetik, modernizazio-maila desberdina duten Catamarca (“atzeratuagoa”) eta Buenos Aires (“aurreratuagoa”) hirietan, klase desberdinetako hiztun gizonezko helduen artean egindako inkestagintza, bestetik.

Funtsean, emaitzak bat datoz Weinbergenekin. Literaturan oinarritutako joerako ikerketa diakronikoak baieztatu egin zituen Brownen bi hipotesiak:

“Los hábitos de habla reflejados por la literatura argentina han experimentado un cambio sustancial durante los últimos cien años. En dicho lapso se ha producido un incremento en el uso de las pautas simétricas de tratamiento (sobre todo del tipo informal) acompañado por una disminución del uso de la pauta asimétrica.” (Weinerman, 1976:148)

Gainera, bigarren eskuko emaitzek honako hau erakutsi zuten: Buenos Airesko hirian V-V simetrikoaren hedakuntza familiatik kanpoko esparruetan bultzatu zen; T-V asimetrikoaren gainbehera, aldiz, familiaren esparruan areagotu zen eta, hain zuzen ere, goi-mailako klaseetako familietatik hasita.

Inkestagintzan oinarritutako azterketaren helburua, Brownen hipotesi diakronikoak, sinkronian, aurrerapen-maila desberdineko hizkuntz komunitateen artean egiaztatzea zen. Abiaburuko hipotesia honako hau zen: tratamendu simetrikoek eta bereziki T-T, hedatuago egon behar zuten komunitate aurreratuan (Buenos Aires), gizarte tradizionalean baino (Catamarca). Catamarcan 112 eta Buenos Airesen 120 hiztun elkarrizketatu ziren eta erakusgarri bakoitzean, behe-, erdi- eta goi-mailako 40na lekuko inguru hartu ziren. Emaitzek, bada, baieztatu egin zuten hasierako hipotesia: T-Tren maiztasuna askoz handiagoa izan zen komunitate aurreratuenean (Buenos Aires) eta alderantziz, asimetriazko ohiturak (T-V) errotuago zeuden gizarte tradizionalean (Catamarca). Hona hemen, Weinermanen ondorioen laburpena:

“En resumen, en términos de las tendencias propuestas por Brown, la distribución global de las pautas actuales de tratamiento de la ciudad de Catamarca está retrasada respecto de la de la ciudad de Buenos Aires. Se encontraron tendencias similares entre las dos comunidades manteniendo constantes la clase de relación social y el origen socioeconómico de los interlocutores. Por tanto, el análisis comparado de dos comunidades contemporáneas que comparten la misma lengua pero que están ubicadas en estadios muy diferentes del proceso de modernización reproduce, en cierta medida, las tendencias diacrónicas encontradas dentro de una única comunidad a lo largo del tiempo.” (Weinerman, op. cit. 200)

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Weinerman (1976)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3