Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:5:4

Brown eta Gimanen eredu teorikoaren ebaluazioa

Atal honetan auzipean jarriko dugu Brown eta Gilmanen (1960) sistema teorikoa [aurrerantzean, BG laburdurez aipatua], beronen lorpenak eta alderdi ahulak agerian uzteko asmoz. Kritikaren eta analisiaren ikuspegitik, beharbada, amerikarren ikerlanean maila desberdineko bi ekarpen bereiz daitezke: bata, ekarri teorikoa da, ardatz biko sisteman oinarritua (“elkartasuna” eta “boterea”); bestea, tratamendu-usarioen bilakaerari buruzkoa da, diakroniazko hipotesi bitan bildua eta funtsean aurreko eraikuntza teorikoari lotua. Bereizketa metodologiko hau onartuta, lehenengo, BGren ekarpen teorikoa balioztatuko dugu eta gero, hipotesi diakronikoen egiaztapen-saioez arituko gara.

Eredu teorikoaren balioa eta egokitasuna

Lehen auziari dagokionez, autore hauen ardatz biko sistema teorikoaren balioa neurtzerakoan, besteak beste, ondoko alderdiak izan behar ditugu kontuan (Weinerman, 1976:72):

a) pertsonen arteko jokaeren inguruko bestelako eraikuntza teorikoekiko koherentzia, b) bere soiltasuna eta irispide teorikoa, c) mundu enpirikoarekiko adostasuna, eta d) bere balio “heuristikoa”.

a) Ardatz biko sistemak hizkuntz jardueraren eta harreman psikosozialen arteko lotura azpimarratzen du. Tratamendu-izenordainekiko jokaera, hizkuntz erabileraren ikuspuntutik aztertzen denean, gizarteko arau (simetriko edo asimetriko) batzuen bidez definitzen da; hau da, lehenengo ikuspegi hau hizkuntz jarduerari dagokio eta berau ageriko termino formalen bidez (T-T, V-V/T-V) definitzen da. Tratamenduekiko jokaera, harreman psikosozialen ikuspuntutik aztertzerakoan, berriz, mailazko eta elkartasunezko ezaugarriak adierazten dituen pertsona-arteko jarduera gisa definitzen da; hau da, bigarren ikuspegi hau hizkuntz ekintzako parte-hartzaileen arteko lotura psikosozialari dagokio eta lotura hau sakoneko edota sustantziazko terminoen bidez (“boterea” eta “elkartasuna”) definitzen da. Tratamendu-usadioak kontzeptualizatzeko bi ikuspegi hauek (formala eta substantziala) bat datoz psikologia sozialaren arloan garatutako beste eraikuntza teoriko batzuekin.

Esate baterako, tratamendu-izenordainekiko jokaera, begirunezko jokaeren azpimultzo gisa ikus daiteke; eta hain zuzen ere, bata (BG) eta bestea (Goffman, 1956) aztertzeko sistema teorikoak nahiko antzekoak eta koherenteak gertatu dira( ).

Beste alde batetik, pertsonen arteko jokaerari buruzko beste ikerketa psikosozial zabalago batzuetan, BGren antzeko sistema bikoitzetara heldu izan dira, boterearen eta elkartasunaren antzeko ardatzak azpimarratuz (ik. Weinerman, 1976:75-76).

Hitz laburrez, tratamenduekiko jokaera pertsonen arteko jokaeretariko bat izanik, badirudi arlo zabal horretako aitzinagoko eraikuntza teorikoekiko adostasuna, zeharka, BG sistemaren egokitasunaren alde mintzo dela; hots, aipatu adostasuna Brownen ardatz biko sistemaren aldeko zeharkako euskarritzat jo daiteke.

b) BG eskema teorikoa erakargarri egiten duten arrazoien artean, bere soiltasuna eta bere irispide teoriko zabala aipatu behar dira. Popperrek erakutsi duenez, bi ezaugarri hauek elkarren eskutik doaz, edo zehatzago esateko, lehen ezaugarriak (soiltasunak) bigarrena (irispide teoriko zabalagoa) dakar. BG eskema teorikoak ardatz bi besterik ez darabil, eta soiltasun hori azpimarratzekoa da solaskide biren arteko tratamendu-jokaeran eragiten duten aldagaien aniztasuna kontuan hartzen bada. Teoria honen irispide eta erakarpen zabalaz jabetzeko, aski da ikustea lehenik munduko hainbat tratamendu-sistemari aplikatzerakoan eman dituen fruituak eta, bigarrenik, bestelako hizkuntz jokaerak (kodearen hautaketa) argitzeko frogatu duen ahalmena. Akatsak akats, BG eredu teorikoa izan da emankorrena tratamenduen erabilerari buruzko literaturan; gure tesi-lan honen bigarren kapituluari azaleko begiratu bat ematea aski da horretaz konturatzeko. Eta hain zuzen ere, puntu honek hurrengora garamatza, mundu enpirikoarekiko adostasunaren gaira, alegia.

c) BG ardatz biko teoria mundu enpirikoan egiaztatzeko egin izan diren saioen artean, guk (supra I.2) hiru besterik ez ditugu jaso (Friedrich, 1966; Rubin, 1962; Slobin et al. 1968) eta hirurak, oro har, sistema teorikoaren balioaren aldekoak dira. Hala eta guztiz ere, aipaturiko hiru ikerlanek teoriaren zenbait puntu ahul jarri dituzten agerian.

BG eskema teorikoaren balioa neurtzerakoan, gutxienik, epistemologiazko hiru arazo hauei eskaini behar diegu arreta: termino teorikoen egokitasuna, terminoen zehaztapen-maila eta eraikuntza teorikoaren egokitasuna mundu enpirikoa azaltzeko.

Lehen arazoari dagokionez, “boterea” eta “elkartasuna” dira BG sistemaren termino teoriko oinarrizkoak; eta lehen terminoaren egokitasun kontzeptual eta enpirikoaz eztabaida handiegirik sortu ez bada ere, bigarrenak kritika eta zuzenketa ugari piztu izan ditu.

“Elkartasuna” terminoak gaizki-ulertuak eta interpretazio desberdinak sortu ditu; eta Brownek berak geroagoko lanetan hurbiltasun psikologikoaren zentzuan (Brown and Gilman, 1961) edota atsegintasun- eta desatsegintasun-terminoen bidez (liking/disliking) definitzen du (Brown, 1965) “elkartasuna”, ardatz honen bi muturrak elkarren aurkakoak balira bezala: hiztunak bere solaskidea gogoko duenean, nolabait, elkartasun positiboa legoke eta gogoko ez duenean elkartasun negatiboa. Dena dela, badirudi egokiagoa dela ardatzaren bi muturrak elkarren osagarritzat hartzea eta ez elkarren aurkakoak, hots, BGn (1960) egiten den moduan, zuzenagoa litzateke aurrez aurre “elkartasuna” (+: baia) eta “elkartasunik eza” (-: eza) jartzea. Kontzeptuaren gakoa, beraz, ez dago solaskidea gogoko izatean edo ez izatean, beste zerbaitetan baizik. Izan ere, daitekeena eta maiz gertatzen dena da, elkar gorrotatzen duten bi solaskide, T simetrikoaz baliatzea; bestalde, bi solaskide ezezagun V simetrikoaz aritzeak nahitaez ez du esan nahi elkar gogoko ez dutenik, V simetrikoa elkar ez ezagutzearen ondorio izan daiteke eta.

Dena den, autoreek berek zentzu zabalago eta zehatzgabeagoan definitzen dute “elkartasuna” (supra I.1.1.2): “…the like-mindedness that seems to be the core of the solidarity semantic” (Brown eta Gilman, 1960:258). Eta “elkartasunaren” zehatzgabetasun horrek bigarren auzira garamatza, terminoen zehaztapen-mailaren auzira, alegia. Beste askoren artean, Friedrich (1966) eta Rubinek (1962), ardatz biko sistemaren zehaztapen-maila urria eta aldagai edo bereizkuntza gehiagoren premia azpimarratu dute. Friedrichen ekarpena, alde batetik, ardatz biko sistema zehaztea da eta, bestetik, sistema konplexuago eta aberatsago egitea. “Boterea” terminoaren zehaztapena adina, belaunaldi eta aginpidea aldagai edo bereizkuntzen eskutik dator; “elkartasuna” terminoa zehaztera datozenak hurrengo lauak dira: sexua, ahaidetasuna, talde-kidetasuna eta elkartasun psikologikoa (sentipen-kidetasunaren eta antipatiaren zentzuan ulertuta). Hortaz, zazpi aldagaiok Brown eta Gilmanen termino teoriko bien edukia zehaztera datoz. Beste alde batetik, sistema teorikoaren aberasgarri gertatzen diren gainerako hiru aldagaiak ditugu, hots, hizketa-gaia, testuingurua eta dialektoa. Hortaz, BG teoria, bi ardatz nagusitara bildu nahi diren hiztun eta hartzailearen ageriko ezaugarrietara (adin erlatiboa, maila, sexua…) mugatuta dago; Friedrichen azterketak, berriz, parte hartzaileen ezaugarri pisudunak zehazteaz gain, hitz-ekintza edo hizketaren bestelako ezaugarriak ere jasotzen ditu (testuingurua, hizketa-gaia eta dialektoa). Alde horretatik, lehenbizikoen eskema teorikoa, agian, motz geratzen da tratamendu-usadioen dinamikaren eta aldakortasunaren berri eman nahi izanez gero.

Zientzia-bidearen ikuspegitik begiratuta, ordea, hasieran bederen terminoen zehaztapena ez agortzea, teoriaren onerako izan daiteke; hau da, gure kasuan bi termino nagusien zehaztapen-maila urria kaltegarria barik onuragarria izan da, zehatzgabetasun horri esker, teoria hainbat hizkuntzatan testatu eta kasuan kasuko ezaugarri berezietara egokitu ahal izan delako. Brown eta Gilmanek beren teoriaren bi termino nagusiak (boterea eta elkartasuna) zehaztapen berri gehiagoren eske utzi dituzte, baina ez edukirik gabe. Boterearen semantika ez-elkarrekikoa da eta mundu enpirikoan era askotako desberdintasunetan egon daiteke oinarritua: adina, belaunaldia, maila, aberastasuna, indar fisikoa, sexua… Elkartasuna, elkarrekikoa da eta bereziki pentsaera-kidetasuna edo joera-kidetasuna eragiten duten askotariko ezaugarrietan oinarri daiteke: kidetasun politikoa, familia, erlijioa, lanbidea, sexua, jatorria… Termino bakoitzaren ezaugarri konkretu pisudunak aldatu egiten dira kultura batetik bestera eta are kultura baten barne ere (euskal kulturan, esate baterako, boterezko ezaugarrien artean, adinak estatusak baino askoz ere zeregin garrantzitsuagoa jokatzen du); horregatik, autore amerikarrek beren teoria abstrakzio handiagoko maila batean uztea erabaki zuten, boterezko eta elkartasunezko ezaugarri pisudunen multzoa zehaztu gabe. Beraz, terminoen definizioa irekita geratu da, baina ez hutsik.

Labur bilduta, honako puntu hauek azpimarratu ditugu ardatz biko sistemaren ebaluazioan:

1) Akatsak akats, ikerketa gehienek, BG eredu teorikoaren balioaren aldeko emaitzak erakutsi dituzte.

2) Autoreek “elkartasuna” deritzoten ardatzak definizio kontzeptual zehatzagoa behar du.

3) “Botere” eta “elkartasun” terminoen zehaztapen-maila egokia izan daiteke kultura-arteko mailako makro-azterketetarako, baina zehaztapen handiagoaren eske geratzen da lekuan lekuko azterketa eta aplikazio zehatzetarako( ).

4) BG eredua egokia izan daiteke tratamenduen inguruko usadio markatugabe edo estatikoen azterketarako, baina testuingurua, hizketa-gaia edo dialektoa bezalako aldagaiak jaso ez dituen heinean, motz geratzen da tratamenduen dinamika zehatz-mehatz azaltzeko.

Esan bezala, hirugarren puntuko “ahulezia” ez dagokio teoriaren baliotasun edo baliogabetasunari, teoriaren abstrakzio- edo konkretutasun-mailari baizik eta horregatik, zentzu hertsian, ez dugu uste ahuleziatzat jo behar denik. Laugarren puntuko ohar kritikoak BG eredu teorikoa baliogabetu beharrean, mugatu egiten du bere irispide teorikoa erabilera markatugabeen azterketara.

Gauzak horrela, beharbada, punturik ahulena bigarrena dateke, hots, “elkartasuna” terminoaren definizio kontzeptual ilun eta zehaztugabearena. Izan ere, Brown eta Gilmanek “elkartasunaren” gakotzat jotzen duten “like-mindedness” delakoaren anbiguotasunaren ondorioz (pentsaera-kidetasuna, iritzi-kidetasuna, kidetasun emozional-psikologikoa, jarrera-kidetasuna, interes-kidetasuna…?) sortu izan dira hain interpretazio desberdinak: batzuek (Friedrich, 1966) gertakari psikologikotzat daukate; beste batzuek, berriz, gertakari sozialtzat hartu dute. Terminoaren definizio zehatzgabeak, beharbada, bi irakurketak zilegiztatzen ditu.

d) Balio heuristikoa aipatzerakoan, formulazio teorikoen eraginkortasunaz ari gara, hau da, arazo konkretuak konpontzeko eta arazo berriak plazaratzeko ahalmenari gagozkio. BG teoriaren balio heuristikoa ukaezina da eta hori arrazoi batzuengatik: lehenik, 1960z geroztik munduko hainbat hizkuntzatan tratamendu-usadioen inguruan loratutako ikerketen ugaritasuna garbiro mintzo da teoria honen balio eragileaz (aski da Braun et al., 1986 ikuskatzea); bigarrenik, BG teoria erabakigarria izan da soziolinguistikaren sorrerarako eta lagungarri psikologia sozial, soziologia eta antropologiaren garapenerako.

Diakroniazko hipotesien ebaluazioa

Lehenengo eta behin, gaizki-ulerturako bidea eman dezakeen puntu bat argitu nahi dugu. BGren diakroniazko hipotesiek tratamendu-izenordainen mailan boterearen ardatz semantikoa desagertzeko joera iragartzen dute, baina hizkuntzaren arlo jakin horretan boterezko ezaugarriak gero eta gutxiago kodetzeko joera postulatzean ez da adierazi nahi gizarte-sistemen mailan boterezko desberdintasunak desagertzeko bidean daudenik. Hau da, autoreek somatu duten aldakuntza ez da gizarte-egiturazkoa, (sozio-)linguistikoa edo kulturala baizik; hots, diakroniazko hipotesien aurrikuspena ez da gizarte-sistemaren mailako gertakaria, gizarteko tratamendu-izenordainekiko usarioen eta ondorioz, zenbaitetan tratamendu-sistemaren mailako aldaketa baizik. Beraz, arau soziolinguistikoen aldaketa, gizarte-sistemaren mailako beste aldagai batzuei lotuta egon daitekeen arren, funtsean gertakari kulturala da. Ondorioz, tratamenduaren arloan boterezko ezaugarriak gero eta gutxiago kodetzeko joera dagoela onartuta, hortik ezin da ondorioztatu boterezko desberdintasunen desagerpena; eta era berean, mendebaldeko hizkuntzetan elkartasunaren ardatza nagusitzen ari dela onartzeak ez du esan nahi gizartean elkartasunak gora egin duenik.

Hurrengo bereizketak ondorio berberera eramango gaitu: BGren eredu teorikoa binakoen hizkuntz jokaeraren behaketan oinarrituta dago eta BGren diakroniazko hipotesien azterketa kolektiboen jokaeraren behaketan oinarritzen da. Hortaz, binako konkretuen mailan tratamendu-izenordainen erabileratik hiztunen arteko harremanaren ezaugarriak ondoriozta badaitezke ere, kolektiboen mailan ezin da antzeko ondorioztapenik egin.

Alderantzizkoa ere ez da egia; hau da, ezin da esan tratamendu-izenordainen erabileran gertatzen diren aldaketek gizarte-egiturarekin zerikusirik ez dutenik. Tratamendu-izenordainekiko usarioen aldaketak gizarte-mailako aldaketen eta balio-aldaketen adierazle izaten dira; dena dela, gizarte-sistemaren eta hizkuntzaren arteko erlazioa ez da zuzena, ez epe laburrekoa, ezta inongo determinismoren araberakoa ere.

Bigarrenik, BGren diakroniazko hipotesiak gezurtatzeko egindako ikerketa enpirikoak (supra I.3) ebaluatu beharra daukagu. Gorago aurkezturiko ikerlanetariko batzuek BGren aldeko emaitzak eskaini dituzte: Slobin (1963), Kocher (1967), Weinberg (1969) eta Weinerman (1976). Lambert eta Tuckerrek, berriz, BGren hipotesi diakronikoen aurkako emaitzak aurkitu uste dituzte.

Edozein modutan ere, batzuetan eta besteetan, alde eta aurkako emaitzak eskaini dituzten ikerketa enpiriko batzuetan metodologiazko huts nabariak daude. Izan ere, BGk bilakaerazko joera jakin bat iragartzen du, eta Kocher, Slobin eta Lambertek bilakaera diakronikoa barik, gauzen egoera jakin bat ikertu zuten; hau da, diakroniazko ondorioetara iristen diren ikerketa sinkronikoak dira. Alde horretatik, ikerketa hauen metodologiak neurri batean baliogabetu egiten ditu ateratako ondorioak. Bilakaera behar bezala gezurtatzeko, ikerketak gutxienez XIX-XX mendeen bitarteko epealdia besarkatu behar luke eta horretarako hiru eratako diseinuak lirateke erabilgarriak: a) “panel” tankerako ikerketa, aldi desberdinetan lekuko berengandik emaitzak jasoz; b) “joerako” ikerketa, aldi desberdinetan erakusgarri desberdinak erabiliz; c) “pseudo-joerakoa”, aldi batean belaunaldi desberdinetako lekukoak erabiliz. Diseinu horietariko batez baliatu diren ikerketa diakroniko zorrotz bakarrak Weinberg eta Weinermanenak dira eta biek BGren diakroniazko hipotesien aldeko emaitzak erakutsi dituzte.

Gauzak horrela, ikerketa enpiriko gehienak BGren diakroniazko hipotesiak baieztatzera datozela ematen du. Are gehiago, Lambert eta Tuckerren emaitzak, simetriazko joeraren edo baieztapenaren ildotik interpreta daitezke, baldin eta hizkuntzekiko gure ikuspegiak faktore- eta maila-aniztasuna onartzen baditu.

Munduko zenbait tratamendu-sistemari eskaini diogun bigarren kapituluan aipatzen diren ikerketa gehienak BGren ildotik doaz, hots, metodologiazko gorabehera handiekin bada ere, gehienek Brown eta Gilmanen diakroniazko hipotesiak baieztatzen dizkigute.

Nolanahi ere den, bilakaera historikoari bagagozkio, puntu ilunena, beharbada, “elkartasuna” ardatzaren sarrera-aldiari dagokiona da (Wales, 1983). BGn “boterea” Erdi Aroan sartu zela zehazten da, baina ez da behar bezala zehazten noiztik aurrera sartu zen jokoan elkartasunaren ardatza.

Akatsak akats, gu geu, gehienbat BG eredu teorikoaz eta Friedrichen zehaztapenez baliatu gara geure ikerketan.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Brown eta Gimanen eredu teorikoaren ebaluazioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3