Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:6:1

Familiaren esparrua

ONDORIOAK

  1. Euskaraz ez da batere ohikoa pertsona berarekin tratamendu bat baino gehiago maiztasun berberaz erabiltzea; normalean tratamendu berbera erabili ohi da pertsona bakoitzarekin. Hau da, gorabehera handirik gabeko kontua izaten da tratamendu-aukerarena.
  • Gainera, euskal tratamendua sarritan ohiturazko zerbait izaten dela dirudi. Egiten den aukera egiten dela, hasierako hura bihurtzen da gero ohiturazko, “nola hasi hala segi” printzipioaren arabera.
  • Esanak esan, tratamendu-aldaketaren posibilitatea ez dago itxita, ezta gutxiago ere. Hala ere, noizbehinka gertatzen diren aldaketak gehienetan adierazkorrak izaten dira, aldarte edo testuinguru berezi baten adierazpide eta ondorio, alegia.
  • Gure ikerketa honetan zeharka baizik ez dugu ematen halako erabilera ohiz kanpoko edo markatuen berri.
  1. Oro har, familiaren esparruan beste inon baino maizago ager daiteke hiketa. Edozein kasutan ere, aurreko baieztapenaz ez dugu esan nahi familia barruan hiketa arau guztiz orokorra edo unibertsala denik, ezta gutxiagorik ere.
  • Hasteko, senide nagusiek gazteagokoei hika egiteko joera badute ere, hori ez da inondik inora arau orokorra, hiketaren maiztasuna kasurik onenean (semearekiko harremanean) %70aren ingurukoa baita eta alabaren kasuan %30aren ingurukoa. Hortaz, “goitik behera” ere hiketa ez da arau guztiz orokorra familian. Alderantzizko zentzuan, ordea, senide gazteak beren nagusiagoei zuzentzerakoan, V (eztabada, zuka) eta xuka alokutiboa ia-ia derrigorrezkoak gertatzen dira. Beraz, tratamenduen erabileraren azterketa zentzu bakar batean egin beharrean, zentzu bietan egiten bada, hots, binakoetan oinarritzen baldin bagara, bistara ateratzen da aurreko baieztapenen ondorio garbia: familiaren esparruko tratamenduzko ohitura aski asimetrikoa da, gazteak nagusiagoari V esan beharra baitauka eta berarengandik T jasotzen baitu maiz. Beherago ikusiko denez, familian beste inon familiatik kanpo baino asimetria (T-V, T-X, X-V) gehiago gertatzen dira euskaraz.
  • Are gehiago, senide adintsukoen artean beti tratamenduzko simetria nagusi (T-T, V-V edo X-X) ateratzen den arren, aski deigarria da sexuzko desberdintasunak eta adinezkoak eragiten dituzten asimetrien kopuru altu samarra (%13, %15,9 eta %22,2koa ezkondu, ezkongai eta neba-arreben artean; %15,6koa adin desberdineko anaien artean eta %27,3koa adin desberdineko neba-arreben artean).
  • Edozein modutan ere, aipaturiko asimetriazko joera ez da erabatekoa edo orokorra, erdizkakoa baizik. Parekotasunean oinarritzen ez diren ahaidetasunezko harremanetan, oroz gain, seme, iloba mutil eta biloba mutilarekin nagusitzen den tratamenduzko berdintasunik eza (T-V eta X-T, batipat) da azpimarkagarria. Hala ere, neskekin (alaba, iloba, biloba) eta suhi-errainarekin simetria gailentzen da; hots, noketaren erabilera urriagoaren ondorioz, neskekin V-V eta X-X aukera simetrikoak gailentzen dira asimetrikoen gainetik.
  1. Euskaraz, mendebaldeko hizkuntza gehienetan ez bezala, V-V da legea ezkonduen artean. Hauen lehengo ohitura hikakoa baldin bazen, tratamenduaren aldetik ezkontza halako mugarria izan daiteke, ezkontzaz geroztik eta sarri-askotan ezkontza-atariaz geroztik elkarrekiko V-ra aldatu behar izaten baitute ezkongaiek. Legeak lege, han-hemenka ez dira falta T-T simetrikoaz edota T-V asimetrikoaz aritzen direneko gune bakartuak, salbuespenak, alegia. Ezkonduei buruz aipatu “legea” ez da hain urrezkoa ezkongaien artean, senargai eta emaztegaien artean aiseago (%19,2) urratzen baita V-V-ren aldeko joera. Nolanahi ere, oso adierazgarria izan daiteke hurrengo konparazioa: senargai eta andregaiak gutxiago aritzen dira hika elkarren artean (%19,2), sexu desberdineko adiskideak beren artean baino (%39,5).
  1. Iragarpenen arabera, hitanoa eta, zehatzago esateko, elkarrekiko hitanoa (T-T) haurrideen artean gerta omen daiteke beste inon baino gehiago. Euskarazko emaitzak, oro har, ildo horretatik doaz; hala ere, hikako maiztasuna oso desberdina da sexuaren arabera: %90,3koa anaien kasuan (toka-toka), %48,6koa neba-arrebenean (toka-noka) eta %49,4koa ahizpen artean (noka-noka). Sexua kontuan hartzen baldin bada, portzentaiok, euskaraz gerta daitezkeen altuenak dira, adiskideen artekoak baino altuxeagoak, alegia. Datu erlatiboak eta konparaketa hasierako hipotesia sendotzera datoz, beraz.
  • Hala ere, goiko hikako portzentaiak erlatiboki altuenak badira ere, datu atsolutoak aztertzen baldin badira, konturatzen gara hitanozko emaitzak ez direla altuegiak. Gainera, begi bistan geratzen da toketa eta noketa tratamenduen erabilera desberdina: tokako tratamenduak, guztiz orokorra ez bada ere (kasurik onenean, anaien artean, %90,3koa), bizitza zabala eta osasun ona dituen bitartean, nokakoak, askozaz ere bizitza makalago eta murritzagoa du (kasurik onenean, ahizpen artean, %49,4ekoa).
  1. Familiaren barruan gaudelarik, lotura handiagoko eta lotura makalagoko senidetasunezko harremanak bereiz daitezke hitanoaren erabilerari begira. Goitik behera, adibidez, hika gehiago egiten zaie seme-alabei, biloba eta ilobei baino eta askozaz ere gutxiago suhi-errainei. Berdinen artean, adibidez, haurrideen artean biziki gehiago mintzatzen da hika, lehengusuen eta koinatuen artean baino.
  • Ematen du, beraz, senidetasun-mailak paper garrantzitsua bete dezakeela hitanoaren erabileran. Itxura denez, guraso eta seme-alabek osatutako familia-gunean beste inon baino aiseago azaltzen da hitanoa eta alderantziz, ahaidetasun-mailan urrundu ahala, beherantz egiten bide du T-ren gertagarritasunak. Joera honek nahiko logikoa dirudi, senidetasunezko hurbiltasunak berezko kidetasunak eta adiskidetasunak sorterazten dituela kontuan hartzen bada.
  1. Familiarteko esparruan adina, sexua eta ahaidetasun-maila ditugu bereizkuntzarik erabakigarrienak tratamenduaren hautaketari begira. Aipatu hiru aldagaien artean adinak berebiziko pisua du. Adinaren aldea, bereziki gazteagotasuna, traba larria izaten da hitanoa erabiltzeko, are ahaidetasun-mailaz berdinak direnen artean ere. Teorian adinaren eragozpena inon ezabatzekotan, anaien artean ezabatu beharko litzateke; hala ere, euskaraz anaitasunak ez du guztiz neutralizatzen adinaren eragozpena, anaia dexente zaharragokoarekin jaitsi egiten baita hikako portzentaia.
  • Familiartean adinak jokatzen duen paper garrantzitsua ikusita, familiatik kanpo ere adinezko nagusitasun nabarmenak hiketa berez lekarkeela pentsa liteke. Hala ere, gaztetxo ezezagunari helduak ez dio T ematen familiarteko gaztetxoari ematen dion erraztasunarekin. Hortaz, adinezko nagusitasun hutsa ez da aski hiketa nagusitzeko; kidetasuna, ezagutza edo familiartekotasuna ere ezinbestekoak dira goitik behera hitanozko joera gailen dadin.
  • Adin, sexu eta ahaidetasun-mailarekin batera, zenbaitetan harremanaren maiztasunak ere eragin handia izan dezake tratamenduan. Alegia, tratamenduak ez du zertan berdina izanik lehengusu guztiekin, iloba guztiekin edo koinatu guztiekin; ahaidetasun-maila beraren barruan egonda ere, harremanaren maiztasun eta nolakotasunaren arabera (harreman gehiagokoei T eta gutxiagokoei V), maiz aldatzen da tratamendua.
  • Bigarren maila batean, familiarteko erabilera arauz kanpoko, ezohizko eta markatuen berri eman nahi izanez gero, bestelako aldagai erdi psikologikoak aipatu behar lirateke, hala nola, izakera, osasuna, itxura, e.a. Era berean, ohizko tratamenduaren aurka altxatzen diren noizbehinkako hikako erabilera markatuak esplikatzeko, testuingurura jo beharra dago. Senar-emazte batzuek, adibidez, normalean eztabadaka aritu arren, jai-giroan edo txantxetan hitanora jo dezakete solasari umorezko ikutua ematearren. Orobat, semearekin hika aritzen den amak V-ra jo lezake haserrealdi batean urruntasun psikologikoa adierazteko eta, alderantziz, eztabadaka aritzen dena une jakin batean hiketaz balia liteke lagunarteko kidetasuna edo hurbiltasun psikologikoa adierazteko. Hauek guztiok, adierazkortasuna bilatzen duten erabilera markatuak dira eta gure ikerketan zeharka baizik ez ditugu jaso.
  1. Haurrekiko jokabidean ez dago batasunik tratamenduaren erabileraz. Askok txikitatik egingo omen lioke hika bere semeari; beste askok kozkortu artean ez lukete hitanorik erabiliko beren semearekin. Asmoak asmo, errealitatean V omen da gurasoen artean usario zabalduena hiruzpalau urteko seme txikiarekin aritzeko. Hiketa geroztik omen dator, haurra hazitakoan, gizonkeriak edo okerkeriak egiten hasterakoan. Salbuespen ugari duen ohitura honen arrazoia ez dago guztiz argi, baina edozein kasutan ere, herriko jende xehearen ustetan, haurraren ahotik hitanorik ez entzutearren egiten omen zaio eztabadaka edo zuka haur txikiari. Hots, arrazoi psiko-soziolinguistikoak omen dira hasiera batean gurasoak beren semearekin V erabiltzera bultzatzen dituztenak. Argudio herrikoi hori, oinarri sendoegirik ez badu ere, ez dirudi guztiz desarrazoizkoa denik.
  1. Espero zitekeenez, barne-bakarrizketan beste inon eta inoiz baino gehiago erabiltzen bide da hiketa: gizonezkoen kasuan, anaien artean bezainbeste edo maizago eta emakumezkoenean, ahizpen artean baino dexente gehiago. Hala ere, beren buruarekin hika aritzen diren euskaldunentzat T ez da aukera bakarra, bakarrizketan hikako eta eztabadakako tratamenduak, biak, aukera logikoak direlako.
  • Bestalde, bada kontuan hartzeko moduko euskaldun-kopuru bat emakumezkoen artean, bereziki, bakarrizketaz landa hika noizbait egin arren, bere buruarekin hika mintzatzen ez dena. Datu hau nahiko harrigarria da eta agian hiketaren eta bereziki noketaren izaera markatuarekin du zerikusia.
  • Hortik aparte, bakarrizketan hika aritzen diren emakumezkoen artean noka da usarioa nor bere buruari mintzatzeko. Hau da, hiztuna bitan banatzen deneko bakarrizketa elkarrizketatuan nahitaez islatu behar da emakumezkoaren sexua (zer egin dun?); emakumea noketa erabili beharrean gertatzen da, solaskide bere burua hartu duela eta bere buruari zuzentzen ari zaiola konturatzen den neurrian. Aitzitik, bakarrizketa den alegiazko elkarrizketan solaskidearen kontzientzia argirik ez baldin badago, hots, hiztun emakumea inori bereziki -ezta bere buruari ere- zuzendu gabe ari baldin bada, orduan toketa nagusitzen da bakarrizketan eta eztabada ere ez da ezinezkoa.
  1. Animaliekin mintzatzeko hiketa da berezko tratamendua euskaldungo hikatzailearentzat. Pertsonekin hika nekez edo kostata aritzen direnek ere, aise onartzen dute tratamendu hau animaliei zuzentzeko.
  • Bestalde, sexuaren araberako hautaketari bagagozkio, animalia emeekin erabilera arruntena eta zabalduena toketa denez gero, esan daiteke noketa dela tratamendu markatua toketaren aldean. Emetasuna ageri-agerian ez bada eta berariaz azpimarkatu nahi ez bada, toketa da aukera seguruena eta ohizkoena animalia emeekin.
  • Edozein modutan, animaliei mintzatzeko ohizkoena T bada ere, zenbait euskaldun bi tratamenduez (T eta V) baliatzen dira bereizketa bitxi eta xelebreak ezarriz. Zenbaitetan, tokian tokiko gizarteko erabilerazko arauak animalien mundura mimetikoki islatuz edo beste irizpideren batez, animaliaren arabera T edo V erabiltzen da, lege finkoegirik gabe gehienetan. Beste zenbaitetan, bien arteko aukera adierazkortasunaren araberakoa izaten da, hiztunaren aldartearen araberakoa, adibidez, hitanoa umore txarrez eta V maitekiro edo aniamaliagandik zerbait ona eskuratzekotan.
  1. Hiketa (euskararen gainerako tratamenduak bezala) berez eta jatorriz solaskide bakarrari mintzatzeko tratamendua izan arren, gaur egun guztiz hedatuta dago tratamendu honen erabilera talde bati mintzatzeko. Erabilera hau berezi samarra da eta gramatikaren ikuspuntutik begiratuta, ez dirudi zuzenegia.
  • Berez, gramatikaz, bat baino gehiagori zuzentzerakoan, pluralean neutralizatuta geratzen da tratamenduen arteko aurkakotasuna, pluralean bigarren pertsonako izenordain bakarra (zuek) eta adizkera bakarra (zarete) baitauzka euskarak. Hala eta guztiz ere, gramatikalki kontraesana bada ere, adizkera alokutiboen bidez posible da adieraztea zein tratamenduri loturik ari den burutzen jarduna. Talde bati zuzendutako jardunean ezagun da hika ari dela hiztuna, ez pertsona-izenordainengatik (ni, zuek, gu…), ezta bigarren pertsona argumentala islatzen duten adizkerengatik (zarete, duzue, dakizue…) ere, adizkera alokutiboengatik baizik (izan nauk, joan nauk, ikusi diat…). Jende aurreko hikako solasetan, alokutiboa ez da komunztadurazko gertakari gramatikal hutsa (gramatikaz ezkontezinak baitira entzule-aniztasuna eta alokutiboak islatzen duen bigarren pertsona singularra), solas-mailan egiten den tratamendu-hautaketaren agergarria baizik.
  1. Orokorrean, familiaz kanpoko gizarteko harremanetan hitanoa tratamendu markatua da, V-ren aldean ozta-ozta erabiltzen da eta. Beti ere, euskaldungo hikatzaileak osatzen duen gutxiengoari gagozkiola, ondoko datu orokorrak azpimarka daitezke.
  • Elkarrekiko hitanoak (T-T), sexu bereko adiskide adinkideen artean du azaltzeko probabilitaterik handiena (%76,3aren ingurukoa). Adiskidetasuna garrantzi handikoa da, maila desberdineko, sexu desberdineko eta adin desberdineko adiskideen artean eta are batera mailaz eta adinez kidekoak ez diren adiskideen artean T-T izaten baita aukera nagusiena. Lankide eta ikaskideen artean ere T-T erabiltzen da nagusiki (%59,4 inguruan), baldin sexukide eta adinkideak badira.
  • Bestela, maila eta sexuzko diferentziak batera daudenean edota adin eta sexuzko desberdintasunak batzen direnean T-T aukera ateratzen da galtzaile V-V-ren aurka eta zer esanik ez, gauza bera jazotzen da maila, adin eta sexuzko desberdintasunak batera daudenean. Adibidez, adiskideak sexu-desberdinekoak izatera, hitanoak nabarmenki egiten du behera, emaitzak T-T, V-V eta T-V aukeren artean banatzen eta zatikatzen direlako. Hortaz, aipatu bi kasuez landa (kide eta adiskideez landa), ez da bat ere ohizkoa hiketa simetrikoa.
  • Gizarteko harremanetan, familiakoetan ez bezala, tratamenduzko asimetria ez da sekula nagusitzen aukera simetrikoen gainetik. Gizarteko harremanetan, adinezko nagusitasunak eragindako T-V erabilera asimetrikoak behin ere ez du lortzen familiaren eremuko nagusitasun garbia V-V aukeraren gainetik. Familia barruan mutilekiko harremanetan T-V aukera V-V baino biziki maizago gauzatzen den bitartean, familiatik kanpo aurki daitekeen asimetriarik handiena -mutiko kozkorrarekikoa- ez da hain nabaria, orduan ere V-V, T-V baino maizago gertatzen baita. Bestalde, mailazko berdintasunik ezak ez du tratamenduzko asimetriarik eragiten.
  • Ondorio gisa, euskal gizarteko harreman gehienetan (adiskide eta kideen artekoetan eta agian besteren batean izan ezik) kortesiazko tratamendu simetrikoa (V-V) jaun eta jabe dela esan dezakegu.
  • Adibidez, adiskidetasunezko lotura eduki ezik, sexu eta adin bereko langile eta nagusiaren arteko harremanak nagusiki (V-V=%77an) V simetrikoaz gauzatu ohi dira; era berean, ezagutzak egiten dituzten ezezagunen artean V-V nagusitu ohi da (%81). Eta egoera formaletan zer esanik ez, hitanoak ez du ia-ia tokirik horrelakoetan; esate baterako, aita-ama baten eta institutuko zuzendariaren arteko bileraren kasuan (V-V= %95ean) edo bere nagusia izango dena (etxeko andre nahiz etxeko gizon gaztea) ezagutzen duen neskame zaharrarenean (V-V, %93,3an eta %91,8an). Salbuespenak salbuespen eta asimetria posibleak gorabehera, gauza bera esan liteke ikasle eta maisuaren arteko harremanaz, apaizarekikoaz, jatetxeko bezeroaren eta zerbitzariaren artekoaz (V-V= %85,3an), etxeko andre eta neskame gaztearen artekoaz (V-V= %71,6an) edota neskame zaharraren eta etxeko gizon gaztearen artekoaz (V-V, %74,2an). Aipaturiko kasu guztiotan, hiztunak sexu desberdinekoak izatera, areagotu egiten da V-V eta T-V aukeren gertagarritasuna eta murriztu, erabat, hitanoarena (T-T). Orobat, ezezagunen artean, are adinaren alde nabarmenena egonda ere, joera V-V nagusitzekoa da (%65,9an, hamar-hamabost urte gazteagokoari mintzatzerakoan eta %50,4ean mutiko kozkorrari zuzentzerakoan).
  • Hitanoa tratamendu markatua baldin bada, are markatuago gertatzen da beroriketa. Mugaz bestaldean ezezaguna den tratamendu hau ongi ezagut ezin dezakegun iraganaren aztarnatzat har daiteke, hain da hilzorizkoa bere gaurko egoera. Galdutzat eman daiteke, zahar-zahar batzuetatik kanpo inor gutxik erabiltzen duelako. Salbuespenak salbuespen, gaur egun, apaizarekin baino ez da erabiltzen, baina duela zenbait hamarkada zabalagoa izan omen zen bere eremua (mediku, albaitari, maisu eta gainerako jende ikasiak osatua). Beroriketak, euskararen gainontzeko tratamendu guztiek ez bezala, nahitaez islatzen du mailazko menpekotasuna, beroriketa simetrikoa ez baita aukera erreala edo gertagarria. Tratamendu honi asimetria datxekio, inoizko asimetriarik handiena, hain zuzen ere. Bere iraganaz ezer gutxi dakigun arren, azken mende honetako galtze-bilakaera azkarra ikusita, zalantza sortzen zaigu ea beroriketak inoiz erro sakonak izan dituen euskal gizartean eta ea ez ote den izan goitik (jauntxo eta elizgizonek) bultzatutako usario berri eta erdi ezarria.
  1. Familiaren eremutik at, honako hauek dira tratamenduaren erabilera ohizko, neutro edo markatugabea baldintzatzen duten aldagai nagusiak: kidetasuna, adiskidetasuna, adina, sexua eta maila.
  • Oro har, gutxi dira kidetasunik gabe hika aritzen diren euskaldunak, kidetasuna ezinbesteko baldintza baita elkarrekiko hitanoa (T-T) maiz (V-V baino maizago) gerta dadin. Elkarrekiko harremana -berau lanekoa, auzokoa, herrikoa edo jolasekoa izan dadin- aski izaten da berdinen artean, adiskidetasunik gabe ere, hitano simetrikoa maiz jazotzeko.
  • Lankidetasuna, auzokidetasuna, herrikidetasuna eta jolaskidetasuna, besteak beste, T-T-ren bultzagarri izaten dira sarritan eta are sarriago, aspaldidanikako edo betidanikakoak baldin badira. Honek guztiak esan nahi du hurbiltasun psikologikoa, elkarrenganako estimua edo adiskidetasuna ez direla baitezpadako baldintzak hitanorako, guztiz lagungarri gertatzen badira ere. Kidetasunak hitano simetrikorantz (T-T) bultzatzen baldin badu, kidetasunik ezak ez du asimetriarik (T-V) eragiten, elkarrekiko kortesia (V-V) baizik.
  • Kideen artean hiketa sarri jazotzen bada, adiskideen artean inoiz baino sarriago azaltzen da. Hortaz, kidetasunarekin batera, adiskidetasuna hiketaren eragile garrantzitsuenetariko bat da, garrantzitsuena ez bada. Adiskidetasunak, kidetasunak bezalaxe, simetriak (T-T, bereziki) sortarazten ditu eta sekula ez asimetriarik. Hala ere, familian bezala, hitanoaren aldeko baldintza guztiak bete direlarik ere, ez da guztiz segurua hikako tratamendua; alegia, adiskidetasunak ez dakar beti eta nahitaez hitanoa.
  • Azpimarkatzekoa da kidetasunak eta adiskidetasunak T-T aukeraren alde izan dezaketen eragina ez dela albo-hizkuntzetakoa bezain nabaria, ez baita adinaren eta sexuaren ondoriozko asimetriak erabat berdintzeko edo ezabatzeko lain.
  • Tratamenduari begira, adina funtsezko aldagaia gertatzen da euskaraz. Azken batean, kidetasuna eta adiskidetasuna neurri handi batean adinari lotuak azaltzen zaizkigu: kideak normalean adinkideak izan ohi dira eta etimologiaren arabera adiskideak ere bai, “adinez kideak”, alegia. Adinkidetasuna ez da izaten aski T-T nagusitzeko eta gehienez ere, hitano elkarrekikoaren gutxienezko baldintzen artean aipatu beharra dago. Adin-desberdintasunak, ordea, T-T aukeraren aurka jokatzen du, zenbaitetan tratamenduzko asimetriak sortaraz ditzakeelarik. Oro har, adinezko nagusitasunak erraztu egiten du hitanoaren erabilera eta gazteagotasunak oztopatu. Ondorio garbia asimetriaren posibilitatea da; posibilitate nahiko urria, nolanahi ere, familiaren esparrukoarekin alderatzen badugu.
  • T-T maiz gertatuko bada, sexukidetasuna egon behar du. Sexuzko desberdintasunak garbiro jokatzen du elkarrekiko hitanoaren aurka eta V-V/T-V soluzioen alde; horrela, kasurik onenean, sexukide ez diren adiskideen artean lagunarteko tratamendua (T-T= %39,5) eta kortesiazkoa (V-V= %32,3) nahiko parekatuta geratzen dira. Beraz, orokorrean sexuzko desberdintasuna T-T aukeraren eragozgarri galanta izaten da. Bestalde, ondorengo atal batean hobeto ikusiko denez, toketa eta noketa tratamenduen bizitza eta erabilera erabat bestelakoak dira. Toketak askoz ere bizitza eta eremu oparoagoak dauzka, noketak baino eta ondorioz, sarritan gertatzen dira asimetriak (T-V, T-X) emakumezkoaren alde, are neba-arreben eta adiskideen artean ere.
  • Mailak ere bere garrantzia dauka. Aski ez bada ere, mailazko parekotasuna nahitaezkoa da T-T maiztasun handiz azal dadin eta alderantziz, mailazko desberdintasunak elkarrekiko hiketaren aurka jokatzen du. Hala ere, nagusitasuna eta menpekotasuna normalean ez dira kodetzen T-V asimetriaren bidez. Alegia, adinak eta sexuak ez bezala, mailak ez du asimetria narbarmenik eragiten, mailazko desberdintasunaren aurrean gehienetan V-V nagusitzen da eta.
  • Maila edo estatusa garrantzitsua bada ere, ezin esan daiteke gauza bera klase sozialaz edo klase sozioekonomikoaz; historikoki euskal gizartea ez da izan hierarkizalea eta egun, agian, are inoiz baino gutxiago. Ondorioz, tratamenduak ez dira bereizten solaskidearen ondasunen, jatorri prestuaren edo leinu argiaren arabera, berarekiko menpekotasunezko edo berdintasunezko harremanaren (maila edo estatusaren) arabera baizik.
  1. Aipaturiko bost aldagai nagusiez gain, badira kontuan hartu beharreko bestelako aldagai eta bereizgarri pisuzkoak.
  • Lehenengo eta behin, testuingurua aipatu behar da. Euskaraz tratamendua, erabileraren erabileraz errotutako ohitura den neurrian, nekez aldatzen da testuinguruagatik. Hala ere, oso kontuan hartu behar da nortzuen aurrean burutzen den solasaldia, entzulego-moetak neurri handi batean baldintzatzen du tratamendua eta. Talde baten aurrean mintzatzerakoan nekez agertuko da hitanorik, taldekide guztiekin bakarka hika aritu ezik. Bestalde, tartean ohituraren indarra ez baldin bada, asko igertzen da testuinguruaren eragina. Harreman baten hasieran, esate baterako, egoera formalek ez dute inolako biderik ematen hitanorako; aitzitik, erabat oztopatzen dute lagunarteko tratamenduaren aukera. Zenbait egoeratan eta lekutan alderantziz gertatzen da; mendian eta tabernan, adibidez, agian beste inon baino berezkoago eta egokiago gauzatzen da T-T, tokiak desberdintasunak ezabatu eta kidetasunak sorterazten baititu.
  • Hizkuntzazko urruntasunak eta jatorriak eragin meharra omen dute tratamenduaren gain. Hala ere, kontuan hartzeko moduko gutxiengo batek (%11-%17,6) bere herrira mugatzen du hitanoaren erabilera eta beste multzo handiago batek (%16-%25,3) bere euskalkira. Ez da erraza jakitea mugatze horien zioa, hala ere, pentsatzekoa da bietariko arrazoiak egon daitezkeela kanpotarrekin hiketa ez erabiltzeko: alde batetik, hiketaren ikuspegi meharregia, betidaniko ezagun eta kideei mugatua; eta beste alde batetik, hizkuntzazko arrazoiak, urruntasun dialektala, alegia.
  • Aipatuez gain, tratamenduen erabileraren berri emateko, oso garrantzitsua da joera mimetikoa kontuan hartzea( ). Mimesizko joera zentzu bitan gertatzen da: batzuetan ezohizko edo ausardiazko hitanoari berdin erantzutearren sortzen da T-T, biziki gazteagokoaren ausardiari erantzunez edota kideko ezezagunaren joera hikatzaileari erantzunez; beste batzuetan, alderantziz jazotzen da eta, adibidez, adiskideetariko bata, hika mintzatzen ez dakiena edo hala aritzen ez dena baldin bada, V-V nagusituko da asimetria faltsu baten desegokitasuna saihestearren.
  • Psikologiak ere badu eraginik. Begikotasunak, gogaidetasunak eta izakera-berdintasunak elkarrekiko hitanorantz bultzatzen bide dute: solaskidea norberaren araberakoago eta probabilitate gehiago dago T-T azal dadin. Gainera, kidetasun psikologikoaren ondorioz azkarrago (afari batean, adibidez, ordu batzuen buruan) gerta daiteke hitanoranzko (T-T) aldaketa ezagutu berrien artean.
  • Tratamendu-aldaketari gagozkiola, lehendabizi, aldaketaren zailtasuna azpimarkatu behar dugu. Ezagutu berriarekin euskaraz ez da aldameneko erdaretan bezain azkar aldatzen lagunarteko tratamendura. Batzuek, elkar ondo ezagutzeko adinako denbora (aski denbora luzea) behar izaten dute hitanora jotzeko eta beste batzuek, sekula ere ez omen dute hika egiten adiskide berriekin. Edozein kasutan ere, beste hizkuntza batzuen aldean, euskaraz T-ranzko berezko aldaketa ez bide da hain erraza eta berehalakoa. Bestalde, ez dirudi hizketagaiak tratamendu-aldaketarik eragiten duenik.
  1. Singularreko bigarren pertsonako izenordainaren (hi) hautaketak nahitaez dakar komunztadura morfologikoa menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietako (enuntziatiboetako) aditz jokatuan, komunztadura bikoitza, ekarri ere. Horrek esan nahi du bigarren pertsona alokutiboa adizkeran islatu behar dela, bigarren pertsona argumentala islatzen den bezalaxe. Hi izenordainaren aukera eta adizkera alokutiboena ezin askatuzko eran daude loturik euskaldungo hikatzailearen gogoan. Hikako tratamenduak (gainerako tratamendu alokutiboek bezala) horixe du bereizgarri, beste hizkuntzetako tratamenduen aldean: aditz jokatuarekiko komunztadura bikoitza.
  • Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietan soilik (enuntziatiboetan) erabiltzen da literatur tradizio landuan. Orokorrean gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behenafarreran eta zuberoeran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, menpeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipatu legea, gazteen artean batipat (45 urtez beherakoetan).
  1. Beraz, iraganean boterezko berdintasunik eza kodetzeko joera (T-V) egun baino askoz handiagoa izan zela onartuz gero, ia-ia bere osotasunean postula daiteke gaur egungo euskararentzat R. Brown eta A. Gilmanen lehen hipotesi diakronikoa (cf. I.1): familiatik kanpo garbiro ageri da V-V simetrikoranzko joera; eta familiaren eremuan “boterezko semantika” deiturikoaren aztarnak ugari diren arren ugariegiak inguruko hizkuntzetakoen aldean, boterezko asimetriak tratamenduaren bidez (T-V) kodetzeko uzkurtasuna, edo hobeto esan, V-V-ranzko joera garbia ikusten da neskekiko harremanetan (alaba, iloba eta biloba neskak).
  1. Behin simetriazko V-V zabaldu eta orokortuta, joera sartaldeko hizkuntzetan T-T-rantz dela defenditzen duen bigarren hipotesiari dagokionez (cf. infra. I.1), esan beharra dago, salbuespenak salbuespen, gaurko euskaran ez dela somatzen horrelako bilakaerarik. Gaurko euskaran, maiztasunezko hitano simetrikoa aukera berezi eta markatua da, senidetasunezko harreman jakin batzuetara (haurrideak, lehengusuak eta koinatuak) eta adiskide eta kideen arteko harremanetara mugatua; eta edozein kasutan ere, zalantzaren aurrean V-V izaten da aukerarik ohizkoen eta seguruena. Bestalde, sexuzko eta adinezko desberdintasunek, asimetrien eragileak diren neurrian, elkarrekiko hitanoaren aurka eta V-V aukeraren alde joka dezakete etorkizunean. Hitz batez esateko, ez dirudi inola ere T-T orokortzeko bidean dagoenik. Gainera, bildutako iritzien arabera, gaur-gaurkoz ez dirudi euskaldungo hikatzaileak begi onez ikusiko lukeenik familiartean, behinik behin T simetrikoranzko aldaketarik. Are gutxiago, euskaldungo osoa gogoan hartzen bada, orduan joera garbi-garbia somatzen baita kortesiazko tratamendu elkarrekikoa (V-V) orokortzeko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Familiaren esparrua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3