Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:6:2

Barne bakarrizketa eta beste

40- Pentsatzen zaudenean, zeure buruari nola egiten diozu hika edo zuka?

  • a) Txabi, Txabi… ederra egin duk!/Nekane, Nekane…ederra egin dun!
  • b) Txabi, Txabi…ederra egin duzu!/Nekane, Nekane…ederra egin duzu!

GIZONEZKOEK: HIKA V BIETARA (T ETA V) OROTARA 86 10 12 108 %79,6 %9,2 %11,1

EMAKUMEZKOEK: HIKA X V BIETARA OROTARA 43 10 25 16 94 %64 %10,6 %26,5 %13,7 X=XUKA; V=EZTABADA, ZUKA.

Hitanoa noiz edo noiz erabiltzen duen euskaldungoaren gehiengoak hika hitz egiten dio bere buruari. Barne-bakarrizketan inoiz baino hitanozko emaitza altuagoak espero zitezkeen eta gure datuek hipotesi hori baieztatzen dute. Hala ere, barne-bakarrizketan T maiz azaltzen bada ere, ez da inola ere euskaldungo hikatzaileak bere buruarekin aritzeko erabiltzen duen tratamendu bakarra. Jokaera zerbait aldatzen da sexuaren arabera.

Gizonezkoetan, gehiengoa hika aritzen omen da nagusiki barne-bakarrizketan (%79,6); multzo txiki batek (%11,1), ordea, bietara egiten omen du. Bereizi ditugun bi jokamoldeok ez dira elkarren aurkakoak, elkarren osagarriak baizik. Barne-bakarrizketan batzuetan nor bere buruari mintzatzen zaio, espreski hartzen dugu geure burua solaskidetzat; halako alegiazko bakarrizketa elkarrizketatuetan T izaten da derrigorrezko tratamendua. Beste batzuetan, ordea, geure artean, inori zuzendu gabe aritzen gara hizketan; horrelakoetan ez da harrigarria eztabadaka aritzea.

Gauzak horrela, normalean hika aritzen direnen multzoa (%79,6) eta noizbait hala mintzatzen direnena (%11,1) batuz gero, hikako emaitza aski orokorra ateratzen zaigu: elkarrizketatutako lekuko gizonezkoen %90,7a, hika (berau bakarrizketako tratamendu bakarra ez bada ere) mintzatzen zaio bere buruari.

Emakumezkoen kasuan hikako portzentaiak dexente apalagoak dira. Hala ere, nagusiki hika aritzen direnak (%64) eta bietara aritzen direnak (%13,7) batuz gero, T garbiro nagusitzen da (%77,7) emakumezkoen bakarrizketan ere. Zalantzarik gabe, hau da nokako emaitzarik altuena, ahizpen artekoa (%49,4) baino dexente altuagoa.

Beraz, bai gizonezkoen kasuan, bai emakumezkoenean, bete egiten da psikologiazko printzipio oinarrizkoenek bakarrizketarako aurrikusten duten joera hikatzailea; aurrikuspen horren arabera, hiketaren probabilitateak bakarrizketan beste inon baino handiagoa izan behar luke. Euskaldunen jokamoldea psikologiak aurrikusitakoaren araberakoa da, hikako emaitzak bakarrizketan inoizkorik altuenak baitira (anaien eta ahizpen artekoak baino are altuagoak).

Esanak esan, elkarrizketaturiko populazioa hikatzailea dela gogoan hartzen bada, daturik harrigarriena V-ren maiztasun handitxoa (%9,2koa gizonezkoetan eta %26,5ekoa emakumezkoetan) izan daiteke. Emaitza hau azaltzeko, agian, T-ren izaera markatuegia postulatu beharko genuke.

41- (Emakumezkoei, bakarrizketan hitanoa erabiliz gero) Jo dezagun pentsatzen zaudela: hurrengo bietatik zein aukeratzen duzu zeure buruari mintzatzeko, nola esaten diozu zeure buruari?

  • A) “Nekane, Nekane, zergatik esan duk hori? Zer egin duk?

Orain egin duk egitekoa! Nekane, Nekane, ederra egin duk orain!”

B) “Nekane, Nekane, zergatik esan dun hori? Zer egin dun? Orain egin dun egitekoa! Nekane, Nekane, ederra egin dun orain!”

A) TOKA B) NOKA 3 43

Inoiz Mitxelenaren eta Lafonen esanak gaizki ulertuta bestelakorik esan bada ere (Kintana, 1992), emakumezkoen artean noka da usarioa nor bere buruari mintzatzeko( ). Gure emaitzek ez dute zalantza-izpirik uzten. Goikoa bezalako bakarrizketa “elkarrizketatu” batean, emakumeak nahi eta nahi ez islatu behar du sexua, bere burua solaskidetzat hartu duela konturatzen den neurrian, behintzat. Fikziozko elkarrizketa horretan hiztuna bitan banatzen da eta ezin dio ez-ikusi egin bere “alter ego”aren sexuari. Bestelako kontua dugu, hiztuna bere buruari ez, baizik eta inori bereziki zuzendu gabe bere buruarekin( ) bakarrizketan ari denean. Auzi horixe dugu aztergai hurrengo galderan.

42- (Emakumezkoei, bakarrizketan hitanoa erabiliz gero) Jo dezagun pentsatzen zaudela: hurrengo bietatik zein erabiliko zenuke?

  • A) “Ene, gaizki egin diat!”
  • B) “Ene, gaizki egin dinat!”

A) TOKA B) NOKA C) EZTABADAKA 11 34 5

Egia aitortzeko, neure zalantzak agertu behar ditut galdekizunaren egokitasunaz( ), esku artean darabilgun auzi korapilatsu hau erabakitzeko. Izan ere, bakarrizketarena, uste baino askozaz ere arazo konplexuago eta abstraktuagoa da( ).

Itxuraz, goiko emaitzetan bi joera aurkako azaltzen zaizkigu. Alde batetik, barne-bakarrizketan toka arituko liratekeen emakumezkoen joera dugu (11 erantzun); beste alde batetik, noka mintzatuko liratekeena (34 erantzun). Kontraesanezko emaitzok ez dira bat ere argigarriak eta are gutxiago erabakigarriak.

Gakoa erantzunen interpretazioan egon litekeela uste dugu. Bakarrizketa deritzoguna, funtsean, ez da elkarrizketa berezi bat baizik, norbera bitan banatzen deneko halako fikziozko elkarrizketa, alegia. Gauzak horrela, litekeena da hiztunak bakarrizketan alegiazko erdibitze desberdinak irudikatu ahal izatea bere gogoan eta gero, sortutako barne-irudi horren arabera jokatzea: hiztunak alegiazko solaskidearen kontzientzia argia izan dezake, hots, bere “alter ego”ari zuzentzen ari zaiola pentsa dezake edota inori bereziki, inongo solaskideri zuzendu gabe mintzo den irudipena izan dezake. Hiztun emakumeak, lehenengo kasuan, noketa tratamendua aukeratuko luke eta bigarrenean toketa edo eztabada mintzamoldeak. Hau da erantzunen arteko aurkakotasuna argitzeko bururatu zaigun azalbide bakarra.

Lortutako behin-behineko emaitza hauen arabera, denetarik aurki dezakegu emakumezkoen bakarrizketan:

  • a) Gaizki egin dut (EZTABADAKA) (Inongo pertsona konkreturi zuzendu gabe)
  • b) Gaizki egin diat (TOKA) (Hika, baina inongo pertsona konkreturi zuzendu gabe)
  • c) Gaizki egin dinat (NOKA) (Bere buruari zuzentzen ari zaiola jakitun egonda)

Hona hemen, emakume lekukoei hartutako esaldi batzuk:

TOKA -Mamalatu e(g)in nok?! (Zeanuri) -(H)auxe (d)ok lelokeria egitea! (Zeanuri) -Zer egin yoat?! (Zeberio) -Ah, zer ari nauk?! (Auza) -Hola egin banian! (Ainhoa) -Hori erranen nian, to! (Bardoze)

NOKA -A ze lanaldija egin diñaun! (Etxarri-Aranaz) -Zer ari ote nunen pentsatzen gauzak horren gaizki egiteko!(Lekaroz)

Goiko hipotesiaren arabera, erantzun hauek ez dira bata bestearen ukatzaile, batak ez du ezeztatzen bestea. Berez, bakarrizketa-aukera desberdinen aurrean gaude eta, hain zuzen horregatik, ez litzateke aurkakotasunik bilatu behar lekukoen erantzun itxuraz kontraesanezkoetan.

43- Jainkoari hitz egiten diozunean, baina ez buruz ikasitako errezuen bitartez, nola egiten diozu? A) NORMALEAM B)Inoiz C)_nahiz_ D)Segun_/_

T*       X*        V*       OROT.      T        T/V         T/V
3        -        184       187        -         -           2

%1,6 %98,3 T*=HIKA (TOKA, NOKA); X*=XUKA (ALOK.+-); V*=EZTABADAKA, ZUKA, BERORIKA.

Leizarraga Beskoitzekoak (XVI) Jaungoikoari beti-beti hika egiten badio ere, joera hikatzailea salbuespena besterik ez da gure hizkuntzaren literatur tradizioan. Gaur egungo euskaldungoarengan, agian hemengo elizaren mendeetako arau zukazale orokorraren ondorioz, erabat sustraituta dago zukako usarioa. Frantsesezko eta espainierazko egungo usarioaren aurka, euskaldunak V-ri eusten dio ia-ia salbuespenik gabe.

44- Abere eta animaliei nola hitz egiten diezu? A) NORMALEAM B) Segun_/_

T*       X*        V*       OROT.      T/V   
158      2         9        169        31    
%93,4   %1,1      %5,3

T*=HIKA (TOKA, NOKA); X*=XUKA (ALOK.+-); V*=EZTABADAKA, ZUKA, BERORIKA.

Gehiengo garbiak (%93,4ak) gehienetan hika egiten du animaliekin. Hika egiteko uzkur direnek ere (hitanozko mintzaira esparru ikaragarri mugatu batera murriztu dutelako edota tratamendu hau bat ere gogoko ez dutelako), aise onartzen dute tratamendu hau animaliekin mintzatzeko.

Kontuan hartzekoa den kopuru batek, ordea, egoera animikoaren arabera eta baita animalia-moetaren arabera( ) ere, bi tratamendu (hiketa/ zuka-eztabada; hiketa/xuka) erabiltzen omen ditu animaliekin. Bereizkuntza adierazgarriak atzeman ditugu hemen. Batzuk, esate baterako, umore onez, maitasunez edo berarengandik zerbait ona eskuratzeko asmoz zuka/eztabadaka mintzatuko zaizkio animaliari eta hiketa umore txarrean edo haserrealdian. Beste zenbaitetan, gizarteko arauak mimesi hutsez hedatzen dira animalien mundura edo psikologiazko irizpide bitxiak ezartzen dira. Horrela, ez dira gutxi “animalia handi gazteari toka eta txiki-xahar-maite-eriari xuka/zuka” irizpide xelebre eta mimetikoari lotzen zaizkionak( ). 45- Nola hitz egiten diezu emeak diren animaliei (behiak, txakurremeak, astemeak…)? TOKA NOKA X V OROT. 135 24 11 12 182 %74,1 %13,1 %6 %6,5

X*=XUKA (ALOK.+-); V*=EZTABADAKA, ZUKA, BERORIKA.

Erantzunetatik ondoriozta daitekeenez, hiketaren barruan toketa da tratamendu markatugabea eta noketa markatua. Emetasuna agerian ez bada edota sexu-bereizkuntzarik egin nahi ezean, toketa da erabili ohi den tratamendua.

Hortik aparte, Behenafarroan dexente dira animalia emeekin xuka aritzen direnak. Bistan denez, gizarteko araua ezartzen da hemen, xuka tratamendua errotik emetasunari lotua baitago.

Ildo beretik, banaka batzuek, gizarteko arauari jarraituz, V-ra jotzen dute animalia emeekin mintzatzeko. 46- Aurrean entzule bat baino gehiago dituzula, denentzat (ez bakar batentzat) hitz eginez gero, hika (zuka alokutiboa, xuka alokutiboa) egiten duzu?

BAI BATZUETAN EZ OROTARA 172 1 21 194 %88,6 %0,5 %10,8

Berez, hiketa, zuka eta xuka, mintzalagun bakarrari zuzentzeko tratamenduak dira, jakina denez, pluralean (bai pertsona-izenordainean, bai aditzean) haien arteko aurkakotasuna neutralizatuta geratzen baita. Hori dela eta, batek baino gehiagok gaitzestekoa iritzi izan dio aipatu tratamenduak solaskide-multzo bati zuzenduta erabiltzeari.

Gaitzespenak gaitzespen, egun oso hedatuta dago adizkera alokutiboez baliatzeko joera talde bati zuzendutako jardunetan. Halakoetan, adizkera alokutiboak direla medio, hiztunak agerian uzten du solas-mailan egindako tratamendu-hautaketa. Horrela, izan nauk, joan nauk, ikusi diat…/izan nixi, ikusi dixit… bezalakoak erabiliz, hitanoa edo xuka aukeratu duela erakus dezake hiztunak.

Honelako forma alokutiboak maiz erabiltzen dira adiskideez osatutako talde bati mintzatzerakoan. Gure emaitzen arabera, gauzak horrela dira, baldin eta mintzalagunen taldea aski homogeneoa bada eta taldekide bakoitzari bakarka hika edo xuka mintzatzen bazaio, alegia, baldin gizonezko eta emakumezkoak edo kategoria desberdinetakoak (zaharrak eta gazteak, adiskide eta ezezagunak…) batera ez badaude. Azken baldintza hau bete ezean, tratamendu neutrora (eztabada) jotzen da.

ONDORIOAK

7) Espero zitekeenez, barne-bakarrizketan beste inon eta inoiz baino gehiago erabiltzen bide da hiketa: gizonezkoen kasuan, anaien artean bezainbeste edo maizago eta emakumezkoenean, ahizpen artean baino dexente gehiago. Hala ere, beren buruarekin hika aritzen diren euskaldunentzat T ez da aukera bakarra, bakarrizketan hikako eta eztabadakako tratamenduak, biak, aukera logikoak direlako.

Bestalde, bada kontuan hartzeko moduko euskaldun-kopuru bat emakumezkoen artean, bereziki, bakarrizketaz landa hika noizbait egin arren, bere buruarekin hika mintzatzen ez dena. Datu hau nahiko harrigarria da eta agian hiketaren eta bereziki noketaren izaera markatuarekin du zerikusia.
Hortik aparte, bakarrizketan hika aritzen diren emakumezkoen artean noka da usarioa nor bere buruari mintzatzeko. Hau da, hiztuna bitan banatzen deneko bakarrizketa elkarrizketatuan nahitaez islatu behar da emakumezkoaren sexua (zer egin dun?); emakumea noketa erabili beharrean gertatzen da, solaskide bere burua hartu duela eta bere buruari zuzentzen ari zaiola konturatzen den neurrian. Aitzitik, bakarrizketa den alegiazko elkarrizketan solaskidearen kontzientzia argirik ez baldin badago, hots, hiztun emakumea inori bereziki -ezta bere buruari ere- zuzendu gabe ari baldin bada, orduan toketa nagusitzen da bakarrizketan eta eztabada ere ez da ezinezkoa.

8) Animaliekin mintzatzeko hiketa da berezko tratamendua euskaldungo hikatzailearentzat. Pertsonekin hika nekez edo kostata aritzen direnek ere, aise onartzen dute tratamendu hau animaliei zuzentzeko.
Bestalde, sexuaren araberako hautaketari bagagozkio, animalia emeekin erabilera arruntena eta zabalduena toketa denez gero, esan daiteke noketa dela tratamendu markatua toketaren aldean. Emetasuna ageri-agerian ez bada eta berariaz azpimarkatu nahi ez bada, toketa da aukera seguruena eta ohizkoena animalia emeekin.
Edozein modutan, animaliei mintzatzeko ohizkoena T bada ere, zenbait euskaldun bi tratamenduez (T eta V) baliatzen dira bereizketa bitxi eta xelebreak ezarriz. Zenbaitetan, tokian tokiko gizarteko erabilerazko arauak animalien mundura mimetikoki islatuz edo beste irizpideren batez, animaliaren arabera T edo V erabiltzen da, lege finkoegirik gabe gehienetan. Beste zenbaitetan, bien arteko aukera adierazkortasunaren araberakoa izaten da, hiztunaren aldartearen araberakoa, adibidez, hitanoa umore txarrez eta V maitekiro edo aniamaliagandik zerbait ona eskuratzekotan.

9) Hiketa (euskararen gainerako tratamenduak bezala) berez eta jatorriz solaskide bakarrari mintzatzeko tratamendua izan arren, gaur egun guztiz hedatuta dago tratamendu honen erabilera talde bati mintzatzeko. Erabilera hau berezi samarra da eta gramatikaren ikuspuntutik begiratuta, ez dirudi zuzenegia.
Berez, gramatikaz, bat baino gehiagori zuzentzerakoan, pluralean neutralizatuta geratzen da tratamenduen arteko aurkakotasuna, pluralean bigarren pertsonako izenordain bakarra (zuek) eta adizkera bakarra (zarete) baitauzka euskarak. Hala eta guztiz ere, gramatikalki kontraesana bada ere, adizkera alokutiboen bidez posible da adieraztea zein tratamenduri loturik ari den burutzen jarduna. Talde bati zuzendutako jardunean ezagun da hika ari dela hiztuna, ez pertsona-izenordainengatik (ni, zuek, gu…), ezta bigarren pertsona argumentala islatzen duten adizkerengatik (zarete, duzue, dakizue…) ere, adizkera alokutiboengatik baizik (izan nauk, joan nauk, ikusi diat…). Jende aurreko hikako solasetan, alokutiboa ez da komunztadurazko gertakari gramatikal hutsa (gramatikaz ezkontezinak baitira entzule-aniztasuna eta alokutiboak islatzen duen bigarren pertsona singularra), solas-mailan egiten den tratamendu-hautaketaren agergarria baizik.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Barne bakarrizketa eta beste", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3