Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:6:4

Hitanoaren erabilera: euskalkien arteko erkaketa

ONDORIOAK
1) Hitanoaren erabileraz orokorrean hitz egitea nahasgarri gerta daiteke, deitura horren pean oso erabilera bestelakoa duten bi tratamendu aski desberdinak biltzen baitira: toketa eta noketa. Bereizketa hau funtsezkoa da euskal tratamenduen erabilera aztergai duen ikerketa batean eta are funtsezkoago bihurtzen da azterketa euskalkien arteko konparazioaren ikuspuntutik burutzen denean.

2) Toketaren erabilerari gagozkiola, denetatik zuberoera eta ekialdeko behenafarrerazko hiztunek dirudite hikatzaileenak. Oro har, bi euskalki hauen eta gainerakoen artean alde nabarmena dago, bai familiako harremanetan, bai familiaz kanpokoetan.

3) Familiako kideko eta gazteagoekiko harremanetan, mutur batean joera “tokatzaile” handiena duen zuberoera dugu (%89,1), ondoren EBN (%71), MBN (%60,4), G (%57), B (%43,5) eta IGN (%38,7) ditugu eta beste muturrean lapurtera, hikako joera uzkurrena duena (%29,4).

4) Senide nagusiagoekin ez da inongo euskalkitan ohitzen hitanorik, ezta joera hikatzaileena erakusten duten zuberotarren artean. Hala ere, kontu honetan bada salbuespen bat edo beste. Zuberoan Barkoxe izan daiteke haietako bat eta Nafarroa Beherean Amikuzeko eskualdea (Amorotze, Gamue) beste bat. Herriotan hitanoa barra-barra erabiltzen da eta ez da bat ere harrigarria seme-alabek gurasoekin hika (toka nahiz noka) jardutea.

5) Teorian sortaldeko euskalkietan ez bide dago halako ohiturazko debeku irmorik senar-emazteek eta senargai-emaztegaiek elkarrekin hika jardun dezaten.
Zuberoerazko hiztunen artean, esaterako, toketa izaten da tratamendu ohizkoa senar eta senargaiarekin (%75 eta %81,4). Eta alderantzizko zentzuan ere gauza bera gertatzen da, baldin eta hiztuna noka mintzatzen dakiena bada (noka aritzen diren gure lekuko zuberotarren arabera, hamalautatik hamarretan gertatzen omen da senarra emazteari noka zuzentzea).
Ekialdeko behenafarreraz, tokako joera hain garbia ez bada ere, ez da inola ere gutxiestekoa: %40,4ekoa senarrarekin eta %51,1ekoa senargaiarekin. Eta euskalki berean guztiz berezia dugu Amikuzeko eskualdea, bertan hitano elkarrekikoa baita arau orokorra (%100) ezkondu eta ezkongaien artean. Eta neurri apalagoan bada ere, antzeko joera nabari da Ostibarreko Donaixti-Ibarren.
Euskalkiotan, teorian senar-emazteen arteko hitanoaren aurkako ohiturazko eragozpenik egon ez arren, praktikan maiz gertatzen dira tratamenduzko asimetriak noketaren galeraren ondorioz. Horrela, oro har, toketa/noketa simetriaren aldamenean, maizago ditugu toketa/zuka binakoa zuberoeran eta toketa/xuka ekialdeko behenafarreran.

6) Familia barneko harremanekin jarraituz, kidekoei mintzatu (haurride, lehengusu eta koinatuak) ala gazteagokoei mintzatu (seme, ilobak), beherakada harrigarria nabari da zenbait euskalkitan (gipuzkeraz eta iparraldeko goinafarreraz, batipat eta neurri apalagoan lapurteraz) toketaren erabileran. Datuaren irakurketa sinesgarri baten arabera, baliteke beherakada horrek hitanoaren transmisioaren etendurarekin zerikusirik izatea. Hau da, familian bertan uzkurtasun edo soraiotasunezko jarrera legoke nagusien aldetik, belaunaldi gazteagokoei hitanoa helerazteko. Etendurazko joera hau egiazkoa balitz, hitanoaren galera maiz familiatik bertatik hasten dela pentsatzen hasi beharko genuke.

7) Familiaz kanpoko harremanetan, orobat, zuberoerak eta ekialdeko behanafarrerak jarraitzen dute izaten “tokatzaileenak”. Gainera, sortaldeko bi euskalki hauetan adinak paper garrantzitsuagoa jokatzen bide du. Adibidez, adinezko nagusitasun hutsa aski izan daiteke ezezagun gazteagoekin toka jarduteko. Ondorioz, oro har, sortaldeko euskalkiotan gainerakoetan baino maizago gertatzen dira adinak eragindako tratamenduzko asimetriak (goitik beherako T eta alderantzizko V).
Bestela, gainerakoan, ez dago desberdintasun nabarmenik euskalki batetik bestera eta orokorrean tokako joera da nagusi gizonezkoen artean lankide eta adiskideei mintzatzeko. Usario honetatik aldentzen den euskalki bakarra lapurtera dateke; lapurterazko hiztunak toka aritzen dira adiskideekin baina ez aise lankide besterik ez direnekin. Gorago emandako hurrenkeraren arabera, lapurterazko hiztunek dirudite lotsati eta atzeratuenak lagunarteko tratamendua erabiltzeko orduan.

8) Sortaldeko euskalkietako hiztunak tokatzaileenak badira ere, ezin esan dezakegu gauza bera noketari gagozkiola. Noketak mugaz honaindiko erdialdeko euskalkietan irauten du hobekien.
Gipuzkera eta iparraldeko goinafarrerazko hikako hiztunen artean gauza arrunta da hikako bi mintzamoldeak erabiltzeko usario eta gaitasuna; aitzitik, gainerako euskalkietako hiztun hikatzaileen artean, ohiturarik ezagatik nahiz gaitasunik ezagatik, asko dira (hirutatik bat edo gehiago, batez beste) noketa sekula erabiltzen ez dutenak.
Emaitza hau guztiz adierazgarria da eta noketa tratamenduaren bizitza makalago eta izaera markatuagoa azpimarkatzera dator. Toketa euskaldungo osoarena ez baldin bada, nokako tratamendua are hiztun-kopuru murritzago baten ahotan dabil.

9) Denetarik gipuzkerazko hiztunak dira hikako bi tratamenduak (toketa eta noketa) “normaltasunez” edo sexuaren araberako murrizketarik gabe erabiltzen dituzten bakarrak. Gainerako euskalkietan noketaren erabilerak era guztietako murrizketak eta hutsuneak izaten ditu: eremuzkoak (eskualde batzuetan bai, beste batzuetan ez; familian bai, baina familiatik kanpo ez), adinezkoak (adinekoen artean bai, gazteen artean ez), sexuzkoak (emakumeen artean bai baina gizonezkoek emakumezkoei ez), e.a.
Noketaren euskalkiz euskalkiko bizitzaz eta erabileraz ondoko emaitza azpimarkagarriak gogoratu behar dira.
Zuberoan aztertutako zazpi herrietatik batean (Barkoxen) dauka bizitza oparoa noketak, beste batean (Santa-Grazin) aski bizitza zabala, hirutan (Aiñharbe, Altzürükü eta Muskildin) doi-doi eusten zaio adinekoen artean eta bitan (Larrañe eta Espeize-Ündüreiñen) erdi galdutzat eman daiteke. Ondorioz, Zuberoan noketa atzeraka dabilela eta gazteriak galdua duen neurrian galbidean barrena abiaturik dagoela esan daiteke.
Ekialdeko behenafarreran antzeko joera nabari da (cf.VII. kapt.), baina oraingoan xuka tratamenduarekiko lehiaren ondorioz galtzen ari da noketa. Bi tratamenduok aspaldi sartu ziren lehian eta dagoeneko zenbait eskualdetan ordezpena burutzen ari da tratamendu txikigarriaren alde. Euskalki honetan gaur egun noketaren etorkizun eta bizitza xukaren etorkizun eta bizitzari estekaturik daudela esan daiteke. Noketak, xukarik ez den lekuan irauten du hobekien (Amikuzeko eskualdean) eta xukaren oldar kementsua jasan behar duen eremuan (Garaziko eskualdea) gaizkien; bi mutur hauen artean gainerako eskualdeak ditugu (Arbela, Lapurdiko EBN…). Oraingoz noketa eta xuka ondo gordetzen dituen Ostibarreko eskualdeak (Donaixti-Ibarre) etorkizunean bi tratamenduen arteko borroka nozi lezake, Zuberoako Aiñharben gertatu den antzera.
Mendebaldeko behenafarreran noketak batez ere familia barruan eta familiatik kanpo emakumezkoen artean soilik irauten du bizirik; hortaz, gizonezkoak ez dira aritzen noka emakume adiskideekin, ezta adiskide minak izanda ere.
Lapurdin ere antzeko egoera dugu, noketa galtzeko arriskua handiagoa delarik.
Bizkaierazko eremuan, batetik Aulestia eta Bergara eta bestetik Otxandio eta Abadino herri nokazaleak kentzen baditugu, noketa bakan erabiltzen da: batez ere familia barruan; familiatik kanpo zerbait betiko emakume adiskideen artean. Galduz doa gazteen artean.
Iparraldeko goinafarreran hobetotxoago eusten diote noketari, bereziki familia barruko harremanetan. Bestela, familiaz kanpokoetan emakumeen artean soilik egiten da noka.

10) Euskaraz, oro har, familiako kide eta gazteagoekiko harremanetan noketa bi bider gutxiago (%25,2an batez beste) erabiltzen da toketa baino (%55,5ean batez beste). Toketatik noketara nabari den erabilerazko beherakada hau, gainera, gehiago edo gutxiago, euskalki guztietan gertatzen da; are gipuzkerazko hiztunen artean ere (%57tik %47,4era).
Edozein modutan ere, toketa eta noketaren arteko desoreka edo beherakada muturretako euskalkietan (B, MBN, EBN, Z) ageri zaigu beste inon baino garbiago. Sartaldeko bizkaierazko hiztunen artean toketatik noketara erdira (%43,5etik %22ra) jaisten da hikako portzentaia familian eta sortaldeko hiztunen artean oraindik beherakada larriagoak gertatzen dira sexuaren arabera: MBNz %60,4etik %21era; EBNz %71tik %27,4era eta zuberoerazko hiztunen artean %89,1etik %22,3ra.

11) Gipuzkerazko hiztunak dira familiako kide eta gazteagokoekin noketa gehien erabiltzen dutenak (%47,4ean batez beste); beste muturrean lapurtarrak ditugu, noka aritzeko ohitura eskasena dutenak (%13,8an batez beste); eta tartean (%21etik %28ra bitartean) gainerako euskalki guztiak ageri zaizkigu (B, MBN, Z, IGN, EBN).

12) Behenafarrera bietako eta zuberoerazko hiztunen artean izan ezik, senide kidekoei mintzatzetik gazteagokoei mintzatzera asko jaisten dira nokako portzentaiak. Goragoko seigarren puntuan iradoki dugun ildotik, hiketaren oraingo beherakada honek ere noketaren transmisioaren etendurarekin zerikusirik izan dezakeela pentsatzera makurtzen gara. Irakurketa hau egiazkoa izatera, lagunarteko tratamenduarekiko utzikeriazko edo soraiotasunezko jarrera, muzin eta eragozpenak etxetik bertatik hasten direla pentsatu beharko genuke.

13) Oro har, Euskal Herri osoan noketa oso gutxi erabiltzen da familiaz kanpoko harremanetan. Gizonezkoen artean ez bezala, emakumezkoen artean kidetasuna edo harremana besterik gabe ez da izaten aski hika jarduteko.
Erabiltzekotan, noketa adiskideen artean erabiltzen da eta orduan ere, ez maiztasun berberaz euskalki guztietan. Erdialdeko euskalkietako (G eta IGN) hiztunek halako egoeretan noketa maiztasun handiz (%78,6 eta %72,7) erabili ohi duten bitartean, gainerako euskalkietan adiskideen arteko nokako joerak zerbait markatua izaten jarraitzen du.

14) Oro har, ekialdeko euskalkiak -EBN eta Z bereziki- dira asimetriaranzko joera handiena erakusten dutenak. Asimetriok, maila desberdineko senideen artean ez ezik, sarri kideko edo parekoen artean ere gertatzen dira, nagusiki sexuzko edota adinezko desberdintasunen ondorioz.
Sexuak zeregin garrantzitsua jokatzen du euskalki gehienetan simetriari begira. Hala ere, emaitza edo ondorioak desberdinak dira euskalkien arabera: erdialdeko euskalkietan (G, IGN) sexuzko desberdintasunak ez du asimetria edo auzi larregirik eragiten parekoen artean eta halakoetan T-T izaten da soluziobide arrunta; sortaldekoetan (EBN, Z) auzia emakumezkoaren aldeko asimetriaz konpondu ohi da (T-V nahiz T-X); eta gainerakoetan (B eta L bereziki) sexuzko berdintasunik eza, hitano asimetrikoaren aukera (T-V) baztertuz eta V-V neutroaz erabakitzen da.
Era berean, adinezko desberdintasunak nonnahi asimetriarik eragin dezakeen arren, eguzki aldeko euskalkietan gainerakoetan baino garbiago eta nabarmenago ageri zaigu joera asimetrikoa.
Gauzak horrela, ematen du Brownek eta Gilmanek “boterearen semantika” deritzotenaren aztarnak agerikoagoak direla sortaldeko euskalkietan gainerakoetan baino.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hitanoaren erabilera: euskalkien arteko erkaketa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3