Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:6:5

Xuka alokutiboa eta haren balio pragmatikoa

Ondorioak

1) Lehenengo eta behin, esan dezakegu xuka tratamendua “familiartekoa” dela, eta hori hitzaren zentzu hertsienean; hau da, familiaren esparruan edo senide hurbilen artean beste inon baino areago erabiltzen da xuka. Zentzu horretan, familiarteko esparruaren eta familiaz kanpokoaren arteko bereizketa guztiz lagungarri bihurtzen da, noraezeko ez esatearren. Familiartean, gizarteko bestelako harremanetan ez bezala, xuka goitik behera eta behetik gora erabiltzen da, adinezko desberdintasuna gorabehera. Hortaz, erabilerazko berezitasun honek mugarri nabaria ezartzen du senitartearen eta gainerako esparruen artean eta zentzu horretan xuka berariaz eta oroz gain “familiarteko” tratamendua dela esan dezakegu.

2) Familian, goitik behera hitanoa mutikoekin ohitzen da eta xuka neskatoekin. Bestalde, gazteek ere senide nagusiagoekin xuka jarduten dutenez, ondorioa desberdina da sexuaren arabera: mutikoekin T/V (TOKA/XUKA…) asimetria nagusitzen den bitartean, neskatoekin joera simetriaranzkoa da, elkarrekiko xukaren bitartez (XUKA/XUKA). Hau, euskalkien arteko konparazioaren ikuspegi orokorretik, ekialdeko behenafarreraren bereizgarria dateke.

3) Edozein modutan ere, goranzko xuka ez da neurri berean erabilgarria familiako harreman guztietarako eta senidetasunezko harremanetan urrundu ahala (aitona-amonak, aitagin-amaginarrebak), gorako zentzuan xukako joera ahulduz eta zuka-eztabadakakoa indartuz doala dirudi. Emaitza honek agerian jartzen du xukako tratamenduaren bitarteko balio pragmatikoa, familian HI eta ZU izenordainen artean kokaturik ageri delarik: HI goitik behera eta kidekoen artean, XU hurbileko senide nagusiagoekin eta kideko neskekin eta azkenik, ZU, bereziki aparteko errespetua zor zaien senide nagusiagoekin.

NOLA EGITEN OTE DIO AITONAK BILOBARI?4) Aurreko puntuan aipatutako joeraren ondorioz, XUKA/ZU asimetriazko joera nabari da aitonaren eta biloba neskaren artean eta orobat aitaginarrebaren eta errainaren artean. Hortaz, badirudi mutilekiko TOKA/XU-ZU binakoen aldamenean, XUKA/ZU binako asimetriko berriaren beharra sentitu dutela halako kasu berezietan. Nolanahi ere den, kasu bereziotan ere maizago kodetzen da asimetria mutilekin, neskekin baino.

5) Familiako kideko edo berdinen arteko harremanei gagozkiela, zera esan daiteke: kideko gizonezkoen artean eta kideko gizonezkoei mintzatzeko toketa da nagusi eta sekula ez xuka, salbuespenak salbuespen; emaztekien artean edota emaztekiei zuzentzeko, ostera, xuka erabiltzen da ororen gain, noketa ozta-ozta ahizpen artean (hirutatik bat, batez beste) azaltzen delarik.

Horrela, ahizpak, lehengusinak eta koinatak gehienetan xuka aritzen dira elkarrekin eta, era berean, arrebari, lehengusinari edo koinatari xuka mintzatzen zaizkio gizonezkoak. Anaia, lehengusu eta koinatuek, ordea, toka hitz egiten dute elkarren artean eta emaztekiek tratamendu berbera erabiltzen dute nagusiki neba eta lehengusuari mintzatzeko eta zerbait gutxiago koinatuari zuzentzeko.

Deskribatutakoaren arabera, kideko sexukideen artean simetria gailentzen den bitartean (XUKA/XUKA emakumeen artean eta TOKA/TOKA gizonezkoen artean), gizon eta emakumeen artean asimetria formala gailentzen da TOKA/XUKA binakoaren bidez: emakumeak toka egiten dio gizonezkoari eta honek xuka emakumeari.

Dena den, toketak eta xukak hartzailearen sexuaren araberako banaketa osagarria dutela kontuan harturik, neba-arreben artean-eta jazotzen den TOKA/XUKA asimetria eta horren modukoak itxurazkoak dirateke eta ez mamizkoak, frogatu nahi dugun hipotesiaren arabera ekialdeko behenafarreran xuka noketaren lekuan eta zereginetan, hots, lagunarteko tratamenduaren zereginetan zabaldu baita.

6) Esanak esan, bada senide kidekoen artean pare bat salbuespen xukaren erabilerari dagokionez. Izan ere, ezkongaien artean eta ezkonduen artean indar handiz altxatzen da xuka elkarrekikoaren aukera (XUKA/XUKA), TOKA/XUKA binakoaren aurrez aurre. Kasuok markatuak dira eta sexuaren araberako lege orokorra baieztatzen duten salbuespentzat hartu behar direla dirudi. Hots, salbuespenok, xuka tratamenduak jatorriz duen balio hurbilkor, adierazkor eta maitasunezkoa ez dela erabat ezabatu frogatzen dute gure ustez; hau da, xukak noketaren ordezko zeregina bereganatu duen arren, ez du galdu bere sorreraren arrazoia izan zen ahalmen adierazkorra( ).

7) Gizarteko harremanetan noketaren agerpena bazterreko gertakaria da, are emakume adiskideen artean ere (%22,2=4/18, 67. galderako aspaldiko adiskideen artean). Hortaz, familiaren barnean noketa gutxitan erabiltzen bada, familiaz kanpo are gutxiago.

8) Familiaz kanpoko harremanetan xukak betetzen du noketaren funtzioa eta funtsean ordezko zeregin horixe dagokio eta ez beste. Hau da, xukaren erabilera askoz ere murritzagoa da familiaren esparrutik kanpo: familiatik kanpo, familiartean ez bezala, ez dago xukako joera garrantzitsurik gizonezkoen artean, ez eta adiskide diren gizonezko nagusiagoekin ere.

Xuka gehienbat emakumezkoen artean edota emakumezkoei zuzentzeko erabiltzen dela onartuta ere, erabilerazko ondoko murrizketa gaineratu behar da: hitanoak bezalaxe, zenbait testuingurutan ez du tokirik. Adibidez, ez da bat ere erabiltzen testuinguru formaletan (eskolako edo institutuko zuzendariarekin hasieran, ezta etxeko andrearen eta neskame gaztearen artean edo jatetxeko zerbitzariarekin ere lehen egunean bederen) eta gutxitan elkarrekiko ezagutzarik edo harremanik gabe.

LEHENAGO GEHIAGO ERABILTZEN ZEN HIKA ETA XUKAHala eta guztiz ere, hitanoarekin gertatzen den moduan, harremana eta elkarren ezagutza, azalekoak izanda ere, xukaren eragile garrantzitsuak izaten dira eta, zer esanik ez, are gehiago adiskidetasuna.

Bestalde, adinezko nagusitasun hutsak xukaren erabilpena eragin dezake eta sarritan tratamenduzko asimetriak (xuka goitik behera eta zu alderantziz) ere bai. Bestelako desberdintasunek, ostera, ez dute halako asimetriarik eragiten: mailazko nagusitasun hutsak (48. galderako nagusiaren eta langilearen artean), esate baterako, ez dakar XUKA/ZU tankerako binako asimetrikorik.

9)Beraz, esandakoaren arabera, familia barruan xukak zeregin bikoitza betetzen duela dirudi: bitarteko tratamendu hurbilkorraren zereginaz gain (konfiantzazko senide nagusiagoekin), lagunarteko tratamenduarena (kidekoen artean). Familiatik kanpo, ordea, erabat lagunartekotzat jo daiteke, nagusiki noketaren ordez erabiltzen baita. Zentzu horretan guztiz egokia da Lafitteren oharkizuna, xukari familiartasun handia datxekiola dioenean( ).

Itxura guztien arabera, xukaren erabilera noketaren ordez ez da kontu berria. Hala ere, Bonaparteren garaitik hona asko zabaldu da xukako joera; gaur egun, noketaren ordezpena eta xukaren aldeko joera ez da Arbelako hizkeraren ezaugarria, gertakari nahiko orokorra baizik.

10) Familiaz kanpoko harremanetako xuka lagunarteko tratamendu lautzat hartuta ere, esan beharra daukagu baduela berezitasunik toketaren aldean. Gizonezkoen artean, asimetria ugari (ehuneko berrogeitamarrean, batez beste) sortzen dira adinezko desberdintasunaren eraginez; emakumezkoen artean, aldiz, elkarrenganako tratamendu-berdintasuna edo joera simetrikoa da nagusi.

Beraz, ez dirudi xukaren bidez eta eraginez gauzatzen ari den noketaren ordezpena, sistema-mailan ondoriorik gabekoa denik. Hots, xuka nokaren ordez zabaltzerakoan, simetriarantz edo, hobeto esan, adinezko desberdintasuna tratamenduaren bidez kodetzeko joera ezabatzera jo dute behenafar emazteek.

11) Sexuaren aldetik, bistan da xuka nagusiki (familiako senide nagusiagoen salbuespenaz) emaztekiei ematen zaien tratamendua dela eta, hortaz, hartzailearen sexuak duela ardura eta ez hainbeste hiztunarenak. Hala ere, hiztunaren sexua kontuan hartzen bada, badirudi orokorrean emaztekiek xuka tratamenduaz baliatzeko joera handiagoa agertzen dutela.

12) Xuka mintzatzen den eremuan bada nortasun bereziko eskualde bat, zenbait kontuan orain arte eskainitako ikuspegitik aldentzen dena, Garazi inguruko herriek eta agian beste herriren batek ere osatzen dutena, hain zuzen ere. Eskualde honetan (Donibane-Garazi, Uharte-Garazi, Aizpura, Lasa, Arnegi, Gamarte…) familiatik kanpo ere xuka mintza dakieke eta mintzatzen zaie gizonezkoei.

Tratamendu txikigarria, maizenik, gizonezko eta emakumeen artean suertatzen da, XUKA/XUKA eran; adinezko desberdintasuna gorabehera eta zenbaitetan konfiantza gorabehera, xuka elkarrekikoa maiz gertatzen da sexu desberdinekoen artean. Horrela, adiskideak izanik ere, ez da harritzekoa TOKA/XUKA binakoaren aldamenean, xuka elkarrekikoa gertatzea gizon eta emakumeen artean.

Gizonezkoen artean xuka bakanago gertatzen da. Kideko gizonezkoen artean inoiz gerta daiteke xuka aritzea (XUKA/XUKA), elkar ezagutu artean bederen. Eta maiztxoago gertatzen da gizon ezezagun nagusiago bati mintzatzeko.

Gauzak horrela, eskualde honetan xukak noketaren ordezko tokia barik, HI eta ZU izenordainei dagozkien tratamenduen bitarteko tokia betetzen duela esan daiteke. ZU izenordaina oroz gain egoera eta testuinguru formaletan erabiltzen da, HI batez ere gizonezkoen arteko harremanetarako gordetzen da eta XU gainontzeko testuinguruetarako (emakumeen artean, gizon eta emakumeen artean eta inoiz gizonen artean ere bai). Beraz, xuka Garaziko mintzairan ez da “hain lagunartekoa” eta, euskalkiko beste eskualde batzuetan gertatzen denaz bestaldera, ez dago hitanoaren parean jartzerik. Ez da ahaztu behar hainbat emakume garaztarrentzat xuka ia-ia tratamendu bakarra dela familiaz kanpoko eguneroko harremanetan eta beraz, xuka halakoentzat ia-ia tratamendu neutroa dela, urruntasunezko eta formaltasunezko ZU izenordainaren aldean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Xuka alokutiboa eta haren balio pragmatikoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3