Erabiltzaile Tresnak


gizt:5:6:6

Aldagaiak: sexuaren eta adinaren garrantzia

ONDORIOAK

1) Eztabada edo zukaren aldean hiketa tratamendu markatua dela diogun era berean, noketa ere toketaren aldean tratamendu markatutzat jo behar dela uste dugu. Hau da, hiketa biak toketa eta noketa lagunarteko tratamenduak izanik ere, ez dira zeharo parekoak, noketa “lagunartekoagoa” delako. Noketaren izaera markatua alde bitatik dator: hiztun gutxiago izatetik (euskaldun hikatzaileen %65,7) eta testuinguru gutxiagotan erabilia izatetik. Hortaz, toketa/noketa bereizketa ezinbesteko bihurtzen da euskal tratamenduen erabilera aztertzerakoan.
Korapilatsuagoa da noketaren gaurko izaera markatuaren arrazoiak eta jatorria argitzea. Noketak euskara guztietan izan duen galera edota erabilerazko eremu-galtzea, euskaldunok izan dugun emakumezkoenganako kortesiazko joera bortitzaren ondorio izan liteke, hots, kultur sustrato bateratuaren ondorio. Bestalde, aurreko azalbidea ukatu gabe eta hipotesi gisa, noketaren izaera markatua antzinatik ez ote datorkeen pentsa genezake, toketa/noketa aurkakotasuna betidanik hartzailearen sexua adieraztekoa izan ez balitz (Lafon, 1957: 8-9).

2) Alde handia dago gizonezkoetatik emakumezkoetara hitanoaren erabileran; horrela, gizonezko lankideen artean maizenik hitanoa gertatzen den bitartean (%87,8), hori ez da joera nagusia emakumezko lankideen artean (T=%27,2). Emakumezkoek, gizonezkoek ez bezala, gehienetan adiskidetasunezko lotura behar dute izan beren solaskidearekin hitanora jotzeko eta orduan ere hitanoaren erabilera ez da bat ere gauza segurua izaten (T=%54,6).
Gaineratu beharra dago, bestalde, emakume adiskideen artean mailazko edota adinezko desberdintasuna eragozpen larriak izaten direla hitanorako; horrelakoetan V-V aukera simetrikoa nagusitu ohi da T-T eta T-V aukeren gainetik. Gizonezkoen artean, ostera, hitano simetrikoa gailentzen da nagusi adiskidearekin eta, asimetriak asimetria, baita adiskide zaharragoarekin ere.

3) Mailazko desberdintasunak ez du asimetriarik eragiten, ez gizonezkoen artean, ezta emakumezkoen artean ere. Baina adinaren aldeak (mutiko eta neskato ezezagunaren kasuan, adibidez), noketaren izaera markatuagatik, askoz ere asimetria gehiago (T-V) eragiten ditu gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino.

4) Gipuzkerazko hiztunen artean ez dago hutsunerik noketaren erabileran, hots, gure lekukoen artean ez dago hika bai baina noka aritzen ez den lekukorik. Hala eta guztiz ere, noketak tratamendu markatua izaten jarraitzen du, toketak baino erabilera-esparru eta maiztasun murritzagoa duelako.

5) Lehenbizi hartzailearen sexuari begira egiten den bereizketa dugu, hots, toketa/noketa tratamenduen arteko aldea argitzen duen bereizketa. Behin noketaren erabilera murritzagoa agerian jarrita, hiztunaren sexua kontuan hartzen bada, honako joera hau somatzen da:

TOKA NOKA G –> G > E –> G > E —> E > G —> E G = GIZONEZKOA; E = EMAKUMEZKOA.

Oro har, sexu-kidetasunak elkarrekiko hitanoaren alde eragiten du eta alderantziz, sexuzko desberdintasunak T-ren erabilera gutxitzen du; bestela esateko, oro har, gizonezkoak emakumezkoak baino aiseago aritzen dira toka eta era berean emakumezkoak aiseago aritzen dira noka. Sexu-kidetasunak T-rako bidea errazten duela baieztatzean, ez dugu esan nahi izan sexukideekin mintzatzerakoan nahitaez sexu desberdinekoekin mintzatzerakoan baino T gehiago sortu behar denik; emakumeak, esate baterako, batez beste gehiago aritzen dira hika gizon batekin (toka) emakume batekin (noka) baino. Hots, sexu-kidetasuna baino lehen, toketa/noketa oinarrizko bereizketa dago.

Egia baldin bada hika batez ere gizonezkoei egiten zaiela eta gizonezkoak direla hikatzaileenak, komeni da gogoraztea ekialdeko behenafarreraz alderantziz gertatzen dela xukarekin: xuka emaztekiei mintzatzen zaie gehien eta emaztekiak dira xukazaleenak.

6) Emakumezkoek jarrera eta iritzi itxiagoak agertzen dituzte hitanoaren erabilera ausart eta berritzaileei buruz (ezezagun edota gurasoekin hika aritzea edo zukatik hiketara aldatzea) eta orain arte esan dugunaren arabera, oro har, kontuzago ibiltzen dira hitanoa hautatzerakoan. Labur esateko, emakumeek hitanoarekiko jarrera eta jokaera “atzerakoiagoa” dute.

7) Adinari dagokionez, ondoriorik interesgarriena gazteenen (18tik 30 urtera bitartekoak) jokaerari buruzkoa da. Izan ere, aldameneko hizkuntzetan T-Tren aldeko joera eta bilakaera gazteriaren eskutik eta eraginez gertatu baldin badira, ez dirudi euskal gazteria antzeko bilakabide baten bultzatzaile eraginkorra izan daitekeenik. Hitanoarekiko jokamolde irekiago edo itxiagoa neurtzerakoan gutxienez bi alde hartu behar dira kontuan: batetik, tratamenduzko asimetriarako joera neurtu behar da; bestetik, benetako ohitura edo jokaera hikatzailea neurtu behar da. Irizpide hauen arabera, gure arteko gazteenen (18-30 urte bitartekoak) “aurrerakoitasuna” tratamenduen arloan badaezpadakoa edo erdizkakoa baizik ez da. Lehenengo irizpideari lotzen bagatzaizkio, belaunaldi gazteek “aurrerakoiagoak” dirudite, desberdintasunak (adin, maila eta sexuzkoak) tratamenduaren bidez (T-V) kodetzeko joera apalagoa dutelako eta hikako erabilera ausart eta berritzaileak begi txarrez ikusten ez dituztelako. Benetan duten ohitura edo joera hikatzaileari bagagozkio, ordea, gazteenen belaunaldia ez da gainerakoak bezain hikatzailea. Hitz gutxirekin esateko, gazteenak hiketazaleenak izan daitezke agian, baina ez hikatzaileenak.
Laburbilduz, oraingo emaitzak lehengo ondorio orokorrak (6.2) sendotzera datoz. Batetik, gaurko euskaran T-V aukera asimetrikoa galtzen uzteko joera garbia ageri da; eta hain zuzen, simetriaranzko joera horren eragile nagusia euskal gazteria dela erakusten digute oraingo emaitzek. Bestetik, bigarren urratsari dagokionez, hau da, T-T eta V-V aukera simetrikoetatik lehena nagusitzeko posibilitateari dagokionez, guztiz ezkor azaltzen gara euskararen kasuan, bai baitirudi euskaraz bat nagusitzekotan bigarrena nagusituko litzatekeela. Oraingo emaitzak V-V aukeraren alde mintzo dira: lehenik, gazteek adinekoek baino hiketarako joera apalagoa dutelako; bigarrenik, tokien arabera, adin jakin batetik beherako gazteen artean hiketa galtzen ari delako. Ondorioz, etorkizunari begira, pentsatzekoa da hiketak erabilerazko eremuak eta hiztunak galtzen jarraituko duela.

8) Kaletar/baserritar aldagaiari dagokionez, ezin ukatuzkoa da, oro har, hitanoa euskara bezalaxe baserri-giroan hobeki gordetzen dela. Nolanahi ere, hitanoa biziago egoteak (hiztun gehiago izateak) ez du esan nahi baitaezpada erabilerazko eremu zabalagoa (testuinguru gehiago) izan behar duenik. Bigarren auziari dagokionez, lorturiko erakusgarriaren desorekagatik ezin dugu frogatutzat eman baserri-girokoen jokaera hikatzaileagoa. Dena den, gure emaitza mugatuegiak hipotesi horren alde mintzo direla uste dugu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aldagaiak: sexuaren eta adinaren garrantzia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3