Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:1

Hizkuntza landua, hizkuntza idatzia, batasuna

HIZKUNTZA IDATZIA ETA LANDUA, BETI BESOTIKHizkuntza landua erabiltzeak berarekin dakar, ezinbestean, hizkuntza idatziaren beharra, eta alderantziz ere ber gauza gertatzen da. Zernahi gisaz, bi fenomeno horiek elkarrekin loturik daude, eta batak bestea eskatzen du: hizkera landuak eredu idatzi argia nahi du bere ondoan, eta eredu idatziak, aldi berean, hizkera landua eskatzen du bere altzoan. Arruntean, edo anitzetan segurik, aipatu bi kide horiek, tradizio gehiegi ez badute bat eginik lanean aritzeko, oso eroso sentitzen dira hirugarren batekin elkartzen direlarik: borondate politikoa, aukeratu eredu hori modu batera edo bestera bulkatzeko. Ahalegin hori agerian egiten da batzuetan (lege edo araudi ofizial bat onartuz, adibidez), edo ez hain agerian, baina bai oso modu eraginkorrean, nolanahi ere: aski da itzala duen luma zorrotzeko zuzentzaile bat jartzea izena duen argitaletxe batean. Eta, gainera, ahalegin hori nabarmenago gertatzen da, indartsuago, bultzatu nahi den kontua ez bada hizkuntza moldea bultzatzera mugatzen, baizik hizkuntza bera, inguruko hizkuntzen gainetik, inposatzera. Esan nahi baita, holako egoerak baliatzen direla maizkara ukimenean dauden hizkuntzen artean, hizkuntza ofiziala arautu behar delakoaren aitzakian, hizkuntza horri lehentasuna emateko, eta ondoko hizkuntza bigarren mailan uzteko. Dena den, prozesu horiek guztiak aski mantso gertatzen dira arruntean, beti luzera begira.

Hizkuntza guztiek behar dute batasuna, biziko badira

Horrela, hizkuntza guztiek hartu dituzte beren batasun bideak historian zehar, eta pixkanaka-pixkanaka joan dira hurbiltzen, ia ohartu gabe askotan, gaur egun hizkuntza horretan nagusiki erabiltzen den eredu idatzira. Prozesu hori luzea izaten da, eta historian pisu handia izan du zeregin horretan literaturak, batez ere gizarte bat liburuak inprimatzeko eta hedatzeko gai izan denetik: Cervantes bat agertu denean, eta arrakasta izan duen neurrian, batasuna eman dio hizkuntzari etengabe. Zer ez dugu esango, adibidez, Shakespeare bati buruz, erdiz erdi moldatu baitzuen haren eraginak ingeles klasikoaren eredua, eredu modernoari bide egiteko neurri handi batean. Nebrijak idatzi zuen 1492an gaztelaniaren lehen gramatika, eta XVI. mendearen amaieratik hasi eta XVIII. mendea aski aitzinatua zen arte, hainbeste idazle paregabe izan zituen gaztelaniak. Horrek eman zion batasun handia hizkuntzari, nahiz 1713an Real Academia Española (RAE) sortu zenetik batasun horrek bedeinkazio ofizialak ere izan zituen, eredu gisa idazleek erabil zezaten. Frantzian, Frantzisko I.ak aldarrikatu zuen, Villers-Cotterêtseko araudiaren arabera, frantsesa zela hizkuntza ofizial bakarra. Ez, ordea, edozein tokitakoa, baizik Île de France eskualdean mintzo zen aldaera hartu zen eredu. Eta ondoren Pléyade gisa ezagutzen den idazle eta olerkari multzoak zedarritu zituen hizkuntzaren eredu horren ezaugarriak. Baina kasu horietan guztietan mendeetako lana eskatu izan du hizkuntzaren eredua finkatzeak.

Euskarak ere izan du kezka hori

Hasiera

Gatozen orain gurera. Euskaraz idazten hasi zen unetik beretik izan da kezka nagusia hizkuntza idatzi horrek zer nolako berezitasunak izan behar zituen zehaztea. Edo, horrela argi eta garbi esaten ez bazen ere, idazleek beren kezka erakutsian uzten zuten, aise konturatzen baitziren aukera bat baino gehiago zutela eskura, eta hautua egin bezain laster hiztun batzuk haiek idatzitakoa erraz ulertzeko moduan zirela, baina beste batzuentzat ulertze zailtasunak sortzen zirela aldi berean, hauek arrotz sentitzen baitzuten egin hautua. Leiçarragak aipatzen zuen arazoa bere Iesus Christ Iaunaren testamentu berriaren itzulpena (1571) moldatu zuenean. Urteak geroago argitaratu zen Axularren Guero (1643) lan ezaguna, eta han ere aipatzen du arazoa, adieraziz ezin ziela Euskal Herriko hizkera mota guztiei erantzuna eman, desberdintasun handiak zeudelako toki batetik bestera. Handik urte batzuetara (1657) testu batean paratu zituen Oihenartek euskal atsotitzak eta neurtitzak, eta berriz ere oroitarazten dio arazoa irakurleari. Erabiltzen duen hiztegia azaltzeko beharra ere ikusten du. Eta ber gauza errepikatu da geroago ia etengabe beste idazle askorekin, Larramendi, M.rekin, kasuko.

XX. mendea

BONAPARTE PRINTZEA: INOIZ EGON OTE ZEN EGIPTON?XX. mendean ekingo zaio berriz ere indarrez gai berari: batasun eredu baten aldekoak eta aurkakoak bortizki uzten zituzten agerian beren iritziak eztabaida publikoetan. Anitzek uste zuten hizkuntza laborategi batean ezkubesta zitekeela, hizkuntzaren eredu mintzatua liburu batzuekin edo arau batzuekin alda daitekeela, hiztunak hartara automatikoki lerratuz, baina hiztunek berez egiten dutena sobera kontuan izan gabe. Ideia hori berriz ere bururatu zaio berriki baten bati mende horren bukaeran ere. Egia esateko, Euskal Herriaren zatiketa administratiboak (bi estatu desberdin, eta estatu bakoitzaren barnean beste probintzia batzuk), ez zuen batere laguntzen eredu estandarra bultzatzeko orduan. Ondorioz, aski desberdinak ziren iritziak jartzen ziren mahai gainean: batzuen ustez, komenigarria zen hizkuntza bere jatorrizko garbitasunera eramatea; beste batzuk tematzen ziren hizkuntzatik kendu behar zirela euskarak alboko hizkuntzetatik mailegatutako hitzak; errealistagoak zirenek euskalkiren bat oinarri gisa hartzea proposatzen zuten, funtsean bizkaiera edo gipuzkera, eta beste zerbaitekin osatzea proposatzen zuten, eta abar. Nazionalismoak hartu zuen indarrak, eta euskal kulturaren inguruan sortutako elkarteek hartu zuten bultzadak (batez ere Eusko Ikaskuntzaren sorrerak) egin zuten posible 1918an Euskaltzaindiaren sorrera, Espainian eta Frantzian aspalditik lanean ari ziren hizkuntza Akademien antzera. Euskaltzaindiaren barnean bideratuko ziren geroztik hizkuntzaren inguruko eztabaidak. Euskaltzaindia, zertako? Ortografia arautzeko, euskal hiztegia eratzeko eta euskararen batasuna zehazteko: “euskalgi oroen odolez azitako euskal-eredu bat” eratzeko, zioen arautegiko 6. artikuluak.

Batasunaren kontuak ez zegozkion bakarrik hiztegiari, lexikoari. Ez ziren horiek, gainera, garrantzizkoenak, eredu falta horrek beste hainbeste maila ukitzen baitzituen. Baziren arazo ortografikoak: esaterako, egunero hiztun baten ahotik ateratzen zen “etxe” bezalako hitza, Iparraldekoa edo Hegoaldekoa zen idazlea, ez zen modu batera bakarrik idazten: “etche” edo “eche”. Berdin gertatzen zen “ethorri” eta “etorri”-rekin, edo “hau” eta “au” erakusleekin, adibide xume batzuk jartzearren. Oinarrizko kontuez ari gara, ikusten denez. Jakina da morfologia mailan dauden aldaketa handiak: aski dugu aditzaren paradigma berari erantzuten dioten “zaio”/”jako” erkatzea, edo “dio” eta “deutsa” parean jartzea, adibide aski sinpleak horiek ere.

kakotxa
kakotxa
Si adoptamos el guipuzcoano, como quiere usted, siempre será el euzkera un idioma imperfectísimo, y lo que es más todavía, imperfectible. Las deformaciones que hoy la afean subsistirán en tiempos sucesivos…”, Soloeta (1916, 471)

Edo kasuen kontuekin gertatzen dena: “ameagaz” vs “amarekin”. Horrek sortzen zituen aldaera handiak hizkuntza idatzian: Bonapartek egiten zituen itzulpenen argitalpenetan ikusten da hori aski garbi. “Egipto” bezalako hitz arrunt batek hogei bat modu desberdin izan ditu euskara idatzian (Ejiptu, Ejipto, Egipto, Ijito, Aijito, Aigito, Egypto,…), Gidor Bilbaok (1994, 1.397) erakutsi duen gisan.

Aditz laguntzaile desberdinak, erakusleak, ortografia, morfologia kontuak… dena nahasten zen, eta euskaldun hiztuna berehala ohartzen zen aldameneko herrian ez zirela bera bezala mintzo. Batasuna ezinbestekoa zen. Baina nondik hasi? Nondik hasi, egunero erabiltzen zuten hizkuntzari izen bakarra emateko ere ez baziren gai?: euskara, euskera, eskuara, eskara, euskala, eskuera, eskara, eskera, eskoara, euskiera, uskara, oskara, uskera, uskaa, uska edo uxka hitzekin deitu izan dugu euskaldunok gure hizkuntza. Nondik hasi, hori hain ilun izanik, aldi berean aski arruntak ziren, eta hain tradizio luzea zuten, “arima” edo “eliza”, eta berehala “telefono” bezalako hitzak, gure lexikotik, arrotzetik zetozelakoan, baztertu nahi bagenituen? Nondik hasi gauzak bideratzen, mendía, mendíe, méndie, mendíxa edo mendíxe bezalako formen artean aukera egin behar zelarik?

Euskaltzaindia

Euskaltzaindia sortu eta ez ziren urte sobera pasatu lehenik Primo de Riveraren diktadura, gero Errepublika nahasia, eta azkenean Espainiako gerra zibila lehertu zen arte. Francorekin iluntasun sakona etorri zen: belaunaldi oso bat isil-isil gelditu zen, hartara behartua, edo hilerrien pareten kontra fusilatua. Gerra ondoan, 1946an, Sebero Altubek egin zuen berriz ere, lehenago Azkuek berak egin zuen gisan, gipuzkeraren alde, gipuzkera izan zitekeelakoan denok beharrezkoa zuten hizkuntza ereduaren oinarri sendoa: “Euskalkirik erabiliena aukeratu behar da”. Eta inguruko euskalkien ñabardurekin osatu. Baina ez zuen arrakastarik izan: gipuzkeraz idazten zuten batzuk ere kontra agertu zitzaizkion.

PIERRE LAFITTEFEDERICO KRUTWIGBerehala Federico Krutwigek hartu zion txanda: honen ustez, lapurtera klasikoa hartu behar zen oinarri gisa. Gutxienez, iritzi horrek ordura arteko eztabaida antzuaren mugak hausteko balio izan zuen. Eztabaida ez zen mugatzen gipuzkeraren eta bizkaieraren arteko hautua egitera: Batetik, mahai gainean jartzen zuen historian euskarak izana zuen eredurik arrakastatsuena (Axularren Gero paregabean ageri den eredua); baina, bestetik, eredu hori ez zen erabiltzen, eguneroko hizkeratik desagertua zen. Egia da Krutwigen inguruan kemen handiko jendea bildu zela, baina apustua hasieratik zegoen galdua: ez da kontua lapurtera klasiko desagertua zela. Ez hori bakarrik: kontua zen lapurtera modernoa ere ez zuela jende gehiegik erabiltzen, alde hartan biltzen zen euskaldun kopurua beste eskualdeekin erkaturik aski apala baitzen. Baina bazuen, hala ere, alde bat oso ona: begiak literatura klasikoan jartzen zituen, tradizioan, eta eredu hori Euskal Herri osorako nahi zuen. Gainera, Krutwig beti ibili zen arduratua euskara hizkuntza moderno bihurtzeko, euskara kultura hizkuntza egiteko, azken batean.

kakotxa
kakotxa
“[Mintzo derbedineko hiztunek modu naturalean sortzen duten hizkera izango da…] más perfecto, más lógico, más natural que el formado artificialmente por las academias y los eruditos” (Francisco Grandmontagne, 1960, 385)

Urte horietan idatzi zuen Pierre Lafittek ere bere gramatika ezaguna, 1944an, nafar-lapurteraren nolabaiteko idealizazioa eginez. Eta, praktikan, espresuki hartarako ez bazen ere, beste eredu bat jarriz mahai gainean. Eta guztien artean ez zen falta izan Ipar Ameriketako euskaldunek garatutako eredua onartzea proposatzen zuenik, egia baitzen han Baigorriko norbait eta Markinako beste lagunen bat elkartzen zirenean, ezinbestean, beste hizkuntza komunik ez izaki, euskaraz konpondu behar zutela elkarren artean. Bi-biak “jaieskulera” bidaltzen zituzten haien seme-alabak Oregonen edo Arizonan, hau da, ez jaia egiten zen eskola batera, baizik institutu batera: “high school” batera. Eredu horrek ere ez zuen arrakastarik izan batasuna bultzatu nahi zutenen artean.

Aresti, Txillardegi eta Baionako bilkurak

TXILLARDEGIARESTIBaina gauza batekin eta bestearekin, eztabaidak goiti-beheiti, oinarriak jarriak ziren, eta arazoa irtenbide bat emateko egoera behar bezala umatua zegoen: gazteek, eragileenek, mundua ere beste begi batzuekin ikusten zutenek, batasuna behar zuten, batasuna nahi zuten. Eta hori eskatzen zuten. Txillardegik ere, haien artean. Ez hori bakarrik: urteekin, batasunean azkenean onartu den eredua, esan daiteke, Txillardegiren buruan hasi zen egosten.

Batasuna Txillardegik egin lanari lotua dago, beraz. 1963ko udazkenean hasita, eta 1964ko udaraino hasi ziren batasun kontu honetaz arduratuak ziren zenbait lagun hilabetero elkarrekin bilkurak egiten, Euskal Idazkaritzak antolaturik, Baionako Kordelieren karrikako 14. zenbakian, lehen solairuan. Han egon zenetako batek, Jean-Louis Davant-ek (2012), esaten digun gisan: “bizpahiru ETAko, beste hainbat EAJko (haietan Telesforo Monzon), ni Enbatakoa, Roger Idiart irakaslea, azken bilkuretan beste hiru apez: Andiazabal, Hiriart-Urruty eta Lafitte”. Hara joandakoen artean, Txillardegi zen, beharbada, eragile nagusietako bat. Urte horren azken egunetan, abuztuaren 29an eta 30ean, hain zuzen, jarri ziren batasunaren lehenbiziko harriak, jardunaldi berezi batzuetan, eta han erabakitakoa Yakin-ek (horrela deitzen zen garai hartan) argitaratu zuen 1965ean. Ez ziren, noski, hutsetik abiatu: 1959an argitaratua zuen dagoeneko Arestik Maldan Behera, Koldo Zuazoren ustez (1989, 272), “gerora euskara batua deituko zen eredu estandarraren adibide gardena”. Beste anitzek ere iritzi bera dute. Gauza bera edo aski antzekoa dio Mitxelenak Bergaran aurkeztu hitzaldian (Euskaltzaindia 1978, 473). Baionako horren ondotik argitaratu zen Baiona'ko Biltzarraren Erabakiak izeneko dokumentua. Davantek berak geroago egindako txosten batean (2005, 209) biltzen du ezin baino hobeki bizi zuten batasunaren grina:

Batasuna, Euskaldunen betiko ametsa eta nahikaria… Batasuna, harri zaharretan eta erredoletan, bai eta behinere baino gehiago, euskal bihotzetan barna sartua den helburua… Batasuna, Euskal Idazkaritzak zuekin Euskaltzaindiaren inguruan, bilatzen duen xedea…

Batasuna, oroz gainetik eta lendabizikorik, gure mintzaia maitean finkatu behar dugun oiñarria… Batasuna izan dadila, gaur eta gero ere, gure griña, gure kezka, gure arrangura lehena. Batasunari esker, agian luzaz biziko dira gure populua, gure Herria, gure Aberria, beste populu, Herri eta Aberri ororen artean.

Baionako erabakiak

Baionako bilkuretan, ortografiako zenbait puntu, postposizio itsatsien markak (“deklinabide” deitu ohi den hori), eta aditz laguntzailearen oinarrizko adizkiak zein diren erabaki zen, neurri handi batean Txillardegik egin proposamenari jarraiki. “H”-ren inguruko lehenbiziko zerrenda ere egin zen han. Funtsean, Arantzazun lau urte geroago bedeinkatu ziren proposamen hauek. Baina tarte horretan, Gerediaga Elkarteak antolatuta, Ermuan ere beste bilkura bat antolatu zen, 1968ko ekainaren 28-30 bitartean, azken bultzada emateko: han ezagutzen zituzten dagoeneko Arantzazun aurkeztuko ziren txostenetako batzuk eta, oro har, bidezko ikusi zituzten eta ontzat eman, nahiz azalpen batzuk ere eskatu zituzten. Idazleen elkartea sortzea erabaki zen, batasunaren prozesua “Euskaltzaindiak berak soilik eraman ezinezkoa” zelakoan (Euskaltzaindia 1969, izenbururik gabeko sarrera), eta batzorde bat izendatu zen horretarako: San Martin, Lizundia, Beobide, Torrealdai, Gereño eta M. Pagola. Aditzaren batasuna bultzatzeko ere Euskaltzaindiak batzordeño bat izenda zezan eskatu zuten, izenak emanez, gainera (Mitxelena, Lafitte, Intxausti, Berriatua, Mendizabal eta Iraizoz), eta konpromiso hartu zuten JAKIN aldizkariak (tartean egin gabeko) Arantzazuko bilkuran hartzeko ziren erabakiei lotuko zitzaiela. Ez, ordea, Anaitasuna, honen helburutzat jo baitzuten Bizkaiko herrialdea batasunaren aldera gertutzen joatea. Mahaiburukoak Lasuen, Aranberria eta Basauri ziren, eta idazkaria, Jose Luis Lizundia. Berehala gaude Arantzazun, Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean. Euskaltzaindiak 1968ko otsailaren 23an egin zuen bilkura Donostian. Batzar agirian hau irakur daiteke: “Aresti’k dio ordua dela euskeraren batasuna serioski artzeko eta biltzar nagusi horretarako gairik bearrezkoena euskeraren batasuna dala”. Baina batzarraren prestatze lanak 1967ko otsaileko bilkurako agerian ikusten ahal dira.

Aldaketa handien garaia

Hitz bat, hala ere, urte haietan gertatzen ari ziren gizarte aldaketa batzuez: ikastolak indarra hartzen ari ziren, eta testuak eskatzen zituzten, umeekin erabili ahal izateko; euskara erabili nahi zuten idazle berriak sortzen ari ziren han-hemenka, belaunaldi aldaketaren seinale (Ramon Saizarbitoriak ondoko urtean aterako zuen bere lehen eleberria); euskara antifrankismoaren sinbolo bizi bihurtzen ari zen bazter guztietan; euskal kultura aldatzen ari zen oro har; Gabriel Arestik urte horretan eskuratu zuen Literaturako Sari Nazionala; euskaltzaleek euskararen tradizio idatziaren ezagutzaren garrantzia aldarrikatzen zuten, eta guztiek oroitarazten zuten eredu idatzi baten beharra. Gizarte osoa zen aldatzen ari, Parisko maiatzaren oihartzuna indarrean zetorren, Pragan eta Portugalen demokraziaren haizeak jotzen zuen, Bilboko unibertsitatea (geroago EHU izena hartu zuena) sortu zen, ordenagailuak ere bidean zeuden (nahiz eta garai hartakoak tramankulo ikaragarriak ziren), eta jende guztia zegoen Pardo izeneko etxera begira, noiz bukatuko ote zen frankismoaren amets gaiztoa eta noiz itzaliko leihoaren barne aldeko argia.

Hori zen ingurumena. Eta horretan euskarak bazuen aurrean, gainera, ahalegin ikaragarri bat: beste hizkuntzek urte luzeetan kurritutako bidea, epe labur batean egiteko beharra zuen. Arantzazu ere hor kokatu behar da. Euskaltzaindiak gerra ondoren egiten zuen zazpigarren biltzarra zen.

— Egilea: Pello Salaburu

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Hizkuntza landua, hizkuntza idatzia, batasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3