Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:10

Eredu estandarra bultzatu zuten bestelako faktore batzuk

Nola egin den batasuna ikusi da aurreko ataletan. Hala eta guztiz ere, ez da egokia den kontu hau hemen besterik gabe uztea, beste zerbait gehiago ere esan behar baita. Inork ere ezin dio ukatu Euskaltzaindiari erakunde horrek izan duen garrantzia batasuna egin eta bulkatzeko orduan. Euskaltzaindiaren lana ezinbestekoa izan da, eta segur aski, hori da bere historian egin duen lanik garrantzizkoena.

Idazleak

LERTXUNDISARRIONANDIASAIZARBITORIABaina nekez izango zukeen horrek eraginik, izan duen eragina bederen, beste faktore batzuk garai berean gertatu izan ez balira. Esan dugu lehen gazteen jarrera batasunarekin eta berehala haiek bat egin zutela. Literaturaren garapena ere aipatu behar da hemen: euskal literaturak orain arte inoiz ere izan ez duen bezalako indarra hartu du azkeneko hogeita hamar urte honetan. Espainiako Sari nazionalak irabazteko gai izan da. Irakurle asko inguratzeko gai izan da. Kalitate ona emateko gai izan da. Euskara ez da salbuespenezko hizkuntza, baizik hizkuntza arrunta izan da jende anitzentzat. Euskal idazle batzuek idatzitakoak beste hizkuntza askotara itzuli dira: Atxagaren kasua nabarmena da kontu honetan. Berarekin batera, esan daiteke Lertxundi, Saizarbitoria edo Sarrionandia bezalako idazleek nolabaiteko “euskal eredu” antzeko zerbait sortu dutela, elkarren arteko desberdintasunak baldin badira ere (Kortazar 2012). Beste maila batean Urretabizkaia edo Irigoien bezalakoak ere aski ezagunak dira. Juan Mari Lekuonak, Gandiagak eta Letek olerki orrialde paregabeak idatzi dituzte, eta belaunaldi gazteak ere ate joka datoz: Elorriaga edo K. Uribe, esaterako. Baina badira beste asko ere: Arretxe baten eleberriak, adibidez, arras ongi saltzen dira, eta Zaldua edo Jokin Muñoz ezagunak dira idazten dituzten historia laburrak direla eta.

Euskal literaturak ere ezinbesteko eragina izan du batasuna garatzeko orduan, eta autoreak izan dira, buletin ofizialak baino gehiago, forma eman diotenak batasunari. Behin eta berriz esaten ari garen bezala, batasuna jende eta elkarte anitzen lanaren ondorioa da, eta oker geundeke hori onartuko ez bagenu.

Hezkuntza eta hedabideak

GOTZON GARATEIdazleekin batera, beste maila batean, hezkuntzak ere garrantzi handia izan du. Milaka eta milaka maisu-maistra eta irakasle ari dira euskara irakasten edo euskaraz ematen beren eskolak, eta horrek halako azal lodi eta berezia uzten du hiztunen artean, gehien-gehienek batasunaren ereduaren barnean egiten baitute beren lana. Hori gertatzen da hezkuntzaren hasierako urteetatik unibertsitateraino. Unibertsitatean sartzeko, adibidez, badira urteak probak egiteko orduan ikasleen erdiak baino gehiagok euskaraz egitea aukeratzen duela. Unibertsitateek ekarri diote euskarari ezinbestekoa zuen beste zerbait: prestigioa, garantiekin aztertzea hizkuntza bera. Asko aldatu dira gauzak Deustuko Unibertsitateak 1970eko hamarkadan euskal ikasketak bulkatzen hasi zenetik, Gotzon Garate, Patxi Altuna eta beste batzuen eskutik. Gero, anitzez gehiago indartu dira ikasketa horiek unibertsitate publikoan. Unibertsitateetan, eta unibertsitate ikasketen inguruan sortutako elkarteen (Elhuyar eta Uzei, esaterako) eraginaz ere. EHUko Euskara Institutua (www.ei.ehu.es) ere sistematikoki ari da euskara modernoari dagozkion material asko jartzen denen eskura: corpusak, hiztegiak eta abar. Hedabideek ere batasunaren aldeko apustua egin zuten beren garaian: irrati gehienek, telebistak, egunkari eta aldizkariek eredu batua aukeratu dute eguneroko jardunean. Egia da tokiko aldizkarietan askotan erabili nahi izaten dela lekuko mintzoa: horrela sortzen dira halako nahaste-borraste batzuk, ez batua ez tokiko hizkera direnak, kuriosoak, eta ez hanka ez bururik dutenak: herriko bitxikeriari eta txokokeriarik handienen ondoan ikus daitezke anitzetan toki horretan inoiz ere erabili ez diren formarik deigarriak. Ostiko bat edo beste ematen diote gramatikari. Eritasun arinaren kontua da.

Eusko Jaurlaritza

Horien guztien atzetik gobernua dago, batez ere Eusko Jaurlaritza (Foru Aldundien edo udalerrien konpetentziak apalagoak dira). Hau azpimarratzeko kontua da, gobernuak hasiera-hasieratik egin baitzuen batasunaren aldeko apustua: nekez aurreratuko genuke batasunean hau horrala gertatu ez balitz. Gobernuari aitortu behar zaio, hortaz, duen meritu guztia, akademiak egin zuen lana babestu zuelako. Jakina, hemen Euskaldiko Erkidegoaz ari naiz. Holako laguntzarik izan ez den tokietan, kontuak okertu dira: Nafarroan ozta-ozta dago hizkuntza, eta Iparraldean gibelka doa, hainbeste hiztun galdu dira han. Gobernuak arrazoi bategatik egin zuen batasunaren aldeko apustu garbia: aldez aurretik EAJ-PNV alderdiak ere barneratua zuelako, eta onartua, zegoen iritzien sasi nahasi hartan, aukeren artean, batasunaren alde jarri behar zuela, hura zela egokiena une hartan. Horrek guztiak bazituen atzean hainbeste bultzatzaile, baina bi izen aipatzekoak eta gogoan izatekoak dira, historian gauza hauek garbi uztea komenigarria izaten baita: batetik, Carlos Garaikoetxea lehendakaria, eta, bestetik, Hezkuntza sailburu zen Pedro Etxenike fisikaria, eta sailean inguruan zituen taldekide guztiak. Eta gobernu osoa. Denen lana izan zen horretan gauzak argi izatea eta arraunlarien gisan denek aldi berean indarra egitea norabide bakarrera. Etxenikek publikoki behin baino gehiagotan esan duenez, batzoki guztietatik pasatu zen, banan-banan, egin nahi zuena azaltzen. Batzuk alde zituen hasieratik, beste asko kontra, horiek ere hasiera-hasieratik. Baina lan handia egin behar izan zuen jendea konbentzitzeko: pentsatu behar dugu hizkuntzaren inguruko kontu guztiek jendea sobera harrotzen zutela, eta berotasun puntua ere maila egokitik aise goitiago jartzen zutela, patxadazko eztabaidak sortzeko orduan. Ezkutuan beldurra zegoean gehienetan, gaizki ulertzeak, interpretazio ez egokiak: zer da h-aren kontu hori? Euskara batua deitzen den hori benetan egia da, edo norbaitek asmatu berri duen kontua? Hori ez da erdarakadaz betea? Nor dago horren atzean, marxistak? Eta orduan argudioak eman behar ziren adierazteko euskara ona edo txarra, egokia egitea edo ez, ez zela h baten gorabeheren kontua: euskara ederra egin zitekeela h-arekin nahiz gabe. Lan handia egin behar izan zen beldurrak uxatzeko, eta arazoa beste nonbait zegoela argi uzteko. Azkenean, beldur horiek desegin zirenean, jelkideek bere egin zuten proposamena. Etxenikek, ez da esan beharrik, hau ere asko publikoa baita, adiskidetasun handia zuen Mitxelenarekin, eta bien artean konfiantza handia zegoen. Biek egosi zuten adostasun politikoa alderdiaren barnean, azkenean jende gehienak proposamena berea egin zuen arte. Alde horretatik ere prozesu bateratzailea izan zen.

Eta aurretik? Aurretik ere bazituen horrek ondorio aipagarriak: batetik, zein aldetara egiten zen apustua, horrek gobernuaren dirua ere nora bideratuko zen markatzen zuen: zorrez betetako euskararen inguruko elkarteak dirua hartzen hasi ziren, batasuna bultzatzeko erabiliko zen dirua. Pentsatzen ahal du norbaitek zer gertatuko zen garai hartan, gobernua, egin zuena egin beharrean, bizkaieraz, gipuzkeraz edo beste mintzo batzuetan idatzitako liburuen argitalpenak bultzatzen hasi balitz? Horrek sortuko zuen bideraezinezko nahaste ikaragarria? Horrela gauzatu zen azkenean, eta hau da aipatu behar den beste zerbait, Etxenikeren proposamenez, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea, 1982an, adostasun handi batekin Eusko Legebiltzarra osatzen zuten alderdien artean.

Hizkuntza gutxitu batek arrakasta izan dezan hiru gauza, gutxienez, behar ditu: legearen babesa, baliabide ekonomiko eta politikoak, eta hiztunen atxikimendua. Urte haietan jarri ziren benetan abian lehenbiziko biak. Emandako urratsak handiak izan dira, euskarak inoiz ere izan ez duen presentzia du gure gizartean, eta oraingo belaunaldien esku dago hizkuntzaren etorkizuna: nahi badute erabiliko dute. Nahi ez badute, hortxe geldituko dira irauliak kontatu ditudan ahalegin hauek guztiak. Historiak bilduko duen gertaera polita izango da aitzindari haiek egindako guztia. Hiztunen atxikimenduaren garaia da, batez ere, oraingoa.

— Egilea: Pello Salaburu

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Eredu estandarra bultzatu zuten bestelako faktore batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3