Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:2

Arantzazuko bilkura: hasiera (1968)

MANUEL LEKUONA, EUSKALTZAINBURUA GARAI HARTANArantzazura hurbildu zirenek 50 pezeta ordaindu behar izan zuten matrikula gisa: hori egitea onartu zen behintzat Euskaltzaindiak Donostian irailean egin zuen bilkuran. Bilera horretan berean A. Zatarainek bere sakelatik 1.000 pezetako bat eman zuen gastuak arintzeko (Euskaltzaindia 1971, 193). “Sociedad Internacional de Azafatas” (SIA, SA) izeneko elkarte batek egindako gutun baten berri eman zen: Arantzazun berehala egin behar zen bilera zela eta, haien zerbitzuak eskaintzen zituzten.

Aldatzeko nahia eta erabakien beldurra

Arantzazuko bilkura hasieran bi gauza nahasi ziren, eta trabatu, elkarren artean: batetik, gogo ikaragarria zegoen batzartutako anitzen artean batasuna lehenbailehen egiteko; bestetik, euskaltzain askok beldurra zuten kontuarekin, beldurra, besteak beste, gatazka larriak sor zitezkeelako. Garbi ikusten da hori garai hartako dokumentuetan. Manuel Lekuona euskaltzainburuaren sarrera hitzetan nabarmentzen da inon baino hobeki: batasuna, bai, baina kasu. Batasuna idazleentzat bakarrik egin behar da. Hizketan, “itz, orain arte bezala, bakoitzak bere eran”, herrian “orain arte bezala”. Literaturan ere, batasuna “idazti errikoietan, ez goi-idaztietan”: “ez olerkietan, eta Nobelistikan, adibidez; hortan idazleak azke gelditzen dirala, bakoitza bere erara”.

Batasuna alor jakin batzuetan bakarrik egin behar da: aldizkarietan (garai hartako aldizkari batzuen izena ematen da: “Zeruko argia”, “Anaitasuna”, “Yakin”, eta abar) ikastoletan (“liburuetan eta jolasketetan”) eta “liturgiaren zenbait zatitan”. Hor bakarrik behar zela batasuna zioen Lekuonak, nahiz zaila gertatzen den argi ikustea erabiltzen zituen irizpideak. Lekuona jauna baimen eske bezala ari da bere sarrera hitzetan. Zeren bidea “zalla” da, gure hizkuntza aberatsa “pobretu” egingo baita batasunaren bidetik, bakoitzak txikitatik izan duena baztertu beharko du, eta besterena hartu: “eta orrek ere min ematen digu”. Nola gorputz gaixoari ebakuntza egiten zaion, gaizki dagoen atala gorputz osasuntsutik bereizteko, hori gertatuko da euskarekin. Euskara indartzeko “beso-bakartu egin bear”, “anka-bakartu egin bear”, mahastiekin gertatzen den bezala: mahats ondoa “iñaustu”, “kimatu” egiten den gisan. “Min protxugarria” da hori. Ez da batasuna, hala ere, “panazea” izango: berdin-berdin hilko da euskara erabiltzen ez badugu.

Oñaztarrak eta ganboatarrak

Baina ez da euskaltzainburua horretan geratzen: non egiten den biltzarra ekartzen du gogora. Oñatin. Eta badakigu zer den Oñati: oñaztar eta ganboatarren tokia, borroken lekua: “Ez gatzazkiela, gure arbaso makur aien urratsai jarrai iñolaz ere”, “ez gatozela Arantzazura, bakoitzak bere ezpata eskuan”. Egin dezagun bakea.

Badirudi bakea egin behar zela borrokan hasi gabe. Adierazgarria da hasierako hitz horien zatirik nabarmenenak holakoak izatea, eta ez batasunari legozkiokeen funtsezko oinarri akademikoen ingurukoak. Horrek islatzen du, neurri handi batean, garai hartan bizi zen gatazka, bi edo hiru belaunaldien artekoa. Biltzar ostean Euskaltzaindiak argitaratu zituen dokumentuetan aipatzen da 1920an eskatu zitzaiela batasunaren inguruko ikerlan bat egin zezaten Campion eta Broussain, P. jaunei. Eta geroztik gai bera izan dutela esku artean behin baino gehiagotan Azkue, Altube, "Orixe", edo Eguskitza bezalako euskalariek. Eta berrikiago gai beraz arduratu direla Krutwig, Villasante, Laffite, Irigarai eta abar. Etorri da, hortaz, ordua, gaiari behar bezala heltzeko, euskararen etorkizunak hain beharrezkoa duen batasuna (“literario batasuna”, sic), garatzeko. Biltzarreko araudia oso xehea da, zehatza: hitza eskatzen duen bakoitzak hamar minutu izango ditu hitz egiteko eta “maaiburukoeri begira mintza bearko dira”. Dena magnotofonoz jasoko da, eta erabakiak hartzeko orduan bozetara joko da. Batzarra irekia baldin bada ere (idazleak, ikastoletako irakasleak…zeuden deituak), boza euskaltzainek eta batzorde teknikokoek bakarrik izango dute, eta hirutik biren diferentzia beharko da erabakia ontzat emateko.

Mitxelena, batzorde teknikoaren buru

RIKARDO ARREGI, BATASUNAREN BULTZATZAILEA, 1942-1969Mitxelena zen batzorde teknikoaren burua, eta mahaiburukoak ziren Haritxelar, Irigarai, Erkiaga, Lafitte, Larzabal, P., Irigoien, Labaien eta Satrustegi (“Beretariko norbaitek uts egitera, bertara joaten diran euskaltzañak beteko dute [tokia]”)1. Euskaltzainburuaren sarrera hitzaldiaz gain, baziren beste hitzaldi nagusi batzuk –ez dakigu zer irizpideren arabera aukeratu zituzten–, espresuki gonbidatuak. Hauek ziren egileak: Mitxelena (“Ortografia”), batzorde teknikoaren izenean; Luis Villasante (“Itzen formak”), Ambrosio Zatarainen (“Itz berriak”), eta Salbador Garmendia (“Deklinazioa”). Gero, argitalpen ofizialetan izenburuak aldaturik argitaratu ziren, eta hurrenkera ere aldatua2. Argitalpen ofizial horretan, hitzaldi horietaz gain, badira beste lan batzuk ere. Horrela, Villasantek egindako “Batasunari buruz bibliografia” izeneko lana eta “Batasunari buruz batzuk agurka eta beste batzuk aurka” izeneko atala, non biltzen baitira, laburturik (“osorik ematerik ez dagoen ezkero”), beste hamabi ekarpen: "Txillardegi", Gereño, Lojendio eta "Iratzeder", batetik, batasunaren inguruan; Mokoroa, Onaindia eta Kamiñazpi, bestetik, batasunaren auziaz, eta “h” letraz; Etxaide, J., Murua eta Krutwig jauna “h” letraren inguruan mintzatzen dira; “batasuna eta izena” aztertzen du Santamaria jaunak eta Kerexeta “deklinazioa” izeneko gaiaz ari da. Eztabaiden parte batzuk ere jasotzen dira (“Elkar-hizketak”), euskaltzainburuaren amaiera hitzak (“Azken-itz”), eta “Batasunerako hiztegia” deitu dokumentua, buruaren azken hitzen ondoren.

Lan horien guztien artean oinarrizkoena Mitxelenarena da. Batzorde teknikoaren izenean aurkezten du, baina ez da dudarik gehiena berak egina dela. Berehala ikusiko dugun gisan, lan horrek euskararen atal asko ukitzen ditu, baina ez du izenburu egokirik. Lehenbiziko argitalpenean “Ortografia” (Euskaltzaindia 1968) izena darama izen nagusi gisa. Bada beste bilduma bat (Mitxelenaren txostena eta hitz zerrenda biltzen ditu), baina hau idazmakinaz egina da, nahiz Kriselu argitaletxearen marka daraman (Ricardo eta Begoña Arregui, 1969). Hor “Ortografiaz” izenarekin ageri da. Ondoko urteko argitalpenean (“Euskera batasuna”) ez du izenbururik: aurkibidean sei atalak ikusten dira (lehenbizikoa bakarrik ortografiari buruzkoa), eta liburua zuzenean hasten da atal bakoitzarekin lehenbiziko atalarekin, goiburuko izen ofizial orokorrik gabe. Ez zuen liburu horrek urte horretako argitalpen txukunen saririk irabazi.

— Egilea: Pello Salaburu

Gaian sakonduz

KOLDO MITXELENA

Zail egiten zait ganorazko zerbait idaztea Mitxelenari buruz. Berak utzi gintuenetik urteak badoaz, eta iragaten ari diren urte hauetan jende anitz mintzatu da, eta ongi, maisu handi hark utzi lanaz. Mitxelena irakasleak idatzitakoak behin eta berriz irakurtzen ditut, eta aldi bakoitzean ohartzen naiz zenbat zekien eta nola zen gauza kezkatzen zuten gaien gainean bere iritzi ongi funtsatua egituratzeko. Itzal handikoa zen Gasteizen ni hara joan nintzelarik eskolak ematera, berak zuzendu zidan tesiaren defentsa egin ondoan. 1983a zen, oker ez banaiz. Tesia idaztea ez zen batere erraza izan. Gogoan dut, nola joaten nintzaion, bi udatan gutxienez, abuztuko larunbat goizetan, Errenteriako bere etxera. Eliza inguruan. Goiz haietan, atzendu gabe dudan esaldi honekin agurtzen ninduen Matildek: “Pues ya le está haciendo sufrir este hombre”. Hala zen, tesia hartu eta, ez pasartez pasarte, baizik lerroz lerro irakurtzen nuen berarekin, bera mahaiaren alde batean zela eta ni bestean. Gustukoa ez zuen zerbait entzuten zuenean expantuka hasten zen, ez nekiela nik norekin haserretzen zen gehiago: lerro hartan aipatzen nuen autorearekin, bere buruarekin, edo zeharka nik esana gogora ekartzen zion beste hirugarren lagunen baten pasadizoarekin. Bazen denetarik. Hola egon nintzen orduan, nahiko galdua, nire kalkuluen arabera hogei bat urte gehiago beharko baikenituen tesia osorik elkarrekin irakurtzeko. Eta halako batean gertatu zen miraria. Ladefoged fonetikaria aipatzen nuen nonbait, eta zerbaiten gainean berak esana biltzen nuen hitzez hitz. “Ez, Ladefoged-ek ez du holakorik esaten, ez da hala!”, bota zidan. Eta nik: “Bai, bai, hala dio”. Nik ez nuen errurik Ladefogedek esaten zuenaz, zernahi zela ere, baina segur nintzen hala zioela. “Non?, non dio hori?” Nik iturria aipatzen nion, hantxe zen idatzia, baina alferrik. Eta horretan, hizketan ari nintzela, hara non nire begiak apalategi batean pausatzen diren eta liburua hantxe ikusten: A Course in Phonetics. “Hor! –esan nion–, liburu horretan esaten du. “Bai?”, tematua segitzen zuen, “non?” Eta lerro bera irakurri nion, baina berak zuen Ladefogeden liburutik orain. “A, egia! Bada, aurkeztu tesia nahi duzularik”. Holaxe amaitu zen eztabaida eta handik aste batzuetara izkribua behar bezala josia nuen, unibertsitatean uzteko. Zalantzan egon nintzen gero Ladefogedi ez ote nion aldaretxo bat jarri behar bulegoan, kandelak eta guzti.

Mitxelenaren fitxa, 1946an kartzelan sartu zutenean Gasteizen nintzela, ate batean ageri ziren Mitxelenaren eskola-orduak, paper batean apuntatuak. Ez dakit zenbat gai irakasten zituen, bi edo hiru. Eta eskola horietara joaten ginen, gainera, ikasleekin batera, irakasle batzuk ere. Patxi Goenaga eta biok behin baino gehiagotan joan ginen elkarrekin, nola genituen gure eskolak, libre ginen edo ez. Gela bitan banatzen zuen iraganbidean ibiltzen zen Koldo, alde batera eta bestera, gelditu gabe, egokitu zitzaion gaiaz, nonbait, mintzo zen bitartean. Eta “nonbait” diot, ez baitzen batere erraza jakitea zein gairi heltzen zion aldi bakoitzean. Ikasle banintz, behin baino gehiagotan egin nuen nire baitan, ez nekike zuzen Mitxelenari egotzitako ikasketen informazio publikoan ageri ziren irakasgai haietatik, zeintan ote zen aldi bakoitzean. Baina gozamena zen hari entzutea. Beti ateratzen zituen gai berriak, bata bestearekin lotu, beste zerbaitekin erlazionatu, tarteka politikako aipamen bat, edo batzuek ezagutzen zuten norbaiten gainean hitz pare bat, eta aurrera segitzen zuen, berriz ere Axular, Lizardi edo Mogel ekarriz eztabaidara. Haren irakaskuntzak mundu bat osatzen zuen, mundu aberatsa, joria, berak bere jakituriarekin xarmanki bideratzen zuena. Eskuetan eramaten zuen plastikozko zigarreta ordain bat, eta noizbehinka begiratzen zion. Beste batzuetan, behatu eta ahora eramaten zuen, txupakia balitz bezala, ez baitzuen plastiko zati hark inolako kerik ateratzen. Edo nik ez nuen ikusten bederen. Ez zen han libururik, ez zen, aski bakanka ez bazen, ohar orririk inon ere. Dena buruz.

Eta? Heriotzak harrapatu eta alde egin zuelarik, huts handia leporatu zion baten batek. Ez omen zuen “eskolarik” sortu, eta hori omen da unibertsitate irakasle on baten oinarrizko eginkizunetako bat. Eta hala da, hori hala da, nahiz hori ere gaur egun gero eta nahasiago gertatzen den, erreferentziak ez baitira orain erakundearen barnean akitzen, eta harremanak nazioarte mailan eratzen baitira. Baina bestea, ordea, ez da egia: nire ustez, eskola handia sortu zuen Mitxelenak. Hiztegi kontuetan bistan da, OEH abian jarri zuenetik, lexikografiak indar handia hartu du Ibon Sarasolak egin duen lanarekin. Baina berdin gertatzen da gramatikan eta beste hainbeste arlotan ere. Gaurko irakasle anitz haren itzalekoak gara, eta harenganik edan dugu. Ez bakarrik eskoletan, eztabaidak eta elkarrizketak eskola formaletatik kanpo ere gertatzen baitziren maizkara. Behin irakasle handi bat ekarri nuen Estatu Batuetatik. Ken Hale MITeko irakaslea zen, eta mintegi bat ematera gonbidatu nuen, urtea Holandan ematen ari zuela baliatuz. Tratu handia nuen minbiziak gazte eraman zuen irakasle harekin eta familiarekin. Bera izana zen Rudolf de Rijk hizkuntzalari holandarraren tesi zuzendaria, urteak lehenago, euskal erlatiboak aztertu zituelarik. Ken Halek ematen zuen mintegi hartan esertzen ginen zenbait lagun, Mitxelena bera ere, eta bien artean sortzen ziren eztabaidak ikustekoak izaten ziren. Ez zen, ordea, han akitzen kontua, gero hoteleko sarrerako besaulkietan segitzen baitzuen eztabaidak. Behin australiar txakurrei buruz aritu ziren, ez dakit zer duten Australiako txakurrek, beste txakurrek ez dutena. Halek ongi ezagutzen zuen Australia, han bizi izan baitzen hainbeste urtez: bere seme zaharrenarekin walpirieraz mintzo zen. Eztabaida horietatik libratzeko eskatu zidan Kenek halako batean, mesedez: “Adieraziko zenioke gaur ezin dudala? Leher egina nago, eta eztabaida horiek agortua uzten naute”.

Euskal Herriak Mitxelenari asko zor badio ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen zorra bereziki handiagoa da. Salamancako unibertsitate historikoa utzi eta hona etortzea deliberatu zuen, gure unibertsitate publikoa indartu nahirik. “Han bezain ongi ez gara inoiz ere ibili gure bizitzan”, entzun nion behin baino gehiagotan Matilde bere andreari. Segur aski ere, anitz zuen galtzeko erabaki horrekin, eta ez gehiegi irabazteko, garai nahasi haietan. Deustuko errektoreak berak esan zidanez, eskaintza ona, izugarri ona, egin omen zioten Deustun, baina berak nahiago izan zuen unibertsitate publiko sortu berrira etorri. Hori nekez eskertuko dugun mesedea da. Unibertsitate gizona zen Koldo, eta bazuen herriaren zerbitzuaren zentzua barneraino sartua. Horregatik ezin izan zien uko egin gainetik beheiti, eta ustekabean, egun batetik bestera erori zitzaizkion ardura batzuei. Lasaiago zegoen , bai, Gaztelako goi ordoki bare hartan, gure giro aldrebestu kalapitatsuan baino.

1987an gizon handi batek utzi gintuen. Maisu handi batek. Unibertsitatea indartu zuen irakasle eta ikertzaile batek. Saihetsi ezin den erreferentzia batek. Eskola ederra sortu zuen, baina zordun utzi gintuen, eta hala segitzen dugu, urteen buruan ere. Ohore Koldori.

(Pello Salabururen artikulu hau OARSO gehigarrian argitaratu zen, 2015eko uztailean (Errenterian)

1 Hemengo aipamen guztiak “Euskeraren batasuna” izeneko dokumentutik hartuak dira. Manuel Lekuonaren sarrera hitzaldia da. Hemen ikus daiteke dokumentua
2 Lanak Euskaltzaindiaren aldizkari ofizialean argitaratu ziren lehenik: “Arantzazu-ko biltzarrak” (sic), 1968, urriaren 3, 4 eta 5-ean”, Euskera XIII, 1968, 137-265. Euskaltzaindiak, ondoko urtean, argitalpen berezi bat egin zuen, “Irakur sail” izeneko bildumari hasiera emanez: “Euskera Batasuna” (1969). Baina edizio berri honetan Villasantek batasunari buruzko prestatutako bibliografia, euskaltzainburuaren sarrera hitzak, “Batasunerako hiztegia”, “Literatura euskeraren batasunari buruz Euskaltzaindiaren agiria” eta euskaltzainburuaren azken hitzak bakarrik biltzen dira. Gainerako hitzaldiak ez dira aipatzen.

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Arantzazuko bilkura: hasiera (1968)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3