Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:3

Arantzazuko bilkura eta Mitxelenaren ekarpena

Mitxelenak Arantzazuko Bilkurarako prestatutako Ortografia txostenak hizkuntzaren batasunarekin zerikusia duten sei atal nagusi ukitzen ditu, xehetasun desberdinarekin, ordea, (parentesi artekoak gure oharrak):KOLDO MITXELENA IRAKASLEA

  • Oinarriak (Zertan oinarritu behar den batasuna)
  • Ortografia (hau da, pentsatzekoa denez, atalik landuena)
  • Hitzen forma
  • Hitz berriak
  • Morfologia
  • Joskera (hau da gutxien lantzen dena)
kakotxa Ezin-bestekoa, hil-edo.bizikoa, dela uste dugu euskera batasun bidean jartzea[…] Nahi eta behar dugun batasun hori, lehen urratsean behintzat, euskera idatziarena, izkribuzkoarena, da[…] irakaste-lanean dugu beharrenik batasun hori[…] Inoiz batera bagaitez, bada, huskeriak baino zerbait gehiago galduko du gure hizkuntzak: begi-beharrientzat hain atsegin den aldakortasun ugaria. Halarik ere, euskerak azal nabar hori kaltegarri duenez gero, nahiago dugu euskera bizia euskeraren edozein axaleko edertasun baino. (Ortografia, Mitxelena, K., Arantzazu 1968) kakotxa

Garai hartan zegoen saltsa eta idazleen arteko tirabirak kontuan izanik, Mitxelenak aurkeztu zuen lanak zerbait erakusten badu sena da hori, zentzu komuna gainezka. Mitxelena berehala konturatzen da euskarak hil edo bizikoa duela batasun bidea. Egokiena litzatekeela, noski, euskaldun bakoitzak gainerako euskalki eta hizkerak ezagutzea, gaurkoak eta antzinakoak. Baina hori ezinezkoa da, eta batasuna egiten bada, eta egitea beharrezkoa da, ñabardura asko galduko ditu eredu horrek ezinbestean. Ez da beste biderik. Eta hori ezin da egin inor ere mindu gabe, Euskaltzaindiak inor ere mindu nahi ez badu ere. Batasunaren inguruko erabakiek bi helburu nagusi dituzte: euskalkiak ez gehiago urruntzea bata bestetik, eta, ahal den neurrian, elkarrengana biltzea. Oraingoz ezin da euskalki bat hautatu oinarri gisa, eta oinarrizkoago diren proposamen batzuk egin behar dira, ez besterik, maila desberdinetan. Gauza asko oraingoz ezin dira ukitu, eta ez da komeni ere ukitzea.

Ortografia

Mitxelenak, hurbileko hizkuntzekin antzekotasun handia duen oso eredu soil eta erraz ulertzeko moduko sistema aukeratzen du: ez, jakina, proposatutako ortografiako letrek euskal soinuak zuzenean eta erlazio biunibokoan aurkezten dituztelako, hori ez baita inongo hizkuntzatan gertatzen. Ezinezkoa da, gainera, definizioz hizkuntza hotsek aldatzeko joera dutelako, eta ortografiako letrek, alderantziz, betiko gelditzekoa. Baina proposatzen duen sistema hotsetatik, nola sentitzen ditugun, hurbilago gelditzen da eta, alde horretatik, beste hizkuntza batzuekin gertatzen dena baino, alfabeto gardenago, nahi bada. Horrela, Baionako Biltzarrean proposatutakoa oinarritzat hartuz, zeinu “berezi” guztiak baztertu eta alfabeto garden bat, f letra barne (historian zehar eztabaidak gertatuak ziren letra honekin, euskalduntasun nahiko ez zuelakoan edo), proposatzen du idazkeran, eta zenbait letra (c, qu, v, w, y) hizkuntza arrotzetako hitzak transkribatzeko bakarrik uzten ditu.

Diagramak (tt, dd, ll, ñ) premia denean bakarrik erabiliko dira, bestela il eta in idatziko da. Hots bustiek ez dute toki gehiegi hartzen proposatzen den sisteman, eta hitz adierazkorretarako bakarrik uzten dira: andereño. Jakina, r bakuna eta rr dardarkari anizkuna bereizi behar dira, betiere kontsonanteen tileta guztiak kenduz. J idatziko da, nahiz gero bakoitzak bere erara ahoskatuko duen, eta antzinako hotsa denean x ere: axola (eta ez ajola). Kontuan hartu behar da neutralizazioen kontua, eta beti n idatzi, berdin dela nola artikulatzen dugun letra horrek ordezkatzen duen soinua: zango, ganbara. Gauza bera r letrarekin: ur eta ura (bi soinu, baina letra bakarra). Zaila gertatzen da arau zorrotzik ematea (t)s, (t)z edo (t)x soinuen ondoko neutralizazioetan: hitz + bide kateak hizpide ematen du, baina hor dugu ikusgarri ere. Ahal dela, ordea, lehenbiziko bidea segituko da, etimologia kontuan hartu gabe. Silaba hastean, n, l eta r ondoren tz, ts eta tx (suntsitu). Araua ez da, dena den, hain zorrotza r-ren ondoren. Hitz amaieran izan ezik, silaba bukaeran tz/z, ts/s, tx/x neutralizaturik geratzen dira: huts baina hustu. Hitz hastean z eta s erabiltzen dira. Baina, hiztunen arabera, x eta tx ere: txori/xori. Hobe bigarren bidea hartzea. Zernahi gisaz, gero batasunak baztertu du proposamenaren puntu hau.

Z/s (eta tz/ts) bereizten ez dakitenek bereizketa hori egiten ikasi beharko dute. H letrari dagokionez ere, Baionako proposamena bere egiten du Mitxelenak: bi bokal berdinen artean (mahai, zuhur) erabiliko da, behar denean bakarrik, eta ez kasu markek sortzen dituzten loturetan: semeei idatziko da. Bi bokalen artean, desberdinak badira ere, behar denean: aho. Silabak bereizteko balioko du, besteak beste: nahiz. Bokal artean ez bedi ordezkatu h hori beste kontsonante batekin: baztertu, hortaz, legor edo egun (lehor/ehun). Hitz hastean hitz batzuek beharrezkoa dute h, eta egokiena da zerrenda bat egitea horiekin (hats, hitz, hotz). Ez da h-rik idatziko kontsonante herskarien ondotik (ate, etorri, baina ez *athe, *ethorri), ez bestelako kontsonanteen atzean: ero, ez *erho. Ez da idatziko h-rik diptongoen ondoan ere (Baina gero batasunak kontrako bidea hartu du batzuetan: auhen, oihan). Grafema honen inguruko beste puntu batzuk aipatzen dira txostenaren atal honetan, geroago lantzeko uzten direnak.

Puntuazio kontuak ere ageri dira, eta Europako hizkuntza gehienek hartzen duten bideari jarraikitzea proposatzen da. Istilu larrienak hitz elkartu eta eratorrietan aurkitzen ditu, eta metahizkuntzaren inguruan. Ba baldintzakoa eta ba baiezkoa berdin idaztea proposatzen du, elkarturik. Bait-i dagokionez, elkarturik, edo loturik (baita edo bait da), printzipioz. Baina, horrekin batera, ezezko ez partikularekin gerta daitekeena aipatuz (ez dago / eztago; ez luke / eluke) egokiago ikusten du beti bereiz idaztea (ez dago), nahiz horrek berarekin daraman ahoskera aldatzeko arriskua. Halaz guztiz, berak nahiago bai bata bai bestea bereiz idaztea (honetan ere batasunak azkenean beste bidea hartu du: ez, bereiz idaztea, eta bait, loturik, dagozkiokeen aldaketa fonologikoekin, noski: Ikus Euskaltzaindiaren Baitu, baikara, bainaiz araua).

kakotxa
kakotxa
Ez luke gai honetan inor mindu nahi Euskaltzaindiak, baina ezin diteke batasunera jo, inor –gerok lehenik gerala—mindu gabe (Ortografia, Mitxelena, K., Arantzazu 1968)

Hitzen elkarketa dela eta, nekez ikusten du hor arau zorrotzik eman daitekeenik, kontuan izanik idazleen artean dauden aukerak: dirugose, diru-gose, diru gose. Hitzaren sorrera urrunekoa bada, elkarturik idaztea onar liteke (galbide), baina bestela bereizirik: hitz egin (hitzik egin ere esan daitekeenez). Aditzarekin agertzen diren “atzizki” batzuen inguruan zalantzak uzten ditu mahai gainean: duenez gero, duen ezkero, baina atzo ezkero, eta abar (batasunak, harrezkero bezalakoak kenduta, bereiz idaztearen bidea hartu du azkenean ).

Hitzen forma

Euskal hitzak zein diren eztabaidatzen du Mitxelenak atal honetan. Euskal hitzen kontua beti baldin bada, neurri batean bederen, idazle, itzultzaile eta euskaltzale guztien kezka, kontuan hartu behar dugu garai hartako giro nahasian, gizarte osoa bil-bilean baitzegoen, kezka hau areagotua zegoela. Eztabaidaren mailak ere anitzetan nahasirik gertatzen ziren, ez jakinik batzuetan zer zen eztabaidak berak ezkutatzen zuen gaia. Ez da harritzekoa, hortaz, txostenean, atal honen hirugarren puntuan, hau irakurtzea:

“Batasunik baldin bada gure artean […] hitzen bat euskaldun guziek edo gehien-gehienek badarabilte, hori da, besterik gabe, onhartu behar duguna”.

Holako hitzak euskal hitzak dira, beste gisa batean esateko.

Hitzik hedatuenak, literaturan gehien erabiltzen direnak, hartu behar ditu euskara idatziak. Batzuetan, kontzeptua bera adierazteko itxura desberdineko hitzak (ate eta borta) izan ditzakegu eskura. Biak hartu, esanahian ñabarduraren sartuz ahal bada. Hots aldaketaren ondorio badira (berri/barri) bat aukeratu beharko da, hedatuena, betiere “jatortasuna” kontuei kasu eginez: bier, ixen, biño, nipe, lez… arbuiatu behar dira hizkuntza idatzian. Holako gehiegi ditugu gure bazterretan.

Forma zaharrago eta berriagoen artean, zaharrenei (erabiltzen badira, noski) eman behar zaie lehentasuna, mailegatze legeak errespetatuz: bekatu, bake, dolare. Betiere, zabalduak baldin badaude. Bazter euskalkietako formak bigarren mailan geratuko dira erdialdekoen parean, hauetatik bereizten badira. Ez, ordea, erdikoa alde batera (burni) eta bazterrekoak elkarren artean bat badatoz (burdina). Orduan azkenekoek lehentasuna.

Erdaretatik etengabe hartzen ditugun hitzek nahaspila sortzen dute, nolanahi hartzen baititugu (anitzetan ez dute aldaera idatzirik ere). Zehaztu behar horietan “-a” itsatsia mantendu behar den edo ez, “-o” edo “-u” behar duen (artikulo/u), “s” edo “z” (z/sopa). Hiztegi ortografiko bat beharrezkoa litzateke. Hiztegi zerrenda bat baino gehiago egin baldin badira ere (berehala atera zuen Euskaltzaindiak Batasunerako hiztegia, Arantzazuko txostena biltzen zuen argitalpen berean), 2000. urtean argitaratu zuen Euskaltzaindiak lehenbiziko hiztegi mardula.

Hitz berriak

Hizkuntzek hitz berriak behar dituzte beti: bere baitarik sortuak, edo aldameneko hizkuntzaren batetik mailegatuak. Baina ez da hitz berririk sortu behar, hizkuntzak baldin badu berea dagoeneko. Hitzak sortzeko orduan hizkuntzaren moldea eta sena izan behar da beti gogoan. Euskaraz hitz elkarketa bereziki baliagarria gerta daiteke, gogoan izanik beti eredu zaharrak (luze –> luzatu) eta analogiak anitzetan bi sistema desberdin elkarren aurka bulkaka dituztela. Gure hizkuntzak sorbide ugari baldin baditu ere, kulturaren arloan kanpora begira jarri beharko ditugu begiak, huts nabarmenak gertatzen baitzaizkigu horrela egiten ez badugu: latinezko aurrizki guztiak (ab-, de-, ex-, dis,…), hain emankorrak direnak, falta zaizkigu. Eta kanpoko hitzak mailegatzean, hitz arruntak badira eta ez arras ikasientzat (edo izen propioak), xinpletasuna hobe: (psikologia, eta ez psykhologia). Bakan batzuetan ez legoke gaizki “v” ere gordetzea: vektore. Eta –logia amaiera dutenetan hobe horrela –lojia baino, horrek ahoskeran nahasteak sor baditzake ere.

Morfologia

Morfologiaz ari denean, hitzen formaz ari da Mitxelena. Eta, bereziki, izenaren eta aditzaren morfologiaz. Izenari dagokionez, biziki gomendatzen du mugatzaileduna (mendiaren, mendien) eta mugatzaile gabea (mendiren) bereiztea, gure artean, “Gipuzkoan batez ere”, hori galtzen ari baita. Hitzek “-a” berezkoa duten edo ez ere jakin behar da. Ontzat ematen du, bestela, Baionako bilkuran onartutako formak, batzuei (mentietatik, guregan) beste marka batzuk gainditzea komeni bada ere (mendietarik, gure baitan). Azpimarratzen du instrumentala errespetatzea komeni dela (ezpatarekin, alde batetik, eta ezpataz jo eta ezpataz mintzatu bereiztea komeni da), eta erakusleen artean dagoen nahastea azpimarratzen du.

Aditzari dagokionez, euskalkietako paradigma osoak bildu behar dira lehenik, beste euskalkietatik gutxien saihesten direnak hautatuz, eta azken orduko berrikeriak (zetoztene) baztertuz. Aditz sisteman komeni da mantentzea gaur egun ere zenbait tokitan indarrean dauden bereizkuntzak (on da eta on litzateke, adibidez). Eta “izenkiak” deitzen dituenak ere bereizi behar dira, noiz erabili: sartu da / sar dadin. Zernahi gisaz, uste du aditz laguntzaile molde bat baino gehiago onar daitekeela: diot formatik nion formara pasatzen bagara, edo deutsat-etik neutsan-era, ez genuke arazorik izan behar diot-etik deutsat-era pasatzeko. dena den, berrogei urte baino gehiago pasatu dira txosten hau egin zenetik: geroztik, aditz laguntzailearen sistemaren forma onartu zuen Euskaltzaindiak (batasunerako deutsat bezalakoak baztertu ditu). Aditzoina (sar) eta partizipioa (sartu) formak argi bereizi ditu: ikus, esate baterako, 28.araua eta 85. araua. Baina formaz aparte ez du deus esan Euskaltzaindiak. Ez du esan noiz erabili behar diren forma horiek (sartu dadin edo sar dadin), nahiz idazle gehienak bigarren horretara makurtzen diren

Joskera

kakotxa
kakotxa
«Euskal-usaia»[…] ongi dago, noski, euskal gaiak darabiltzagunean[…] Hortik kanpora, ordea, badirudi ur garbiaren pare behar duela izan behar bezalako prosak: inongo usairik, kolorerik eta zaporerik gabea (Ortografia, Mitxelena, K., Arantzazu 1968)

Sintaxi eta estilistika kontuen gaineko iradokizun batzuk egiten ditu atal honetan. Hizkuntzaren barruan maila bat baino gehiago bereizi behar da (prosa, elkarrizketa, antzerkia, poesia…), baina euskara idatzia erabiltzeko orduan, euskara menderatzeaz gain, ezinbestekoa da prosa horri kultura kutsu argia ematea. Horretarako kanpotik edan behar dugu, eta hizkera mota hori garatzeko orduan, nazioarteko hizkuntzek zer egiten duten ikusi behar dugu. Ongi dago “euskal kutsua” ematen saiatzea, baina hori azaleko edergarrien kontua da, prosak ur garbiaren pare behar baitu izan: “inongo usairik, kolorerik eta zaporerik gabea”.

— Egilea: Pello Salaburu

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Arantzazuko bilkura eta Mitxelenaren ekarpena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3