Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:4

Arantzazuko beste txosten batzuk

Mitxelenak zentzu komuna ekarri zuen garai zail eta jori haietan. Haren auctoritas akademikoa onartu zen, eta horrek bideratu zuen batasuna. Euskararen enbor bakar eta komuna zaindu behar zen, horrek euskalkien arteko bereizketak urratuko bazituen ere. Euskalkien desberdintasuna aberastasuna izan daiteke hizkuntzarentzat, baina garai hartan batez ere hizkuntzak zuen ahuleziaren seinalea zen:

  • “Literatura-hizkuntza osatu, ala euskalki guziak hil: hau da gure hautakizuna”, zioen Txillardegik (1968, 222).

Hizkuntzaren batasunak zekarkeen (ez batasunak bakarrik, baina ezinbesteko baldintza zen hura) hizkuntzak indarra hartzea.

Esan bezala, beste txosten batzuen berri eman zen, nahiz bilkuran ez ziren denak irakurri. Euskaltzaindiak berehala (1968) argitaratu zituen, batzuk osorik (hiru txosten nagusiak: Garmendia, Zatarain, Villasante), eta besteak (gainerako guztiak) laburturik.

Garmendia

XALBADOR GARMENDIAK KASUEN MORFOLOGIA LANDU ZUENGarmendiak “Deklinazio” izeneko lana aurkeztu zuen1. Funtsean gaur egun ditugun formak proposatzen ditu. Argumentu gisa, horiek dira –dio— autore zahar eta berriek erabili dituztenak gehienetan, eta Azkuek, Lafittek eta Omaetxebarria jaunek ere gauza bera proposatzen zuten beren lanetan. Hori onartu zen, gainera, Baionan eta Ermuan egindako bilkuretan, punturen batean ageri diren eztabaidak alde batera utziz. Absolutiboari (nor) “pasiboa” deitzen dio, eta ergatiboari (nork) “aktiboa”. Instrumentalari (-z) “objetiboa” ere deitzen dio. Ablatiboa eta partitiboa baturik ematen ditu azalpenetan. Leku izenek hartu behar dituzten markez (Tours-ko vs Tours-eko), bizidunenez, a itsatsiaz, indeterminazioaz, eta abar, egiten ditu hainbeste ohar interesgarri.

Zatarain

Zatarainek ohar andana bat egiten du hitz berrien inguruan, horretarako Mitxelenak prestatutako oinarrizko txostena eztabaida ardatz gisa hartuz. Bera ere, Mitxelena bezala, erdaretatik aspaldi hartutako hitzak euskaraz errespetatzearen alde dago: “aspaldian sarturik dagon itza kendu ta bestebat sartu nai edutea ezta pulamentuzko jokabidea, denbora ta kemenak alperrik galtzea besterik ez baita” (Mussolinik italierarekin garai batean egin nahi izan omen zuena aipatzen du puntu honetan). Eta bereizketa batzuk (konfesatu vs aitortu, esaterako) egitea proposatzen du, inguruko hizkuntzetan egiten den gisan. Egia esateko, biziki interesgarria da Zatarainen lana, hitz berrien eraketa dela eta, hainbeste hizkuntzen adibideak jartzen baititu erakutsian, ikusteko nolako zailtasunak aurkituko dituen euskarak. Bistan da, zernahi gisaz, “f” grafema ez duela batere gogoko eta, ahal dela, garbizalea dela. Baina ongi argudiatzen ditu bere arrazoiak.

Villasante

VILLASANTE, KORRIKAREN LEKUKOA ESKUETAN DUELAVillasanteren txostena da, hiru hauen artean, landuena eta eztabaidarako ideia gehien ematen duena. Handik ez luzera euskaltzainburu izango zenaren jakituria aski argi gelditzen da begien bistan lan honetan. Egia da Garmendiak ederki biltzen duela “deklinazioaren” eredua, eta aski praktikoa dela. Zatarainek ere hainbeste gai jartzen ditu mahai gainean. Baina Villasanterenak, ongi argudiatua izateaz gain, aski ongi erakusten du zein izan daitekeen urek hartu behar luketen bidea batasun kontuetan. “Antziñako euskal hitzen formaz” da lanaren izenburua, baina hori baino askoz ere gehiago ere bada (edo gutxiago, nahi bada, bestetik ikusita, hain sakonak dira ukitzen dituen gaiak). Hasierako orrialdeetan zenbait hausnarketa egiten du, nola iritsi diren hizkuntza batzuk batasunera: hiriburu bateko eredua hartuz (katalana eta Bartzelona, lekuko), edo eskualde batekoa (Toskana eta italiera, adibidez), horretan ere desberdintasunak baitaude hizkuntzen artean. Hemen, gure artean, erdialdekoa (lapurtera-gipuzkera) hartu behar litzateke oinarri gisa, desberdintasunak ez baitira hain handiak, nahiz azken orduko txokokeria anitzek euskalki hauen elkarren arteko harremanak ahultzen dituzten: lehenagoko idazkiak errazago ulertzen dira, lekuko, oraingoak baino. Berak uste du Axular aztertzea ezinbestekoa dugula euskararen batasuna egiteko, eta hiztegi bat egiten hasi beharko lukete euskaltzaleek egile horrek erabilitako hitzak kontuan izanik: berak dagoeneko landutako 1668 hitzen berri ematen du (zazpi letra), eta hortik sortzen zaizkion iradokizun guztiak jartzen ditu erakutsian maisutasun handiarekin. Lanak ez du galdu oraindik ere, esan daiteke, beti izan duen gaurkotasuna: aukeratutako gaietan, egiten dituen proposamenetan, ematen duen informazioan, eta batasuna erdiz erdi jotzen duten arazoetan.

Txosten laburrak

Hiru txosten nagusi hauen ondoren datoz gainerako lan guztiak, txosten laburragoetan bilduak: "Txillardegi"k batasunaren beharra, arauak ezagutaraztea eta euskaldun berriak gureganatzearen beharra aipatzen du.

  • GEREÑOGereñok euskara batua kultura bidean sartzearen beharra oroitarazten du.
  • Lojendiok uste du batasuna gipuzkerarekin egin behar dela (“Ez gipuzkera osatu batean. Gipuzkera utsez baizik”), euskaldun gehienentzat errazena delako, eta, haren ustez, “h” letrak ez du tokirik hor.
  • IRATZEDER"Iratzeder"rek argi ikusten du batasunaren beharra, Laphitz, Duvoisin eta Diharasarriren lanetan oinarritua.
  • Mokoroa, J.k ez du ikusten inondik ere euskarak hain beharrezkoa duen batasuna: euskalkien desberdintasunak ez dio kalterik egiten hizkuntzari, eta ez diogu herriari berea ez duen bidetik bultzatu behar. Eta “h” letrari dagokionez, ez da erabili behar: “elorriz eta sastrakaz josita” uzten du hizkuntza.
  • SANTIAGO ONAINDIAOnaindiak batasunaren beharra ikusten du, nahiz ez duen uste hil ala bizikoa den hizkuntzarentzat. Baina askotan horren beharra aldarrikatuta ere, nork bereari eragiten dio (“…istillu geiegi darabilgu euskal idazleok, bakoitzak bere iritziari oso setati eutsi naiean”). Mitxelenaren txostenari atalez atal egiten dizkio oharrak: batzuetan bat dator, beste batzuetan ez. Ez da “h” zalea, testuinguru markatu batzuetan ez bada.
  • Kamiñazpik euskalkien batasunean “euskalkien eriotza” ikusten du. Batasunak ez du euskara indartuko. Dena den, ezinbestekotzat hartzen badu batzarrak, batasuna gipuzkeraren gainean egin bedi. “H” letra ez da erabili behar: hori, idazlea “eragozpenez” (“difikultadez”, argitzen du berak) betetzea litzateke.
  • JON ETXAIDEEtxaide, J.ren ustez, batasuna iristeko “h” letra “honartu” (sic) behar dugun edo ez, hor dago kontua.Ortografian bederen euskaldunok bat etorri beharko genuke. Letra hau baztertuz gero ez dago batasunik, hori egitea, Iparraldeko euskaldunen “arimari zati bat erauztea” bailitzateke. Haiek beste kontu batzuetan eman badute amore, bada garaia guk puntu honetan emateko, euskera ez baita gipuzkera: garaia da “geregoikeri hau gure baitatik usatzeko”.
  • Muruaren ustez, “h” letra erabiliz gero, euskara idaztea eta irakurtzea zailago bihurtzen da. Ez du ulertzen zergatik hartu zuten grafema hau erabiltzeko erabakia Baionan. Ez da hobe behin betiko baztertzea? Uste du “bayez” (sic).
  • Krutwig, F.ek “h”-dun hitzen zerrenda luze bat aurkezten du: proposatzen dituen hitzetako asko ez datoz bat Mitxelenak finkatutako irizpideekin. Batez ere, grafema hori kontsonante ondoren jartzen duenean: khendu, ikhusi, nekhazale, eta abar, lapurterazko tradizio klasikoa segituz (nahiz badiren inkoherentziak: ikhasi, bekhatu, ekharri… bezalako hitz arruntak ez dira ageri).
  • Kerexetak Garmendiaren txostena, deklinabidearen ingurukoa, kritikatzen du: ona bada ere, “argi ikusten da gipuzkerari bidea zabaltzeko asmoz egin dauana”. Eta ondoren ohar batzuk egiten ditu proposamenean biltzen diren kasu formen inguruko markez, eta aditzarekiko komunztaduraz.
  • Santamariak euskaraz ikusten dituen hitz motak hartzen ditu: euskalki guztietan berdin ageri direnak; idazkera desberdina dutenak; hitzak desberdinak direnean, eta abar. Eta horren inguruan, horien guztien arteko batasuna egiteko erabil daitezkeen irizpide batzuk proposatzen ditu: erraztasuna, jatortasuna, edertasuna, antza… Zerrendak egitea ezinbestekoa ikusten du.

Elkarrizketak

Euskaltzaindiak egin argitalpenak bildutakoen artean sortu ziren eztabaiden zatiak ere biltzen ditu, hitzez hitz: “Pedro Berrondo jaunak hartu ditu magnetofonotik”, zehazten da ohar batean.

Zatarain jaunaren hitzaldiaren ondoren, esaterako, eztabaida sortzen da hitz teknikoen inguruan, kulturaren hizkerak sortzen dituen beharrez, eta abar.

Villasanteren hitzaldiaren ondoren berriz ere hitz zerrenda baten egin beharra aipatzen da. Mitxelenarena bukatzen denean, euskaltzainburuak berak, Manuel Lekuonak (“Lec” bezala ageri da transkribatua) hartzen du hitza: “As gaitezen bada; ea Mitxelena jauna”. Mitxelenak txostenean bildutako puntu nagusiak oroitarazten ditu, eztabaida saihets bideetara joan ez dadin. Eta hitz egiten dutenek ortografia kontuak aipatzen dituzte. Han agertzen dira LETRA KOXKOR HONEK HOLAKO LANA EMATEA ERE!!berehala koine, esperanto, euskara berria bezalako hitzak, ondoko hilabete eta urteetan indarra hartuko zutenak. Batzartuak nahasten dira lez/legez, bada/ ba da, eta holako xehetasunekin, eta Mitxelenak lau urte lehenago Baionan onartutakoak ekartzen ditu gogora. Ikusten da eztabaida bizia dagoela, batzuetan nekeza ulertzeko, baina “arazoari” (ez da ikusten argi zeini) konponbide demokratiko gardena ematen dio Satrustegik, galdera hau egiten duenean: “Zer derizkiozute bada? Baionakoakin?”. Liburuak dioen bezala, denek erantzuten dute: “Bai” (eta 8 harridura marka gaineratzen dizkio hitz horri testu transkribatzaileak).

kakotxa
kakotxa
Bi bide baizik ez daude batasunerako: edo H dutenak utzi, edo ez dutenak hartu. Nik, bigarren bidea hartu dut (Mitxelena, Arantzazun)

Eztabaida beroak sortzen dira h-aren inguruan. Lafitte eta Xarriton hasten dira lehenik, eta ikusten da berehala hor arazoak daudela. Puntu honetan Mitxelenak honela dio, ironia pixka batekin (edo ez?), goizean Elizako hitzaldian aita Alustizak esandakoak entzun ondoren: “Ama Birjiñak bedeinkatzen ditu gure batasunerako asmoak eta ekintzak… eta goiko laguntza eta graziakin… goazen aurrera H kontu honetan”. Une horretako eztabaidan Ibon Sarasolak Refranes y Sentencias aipatzen du (baina ez da ondo entzuten zer dioen) eta grafema hori sartzeko alde ageri da: autore hoberenen eredua segitu behar da. Ikusten da, hala ere, Ama Birjinaren graziarekin edo gabe, eztabaida berotu egiten dela arratsaldeko ordu horietan. Mitxelenak uste du gipuzkoarrek eta bizkaitarrek eman behar dutela amore kontu honetan: “bi bide baizik ez daude batasunerako: edo H dutenak utzi, edo ez dutenak artu. Nik, bigarren bidea hartu dut”. Eta beroaldi horretan, argudioa indartzeko, kimikako lege bat aipatzen du, tenperatura diferenteko gasen inguruan. Euskaltzaindiari eskatzen dio h begi onez har dezan, “saio bezala”. Puntu honetan Mugikak eskatzen du “ez indioarena egiteko” eta uzteko bakean letra hori, badirela beste premia batzuk, eta h-ak ez duela garrantzirik batasunerako. Hitz hauen ondoko txalo zaparradaren ondoren Xarritonek galdetzen du nola esaten den “imperialismo”, h-rekin edo h gabe, gipuzkera osatuan. Orain beste aldekoek txalo zaparrada. Mitxelenaren eta Irigoienen artean ere sortzen da eztabaida.

Alde bateko eta besteko txalo horiek ez ziren, ez, ordea, xaloak. Letra horrek hainbeste gauza ezkutatzen zuen gibeletik, eta horien artean, euskal hitzak gorpuztea, euskara idatziari ezinbesteko funtsa ematea. Eta, aldi berean, zirt edo zart (batasun idatzia hartu edo ez) egin beharreko kontu batean, sinbolo ezin hobea zen: letra horren eztabaidaren atzean batasunaren beharra bera zegoen eztabaidan. “Arantzazuko bilkuran, gauza bat garbi ikusi zen: BATASUNAREN kontra egoteak arrazoi bat bakarra duela: dela ‘h’ hori erabili ala ez erabili. Ez da besterik” (Euskaltzaindia 1969, 10).

kakotxa Arantzazuko bilkuran, gauza bat garbi ikusi zen: BATASUNAREN kontra egoteak arrazoi bat bakarra duela: dela ‘h’ hori erabili ala ez erabili. Ez da besterik (Euskaltzaindia) kakotxa

Eztabaida guztiak bukatu zirenean, euskaltzainak bakarrik bildu ziren. Eta konklusioak, aho batez onartuak, irakurri zirela dio liburuak. Liburuan bertan Manuel Lekuonaren azken hitzak ageri dira segidan, eta berak ere gauza bera esaten du: “Irakurri zaizkitzute, iru egunez izan ditugun billeraen azken-itzak, konklusioak”. Lekuonak, euskara “teorian” batu dugula, laburtu dugula, erraztu dugula, dio. “Euskera elementala sortu degu: errexago idatzi dedin, errexago irakurri dedin, errexago ikasi dedin”. Pixka bat harrigarria gertatzen da batasunaren kontzeptua holakoa izatea, egia esateko, baina lehenbiziko urratsa baizik ez dela abisatzen du: “Gu geurok gara. Euskararen gaxotasuna sendatu behar dugunak”. Hitz egitean, horretan dago euskararen bizia, esaten du azkeneko agur hitzetan.

— Egilea: Pello Salaburu

1 adierazgarria, bide batez, jarritako izenburua bera, mugagabean. Ez dakit geroko editoreren baten lana den, edo egileak berak jarria. Nolanahi ere, bistan da hiperzuzenketa argi baten aitzinean gaudela, euskaldun guztiek, zerbait esatekotan, “deklinazioa” esango bailukete, eta ez “deklinazio”. Baina han, mugagabearekin eta mugatuarekin borrokan, erraz pasatu ziren teoriatik praktikara.

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Arantzazuko beste txosten batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3