Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:5

Euskaltzaindiaren Arantzazuko adierazpena

Euskaltzainek Arantzazun hartutako erabakiak honela dio hitzez hiz:

Arantzazuko bilkura dela eta, beste material batzuk

Adierazpen hori ere Euskaltzaindiak (1968) argitaratu zuen, aipatu argitalpenean, eta han berean, segidan, hitz zerrenda bat gaineratu zen, “Batasunerako Hiztegia”, 2.000 inguruko “hitzik usatuenak eta hedatuenak” biltzen dituena. Zerrenda “ofiziala” deituko dut hau (hau guztia izan zen Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian argitaratu zena: 1968, 137-265).

Baina garai hartan euskaltzaleek zerrendak erabiltzen zituzten eskuen artean, leku batean eta bestean kopiak egin eta euskaraz idatzi edo euskara ikasi nahi zutenei emateko. Hitz zerrenda horiek direla eta, ohar bat egin nahi genuke1. Euskaltzaindiko liburutegian, normala denez, bada nahiko material garai hartakoa. Baina garai hartako materiala, hau ere normala denez, aski sakabanatua dago, eta zail gertatzen da behar bezala antolatzea guztia. Bada, hasteko, hau ere komeni da gogoraraztea, Akademiaren agiri solte bat bederatzi urte lehenagokoa (Euskaltzaindia 1959): “Euskaltzaindiaren agiria euskal hitzei buruz”. Adierazpen horrek oroitarazten du historian zehar erdaretatik hartutako hitzak (bekatu, bertso, eskola, dantza, kolore edo kafe bezalakoak, lekuko) euskal hitzak direla, hitz “jatorrak” direla: “Euskal-itzak dira euskera bizian sustraituak daudenak”. Zerrendan ehun sarreratik gora aipatzen dira, eta dokumentu hau izan daiteke euskara batuaren lexikografian paratzen den lehenbiziko harri sendoa, eta prozesu korapilatsu bati bide egingo ziona hurrengo urteetan.

kakotxa
kakotxa
Euskal-itzak dira euskera bizian sustraituak daudenak (Euskaltzaindia, 1959)

Bada beste dokumentu bat idazmakinaz egina, data gabea, baina Arantzazuko batzarraren ingurukoa izango dena, hain segur ere. Izenburua “Oharpenak” du (Laffite 1968a?), eta eskuz jarri du norbaitek “H letraren hiztegia, Lafittek gertatua” (700 sarrera inguru), eta bada beste zerrenda bat (Lafitte 1968b?), beste idazmakina batek egina, izenburu gabea, eta hor ere norbaitek (San Martin izan zen, itxura guztiez) “Lafitte. Literatura euskeraren batasunerako gertatutako hiztegia” jarri zuen bere garaian. Jakina, Arantzazuko materialetan argitaratutako “Batasunerako hiztegia” izeneko lanean ageri diren sarrera asko errepikatzen dira, baina zerrenda desberdinak dira guztiak. Itzul gaitezen orain zerrenda “ofizialera”.

Zerrenda ofizial horren hiru bertsio atzeman ditugu. Gehien ezagutzen dena, eta aipatuena, segur aski, Euskaltzaindia 1968 da. Baina badira beste bi: Euskaltzaindia 1969 eta Ricardo eta Begoña Arregui 1969 (Berek aukeratu grafia errespetatu dugu hemen). Ia berdinak dira zerrenda hauek, eta denetan ageri dira sarrera berberak. Segur aski ere, garai hartan, han-hemenka ibiliko ziren euskaltzaleak hitz zerrendak argitaratu nahian, zegoen nahaste eta saltsa hartan argibide pixka bat egiteko. Horregatik, lehenik idazmakinaz egindako kopiek kurritzen zuten bazter guztietan. Holakoa da Ricardo eta Begoña Arreguik prestatutako lana. Lan horrek Mitxelenak Arantzazun aurkeztutako lana biltzen du lehenik, izenburu orokorrik jarri gabe, eta ondoren hiztegia, hau ere izenbururik gabea. Aurkibidean hiru kapitulu ageri dira: “1. Luis Mitxelena jaunak Arantzazuko Biltzarrean zuen ponentzia; 2. Hiztegi bateratuari Luis Mitxelena jaunak ipini dion ataria; eta 3. “Lehen euskal hiztegi bateratua”. Eta azkeneko hori jarri zaio lan osoari izenburu gisa, letra larriz. Liburu bezala ageri da, “Editorial Kriselu” jartzen duelako (Serie Hastapenak – 1º), baina idazmakinaz dago. Pentsatzekoa da ehunka edo milaka kopia egingo zirela dokumentu horrekin2.

Hiztegi honen eta Euskaltzaindiak argitaratukoen –bi edizio desberdin egin baitzituen, 1968an eta 1969an, esan bezala. Biak berdinak dira, tarteko hutsak gora behera– artean ez dago ia desberdintasunik. Badira huts batzuk (Euskaltzaindia 1968n alaba bi aldiz ematen da), baina bestela berdin-berdinak dira. Hala ere, Euskaltzaindia 1968an bakoitz ageri da (Kriselukoan bakoitza), barkatu, bezain, bezala ere ageri dira (bestean ez), zelai bi aldiz ematen da (1969ko edizioan ere), eta gurtu, gurutze eta gustu sarreren hurrenkera aldatua dago (inoiz ere egin ez zen) Kriseluko edizioan. Beste guztietan, oker ez bagaude, bat datoz. Zerrendetan badira hitz batzuk h letra parentesi artean dutenak: oraingoz aukerakoa dela adierazi nahi da horrela, nahiz, egia esateko, hori horregatik ote den, ez den hain argi ikusten. Baina handik hamar urtera (hamar urteko epea eman baitzen, ea zer zioten idazleek), Bergarako batzarraren ondotik hartutako erabakietan, berriz ere h-aren auziari ekiten zaiolarik, argituko zen kontua. Horretarako omen zen parentesia, jendearen esku uzteko kontua, ea nondik jotzen zuten erabiltzaileek: “… orduan Euskaltzaindia ez zen beste xehetasunetan sartu […] eman zuen, orientapen gisa, Batasunerako hiztegia […] Eta bertan ikus daitekeenez, hitz asko daude han “H” hori parentesi artean dutenak –dudazko direnak, beraz–. Hau konprenitzeko kontuan eduki behar da “H” letraren erabilerari buruz Iparraldean bi tradizio daudela, Lapurdikoa eta Zuberoakoa, eta biak ez datozela beti bat” (Bergarako biltzar ondoko erabakiak, Euskera 1979-3, 54).

Belaunaldien arteko gatazka

Honaino Arantzazun gertatutakoa. Xehetasun pixka batekin eman nahi izan dugu haren berri, dokumentuek aski ongi erakusten baitituzte garai hartako eztabaiden nondik norakoak. Hantxe jarri ziren lehenbiziko harriak. Baina harri horiekin eraikin handia egiteko gai izan dira euskaltzale guztiak. Bazen, ikusten denez, gatazka handia hizkuntzarekin. Baina bazen zerbait gehiago ere.

Hizkuntzaren gatazka horretan belaunaldien gatazka ere suertatu zen: gazteenak oro har, belaunaldi zaharrekoak oro har ez bezala, batasunaren alde zeuden, eta berehala onartu zuten eredua, eta hura aplikatzen saiatu ziren hasieratik. Ordurarte ez bezala, beste zerbait nahi zuten euskarekin: zerbait bizia, baliagarria, balio beharko lukeena elkarren artean ulertzeko, euskalki desberdinetakoak elkartzen ziren aldi bakoitzean erdarara jo gabe: “Hizkuntza erabiltzen ez badugu, euskalki guztiek egina dute berea. Batasuna erdaraz egingo dugu”, pentsatzen zuten.ANICETO ZUGASTI EZ ZEN BATASUNAREN ALDEKOA

Euskaltzainburuak eztabaidetara ezpatarik gabe joateko eskatua zuen. Biltzarra bukatu eta handik hilabete batzuetara utzi behar izan zuen kargua, Villasantek hauteskundeak hamaika bozekin irabazirik (Lekuonak 3 bakarrik). Diotenez, Lekuona ez zen etsita atera Arantzazutik, eta ez zuen kontua hain gaizki ikusten. Baina, itzuli zenean, elkarrizketa luze bat izan bide zuen, antza denez, Anizeto Zugastirekin, eta orduan beste modu batera ikusi zituen gauzak. Ondoren, euskaltzain batzuek lagundu zioten hausnarketa bideratzen, bide asko erabiliz, jakina, behin ezpatak goian zirela. Lekuonaren aurkako anonimo bat barreiatu zen garai hartan, biziki gogorra (biziki gordina ere), Inguruan mugitzen ziren euskatzaleen artean. Anonimoa zenez, ez zeraman sinadurarik, baina, diotenez, saindu izena zuen euskaltzain baten eskua ez omen zegoen sakelan sartua egun haietan.

Lekuonak kargua utzi zuenean hirurogeita hamabost urtetik gora zituen.

Arantzazuko bilkura eta inguruko beste aldaketa batzuk

Ezin gara, hala ere, hor gelditu. Halako leherketa bat ikusiko zuten euskal letrek hurrengo urteetan. Leherketa hori ezinezkoa izango zen, beldur, beste hainbeste gauza gertatu izan ez balira ondoko hamar-hamabost urteetan. Ez dezagun ahantz aurretik ere egin zirela saioak lehenago, baina arrakastarik gabe gelditu ziren: Azkuek berak, euskaltzaleek hala eskaturik gainera, bere gipuzkera osatua jarria zuen mahaian. Nahiz denek txalotu zuten, inork ere ez zion kasurik egin praktikan. Zergatik? Bada, hain segur ere, Arantzazukoa pasatu ondoren gertatu ziren bazterreko beste aldaketa batzuengatik. Gero, 70eko hamarkadan, beste erabaki batzuk hartu zituen Euskaltzaindiak, baina horiek oraingoz jende gutxirengana iristen ziren: euskarak zituen 300-400 irakurle horiengana. Kirmen Uribe sortu gabe zegoen oraindik.

Hartzen diren erabakiak dagokion jendeari helarazteko gutxieneko zenbait baldintza bete behar dira: hasteko, jendeak mezu hori hartu nahi izatea; bigarren, modua izatea mezua ongi banatzeko, bide duin eta arinak eskainiz; hirugarren, hartzen diren erabakiak barreiatzeko sistema egokiak izatea. Gutxienez, hiru horiek. Baina garai hartan ez zegoen ez irratirik (1976an bultzatu zen “24 ordu euskaraz” izeneko ekimena), ez telebistarik, ez egunkaririk, ez ezer. Bic-ak erabiliz idazten ziren gutunak, gero postetxean jartzen zen zigilua, eta handik egun batzuetara iritsiko zen gutuna markatutako helbidera. Autoa hartuz gero, Bilbotik Donostiara joateko 4 ordu behar izaten ziren. Muga gurutzatzen genuen bakoitzean autoa gainetik behetiraino begiratzen zigun Guardia Zibilak, eta Arantzazuko bilkura “emergentzia egoeran” antolatu zen, Barne Ministroak hala erabakirik. Eta bazen, gainera, hori baino lehenagoko kontu bat ere: zer zen orduan Euskaltzaindia? Euskaltzaleen gogo eta bihotzetan zegoen erakundea, indar gutxi eta babes legal urrikoa: batzuen aktibismo eta indarrak mahai gainean jartzen zituen proposamen eta ekimenek, anitzetan aski desordenatuak zirenak, mugiarazten zuten Akademia. Hor kokatzen da Arantzazuko biltzarra.

Belaunaldi oso baten lana

Garai hartan, hortaz, eskuz esku eta atez ate pasatzen ziren erabaki hauek talde batetik bestera, euskaltzale batetik hurrengora, egiazko militantzia batek bultzaturik. Horretan utzi zituen indarrak Rikardo Arregik (1942-1969) berak ere. Harekin ere zorra du, eta ez txikia, gaur egun euskaraz izkiriatzeko erabiltzen den ereduak.

RIKARDO ARREGIBatasunaren historia bestelakoa izango zen, hain segur ere, Rikardo Arregi gabe. Bera izan zen batasunaren bultzatzaile garrantzitsuenetako bat. Zeren, erabakiak hartu, beti har daitezke, baina gero haiekin joan behar da aitzinat. Ezagutu zutenek diote gazte argia zela, kementsua, langilea, euskararen etorkizuna alfabetatze lanetan ikusten zuena, inon ere ikustekotan. Andoaindarrak alfabetatze kanpainak bultzatu zituen, euskara ikasteko eskolak han-hemenka sortu (AEK-ren sorrerarekin lotua dago), jendea animatu, kazeta artikuluak idatzi,… ustegabeko istripu batek eraman zuelarik hogeita zazpi urte zituela. Aldamenean Ramon Saizarbitoria zuen. Egun horretan jarri zuten zangoa Aldrin-ek eta Armstromg- ilargiaren azalean.

Kontuak kontu, dena dela, hartu ziren azkenekoz lehenbiziko erabakiak. Azalekoak, nahi bada, eta unibertso itxikoak: kasuek dituzten markak dituzte, asko edo gutxi, baina ez dituztenak baino gehiago; gauza bera gertatzen da letren kopuruarekin edo adizkiekin. Baina hortik aurrera, batasunarekin segitzeko, goi mailako ikerketa egitea ezinbestekoa zen. Eta ez zen batere erraza ikerketarik egitea euskal ikasketak lantzeko unibertsitate gunerik ez zen tokian, eta tradizioko dokumentuak ere sakabanatuak baldin baziren. Informazioa behar zen. Eta informazioa kontsultatzeko, ordenatzeko, osatzeko… sistema ireki eta erabilgarriak. Hurrengo urte horietan jarri zen hori guztia konponbidean: unibertsitate publikoa sortu zen, abian jarri ziren unibertsitate mailako euskal ikasketak, eta handik gutxira, betiere 80ko hamarkadan, lehenbiziko aldiz hasi ginen ordenagailuak erabiltzen gure tradizioko euskara idatziaren lekukoekin elikatu ondoren. Horrek egin zuen posible inoiz ez bezalako datuak izatea, eta inoiz ez bezala datu horiek diskriminatzeko gai izatea. Horrela eratu zen, lehenik, oinarrizko datu base erraldoi bat (garai hartan egin zitekeenerako), Koldo Mitxelena, K.k eta Ibon Sarasolak diseinatua, eta horrela hasi zen Euskaltzaindia Orotariko Euskal Hiztegia (Euskaltzaindia – Descleé de Brouwer, 1987-2005) argitaratzen: Mitxelenak eta Sarasola, I.k hasi, baina ia bere osotasunean Sarasolak landu eta amaitu duena. Horrela pasatu ahal izan ginen eskuko fitxetatik eta oinetako kutxetatik (literala da gero hau), ordenagailuak pantailan botatzen zituen milaka datu haietara. Hola pasatu ginen halakok hau esaten du (eta halako hori hitz egiten zuenak bakarrik ezagutzen zuen) hau gure tradizioan horrela da (eta hau horren berri makinak ematen zuen modu hotz eta objektiboan, datu guztiak prozesatu ondoren) esatera. Hola ikusi ahal izan genituen parean idazle on eta txarrak, eta erabakiak hartzeko aise sendotasun handiagoa izan genuen.MITXELENA ETA SARASOLA "H" LETRA NON SARTU ERABAKITZEN

Beraz, batasunaren erabakia, batasunaren aldeko gogo eta irrika, tradizioaren indarra, datu aberatsak eskuragarri jartzea… hori guztia elkartu zen garai haietan. Baina, hala ere, hori ez zen aski izango. Ez zen aski izango 80ko hamarkadaren hasieran gure Erkidegoaren lehenbiziko gobernuak batasunaren aldeko apustu garbia egin izan ez balu. Eta hori gertatu zen Carlos Garaikoetxea lehendakariarekin eta Hezkuntzako buru zen Pedro Etxenike fisikariarekin. Haiek ere, eztabaida hartan, gazteen alde jarri ziren, batasunaren alde, h letra madarikatuaren alde. Eta Euskaltzaindiak hartu erabaki haiek katean barreiatzen hasi ziren: telebista, aldizkariak, egunkariak, eskoletako liburuak, argitaletxeak… Hola bakarrik eraiki ahal izan zen Arantzazuko zimenduen gainean etxe dotore bat. Belaunaldi baten lana.

— Egilea: Pello Salaburu

1 Kontu hauek argitzeko laguntza ederra eman digute Euskaltzaindiko liburutegiko langileak diren Pruden Gartzia doktoreak eta Josune Olabarriak
2 Azkue liburutegian dagoen aleak badu beste ohar bat ere: gaineko partean “Luis Ibarra Enziondo, Itarko” esaten du. Segur aski ere, alearen jabetza adierazten du.

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Euskaltzaindiaren Arantzazuko adierazpena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3