Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:6

Handik urte batera...

Villasantek dioenez (1994, 667), Arantzazuko biltzarra bukatu ondoren, “hango eztabaiden oihartzuna motelduz eta itzalduz joan zen”. Gertatutakoaren arrakasta ikusirik, Euskaltzaindiak argitalpen bilduma berri bat (“Irakur sail”) erabaki zuen ateratzea, eta lehenbiziko liburuak (Euskaltzaindia 1969) Arantzazuko erabakiak bildu zituen: “egungo egunean euskaraz dugun zereginik garrantzitsuena hau dugu: BATASUNA” (5. or.). Izenbururik gabeko sarrera bat badu, non Baionan eta Ermuan egindako bilkurak ekartzen diren gogora1. Horrek piztu zuen berriz ere h-ren gatazka.

kakotxa
kakotxa
hango eztabaiden oihartzuna motelduz eta itzalduz joan zen (Villasante, 1994)

Liburuak atal hauek ditu:

  • “Batasunari buruzko bibliografia”, Villasantek egina;
  • Lekuona Euskaltzainburuak Arantzazun egin sarrera hitzak (“Euskeraren batasuna”);
  • Euskaltzaindiaren Arantzazuko adierazpena (sarreratxoan ematen dira erabakia hartu zuten euskaltzainen izenak: Lekuona, Intza, Irigarai, A., Irigoien, A., Labaien, Laffite, Mitxelena, K., San Martin, J., Satrustegi, J. M eta Villasante);
  • Mitxelenak egindako txostena, berriz ere izenbururik gabe;
  • lehenago aipatu dugun “Batasunerako hiztegia”,
  • eta, azkenik, Euskaltzainburuaren azken hitzak.

Mitxelenak eskatu zehaztasunak

Gainerako dokumentazio guztia, Arantzazukoa bukatu eta berehala argitara eman zena, desagertu da liburu honetan. 1970eko uztaileko bilkuran sinatu zen erdarazko argitalpena, eta erabakia berretsi, baina Mitxelenak bultzatutako ohar honekin: “Euskal aldizkari guztietara ohar bat bialtzea puntu batzuk argituaz: a) Arantzazuko batzar hura, Euskaltzaindiarena zela eta ez zenbait idazleena; b) Han irakurritako agiria, bertan ziren jaun euskaltzain osoen harturiko erabakia zela”. Argitasun hau eman nahi zen ikusirik batzuek jarri zituzten zalantzak.

Egia esateko, gauzak pixka bat nahasiagoak dira. Argitasun hori horrela dator Euskera XVI-ko 100. orrialdean (1971). Ondoko urteko Euskera XVII-an, ordea, buelta gehiago eman zioten adierazpenari, nonbait, eta orduan ez bi, baizik hiru puntu ezarri zituzten: “a) Arantzazuko batzar hura, Euskaltzaindiarena zela eta ez zenbait idazleena; b) Han irakurri ziren lanak, Euskaltzaindiak Euskaltzaindikoei eskatuak zirela; d) Han irakurritako agiria, bertan ziren jaun euskaltzain osoen artean harturiko erabakia zela” (238. or). Horrela dio bilerako agiri ofizialak.

Villasante, Euskaltzainburu

Eztabaida luzea gertatu omen zen proposamen horren inguruan. Azkenean dena onartu zen. “Bakarrik Lekuona jaunak ohar bat ezartzen du esanaz Arantzazuko erabakia kontseilu erakoa zela eta ez agindu erakoa, Labaien jaunak ere hori uste du” (Euskera XVII, 238). Bilera horretan aukeratu zuten Villasante euskaltzainburu, 11 botorekin, eta urrian hartu zuen kargua Maulen, Lekuona “euskaltzainburu zaharra” bera zuela aitabitxi. Nonbait, 1970eko Pazko astean elkartu bide ziren Arantzazun lau lagun: San Martin, Satrustegi, Villasante eta Mitxelena. Han erabaki zuten Lekuonaren ordez hurrengo hauteskundeetan Villasante aurkeztea. Mitxelenak eliza gizon bat nahi zuen, apaiza, indarrean zegoen ezkerretik zetozen guztien aurrean behar bezalako pareta eraikitzeko, eta susmo txarrik ez sortzeko, aski nahasia baitzegoen guztia: “Ez dakit Marxen libururen bat daramazun sotana horren azpian” esan omen zion Villasanteri. Jose Luis Lizundia ere hurbil hartan zegoen, baina gai honetaz hasi zirenean, kanpoko aldera atera zen.

— Egilea: Pello Salaburu

1 Liburu horrek ere ez zuen irabazi urte hartako argitalpen txukunen saria: Ermuko bilera 1969an egin zela dio (esan bezala, 1968koa da) eta Ermuan batzeko egindako deia biltzen du hitzez hitz. Badakigu non hasten den dei hori, komatxoak markatzen direlako, baina ez non amaitzen den. Inguruneak ere ez du laguntzen horretan. Gauzak okerrago uzteko, liburuaren aurkibideak ez du zuzen ematen barnean aurki daitekeenaren berri.

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Handik urte batera...", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3