Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:7

Bergarako bilkura egin zen arte. Aditz batua (1972)

Arantzazuko bilkura amaitu ondoren euskararen batasunaren aldekoak beren bidea egiten hasi ziren. Anitz gauza zegoen oraindik ere zehaztu gabe, baina lehenbiziko urratsak eginak ziren. Eta belaunaldi berriak irrikitan zeuden, egarri, euskararen batasunaren alde egiteko: “Zer idatzi behar du zerbait esan nahi duenak: ekarri dabela, ekarri duela, ekarri duala, ekarri dula, ekai dola, ekharri diala, ala ekharri dila?”, zioen Txillardegik, Zeruko Argian egiten zioten elkarrizketa batean, 1970ean, 375. alean. Euskara bera sinbolo bihurtu zen Euskal Herrian: euskararen alde egitea beste gauza askoren alde egitea zen edo, nahi baldin bada –eta beharbada zehatzago–, batez ere gauza askoren kontra egitea.

Bultzatzaile batzuk

Arazo politikoak

Euskararen alde egiten zutenek, euskararen batasuna nahi zutenek, demokrazia nahi zuten aldi berean, eta Franco noiz hilko zen zain zeuden. Haietako asko abertzaletasunean jartzen zituzten begiak, nazio baten alde ageri ziren: ez dezagun atzendu garai hartako manifestazioetan sozialistak ageri zirela Iruñeko karriketan Nafarroa Euskadi da izeneko leloa pankarta batean zeramatela. Hori, neurri batean, denborak geroago erakutsiko zuen bezala, irudizko ispilatze hutsa besterik ez zen, baina gauzak hola ziren garai haietan. Baina komeni da oroitaraztea Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN) ez zela 1982raino sortu –Euskadiko Alderdi Sozialistatik bereizirik–, bi apaiz, Gabriel Urralburu eta Victor Manuel Arbeloa, zein bere aldetik, bazterrak nahasten ibili ondoren. Ez dok Amairu taldeak jaialdiak antolatzen zituen bakoitzean jendeak jertseak gora botatzen zituen Carrero Blancoren hilketa gogora ekarriz. Gero lasterka hasi behar izaten zuen eta, biharamunean, haietako asko euskara ikastera joaten ziren. Beste askok euskararen alde zeudela zioten, baina funtsean ez zitzaien zinez gehiegi inporta, haientzat ere euskara sinbolo hutsa besterik ez baitzen. Baina denak, euskaraz zekitenak eta ez zekitenak, batasunaren alde ziren, nahiz azkeneko hauek zalantzan jartzen zute batzuetan kontua: ikasi gabe zekiten, eta hori betiere gaitasun handia da.

Euskara unibertsitatean

kakotxa
kakotxa
Zer idatzi behar du zerbait esan nahi duenak: ekarri dabela, ekarri duela, ekarri duala, ekarri dula, ekai dola, ekharri diala, ala ekharri dila? (Txillardegi, 1970)

Arazo larrienak Bizkai aldean sortu ziren, herrialde horretako euskaldunek ikusten baitzuten aukeratu batasun eredua sobera aldentzen zela bizkaiera idatzitik. Egia da beste euskalki batzuetatik ere aski urrun zegoela, baina bizkaierazko literatura tradizioa indartsua zen. Baziren beste batzuk ere aurka ageri zirenak, baina nekez uler zitezkeen argudioekin, non eta argudio horiek beste zerbait ezkutatzen ez bazuten. Berriz ere hemen Txillardegi: “Euskalkietatik euskera osatu eta bakarrera pasa nahi dugunon asmoa, berriz, traidoreek asmatutako txaplata omen” (aipatu ale berean). Urte horietan gero eta jende gehiago hasi zen euskara ikasi nahi zuela. Sortu berria zen Bilboko Unibertsitatean hasiak ziren eskolak euskaraz, zailtasun guztiekin, baina hasiak, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen sortzea aldarrikatzen zen, eta unibertsitatearekin batera euskara indar handiagoz eramatea eskoletara, eta euskal filologiako ikasketak ere unibertsitatean paratzea. Ezinbesteko zuen jende horrek guztiak batasuna. Baina oraindik h letraren auzia zertan geratuko zen ez zegoen argi, irakasleek ez zekiten hauk etorri dira edo hauek etorri dira erakutsi behar zuten, eta beste erabaki anitz eta anitz hartu gabe ziren. Bitartean, ordea, liburuak argitaratzen ari ziren, gero eta gehiago, eta editoreek arauak eskatzen zituzten. Denak bil-bilean segitzen zuen.

Txillardegi, Kintana... eta gatazkak

Txillardegi izan zen berriz ere batasunaren bultzatzaile nagusietako bat urte haietan: 1970ean argitaratu zuen Sustrai bila eta 1974an atera zuen Euskara batua zertan den izeneko liburua, non biltzen baitzituen Euskaltzaindiak hartutako erabakiak. Alfabetatze lanetarako tresna egokiak izan ziren. Ezin ahaztu, ordea, aise lehenago, 1959an, argitaratua zuela Leturiaren egunkari ezkutua eta ondoko urtean Peru Leartzako. Arantzazukoa bukatu eta berehala etorri zen liburu dendetara Elsa Scheelen (1968). Eta hizkuntzaren inguruan Euskal Gramatika (1978), Euskal Aditz Batua (1979) eta berehala, Euskal Fonologia (1980). Liburu hauetan esaten diren gauza askok eztabaidak piztu dituzte espezialisten artean, baina bistan da garai hartan euskal irakurleen artean eragin handia izan zutela. Txillardegirekin batera ezinbestekoa da Xabier Kintanaren Hiztegi Modernoa (1977) aipatzea. Eztabaidak eztabaida, horiek guztiak zinezko ikonoak ziren garai hartako euskaltzale gehienentzat. Eta gaztelaniaz idatzirik ere nekez atzenduko ditugu hemen Villasantek (1970, 1972, 1974, 1976, 1978, 1980a, 1980b, 1986, 1988) Eleizalde sailean argitaratutako lanak batasunaren inguruan, nahiz berak Axularren lana hartzen zuen ardatz.

Eztabaidak h letraren inguruan bildu ziren batez ere. Adierazgarria da, garai hartako borroken adierazle gisa, José Estornés Lasak 1973ko urtarrilaren 6an bidali zion eskari iluna Euskaltzainburuari (Euskaltzaindia 1974, 389) 10 argitaldariren izenean: “Oraiñaldi ontan, aldizkarietan, liburuetan eta gaiñerako idaztietan dabillen ortografi-naasketa ikusirik, Elkarte Agurgarri orrengana gatoz eskean, egoera naasi au argitu ta zuzendu dezan; jakiña, idazle, inprimeri ta argitaldariak izan dezazketen eskubideak gutxi-etsi gabe”. Egia esateko, distantzian irakurririk, eskaera bereziki iluna gertatzen da. Ez baita ongi ulertzen zer eskatzen den, eskatzen den horrekin: a) “1968’ko Ortografia(eragotzia ez dena) berriz indartu ta baietsi” eta b) “2) eta 3)-an datozen Argibideak (onelako naaspilla sortu dutenak) eragotzi”.

Eskariaren iluntasuna Euskaltzainburuak ematen dion erantzunean argitzen da: “H letraren ortografiaz ari da: Euskaltzaindiak h gabeko idazkera erabaki zuen eta erabaki hori ez du sekula deuseztatu. Beraz idazkera hortara bihur dadila eskatzen zaio, 1968ko agiri hura baztertuz”. Eskaria, Euskaltzainburuak eman erantzuna eta idazkariordeak jarritako eranskina Euskaltzaindiaren osoko bilkuran irakurri ziren. Erantzuna biziki gogorra da, Akademiak dituen usadioetarako: “… egileak ez daki, nunbait, Euskal Herria bai mugaz hemengo aldean eta bai mugaz beste aldean ere badela. Eta Euskaltzaindia Euskal Herri guztirako dela”. Buruak oroitarazten du letra hori batzuek eta besteek erabili izan dutela tradizioan, eta orain urte batzuetako epe bat eman behar dela ikusteko nolako harrera duen Hegoaldean, hori ez dela inolako nahasketa, eta ez dela erabilera horretara inor ere behartzen (praktikan hau ez zen, ordea, guztiz horrela: argitaletxeek luma zorrotzak jarri zituzten berehala editore lana egiten, Euskaltzaindiaren erabakiak bete zitezen): “Bakoitzak bere txokoko aho hizkerari bakarrik kasu eginez idatzi nahi duenean, orduantxe sortzen da nahaspila, nahaspila ikaragarria, aho hizkera tokitik tokira desberdin izanik”.

Villasante ez zen zurikerietan ibili erantzunean. Eta hark esana Akademiaren idazkariak1 bederatzi puntuko idazkiarekin josi zuen azkenik kontua: “Ene ustez hutsik nabarmenena da, [eskaria] editorialak ez dutela firmatzen, Jose Estornes Lasa jaunak baizik”, “izkribuan ez da agertzen Jose Estornes Lasak ze editorialetan parte duen eta ze kargurekin”, “ez dakigu egiaz ari den ala ez”, “eta kasua da ez dela denekin egiaz ari, zeren Jose Mª Martin Retana jaunak […] esan du, neri esan zidan aipatzeko, berak ez duela firmatu horrelako izkriburik, nahiz eta aurkeztu ziotela egia bada ere”.

Aditzaren batasuna

Aditz batuaren batzordea

PATXI ALTUNA EUSKAL ADITZEAN PENTSATZENGeroko utzia zen aditzaren batasuna egitea, aditz laguntzailearen batasuna, hain zuzen ere: “batasunaren bidean aurki genezakeen behaztoporik bihurriena”, Mitxelenaren hitzetan (Euskaltzaindia 1973, 5). Baina berehala ikusi zen gai horrek ere presa handia zuela eta horixe zela berehala egiteko lan berria. 1970eko iraileko bilkuran Txillardegiren gutun bat irakurri zen, aditz batuaren arazoak aipatuz. Urak nahasiak zetozen: “Etxaniz jaunak berak ere zerbait esan beharra baduala esaten du. Baina har-emanei jarraituaz, Etxaide jaunak bidalitako beste gutun bat irakurtzen da Etxaniz jaunak berak Zeruko Argia asterokoan Euskaltzainburu berria autatzeari buruz egin duen artikulua, gero Agur hilerokoak kopiatuaren aurrean Euskaltzaindiak zerbait egin behar lukeela eskatuaz. Jarraian Etxaniz jaunak idazki bat irakurtzen du Euskaltzaindiaren oharra, batasuna, h-a eta beste pundu batzuk aipatuaz. Eztabaida garratz bat sortzen da eta ezer erabakitzeko modurik ikuzten ez zalarik moztutzen da eztabaida eta beste gai batera pasatzen da” dio egun horretako Euskaltzaindiaren bilerako agiriak (Euskaltzaindia 1972, 241). Idazkariak aipatzen du Oregi jaunaren aditz batuari buruzko txostena ez dela iritsi, baina badela Aresti eta Kintanaren beste lan bat. Hori guztia aztertzeko hoberena batzorde bat izendatzea izango litzatekeela. Euskaltzaindiak bilera horretan berean deliberatu zuen batzordea izendatzea arazo horri irtenbidea emateko (idem).G.GOENAGA, MITXELENA, ALTUNA

Batzordea 1970eko azaroko bilkuran eratu zen (Euskaltzaindia 1971, 130). Batzordeak bazuen Atal Eragile bat Mitxelena (buru), Altuna (idazkari), Lafitte, Epherre eta Berriatuak osatzen zutena. Batzordearen kontseilariak ere izendatu ziren: Intza, Lafon, I. Omaetxebarria, Intxausti, Aresti, Kintana, Baztarrika, Oregi, Txillardegi, Iraizoz, Akesolo, F. Mendizabal eta Jon Etxaide. Arazoek, hala ere, ez bide zuten konponketa erraza: abenduko bileran idazkari ordeak zioen Arestik telefonoz jo ziola eta aholkulari izateari uko egiten ziola.

Batzordea lanean

LAFITTEPatxi Altunari eskatuko zion handik urte batzuetara euskaltzainburuak batzorde horren historia konta zezan. Hori egin zuen Altunak (1977, 667-672) Euskaltzaindiko bilkura batean 1975eko uztailaren 29an: “1971garren urteko udan bertan, batzordea izendatu eta egun gutxitara, hasi ginen lanean, lehen bilera Baionan egiten genuelarik” (668). Baina hori ez da oso zuzena, nonbait, batzordea sei hilabete lehenago izendatu baitzuten. Gero bilkura gehiago egin zuten: Donostian, bi aldiz; Arantzazun, 1972ko uztailean, eta Bilbon 1973ko apirilean2. Berak kontatzen duenez, lagun askoak huts egiten omen zuten bileretara, baina elkartzen zirenek adosten zituzten adizki zerrendak besteei ere helarazten zizkieten. Bi joera nabarmendu omen ziren: batetik, “jatortasun-aberastasunak zernahiren gaindik gorde nahi zituztena eta euskal aditz laguntzaile osoa inoiz izan dituen eta izan ez dituen, baina izan zitzakeen, forma guztiekin (baita hitanozkoekin ere) berehala batu nahi zutenena” (669. or) eta bestea “eguneroko premiari besteek baino gehiago, ustez bederen, begiratuz, formarik erabilienak, maizenik ahotan eta lumatan jartzen ditugunak, finkatu nahi zituztenena, hitanozkoak ordukoz baztertuaz”. Batzuek, azaltzen du Altunak, euskal aditz laguntzaile sistema osoa, aditz aberatsa, joria eta ugaria nahi zuten, eta beste batzuk batez ere bizirik zeuden formak biltzekoaren alde ageri ziren. Ikustekoa da elkarren artean gorabeherak izan zituztela, edo Altunak bederen izan zituela.

BERRIATUA ETA H. KNORRXABIER KINTANAZeharka-meharka bada ere, eta anitz barrokismo eta apaingarriz jositako bere prosa horretan esaten du zenbait lagunek ez zutela gogoko Mitxelenak aukeratutako sistema, aitzinetik hartara makurtuko zirela esana bazuten ere (“behiala [onartuko zutela] zin egin bazuten ere”). Batasunaren Kutxa hartzen du lekuko, eta haren bi egileak salatu (Aresti eta Kintana), baina izenik eman gabe . Eta berehala Txillardegik Villasanteri egin gutunak ere aipatzen ditu, Mitxelenaren irizpidea, zinak goiti-beheiti, ontzat hartzen zuela baieztatzen zutena, eta abar. Eta segitzen du: “Horiek horrela zirela, eta zinak zin, lanari ekin genion […barrenen genuelarik…] halako gudu aurreko momentuan soldaduek somatzen omen duten larriduraz eta zalantza larriaz: nor aterako ote da garaile?” (670. or). Xabier Kintanak 1976ko azaroaren 26an erantzun zion (1979), nahiko haserre. Altunak bere txostena irakurri zuenean, omen, Berriatuak eta Kintanak eskatu zioten Altunari, zuzenean batzordearenak ez ziren kontuak aipatu baitzituen, eta Aresti hildakoaren protagonismoa ere ez modu egokian ekarri baitzuen denen gogora, puntu batzuk ken zitzan, horrela ager ez zitezen geroko historian. Baina lana irakurri zuen gisan agertu zenez Euskera agerkarian, ezadostasuna utzi zuen agerian Kintanak, eta tartean ibilitako zin egite haien kontuak beste ikuspuntu batetik argitu zituen. (Euskaltzaindia 1979, 381-383). Urak, nolanahi ere, aski nahasiak zebiltzan.

Ustez errazen ziren formek ere buruhausteak sortu zituzten: zarete/zarate; zineten/zinaten; genuen/genduen; dadin/dedin; dit/deraut/daut, eta abar. Lan zaila eta nekeza izan zen. Aldeko eta kontrako arrazoiak “aditzen genituen –edo aditzen saiatzen ginen behintzat”, eta bat etorriz gero, forma hura hartu. Bestela, botoetara, argudio ezin zientifikoago erabiliz, horrela erabakitzen baitira azkenean kontu hauek hizkuntza akademietan (ez da holakorik gertatzen, eskerrak, grabitatearen indarraren ondorioez eztabaidatzen denean). “Jendeak, gazte jendeak batipat, egin dion harrera ona gogoan hartzen badugu, esan dezakegu ez genuela denbora alferrik galdu” (672. or). Beharbada gehiegi aurreratu gara.imanol berriatua

1971ko apirileko bileran Aresti, Berriatua eta Kintanaren gutun bat irakurri zen: aditz batasunaren egin beharra aipatzen zuten. Hogeita hiru aditzen “konjugazioa” eskatu, eta beren proposamendua eskaintzen zuten aldi berean. Euskaltzainek, kontua aditz batuaren batzordearen esku uztea erabaki zuten. Lehenago ezezkoa emanik ere, bilera horretan Arestik onartu zuen berriz ere aditz batuko batzordearen kontseilari izatea. Maiatzean, pentsa kontua nola zegoen, denen ahoan, aditz batuaren arazoan lehiaketa batek sartu zuen muturra, gaurko telebistako programa bat balitz bezala: “Aditz batuaren batzordeko direnak, HEGOSA-k antolatutako aditz sariketa lehenbait-lehen erabakitzea komeni dela esan da” (Euskaltzaindia 1972, 264).

1971ko iraileko bilkuran berriz ere aipatu zen aditz sariketaren kontua, eta saria emateko mahaia izendatu zen: Lafitte, Txillardegi, Berriatua izendatu zituzten mahaikide. Azkenean, azaroan eman zen aditz batuaren saria, 75.000 pezetakoa, eta Krutwig izan zen aho batez saritua: “Krutwig jaunak ditu bakarrik bete jarri ziren baldintzak, formak hautatuz, erranez bere hautuaren arrazoiak, bere burutik formarik ez asmatuz. Izan dira segur lan eder baliosak aditzari buruz, baina baldintzez kanpokoak. Adibidez Alvarezek eta Lafittek uste dute Jean Eppeherrek Zuberoako aditzaz egin duen lanak merezi lukela nunbait agertzea, gutik ezagutzen baitute zoin den berezia eta zabala” (Euskaltzaindia 1972, 277). Horrela, Krutwigek lortu zuen kontsolamenduzko sariarekin hornitzea bere proposamena: euskaltzainek, handik gutxira, beste eredu bat aukeratuko zuten estandar gisan. Abenduan berean eman zuen Mitxelenak osoko bilkuran aditz batuaren gaineko lehenbiziko txostenaren berri, eta gaia zatika lantzeko asmoa zutela esan zuen.

1972ko urtarrilean aditz batuko batzordeak prestatutako lehenbiziko bi zatiak banatu ziren euskaltzainen artean, eta hilabeteko epea eman zitzaien oharrak egiteko. Apirilean aztertu zen aditza. Zail ikusi zen batasuna egitea “deraut/deust” sistemetan, eta pentsatu zen beharbada egokiago gerta litekeela bi bide eskaintzea (Euskaltzaindia 1973b, 257), idazleek berek egin zitzaten aukerak. Ekaineko bilkuran euskaltzainburuak proposatu zuen aditz batuaren batzordeak bilera berezi bat egitea ondoko hilabetean Arantzazun. 27-29 tartean egitekotan geratu ziren. Ez zen, ordea, aditzaren kontua euskaltzainek esku artean zuten gai bakarra. Egun horretan eman zitzaien euskaltzainei, Zortzi urterarteko eskola hiztegia dela eta, gai horretaz egiten ari ziren lanen berri.

Erabakia

1972ko uztailean aztertu zen bigarren aldiz aditz batuaren inguruko oinarrizko proposamena, eta bileran ziren euskaltzainek aho batez onartu zuten: “Ikusi direnak lirake, Euskaltzaindiaren iriziz, oraingoz euskera idatziaren batasunerako aditz jokorik egokienak. Batasunari begira hartzen da, beraz, erabaki hau, euskalkiei dagozkien forma bereziak arbuiatu gabe” (Euskaltzaindia 1973b, 267). Agiria honako hauek sinatzen dute: Villasante, Haritxelar, San Martin, Diharce, Irigoien, Mitxelena, Satrustegi (euskaltzainak), Altuna, Berriatua, Intxausti, Kintana eta Lizundia (batzordekoak). Baina iraileko bilkuran, badaezpada, berretsi zen erabakia, eta “dudagatik alde batera uzten diren aditzen berri ematen da” (idem, 271). Aho batez oraingoan ere, bilerara joan ezin izan zirenen boza ere kontuan hartuz: Arrue, Dassance, Diharce, Eppherre, Larzabal, Lekuona, Lojendio eta Mitxelena. Aldi berean, zortzi urterarteko hiztegian aurkeztutako 339 hitzetatik 100 onartu, eta gainerakoak eztabaidarako utzi ziren.

kakotxa Gero ikusi dut, ordea, non-nahi nabari zen eskea eta entzun nondik-nahi zetorren deia, ez baitira guti izan prestatzen ari diren liburu eta idazlanetarako gidaritza bila hurbildu zaizkigunak: nahiago zuten, dirudienez, gidaritza eskasa inolako gidaritzarik ez baino (Mitxelena, 1973) kakotxa

1972ko azaroan aukeratu zuten berriz ere Villasante euskaltzainburu gisa. Euskaltzaindiaren apustua batasunaren alde gero eta argiago gertatu zen horrela: lau urteko epean bidearen zati ederra kurritu zuen Akademiak. Ondoko urtean, 1973an, bilera gehiago egin ziren adizkien gaia sakonago aztertzeko: Bilbon, apirilaren 6an eta 7an, eta Donostian, uztailaren 27an. Azkeneko bilera horretan geratu ziren erabakiak aditz laguntzaile batuaren forma guztiak , aho batez: 15 boz alde eta 0 kontra.Jose Mari Satrustegi Batasunak beste urrats handi bat egin zen horrela. Mitxelena: “Euskaldunok dugu orain hitza” (Euskaltzaindia 1973, 8). Euskaltzaindiak liburu berezi bat atera zuen erabakiarekin: Aditz laguntzaile batua. Liburu hori Euskera XVIII, 1973ko agerkarian dago bildua. Mitxelenak berak zalantzak agertuak zituen hain delikatua gerta zitekeen kontu honekin, baina laster konturatu zen erantzunen baten zain zegoela jendea: “Gero ikusi dut, ordea, non-nahi nabari zen eskea eta entzun nondik-nahi zetorren deia, ez baitira guti izan prestatzen ari diren liburu eta idazlanetarako gidaritza bila hurbildu zaizkigunak: nahiago zuten, dirudienez, gidaritza eskasa inolako gidaritzarik ez baino” (Mitxelena 1973, 6-7).

Euskaltzainek, aditzaren batasunaz gain beste zenbait kontu ere aztertu zituzten garai horretan. Aipatu dut dagoeneko zortzi urterainoko hiztegia. 1970eko abenduan euskaltzainburuak Idatz arauen batzordea sortzea proposatu zuen: “azaleko gauzetan oinarriak finkatzea” izango litzateke haren zeregina. Hauek izan ziren batzordekideak: Lafitte, Berriatua, S. Garmendia eta Villasante. Kontseilariak: Txillardegi, Kintana, J. Etxaide, Erkiaga, Lekuona, Irigarai, O. Apraiz eta Satrustegi. Berriz ere Mitxelena izendatu zuten batzordeburu. 1971ko maiatzean aurkeztuko zuen batzordeak bere lana: “Puntuazio marka batzuk, non, noiz eta nola jarri” (Euskaltzaindia 1971, 150). Abuztuan aurkeztu zen bigarren partea, eta eztabaidatu: “Idatz-arauen batzordeak prestatu duen txostena (II), Loturik ala bereiz idatzi behar diren hitz, aurrizki eta atzizkiak”. Eta irailean, aztertu gabe gelditutako azken puntuak.

Politika kontuak beti gainean

Politika giro nahasiaren kontuak ere ezin ziren baztertu urte haietan: 1970eko batzar horretan, adibidez, Burgosen heriotzara kondenatu zituzten euskaldunen biziaren alde zerbait egin beharra zegoela aipatu zen, eta estatu buruari telegrama bat egitea erabaki zen azkenean, hitz hauekin: “Academia Lengua Vasca, reunida sesión académica Pamplona, suplica clemencia procesados Burgos” (Euskaltzaindia 1972, 250).

1971ko Martxoko bilera Donostian egin zen, eta Gipuzkoako gobernadorea agertu zen hara eta “Euskaltzaindia hizkuntz honegatik egiten ari dena txalotu” zuen (Euskaltzaindia 1972, 257). Garaiak aldatzen ari ziren pixkanaka. Esan bezala, 1973an argitaratu zuen Euskaltzaindiak euskal aditz laguntzaile batuaren eredua, albo batera utziz trinkoen paradigmak eta alokutiboarena (adizki alokutiboen eredua 1994ko azaroaren 25ean onartu zuen Euskaltzaindiak, bere 14. arauan. Aldi berean, Villasantek (1994, 667) dioen gisan, Euskaltzaindiak hamar urteko epea emana zion bere buruari Arantzazun adostutakoarekin zer gertatzen zen ikusteko. Eta hamar urteren buruan biltzarra egingo zuela.

1975: Bergarara iritsi baino lehenago

Urte batzuk falta dira oraindik Bergarako batzarrera iristeko.1975ean Ibon Sarasolak Kriselu argitaletxean atera zuen liburu bat: Euskal Literatura numerotan (aurretik bazuen Jakinen izenburu bera duen artikulu bat ere argitaratua). Liburu horretan neurtzen da lehenbiziko aldiz euskara batuaren ereduaren indarra eta onarpena. 1972-1973 urteetan, Sarasolaren azterketak dioenez, 101 liburu argitaratu ziren euskaraz. Horietatik 71 euskara batuan, hiru laurden batuan, beraz. Horien artean saiakera liburu ia guztiak (%94,6) batuan. Bat bakarrik ere ez ez bertsolaritzan (normala denez, bestetik), eta ez erlijioari buruzkoetan (hain normala behar ez zukeenez). Idazleen artean %73 (46 lagun orotarat) batuan-edo ari ziren. Idazle laikoen artean %79,4k batuan idazten dute, eta unibertsitate ikasketak dituzten guztiak batuan ari dira. Etorkizuna aurrean zegoen: 35 urte baino gazteago zirenek denek batuan idazten zuten, eta 35-50 urtekoen artean %81ek. Hortik goiti, zenbat eta adinduago, batasunetik urrunago: 50-65 urteen artean, %33,3 eta 65 baino urte gehiago zituztenen artean %16,7.

kakotxa Unibertsitate ikasketak zituztenek, gazteek eta laikoek, berehala egin zuten euskara batuaren aldeko apostu zalantzagabea kakotxa

Euskaltzaindiak batasun eredua proposatu zuen, eta gazteek haren alde egin zuten: 1970ean 63 lagunek sinatua zuten “Euskal idazleen zina” izeneko dokumentua, non bere burua behartzen duten batuan idaztera. Ikusten denez, Mitxelenaren ereduak izan zuen onartze maila handia izan zen, eta gazteenek haren alde egiteak segurtatzen zuen berehala zetorren geroa.

— Egilea: Pello Salaburu

1 Izenik ez dator. Ez dakigu erantzuna norena den: idazkariarena (testu hasieran dioen gisan) edo idazkariordearena (honen berri ematean aurreko orrialdean esaten den bezala). Segur aski ere, idazkariaren erantzuna izan zen
2 Altunak dio 1972ko abenduan ere izana zela beste bilera bat Bilbon, baina lau lagun bakarrik agertu zirenez bertan behera utzi zuten: “besteok ez genuen deia garaiz hartu”. Holaxe dio, nork eta batzordeko idazkariak berak (668. or).

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Bergarako bilkura egin zen arte. Aditz batua (1972)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3