Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:8

Bergarako batzarra (1978)

Horrela antolatu zen Bergarako batzar irekia, Eleizalderen omenez, Euskaltzaindiaren zortzigarrena. 1978ko irailaren 4an hasi zen, eta 8an bukatu. Satrustegi izan zen batzarreko burua. Ardura akademikoa Hizkuntza batzordeak hartu zuen (Mitxelena, Akesolo, Haritxelhar, Iraizoz, Irigarai, Irigoien, L. M. Mujika, Kintana, Lafitte, J.A. Loidi, Oregi, Sarasola eta Zarate, J. A. Letamendia zela idazkaria) batez ere, nahiz baziren beste bi batzorde (soziolinguistikakoa eta antolakizunekoa).

Villasanteren sarrera aurkezpena

Villasantek berak argitzen du zortzigarren biltzar horren zergatia sarrera hitzetan1: “Biltzar izen hau hautatu dugu, pixka bat ohiturari jarraikiz, zera adierazteko: Kongresu ageri eta ospetsua, euskal gaiak aztertzeko eta gai hoietaz iritziak entzun eta eztabaidatzeko” (Euskaltzaindia 1978, 441. Hemen biltzen dira dokumentu ofizial guztiak). Gaia, batasunaren ingurukoa berriz ere. Jakin nahi zen Arantzazuko arauek nolako harrera izana zuten euskaltzaleen artean, eta puntu hori aztertu nahi zen bilkura hartan. Villasantek hasieratik utzi nahi du argi, hala ere, zeri deitzen zaion “euskara batua”, zeren ikusten du nahasteak daudela hitz hauen azpian. Egia esateko, nahaste hauek ez dira inoiz ere konpondu, zoritxarrez: anitzek segitzen dute pentsatzen, urteak pasatuta ere, euskararen batasuna euskalkien kontrako zerbait dela eta, esaterako, “hemen bertan” esan behar dela, hori dela batasuna, eta ezin dela “hemen berean” esan. “Batasun formala” (Euskaltzaindiak eman arauek osatzen dutena) eta “Batasun soziologikoa” (gehienek erabiltzen duten euskara landua) nahasten dira anitzetan. Baina bi gauza dira. Funtsezko ideia: batasun formal hori ahalik eta gehien osatu behar da euskalkiek gure esku jartzen duten aberastasunarekin. Villasantek dioenez, euskara batua hitz harro (eta haren ustez ez oso egoki) horien azpian dagoena aski xumea da: hizkera estandar eta arrunt bat, akordioz eta konbentzioz bateratua. “Euskara hizkuntzak –dio Villasantek— eduki dezala forma bat bateratua, irakaskuntza eta idatzizko zereginetan batez ere erabilia izateko”.

Bitzar irekia zen eta, batzordeek sortutako “hitzaldiez” gain, “txostenak” aurkezteko aukera ere ematen baitzitzaion gai hauen inguruan zerbait esateko zuen orori, bereizketarik egin gabe2. Batzarrak utzitako liburua aztertzen baldin bada, ez da ongi ikusten zer den hitzaldia eta zer txostena: batzuetan espresuki esaten da zer den, baina beste batzuetan ez da deusik ere zehazten. Dena, aldez aurretik markatutako arau batzuk errespetatuz gertatu zen.

Mitxelenaren hitzaldia

Lehenbiziko egunean, Elkoro alkatearen hitzen ondoren, Villasante (Euskaltzainburua), Satrustegi (idazkaria) eta Mitxelena mintzatu ziren. Biharamunean Ugalde, M., Joan Mari Torrealdai, Xabier Mendiguren Bereziartu, Sagarna eta Zaratek hitz egin zuten.

Mitxelenak eman zion hasiera akademikoa batzarrari “Arantzazutik Bergarara” izeneko mintzaldiarekin.(ikus Euskaltzaindia 1978, 467)3: “Ez nator inondik ere harro eta arrandiaka, Arantzazun, duela hamar urte, egin zen balentriagatik. Are guttiago, ordea, orduko eta geroekoen lotsaz eta ahalkez. On ala gaitz den ez dakit, baina hangoa ez zen izan asanblada trumoitsu eta nahastekaria, besteren ahoz mintzatzen den baten batek dioen bezala. Istiluaren larriak eta gure barren suminduak eskatzen zuenaren gainetik ez zen gehiegi igo, nik uste. Bakezaleak, gainera, aurrean behar genituzke, ez urrutiko bazterretan, baketzaile bihurtzeko egokiera dutenean”. Guztion gogora ekartzen du nola diren, hemen eta han, hizkuntzalariak beti hizkuntzen batasunaren etsairik amorratuenak, batez ere hizkuntza hori besterena denean. Baina oro har, aski baikor ageri da Arantzazun egindakoaz eta geroztik gertatutakoaz, anitzetan noraezean hartu baldin badira ere, hartu, erabaki batzuk ezinbestean, gure burua galdurik ikusi dugunean bidegurutze batzuetan.

Egia da arazo handiak izan direla, eta gatazka sortu dela, baina Mitxelenaren ustez, urte horietan gertatutakoan ez da inolako bitasunik ageri: ez da egia batzuk batasunaren alde, eta beste batzuk kontra daudela, kontra daudenen artean, aurrekoekin gertatzen ez den bezala, jarrera aski desberdinak ikus baitaitezke. Eta batasun bila aritzeak beti sortuko ditu arazoak: “Sorterrian nahiz atzerrian, batasun bila abiatzen denak ez du sekula atarramendu onik aterako: bereizkuntza mingots eta mingarria sortuko du, berehalako batean. Ezagunegia da harako bi Aita Saindu zireneko hartan gertatu zena. Hirugarrena hautatu zutela, lehenbiziko biak desizendatu ondoan, eta hona non aurkitzen diren hiru Aita Saindurekin, lehenengo biak aski ez bazituzten” (Euskaltzaindia 1978, 470). Hori gertatu izan da hizkuntzaren estandar bat sortu nahi izan den toki eta hizkuntza guztietan. Mintzaldian zehar berriz ere euskararen batasunaz eta historian proposatu izan diren ereduei buruzko oharrak egiten ditu, aldarrikatuz, hori bai, Euskaltzaindiak egin lanak merezi duela batzuek aitortzen dioten maila baino zerbait gehiago. Eta agerian uzten ditu, behin eta berriz, baina gehiegi saltsatu gabe kontuarekin, batasunaren aurka daudenen inkoherentzia eta barneko kontraesanak.

Ugalde, Torrealdai, Mendiguren eta Sagarna

Ugaldek, Torrealdaik, Mendigurenek eta Sagarnak Arantzazun proposatutako ereduak ondoko hamar urteetan izan zuen arrakasta zehatz-mehatz neurtzen saiatu ziren haien hitzaldietan. Harrigarria da, benetan, arrakasta hori, eta urteek ematen duten distantziak hobeki laguntzen du balorazioa egiten. Gertatutakoa neurtzeko inkestak bidali zitzaizkien idazleei eta ikastoletako zuzendariei, eta urte horietan argitaratutako liburu eta aldizkarietan erabilitako euskara mota, batasunari dagokionez, aztertu zen. Idazle gazte asko hasia zen urte horietan idazten. Saizarbitoriak, esaterako, 1969an atera zuen Egunero hasten delako, eta 1976an jendeak besapean eramaten zuen Ehun metro.Xabier Mendiguren Bereziartu

Inkesta erantzun zuten idazleen artean (eta osatu ahal izan zen zerrendako guztiei bidali zitzaien) %60 baino gehiago hasi ziren idazten 1968-1970 urteen arteko epean, hots, Arantzazuko bilera egin zen garaian edo berehalaxe. Idazle guztien artean, %66,8 batasunaren alde zegoen eta taxututako ereduaz iritzi “ona” edo “oso ona” zuen. Gutxik (%4,6) eskatzen zuen atzera itzultzea. Hamar urte horietan argitaratutako liburuen azterketa xehea egin zen 431 liburu eta 36 aldizkari aukeratu zituen Torrealdaik, lagin bat eginez. Zernahi gisaz, 1967an (biltzarraren aurretik), 1972an (Arantzazutik bost urtera) eta 1977an (hamar urtera) argitaratutako liburu guztiak espresuki kontuan hartu zituen, laginik egin gabe urte horietan. Eta datuek ez dute leku gehiegi uzten interpretazio ilunak egiteko: hizkuntzaren barneko zenbait adierazle (h letraren erabilera, ergatibo plurala, aditz formak, eta abar) aztertu ondoren, argi ikusten da adierazle gehienetan idazleek orpoz orpo segitzen dutela eredua, arruntean adierazle bakoitzean %90etik gorako segida eginez (batzuetan %100).

“Hego Euskadiko” 570 irakasleri eta ikastoletako 99 zuzendariek ere bide bera hartu zuten, ezbairik gabe: irakasleen artean %90,9k euskara batua erabiltzen du han ez bada hemen, baina %62,3k beti erabiltzen du batua, irakurtzeko, idazteko eta hitz egiteko, eta %89k beharrezkoa dela dio; ikastoletan, %79k hartua du erabakia euskara batua erabiltzeko ikastoletan. Zuzendariek (%66) euskal testuak eskatzen dituzte, eta irakasleen prestakuntzaren beharra aldarrikatzen dute (%81). Prestakuntzaren beharra lotua dago, segur aski ere, informazio faltarekin, hori ere aipatzen dute irakasle eta zuzendariek iritzi guztietan, ehuneko handi batean gainera (%56,1-%75,8, xehetasunen arabera). Eragozpen larrienak Bizkai aldetik datoz berriz ere.

Euskalduntze eta alfabetatze kontuetan, datuek erakusten dutenez, %83,6k batasunaren beharra aipatzen du.

Hori izan zen Mitxelenak landu eta proposatutako ereduaren arrakasta izugarria. Hamar urte horiek bideratu zuten betiko euskararen estandar idatzia. Eta nola, gainera. Jendea batasunaren alde jarri zen, ez liskarrik gabe, baina alde; ez zen hura, ez, eredu itxia, baina denborarekin osatzeko bidean jarri zuten aitzindari haiek betiko: “Esan ta egin, jarri genuen euskara batasun bidean. Eztabaidaka, haserre bizitan, garrasika, behaztopaka, aurrerakadaka eta atzerakadaka…, baina jarri genuen batasun bidean. Batasun bidean jarri genuen eta batasun bidean dugu oraindik. Batu ez dugu egin, jakina, euskara batua baturik dagoen euskara bat bezala behin eta berriz ahotan erabili arren. Hain zuzen ere, ez dut uste inongo hizkuntza batu bizirik, komunikabide jator izateko gai den hizkuntza batu bizirik, hamar urtetan batu denik, eta batu daitekeenik ere ez. Hala ere, batasun bidetik euskara baturantz goazelarik, jo ta ke gabiltzalarik, nahiz eta batzuetan itsumustuka ta nahasteka-mahasteka ibili, askok uste duen baino gehiago lortu dugu” zioen Mikel Zaratek bere hitzaldian (Euskaltzaindia 1978, 557). Belaunaldi oso baten meritu ikaragarria eta ez behar den bezala aitortutakoa izan da hori4. Garai hura nork bere erara bizi izan zuen. Batzuek protagonista zuzenak ziren; beste batzuek bazterretik ikusten zituzten gauzak, prozesuan zuzenean inplikatu gabe; beste batzuek urrunagotik oraindik, eta bazen jende asko enteratu ere egin ez zena. Euskaltzaleok (garai hartan euskaltzaletu nintzen ni) pentsatzen genuen mundua gurea zela, baina denborak erakutsi digu hori ez dela hola. Deustuko unibertsitatean bazen Legorretako taldetxo bat, aski borrokalaria. Haietako bat hasi zen gauetik goizera euskara irakasten unibertsitateko areto batean eta ikasle batzuk joaten ginen eskoletara, denak nahaste: batzuek bazekiten euskaraz, etxean ikasitako euskara egiten zutenb: beste batzuek ez zekiten ja. Denak nahaste gela berean. Irakaslearen izena Juan Mari Jauregi zen. Eta hara non hasten zen: “Zer da hau?” Eta batzuek harriturik behatzen zioten: “Orko ori? atia! Ze izango da ba?”. Baina aldamenekoak: “Pues eso…no se”. Denborarekin Maixabelekin ezkonduko zen Juan Mari. Maixabelen anaia bat ere Legorretako talde hartakoa zen, Joxe Angel Lasa, gaur egun eskultore ezaguna eta EHUko irakaslea. Denbora gehiagorekin, Juan Mari Gipuzkoako gobernadore izendatu zuen PSOEk. ETAk tiro bat emateko eta bertan uzteko denbora gehiago behar izan zuen oraindik. Euskararen batasunak baino zirrara handiagoa sortu zuen horren anitzen bihotzean.

Inoiz ez bezalako kontzientzia berri batek hartu zuen tokia pixkanaka: 1959ko hitz zerrenda, Baiona (1964), Ermua (1968), eta Arantzazu (1968) . Eta orain Bergara.

Zarate

Zarate aipatu berri dugu. Interesgarria izan zen, biziki interesgarria, haren hitzaldia ere. Garai hartan, Zarate zenak pixka bat noraezean bezala uzten gintuen batzuetan: batuaren alde zegoen? aurka? Guretzat euskara batua besterik ez zegoen, hura zen erreferentzia bakarra. Hartara eraman gintuen urte haietako giroak. Zaratek aski argi utzi zuen bere jarrera, berak zekien bezalako euskara arin eta dotore hartan. Batasuna, bai, ezinbestekoa. Egin, egin behar da. Ez, ordea, edozein modutara: ongi dago tradizioan errotzea, horrek hala behar du izan, baina ezin dugu bazter batean utzi benetan herrian erabiltzen den hizkera, hizkera hau leku batetik bestera aldatzen bada ere, eta Bermeon Bermeokoak bakarrik balio baldin badu ere. “Euskara” da izena, eta “batua”, ostera, adjektiboa. Euskaraz jakin behar da.Mikel Zarate

Hortik abiatu behar dugu, nahitaez. Euskara goimailaratu behar dugu, baina hori ezingo da egin liburuetara bakarrik joz, edo “logikaz” eraberritu eta indarberrituz (hitz hori apropos aukeratu zuen, segur naiz). Horregatik, euskaldunak alfabetatzen hasi behar dugu, zein bere hizkeran. Hori da abiapuntua, gauzak ez baititugu zuzen egin: “konturatuta edo konturatu barik, herriko hizkuntza bizi koloretsutik alde egin dugu gehienetan (Euskaltzaindia 1978, 562)”. Euskara batua ezin da euskara biziaren kontra joan. Eta hor ortografia bakarra erabili behar dugu. Horrela pasatuko gara Lezamako “etortexinzen dekartezeuen” (alemana ote den galdetzen du) “etortzen izan zen eta ekartzen zuen” esatera. Edo Ondarroako “baraitx inbitxuna” ulertezinetik “badakit egin behar dituena” esatera.

Alfabetatzean mailak bereizi behar dira, eta pixkanaka deklinabide bakarra eta adizki bakarrak ere. Urratsez urrats. Eta aditzean ere forma sinpleak aukeratu behar dira, jendeak erabiltzen dituenak, eta subestandarrak sortuz euskalki bakoitzean: galduko zuen, sartzen bada, etortzen denean, hurbilduko nintzen bezalakoak erabili behar ditugu, galdu duke, sar badadi, etor dadinean edo hurbilduko nintzatekeen bezalakoen aurretik. Aspaldi erakutsi zuen Azkuek forma horiek ederrak izanik ere badutela eragozpen bat: hilak dira. Azkeneko eguneko eztabaidan “Ni hor nago, Bizkaian, erdi bide bat naizelako. Baina Zatarain bezala, ez naiz ezkontzen […] Nik Arantzazuko arauak onartzen ditut, orrazketa batzu egin ondoren” esan zuen.

Iparraldeko euskaltzainak

“Iparraldeko euskaltzainek” (ez da beste izenik ematen) sinatzen dute egun horretako azkeneko hitzaldia, “h”ren inguruko zehaztapen batzuk eginez. Hegoaldeko euskaltzainen arazoa baldin bazen non jarri letra hori, haiena zen gehiago nondik kendu. Eta proposatutako kenketan asmatu den edo ez. Ohar asko egiten dituzte grafema hori erabiltzearen inguruko arrazoiak zein diren zehaztuz, eta hitz zerrenda bat ere esakaintzen dute. Aldi berean, jakinarazten dute h nonahi jartzeak ez duela egiten batasuna, batzuek itxura hori hartzen badiote ere kontu honi.

Eztabaidak eta txostenak

Hitzaldiak entzun ondoren eztabaidak sortzen ziren. Ez daude denak bilduak, baina zati handi batzuk hitzez hitz bildu ziren, eta biziki interesgarriak dira lekuko horiek, ondoko urteetan behin eta berriz mahai gainean egongo diren arazoak pizten baitira han. Protagonista asko hamar urte lehenago Arantzazun agertutako berberak dira, nahiz ahots berriak ere entzuten diren. Eztabaidetan izen ezagun asko aurkituko ditugu: Mitxelena, Kintana, P. Uribarren, J. Intxausti, M. Olazar, J. A. Letamendia, L. Oiartzabal, Juan San Martin, "Txillardegi", Agirrebaltzategi, Lizundia, J.J. Azurza, Haritxelar, Villasante, Altuna, Olabeaga, Igarreta, Irigoien, Rotaetxe, Iruretagoiena, Latiegi, J. Alberdi, P. Pujana, E. Knörr, Davant (zintak transkribatu dituenak identifikatzen duen bakarra: “Zuberoako euskaltzaina”) eta J. M. Irazola, hitz egindakoen hurrenkeraren arabera. Ohi den gisan, anitzetan, eztabaidek ez zuten zerikusi handiegirik izaten aldez aurretik entzundako hitzaldiarekin (salbu Zarateren hitzaldiaren ondoko eztabaidak, gaiari lotuago ageri baita), baina informazio handia ematen dute han gertatutakoaz: besteak beste, han pizten direlako geroago urteak eta urteak bizi-bizirik izan diren kontuek.

Horrela, euskara unibertsitatean sartzeak edo ez eragiten dio hausnarketari, eta batez ere maisu-maistra unibertsitate eskoletan sartzearen beharra aipatzen da, Mitxelenak berak abiatu ondoren gaia. Eta nolako eragozpenak dauden euskaltzaleak ez direnen aldetik: “euskara ingelesaren edo alemanaren pareko hartzen dute”. Ez zegoen modurik euskararen presentzia segurtatzeko aukerazko gaietan edo praktikak ikastoletan egiteko: “un poco para que puedan hablar en la plaza”, horrekin asko eta nahiko. Kintana euskara sartzearen alde dago eta oroitarazten du –beste garai batzuk ziren, nonbait—“polizia autonomo bat eskatzen dugunean eta hortarako izan dira manifestaldiak” alderdiak eta prentsa ere horren alde daudela. Euskararen inguruko titulazioek ere ematen dute buruhausterik, batzuen ustez ez baita batere egokia Euskaltzaindia ibiltzea holako lanak egiten: tituluak beste norbaitek eman behar ditu, irakaskuntzako erakunde ofizial batek.

Gauza jakina da gure herrian hitzek aspaldi galdu zutela jatorrizko esanahia. Bada, gutxienez Bergaratik bai, esango nuke. Eztabaidan parte hartzen ari zen M. Olazarrek esan zuen Euskaltzaindiak bakarrik ematea tituluak, ofizialtasuna Euskaltzaindiak bakarrik ematea, hori fatxismoa zela. Gero, pixkanaka, hitz horren esanahia hedatuz joan zen eztabaidak aurrera egin ahala, pinttinka-pittinka gero eta toki gehiago janez, San Martinek “ez dut fatxista naizen ala ez agertu beharrik” esan bazuen ere. Azurtzarentzat beste zerbait zen faxismoa; Zaratek euskara batuaren aldekoen artean ikusten zituen faxistak batzuetan, eta kontrakoen artean bestetzuetan: “Faszismoa sartu da konturatu gabe zenbaiten buru eta burubideetan: Bizkaiera eskoitiar burgesek bakarrik egiten dute; Hemen batua besterik ez dugu onartzen; Guk ez dugu andereño batuzalerik onartzen, hatxezalerik ere ez; Espainolisten asmakizun bat da batua, euskara hondatzeko. Bakoitzak bere euskara sartu nahi du leku guztietan derrigorrean eta arrapaladan, beste jokabiderik onartu gabe, inor ez ezer errespetatu gabe, faszisten gisa, euskara batu hau edo hori edo euskalkiak balira bezala euskararen etsai. Euskararen etsairik handiena erdara dela konturatu gabe” (Euskaltzaindia 1978, 562). Txillardegik, azkenoz, “badirudi hemen oso modan jarri dela fatxista hitza erabiltzea” azpimarratzen du. Zergatik esaten du hori? Bada, baitirudi, gure artean, Euskaltzaindiaren kontra egiten duena liberala dela eta, aldiz, gu garela faxistak. Eta ez, ez da hala: “Esan behar da, hemen, fatxismoaren biktimarik ezagunena Lauaxeta izan zela. Bigarren biktima ezaguna, Eustakio Mendizabal. Hirugarrena, Mitxelena, eta ni neu eta beste asko ere, fatxismoaren biktimak izan garenok urte askotan, leporaino gaudela horrelako hitzak entzunez”. 19.a zen eztabaidan hitza hartzen.

Egun horretan berean, irailaren 6an, beste hainbeste txosten aurkeztu ziren, batzuk oso zehatzak, eta oso egokiak eztabaidan zegoen batasunaren inguruko puntu txiki baina funtsezko batzuei ekiten baitzieten (h letraren inguruan asko, atzizkiak, hitz elkarketa, orthographia, fonetika, eta abar), argia emanez. Beste batzuek ez dute horrenbeste interesik eta badirudi gehiago direla nork bere buruan zuena besteren aurrean botatzeko parada aprobetxatzeko idatziak. Zatarain (2 txosten), Eguzkitza (bi txosten), L. M. Mujika (bi txosten), Txillardegi (bi txosten), Sarasola, Irigoien eta Kintana izan ziren txostengileak. Ondoko eztabaidak ere aski interesgarriak dira, eta nahiko teknikoak anitzetan, eta han hasten da baten bat (Azurtza) gero urteetan iraun duen leloa hedatzen: “Euskaltzaindiak hau erabaki eta gero iritziz aldatzen du” (Villasantek gezurtatzen dio). Ez zen egia, noski, baina ikusten da argudiobideak ahal den tokitik hartu behar zituztela. Eztabaidetan ere, h-aren kontua izan zen borrokagaia. Jende berria ere ageri da mokokan, aipatu izenez gain: Haritxelar, Rotatexe, Iruretagoiena, Oñatibia, Altuna, Oregi, Mikel Atxaga eta Uribeetxebarria. Iruretagoienak, esaterako, H-ak bertsolarientzat kalte handia zekarrela zioen. Ez dakigu, egia esan, baina beharbada orduko bertsolariek idatzi egiten zuten kantatu beharrean5.

Altunaren eta Irigoienen hitzaldiak

Irailaren 7an Altuna eta Irigoien mintzatu ziren, erakusleen inguruan (hauk/hauek; hontan/honetan), eta deklinabideko zenbait punturi buruz. Esan daiteke han proposatutakoa dela gero bidea egin duena batasunean. Rotatetxek bi txosten labur aurkeztu zituen, eta Mitxelenak beste bat, hitzaldi nagusiez gain. Egun horretako eztabaidak ahulagoak dira, badirudi jendea agortu samar gelditu zela lehenbiziko egunean.

Ez da batzarraren inguruko materiala hor bukatzen, zeren batzarra zela eta, Euskaltzaindiak bazituen zenbait eskaera idatziz hartuak. Ez dakit astirik izan zen haiek irakurtzeko. Sinadurarik gabeko “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa’ko euskarazaleak Euskaltzaindiari” izeneko idazki batean salatzen dute Aratzazutik geroztik Hegoaldean bi sail sortu direla: batzuek h letra erabiltzen dute, eta ll eta ñ baztertu dituzte, eta beste sailekoek juxtu-juxtu alderantziz. Euskaltzaindia azkenekoen alde agertu da. Aldi berean, Iparraldekoek ez diote inolako kasurik egiten Arantzazun onartutakoari. Gipuzkera osatua bultzatu beharko litzateke. Bide beretik doaz aurreko uztailaren 22an Euskaltzaindiari helarazi zioten gutuntxo bateko lau sinatzaileak: Olazar, Latiegi. Ayerbe eta Arrinda, denak “Kardaberaz” izeneko elkartearen izenean. Atzera egin dezagun eta itzul gaitezen Azkuek erakutsi bidera.

Urrestarazuk erdarek euskaran duten eragina salatzen du, “laterak” bere garaian egin zuena orain espainolak eta frantsesak egiten dute, antza denez. Euskal hiztegiak behar ditugu. Ez du erakusten aparteko kezkarik biltzarreko gaiarekin, hau da, euskararen batasunarekin.

Irigaraik eta Loidik kezka erakusten dute nola ari den euskara tokia irabazten hirietan, baina herrietan galtzen. Eta alfabetatzearen beharra aldarrikatzen dute, lehenik herriko mintzoa irakatsi eta handik batura pasatzeko.

X. Gereñok zer dagoen ongi galdetzen du: ondo/ongi, daukat/dut, ikutu/ukitu, eta abar, “euskara batu standard bat” berehala behar dugula gaindituz.

Zatarainek bi idazki aurkezten ditu. Segur aski ere, txosten gisa aurkeztu zituen, baina denbora gabe gelditu zelako edo, liburuaren amaieran argitaratzen dira.

Irigoien, Txillardegi, M. Azkarate, Zubizarreta, J. M. Larrazabal, A. Legarreta, P. Uribarren, J. L. Goikoetxea eta A. Ozamiz “oinarrizko euskararen premia” ikusten dute, metodoetan eta irakasleek erabiltzeko: “Arazo hau zientifikoki aztertu behar dela garbi ikusten dugu” (Euskaltzaindia 1978, 817).

Egun horretan ere izan zen eztabaida. Denborarekin sailburu izango zen Mari Karmen Garmendiak bere harridura erakutsi zuen (“Izugarri arriturik nago” ), irakaskuntzaren inguruko arazoak entzuten zituelarik, ez baitzuen argi ikusten aurrean eztabaidan zituen haiek bazuten inolako esperientziarik eskoletan: “Ikastoletako errealitateaz zer harreman duzue?”. Mikel Atxagak batasunaren beharra aldarrikatzen du, eta Eufronio Agirrek ere gauza bera dio. Uribeetxebarriak tituluen kontua ekartzen du berriz ere mahaira, eta Karmele Rotaetxek “bibrante arazorik” ez dagoela dio.

Garbi ikusten da, halaber, Latiegik disimulurik gabe aipatzen duela, Euskaltzaindiak hartu duen bidea ikusirik, ez ote den egokia beste Akademia bat sortzea, herrikoa, Euskaltzaindia “Erregearen Akademia” delako. Baina, itxura guztien arabera, jendea nekatua zegoen, edo arazoa gainditua ikusten zuen, eta ez zen gai horretan tematu. Gero, hala ere, Euskarazaintza sortuko zen, zinezko “erri akademia”.

Eztabaida akademikoei dagokienez, Kintanarenak izan ziren azken hitzak: “Agian uste dut buztana eta adarrak etxean utziak ditudala” (Euskaltzaindia 1978, 825).

Etxezarretaren hitzaldia

Azken hitz horiek ez bide dute zerikusirik ondoko egunean, irailaren 8an, Eustasio Etxezarretak egin zuen hitzaldi nagusiarekin, non aztertu baitzuen elizaren jokabidea euskarari buruz, hainbeste eta hainbeste adibide jarriz. Dena konfesatu zuen. Ondoko elkarrizketan Olazarren kezka nagusia geratu zen mahai gainean baratua: “Eta euskara batu honekin ados ez daudenak beren liburuak gipuzkera osoti edo euskalkietan argitaratzen baldin badituzte, elizak exkomunikatu egingo ditu?” (857. or.). Puntu horretan Davan senar-emazteak ere mintzo dira: Axular, Leizarraga, Tartas… horiek ere “beren gisako euskara batua erabiltzen zutela”. I. Bastarrika, E. Agirre, E. Etxezarreta, J. Intxausti, Xarriton, Lizundia, E. Knörr, Zarate, Altuna, Iruretagoiena, L. M. Mujika (“Elizak izugarrizko eraginpena du”), J. M. Aranalde, Oñatibia eta Maite Mendiburu ere ageri dira eztabaidetan. Amaiera Lizasorena da, eta unibertsitatea aipatzen du: “Ba zen garai batetan Oñatin, baina jarrai aurrera eta gora bihotzak, Aberriak hau eskatzen baitu”.

Hori guztia gertatu zen herrian erromeria hasi aurretik. Tartean, Haritxelarren hitzak, Villasantaren agurra eskerrak emanez, eta hemen segidan alderatzen dugun adierazpen ofiziala. Hogeita sei zilarrezko domina ere banatu ziren hizlari eta antolatzaileen artean. Hamabi brontzezko domina bakarrik bigarren mailako antolatzaileen artean. Txostenak aurkeztu zituzten asko, eta eztabaidetan behin eta berriz ageri diren izen ospetsuak domina gabe gelditu ziren.

Euskaltzaindiaren Bergarako adierazpena

Euskaltzaindiak bere VIII. Biltzarraren ondoan adierazpen hau agertu zuen:

— Egilea: Pello Salaburu.

1 Sarrera horretan hainbeste gai ukitzen ditu Villasantek, eta berriz ere bere jakituria erakusten digu. Holako zentzu komuna zuten pertsonei esker egin ahal izan da batasuna gure hizkuntzarekin
2 Matrikula hogei aldiz garestiagoa zen Arantzazun baino: 1.000 pezetakoa
3 Inprenta huts bat dela eta, gaizki eman zitzaion zenbakia. Ikus “Erreferentziak”.
4 2012an jaso zuen Ibon Sarasolak Euskadiko Ikerkuntza saria, ongi jaso ere, bere merezimendu pertsonalengatik. Orain arte gizarteak sobera baloratu ez duen belaunaldi oso horri eskaini nahi izan zion saria.
5 Txostenak eta eztabaidak bildu ondoren liburua editatu zuenak meritu handia du, bere eskuko oharrak eta guzti eraman baititu orri editatuetara, txosten baten transkripzioa erdizka uzten duelarik: “Orijinal hontan nola ez duan jarraitzen, guk ezin dugu asmatu” (Euskatzaindia 1978, 673), idazten du aski kontent.

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu., "Bergarako batzarra (1978)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3