Erabiltzaile Tresnak


gizt:6:9

Bergarako erabakien garapena 80ko hamarkadatik aurrera

Batzarra amaitu ondoren Euskaltzaindiak lanean segitu zuen eta beste erabaki batzuk ere hartu zituen. Bergarako adierazpeneko erabaki horretan aipatzen diren puntuak lantzeko batzordeño batzuk izendatu zituen Akademiak irailaren 29ko bilkuran: bustidura (Irigoien, Sarasola, Lizundia); erakusleak (Altuna, Kintana, Txillardegi); deklinabidea (Garmendia, Villasante, Irigoien) eta H letra lantzekoa (Haritxelar, Mitxelena, Davant eta Lafitte). Batzorde buruak, orpoz orpo: Irigoien, Altuna, Villasante eta Haritxelar.

Erabaki berriak

Berehala, 1978ko urrian , hartu ziren erabakiak bustidurari buruz (Euskaltzaindia 1979, 91-92, hemen:bustidura_1978_urria.pdf); Erakusleak 1979ko otsailaren 23an (Donostia), eta uztailaren 20an (Elizondo) egindako bileretan erabaki ziren (Euskaltzaindia 1979, 142 eta 716, hemen: erakusleak_1979.pdf); kasuen markak azaroaren 30ean, Donostian, nahiz txostena aurreko hilabetean aurkeztua izan Bilbon, (Euskaltzaindia 1979, 633-657, hemen ikus dezakezu: deklinabidea_1979.11.30.pdf); h letra dela eta, 1979ko abenduan hartu zen erabakia Donostian (hemen: h_letraren_ortografi_arauak.pdf), eta letra hori daramaten hitzen zerrenda proposatu zen, 16 euskaltzainen (zuzeneko edo zeharkako) sinadurarekin: “Ez da samurra izan. Mataza nahasia eta luzea izan da benetan […] Denok dakigu hamar urte honetan “H” letraren inguruan kokatu direla batasunari buruzko sesioak. Gehiegikeriarik gabe esan daiteke gaur Euskal-Herria begira daukagula”, zioen Villasantek (Bergara-ko biltzar ondoko erabakiak, Euskaltzaindia 1979, 89). Eta bi izen aipatzen zituen “aparteko modu batez lan egin baitute”: Xarriton eta Sarasola. Erabaki hauek guztiak, eta material gehiago Euskera 1979-3, Bergara-ko biltzar ondoko erabakiak liburuan argitaratu zituen Euskaltzaindiak.

Tartean, 1979ko azaroan, euskal alfabetoa zein den erabaki zuen (Euskaltzaindia 1979).

Hamar urte horietan zehaztu zituen Euskaltzaindiak, hortaz, ortografia (h letraren kontua barne), aditz laguntzailearen adizkiak, erakusleak eta kasuen formak. Horrekin esan daiteke batasunaren funtsezko zutabeak jarriak zirela. Hori, esan bezala, ez zen nolanahi gertatu: historian beste hainbeste faktore, eta denak batera, elkartu zirelarik bakarrik izan zen posible. Ereduaren beharra, belaunaldi berrien gose-egarriak, gizartearen egonezina ez bakarrik hizkuntza kontuetan, euskararen sinbolismoa, eta abar. Ikaragarriko lana izan zen, eta gezurra dirudi nola izan zen posible horrenbeste aurreratzea. Horregatik kontatu nahi izan dut xehetasun pixka batekin orduan gertatutakoa. Nekez uler daiteke euskararen batasunarekin gertatutakoa hori guztia ahazten baldin badugu. Behin oinarriak jarri ondoren etxea eraiki daiteke gainean, ongi eraiki ere. Geroztik egin den etxe hori ederra da, eta gela asko ditu, batzuk beste batzuk baino argiagoak, baina oinarri horiek gabe etxeak erraz erortzeko arriskua zuen. Horregatik dugu ezinbestekoa hango hura kontatzea. Garai hartako protagonista anitz bizi baldin badira ere, nahiago izan dut dokumentuetan ikusi dudana kontatzea.

Batasuna ez da hor amaitzen, noski, eta gero ere lan handiak egin dira: hemen aipatuko ditut garrantzizkoenak, baina gainetik bakarrik. Merezimenduak inondik ere gutxietsi gabe, badut uste urte haiek izan duten eraginik nagusiena euskararen batasunaren historian.

Gramatika batzordearen eta hiztegigintza lanen sorrera

Etorkizunera begira beste era bateko lanak behar zituen euskarak: sintaxi kontuak aztertu; hiztegia batu, landu eta behar berriei egokitu, eta abar. Ororen gainetik, euskal filologoak prestatu eta unibertsitatean euskal ikasketak lantzen hasi. Hori etorriko zen berehala: Bergarakoa bukatu eta hurrengo urtean egin zuen Euskaltzaindiak Arrasateko biltzarra, 1979ko abenduan (Euskaltzaindia 1980). Biltzar horretako gaia sintaxia zen, baina han aurkeztu ziren lan guztiak ikerketa lanak ziren, ez batasuna bultzatzeko erabakiak. Ikertzaile berriek aurkeztu zituzten beren lanak beteranoekin batera. Unibertsitateetatik ari ziren ateratzen euskal filologiako lehenbiziko lizentziadunak, institutuetan euskal filologiako katedrak sortu ziren, eta 1980ko apirilaren 18an izendatu zen lehenbiziko Gramatika batzordea: Lafitte (buru), Haritxelar (buruorde), Goenaga (idazkari), M. P. Lasarte (idazkari orde), “batzorde lagun, Arrasateko batzarrean txostenak egin zituztenak, eta gaur gramatika lanetan sartuak diren beste zenbait ikerleren izenak jarri” (Euskaltzaindia 1981, 178). Irailaren 19an egin bileran Altunak non kasuaren gaineko lan bat aurkeztu zuen batzorde horretan, eta Lafittek a artikuluaz beste bat. 1982ko martxoan Goenagak batzordea egiten ari zen lanen berri eman zuen, eta “Iruñeko Kongresoa gogoan dutela, badoaz urratsak ematen” esan omen zuen, agiriak dioenez (Euskaltzaindia 1982, 602). Urriko bilkuran, hala ere, kontuak nahiko motel zihoazela adierazi zien euskaltzainei. 1984an egin beharreko bilkura prestatzen ari zela batzordea, eta horren berri emango zuela hurrengo batean. 1983ko urtarrilean egin zuen hori: Iruñean egingo da batzar hori, 1984ko irailean.

1981eko abenduaren 29an hiztegigintzan ari ziren zenbait lagun hartu zituen Euskaltzaindiak: J. M. Goñi (Elhuyar), Intxausti, Kintana, L. M. Mujika eta Sarasola. Hiztegigintzarako batzorde bat sortzea ezinbestekoa ikusi zen. Hiztegi arrunta lantzea Euskaltzaindiaren zeregina zela onartu zen. Iruñean, 1982ko urtarrilaren 29ko bileran onartu zen “zenbait batzorde desagerturik Dialektologia, Gramatika eta Hiztegigintza” izango zirela, besteak beste, ekintza nagusiak” (Euskaltzaindia 1982, 598). Martxoaren 26an hiztegigintzarako lanak banatu ziren: Mitxelenari bulego bat eman zitzaion Gasteizen, eta Sarasola hartu zuen zuzendaritzako lagun. Hiztegi hiritartua lantzeko ere batzorde ttipi bat izendatu zen: Knorr, Akesolo, P. Mujika, L. M. Mujika, M. Izeta eta Kintana. Sarasola izango zen batzuen eta besteen arteko lokarri.

Hortik aitzinat etengabeko aldaketa isil bat hasi zen gertatzen Euskaltzaindian: apaizek, eta borondate oneko euskaltzaleek, anitzetan autodidaktek, osatzen bazuten ordura arteko Euskaltzaindia, ia sortu zenetik, pixkanaka unibertsitate munduko ikertzaileak hasi ziren sartzen. Villasantek ireki zizkien lehenik ateak beldurrik gabe, eta oro bat geroago hainbeste urtez euskaltzainburu izango zen Jean Haritxelarrek egin zuen horren aldeko apustu garbia. 1980ko uztailean aukeratu zuten Altuna euskaltzain.

Funtsezko lanak

Urte horiek eman zioten hasiera, Euskaltzaindiaren barnean, beste handitasun bateko lanei. Aipatu bi batzorde horiek eta Atlasak egindakoak aipatuko ditut bakarrik, xehetasunetan sartu gabe, nahiz ez diren horiek akademiaren lan bakarrak: toponomastikaren inguruan ere hainbeste lan egin ditu. Lehenbiziko biek (hiztegia, gramatika) ikerkuntzan eta batasunean pausatzen dituzte hankak. Atlasgintzak, batez ere ikerkuntzan. Lan horiek 80ko hamarkada horren hasieran abiatu ziren. Ikusi ditugu garai bertsukoak direla gramatikaren eta hiztegiaren egitasmoak. Atlasa egitea (Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, EHHA) 1983an onartu zen eta ondoko urtean hasi lanean. Hamarkada horretan , hortaz, eragin handiko lanak jarri zituen abian Euskaltzaindiak. Villasantek bultzatu zuen hori guztia, eta hamarkada amaieran Haritxelarrek hartu zion txanda, urte horretan hasi eta 2005eraino bera izan baita euskaltzainburua.

Herri hizkeren Atlasa

Atlasa, esan bezala, ez dago zuzenean batasunarekin lotua, eta hizkeren gaineko datuen bilketa sistematikoa egitea du helburu nagusi. Tamainari dagokionez, datu hauek esanguratsuak dira: 2.857 galdera, 85 gairen inguruan, eta 145 tokitan eginak. Honen xehetasunak, besteak beste, G. Aurrekoetxea eta Charles Videgainek (1993) eman dituzte. Datu guztiak prozesatu eta aztertu ondoren, zortzi liburu atera dira dagoeneko (2008-2017), beren audio sistemekin hornituak.

Hiztegigintza

Hiztegigintzaren inguruan egin diren lanak erraldoiak dira, eta euskararen inguruan historia osoan egin diren aberatsenak. Mitxelena hil zenez geroztik (Errenteriako maisuak ere hamarkada horretan aukeratu baitzuen partitzea, 1987an), Ibon Sarasolak eraman ditu aurrera lan horiek guztiak, ikertzaile talde baten buru. Orotariko Euskal Hiztegia-ren hamasei liburukiak aipatu behar ditugu lehenik: hiztegi historikoa, 5 milioi inguruko datu base batean funtsatzen dena: euskararen lehenbiziko lekukoak ditugunetik batasunaren oinarriak jartzen hasi ziren arteko testuak bildu ziren, makinatu, ortografian batu, eta azterketa egin, euskara gaztelania den hiztegi eredugarri hau egiteko. 5 M hitz asko dela ematen du. Eta garai hartako, zeuden baliabide elektronikoen ezaugarriak kontuan hartzen baditugu, datu masa handia da. Baina geroztik asko aldatu dira gauzak. EHUko Euskara Institutuak baditu zenbait datu base gaurko euskararenak, eta edozeinek kontsulta ditzake. Ereduzko Prosa Gaur izenekoak, esaterako, OEH egiteko erabili zenarekin erkatzen badugu, halako bost ditu (25 M). Ez da gehiegi hori ere. Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean (Michel J. B. et al. 2011) egileek 500.000 M hitzeko corpus batez mintzo dira

Liburukiak pixkanaka argitaratu ziren, 1987an lehenbizikoa eta 2005ean azkena. Denetara 15.000 orrialde inguru dira, eta 140.464 sarrerak (gehi 52.243 azpisarrera) osatzen dituzte liburu horiek. Lan hori funtsezkoa izan da gure tradizio idatzia ezagutu ahal izateko eta geroztik osatu diren hiztegiak egiteko. Ez du inon ere parekorik, eta kanpoan egin diren antzeko hiztegiekin ez da zorretan gelditu, kontuan hartzen badugu euskaren lekukotasunak ere apalak direla beste hizkuntza horiekin erkatuz gero.

OEH-k ematen duen informazioa gauza askotarako erabili du Euskaltzaindiak. Besteak beste, batasunaren inguruko zenbait erabaki hartzeko eta, batez ere, Hiztegi Batua (Euskaltzaindia 2000), lehenik, eta Euskaltzaindiaren Hiztegia, gero, egiteko. Hiztegi horrekin bukatzen da batasunaren inguruko beste ziklo handi bat, ez baita zalantzarik idazleek hiztegi hori hartu dutela eredu, eta ezbaian zeuden aukera asko eta asko, hiztegiari zegozkionak, edo aditz batzuen erregimenari, liburu honek zedarritu zituela. Berriz ere itzuliko gara berehala gai honetara.

Gramatika

GRAMATIKA BATZORDEA 2011KO ABENDUANGramatika Batzordeak ere segitu du etengabe lanean urte hauetan guztietan. 1984an aurkeztu zuen denen aurrean lehenbiziko txosten luzea, izen sintagmaren gainean. Aurkezpena Iruñean egin zuen, irailean, Arturo Campion euskaltzalearen omenez egin bilkura irekian. Eta horrek eman zion hasiera Euskal Gramatika. Lehen Urratsak izeneko liburu sailari. Denetara zazpi liburukik (1985, 1987, 1990, 1994, 1999, 2005 eta 2011) osatzen dute bilduma. Horietan lehenbizikoa idazmakinatua argitaratu zen, behin-behinekotasunaz jabeturik, eztabaidatzeko zerbait bezala argitaratu nahi izan baitzuen batzordeak. Gero, lehenbiziko liburu horrek osagarri bat izan zuen (1987), eta berriz ere argitaratu zen handik urte batzuetara (1991) osagarria ere bilduz. Tartean (1988) lehenbiziko bi liburukien gai aurkibideak biltzen zituen liburua eman zen argitara eta perpaus bakunaren inguruko gramatika laburra ere (1993). Gramatika hau da euskarari buruz inoiz argitaratu izan den lanik zehatzena eta aberatsena. Euskararen deskripzioa egiten saiatzen da, arauemailea izan gabe, nahiz betiere eskura dituen aukeren artean argia ematen duen tradizioan eta erabileran oinarritutako argibideak ematen dituen.

Euskaltzaindia eta unibertsitatea eskutik

Aipatu dut gorago Villasantek eta Haritxelarrek bultzatutako lan egiteko moduak eraman zuela unibertsitateko jendea Euskaltzaindira. Hori gertatu zen euskaltzain osoen artean, baina argiago ikusten da beharbada batzordeen bidez egindako lan hauetan guztietan. Ezin da ukatu Deustuko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatutako ikasketek jende askoren formazioa segurtatu zuela, eta eragin handia izan zuela euskararen inguruan kalitate handiagoko lanak eta ikerketak egiteko orduan. Horretaz ongi baliatu zen Euskaltzaindia. Inoiz ez bezalako indarra erakutsi zuen urte horietan euskal akademiak, baina, arrazoi beragatik, unibertsitateek beren autonomia garatu ahala, Euskaltzaindiak erakutsitako indar hori ahulduz joan da: gaur egun euskararen inguruko tesiak unibertsitatean egiten dira. Bestetik, gizarteak ere ez du batasunaren halako beharrik, egina baita, eta euskararen presentzia idatzia guztiz normaldua baita, dela liburuetan, dela hezkuntzan, dela hedabideetan. Faktore horiek, gehi hemen aipatzerik merezi ez duen beste gertaera batzuen eraginaz, esan daiteke Euskaltzaindia indargabetuago ageri dela egun, orain dela hogeita bost urte baino. Atlasa, hiztegia eta gramatika izan dira, hortaz, hiru lan nagusi, eta batez ere azkeneko biek eragin handia izan dute batasunean. Baina badira aipatu beharreko beste kontu batzuk ere.

Leioako batzarra (1994)

Historia ez da gelditzen, eta Euskaltzaindiak erabaki zuen Arantzazuko biltzarra gertatu zenetik 25. urtemuga behar den bezala ospatu behar zuela. 1993an hasiko ziren ospakizunak eta 1994an amaitu, batzar ireki batekin. Batzar hori urrian egin zen, EHUko Leioako campusean, hori ere aldaketen seinale: elizatik unibertsitatera.

Leioako batzar hori EHUk campus horretan duen areto nagusian egin zen, eta aste bat osoa iraun zuen. Hainbeste jendek hartu zuen parte. Sarrera hitzaldiak Luis Villasantek (“Euskara batuaren filosofiaz”) eta Pello Salaburuk (“Euskara batuaren egungo premiak”) egin zituzten (Euskaltzaindia 1995, 643-1616). Gainerako hitzaldi eta komunikazioak sailetan banatu ziren: hiztegigintza, gramatika, lexikografia, literatura, onomastika eta ahoskera. Eta Euskaltzaindiak, hondar egunean, beti bezala, azken adierazpen bat egin zuen. Hitzaldi asko batasunarekin lotuak ziren, baina, batez ere, hitzaldi akademikoak izan ziren han aurkeztutakoak, eta batasunaren inguruko hausnarketa ederra izan zen hura. Hizlari batzuek zalantzan jarri zituzten hartutako zenbait erabaki, edo erabakiak ezartzeko mailen artean bereizi zuten. Bestetik, batzorde akademikoetako kideek Euskaltzaindiak azken urteetan eztabaidatutako kontuak jarri zituzten denak agerian. Salaburuk batasun “formala” eta “soziologikoa” bereizi zituen hitzaldian, ez baitatoz biak bat, baina azkenean jendeak uste du soziologikoa (nagusi den hizkera, alegia) dela batasun ereduak ezinbestean eskatzen duena, eta hori ez da hola. Egia da, zernahi gisaz, idazle ezagunenak molde bat erabiltzen dutela, haiek hobekien ezagutzen dutena, eta azkenean hori ari dela pixkaka nagusitzen praktikan. Eta horrek, aldi berean, eragozten du euskalki batzuetako ñabardurak gure batasunera eramatea, pentsatuz, beharbada, gaizki pentsatuz, ez dutela estandarrean tokirik. Segur aski ere, Leioako batzarra izan da batasun kontuetan euskarak egin duen eta egingo duen azken batzar nagusia.

Euskara Batuko batzordea

1990eko azaroaren 30ean egin bileran erabaki zuen Euskaltzaindiak komeniko litzatekeela airean zeuden batasunaren gaineko zenbait erabaki gehiago hartzea. Erabaki horiek arlo desberdinekoak ziren (gramatika, hiztegia, toponomastika, eta abar), eta horregatik pentsatu zuen komeniko litzatekeela batzordeño bat izendatzea hartzeko ziren erabaki horiek denak koordinatu eta bide beretik har zitezen, kontraesanik sor ez zedin batzorde bakoitzak bere aldetik proposatzen zituen erabakien artean (Euskaltzaindia 1991, 77). Handik hilabete pare batera egin ziren akademiaren barne jardunaldiak Ziburun, eta lagun hauek izendatu ziren batzordeñoa osatzeko: Villasante, Altuna, Xarriton, Salaburu eta Sarasola (Euskaltzaindia 1991, 457). Hurrengo bileran erabaki ziren egitura eta egitekoak (Euskaltzaindia 1991, 461): “Ziburun hartutako erabakiaren garapenez goizean bildu da Euskara Batuko batzordea, eta bertan L. Villasante batzordeburu izendatua izan da, P. Salaburu idazkari, P. Altuna, P. Charritton eta I. Sarasola direlarik batzordekideak. Arantzazuko Batzarrearen 25. urtekari egin nahi diren ekintzen barruan, orain arte araututakoa berrikustea, arau berriak eman eta gaizki erabiltzen direnak azaltzea da bere helburua”.

Euskara Batuko Batzordea gogor aritu zen lanean urte horietan, 1992ko otsaileko osoko bilkuran aurkeztu zuen egitekoaren programa, orain arte hartutako erabaki batzuen berraztertzearen beharra aipatu zen, eta proposamen berriak egin zituen hurrengo hilabeteetan: apirilean (“Euskaltzaindiaren bigarren agiria euskal hitzei buruz”, “Letra larrien erabilera euskaraz”) maiatzean (bat eta batzuk-en deklinabidea”), ekainean (“Arabera/arauera”, “eritzi/iritzi”), irailean (“Lerroz aldatzean marratxoak nola jarri”), eta abar. Arruntean kontrako bozik gabe onartu ziren proposamen horiek. Ez eztabaida latzik gabe zenbaitetan, hala ere. Gaizki ulertze batzuk zirela eta, uztailean zehaztu zen eztabaida prozedura, kanpoko jendeari ere bidea emanez oharrak egin zitzaten. Liburuxka batzuetan argitaratzen ziren proposamenak, ez zuten erabakien mailarik, eta erabakien hartzeko behin betiko kontua Leioan egingo zen batzarra pasatu arte utzi baitzen: hola, astia ematen zitzaion jendeari eta argi ikusten zen zein zen proposamen horren onartze maila. Garai hartako agirietan ikusiko denez, eztabaida biziki gogor eta zaratatsuak zeuden batzuetan. Holako erabakiak hartzeko orduan ezinbestekoa zela euskaltzain urgazleei ere horren berri ematea, eta haien iritzia entzutea, haien eskubide osoa zela hori. Eta hala egiten zen. Batzargelara sartzen ziren gai hauek eztabaidatzen zirenean (batzuetan, zehatzago esanik, “sartzen ziren” horren ordez, singularra erabiltzen dute batzarreko agiriek, bikotetik bakarkakora pasatuz). Egia esan behar baldin bada, garai hartako hots ozen horiek itzaliz joan dira, eta, ongi ez dakigula zergatik, behin urgazle batzuk euskaltzain oso izatera pasatu zirenetik, ez da inor ere arduratzen –-ez, behintzat, halako indarrarekin—urgazleen eskubideez.

Prozedura eztabaidez ez ezik, eztabaida akademikoez ere arduratzen ziren batzartuak eta horren berri ematen dute bilkura agiriek: “bizkaierazko eremuak izen-osagai zuzenarekin erabiltzea zilegi dela esanez (arrautzak afaldu genituen, adibidez” irakur daiteke 1993ko urtarrileko bilkuran (Euskaltzaindia 1994, 35), eta horren arabera zuzendu zen dokumenturen bat. Gauza asko dira zilegi euskaraz, eta posible, teorian. Besterik da inork erabiltzen dituen. Badira, egia da, adibide batzuk tradizioan bildotsa afaldu dugu esaldiaren parekoak (nahiz anitz tokitan, beti, zerbait afaltzekotan bildoskia afaltzen zen, ez bildotsa. Gaur egungo prosan, biziki bitxiak dira holakoak. Ez dira aurkitzen aski bakanka ez bada. Badira adibideak, jakina, zer afaldu duzue?, edo zerbait afalduko dugu bezalakoak, horiek ere aski bakanak. Noski, Adela afaltzera gelditu zen gau hartan bezalako esaldiak ez dira anbiguoak euskaldun gehienentzat.

Proposamenak anitzetan Gramatika Batzordean edo beste batzordeetan sortuak ziren, eta batzorde akademiko horietan landuak, baina Euskara Batuko Batzordeak ordenatzen zituen, eta proposamena egiteko orduan, itxura aldetik ere batasuna ematen saiatzen zen.

1994ko azaroaren 25ean onartu ziren hitanoaren adizkiak. Leioako batzarraren ondotik areagotu zen Euskara Batuko Batzordearen lana, eta urte horietan hainbeste erabaki hartu ziren. Hiztegi batua ere sistematikoki aztertzen hasi zen Euskaltzaindia, eta bilera bakoitzean pasatzen ziren hitz zerrenda luzeak, eta 2000ko urtarrilaren 28an bukatu zen lehenbiziko itzulia, baina ondoko hilabetean ikusiko ziren laxo geratutako sarrerak. Martxoan onartu zen osorik, eta hiztegia eta ordura arteko arauak liburuki batean argitaratzeko erabakia hartu zen, eta horretarako batzordeñoa izendatu (Euskaltzaindia 2000a, 181). Maiatzean eskatu zitzaien euskaltzainei Hiztegi Batua sinatzea. Baten batek, agirietan ikusten denez, bere ez adostasuna agertu zuen onartutako “zenbait gauzarekin” (gehiago zehaztu gabe), eta zenbait prozedura eztabaidagarri iruditzen zitzaiola esan zuen, baina erakundeari zor dion leialtasunagatik liburua sinatuko zuela adierazi zuen. Andres Urrutia zen. Andres Urrutia 1997ko martxoaren 21ean izendatua zuten euskaltzain, sarrera hitzaldia handik hamaika hilabetera egin zuen eta 2005ean izendatu zuen erakundeak Euskaltzainburu. Arauen liburuxka ez zen egundaino argitaratu, zuzendaritza berriak geldiarazi zuen. 2001eko otsailean, Lekeition egindako barne jardunaldietan Euskara Batuko Batzordearen lana arintzea erabaki zen. Eta gero Euskaltzaindiak batzordea suntsitzea erabaki zuen, eta lan egiteko beste sistema bat bultzatu: lana, batez ere batzorde ahaldunduetan egiten da, edo egitasmoen bidez. Erabaki gehiago hartzen da, eta arinago: hiztegiaren inguruan eta toponimian, batez ere, hartzen dira erabaki horiek, beste mota bateko arauak ez baitira aspalditik eztabaidatu. Euskaltzain osoek bedeinkazioa ematen diote bestek eginari.

Arauen liburuxka ez zen egundaino argitaratu, batzuek ez zuten beharrezkoa ikusi, Euskaltzaindiak lehendik, eta osoko bilkuran, argitaratzeko erabakia hartua bazuen ere. 2001eko otsailean, Lekeition egindako barne jardunaldietan Euskara Batuko Batzordearen lana arintzea erabaki zen. Eta gero Euskaltzaindiak batzordea suntsitzea erabaki zuen, eta lan egiteko beste sistema bat bultzatu: lana, batez ere batzorde ahaldunduetan egiten da, edo egitasmoen bidez. Erabaki gehiago hartzen da, eta arinago: hiztegiaren inguruan eta toponimian, batez ere, hartzen dira erabaki horiek, beste mota bateko arauak ez baitira aspalditik eztabaidatu. Euskaltzain osoek bedeinkazioa ematen diote bestek eginari.

Onomastika

ORDUAN EZ DA "SANTIAGO" ESAN BEHAR? "DONEJAKUE" DA ORAIN? SAN PEDRO!Aldi berean, urte horietan guztietan toponomastikaren inguruko erabakiak ere hartu zituen Euskaltzaindiak, eta horren gainean arauak eman. 2011ko abenduan hartutako erabakiak, adibidez, honela dio: “Arabieraren alfabetoan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema”, eta aurreko batean zirilikoz idatzitako izenak nola jarri euskaraz ere erabaki zen. Gaiak ezin interesgarriagoak dira, ikusten denez, eta biziki eskertzen dute idazleek holako erabakiak hartzea.

Estandarraren eredua aski aurreratua

Beraz, bada, behin Arantzazun oinarri sendoak jarri ondoren, esan daiteke gero arau bihurtuko ziren proposamen horiek, eta 2000. urtean argitaratutako Hiztegi Batua-k eman diotela azken itxura egungo eredu estandarrari (Euskaltzaindia 2000b). Euskaltzaindiak bere zeregin nagusienetako bat bete du horrela.

Hauxe, beraz, batasuna dela eta, bigarren mailako izan daitezkeen hainbeste ñabardura alde batera utzirik, Euskaltzaindiak korritu duen bidea batasuna egin arte. Berriz ere azpimarratu behar da belaunaldi haien meritu handia, erronka hau holako modu eredugarrian gainditzeko.

— Egilea: Pello Salaburu

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Bergarako erabakien garapena 80ko hamarkadatik aurrera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3