Erabiltzaile Tresnak


his:1:2

Hizkuntzaren egitura

Euskara morfologikoki hizkuntza aglutinatzaile bat da, tipologia ergatibokoa edo aktibokoa (deskribatzailearen ikuspegi teorikoaren arabera). Hitzen ordena neutroan subjektua objektuaren aurretik doa eta objektua aditzaren aurretik (SOV ordena). Haren egitura fonologikoa ez da sobera nahasia. Azken kontu honetatik hasiko gara.

Ezaugarri fonologikoak

Euskararen sistemak bost bokal ditu: /a/, /e/, /i/, /o/, /u/ (horiei zubereraren /ü/ gehitu behar zaie). Munduan hedatuen dagoen tipo bokalikoa da. Beraz, euskara batez bestekoaren barruan dago. Diptongoekin ez da berdin gertatzen: euskarak bost dauzka (goitik beherakoak deritzenak), /ai/, /ei/, /oi/, /au/ eta /eu/. Horrek nolabaiteko konplexutasuna ematen dio bokalismoari, eskuarki gaztelaniarenaren oso antzekoa denari (ekialdean /ui/ diptongoa ere bada, baina haren erabilera mugatua da oso).

Koldo Mitxelena Kontsonanteei dagokienez, euskarak, barietate estandarrean, 21 unitate dauzka. Sistemaren oinarriak hauexek dira: alde batetik, ahostun/ahoskabe oposizioa (kontsonante ahoskabeak alde batean eta ahostunak bestean, baina bakarrik herskarien artean) eta, bestetik, artikulazio moduen zatiketa hirukuna: badaude kontsonante herskariak (/p/, /t/, /k/, /b/, /d/, /g/), frikariak (/s/, /z/, /x/, /j/) eta afrikatuak (/tz/, /ts/, /tx/). Ozenek osatzen dute kontsonantismoa (sudurkariek eta urkariek, dardarkari bakunen eta anizkunen artean oposizioa dagoela) eta, ekialdeko eskualde batzuetan, aspirazioak (/h/), frikari glotala berau. Oro har, sistema kontsonantikoak ez dauka ezaugarri bereziki deigarririk, salbu eta, agian, fonema frikari eta afrikatuen kopuru handi samarrean.

Euskararen azentua intentsiboa izan ohi da. Ezin da errazki azaldu zertan datzan, zubereraz izan ezik, euskalki horretan azentuazioa finkoa baita, hitzeko azken aurreko silaban. Beste euskalkietan, arau hauek dute indarra:

  • a) hitzaren erroa monosilabikoa denean, hitzak berak silaba gehiago izanik ere, azentua lehen silaban doa: lúrra < lurr-a, lúrretan < lurr-etan;
  • b) erroa bisilabikoa bada eta bokalez bukatzen bada, kasu horretan ere lehen silaban doa azentua: méndi, áte;
  • c) beste kasuetan, silaba anitzetako hitzetan, azentua bigarren silaban doa, ezkerretik eskuinera kontatuta (gizón, gizóna) eta bigarren mailako azentu bat gehitu dezakete hitzaren bukaeran, hitzak lau silaba edo gehiago dituenean (gizónarentzàt).

Ezaugarri morfologikoak

Egitura morfologikoaren aldetik, euskara hizkuntza aglutinatzaileen (eranskari hitza erabiltzen du EGLU-I gramatikak) barruan dago. Hizkuntza multzo horretan, morfemen arteko mugak argi eta garbi azaltzen dira eta segmentu morfologikoetan esanahi bana adierazten da. Ezaugarri hori, morfemen arteko bereizketa gardena, euskarari aplikatu dakioke eskuarki. Hala ere, zenbait alor gramatikaletan, osagai morfologikoen arteko zatiketa eta esanahia duten unitateekiko lotura ez dira hain begi bistakoak.

Izen morfologia

Izen morfologiari dagokionez, euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntza da. Haren ezaugarrietako bat da izenen flexio aberatsa: izenek, izenordainek eta adjektiboek osatutako sintagmek kasuak hartzen dituzte: posdtposizio sintagmak dira. Postposizio sintagma horiek, deskripzioen arabera, 16 edo 18 dira. Egia esan, hamar kasu daude atzizki bakuna dutenak. Horien artean hauexek: absolutiboa (etxea, singularrean), ergatiboa (etxeak), datiboa (etxeari), genitiboa (etxearen), instrumentala (etxeaz), lokatibo edo inesiboa (etxean), ablatiboa (etxetik), adlatiboa (etxera), lokatibo adnominala (etxeko) eta prolatiboa (etxetzat). Absolutiboaren ukoak partitiboaren erabilera dakar berekin (etxerik ez du). Horren funtzionamendua paradigma numeral mugagabera mugatua dago eta, batzuetan, ez da sisteman egoteko eskubide osoa duen kasutzat hartzen (ikus hemen SEGen ematen diren azalpenak).MALDAN BEHERA JOATEN DIRA HEMENDIK

Atzizki bakunean oinarritzen diren postposizio sintagma hauetaz gain badira atzizki konposatu itsatsia duten beste postposizio batzuk. Horiek sortzeko, genitiboaren edo adlatiboaren forma ondoren doan beste atzizki batekin konbinatzen da. Kasu konposatu horiek hauexek dira: soziatiboa edo komitatiboa (etxearekin), hurbiltze adlatiboa edo direkzionala (etxerantz), muga adlatiboa (teliko edo terminatibo ere deitua) (etxeraino), destinatiboa (edo benefaktiboa) (etxearentzat), motibatiboa (edo kausala)(etxearengatik) eta destinatiboa (etxerako). Postposizio horietan guztietan, bereizten ahal dira, alde batetik, oinarrizko atzizkia (genitibo edo adlatiboa) eta, bestetik, berariazko atzizkia. Adibidez, etxe-a-ren-tzat (artikuluari dagokion -a- bat barne) edo etxe-ra-ino. Ikuspegi historikotik, zenbait formaren kasuan, gaur egun duten itxura bi atzizki batzearen ondorio da, aurreko adibideetan bezala, edo paradigmaz kanpoko osagaiei esker gorpuztu da, kausalean edo, kasu konposatuen artean, lokatibo adnominalean gertatu den moduan.

Lekua adierazten duten postposizietan (lokatiboa, ablatiboa, adlatiboa eta azken honen oinarrian eratzen diren kasu konposatuetan) erreferentzia biziduna duten izenek atzizki osagarri bat erakusten dute (-ga(n)-), gehienetan genitiboarekin konbinatuta agertzen dena: ablatiboaren kasuan honako forma hauek konpara daitezke, etxe-tik eta gizon-a-ren-gan-dik, edo lokatiboaren kasuan beste hauek, etxe-a-n eta gizon-a-ren-gan.

Horiek guztiak postposizio itsatsiak dira. Badira beste postposizio batzuk, postposizio askeak deitzen ditugunak. Horrela osatzen dira postposizio askeko paradigmak: etxe ondoan, herritik hurbil, maldan behera, eta abar.

Postposizio sistema honek hiru forma edo paradigma multzo dauzka: bat singularrerako, beste bat pluralerako eta beste bat numero marka gaberako (mugagabe deitu izan da gramatiketan), hots, artikulurik ez daukan eta, numero gramatikalari dagokionez, indiferentea den horretarako (ikus bedi lagin hau liburu substantiborako):

Kasua/NumeroaSingularraPluralaMugagabea
Absolutiboaliburu-a-Øliburu-akliburu-Ø
Ergatiboaliburu-a-kliburu-e-kliburu-k
Datiboaliburu-a-riliburu-e-i liburu-ri
Genitiboaliburu-a-renliburu-e-nliburu-ren
Lokatiboaliburu-a-nliburu-e-ta-nliburu-tan

Euskal kasuak antolatzeko sistema dela eta, aipatu behar da hemen haren funtsezko ezaugarri bat: izaera sintagmatikoa da, alegia, kasua markatzen duen atzizkia sintagma edo talde nominalaren azken osagaiari gehitzen zaio, ez osatzen duten guztiei: liburu-an irakurri zuen, liburu har-tan irakurri zuen, liburu erosi berri-an irakurri zuen. Berezitasun hori numero pluralaren adierazpenera ere zabaltzen da: sintagmako azken kidea bakarrik agertzen da markaturik plural gisa: liburu berri-ak, liburu berri hori-ek. Sistemaren beste bereizgarri bat, hizkuntza aglutinatzaileetan gertatu ohi dena, forma nominaletan desinentzien markak metatzeko aukera da (elipsiaren ondorio gisa): lagun-a-ren-e-tik, genitiboko -ren- atzizkia eta ablatiboko -tik atzizkia metaturik.

Aditz morfologia

JAUN HAUEK SORTU ZUTEN EUSKALTZAINDIA ETA BEREHALA HASI ZIREN ADITZAREN MORFOLOGIA EZTABAIDATZEN. IKUSI ZE POZIK DAUDEN!Euskarazko aditzaren morfologia konplexuagoa da izenarena baino. Kategoria unibertsalak ez ezik (tenpusa edo aldia, aspektua, modua, numeroa eta pertsona), euskaraz forma sistema jori bat dago: aditz batzuetan (dozena bat, aditz laguntzaileak barne) forma analitiko edo perifrastikoak (eramaten dut), alde batetik, eta, bestetik, forma sintetikoak (daramat, eraman aditz berekoa) bereizten dira; horrez gain, konjugazio orokor bat dago, pluripertsonala deritzona, non aditzaren ekintzan diharduen edo parte hartzen duen bakoitzarentzat markak ageri baitira; eta gainera konjugazio alokutibo bat ere bada, formak modu batean edo bestean osatzerakoan entzulearen sexua kontuan hartzen duena.

Forma sintetikoen bidez, aspektuaren esanahi progresiboa adierazten da, forma perifrastikoen esanahi puntualaren kontrakoa: dator alde batetik eta etortzen da bestetik, darama alde batetik, eramaten du bestetik (aditz estatiboetan, ordea, erlazio hori ez da gertatzen: daki, dakusa). Adibide hauetan ikus daitekeenez, forma perifrastikoen aditz laguntzailea (da/du) aldatzen ahal da, eta aditzaren izaera semantikoaren arabera benetan aldatzen: aditza iragangaitzen taldekoa bada (edo, hobe, adituek “inakusatiboak” deitzen dieten horretakoa) laguntzaileak izan-eko formak hartzen ditu. Aitzitik, aditza iragankorra bada edo iragangaitza baina aktiboa bada, laguntzailea *edun paradigmatik hartzen da (forma hori ez dago dokumentatua, horregatik izartxo batekin markatzen da):

izan *edun
OrainaldiaLehenaldiaOrainaldiaLehenaldia
1. P. sg.naiznintzendutnuen
2. P. sg.zarazinenduzuzenuen
3. P. sg.dazenduzuen
1. P. pl.garaginendugugenuen
2. P. pl.zaretezinetenduzuezenuten
3. P. pl.dirazirendutezuten

*edun-etik datorren laguntzailearekin osaturiko aditz-multzoetako subjektuek ergatiboaren marka daukate (-k singularrean). Esan den bezala, ezaugarri hori egitura iragankorrei (Anek liburua irakurri du) ez ezik, esanahi aktiboko egitura iragangaitzek osaturiko azpitalde txiki bati ere badagokio (Anek ondo dantzatzen du, emanaldiak luze iraun du). Horregatik, egile batek baino gehiagok pentsatzen du euskara ez dela zehazki hizkuntza ergatibo bat, kontzeptua ezaugarri morfologiko eta sintaktikoetatik abiaturik definitu ohi den moduan, egitura aktiboko hizkuntza bat baizik.

Konjugazio edo aditz komunztadura pluripertsonalak adizki bakar batean partaide batzuk biltzen ahal ditu: subjektua, osagarri zuzena (gehienetan, markatu gabe) eta zeharkako osagarria. Darama adizkia daramakio adizkiarekin alderatuz gero, berehala atzematen da ekintzako hirugarren partaidea, zeharkako osagaiarena egiten duena. Ikus ditzagun beste adibide batzuk:

  • ekarri d-i-da-zu: laguntzaileko d- orainaldiaren adierazlea da, -i- artizki bat da, -da- singularreko lehen pertsonaren adierazlea eta -zu singularreko bigarren pertsonarena.
  • ekarri d-i-o-zu: laguntzaileko d- orainaldiaren adierazlea da, -i- artizki bat da, -o- singularreko hirugarren pertsonaren adierazlea eta -zu singularreko bigarren pertsonarena.
  • ekarri d-i-gu-te: laguntzaileko d- orainaldiaren adierazlea da, -i- artizki bat da, -gu- pluraleko lehen pertsonaren adierazlea eta -te pluraleko hirugarren pertsonarena.
  • ekarri z-i-z-ki-gu-te-n: laguntzaileko z- lehenaldiaren adierazlea da, -i- artizki bat da, -z- pluralaren adierazlea, -ki- beste artizki bat (datibozko markarekin lotua), -gu- pluraleko lehen pertsonaren adierazlea, -te- pluraleko hirugarren pertsonarena eta -n lehenaldiaren marka da.

NESKA HAUEK EUSKAL GRANATIKA IKASTEN ARI DIRA DANTZAN EGITEN DUTEN BITARTEANAdizkiak, bereziki konjugazio pluripertsonalaren barruan, oso modu ikusgarrian zailtzen ahal dira, adibide hauek frogatu bezala (egiazko kasuak dira, baina gutxi erabiliak): ziezazkiguketen, z-ieza-z-ki-gu-ke-te-n morfemetan zatitua, edo generamazkionan (emakume bati hitz egiten zaionean), ge-ne-ram(a)-z-ki-o-na-n morfemetan zatitua.

Azkenik, konjugazio alokutiboak solaskidearen sexuaren arabera bereizten diren adizki-paradigmak biltzen ditu. Adizki horiek orokorrei buruz diferenteak dira, ez bakarrik hizlariak espresuki bere solaskidea aipatzen duenean (ikusi duk (mask.), ikusi dun (fem.), hori beste aditz pertsona bati bailegokioke, baizik eta solaskideak ekintzan parte hartzen ez duenean ere bai: liburu hau irakurri diat (gizon bati hitz egiten zaionean), liburu hau irakurri dinat (emakume bati hitz egiten zaionean); adizki markatugabea, solasaldiaren erreferentziarik egiten ez duena, liburu hau irakurri dut esaldian dago. Forma berezi hauen erabilera harreman eta egoera jakin batzuetara mugatua dago: erabiltzen den barietateetan, konjugazio alokutiboa arrunta da anai-arreben artean eta adin beretsuko lagun minen artean, ohikoagoa, dena den, gizonezkoen artean emakumezkoen artean eta harreman mistoetan baino. Bestelako egoeretan forma alokutiboen erabilera urria da, edo ez da gertatzen.

Ezaugarri sintaktikoak

EZ DAKIGU AULKIAREN ATZEAN EZKUTATUKO DENEuskaraz, hitzen ordena SOV (Subjektua-Objektua-Aditza) izan ohi da, marka ergatiboa duten hizkuntzetan oso zabaldua dagoena. Hala ere, euskarak malgutasun sintaktiko nabarmena du. Esaldien mailako ordenarik ohikoena (Jonek(S) auto berria(O) erosi du(V)) izenen eta postposizioen arteko harremanarekin bat dator (euskaraz ez dago preposiziorik): aulkiaren atzean, iritzi horren aurka. Gaztelaniatik harturiko preposizioak, euskarak onartu eta gero, beste postposizioak bezala portatzen dira: iritzi horren kontra. Izen sintagmaren eta haren genitibozko osagarriaren arteko ordena (aitaren etxea) bat dator tipologikoki hitzen oinarrizko ordenarekin. Gauza bera esan daiteke egitura konparatiboez: hauetan, konparazioaren bigarren osagaia adjektiboaren –hau dagokion graduan– aurretik agertzen da (zu baino gazteagoa).

Mendeko perpaus erlatibodunak laguntzen duten substantiboaren aurretik joan ohi dira ([erosi berri dudan](Rel) liburua). Hala ere, hori ez da modu bakarra klausula erlatibodunak sortzeko: maila batzuetan zeina izenordaina erabiltzen da, erromantzearen egituraren antzera, hots, erlatiboa substantiboaren ondoren. Gaurdaino ia-ia iraun ez duten eraikuntza zaharretan, erlatiboa erreferentearen atzetik ere bazihoan, hala nola: monument ageri eztiradenak(Rel) bezala zarete (Leizarraga, 1571, Lukas XI, 44). Joskera hori oraingoarekin alderatzen ahal da (ageri ez diren(Rel) monumentuak bezala(koak) zarete). Barne erlatiboko klausulak dira, seguru asko. Horrenbestez, euskarak izan litezkeen aukera tipologiko guztiak dauzka mendeko esaldi erlatiboak osatzeko.

Ezaugarri lexikoak

Euskararen lexikoa da hizkuntzaren gainean gutxien ezagutzen den kontuetako bat eta horrek bide eman die balizko iritzi etimologiko guztiei, fundamentuarekin edo gabe. Zoritxarrez, azken hauek izan dira nagusi historian zehar. Badakigu euskara latinezko eta erromantzezko hitzez elikatu dela lotsarik gabe. Mailegu batzuk begi bistakoak dira (bake < lat. pace(m), ohore < lat. (h)onore(m), liburu < lat. libru(m), herren, herrenka < esp. renco, rengo), baina beste batzuk ez hainbeste (aizkora < lat. asciola, begiratu < lat. vigilare, biao < lat. meridianu(m), aitortu < aragoiera zaharreko aytorgar).

kakotxa
kakotxa
“bake”, “ohore”, “taula”, “lege”, “abendu”, eta “liburu” bezalako hitzak latinetik datoz, baina “begiratu”, “aitortu” edo “aizkora” bezalakoak ere. Badirudi “mando”, “gori” edo “maite” hizkuntza zeltetaik hartuak direla, eta “alkandora”, “azoka” edo “gutun” arabierari zor dizkiogula

Askoz gutxiago izanik ere, litekeena da antzinako hizkuntza zeltetatik harturiko lexikoa ere izatea (mando, gori, maite, agian izokin, baina azken hitz horren jatorria latin berantiarreko esocina izan daiteke, Asturietako esguín ‘izokin gaztea’ kide izan dezakeena) eta germaniar hizkuntzetatik ere bai (agian urki). Arabieratik harturiko hitzak ere badaude (alkandora, azoka, gutun, ar. kutub ‘liburuak’), baina gehienak erromantzeak iragazirik etorri dira.

Ondare-lexikoari dagokionez, oso gutxi dakigu zehazki. Hala ere, gaur egungo ikerketek (Joseba A. Lakarraren eskutik) adierazten dute, antza, jatorrizko lexikoaren multzoaren muina erro laburretan, monosilabikoetan, oinarritzen zela eta, hortik abiaturik, hizkuntzaren bilakaeraren ondorengo urratsetan, bi silaba edo gehiagoko erroak sortuz joan zirela. Euskarak hiztegi etimologiko on baten premia gorria du.

— Egileak: Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza

lanaren aipamena nola egin...

Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza, "Hizkuntzaren egitura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3