Erabiltzaile Tresnak


his:1:3

Euskalkien aniztasuna

Manuel Larramendi

Euskararen dialektoen arteko aldea oso nabarmena da. Europa osoan, beste herri batean bakarrik, Eslovenian, da hain begi bistakoa dialektoen aniztasuna. Dialekto eta hizkeren arteko aldeaz ari garenean, gutxienez bi kontuz ari gara. Alde batetik, hizkera batzuk eta beste batzuk elkarren artean bereizten dituzten ezaugarriez. Bestetik, dialektoen arteko urruntasun linguistikoaz. Azken hori dialektoen arteko elkar-ulermenaren arabera neurtzen da. Hori ez da berehalakoa, ez eta hurrik eman ere, euskalkien kasuan, bereziki mendebaleko eta ekialdeko muturretan. Aldaera linguistikoak, gainera, kilometro kuadro gutxitan nabarmentzen dira. Euskaldun batzuek kontatu ohi dute, ondoko herrira bizitzera joan bezain laster konturatu zirela beren jaioterriko eta auzo-herriko hizkeren arteko ezberdintasun nabarmenaz. Gaur egun, euskalkiez gaindiko aldaera estandarrak (euskara batuak) eta euskalkiek, ahozko komunikaziorako erabiltzen direnek, elkar elikatzen dute.

Bonapartek XIX. mendean egin zuen euskalkien mapa

L. L. Bonapartek, Napoleonen ilobak, 1863an, euskalkien lehen mapa prestatu zuen. Lehenago, beste idazle batzuek, Manuel Larramendik XVIII. mendean, adibidez, emana zuten euskalki ezberdinen berri. Bonaparteren lanetan zortzi euskalki aipatzen dira: gipuzkera, bizkaiera, iparraldeko nafarrera garaia, hegoaldeko nafarrera garaia, lapurtera, mendebaleko nafarrera beherea, ekialdeko nafarrera beherea eta zuberera. Euskalki bakoitzak bere barne-sailak zeuzkan: egile frantsesak 26 azpieuskalki eta 50 barietate lokal kontatu zituen guztira. Erronkariko azpieuskalkia (Bonapartek zubererarekin lotu zuena) XX. mendearen bukaeran desagertu zen, azken hiztuna, Fidela Bernat 1991n hil baitzen. Historian zehar literaturan lau euskalki erabili dira nagusiki: ekialdetik mendebalera, zuberera, lapurtera, gipuzkera eta bizkaiera.

Gaur egungo ikerketetan (bereziki, Koldo Zuazoren lanetan) beste proposamen bat egiten da (ikus hemen sailkapen berria): mendebalekoa, zuberotarra, erdialdekoa, nafarra eta nafar-lapurtera. Gertatu ohi den bezala, ezaugarri linguistikoen arteko diferentziak elkarrengandik urrunen dauden eremuetan metatzen dira, hots, mendebaleko euskalkian (bizkaieran) eta zubereran (Euskal Herriko ekialdeko muturrean).

Diferentzia horietako batzuen nondik norakoak adierazteko, maila morfologikoan behintzat, komeni da euskalkien hiru eremu handietako adizkiak alderatzea (sailkapen orokor hori Bonapartek berak asmatu zuen):

Mendebalekoa Erdialdekoa Ekialdekoa Euskara Batua
dot det dut dut
dau du du du
deust dit daut dit
eban zuan zuen zuen
eutsan zion zion/zakon zion
egingo egingo eginen egingo/eginen

Adizkien zerrenda horrek mendebaleko eremuaren berezitasuna ikusarazten du, beste eremuekin bat-etortze eta antzekotasun gutxien baitu. Erdialdekoa eta ekialdekoa, ordea, elkarren antzekoagoak dira.

Ahaleginak egin izan dira euskalkien arteko banaketa idazle klasikoek aipatzen dituzten euskal leinu protohistorikoen garai arte atzeratzeko. Hala ere, gaur egun, adostasuna dago berriagotzat jotzeko, ez Erdi Aroa baino lehenagokotzat. Halaxe pentsatzen zuen oraindik ere historiako euskalaririk handientzat jotzen denak, Koldo Mitxelenak, eta halaxe pentsatzen dute oraingo dialektologoek. Euskalkien eta Erdi Aroko elizbarrutien arteko mugak elkarrekin etorri ohi dira (Iruñea, Gasteiz, Baiona, Akize eta Oloroe ziren euskal elizbarrutietako egoitzak). Horrek ez du esan nahi VII. edo VIII. mendeak baino lehen euskara sistema unitario bat zenik, inolako diferentzia dialektalik gabea, baizik eta, besterik gabe, gaur egungo euskalki banaketa, gehienez ere, garai horretakoa dela, ez lehenagokoa.

— Egileak: Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza

lanaren aipamena nola egin...

Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza, "Euskalkien aniztasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3