Erabiltzaile Tresnak


his:1:4

Hizkuntzaren jatorria eta ideiak haren ahaideez

AMPÈRE Euskararen jatorriaren inguruko ikerketa eta iritziek eman dutenaz ariko gara atal honetan. Funtsean, baina, argi ondorioztatu den gauza bakarra da, euskarari ez zaiola oraingoz ahaiderik aitortu.

Funtsik gabeko iritziak

UNAMUNOREN ESTATUA SALAMANKANMiguel de Unamunok, euskarari buruz 1884an irakurri zuen doktore-tesiaren epigrafean, J.-J. Ampère filologo eta historialari frantsesaren aipamen bat sartu zuen. Horren arabera, euskarak eta hizkuntza zeltek zalantzazko pribilegio bera zeukaten: hamaika burutazio inolako funtsik gabe eta bitxienetakoren mintzagaia izan izana. Ordurako asko esana bazen, euskarari buruz hurrengo mendean garatuz joan diren hipotesiek, gaur egun, hizkuntza zelten gainetik jartzen dute oso, horien harreman linguistikoez, barnekoez zein kanpokoez, ez baitago inolako dudarik. Aitzitik, euskara genetikoki isolaturiko hizkuntza bat denez, neurririk ez duten edonolako usteetarako lur emankorretan gaude, bereziki isolamendu hori nahitaez zuzendu egin behar dela pentsatzen dutenen artean, posible izan edo ez.

Horregatik, euskararen jatorriaz denetariko iritziak adierazi izan dira (eta adierazten dira beti), gehienetan ez buru ez buztan ez dutenak. Egia esan, gutxi dira euskararekin alderatu ez diren familia linguistiko eta hizkuntza isolatuak, ustezko ahaidetasun-harremanen bila.

Euskara eta Akitaniako antzinako inskripzioak

HEMEN LAPITZ BATEKIN IDAZTEA EZ ZEN GAUZA ERRAZA BATEREArgi eta garbi esan daitekeen gauza bakarra da gaur egungo euskara Akitaniako antzinako inskripzioetako hizkuntzarekin loturik dagoela (inskripzioak K. o. I. eta III. mende bitartekoak dira eta 400 bat antroponimo eta 70 teonimo biltzen dituzte). Akitaniera, garai hartan, AKITANIA NON DEN Pirinioez iparraldean ez ezik, hegoaldeko zenbait tokitan ere erabiltzen zen euskararen forma zahar bat besterik ez da, bi sistemetan ageri diren egiturazko bat-etortzeek frogatu eta inskripzioak osatzen dituzten hitz batzuek adierazten duten bezala: nescato, cison ‘gizon’, sembe ‘seme’, andere, ombe eta umme ‘ume’, baita -tar/-thar kidegoko atzizkia ere.

Akitanierarekiko lotura horretatik aparte, euskara hizkuntza enbor batekin batu nahi duten ahaidetasun-hipotesi guztiek ez dute inolako funtsik. Sobera zehaztu gabe, bi talde historiko osatu daitezke euskarari buruzko ideiekin: hipotesi klasikoak deitu ditzakegunak, alde batetik, eta modernoagoak, bestetik.

Hipotesi klasikoak: eusko-iberismoa, Kaukasoko hizkuntzak eta bereberra

IDAZKERA IBERIKOA PALEOHISPANIANKlasikoen artean, lehenbizi, eusko-iberismoa dago. Teoria horrek euskara iberierarekin lotzen du, hots, Hispaniako antzinako hizkuntza ez-indoeuroparrarekin (ustez, iberierazko il- eta euskarazko hir-i/hur-i hitzen artean dagoen bat-etortzetik abiaturik). Besteak beste, Wilhelm von Humbodt-ek sinetsi zuen teoria horretan XIX. mendean. Ideia horren aldekoen arabera, bi hizkuntzak enbor berekoak dira eta, ikuspegi horretatik, Antzinatean Iberiako Penintsulako eremu gehienean erabiltzen zen hizkuntzaren azken aztarna izanen litzateke euskara. Edonola ere, iberierazko inskripzioak ulertzeko eten gabe eta irudimen handiz eginiko ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira, dudarik gabe. Euskararen eta iberieraren arteko konparaziotik ondorioztatzen ahal diren formazko eta egiturazko antzekotasunak, gehienez ere, bi sistemen arteko harreman geografiko edo, hobeki, kultural berezi batean pentsarazten digu. Halako zerbait egon daiteke egituren hein bateko hurbilketaren atzean.

EZ ZITUZTEN LERRO ZUZENAK EGITEN IBERIERAZ IDAZTEN ZUTENEANBeste hipotesi klasiko samar batek euskara Kaukasoko hizkuntzen multzoan biltzen du. Hizkuntzalari askok (horietariko batzuk prestigiodunak, hala nola, René Lafon), XX. mendean ahalegin nabarmenak egin zituzten euskararen eta Kaukasoko hizkuntzen arteko lotura frogatzeko. Antzekotasun lexiko batzuk eta gramatikalen bat aurkitu ziren Kaukasoko talde batzuekin zein besteekin, baina lotura genetikorako saio horrek bi arazo ditu. Alde batetik, antzekotasunen portzentajeak –batzuetan bat-etortzeenak– ez du behin ere gainditzen halabeharrezkotzat jotzen den muga (oso antzeko emaitzak lortzen dira hizkuntza uraliko edo afro-asiarrekin alderatuz gero). Bestaldetik, ez da frogatu Kaukasoko hizkuntza guztiak elkarri lotuak daudenik, hori bakarrik ziurtzat jotzen baita georgiera, mingreliera, lazera eta svanera biltzen dituen talde kartveliarraren kasuan. Areago, talde kartveliarrarekiko konparazioak oso azaleko emaitzak ematen ditu, balio zientifiko gutxikoak. Izan ere, haren aldekoek, maiz, uko HIZKUNTZA KARVEKLIARRAK ERABILTZEN DEN TOKIAegin diote denek erabili beharreko arauen aplikazioari, horien artean, bat-etortze fonologiko erregularren identifikazioari, hizkuntzen arteko ahaidetasunak frogatu nahi badira. Adibidez, georgiera hizkuntza ergatiboduna delako, horrek ez du esan nahi litekeena dela hura euskararen ahaidea izatea. Halaber, egitura nominatiboko hizkuntzak ez daude nahitez elkarri lotuak. Familia berean (indoeuropar hizkuntzenean, kasu) hizkuntza ergatibodunak (hindiera eta kurduera) eta ergatiborik gabeko hizkuntzak (ia gainerako guztiak) egon daitezke.

Bide egin duten beste iritzi batzuek berebererarekin ( amazigera ere deitua) edo hizkuntza fino-ugriarekin lotzen dute euskara. Azken hamarkadetan, euskararekin ustez lotura genetikoa dutenen zerrendari hautagai asko gehitu zaizkio, hala nola, txinera, hizkuntza paleosiberiarrak, kikuyuera (Kenian erabiltzen den hizkuntza), antzinako piktoen mintzaira edo Iparraldeko Ameriketako hizkuntza batzuek osaturiko na-dene familia. Proposamen hauetarik, batek ere ez du gutxieneko sendotasun metodologikorik seriotan hartua izateko.

Hipotesi berriak euskararen jatorriari buruz

VENNEMANN HIZKUNTZALARIAK IRUDIMEN HANDIA DUAzken aldi honetan, nazioartean entzute handia duen hizkuntzalari baten (Theo Vennemann-en) eskutik, beste hipotesi bat gorpuztu da, ez ahaidetasunaz, euskararen jatorriaz baizik. Oso hipotesi eztabaidagarria da, baina, batera, oso erakargarria adituak ez direnentzat. Vennemann-ek antzinako Europako toki-izenak aztertu ditu eta, haren arabera, Europako lehen bizilagunen hizkuntza euskararen forma zahar-zahar bat izan liteke, Proto-Vasconic deritzona. Euskara Europaren jatorriarekin lotzeko ideia berria ez bada ere, Vennemann-en metodoa bada. Izan ere, tokien eta ibaien izenei buruzko burutazio etimologikoak eta populazio genetikaren datuak konbinatzen ditu. Arazo nagusia hauxe da: antzinako europera delakoaz duen ikuspegia ezbaian jarri dela, bai indoeuropar hizkuntzetako adituen aldetik, bai euskalarien aldetik ere eta, gainera, datu genetikoak, hizkuntza frogarik gabe, ez dira batere erabakigarriak.

Ondorio bakarra: euskarak ez du ahaiderik

Labur bildurik, ez dago arrazoi enpirikorik pentsatzeko euskarak ahaidetasun-harremanak dituela beste sistema batzuekin, antzinako akitanieraz gain, ez eta, haren jatorria euskaldunak gaur egun bizi direneko eremutik asko urruntzeko ere. Ikuspegi kronologikotik, ez daukagu, bistan da, inolako frogarik euskararen jatorria nora eta Goi Paleolitora (hots, Harri Arora) eramateko, maiz halaxe esan den arren.

Euskararen eta haren inguruko hizkuntzen arteko loturari dagokionez, Nafarroako, Errioxako, Gaskoniako eta, askoz duda gehiagorekin, Gaztelako erromantzeak osatzeko prozesuan eragin mugatua izan zuela pentsatu izan da, gehienbat fonetikan eta lexikoan. Bere aldetik, euskarak erromantzeen ezaugarri asko bildu ditu bere egitura gramatikalean eta lexikoan. Elkarrenganako eragineko harreman bat izan da. Historiako garaien arabera, eragin horiek txandakatu egin dira, baina ez dago dudarik euskarak gaztelaniari harturiko maileguak nagusi direla. Orobat, pasa diren mendeetan, euskararen aztarna pidgin edo kode misto banatan igartzen da, Islandian eta Kanadako ekialdeko kostan, Euskal Herriko baleazaleek eramanik, eta, ia gaurdaino, Galiziako, Asturietako eta Gaztelaren iparraldeko hizkeretan (mascuence, xíriga, eta abarretan) eta motxaile edo ijito euskaldunen erromintxela hizkuntzan ere bai. Euskarazko bi hitz gutxienez (akelarre eta silueta, zilueta/zulueta-tik datorrena) mendebaleko hizkuntza askoren lexikoaren osagarriak dira [8. argazkia: Euskara-islandierazko pidgina].

— Egileak: Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza

lanaren aipamena nola egin...

Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza, "Hizkuntzaren jatorria eta ideiak haren ahaideez", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3