Erabiltzaile Tresnak


his:1:5

Euskararen muga historikoak

BORDELEKO BURTSAREN PLAZA Euskara antzinako iberieraren hondar bat dela pentsatzeko behar adina frogarik ez dugu eta, beraz, ezin da ondorioztatu, erromatarrak etorri baino lehen, Portugal eta Espainia osoan hitz egiten zela. Aitzitik, baditugu argumentuak euskararen eta gaur egungo Frantziaren hego-mendebalean mintzatzen zen akitanieraren arteko harreman genetikoaren alde jotzeko. Deigarria bada ere, mintzaira horretako ia inskripzio guztiak gaur egun euskaraz mintzatzen deneko lurraldetik urrunen dagoen Akitaniaren partean aurkitu dira. Hala ere, pentsatzen ahal dugu euskara Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan ere hitz egiten zela. Hiru herrialde horiek Novempopulaniaren barruan zeuden III. mendean.

Antzinako leinuak

Duela bi mila urte, gaur egungo Euskadiko eta Nafarroako autonomia erkidegoetan lau leinu edo gens bizi ziren: baskoiak, barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak. Baskoiak Nafarroan eta Gipuzkoako, Huescako, Zaragozako eta Logroñoko probintzien zati banatan zeuden. Barduliarrak, Gipuzkoaren zatirik handienean eta Arabako lur-sail batean. Karistiarrak Bizkaiaren eta Arabaren gehienean eta Gipuzkoaren mendebalean. Eta autrigoiak, Bizkaiko Enkarterrin eta Arabaren, Santanderren eta Burgosen zatietan.

XVII. mendean, Allande Oihenart zuberotar historialariak, akitaniar inskripzioak ez zezagutzanak, pentsatu zuen baskoiak zirela Antzinateko leinu euskaldun bakarra eta, Erdi Aroaren hasieran, beste leinuen lurraldeak kolonizatu zituztela. XX. mendean, Adolf Schulten-ek lagundu zuen Oihenarten tesia zabaltzen, Joan Biclaroko eta Gregorio Toursko Erdi Aro Garaiko kronisten pasarte batzuen interpretazio behartu batez baliatuz. Claudio Sánchez-Albornoz-ek nafarrentzat jatorri etniko diferente bat proposatu zuen, arabarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak berandu euskaldunduriko indoeuropar herriak zirelakoan. Hala ere, zaila da ulertzen nola inposatu ahal izan zieten beren hizkuntza baskoiek, Euskal Herriko leinu protohistorikoetan erromatartuena osatzen zutenek, beste gens-ei. Izan ere, gaztelaniazko vascongado hitzak ez du “baskoitua” esan nahi, baskoien zabalpenaren aldekoek adierazi ohi duten bezala, “euskalduna” baizik: XIX. mende arte nafar gehienak vascongadoak ziren eta arabar eta enkartau asko ez ziren vascongadoak, romanzadoak edo latinadoak baizik.

Leinuen herrien izenak

LERGAKO HILARRIADeigarria da Euskal Herriko leinuen herrien izen gehienak, Tolomeok II. mendean bildu zituenak, ezin direla interpretatu euskararen bidez. Salbuespen batzuk daude, denak baskoien eremuan, honako hauek: Pompaelo eta Andelos (bi kasuetan, bigarren osagaiak *il dirudi, hots, ‘hiri’: Iruñea eta Andion, Mendigorritik gertu, hurrenez hurren) eta Oiasso (‘oihan + zu’: Irun/Oiartzun). Tolomeoren tauletako euskarazko toki-izenen urritasunak Oihenarten kontrakoa pentsarazi dio Francisco Villar-i (nahiz eta horren hipotesia zuberotarrarena bezain eztabaidagarria izan), alegia, historia aurreko garaian euskara bakarrik Akitanian hitz egiten zela eta hortik Pirinioez hegoaldera ekarri zela, gure aroaren aurreko I. mendetik gure aroko VII. mendera bitartean. Lergako inskripzioa, Zangozako merindadearen hegoaldean, Nafarroan, II. edo III. mendekoa, euskararen antzeko hizkuntza batean idatzirik dago eta, beraz, pertsona-izen batzuekin eta Pompaelo, Andelos eta Oiasso toki-izenekin batera, ustezko akitaniar kolonizazioaren lehen adibideetako bat izan liteke.

Euskararen mugak

Baditugu, beraz, froga epigrafikoak, duela bi mila urte gaur egungo euskararen aurrekaria den hizkuntza bat Akitanian eta, behintzat, Nafarroako toki batzuetan hitz egiten zela adierazten dutenak, eta zantzu batzuk, barduliarren eta karistiarren lurraldeei buruz gauza bera pentsarazten digutenak, Villar-ek esanak esan. Baina autrigoien eta baskoien beren errealitatea are nahasiagoa da, ondoren azaltzen saiatuko garen bezala.

Oso litekeena da autrigoiek indoeuropar jatorria izatea, zeltikoa, zehatzagoak izanez gero. Enkarterriren ekialdeko partean euskarazko toponimia badago, baina mendebalekoan ez dago ia-ia. Muga linguistikoa Colisa eta Serantes mendietako gailurren arteko alegiazko lerro batetik doa eta, gutxi gorabehera, Pisoracatik Flaviobrigara zihoan erromatar galtzadarekin bat egiten du. Halaber, Arabaren mendebaleko muturrean (Artziniegan, Gaubean (Valdegovía) eta Añanan), eta Trebiñuranekoan (Trifinium: hiru leinuen arteko muga: barduliarren, karistiarren eta autrigoien artekoa, hain zuzen ere), autrigoien lurraldean, euskarazko toki-izenak oso-oso gutxi dira.

Baskoiei dagokienez, Nafarroaren iparraldeko bi herenetan, euskarazko toponimia badago, ez, ordea, hegoaldekoan. Koldo Mitxelenak adierazi zuen bezala, baskoi guztiak ez ziren euskaldunak eta euskaldun guztiak ez ziren baskoiak. Euskararen muga historikoa, gutxi gorabehera, Tafallan dago, agian Saltus Vasconum eta Ager Vasconum arteko mugan, erromatar idazleek aipatzen baitituzte. Lerro horretaz hegoaldean aipatzea merezi duten salbuespen bakarrak honako bi hauek dira: Zarrakaztelu, non euskarazko toponimia beharbada erronkariar eta zaraitzuar artzainek Errege Bardeetara egiten zuten transhumantziari zor baitzaio, eta Elizagorria, Sesma eta Mendabiako eremua, non euskarazko toki-izen bakan batzuek baitiraute, agian Errioxakoen jarraipena direnek.

kakotxa
kakotxa
Mengibar Jaenen dago, Bartzelona Katalunian, Uganda Afrikan, Arizona Estatu Batuetan eta Mauna Loa Hawaiko uhartean. Euskara dirudite, baina ez zen euskara haraino iritsi

Aipatu diren salbuespen horietaz gain, Tafallaz hegoaldean ez dago euskarazko toponimiarik. Erriberri ez da, berez, Oliteren euskal izena, *Errizar-ko nafar euskaldunek musulmanei konkistaturiko eremu erdaldunari emaniko deitura baizik. Azkoien, Peraltaren ustezko euskal izena, XX. mendearen hasierako neologismo bat da. Alfarori dagokionez, Errioxan, baina baskoien lurraldean, haren latinezko izena Gracchurris da. Horren bigarren osagaia euskara modernoko (h)uri edo (h)iri-rekin identifikatu da. Hala ere, identifikazio hori ez da batere segurua (euskara zaharrean *hil izan beharko luke), eta, balitz, ez luke deus frogatuko, (h)uri edo (h)iri, ez arazorik gabe, iberierazko mailegu bat izan litekeelako. Festo, IV. mendean, da Gracchurris-en izen zaharra Ilurcis izan zela dioen egile bakarra. Litekeena da, baina, Ilurcis hutsegite bat izatea, Iliturgis-en ordez. Iliturgis gaur egungo Mengíbar da, Jaengo probintzian, Andaluzian. Festoren akatsa agian gertatu zen bai Alfaro, bai Mengíbar, Tiberio Sempronio Gracok sortu zituelako. Calagurris-i, gaur egungo Calahorrari, dagokionez, hasiera batean zeltiberiarren herri bat izan zen, gero baskoien esku utzi zena, eta haren izenak ez du zerikusirik ‘gorri’-rekin, zeltiberiazko toki-izen bat baita, seguruenik Cascantum bezala, hots, Cascante, Ager Vasconum-eko beste herri garrantzitsu bat.

Euskal toponimia hemendik kanpo

MENENDEZ PIDAL MUÑOZ CORTES-I EUSKARAREN MAPA ERAKUSTENBitxia bada, gaur egun batere euskaldunak ez diren beste lurralde batzuek euskarazko toponimia gorde dute. Adibidez, Aragoiren iparraldeak eta Kataluniaren ipar-mendebalak, Errioxa Garaiak eta Burgosko probintziako Bureba eskualdeak. Horrek ez du inola ere esan nahi euskara batera Bordeletik Zaragozara eta Santandertik Lleidara bitarteko eremu zabalean hitz egin zenik, maiz entzuten den bezala. Gaskoiniaren izena Vasconia-tik dator, baina herrialde horretako toki-izen gehienak erromantzezkoak dira (beste askok, baina, aitzineuskararen hondartzat jotzen den -òs atzizkia edo aldaeraren bat biltzen dute). Posible da, erromatarrak etorri zirenean, euskara edo euskararen antzeko hizkuntza bat, gaur egun Aragoi edo Kataluniarenak diren lurraldeetan mintzatzea, baina ez, pentsatu ohi den bezala, Zaragoza bezain hegoaldera, bertan euskararen antza duten pertsona-izenak agertu badira ere, eta ez Tossa de Mar bezain ekialdera, oso litekeena baita Turissa izen zaharrak Iturritza-rekin zerikusirik ez izatea. Euskara Errekonkista garaian hedatu zen Errioxara eta Burebara, Aragoi eta Katalunia gehienean galdua edo galtzear zegoenean. Berez, euskarak luzeago iraun zuen Errioxa Garaiko eta Burebako zenbait tokitan Nafarroako zenbait eremutan baino.

— Egileak: Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza

lanaren aipamena nola egin...

Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza, "Euskararen muga historikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3