Erabiltzaile Tresnak


his:1:6

Euskararen iraupenaren zergatikoak

Euskarak horrenbeste urtean zergatik eta nola iraun duen aztertuko da atal honetan.

Euskal Herria, jendeen pasabidea historian zehar

DONE JAKUE BIDE GUZTIEK DONE JAKUERA ERAMATEN DUTE JENDEAKoldo Mitxelenak zioenez, euskararen historiak ezkutatzen duen egiazko misterioa ez da haren jatorria, gaurdaino iraun izana baizik. Harrigarria da, benetan, hizkuntzak Euskal Herrian irautea, iraganbide bat baita, beste herri eta beste jende batzuekin beti harremanetan egon dena, Done Jakue Bidea, Euskal Herria kostaldetik eta barnealdetik zeharkatzen duena, XI. mendean instituzionalizatu baino lehen eta geroztik ere. Salbuespenak salbuespen, XVI. mende arte euskara ez zen idatzi eta ez dirudi erakundeek eta eliteek inoiz aparteko maitasuna izan diotenik.

Zeltek gaur egungo Euskal Herri gehiena kolonizatu zuten. Toki-izen batzuk utzi dizkigute, hala nola, Deba Gipuzkoan eta Ultzama Nafarroan. Etimo batzuk ehuneko ehunean seguruak ez diren arren, antza, euskarak hitz batzuk zor dizkie, adibidez, maite, mando eta, agian, izokin. Ez dakigu zer eragile izan zen erabakigarria, geografia ala demografia, baina Penintsulako eta Akitaniako beste toki batzuetan ez bezala, euskaldunek beretu zituzten zeltak eta ez alderantziz.

Baskoiak eta erromatarrak

HERRI ZELTAK ERDI ALDETIK, GRISEAN DAGOEN TOKITIK, HEDATU ZIREN BAZTERRETARA, BERDEANEuskarak irauteko arrazoi eragingarri bat hauxe izan zen: baskoiek ez zietela aurka egin erromatarrei, haiekin aliantzak ezarri baitzituzten. Dirudienez, hasiera batean baskoienak ez ziren lurralde batzuk,Jakerria, Aragoiko Bost Hiriak eta Errioxaren parte bat haien esku utzi zituzten Ebro ibarreko herrien matxinadaren ondoren, Kristo aurreko II. mendearen hasieran. Erromatarren kantabriarrekiko jarrera alderantzizkoa izan zen, erromatarrei aurka egin baitzieten eta horiek ia-ia akabatu egin baitzituzten.

Antonio Tovar-en eta Koldo Mitxelenaren hipotesiaren arabera, euskararen eta latinaren arteko alde genetikoa onuragarria izan zen harentzat. Aitzitik, hizkuntza zeltak, latina bezala, indoeuropar jatorrikoak ziren eta berehala asimilatuak izan ziren. Hipotesi hori osorik ukatu gabe, esplikatu beharko litzateke zergatik desagertu ziren erromatarren presiopean hizkuntza ez-indoeuropar batzuk, iberiera eta tartesikoa, adibidez, goi mailako kultura garatua zutenak. Berriro ere, beraz, azalpen linguistikoak geografiarekin edo antolamendu ekonomiko eta sozialarekin konbinatu behar dira.ANTONIO TOVAR JAUNA

Kristautasuna

Bestaldetik, entzun ohi da kristautasuna berandu sartu zela Euskal Herrian. Kristautasuna, seguruenik, homogeneizazio kultural eta linguistikorako tresna izan zen, baina, egia esan, ezin dugu baieztatu Euskal Herria Europako beste herri batzuk baino berantago kristautu zela. Berantiarragoa izan ez bazen, agian, hasiera batean ez zen hain trinkoa izan, doktrina berria hirietatik abiatu zelako eta Euskal Herrian hiri gutxi, eta txikiak, zeudelako. Berez, hiru hiri aipatu ditzakegu soilik: Pompaelo (Iruñea), Lapurdum (Baiona) eta Veleia (Iruña Oka, Araban).

Euskarak desagertzeko zorian egon behar izan zuen gure aroko lehen mendeetan, baina Erromatar Enperadoreagoaren desegiteak, une egokian gertatuak, ziurtzat jo zitekeen heriotzatik libratu zuen. Baskoiek, erromatarrekin nahiko ongi konponduak zirenek, eten gabe aurka egin zieten godoei, Iruñea kontrolatu zutenei. Frankoek beren izenezko nagusigoa ezarri zioten VI. mendetik aurrera Wasconia (Gaskonia) iritziko zien lurraldeari.HEMEN, IRUÑA-VELEIA DEITU TOKIAN, PERRETXIKOAK BALIRA BEZALA AURKITU OMEN ZITUZTEN ERROMATARREN GARAIKO TESTUAK ETA MARRAZKIAK. DENA GEZUR HUTSA

Musulmanen inbasioarekin, konkistaturiko lurraldeetako kristau askok Penintsularen iparraldeko erresistentzia guneetan hartu zuten aterpe, batzuetan jatorrizko bizilagunak ordeztu zituztelarik. Godoak eta baskoiak gaizki konpondu ohi zirenez, Euskal Herrian kokatu ziren iheslariak agian gutxiago izan ziren antzinako Kantabrian kokatu zirenak baino.

Latina eta euskal hiztegia

Oso harrigarria da, euskarak latinari hamaika mailegu hartu badizkio ere (agian bere lexikoaren erdia), ia-ia ez dagoela germaniar hizkuntzen mailegurik. Ustezko salbuespen bat, baieztatuko balitz oso adierazgarria izanen litzatekeena, ‘gudu’ da. Horrek godo eta frankoekiko harremanen urritasuna adierazi lezake. Esan den bezala, arabierazko maileguak gehiago dira, baina haietariko batzuk inguruko erromantzeen bidez sartu ziren euskaran.LATINA ETA EUSKARA IKASTEN ARI DIRA HAUEK

Hurrengo puntuan ikusiko den moduan, eztabaidatzen ahal da noraino lagundu zion euskarari aduanen eta foru erakundeen iraupenak, XVIII. mende arte Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan eta XIX. mende arte Hego Euskal Herriko lauretan. Agian, herriaren pobrezia bera izan zen foruak baino lagungarriagoa, XIX. mende bukaerako industrializazio arte, Euskal Herria emigrazio eremu bat izan zelako, ez immigrazio eremu bat, orduz geroztik bezala. Argi eta garbi dago, hala ere, historian zehar euskarak frogatu duela beste hizkuntza batzuen hitz eta egiturak beretzeko izugarrizko gaitasuna duela. Horrela izan ez balitz, duela mende batzuk desagertuko zen seguruenik, gaur egungo Espainia-Frantzietan duela bi mila urte hitz egiten ziren beste hizkuntzak bezala.

— Egileak: Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza

lanaren aipamena nola egin...

Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza, "Euskararen iraupenaren zergatikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3